Mercadonaren lilura

Leire Narbaiza
Pasa den astean Mercadona supermerkatua zabaldu zuten Eibarren. Denda handia, aparkaleku pila batekin. Ez dakit zer esango duten gure herrian denda txikiak dauzkaten dendariek, baina ez dut uste oso pozik egongo direnik; izan ere, superm...

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

Eider Bereziartua

Eibar, 1931tik Hiri guztiz eredugarria, Debabarrena eskualdeko udalerririk handiena da. 27.400 biztanle inguruk osatzen dute Gipuzkoa mendebaldeko herri hori, eta probintziako populatuenen artean laugarrena da, Donostia, Irun eta Errenteriaren atzetik.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek azaldu duenez, "eibartarra egonezina da izatez", eta, ondorioz, "etengabeko mugimenduan" dagoen hiria da Eibar. "Aldi oro hobetzen saiatzen ari den gizartea da Eibarkoa", gaineratu du alkateak. Hiriaren egoerak hobera egin duen arren, azpimarratu du egiteko "asko" dagoela oraindik. Herriaren egoera eta herria bera hobetzeko, oinarrizko hiru arlo nabarmendu ditu: alderdi ekonomikoa, alderdi soziala eta herritarren bizi kalitatea.

Gipuzkoako langabezia tasa handienetakoa du Eibarrek, %16 ingurukoa. Azken datuen arabera, 2.000 bat langabe daude herrian egun, eta horri buelta ematea da Eibarko Udalaren erronka nagusia. "Bizi ahal izateko lana egin behar dugu guztiok", dio De los Toyosek, eta, horregatik, herrian dituzten industria eta zerbitzuak indartzen saiatzen ari da udala. Hala ere, udalerriko testuinguru ekonomikoa ere "aldatzen" ari da, eta "horretara moldatu behar du gizarteak". Hori dela eta, jarduera berriak erakartzea ere badu helburu udalak. Hala ere, De los Toyosen ustetan, udalaren lanari Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena gehitu behar zaizkio: "Guztion artean sortu behar dugun testuingurua da".

Jarduera berriak erakartzeko ahaleginean, Eibarko Udalak martxan duen proiektu garrantzitsuena da duela urte batzuetatik Tekniker lanean ari den Polo Teknologikoa hazten laguntzea. Gune hori dagoen lurra Eusko Jaurlaritzarena da izatez, eta, ondorioz, haren kudeaketa ez da udalaren eskumena. Halere, alkateak uste du "guztion artean" garatu beharreko zerbait dela: "Ikerkuntzak eta berrikuntzak lagunduko digute herriko ekonomia garatzen. Oso garrantzitsua da jarduera hori".

Horrez gain, udalerrira "marka berriak erakartzeko saiakera" egiten ari da udala. De los Toyosek gogorarazi du Eibarren dagoela Gipuzkoako El Corte Ingles bakarra, eta, joan den astean, Gipuzkoako bigarren Mercadona inauguratu zuten —bestea Irunen dago—: "Pertsona batzuk horren aurka egon arren, ez dago dudarik horrelako saltokiak herriarentzat erakargarri ekonomikoak direla".

Proiektu nabarmen horiez gain, ekintzailetasuna bultzatzeko eta autonomoei eta enpresei beren ikerketetan eta lanetan laguntzeko diru laguntzak ematen ditu udalak. "Laguntza ekonomikoak dira, gauza berriak landu ditzaten".

Herritarrengandik gertu

Udalaren beste helburuetako bat da herritarren beharrizanak asebetetzea. Udal ordezkariaren hitzetan, "udalak laguntza behar duten herritarren ondoan egon behar du, eta gaizki pasatzen ari direnek hain gaizki pasa ez dezaten tresnak izan behar ditu". Zailtasunak mota desberdinekoak izanagatik ere, alkateak uste du udalak prest egon behar duela guztiei erantzuteko: "Guk ez dugu lortuko gaizki pasatzen ari dena ondo egotea, baina horien egoera hobetzea lortu behar dugu".

De los Toyos ongizate horretatik haratago doa, ordea: Eibarko bizi kalitatea hobetu nahi du. Bertako herritarrak "ahalik eta erosoen" bizitzea da helburua, eta, uste du horretarako aisialdirako gune "gehiago" behar dituztela. "Hiriaren bizi kalitatea hobetzea ez da alderdi baten edo alkate baten lana, guztion eginbeharra da, herri osoaren lana da".

Horretarako, hainbat proiektu ditu martxan erakundeak. Esate baterako, duela gutxi, trenbide gaineko pasealekua inauguratu zuten Eibarren. "Trenaren errailak estali, eta milaka metro koadro irabazi ditugu oinezkoentzat, herritarrentzat". Herrian espazio libreak sortzeko "aukera bakarra hori zen".

Horrez gain, beste proiektu batean ari da lanean buru-belarri udala: Errebalgo gunearen eraberritzean. Erabilera anitzeko eraikin bat ari dira sortzen han. "Eraikin horren helburua aisiarekin lotutako ekintza guztiak bertan elkartzea da. Horrela, herritarrei zerbitzu soziala emango dien gunea izango da", dio. Besteak beste, kontzertuak, merkatuak eta bestelako jarduerak egingo dituzte bertan.

Harrera herria

Iaztik, errefuxiatuak jasotzen dituen herria da Eibar, baina betidanik izan da "herri hartzailea". 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, hainbat eta hainbat galiziar, extremaduratar eta andaluziar iritsi ziren Gipuzkoako herrira. "Orain, berriz, urrunagotik datoz". Dena den, "helburu berarekin datoz, bizitza hobea aurkitzen saiatzera. Beren jaioterrian eduki ez duten zortea izan nahi dute hemen", gogorarazi du. Horrenbestez, alkatearen arabera, udalaren lehentasunetako bat da datozen horiei laguntza ematea.

Gaur egun, 18 errefuxiatuz gain, jatorri desberdinetako 2.200 herritar inguru bizi dira Eibarren. Pertsona horien guztien integrazioa lantzeko mekanismoak gauzatzen ari da udala. "Esate baterako, hainbat etorkinek hizkuntzarekin arazoak izan ditzakeela eta, AISA proiektua garatu dugu Gizartekintzako Immigrazio Arloaren eta Udal Euskaltegiaren arteko koordinazioa sustatuta. Proiektu horren xedea da kanpotik etorri direnak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea".

De los Toyosek uste du integrazioa errazagoa dela kulturaren eta hizkuntzaren bitartez, eta horrek gizarteari "gehigarria" eskaintzen diola. "Bakoitzak bere jatorria du, bere kultura, eta guk ez diogu inori hori kendu nahi. Guk dena gehitzea nahi dugu: beraiena eta gurea".

“Argi daukat nire helburuetako bat Boisera itzultzea dela”

“Argi daukat nire helburuetako bat Boisera itzultzea dela”

Erik Gartzia Egaña

Urte bukaerara arte, proiektu ugari ditu esku artean Judas Arrietak (Hondarribia, 1971). Boisen izandako esperientziaz eta aurrera begirakoez mintzatu da.

Boisen egon zara Modern Hotel and Bar ostaturako murala margotzen. Ez da lehenengo aldia han egon zarela, ezta?

Iazko udan egon nintzen lehenengo aldiz. Bost urtean behin antolatzen den jaialdi batera gonbidatu ninduten erakusketa bat egiteko, Boiseko Ming Studiok antolatzen dituen erresidentzia programen barruan. Bi hilabeteko egonaldia egin nuen Boisen. Egonaldiaren amaieran, Boiseland proiektua aurkeztu nuen. Bertan, Amerikan jaiotako euskaldunen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko identitate ezberdintasunak aztertzen saiatu nintzen. Erakusketak arrakasta handia izan zuen.

Erakusketaren irekieran ezagutu nituen Modern Hotel and Bar-en nagusiak, eta esan zidaten zer edo zer egin behar genuela elkarrekin. Maiatzean, hoteleko Modern Art Festivalera gonbidatu ninduten. Han, hoteleko gela guztiak artista gonbidatu baten erakusgela bihurtzen dira. Taberna egokitu zitzaidan, eta jendaurrean egin nuen oraindik eskegia dagoen artelan bat. Donostian, Mallorcan, Santanderren eta Valentzian egindako muralak erakutsi nizkien, eta zoratuta geratu ziren.

Lehenengo artista egoiliarra izan zara bertan. Zer esan nahi du horrek? Ohorea al da?

Modern Hotel and Bar-ek betidanik erlazio berezi bat izan du artearekin eta artistekin: kontzertuak, jaialdiak, antzerkia, dantza... Artea eta antolatzen dituzten jarduerak balio erantsia dira. Horrek egiten du bezeroen artean kanpotarrak eta etxekoak izatea, baita kulturarekin erlazio estua duten bezeroak ere. Tabernan, koktelak eta jakiak giro ezin hobean goza daitezke. Leku berezia da. Nik uste dut artista egoiliarrarena aitzakia izan dela nire mural bat izateko bere hotelaren atzealdean... Dena den, esan dezaket beraiekin luzaroan hitz egindako proiektua dela. Erresidentzia aitzakia bat da urtean behin berekin artista bat izateko. Ni lehenengoa izatea kasualitatea izan da, momentu eta leku egokian egotearen kasualitatea. Ohorea izan da proiektu hau gauzatzen lagundu didan jendea ezagutzea eta elkarrekin lan egitea.

Zertan oinarritu zara margolana diseinatzeko?

Muralak bost metroko altuera eta 60 metroko luzera du. Gai ugari landu ditut. Nire helburua murala denona izatea izan da. Gai lokalak eta unibertsalak tratatu ditut. Muralaren izenburua Wonder Stories / Istorio harrigarriak da. Alde batetik, hotelari eta haren nagusien historiari buruz hitz egin dut, baita mendebaldeko konkistari buruz ere: lehen esploratzaile eta aitzindariak, cowboyak eta natiboak, inguruko mendi, ibai eta animaliak... Hoteleko langileekin ere hitz egin dut gai berriak gehitzeko. Talde lana izan da. Beste aldetik, Euskal Herriko eta Boiseko euskaldunen arrastoak ere agertzen dira: artzainen gurdiak, lauburua, ardiak eta ahariak... Hainbat elementuz eta mezuz osaturiko mural koloretsu bat da, eta bakoitzak bere istorioa osatu edo aurkitu behar du.

Zer moduz joan zen inaugurazio ekitaldia?

Berezia izan zen. Joko bat antolatu genuen jendeak muralean elementuak bilatu zitzan, Ikusi Makusi-ren antzekoa. Country talde batek musika jo zuen. Bestalde, hoteleko chefarekin pintxoak eta tabernako menurako plater berezi batzuk prestatu genituen: gildak, patata tortilla, txanpiñoiak, pikanteak, piper beteak...

Esana duzu AEBetako kulturak eragina izan zuela zugan, nahiz eta berandu ohartu zinen. Nolakoa izan da kultura hori bertatik bertara ezagutzea, komiki eta filmetatik harago?

Oraindik asko daukat deskubritzeko. Idaho eta San Frantzisko aldean egon naiz bakarrik, baina gozagarriena mendebaldeko mitoekin edo mitologiarekin aurrez aurre egotea izan da: gaztetan bizi eta gozatutako film, telesaio, komiki eta liburu horietako agertokian egotea berezia da. Hemen dena handia da. Bizimodua ere batzuetan modernoa eta kosmopolita da; besteetan, filmetan bezalakoa. Oso argi geratzen dira nire lanean historiak eman dituen artista amerikarrak, herri kultura eta bizitza gozatzeko era berriak —telebista, bideo jokoak...—.

Margolanaz gain, harreman berriak egiteko aprobetxatu al duzu egonaldia?

Denbora gehiena muralarekin gora eta behera ibili naiz: prestaketak, materialak, garabiaren alokairua, margotu, jaia prestatu... Denborarik ez etorkizunean pentsatzeko, beraz. Niretzat, etorkizuna orain da, baina argi daukat Boisera itzultzea nire helburuetako bat dela. Hemen oso ondo tratatu naute, eta lagun mordo bat egiteko aukera izan dut. Fan ugari ere egin ditut, baita nire obra erosi duten batzuk ere. Itzultzeko formula zein den ere argi daukat: lanean jarraitzea.

Artesantander azokan, Bathcok antolatutako saria irabazi zenuen. Zer esan nahi du?

43 galeriaren artean saria lortzeak poza eman zidan. Diru sarreraz gain, aukera dut saria eman duen enpresarekin kolaborazioak egiteko. Bathcok, Modern hotelaren antzera, artea erabiltzen du bere produktuei balio erantsia emateko. Produktu esklusiboak egiten dituzte, merkatu berezietan saltzeko. Aukera ona da nire lana merkatu berrietara iristeko.

The Blue Symphony erakusketa Aquariumean dago. Kalera atera zenuen erakusketaren sorrera. Zein harrera eduki du orain arte?

Oso ona. Oso positiboa izan da Hondarribian eta Irunen antolatutako egitasmoa, hau da, koadroekin kalera ateratzea, haurren laguntzarekin margotzea eta gero herritarrekin partekatzea. Aquariumekoa oso polita geratu da. Eta egunak ezin hobeak izan dira ikusle eta bisitari kopurua handia izateko. Oso pozik nago. Erakusketa hilaren 15ean bukatuko da, eta, urtea bukatu baino lehen, esperientzia horri buruz bi konferentzia emango ditut, bat Irunen eta bestea Hondarribian.

Proiektu horiez gain, aurrera begira zer duzu buruan?

Urtea bukatu arte, gauza ugari ditut esku artean: Donostiako Tabakaleran, Arteuparte galerian, taldekako erakusketa pare bat urrian eta azaroan; Tabakaleran ere bai, Kutxa espazioan, Harkaitz Canorekin Momotaro izeneko erakusketa prestatzen ari naiz... Tarteka, artean erabiltzen diren euskarri berriei buruzko ikastaroa emango dut Donostiako Okendo kultur etxean. Gauza gehiagotan nago sartuta, baina aurrerago jakingo duzue...

“Eguraldi txarra dagoen lekuetan ere badute umorea”

“Eguraldi txarra dagoen lekuetan ere badute umorea”

Olaia Iraola

Jose Miguel Viñas (Madril, 1969) meteorologiaren inguruko gaietan aditua da. Irratian eta telebistan lan egin du, eta, horrez gain, meteorologian gehiago sakontzeko aukera ematen dion egiteko bat du: Divulgameteo.es webgunea kudeatzea. Beste hainbat aditurekin batera, Donostian izan da aste honetan, EHUren udako ikastaroetan, klimak nahiz meteorologiak gizakian duen eraginaren inguruko hitzaldiak ematen.

Eguraldiak nola eragiten du pertsonengan?

Eguraldiak badu eragina egunerokoan; meteorosentsibilitate handiko jendea existitzen da. Jendeari asko eragiten dio zer eguraldi egingo duen. Horrez gain, giroa elektrizitatez betetzen denean eta trumoia datorrenean, jendea urduri jartzen da. Giro horrek modu ezberdinean eragiten dio jendeari. Horrez gain, depresioa ere jasan dezake jendeak. Badaude eguraldi txarra egon eta etxetik irten ere egiten ez direnak. Eguraldi ona hastean jarrera aldatu, etxetik irten eta etxera lotara bakarrik itzultzen dira.

Jendeari umorea ere aldatzen zaio.

Jarrera fisikoan ez ezik, psikikoan ere eragiten du, bai. Animoan asko eragiten du. Lainotuta dagoen leku batekoen umorea eta eguraldi ona dagoen leku batean daudenena ez da berdina izango, normalean. Kantabria [Espainia] aldean bizi direnen eta Andaluzian [Espainia] bizi direnen izaera ez da berdina. Horrek ez du esan nahi Bilboko jendeak txisteak kontatzen ez dakienik. Eguraldi txarra dagoen lekuetan ere badute umorea. Normalean, jendeak gaitasun handia dauka eguraldi aldaketetara egokitzeko, baina egun batetik besterako aldaketa handietara ez gaude ohituta.

Zein litzateke eguraldi perfektua pozik egoteko?

Subjektiboa da hori. Inkestak egitean, pertsona batek gustura egoteko eguzki ordu asko behar dituela agertzen da. Udako oporrak adibide garbiak dira. Euskal Herriko jendea kostara joan ohi da oporrak pasatzera, eguzkia ziurtatuta edukiko duten lekuetara, hain zuzen. Eguraldi ona egiten duen lekuan bizi direnek, aldiz, alderantzizkoa egiten dute, eta, Asturias [Espainia] bezalako lekuetara joatea hautatzen dute.

Zein adinetan du eragin handien meteorologiak?

Jende heldua eta bere bizilekutik mugitzen ez den jendea ohituta dago bere inguruko klimara eta klimaren jarrerara. Mugikortasun handiagoa dutenak, lanerako adina dutenak, esaterako, ez daude ohituta alde batetik bestera ibiltzean edukitzen dituzten eguraldi aldaketetara. Klimara ohituta egotea ondo dago. Horrela, jendeak badaki, adibidez, neguan eguraldi txarra datorrela. Bidaiarien kasuan, jendea otsailean inguru hauetara etorri eta -10 gradutan egotea aldaketa gogorra egiten zaio.

Positiboa da jendeari meteorologiak asko eragitea?

Ez dut zertan negatiboa izan. Geure buruari jartzen diogun froga bat da. Izan ere, atmosferan ditugun egoerak bizitzen ditugu, eta hortik ikasi egiten dugu.

Eguraldiak zenbaterainoko eragina izan dezake?

Epaiketa batzuetan haizea aztertu izan da. Eraso bat egon bada tartean, esaterako, haizea egon den edo ez begiratu dute, eta horrek proba gisa balio du. Ez dute espetxetik aterako gaizkilea, baina posible da berez zuen zigorrean eragina izatea.

Kutsaduraren eraginaz ere aritu zarete hitzaldietan.

Hiru puntu landu ditugu. Meteorosentsibilitateaz eta klimaz gain, kutsadura jorratu dugu. Elementu hori berria da; izan ere, geroz eta eragin handiagoa du: minbizietan, infartuetan, alergian eta abarretan du eragina.

Meteorologiari eta klimari buruzko informazioari komunikabideetan egiten zaion tokia ere landu duzu. Zer garrantzi du?

Etorkizunean, airearen kalitatearen informazioa emango dute komunikabideetan. Izan ere, airean beti daude partikulak eta beti dago kutsadura, nahiz eta jendeari garbia dagoela iruditu. Hautsaren inguruko informazioa ere emango dute komunikabideetan, eta aurreikuspen hori ematea, alergia dutenentzat, esaterako, oso baliagarria izango da. Informazio hori existitzen da jada, eta herritarrak eskubidea du jakiteko hurrengo gunean kalera irtenez gero gaixotzeko arriskua edukiko duela.

Osasunean aldaketa izaten ari diren geroz eta faktore gehiago daude. Horretara ohitzen ari gara. Hiltzeko edo gaixotasun bat edukitzeko arriskua handitzen doa, eta nik hori ezagutzera eraman beharra daukat. Nire webguneko artikuluetan idazten dut horren inguruan, eta urteetan asko garatu dut gai hori. Irratian ere lan egiten dut, eta gaia sakontzeko aukera handiak eman dizkit horrek.

Horrez gain, haizearen eragina eta halako kontuak ere azaldu nahi izan dizkiot jendeari. Euskal Autonomia Erkidegoan, eta batez ere Gipuzkoan, iparraldeko haizeak sarritan jotzen du, eta horrek eragina dauka. Batzuk meteorosentsibleagoak dira besteak baino, eta horiei gehiago eragiten die. Jendea urduri jartzen da, biolentziara heltzeraino.

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Aitziber Arzallus

Familiak behar dira Gipuzkoan, foru aldundiaren ardurapean dauden haur eta gazteak harreran hartzeko prest dauden familiak, hain justu. Izan daitezke guraso bakarrekoak, izatezko bikoteak edota bikote ezkonduak; seme-alaba biologikodunak edota gabeak; gazteak edota helduak; ekonomikoki egoera egonkorra dutenak. "Ez dago familia eredu perfektu bat. Haur eta gazte guztiak ez dira berdinak, bakoitzak behar jakin batzuk ditu; beraz, familiak ere era askotakoak behar ditugu", Leticia Martin Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko teknikariaren hitzetan.

Haur jaioberriak, kozkorragoak, nerabeak eta anai-arrebak; Euskal Herrikoak eta atzerritarrak. Diputazioak kudeatzen dituen harrera etxeetan soslai guztietako haur eta gazteak daude familien zain. Uztailaren 20an Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Gaietako diputatuak emandako datuen arabera, 353 haur zeuden harrera familietan, eta beste 313 harrera zentroetan, haietatik 49 familia batera sartzeko prest. Uztail bukaeran 44 zirela zehaztu du Martinek.

Egoera "larria" dela dio Beroako teknikariak, behar handia dagoela. "Geroz eta kasu gehiago iristen zaizkigu esku artera, eta, horrenbestez, geroz eta familia gehiago behar ditugu". Hala ere, nabarmendu du babesgabe dauden haurren kopurua hazten joatea ez dela erabat berri txarra. "Alde ona ere badu horrek, esan nahi baitu lehen baino azkarrago detektatzen ditugula kasuak eta lehenago has gaitezkeela beharra duten familia horiei laguntzen". Horrek, baina, egoera zuzendu artean, babesik gabe geratzen diren haur horiek hartzeko familia gehiagoren beharra dakar ezinbestean.

Adingabe bat babesik gabeko egoera larrian dagoela antzematen lehenak udaletako gizarte zerbitzuak izaten direla azaldu du Martinek. Haiek ei dira egoeraren berri aldundiari ematen diotenak. Egoera hori baieztatzen bada, gurasoei agintea kendu eta diputazioaren esku geratzen da adingabearen zaintza. Zenbaitetan, egoerak bultzatuta, gurasoek eurek erabakitzen dute umearen zaintza diputazioaren esku uztea.

Hobe familia batera

Kasu bakoitza aztertu ostean, haurrarekin zer egin erabakitzen du diputazioak. Harrera zentro batera eramatea da aukeretako bat, harrera familia bati ematea da bestea. "Ahal den guztietan familiaren aukera lehenesten da", Martinen arabera. "Haur jaioberrien kasuan, esaterako, ahalegin berezia egiten dute familien esku gera daitezen, frogatuta dagoelako lehen hilabeteetako bizipenek geroko garapenean eragin handia dutela". Baina beti ez da posible izaten."Askotan haurrak nahastuta egoten dira, ez dutelako ulertzen zergatik bereizi dituzten euren gurasoengandik. Beste batzuetan, egoeraz jabetzen dira, baina ez dute onartzen, eta beren buruarekin borrokan sartzen dira". Haur horiekin lanketa handia egin behar izaten dela azaldu du Martinek.

Zentro batera zein familia batera iristean, adingabe bakoitzari erreferentziazko pertsona bat jartzen diote, haren bilakaera gertutik jarrai dezan. Umeari gertatutakoa azaldu eta ulertarazten saiatzen da hura, harrera gurasoen eta profesionalen laguntzarekin. "Goizago edo beranduago, gehienek harrera familietan bukatzen dute, baina badira adinez nagusi egin arte zentroetan jarraitzen dutenak ere, batzuk euren erabakiz, besteak ez delako familia egokirik agertu". Nerabeak etxean hartzeko prest dauden familiak topatzea zaila dela dio.

Adinez nagusi egiten direnean, gazteek harrera zentroetatik alde egin behar izaten dute. Normalean, baina, aurrez emantzipazio plan bat prestatua izaten dute erreferentziazko hezitzailearen laguntzarekin, handik irten eta nora ezean gera ez daitezen.

Azterketa zorrotza

Martinen esanetan, ume bat harreran hartzen duen familiak "oso garbi" izan behar du harrera ez dela adopzio bat, ezta hura lortzeko bidea ere. "Harrera aldi baterako neurri bat da, eta azken helburua beti da adingabea jatorrizko familiara itzultzea, gurasoek dituen arazoak konpontzean". Bitartean, harrera familiak betebeharra izango du etxean hartzen duen umea maitatzeko, zaintzeko, elikatzeko eta hezteko. Gainera, posible den heinean behintzat, umeak harremanetan jarraituko du bere jatorrizko familiarekin, Gipuzkoako Diputazioak araututako eta epaitegiak adostutako bisiten bitartez.

Adingabe bat harreran hartzeko prest dauden familiek azterketa zorrotza gainditu behar izaten dute. Hitzaldi informatibo batean parte hartu behar izaten dute aurrena, eta, aurrera egitea erabakitzen badute, eskatutako dokumentazio guztia bildu gero. Ondoren, test batzuk egin behar izaten dituzte; eta, azkenik, teknikariak familiaren etxebizitza ikustera joaten dira, ume bat hartzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Familiako kide guztiekin hitz egiten dute haiek, harrera programa batean parte hartzeko ezinbesteko baldintza baita denak erabaki horrekin ados egotea.

Zer motatako harrera programan parte hartu nahi duen erabaki beharko du familia bakoitzak, mota bat baino gehiago baitaude. Harrera soila da horietako bat: gehienez bi urte iraun dezake, eta umea guraso biologikoekin itzultzeko aukera dagoen kasuetan erabiltzen da. Harrera iraunkorra da bestea: umea guraso biologikoekin itzultzeko zailtasun handiagoak egon daitezkeela aurreikusten duten kasuetan erabiltzen da, eta umeak 18 urte bete arte iraun dezake. Harrera soilean zein iraunkorrean, harrera familia boluntarioek parte hartzen dute; izan daitezke haurrarekin aurrez inolako zerikusirik ez dutenak, baina baita harremana dutenak ere, aitona-amonak eta izeba-osabak kasurako.

Larrialdiko harrera da hirugarrena: haurra familia biologikotik bereizi ostean eta egoeraren balorazioa egin bitartean jartzen da martxan, eta gehienez sei hilabete inguru iraun dezake. Azken harrera mota familia profesionalizatuena da: hartuko duten haurrak izan dituen bizipenengatik aparteko laguntza behar duenean erabiltzen da, eta ezaguera teknikoak izan behar ditu hartzaileak —kasu hauetan, pertsona bakarrak hartzen du ardura —.

Borondatezko harrera familiei haurraren gastuak ordaintzeko adinako diru laguntza ekonomikoa ematen die Gipuzkoako Diputazioak. Hartzaile profesionalek, aldiz, soldata bat jasotzen dute ume horiekin egiten duten lanaren truke.

Bizkar zorroaren zama arintzea helburu

A. Arzallus

Bi urte dira Dulce Calderonek eta haren senar Josetxo Aizpuruk harrera programa batean parte hartzeko erabakia hartu zutela. "Egunkariko artikulu baten bidez izan genuen haren berri. Familiak behar zirela zioen, eta deitzea erabaki genuen", azaldu du Calderonek. Informazioa jasotzeko hitzaldia entzun, eta "erabat katigatuta" geratu ziren. "Gizarteari gure ekarpena egiteko modu polita iruditu zitzaigun, urrutira joan gabe, gure inguruan ere jende asko ari baita gaizki pasatzen". Honetan gustura ari dela azaldu du Calderonek, ikusi duelako gai dela. Baina nabarmendu du ingurukoen babesa ezinbestekoa dela.

Larrialdiko programan sartzea erabaki zuten, batez ere euren seme-alaben adinagatik. Izan ere, ordurako 4 eta 10 urte arteko beste hiru ume biologiko zituzten —egun 6, 10 eta 12 urte dituzte—, eta, programa horretan, 5 urtera arteko haurrek bakarrik parte hartzen dute. "Denak batera zaintzeko aukera ematen zidan horrek". Bi urteotan, lau haur hartu dituzte etxean: haietatik hiru, jaioberriak; eta laugarrena, zazpi hilabetekoa. "Haietako bakoitzak nire bihotzaren zatitxo bat eraman du, oso lotura berezia sortzen baita gure artean". Saihetsezina da hori. "Horixe baita helburua, umeari maitasuna eta goxotasuna ematea". Horregatik, agur bakoitzaren ostean dolua igaro behar izaten dutela azaldu du. "Badakizu haurra ondo dagoela, haren bizitzak aurrera jarraitzen duela eta zu istorio horren parte izan zarela, baina tristura handia sentitzen duzu hasieran".

"'Nik ezingo nuke egin', esaten dit jendeak askotan, eta amorrua ematen dit, nik gaizki pasako ez banu bezala. Gaizki pasatzen dut, noski! Baina oso harro nago nire familiaz, hau egiteko gai garelako", dio. Seme-alaba biologikoek kontua "oso modu naturalean" daramatela nabarmendu du. "Inongo liburutan idatzita ez dauden balioak ikasten ari dira, errealitate diferenteez jabetzen, besteekin enpatizatzen ikasten, nahiz eta eurak ez diren jabetzen". Horri oso aberasgarria deritzo.

Bera eta bere senarra ere asko ikasten ari direla dio. "Honetan ari garenetik ikasi dudan gauzetako bat da ez zalantzan jartzen eta ez epaitzen besteen erabakiak". Hasieran, ulertezina egiten ei zitzaion ama batek ume jaioberri bati uko egitea. Baina denborarekin zama hori eramaten ikasi duela dio. "Ume bakoitzaren historia errespetatzea ezinbestekoa da. Gure eginbeharra da egunerokoan errazago aurrera egin dezaten, dakarten bizkar zorroaren zama arintzen saiatzea".

Jaione Unanuek eta haren senar Xabier Uriak ere larrialdiko harrera programan parte hartzea erabaki zuten, duela urtebete pasatxo. "Alabagatik izan zen; gobernuz kanpoko erakunde bat sortuko luke berak bakarrik". Unanuek eta Uriak bi seme-alaba biologiko dituzte, 16 urtekoa bata eta 22koa bestea.

Gauzak azkar egin zituzten. Iazko apirilean hasi, eta abuztuaren bukaerarako 3 urteko neskato bat zuten etxean. "Sekulako esperientzia da; zuk asko laguntzen diozu etxera datorren umeari, baina hark zuri ematen dizunak ez du preziorik".

Dena dela, harrera familiek egoera zailei aurre egiteko prest egon behar dutela adierazi du Unanuek. Neskato hari, esaterako, hiru hilabete kostatu zitzaion ohean lo egitea. "Ohera hurbiltze hutsarekin oso gaizki jartzen zen, aurretik izandako bizipenengatik. Ohean lo egitea sekulako lorpena izan zen guztiontzat".

Denbora honetan beste bi haur ere izan dituzte etxean. Bata, lau egunez, amak erditzera joan behar eta nori utzi ez zeukan mutiko bat. Bestea, jaioberri bat, orain etxean daukatena. "Gehienez bederatzi hilabetez izango dugu gurekin. Irail bukaeran ama biologikoaren egoera baloratuko dute, eta orduan erabakiko dute amarekin itzuliko den edo harreran hartuko duen familia bat topatu beharko dioten".

Agurra oso gogorra izaten dela dio Unanuek ere. "Guk nahi genuke haurrarekin harremana izaten jarraitu, baina ez da gomendagarria, nahastu egin genezakeelako". Egokitzapen fasean familia berria ezagutzeak, ordea, lasaitasun handia ematen diela esan dute bi amek. "Zikloa ixteko modu bat da, gure eginbeharra bukatu dela ohartzeko, eta hori oso garrantzitsua da", Unanueren arabera.

Haur bat harreran hartzea ardura handia dela dio Calderonek. "Emozionalki astindu handia da, oso gogorra, denbora tarte laburrean poz handia eta tristura handia sentitzen dituzulako". Mentalizatuta egotea ezinbestekoa dela uste du, "baina, hala ere, gogorra egiten da, bihotza eta burua askotan ez direlako batera joaten". Dena dela, Unanuek nabarmendu du diputaziotik "babes handia" jasotzen dutela: "Laguntza psikologikoa eskura dugu une oro; oso ondo zaintzen gaituzte, eta gure beharrak errespetatzen dituzte". Gainera, astean behin teknikari baten bisita izaten dute etxean, haurraren bilakaera jarraitzeko.

Denona norbere egiteko aukera

Denona norbere egiteko aukera

Maite Alustiza

2017ko aurrekontu zirriborroa prestatzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. 812 milioi euro izango ditu, eta "2016an hasitako lanari" jarraipena eman nahi dio —diru kopuru osoaren %46 gizarte politiketara bideratu du aurten, iaz baino 1,2 puntu gutxiago—. Aurrekontu "errealaren" gainean proposamen bat osatu du, eta orain "proiektu garrantzitsuenei buruz" galdetuko die herritarrei, Aurrekontu Irekiak egitasmoaren bidez. Imanol Lasa aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak jakinarazi duenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta hiru bide dituzte horretarako: etxeetan banatu diren esku orriak beteta, herriz herri ibiliko den karpara joanda edo Gipuzkoa. eus/irekia/partaidetza webgunearen bidez. Irailaren 26tik urriaren 13ra arte hamasei herritatik pasatuko dira; gainontzeko bi bideetatik jada eman daiteke iritzia. Ekarpenak baliozkotzat jotzeko, beharrezkoa izango da norbere datuak ematea, parte hartzeko bide bat aukeratu edo beste.

Bi ariketa egin ahalko ditu erabiltzaileak. Batetik, 1etik 10era zerrendatu beharko ditu bere "lehentasunak", garrantzitsuena denetik gutxienera. Zerrendan, 2019ra arteko Kudeaketa Plan Estrategikoan dauden lan lerroak agertzen dira: gizarte zerbitzuak, lurralde oreka, ingurumena, enpresen lehiakortasuna, kultura... Bestetik, proiektu zehatzen inguruko iritzia eman ahal izango da. Diputazioak hamasei aukeratu ditu, eta herritarrak horietatik zortzi lehenetsi beharko ditu. Proiektu horien artean daude, adibidez, Antzuola-Bergara zatiaren obra —55,5 milioi euroko aurrekontua dauka—; langileen parte hartzea enpresetan —bi milioi—; iruzur fiskalaren aurkako programa —1,3 milioi—; eta mendekotasunari aurre egiteko zentroak —1,1 milioi—.

Lasak azaldu duenez, "erabakiak hartu baino lehen, agenda publikoan dauden gai garrantzitsuenak kontrastatu" nahi dituzte. Dena den, zehaztu du bildutako proposamenak egingarriak diren ala ez ikusi beharko dutela: "Batzuetan agian ez dira gure eskumenekoak, edo gerta daiteke proiektu bat lizitatuta edo adjudikatuta egotea, eta ziur asko aldaketa gutxi egin daiteke". Azken horien artean obrak aipatu ditu.

Epeak

Egitasmoarekin, parte hartzerako "ate berri bat" ireki nahi du diputazioak, eta "berme osoa" duen prozesu bat eskaini. Dagoeneko hasi da lehen erantzunak jasotzen. Urriaren 14an bukatuko da iritzia emateko epea, eta, ordura arte, etxean jasotako esku orriak foru aldundiaren erregistroan edo tokian tokiko erregistro publikoetan aurkeztu ahal izango dira.

Gero, memoria bat osatuko du aldundiak, eta horretan zehaztuko ditu aintzat hartu dituen proposamenak eta arrazoiak. Aurreikusi dutenez, urri bukaeran onartuko dute aurrekontu proiektua, eta azaro-abenduan izango da eztabaida Batzar Nagusietan. Lasak uste du ez dela egokia diputazioaren egitasmoa hauteskunde kanpainarekin lotzea: "Epeak horiek izanda, ezin genuen atzeratu. Orain da momentua".

“Soka urarekin uztartzen dugun bakarrak gu gara”

“Soka urarekin uztartzen dugun bakarrak gu gara”

Iñigo Otaegi

Waterline jaialdiaren hirugarren aldia egingo dute bihar eta etzi Tolosan. Iñigo Manso (Ibarra, 1984) antolatzaileetako bat da, eta buru-belarri dabil dena pentsatu moduan atera dadin. Asteburu osoan izango da ikuskizuna, Zerkausian.

Zertan datza waterline fenomenoa?

Slackline barruko modalitatea da. Uraren gainean kokatutako sokan oreka mantentzean datza. Slackline munduan hasi nintzen garaian, pentsatu nuen Tolosako Oria ibaian zerbait ikusgarria egin zitekeela. Lagunartean antolatutako ekitaldi xume bat zen hasieran, eta nazioarteko jaialdi entzutetsu bihurtu da.

Inguruan antolatzen da waterline modalitateko beste ekitaldirik?

Ez, estatuan antolatzen den jaialdi bakarra da. Egia da Bartzelonan eta Madrilen ere antolatzen direla slackline barruko beste modalitateetako ekimenak, baina soka urarekin uztartzen duten bakarrak gu gara. Jendea oso urrutitik etortzen da hona, eta ia denek errepikatzen dute. Pentsa, mundu mailan jaialdi honen berri ere badute. Nolabait esatekotan, nazioarteko zirkuituaren barruan sartzen da jaialdia; bira guztia egiten duenik ere bada, eta horiek ere izaten dira gurean. Ertz guztietako pertsonak etortzen dira: suitzarrak, alemaniarrak, frantsesak... Finean, tokia bera ederra da, eta izugarrizko giroa sortzen da.

Nolatan hainbesteko zaletasuna?

Orain dela lauzpabost urte lagun bat sokarekin etorri zen; zuhaitzetatik lotu eta probatzen hasi ginen. Lehenik, pauso bakarra ematen ikasi genuen, eta, apurka, bakoitzak bere buruari jartzen zizkion mugak gainditzen hasi ginen. Kirol honen ederrena zeure buruaren aurkako borroka dela da; ez duzu aurkaririk. Aurten, highline modalitatean, marka pertsonala apurtu dut. Luzeran 120 metroko soka zeharkatu dut, 65 metroko altuerarekin. Gainera, lagunekin izugarri ondo pasatzen dugu kirol honekin; errutina aspergarritik ihes egiteko modu paregabea da.

Zein da jaialdiaren xede nagusia?

Helburu nagusia da waterline praktikatzen duen munduko jendea biltzea. Beste alde batetik, ikusleak erakarri nahi ditugu, kontura daitezela waterline bezalako kirolak existitzen direla. Gizarte honetan ez da soilik futbola edota saskibaloia praktikatzen. Jendea zur eta lur geratu ohi da egiten dugunarekin, eta bide beretik jarraitu nahi dugu. Gainera, lehorrean soka bat jartzen dugu urtero, hasiberriek sokarekin lehen kontaktua izate aldera.

Generoari dagokionez, kirol hau parekidea da?

Bai. Egia da gizonezkoek, oro har, gehiago praktikatzen dituztela arriskutsutzat jotzen diren kirol hauek. Halaber, joan den urtean bezalaxe, hamabi emakume etorriko dira Tolosara. Denak daude gonbidatuta; guk ez dugu inolako mugarik jartzen.

Urtero markak hausten ari zarete. Hirugarren aldia oraindik hobea izango al da?

Aurtengoa ikusgarria izango da. Iaz gisan, 70 parte hartzaile izango dira, gehiago ekarri ezin direlako. Batzuek esango dute gutxi direla, baina, jende ugari etorriz gero, ez dute gozatzen. Hobe da gutxi horiek gozatzea, asko etorri eta marmarka ibiltzea baino. Oraingoz, arrakastatsuak izan dira bi aldiak, eta espero dut aurtengoa ere bikaina izatea. Urte hauetan lana ondo egin izanaren ondorioa izango da datorren asteburuan biziko duguna.

Lehen bi aldiekin alderatuta, berrikuntzarik izango al da?

Bai. Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko marka hausten ahaleginduko gara; 120 metroko soka jarriko dugu. Asteburu osoko ekintza erakargarriena da, ezbairik gabe. Munduko marka 170 metroan dago, hortik atera kontuak. Horrez gain, lehen jaialdian zazpi soka jarri genituen, eta bigarrenean, bederatzi. Aurten, denera 11 soka jarriko ditugu, luzera eta zailtasun ezberdinekoak.

Ordea, lehen baldintza segurtasuna izango da.

Noski. Segurtasuna funtsezkoa da. Egitarauan pentsatzen jarri aurretik, probak egingarriak diren edo ez aztertzen dugu. Egia esan, errekak mugatu egiten gaitu, eta ezin izaten dugu nahi dugun guztia egin. Euskal Herriko marka haustea buruan dago; alabaina, gutxieneko arriskuren bat ikusi bezain pronto, bertan behera utziko dugu. Beste edozein kiroletan baino segurtasun handiagoa behar da.

Jendeak txanponaren alde ona ikusten du, eta ez atzetik dagoen lana. Nolakoa izan da antolaketa prozesua?

Lan handia eskatzen du. Jaialdi bat bukatu, eta bestean pentsatzen hasten gara. Hau dena ez da pertsona soil baten meritua; nire inguruko jendearen laguntzarik ez banu, hau ez litzateke aurrera aterako. Milaka gauza egin behar dira: laguntza topatu, babesleak lortu... Zerbait gustatzen zaizunean, ordea, horrelako kontuek zama gutxiago izaten dute. Asteburuan, orotara 15-20 lagun inguru ariko dira jo ta su lanean: ostiralean sokak jarri, parte hartzaileentzat bazkaria prestatu...

Waterline ikusteko abaguneaz gain, aparteko zerbait prestatu duzue?

Taberna egongo da, nahi adina jan eta edan ahal izateko; musika ere izango da, bertaratzen direnek dantza egin dezaten. Gainera, larunbat arratsaldean, Zerkausiaren goiko aldean dagoen terraza irekiko da; bertatik, ikuskizunaz gozatzeko ikuspegi ederra izango dute.

Ekitaldi garrantzitsua bilakatzen ari da Waterline Tolosan. Antolatzen jarraituko duzue?

Bai. Baina oraindik hirugarren aldia hasteko dago, eta hobe da ez aurreratzea. Ondo bidean, laugarrengoan pentsatzen hasiko gara, zalantzarik gabe.