Atzokoari begira, biharkoa lantzen

Atzokoari begira, biharkoa lantzen

Aitziber Arzallus

Artean, telebista zuri-beltzean ikusten zuten etxe gehienetan, ikusteko modurik zutenetan, behintzat. Orduantxe hasi ziren koloretarako jauzia egiten antenan ziren bizpahiru kateak. Interneten arrastorik ez zen, eta orduko norbaiti sare sozialez hitz egitea erotzat hartzeko motibo zatekeen. Asko aldatu baita gizartea azken lau hamarkadetan. Aldatu ez dena ikastolen diru premia da, orduan ere beharra zutelako, gaur bezala.

Testuinguru horretan jaio zen ikastolen aldeko Kilometroak jaia, 1977an. Josu Erguin izan zen ideia mahai gainean jartzen aurrena, ia hamarkada bat lehenago AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikusitako ekitaldi batean oinarrituta. 1969an, 18 urte zituela, AEBetara ikastera joateko aukera izan zuen beasaindarrak. Woodstock kontzertuaren eta Vietnamgo gerraren garaia zen, eta han ikusi zuen nola antolatu zuten ibilaldi bat dirua lortzeko egitasmo gisa. Parte hartzaileek egiten zuten kilometro bakoitzagatik ordainduko zuten babesleak aurkitu behar zituzten.

AEBetatik itzuli eta urte batzuetara, han ikusitakoa praktikan jartzeko aukera ezin hobea egokitu zitzaion Erguini. Bere alaba ikastolako ikaslea zen Beasainen, eta bera guraso elkartean zegoen. Goierrin lizeo berri baten beharra zegoela eta, dirua nondik atera zezaketen aztertzen hasi ziren, eta orduantxe proposatu zuen Erguinek AEBetan ikusitakoaren antzeko zerbait egitea. "Hasieran, denek barre egin zidaten. 'Ibiltzeagatik ordaindu?', esaten zidaten. Baina nik garbi neukan formula arrakastatsua izango zela; erabat konbentzituta nengoen". Erguinek hasiera-hasieratik jo zuen zifra potoloetara. "Nik 100.000 pertsonako zifraz hitz egiten nuen, eta barre egiten zidaten. Gaur, berriz, barre egiten dugu 100.000 pertsona elkartzen garelako, baina plazerez".

Lehen ekitaldi hura Beasain eta Lazkao artean egin zuten, 1977ko urriaren 16an. Zalantzaz hartu zuen jendeak, eta izan zen iseka egiten saiatu zenik ere. Ikastolek egoera ekonomiko zailari aurre egiteko asmatu behar izan zuten "irudimenezko itzulipurdi bat gehiago" besterik ez zela zioen, esaterako, Espainiako El Pais egunkariak garai hartan argitaratutako artikulu batek.

Nahi zuten guztiek parte har zezaketen jarduera horretan, baina, aurrez, parte hartzaile bakoitzak babesleren bat topatu behar zuen, ibilbidean egiten zuen kilometro bakoitzagatik pagatzeko. Adibidez, finantza erakunde batek 150.000 pezeta agindu zituen Joxe Migel Barandiaranek egiten zuen kilometro bakoitzeko. 12.000 lagunek parte hartu zuten lehen ekitaldi hartan.

Handik hiru urtera, Tolosako Kilometroak jaian, laugarren ekitaldian, 80.000 lagunek parte hartu zuten. Lehen hiru ekitaldietan 26 milioi pezeta inguruko (155.000 euro) etekinak atera zituztela zehazten du garaiko prentsak. Tolosako ekitaldian, berriz, 30 milioi pezeta inguru (180.00 euro) bildu ei zituzten, 1.200 ikasle hartuko zituen ikastola berri bat eraikitzeko.

Diru bilketaren sistemak antzerakoa izaten jarraitzen zuen artean. Parte hartzaile bakoitzak kontrol kartulinatxo bat eraman behar zuen aldean, egindako kilometro bakoitzeko ordaintzeko prest zegoen diru kopurua zehaztuz. Parte hartzaileek eurek jarriko zuten diruaz gain, babesle baten laguntza ere izan zezaketen, eta, zenbat eta kilometro gehiago, orduan eta gehiago ordaindu beharko zuten. Ordukoan, Toro abizeneko batek egin zituen kilometro gehien: 90, hain zuzen.

Aldarrikapena, ahultzen

"1977an martxan jarri zenetik, jaiak berak eredu eta xede nahiko berdintsuari jarraitu dio; gizartea, berriz, asko aldatu da", Mikel Egibar Ikastolen Elkarteko Kilometroak jaiaren koordinatzailearen hitzetan. Kilometroak jaiaren inguruko diru bilketa sarea eta, neurri batean, profesionalizatuta daudela dio: kamisetak direla, zozketak direla... Eta horrek jarritako helburu ekonomikoak betetzea ahalbidetzen die. Jaiak berak, ordea, "doikuntza sakona" behar duela ohartu ei dira. "Jatorrian, Kilometroak jaian parte hartzeko nahi eta ilusio handiena proiektu bat eraiki eta irekitzea zen, aldarrikapen parte-hartzailea; gaur egun, ordea, aldarrikapenak askoz leku txikiagoa du, eta gehiago da jai baten kontsumoa".

Erantzuleak topatzeko urrutira joan beharrik ez dagoela iritzi dio Egibarrek. "Konturatu gabe, geu izan gara egungo eredua elikatu dugunak. Ludikotasunaren fenomenoa da sakonean dagoena. Hau da, gaur egun euskal gizarteak nola kontsumitzen du jaia, eta jai horren barruan zer leku gelditzen da aldarrikapenarentzat?". Galdera potoloak, inondik ere, baina egin beharrekoak, Ikastolen Elkarteko ordezkariaren ustetan. "Nik uste dut edozein herritako jai batzordean mahai gainean dagoen eztabaida dela, eta guk ere gure ekarpena egin nahi genioke horri". Adibide gisa, hausnarketarako gai bat jarri du mahai gainean Egibarrek: "Kilometroak jaira jende gehiago erakartzen dugu musika talde ezagunagoak ekartzen diru gehiago gastatuta; baina, horrela, ez al gara gu geu ari parte hartzeari lekua kentzen eta kontsumoari aukera handiagoa ematen?".

Hori horrela, Ikastolen Elkartearen ekimenez, Kilometroak bidea izenburupean hausnarketa prozesu bat jarri dute abian, Kilometroak jaia birpentsatzeko helburuarekin. "Nahiko genuke hemendik lau edo bost urtera, 2020an edo, Kilometroak jaiaren eredu berri bat mahai gainean jarri", esan du Egibarrek.

Prozesua hiru zatitan banatu dutela azaldu du Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Lehendabizikoan —aurten egin dutena—, aspektu historikoari eman diote garrantzia. "Urte hauetan guztietan Kilometroak jaiaren inguruan ibili den jendearekin egon gara, eta haien iritziak bildu ditugu; artxibo historiko txiki bat ere antolatu dugu". Hain zuzen ere, bildutako material horrekin erakusketa bat prestatu dute, eta urriaren 2ra arte ikusgai izango da, Bergarako Aroztegi aretoan. Erakusketa irekia eta ibiltaria izango da, gainera. Hala, hurrengo urtean Oñatira eramango dute, aurtengo ekitaldiko argazkiak eta biltzen duten gainerako materiala gehituta. Egibarrek zehaztu baitu aurrerantzean ere kapital historikoa berreskuratzen jarraituko dutela.

Erakusketaz gain, Kilometroak bidean prozesuaren bultzatzaileek webgune bat jarriko dute martxan aurki, "jendearen ekarpenak jasotzeko eta eztabaida foro izan dadin". Kilometroak jaietako argazkiak, irudiak eta bestelako materiala jasoko ditu webgune horrek: www.kilometroakbidea.eus.

Bigarren zatian, datorren urtean, Kilometroak jaia ikuspuntu soziologikotik aztertuko dute. "Makrojaiak; Zer eragin daukate jendearengan?; Jendeak nola ikusten ditu horrelako jaiak?; Jendea zertara joaten da haietara?; ludikotasunaren erabilera; aisialdia eta astialdia; jai aske eta parekideak eraikitzearen beharra; iraunkortasuna; alkoholaren eta drogen kontsumoa...". Kilometroak jaitik harago, Egibarrek uste du gizarte osoak aztertu beharreko kontuak direla, "baina guk ere badaukagu betebehar hori, eta egingo dugu".

Hirugarren zatian, berriz, egitasmo parte hartzaile eta dinamizatzaileak aztertzeko asmoa dutela azaldu du, "Kilometroak jaiaren ezaugarri nagusietako bat horixe baita, boluntarioen parte hartzeari eta lanari esker aurrera eramaten den jarduera bat dela".

Eztabaida prozesua Gipuzkoan abiatu duten arren, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute gainera. "Ikastolen aldeko gainontzeko jaien antolatzaileekin egongo gara, gauzak nola ikusten dituzten jakin nahi dugulako". Jai nazional bat antolatzeko aukerarik ba ote legokeen aztertu nahiko lukete.

Irailaren 17an, Bergarako Aranzadi ikastolan egin zuten aurreneko hausnarketa saioa, eta antolatzaileak "oso pozik" daude egitasmoak izandako harrerarekin. Han izan zen Erguin bera ere. "Gogoeta egitea erabat beharrezkoa iruditzen zait, eta lehen saioa oso interesgarria iruditu zitzaidan". Haren ustetan, hasierako ekitaldietan parte hartzaileek zuten konpromiso sentipen hura galdu egin delako denborarekin. "Lehen garbi geneukan horrelako ekintzetara ikastolei eta euskarari bultzada ematera eta laguntzera gindoazela; orain, ordea, festara goaz". Erguinentzat, Kilometroak jaia "amets bat egia bihurtzea da", jendearen konpromisoak eta ilusioak bizirik mantendu duen zerbait. "Baina iragana ez da ezer; etorkizunera begiratu behar da beti, horrek ematen duelako indarra". Ziur dago hausnarketa prozesu hau izango dela datozen 40 urteetako Kilometroak jaiaren oinarriak jarriko dituena.

Han izan zen Ekaitz Aranberri ere, Aranzadi ikastolako Kilometroen koordinatzailea. Hark ere uste du ezinbestekoa dela gogoeta egitea, etorkizuneko Kilometroak jaia nolakoa izango den erabakitzeko. Baina azken urteetan gauzak hobetzeko egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du. "Kilometroak jai betidanik izan da aitzindari, eta, bide horretan, azken urteetan, hainbat aldaketa egin dira: alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzeko plangintza sendoa sortu genuen duela urte dezente, eta edalontzi berrerabilgarriak Euskal Herriko jaietara ekartzen lehenengoetarikoak izan ginen, besteak beste". Eraso sexisten eta jai parekideen alde ere lan handia egiten ari direla nabarmendu du.

Leloak, urtez urte

Beasain (1977). Lelorik gabe.

Zubieta (1978). Ibilian dabil bildurik euskalduna eraso guztietan gaindi euskarari bide ematen.

Loiola (1979). Euskara, euskara, jalgi hadi.

Tolosa (1980). ...ibiltzen, ...mintzatzen, ...euskara jalgitzen.

Hernani (1981). Lelorik gabe.

Arrasate (1982). Kilometroak, kilometroak, euskararen kilometroak.

Donostia (1983). Euskal eskolagatik oinez jarraitu behar da!.

Errenteria (1984). Noiz arte honela?...

Legazpi, Urretxu eta Zumarraga (1985). Kilometroak urtero? Euskara egunero!

Deba (1986). Euskararen indarra gure indarra.

Zarautz (1987). Euskal Herri bat Euskal Eskola publiko bat.

Irun (1988). Mugarik ez euskarari.

Oñati (1989). Euskara Kilometroka aurrera.

Andoain (1990). Etorkizunari aurrera hartuz, ikastola indartu.

Bergara (1991). Igo tipi-tapa euskararen aldapa.

Oiartzun (1992). Euskal Herria, entzun, euskaraz gogor/z erantzun.

Ordizia (1993). Geurea maratoia.

Legazpi (1994). Denok martxan.

Donostia (1995). Zurea eta nirea euskararen bidea.

Elgoibar (1996). Banoa, banixe, euskaraz bai horixe.

Pasaia-Lezo (1997). Euskarak deus ez du arrotz.

Tolosaldea: Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura (1998). www.euskaramundiala.da

Errenteria (1999). Bizi.

Azpeitia (2000). Hau da!

Beasain (2001). Garena garela.

Zumarraga-Urretxu (2002). Elkarren beharrean.

Lazkao (2003). Euskrz 2zi ny dt.

Orio-Zarautz (2004). Olatu berria.

Leintz ibarra (2005). Plazara.

Oiartzun (2006). InGoYeu! InGoÑeu!.

Bergara (2007). Argi daukagu.

Irura (2008). Eraikitzen.

Donostia (2009). (h)ireki(n) mundura.

Lezo-Pasaia (2010). Hona bostekoa.

Azpeitia (2011). Klik.

Andoain (2012). On egin.

Tolosa (2013). Ahora.

Orio (2014). Erria txikota.

Usurbil (2015). Gattunk.

Bergara (2016). Demasa.

Fairy poto bat baino ez da behar

Danel Agirre

Joan den kanpainako eslogan antagonikoek ez zaitzatela tronpatu: familiarteko intimitatean, Iñigo Urkullu eta Arnaldo Otegi alderdikide dira. Africa Baetari pasealdi banatan aitortu berri diotenez, Fairy korronte progresistako militante ditugu biak, espartzuaren eta xaboi-burbuilen apologetak. Intimitatera biltzen direnean, horixe omen dute erlaxamendu ariketa gogokoen: harrikoa egitea. Urkulluren kasuan bizioagatik gainera, etxean ontzi garbigailua badaukatelako.

Ez zait zailegia egiten liderrok sukaldeko baretasunean imajinatzea. Alkandora urdina ukondoraino jasota EAJkoa, mantala eta gomazko eskularruekin, Fairy alferrik ez xahutzeaz arduratuta, harraskatik at tantorik zipriztindu gabe. Trauskilago Bildukoa, bi metro Silestone blai, marka zuriko detergentea zurrustaka erabiliz, txistuka kantari. Bi argazkiak ditut gustuko. Urkulluk eta Otegik egia badiote (bere burua modu atseginean aurkeztu nahi duten bi politikari profesional zergatik ez nituzke sinetsi beharko!), gizonezko ordezkari gorentzat bi tipo gizalegezko ditugulako. Lepo behar duten agendek ahalbidetzen duten bakoitzean, batere glamourrik gabeko eginbeharrak bere gain hartzen dituztenak.

Ni ez naiz Urkullu eta Otegi bezain fina esker txarreko zeregin horiekin guztiekin. Afaria prestatzea gustatzen zait, baina besteen aurrean neure burua luzitzeko aukera eskaintzen didalako bakarrik. Erosketetara ere pozarren noa egunero, auzo oso gaztean bizi naizelako eta supermerkatuan bista alaitzeko moduko dozenaka neska-mutil lerden topatzen ditudalako. Nire etxe paretik pasatzen bazara, ordea, nekez topatuko nauzu leihoak garbitzen, adibidez. Gorroto dut ataza hori, nire bizitzan hiru bider bakarrik saiatu naiz. Eta hiru arratsalde osorik galdu nituen, trapua pasatzen nuen bakoitzean kristalak lehen baino zikinago geratzen zitzaizkidalako ernegatuta.

Malekoian nire alboan txokolatea txurroekin meriendatzen ari zen amona bati entzun nion behin, ni bezalakoengatik etxeak eta giza paisaia askoz narrasagoak ageri direla egun. Berdintasuna ezartzearekin estututa, gizonezkook emakumezkoak gu bezain gutxi egiteko konbentzitu ditugula zen haren teoria. Plantxa partekatu beharrean, inork plantxatu ez dezan erabaki dugula, eta arropak zimurrez beteta lotsarik gabe janztea. Alabaren etxera azkenekoz joandakoan topatu zuen kaosarekin asaldatu, eta, txukunketetan hasteagatik, suhiak errieta ere egin omen zion amonari.

Erakutsi berri dizkiguten Urkullu eta Otegiren adibideei esker, utzikeria olatuari kontra egiten hasteko moduan gaude, txurroak meriendatzen ari zen amonaren zorionerako. Africa Baeta elkarrizketa eske atarian agertuko ote zaidan beldur, Youtuben leihoak egoki garbitzen ikasteko ikastaro bat ikusten hasi naiz ni oraintxe, esaterako. Bi liderren lezio bikain honen irismena, gainera, askoz zabalagoa izango da, arlo guztietan antzeman arte. Izan ere, politikarien partetik sukalde lana falta dela deitoratzea klasiko bat da. Orain arte ez genekiena zen, ordea, Urkulluk eta Otegik zartagina baino gehiago harrikoa dutela gogoko. Sukalde lana eskatu beharrean, bi horiek Fairy potoarekin bakarrik utzi, eta gure etxea distiratsu utziko digute seguru.

Herriz herri

Mintzalagunaren egitasmoa Gipuzkoako 23 herritan gauzatzen da; horietako askotan eskualdeko taldeak biltzen dira.AndoainArrasateAretxabaletaAzpeitiaBeasainBergaraDebaDonostiaEibarElgetaElgoibarErrenteriaGetariaHondarribiaLasarte-OriaOrioSoraluzeTolosa...

“Formula sinplea izateari zor zaio Mintzalagun egitasmoaren arrakasta”

“Formula sinplea izateari zor zaio Mintzalagun egitasmoaren arrakasta”

Eider Goenaga Lizaso

Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kidea da (Getxo, 1989), eta Mintzapraktika egitasmoaren ardura du. 2016-2017ko ikasturtean izena emateko kanpaina betean daude orain, eta euskara praktikatzeko beharra sentitzen duen orori, zein euskaraz bizi eta bere ekarpena egin nahi duen guztiari egin dio deia Illarok proba egin dezan.

Esadazu, laburrean, zer den Mintzalaguna egitasmoa.

Mintzalagun edo Mintzapraktika egitasmoa euskaraz aritzeko elkartzen diren lagunak dira; euskaraz aritzeko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dira, eta astean ordubetez euskaraz hitz egiteko elkartzen dira. Oso gauza sinplea da.

Zer jende motak ematen du izena Mintzalagunerako?

Praktikatzeko beharra dutenen artean, jendeak hainbat helburu izaten ditu. Normalean, euskaraz gehiago hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko ematen dute izena. Gehienak izaten dira inguruan eremu euskaldunik ez dutenak; familian, lagunartean eta lanean euskaldunik ez dute, eta, ondorioz, euskaraz hitz egiteko aukerarik ere ez.

Nork prestatzen ditu ordubete horretarako hizketagaiak?

Elkarrizketa librea izaten da, eta euskaraz modu askean eta lasai aritzea da helburua. Ez dago araurik, ez dira akatsak nabarmendu behar... Praktikatu, egin, egin eta egin, eta jariotasuna lortzen joatea, besterik ez.

Gaiak taldeko kideek ateratzen dituzte, denen artean, eta edozein gai atera daiteke. Zu lagunekin kafe bat hartzera joaten zarenean egiten duzun bezala. Egia da hasieran gehiago kostatzen dela gaiak ateratzea, baina konfiantza hartzen duten neurrian, hori modu naturalean egiten dute. Bestalde, badaude urte pila bat daramatzaten mintzalagun taldeak, eta askotan planak egiten dituzte elkarrekin, edozein lagun taldek bezala. Mintzalagunei egiten dizkiegun galdetegietan, askok diote jarraitzeko arrazoietako bat taldeko laguntasun giroa dela.

1993an sortu zuen Mintzalagun egitasmoa Bagera elkarteak. Asko aldatu al da ordutik?

Oinarria oso sinplea da, eta funtzionamendua ere bai. Aldaketa da egonkortu eta finkatu egin dela, eta zabalpen handia lortu duela. Aldaera batzuk ere sortu dira —euskalkilaguna, hikalaguna, gurasolaguna, kirola egiteko biltzen diren mintzalagun taldeak...—, baina denek funtzionamendu bera dute.

Orotara, 6.000 mintzalagun aritzen dira; eta, Gipuzkoan, ia 2.000. Kopuru handia da. Zeri zor zaio arrakasta hori?

Formula sinplea da, eta nik uste dut sinpletasun horri zor zaiola, eta baita ere irakaskuntza araututik eta zurrunetik kanpo egiten den jarduera izateari; lasaitasunean, aisiarekin lotuta eta lagun artean egiten da. Konfiantza gune bat sortzen da, eta horrek ematen die aukera euskaraz lasai egin eta hobetzeko.

Mintzalaguna integrazio tresna ere bada, ez?

Bai, saretzeko ere balio du. Eta, lehen ez dizut esan, baina mintzalagunen taldeak toki publikoetan biltzen dira, eta horrek, era berean, balio du euskararen presentzia areagotzeko. Bestalde, inguru euskaldunik ez duten horiei, euskaldun eta euskaltzale giro batean murgiltzeko aukera irekitzen zaie, eta oso ohikoa da mintzalagun taldeek euskarazko jardueretarako planak egitea, horrek dakarren guztiarekin, eta ez bakarrik euskararen erabilera handitu eta hobetzeari dagokionez.

Lagunartean euskara mugituz

Lagunartean euskara mugituz

Ainhoa Mariezkurrena

Euskaldun berriak, ikasten ari direnak, ohitura galdu dutenak, ikastola utzi zutenetik hitz egin ez dutenak, gurasoak, ikasleak... Euskaraz normaltasunez bizi nahi dutenak, babesa eman nahi diotenak, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak eta abar eta abar. Horiek dira Mintzapraktika egitasmoko protagonistak.

Bagera Euskaltzale Elkarteak bultzatu zuen lehen aldiz egitasmoa, Donostian, 1993an, pertsona talde bat osatu eta denbora librean euskaraz aritzeko helburuarekin. Ordutik, herrien zein partaideen kopurua handitzen joan da. Izan ere, egun, 23 dira Gipuzkoan Mintzapraktika martxan duten herriak, eta 2.000 inguru mintzalagunak.

Herri bakoitza bere erara antolatzen da taldeak egiteko. Normalean zaletasunak, adina edo denbora librea hartzen dira kontuan. Joxan Apaolazak eta Javier Rodrigok, esaterako, taldea, kafea eta hizketaldia partekatuko dituzte, hirugarren urtez, Errenterian.

"Erretiroa hartu eta gero zerbait egin nahi nuen euskararen alde", esan du Apaolazak, "euskaltegietako lau paretetatik ateratzen ez bagara, jai daukagu". Apaolaza euskaltegiko irakasle ohia da, baina Mintzapraktikan ez duela irakasle lana betetzen zehaztu du: "Hitz egiten uzten diet, zuzendu gabe. Har dezatela hitz-jarioa".

Rodrigok euskararekiko maitasuna, hitz egiteko borondatea eta baikortasuna adierazi du hitz egin duen aldiro: "Kultura oso polita daukagu Euskal Herrian, eta babestu behar dugu. Horregatik nahi dut euskara ikasi: hemen bizitzeko, moldatzeko eta harremanak euskaraz egiteko. Nahi dut, eta posible da".

Hitz horien aurrean, galdera bati erantzun nahian ibili dira. Eta, orduan, zergatik ez dira euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera murgiltzen? Lotsa, tentsioa, pazientzia, ezjakintasuna, sentsibilitatea, ohitura eta prestigioa hitzak erabili dituzte galderari erantzuteko.

Euskaldun berriak bere hizkuntza ohiturak kontatu ditu: lagunartean eta etxean gaztelera du nagusi, "kuadrillak ez dakielako" eta "ohitura dugulako". Baina etxekoek badakitela aitortu du, eta hori aldatu nahi du: "Ohitura aldatu behar dugu, baina ez dugu pazientziarik, eta presaka gabiltza beti. Nik euskaraz bizi nahi dut. Egia da indar eta esfortzu handiagoa egin dezakedala, eta egingo dut".

Pazientzia

Euskaldun zaharrak pazientzia izan behar duela nabarmendu du Apaolazak, baina beste ikuspegi batetik: "Behin baino gehiagotan egiaztatu dut euskaldun zaharrok ez dugula pazientziarik. Lagun baten adibidea da hau; ikastolako irakaslea zen, eta senarrak ea hau eta hura nola esaten zen galdetzen zionean 'motel, utzi bakean' erantzuten zion. Euskaldunok badugu zer aldatu".

Izan ere, ohiturak aldatzea ez da erraza, hizkuntzak baduelako bere gain adierazteko, izateko eta harremanak izateko modu bat. Baita ulertzekoa ere. Euskaraz badira hitz edo esamoldeak gazteleraz existitzen ez direnak, edo esanahi desberdina dutenak. "Ez da berdina euskaraz edo gazteleraz hitz egiten duena", dio Rodrigok. Baina, ere berean, gaztelerara aldatzea ez dela zaila gaineratu du Apaolazak: "Hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila da, baina euskaratik erdarara, ez hainbeste". Kasu hori azaltzeko hainbat adibide eman ditu, baita horiek justifikatu ere: "Hitz egin bai, baina sentitu ez. Edo, beharbada, sentitu bai, baina hitz egin ez".

Horrela, mintzalagunak errealitate desberdinetatik datozela nabarmendu dute, hizkuntza zein bizitzari dagokionez. "Baina gutxienez elkar ulertzen dugu tabernan euskaraz ari garenean".

Euskaraz aritzeaz gain, egitasmoak harremanak eta lagunak egiteko balio duela adierazi dute biek ala biek. "Kafe bat hartzeko lagun kuadrilla bat elkartzen gara", zehaztu du Apaolazak, "elkarrizketa arruntak izaten ditugu". Rodrigok barnetegi ibiltariak egin izan dituela gaineratzeko aprobetxatu du, Mintzapraktika ez dela euskaran trebatzeko aukera bakarra. Hala ere, hark euskarari tarte handiagoa eman nahi dio.

Prestigioaren garrantzia

Egitasmoa euskararen egoera hobetzeko aurrerapausoa dela adierazi dute Apaolazak eta Rodrigok, horren alde egiten den guztia onuragarria delakoan. Baina euskarak denen babesa behar duela garbi dute, herritar zein erakunde. "Euskarari prestigioa ematen ez badiogu, bide txarretik goaz. Haurrei euskaraz egiteko esaten diegu, eta guk gazteleraz egiten dugu. Eta haiek handitan gazteleraz hitz egingo dutela sinesten dute, 'como tú'. Hori logikoa da", dio Apaolazak. "Instituzioek ere euskaraz egiteko esaten digute, baina bilerak gazteleraz egiten dituzte. Euskarari ez diote prestigiorik ematen, eta indar handia dute".

Hedabideen eragina nabarmendu du Rodrigok, baita euskaraz dakien jendearena ere, batez ere gazteena: "Belaunaldi berriek euskara ezagutzen dute. Aurrera egiteko eta arazoa konpontzeko tresnak dituzte". Eta euskarari bultzada emateko egungoa une aproposa dela garbi du: "Denek aprobetxatu beharko genuke hori, baita nik ere".

Euskarari buruz gutxiago hitz egin eta euskaraz gehiago hitz egitea da kontua Apaolazaren ustez, "kirolaz, maitasunaz, sindikalismoaz, politikaz edo dena delakoaz. Jende askok euskaltegia etxean dauka: bikotekidea, seme-alaba, bizilaguna... Segi eta hitz egin gertukoekin".

Izena emateko deia

Hizkuntza da astean behin ordubetez elkartzeko arrazoi komuna; euskara, hain zuzen. Mintzapratika egitasmoak zabaldu du jada izena emateko aukera. Bertara animatzeko arrazoiak hamaika dira. Zailagoa da, ordea, euskaraz bizi eta euskaraz aritzera ohituta dauden mintzalagunak topatzea, praktikatzera datozenak baino, Rodrigok aitortu duenez: "Joxanek egiten duena oso ausarta eta oso polita da. Bera bezalako jendea behar dugu".

Mintzapraktikari buruzko informazioa eskuratu eta egitasmoan izena emateko aukera herri edo eskualdeko euskara elkarteetan, euskaltegietan, udaletan edo www.mintzalaguna.eus gunean topa daiteke. Bai Apaolazak bai Rodrigok parte hartzera animatu dituzte herritarrak. "Pozgarria da euskaltegitik kanpo euskaraz trebatu nahi duen jendea topatzea", esan du lehenak. "Aurten lan egin eta asko ikasiko dut. Mintzalagun izateari uzten diodanean usoak bezala libre aritzeko", bigarrenak. Ados jarri dira euskara hauspotzeko egin behar denari buruz: "Euskaraz hitz egin".

Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak

Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak

Eider Bereziartua

Badira gerturatzen direnean bihotza estutzen duten egun jakin batzuk. Gorriz markatuta izaten dira egutegian, eta, urteak pasatu arren, denen oroimenean segitzen dute. Horietako bat da urriaren 17a.

2001. urtea zen, eta Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera iristeko lehen ahalegina egitera ilusioz gainezka irten ziren bost mendizale gazte: Iñaki Aiertza (Aizarnazabal) eta Beñat Arrue (Aizarna) gipuzkoarrak, eta Aritz Artieda (Etxarri Aranatz), Javier Arkauz (Lakuntza) eta Cesar Nieto (Iruñea) nafarrak. Bidean zirela, ordea, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak, eta bertan hil ziren.

"Espedizioa hamar lagunekoa zen, baina, denek batera igo ezin zutela eta, bi taldetan banatu ziren. Zozketa egin zuten zotz laburrena edo luzeena nork atera. Ez dakit nola izan zen, baina gureei tokatu zitzaien", azaldu du Arantxa Gurrutxagak (Aizarna, 1953), istripuan hildako Beñat Arrueren amak. "Gogorra izan zen", adierazi du Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975), Iñaki Aiertzaren anaiak: "Egun batetik bestera ematen dizute berria, eta..."

Gainera, ezin izan zituzten gorpuak erreskatatu, eta Pumorirako bidean gelditu ziren bost hilotzak. Hala ere, baikorra da Aiertza: "Nik beti diot: Iñakik mendia maite zuen, eta han baino hobeto ez dago inon".

Hamabost urte pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik, baina Aiertzak dio "oso presente" dutela. Urte guztiotan, "urriaren 17tik gertuen dagoen igandean, Aralarren elkartzen gara hildako guztien familietakoak", dio. "Omenalditxoa egiten diegu", gaineratu du Gurrutxagak: "Duela hamabost urte, sei zuhaitz landatu genituen han: bat denen oroimenez, eta beste txiki bana bakoitzari eskainita. Plaka bat ere ipinita daukagu", esan du Gurrutxagak. Aiertzak dio "harreman oso polita" egin dutela familien artean: "Egun hori denok elkartzeko aitzakiatzat daukagu".

Horrez gain, beste ohitura bat ere badute Beñat Arrueren guraso Arantxa Gurrutxagak eta Pello Arruek. Hiru urtetik behin, Nepalera bidaiatzen dute, eta beren semeak eginiko bidea errepikatzen dute. Datorren astelehenean, urriaren 3an, ekingo diote abenturari. Aizarnako, Zestoako, Zumaiako, Hernialdeko eta Iruñeko beste zazpi lagunekin joango dira hara.

Gurrutxagak gogoan du Benantxio Iruretak —semearen espediziokidea— 2002an nola esan zien "gazteei bisita egitera" zihoala. "Segituan animatu ginen gu ere", dio Gurrutxagak. Ordutik, hiru urtetik behin saiatu dira bidaia errepikatzen: "Hara noan bosgarren aldia da, eta nire senarra seigarrenez joango da".

"Hildako guztien familiak joanak gara bisitan", azaldu du Gurrutxagak. Aiertzak dio bidaia hori "egiteko" daukala: "Nolabaiteko zorra daukadala sentitzen dut barnean. Agian, momentua iritsi zain nago hara joateko. Pena pixka bat emango dit, baina joateko gogoz nago".

Argazkiko neskatoa, Suka

Nepalen bereziak zaizkion pertsonak eta lekuak ditu Gurrutxagak. 2001ean, ezbeharraren ondoren, "haizeak mugituta" hildakoek zeramatzaten gauza batzuk agertu ziren. Horien artean ziren Beñat Arrueren jaka eta argazki makina bat. "Argazki kamera Iñakirena zen, eta argazki film bat zeukan barruan. Film horretan argazki bat zegoen, oso polita. Neska txiki bat agertzen zen, hiru urte ingurukoa, eta Beñatekin ageri zen", azaldu du Gurrutxagak.

Hori dela eta, 2002an Nepalera joan zirenean, haur hura aurkitu nahi izan zuten. "Benantxiok —Aneton hil zen 2003an— argazkia eraman zuen. Hark bazuen buruan zein ingurutan ateratako argazkia izango zen. Beraz, espedizioko batzuk hara joan ziren, eta hango haurrei argazkia erakutsi zieten. Ingelesez ezer gutxi zekiten, eta ez zuten elkar ulertu. Hala ere, 'Suka, Suka' esaten omen zuten", dio Gurrutxagak. Azkenean, umeei jarraitu, eta "txabola moduko" etxetxo batean aurkitu zuten neskatoa. "Joaten garen bakoitzean izugarrizko hartu-emana izaten dugu Sukarekin eta haren familiarekin. Aldiro, arropak, eskolako materiala eta abar eramaten dizkiegu. Thame herrikoa da, eta herriko eskolan entregatzen dugu material guztia", azaldu du. "Sukarentzat ere poltsa berezia eramaten dugu, opariekin".

Hala ere, ez dakite "zein egoeratan" aurkituko duten oraingoan Suka: "18 urte izango ditu, eta, han, adin horrekin asko ama izaten dira. Gainera, ez dakigu duela urtebete izan zen lurrikarak nola eragin duen beren bailaran".

1.000 euroko txekea

2015eko apirilean lurrikara batek astindu zuen Nepal. Zestoako Agiro Mendi Elkarteak 1.000 euroko txekea eman dio espedizioari, han laguntzeko. "Bertan bizi den Mikel Izeaga legazpiarrarekin hitz egin dugu. Berak lagunduko digu dirua bideratzen. Behar den lekura eramango dugu ", dio Gurrutxagak.

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Maite Alustiza

Ikusteko eta esperimentatzeko aukera dakar Street tARTar jaialdiak. Espazio publikoaren erabilera eta eraldaketa aldarrikatzeko, askotariko diziplinak kalera aterako dituzte: dantza, muralismoa, parkourra, rapa... Gaurtik igandera bitarte, erakustaldiak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Donostiako Gros auzoan. Era berean, formazioari garrantzia eman nahi diote, eta, horregatik, tailerrak ere antolatu dituzte. Jaialdiaren bidez, Donostia 2016 kultur hiriburutzak inklusio soziala indartu nahi du, baita emakumeen ahalduntzea eta euskara erabiltzea ere.

Hiriburutzako kideekin batera, artearekin lotutako diziplinetan aritzen diren zazpi lagunek prestatu dute jaialdiaren egitaraua. Honako hauek proposamenetako batzuk dira, guneka antolatuta:

KONTZERTUEN GUNEA

Zubiri-Manteo institutuaren pareko belardian kontzertuak egongo dira gaur eta bihar. Gaurko, 20:00etatik 00:00etara arteko egitaraua prestatu dute, musikari hauekin: EH2000 (Barakaldo, Bizkaia), Boca de Baba (Bartzelona) eta DJ Mantis Major (Frantzia). Lehenengo biek nagusiki rapa jorratzen dute; Mantis Majorrek, berriz, elektro technoa.

Bihar, 18:30ean hasiko dira kontzertuak, Laayie eta Icykal rap abeslarien saioarekin. Jarraian, Nizuri Tazuneri, KT Gorique, Rebeca Lane eta Missiz S One DJ entzuteko aukera izango da. Antolatzaileek aipamen berezia egin diete KT Goriqueri eta Laneri. Lehena Suitzako rap kantari bat da, eta txapeldun izan da munduko End of The Weak ekitaldian. Lane, berriz, Guatemalatik dator. Soziologoa da, poeta eta rap bakarlari feminista. Besteak beste, emakumeak hip hop musikaren bitartez ahalduntzeko lan egiten du, tailerrak-eta eskainiz.

Biharko kontzertuetako gonbidatu berezien artean MiiniiMi dago. Zortzi urte baino gehiago daramatza beatbox egiten, eta Euskal Herrian diziplina hori jorratzen duen neska bakarra da.

PARKOUR GUNEA

Aldamioz eta paretez osatutako egitura bat jarriko dute Manteo kiroldegian, eta Europako hainbat herrialdetako freerunner-ek erakustaldiak egingo dituzte bertan —Sasa Sevo kroaziarraren parte hartzea nabarmendu du antolakuntzak—. Gainera, entrenatzeko gune modura ere erabiliko dute. Edonoren esku jarriko dute: diziplina ezagutu, aholkuak eskatu edo parkourra probatu ahal izango da. Lotzen ADDeko kideek gainbegiratuko dute gunea, gonbidatutako irakasleekin batera. Horretan aritzeko, ordea, izena eman beharko da aurretik, Donostia 2016ren webgunean (Dss2016.eu). Haur eta helduentzako tailerrak ere izango dira: gaur, 12 urtetik gorakoentzako tailerra eskainiko dute, 16:30etik 18:00etara; bihar, umeentzat, 11:30etik 13:00era. Denetan izena eman behar da.

KALEKO DANTZA GUNEA

Kaleko dantza ugari ezagutzeko aukera izango da Manteo kiroldegian; bai ikusteko, eta baita praktikan jartzeko ere. Larkin Poynton estatubatuarrak ikastaroak emango ditu egunero: saioak aurreratuak dira 14 urtetik gorakoentzat, eta hastapenekoak 9 urtetik gorakoentzat —beharrezkoa da bietarako izena ematea—. Egunez, estilo libreko erakustaldiak egongo dira kiroldegian.

MURALISMO GUNEA

Manteo inguruko hainbat mural pintatzen jardungo dute hiru egunez, 10:00etatik 20:00etara. Honako artista hauek parte hartuko dute: Jon Juarez, Maialen Arozena, Javier de Riba, Garikoitz C. Murua, Amaia Arrazola, Gur, Mikel Larrañaga, Mikel Etxeberria, Victor Landeta, Andrea C. Miranda, Bizarras taldea, Spogo, Marcos Navarro, Ibon Odriozola eta Fill in Culture. Zubiri institutuko patioa izango da jardueren erdigunea, eta DJek girotuko dute ingurua: DJ Missiz S One, DJ Mantis Major...

OKENDO KULTUR ETXEA

Rapari eta muralismoari lotutako tailerrak emango dituzte kultur etxean. Gaur, adibidez, grafiti hastapen tailerra egingo dute 12 urtetik gorakoentzat, 16:00etatik 20:00etara. Bihar, Endika Lahainek Rap-a euskaraz tailerra emango du, 11:00etatik 13:00era (12-17 urtekoentzat); eta, ordu berean, Furia abeslariak Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa tailerra gidatuko du (12-17 urtekoentzat). Bi tailer horiek arratsaldean ere izango dira, 18 urtetik gorakoentzat, 16:00etan. Kaligrafia, txantiloia eta beste hainbat teknika ere landuko dituzte tailerretan.

Igandean, Kaleko pinturaren mezua hitzaldia emango dute Santi Erasok, Jon Elorzak eta Goyo Villasevilek, 10:00etatik 12:00etara.

ATSEDEN GUNEA

Kontzertuen gunearen ondoan, jan-edanak jarriko dituzte, foodtruck-ak eta barra. Informazio puntua ere egongo da —tailerretarako kreditazioak han jaso beharko dira—.