Egitaraua: Artzain Eguna

Igandean egingo dute Gipuzkoako Artzain Eguna, Legazpin. Ekitaldi ugari izango dira goizez eta arratsaldez, Gipuzkoa osoko artzainei eta artzaintzaren lanbideari balioa aitortzeko.10:00etatik 12:45era, Euskal Herria plazan. Gipuzkoako artzain gaztare...

Turistak beti dira besteak

Danel Agirre

Badut nire adineko lagun bat, bizitza osoan Euskal Herritik behin bakarrik irten dena. Burgoseraino izan zen txangoa, kuadrillako baten ezkondu aurreko parrandara. Bidaiatzeak estresa baino eragiten ez zionaz jabeturik, oporretan etxetik gehiago mugitzeari uko egindako beste bat ere ezagutzen dut. Donostiako Tourist go home, refugees welcome afixa bietako batek zintzilikatu ote zuen galdetu behar diet, Zarautzen topo egindakoan. Ezezkoan nago hala eta guztiz ere. Nire susmoa da Aste Santuan Korsikara eta udan Patagoniara motxila hartuta joaten den horietako baten ateraldia izan zela kartel ditxosoa. Beste kasta batekoa, benetako abenturazalea dela sinetsita dagoen norbaitena.

Izan ere, ez duzu bere buruari turista deitzen dionik topatuko sekula, turistak beti dira bestea, norberaren bidaiatzeko modua beti da duina, jasangarria eta akatsik gabea. Guztia ilusio bat da ordea, etxetik irteteko ahalmena dugun guztiok garelako nahiko antzekoak. Marrakexko haurrek eta Habanako hitzontziek frogatzen dute hori, txanpon parea denoi eskatuta, yanki despistatuei eta gu bezalako ibiltari jantziei, inongo bereizketarik egin gabe.

Lepo dabiltzan Gipuzkoako kostako herrietan igogailuko kexu bilakatu da atzerritar izurritea, Menorcara edo Parisera goazenean bertan bizi direnek gutaz zein iritzi ote duten bost axola bazaigu ere. Donostiar edo zarauztarren kasuan, ez da hori inkoherentzia nabariena. Izan ere, igogailuan kexatzen garenok gara gure herriari fisionomia aldatu diogunak. Kostakoak garelako Airbnb-n eta etxe agentzietan libre ditugun etxebizitza eta logelak madrildar eta kataluniarrentzat alokairuan ipintzen ditugunak, hilabeteko hiru mila euroren truke. Udan dirutza azkar eta erosoa pilatu, eta epe luzerako aterpe horiek beharko lituzketen gazte, familia, etorkinei… bizkarra emanda.

Turistak beti bestea direna uste duenaren kasuan bezala, errua beste nonbait dagoela sinetsita bizi gintezke. Beti bezala diruari errua bota diezaiokegu, generikoki. Alkateei —Europako hainbat hiritan egin bezala— Airbnb debeka dezaten exijitzen ez badiegu, ordea, nekez saihestuko dugu kostako herriak neguan hustea. Etxebizitzak alokatzeko gutxieneko epea urtebetera igotzea lortu ezean, gazteek bizitzeko toki bila barnealdera egin beharreko exodoari buelta ematerik ez dugu lortuko. Udalek beltzean ordaindutako alokairuen isunekin TAOrekin darabilten zurruntasun berbera azaltzen ez badute, igogailuko kexuek bere hartan jarraituko dute. Aldi berean, oporretara goazenean Airbnb eta antzeko agentziak ez erabiltzea tokatuko litzaiguke, nola ez, kostako herrietan jasaten ari garen fenomeno berbera beste nonbait ez eragiteko. Enpatiaren izenean.

Azken paragrafo hau utopikoegia bada, hori bai, turistak geuretakoak direla onartu eta adeitasunez tratatzea baino ez zaigu geratzen. Enpatiaren izenean.

Balazta, bi gurpilen alde

Balazta, bi gurpilen alde

Asier Perez-Karkamo

Uztail bukaeran Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Balazta plataforma aurkeztu zuten Hondarribiko Kasino Zaharrean. Lurrean oihalekin prestaturiko bidegorri zati bat jarrita, Bidasoa eskualdean bizikletaz lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten, eta bidegorri sarea osatzeko eskatu zieten erakundeei. Hogeita hamar bat kiderekin sortu zen Balazta.

Balazta plataformaren helburua "hiri garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzea" zela adierazi zuten aurkezpenean, hau da, aisialdirako ez ezik, bizitzako beste eremuetarako ere bizikleta erabili ahal izatea aldarrikatzen dute; lanerako, eskolara joateko, erosketak egiteko, batetik bestera mugitzeko. Manex Arzakek argi du: "Bizikleta erabiltzaile naizen aldetik, uste dut gure eskualdean beharrezkoa dela hiru hiriak lotzen dituen bidegorri sarea, eta horregatik naiz Balaztako kidea".

Txingudi badiako hiru herrietatik Hendaia (Lapurdi) da bidegorri sarea osatua duen bakarra. Bai Irunek, bai Hondarribiak hutsune dezente dituzte; are gehiago, Irundik Hondarribira edo Hondarribitik Irunera igarotzea abentura "arriskutsua" izaten da bizikletaz egin nahi dutenentzat. "Hirien arteko lotura egitea beharrezkoa da —adierazi du Arzakek—, eta, horretarako, hiru udalek elkarlanean lan egin beharko lukete, proiektua osatua eta eraginkorra izatea nahi bada".

Amute-Mendeluko inbutuari soluzioa ematea da Balaztaren lehentasuna. Egunero milaka autok zeharkatzen dute Mendelu auzoa, eta ez da segurua haien ondotik bizikletaz bidea egitea. Nolanahi ere, aukera handirik ez dago, zeharbideko espaloiak oso estuak direlako eta oinezkoen eta bi gurpildunen artean arazoak sortzen direlako. Hondarribiko auzoa da Mendelu, eta alkatearekin elkartuak dira Balaztako kideak arazoaz mintzatzen hasteko. Baina, Kote Gebarak esan duenez, informazioa trukatu baino askoz gehiago ez dute egin: "Egia da abuztua ez dela garai onena. Alkateak esan zigun udalak eskutan dituen proiektuak pasatuko zizkigula, eta udazkenean aztertu ahal izatea espero dugu".

Arzak bezala, bizikleta erabiltzailea da Gebara, eta prest azaldu da erakundeekin elkarlanean aritzeko: "Trafikoa geroz eta konplikatuagoa da, eta bizikleta zale bezala arazoaren partaide sentitzen naiz; ez bakarrik gure segurtasunaren alde egiteko, baizik eta herritar guztien mugikortasun iraunkorra sustatzeko". Horregatik, udalek esku artean dituzten asmoak ezagutu nahi ditu Balaztak, baina, arazoa "larria" denez, urtea bukatu aurretik zer edo zer mugitzea espero dute. "Agian hasieran behin-behineko soluzioa eman behar zaio, eta gero bilatu beste bat behin betiko".

Pabiloien atzealdetik hobe

Balazta plataformak gogorarazi duenez, badira hainbat proiektu Irun eta Hondarribia arteko lokarria askatzeko xedea dutenak. "Ez dugu ezer berririk nahi; dauden proiektu horiei heltzea nahi dugu, irtenbidea arindu", erantsi du Gebarak. Eta, bideragarritasunari buruz galdetuta, Balaztakoek ez dute zalantzarik: aukerarik onena bizikletentzako bide berri bat moldatzea litzateke, Amutaldeko pabiloien atzealdetik, errekaren ondotik. Hori da babesten duten aukera.

Behe Bidasoko bizikleta erabiltzaileak biltzeko sortu da Balazta plataforma. Mendeluko korapiloa askatu nahi dute aurrena, badiako hiru herrietako bidegorri sarea osatzeari heltzeko gero. Mugitzeko nahi dute bizikleta, eta helburu horrekin mugitzeko prest azaldu dira.

Kultura, edukiontziak eta itxurakeria

Leire Narbaiza
Konfirmatu da: azkenean Txillida Leku ez da publiko bihurtuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako museoa erosten parte hartuko; ezinezkoa omen zaiolako bere gain hartzea jarri behar zituen 50 milioi euroak.50 milioi euro. Kontxo! Zifra...

“Euskal Herriko arkeologiaren barruan, aparta da aurkikuntza”

“Euskal Herriko arkeologiaren barruan, aparta da aurkikuntza”

Ikerne Zarate

Aurkikuntza garrantzitsua egin du Aranzadi zientzia elkarteak Errenteriako Kapitain Enea kaleko Kapitain Etxean. Igogailua jartzeko lanak egin ditu han udalak, eta testuinguru horretan egin dute aurkikuntza. Erdi Aroko sutondo baten egitura osoa eta hondatu gabea aurkitu dute han, zortzi mende geroago. Ez da topatu duten Erdi Aroko arrasto bakarra: Errenteriaren azken 700 urteetako historia biltzen duen sekuentzia osoa ere aurkitu dute etxe berean. Azaldu diren aztarnak lehenengo hiribilduaren sorrerarekin lotuta daude.

Alfredo Moraza (Donostia, 1966) Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoa indusketa lanak egiten aritu da. Esan duenez, egindako aurkikuntzak ez dira ikusgarriak, baina bai garrantzitsuak, halakoak aurkitzea ez delako erraza: "Euskal Herri osoan bizpahiru gehiago izango dira".

Zein garrantzi dute aurkitu dituzuen elementuek?

Harresiak, jauregiak eta elizak kontserbatu dira, baina halako elementurik ez dago; garai hartako bizitoki arrunten aztarnarik edo haietan zeuden elementurik ez dago. Sutondoa Erdi Aroko etxebizitza baten aztarna da. Gaur egun ezagutzen dugun Kapitain Etxe horretan garai hartan norbait bizi zela erakusten du horrek.

Zein garai zehatzetakoak dira sutondoa eta sekuentzia?

Erdi Arokoak dira, baina, eman diguten datazioaren arabera, ez dago argi hiribildua sortu aurrekoak edo behin sortutakoak diren. Tarte horretan kokatzen dira, 1290. eta 1370. urteen artean, zehazki. Horrek erakusten digu bazegoela zer edo zer, bizitoki bat han, Errenteria sortu aurretik. Aurkikuntzek datu oso interesgarriak eskaini dituzte Errenteriaren jatorriaren eta Erdi Arotik hona izandako bilakaeraren gainean, eta, xumeak badira ere, Euskal Herriko panorama arkeologikoan apartak dira. Izan ere, Erdi Aroan halako sutondoak etxe guztietan zeudela jakin badakigu, dokumentatuta dagoelako, baina halakoen arrastorik ez dago ia. Halako elementu bat azaltzea garrantzitsua da, badakigulako etxe guztietan egoten zirela, baina ez delako ezer gelditzen. Euskal Herri osoan bakarrik bi adibide daude, Bilbon eta Gasteizen, eta hangoak, gainera, Errenterian aurkitu duguna baino txikiagoak dira. Beste hiribilduetan eraikitze prozesuak ulertzeko eredua dira aurkitutakoak. Oso garrantzitsua da.

Zein ezaugarri dauzka sutondoak?

Sutondoa etxearen eta familiaren bihotza zen, etxe erdialdean kokatzen zuten eta haren bueltan lotarako guneak eta hazienda izaten ziren. Sutondoaren bueltan biltzen ziren egunerokoak kontatzeko. Lau angeluko oinplanoa duten egiturak dira, estalkirik gabeak, eta harrizko blokeekin mugatuak. Suaren eraginez gogortutako buztinazko plaka bat dute barruan. Halako hiru elementu daude Kapitain Etxean, baina bakarra mantentzen da osorik. Laukia da aurkitu dugun sutondoa, 1,15 metro neurtzen du alde bakoitzak, eta zutik jarritako harriekin egina dago. Sua zaintzen zuen jendea belauniko edo banku baxu batekin aritzen zen lanean. Sutondo horiek denerako baliatzen zituzten: berotzeko, otorduak prestatzeko, argia izateko.

Euskaldunok suarekin eta ikatzarekin harreman handia daukagu. Mendian mugarria jartzen dugunean, ikatza sartzen da barruan. Sua eta jabetza lotuta daude gure kulturan.

Sutondoa garrantzitsua da, azaldu diren bakarretakoa delako. Horrekin batera, sekuentzia bat ere aurkitu duzue.

Bai, hala da. Aurkitu dugun sekuentziak herriaren 700 urteko historia biltzen du, eta zaila da aurkitzea horrek bezain ongi iraun duenik. Oso garbia da, eta hor bilduta daude Errenterian izandako suteak, besteak beste. Sekuentzia osoa bilduta egotea arraroa da, eta hortik garrantzia; bikain kontserbatuta dago. Sekuentzia horrek, gainera, erakusten du gaur egun Errenteria garai hartan baino bi metro gorago dagoela. Etxeak suntsitzen zirenean, edo erre —Errenteria bost aldiz erre zen edo zuten— ez zuten gaur egun bezala egiten, zulatu eta berriro eraiki. Orubea berdindu, eta gainean eraikitzen zuten, gainjarri egiten zuten.

Zer esan nahi du arkeologo batentzat halako aurkikuntza bat egiteak?

Ni profesionala naiz. Arkeologoarena, beste lan bat da. Polita da halako elementu bat aurkitzea, prozesu batzuk askoz hobeto ulertu ahal izateko. Gure arbasoen paisaia hobeto ulertzen laguntzen digute halakoek, beraien bizimoduaren berri gehiago izaten.

Indusketa lanak egitea ez da beti erraza izango, ezta?

Beti agintzen duena arlo ekonomikoa izaten da, eta, askotan, indusketa lanak eta gu geu, arkeologoak, traba bihurtzen gara eraikitze prozesuetan edota obretan. Epe bat izaten da lanak amaitzeko, eta diruak markatzen du azken batean.

Errenteriaren kasuan, ez da horrela izan. Alde zaharrean kokatuta dauden eraikin edo orubetan indusketa lanak egin behar izaten dira, legez araututa dagoelako. Kapitain Etxean sartu ginenean eta aztarnategia aurkitu genuenean interes handiko elementuekin, udalak indusketa egitea erabaki zuen, jarraitzeko aukera eman zigun. Beste hainbat lekutan, ez dugu halako jarrera topatzen. Hemen ateak zabalik izan ditugu, eta eskertzekoa da teknikariek zein politikariek erakutsi duten jarrera.

Nahiak ez du espazio faltarik

Nahiak ez du espazio faltarik

Maite Alustiza

Ilusioa eta diru pixka bat. Lagun handiak eta Youtubeko tutorialak. "Horiek edukita, gauza asko egin ditzakezu". Horren erakusgarri da Biharrian: allen giltzak egiten zituen fabrika bat sorkuntza gune bilakatu dute Eibarren. Birmoldatutako espazio industrial bat da, eta sareko lana dauka oinarrian: "Nik behar bat badaukat, besteak lagundu nazake, eta alderantziz". Lanorduetatik kanpo eskaintzen dioten denborak merezi diela argi du Ibone Arretxek, Biharrian elkarteko kideak: "Ez gara aberastuko, baina jakintza eta beste gauza asko irabazten ditugu". Zineleku programaren barruan, euren esperientziaren berri eman du Arretxek, Zarautzen, Filmadrid zinema jaialdiko Fernando Vilchezekin batera.

Ez da urtebete Biharrian irekita dagoela. Azarotik dabiltza martxan, beharrean, Eibarko Ubitxa kaleko lokal batean. Baina duela lau urtetik dator ideia. Arkitekto eskolatik industria espazioen birmoldatzea ikertzen ari ziren, eta ondorio bat atera zuten: Eibarren 700 espazio huts zeudela. Hori hala, eta Berreibar proiektuaren bidez, hutsik zeuden tailerretan ekoizpenerako erabilera izango zuten espazioak sortzea pentsatu zuten. Lehen erronka: espazio bat hartu eta martxan jartzea. Horretarako, hiru arkitekto, diseinu grafikoko Anemona estudioko kideak eta aholkulari bat batu ziren. "Espazio industrial bat zuk nahi duzuna izan daiteke. Ofizina bat ireki nahi eta alokairua ordaindu ezin zutenei aukera bat eman nahi genien".

Euren kabuz hasi ziren adreiluak jartzen. Elektrizitatea, lurra eta iturgintza kanpotik egin zieten; gainerakoa, beraien esku. "Entitate pribatu bat gara, eta negoziazioa egin genuen fabrikako jabeekin. Erreformaren truke, alokairu txikia negoziatu genuen, hamar urterako. Hamar urte barru, nahi badute, bota egingo gaituzte". Aurretik Hergar kooperatiba zegoen eraikin horretan, eta, Arretxeren arabera, langile ohiak oso pozik daude birmoldaketarekin. "Ilusioa egin zien ikusi zutenean bere espazioak beste bizi bat duela. Beraiek bezala, gu ere enpresa txiki bat gara, eta hutsetik hasi gara".

Programazioa, nahierara

Behin obrak eginda, programatzen hasi ziren, tailerrak antolatzen. "Programazioa gure beharren araberakoa da". Eta arrakastatsu doa: serigrafia landu dute Madrilgo La Familia Plomez taldearekin, eta "goiz batean tokiak bete ziren". Moda diseinuaz ere ikasi dute, Alfa lantegikoen laguntzarekin: "Alfara joan ginen, gurekin kolaboratu nahi zuten galdezka, eta makina batzuk utzi zizkiguten". Eraikineko obran ere, maiatzetik azarora, jendea izan dute laguntzen. "Zerbait egin nahi duenak aukera du nahi duena egiteko. Biharrian erreminta bat da jendearen ametsak bete ahal izateko".

Kontzertuak antolatu dituzte, joskintza saioak, haurrentzako papiroflexia... Sarean lan egiteak dituen abantailen jakitun dira: "Konturatu gara indibiduo gisa ezin duzula ezer egin, taldean handiagoa zarela". Biharrian-eko kideentzat garrantzitsua da sinergiak sortzea, bai diziplina ezberdinen artean eta bai adin ezberdinen artean ere. Ia ehun urteren aldea dago gerturatu zaizkien lagunen artean: 98 urteko emakume bat izan da bertso saio batean, eta 0-1 urteko umeentzako saioak ere egin dituzte. "Haurrek funtsezko tokia dute. Haiengana iristen bagara, ikusten badute hiria eta jarduera egiteko beste modu bat dagoela, etorkizuna irudika daiteke". Jakintza transmititzeko tartea ere bada: "Fundizioa, adibidez, galtzen ari da; dakitenek erakuts diezagukete".

Eraikin barruari ez ezik, auzoari ere jarduera eman diote. Madrilgo arkitekto talde baten bidez, plazatxo bat sortu dute kanpoan. Bizilagun batek txokolatea eta pastelak eraman zizkien, auzoari bizia eman izana eskertzeko. "Zure amets bat egia bihurtu da oso komuna ez den programazio bat sortzen, eta satisfazioa da zure inguruko jendea ikustea, komunitatea handitzen doala".

Batzarren bidez hartzen dituzte erabakiak; zazpi lagunek osatzen dute taldea. Bakoitzak aparte bere lana du, eta ostegunetan elkartzen dira. "Proposamenak eztabaidatu eta baloratzen ditugu, guk daukagun interesaren arabera". Gastuak mahai gainean jartzen dituzte, aloka daitezkeen espazioak, ekintzak... Uneotan, barne eta kanpo protokoloak osatzen ari dira —Interneten jarri dituzte, jendearentzat zabalik—.

Orain arteko bidean, ezezkoetatik asko ikasi dutela dio Arretxek: "Diru laguntzak eskatu, eta ez dizkigute eman...Daukazunarekin estutzea besterik ez duzu. Idatzi diogu jendeari kontzertuak emateko, eta ezetz esan digute; orain, berriz, orduko batzuek jotzeko idatzi digute". Dirua atera ez arren, eta urtarriletik maiatzera arteko asteburuak obretan pasatu arren, Arretxek garbi du zerbaitegatik jarraitzen dutela proiektuarekin. "Ezagutzen ez zaituen eta laguntzen zaituen jende asko dago".

Filmadrid, zinema bilgune

"Esperientziarik eza, arriskua eta ilusioa" izan zituen oinarrian Filmadrid Nazioarteko Zinema Jaialdiak. Iaztik egiten dute Madrilen, ekain hasieran, hiriko hamar aretotan. Lagun talde baten ekimena izan zen; "pelikulak konpartitzeko nahitik sortu zen". Javier Estrada eta Fernando Vilchez programatzaileak ziren Liman, eta 2012an bidaiatzeari ekin zioten, bateko eta besteko zinema jaialdiak ezagutzeko. "Eskala txikiko zerbait egin nahi genuen, eta ziurtatu Madrilera iristen ez ziren filmak iritsiko zirela". Aldi hartan, Nuria Cubas madrildarra Pasajes de Cine programarekin zebilen, hilean behin zinema sesio bat egiten, eta bat egin zuen haien asmoarekin. Vilchezek dioenez, Madril zinemagile askoko hiria da, kritika askokoa; nahiak badaude, baina Filmadrid sortu arte ez zegoen "guztiarentzat" tokia zeukan festibalik: film luzeak, laburrak, fikzioa, ez fikzioa, esperimentazioa, westernak...

Kontrako iritzi mordoa jaso arren, Pedro Costaren Cavalo Dinheiro dokumentalarekin hasi zuten jaialdiaren lehen aldia. "Autore zinema da, eta jende guztiak esan zigun ez hasteko horrekin. Ba, hara: leihatilak 16:00etan ireki zituzten, eta 18:00etan dena bukatuta zegoen". Vilchezek ustez, "gutxietsi" egiten da horrelako jaialdi batentzako publikoa egotea: "Zinema esperimentalean hezitako jende multzo bat badago Madrilen. Apustu bat izan zen, eta aretoak betetzen hasi zen. Erakutsi nahi dugu zinemagile gazte asko dagoela, baina betiere esperientziadunei errespetatuta".

Jaialdiak berrikuntza bat ekarri du berekin, Vilchezen arabera: hiriarekin harremantzeko modu berri bat. "Zinemagileak gonbidatzen ditugu eta aire librean ideiaren bat probatzeko aukera dute; performance bat, ikus-entzunezko ekintza bat...". Besteak beste, kaleak izenez aldatzeko ekintza bat egin dute, eta pelikulak grabatu dituzten hiriko izkinetatik ibili dira. "Jaialdia, azken finean, bilgune bat da. Kalean egotera gonbidatzen ditugu ikusleak, zinemaz hitz egitera, eztabaidatzera... Pelikula bat gustatzen zaizu edo ez, baina funtsean zinemaz hitz egiteko pasioa dago hor. Zinemagileak eta publikoa batzeko aitzakia bat da".

Prezio "ahalik eta txikienak" jartzen saiatzen dira, filmak emango dituzten aretoekin adostuta —2,5 eta 5 euro artean balio dute—. "Hala ere, sarrerak aretoentzat dira... Guretzat, jaialdia ez da errentagarria". Iaz Filmadrid antolatzea 15.000 euro kostatu zitzaien, eta 26.000 euro aurten.

"Normala" denez, babesle pribatuek ezezkoa eman zieten lehen urtean. "Inork ez zaitu ezagutzen". Pixkanaka joan dira laguntza jasoz, ez dirutan bereziki: "Ikasleen egoitza batek, inauguratu berritan, tokia utzi zigun jaialdira etortzen ziren gonbidatuentzat". Biharrian elkartekoek bezala, denborarekin eta ingurukoen laguntzarekin osatzen dute programazioa. "Ez dugu diru laguntzarik. Espainiako Gobernuaren laguntza bat badago jaialdietarako, baina bakarrik hirugarren urtetik aurrera ematen dute. Udalak ere horrela funtzionatzen du". Vilchezek dioenez, proiektuan murgildu zirenetik bazekiten lehen bi urteetan ez zutela laguntzarik lortuko; gainera, horiek jasotzeko baldintzak ezbaian jarri ditu: "Irakurri ditugu diru laguntzetarako oinarriak, eta puntuak ematen dizkizute hainbat arlo kontuan hartuta. Pelikula espainolei alfonbra gorria egiteagatik, adibidez, puntu asko ematen dira, baina programazio onari ez...".

Vilchezentzat, "frustragarria" da babes bila ibiltze hori, "astuna". Askotan, ordea, ez dute dirua eskatzen: "Udalari, adibidez, webgunean zabalpena ematea galdegin diogu". Urtebeteren aldearekin hasten dira programazioa prestatzen, zinemagileak lotzen... Ekiteak eman dien esperientziarekin, itxaropentsu da Vilchez: "Hurrengo urtean ziur nago ez dugula ezer gastatuko. Orain badaukagu zer erakutsia enpresei".