Herritarrak hitza hartzera doaz

Herritarrak hitza hartzera doaz

Eider Goenaga Lizaso Maite Alustiza

Iritsi zaie momentua. Igandean, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute Gipuzkoako 32 herritan. 09:00etatik 20:00etara, boto kutxak jarriko dituzte Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzitan eta Azpeitian. Bi galdera izango dira. Goierrin, honako hau: "Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?". Eta Azpeitian eta Debagoienean: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". 16 urtetik gorakoek izango dute bozkatzeko aukera; Goierrin 58.066 hautesle egongo dira, Debagoienean 54.533 —Aramaio barne—, eta Azpeitian 12.142. Emaitzak 22:00 baino lehen izatea aurreikusi dute.

Galdeketa aurreko egunetan, Ordizian, Azpeitian eta Arrasaten izan da HITZA, giroa ikusi eta herritarrekin hitz egiteko. Denetariko iritziak bildu ditu; baiezkoak eta ezezkoak: galdeketaren berri dutenak eta parte hartuko dutenak, dakitenak baina joango ez direnak; ezer ez dakitenak...

MIKEL ETXABE

Bergara, 1979

"Kexa asko izaten dugu askotan, baina egin? Ezer ere ez"

"Kuadrillan-eta hasieran ez genuen giro handirik, baina bi lagun hasi ginen pixka bat sartzen, animatu ginen hitzaldi batera eta ikusi genuen interesa zeukala. Hortik gehiago animatu ziren. Askotan kexa asko izaten dugu, baina egin? Ezer ere ez. Ez antolatu, ezta antolatzen dituzten gauzetan parte hartu ere. Ikusten duzu jendea esfortzu bat egiten ari dela, denontzako ona izango den zerbait, eta pena da hori ez aprobetxatzea. Behintzat parte hartzea; gero emaitza beste gauza bat da. Herri dinamiketan badabiltza gazteak, gaztetxean, kontzertuak antolatzen...Eta hau ere aukera izan daiteke gazte jendea inplikatzeko".

OLATZ AGIRRE

Azpeitia, 1991

"Herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du honek"

"Jende gehiena bezala, pixkanaka joan naiz sartzen kontu honetan. Iruditzen zait herriarentzako gauza oso ona izan dela. Ez bakarrik herri galdeketaren kontuagatik, baizik eta sortu den giroagatik; herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du. Gero eta jende gehiago joan da parte hartzen. Jendea animatuta ikusten dut. Galdeketa egiteak berak, erabakitzeko aukera emateak, ilusioa pizten du. Emaitza ez da hain inportantea, galdera egitea eta erabakitzeko aukera ematea, bai. Gustatuko litzaidake hau zabaltzen joatea, baina ez dakit... Logikoa denez, orain galdeketa egitera doazen herriak aukeratutakoak dira, eta Azpeitia ez da Euskal Herriko beste herriak bezala".

MARIA LUISA IRULEGI

Errezil, 1951

"Espainiatik gauza gutxi iritsiko zaigu, eta hauxe da guk geuk egitea"

"Barrutik jarraitu dut prozesu guztia, Hitzartu-n ibili naizelako lanean, eta aitortu behar dizut igandekoak beldur pixka bat ematen didala. Gazte jendea mugituko dela uste dut; baina nire adineko jendea ez dut animatuta ikusten. Azpeitian gauza pila bat egin dira jendea mugitzeko, baina hoztasuna sumatzen dut,batez ere nire adinekoen artean. Niri beldurtzeko moduko ilusioa egiten dit. Espainiatik ezer gutxi iritsiko zaigu, guk geuk egin behar dugu; eta hauxe da guk egitea, euskaldunok euskaldunontzat lan egitea. Azpeitikoak eredu izan beharko luke, beste herriei begira, eta mundu guztiak parte hartu beharko luke. Askotan eskatu dugu erabakitzeko eskubidea, eta orain daukagu aukera. Baina, jende ezberdina elkartzea lortu dugun arren, beldur naiz ez ote den betiko jendea bakarrik mugituko. Nahiago nuke bestela balitz. Uste dut jendea zain dagoela hemen zer gertatzen den, gero beste herrietara zabaltzeko".

ALBERTO GARMENDIA

Ordizia, 1963

"Kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut"

"Gaia jarraitu dudan arren, ez dut orain arteko ekintzetan parte hartu. Dena den, kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut. Giro aldetik, Goierriko inguru honetan gauzak mugitu direla iruditzen zait, eta pentsatzen dut jendeak parte hartuko duela. Galdetzearen ariketa den aldetik oso ona iruditzen zait, beharrezkoa da jendeak zer nahi duen jakitea, eta honek horretarako bidea ematen du".

PATXI BASTIDA

Azpeitia, 1955

"Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian"

"Ilusioz jarraitu dut urte honetako prozesua, eta ilusio handiarekin nago. Ilusioa beti. Nik sumatu dudanagatik, eta lagunei-eta entzundakoagatik, jendea esperantza handiarekin dagoela iruditzen zait. Nigandik hasita. Nik esperantza eta ilusioz begiratzen diot igandeko galdeketari. Giroa badagoela uste dut, eta ea honen atzetik zer etortzen den. Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian".

TXISKU MASID

Lazkao, 1964

"Galdeketa egitea bera lorpen bat da; jada irabazi dugu"

"Hasieratik parte hartu dut antolaketan: giza katea, gero estadioetakoa eta orain galdeketa. Prozesua oso polita eta aberatsa izan da; Ordizian jende ezberdin asko bildu gara. Aldi berean, azken urteak uste baino lan gehiago eman digu; burokratikoagoa da lana, eta gauzak ondo lotu behar dira. Bestetik, egin den lanari esker, sentsibilitate ezberdinak elkartzea lortu dela iruditzen zait, lehen sumatzen zen zatiketa haustea lortu dela nolabait, eta iritsi gara orain arte mugitu ez den jende batengana. Ez dakit nola aterako den, baina herrian egin den lan hori jada irabazi dugu. Asko kostatu da muga haustea eta elkarrekin lanean hastea, baina lortu dugu, eta eutsi egin behar zaio, baita ekainaren 5aren ondoren ere. Eta denak ez gaude ados, baina niretzat galdeketa egitea bera ere lorpen bat da; jada irabazi dugu. Galdera planteatu dugu, herritarrei galdetuko zaie, eta hor egongo da. Teoria hutsetik harago, praktikan jarri dugu, eta horrekin jada irabazi dugu. Gero, parte hartzea, ikusiko dugu...".

ANAJE RUIZ

Arrasate, 1953

"Eguneroko gauzen inguruan galdetzea gustatuko litzaidake"

"Badakit galdeketa egongo dela, baina ez dut gaia askorik jarraitu. Ez naiz bozkatzera joango; hala ere, herritarrei galdetzea den guztia oso ondo iruditzen zait. Gustatuko litzaidake eguneroko gauzen inguruan galdetuko baligute; politikari asko hauteskunde programan jartzen dutenarekin doaz aurrera, horretan babesten dira gero nahi duten guztia egiteko, eta ez naiz alderdi konkretu batez ari. Hondakinekin hemen daukagun kontuarekin, Epelekoarekin-eta, adibidez, gustatuko litzaidake galdetzea. Benetan galdetzea egunerokoan denei eragiten diguten gauzez, gauza erabilgarriez. Baina zaila ikusten dut; askok kontrakoa esaten duten arren, agintzen dutenen interesak herritarrenen gainetik daude askotan".

FILO PEREZ

Extremadura (Espainia)

"Galdetzea ona da; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik"

"Nik hau normal-normal bizi izan dut. Galdetzea normala iruditzen zait. Galdetzea ona da, eta gero norberak erabakiko du zer boto eman, hori norberarena da. Baina uste dut herritarrei galdetu behar zaiela, herriak bere iritzia eman behar duela. Azpeitian piztu da giroa, eta jendea ari da gaiari buruz hizketan. Agian nahastuta egongo naiz, ikusiko dugu, baina jende askok parte hartuko duela iruditzen zait. Bestetik, Katalunian pareta batekin egin dute topo, eta agian guk ere pareta joko dugu, baina segi egin behar da aurrera. Galdeketarekin zer lortuko dugun, hori beste gauza bat da, baina jendeari galdetzea beti da ona. Iganderako ilusioa badut; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik, eta honek behintzat balioko du jendeak zer nahi duen neurtzeko, honi buruz ez baitzaigu sekula galdetu".

ANDER GOÑI

Arrasate, 1997

"Inguruan ikusten dut askok ez dutela interesik jartzen"

"Inguruko gehienek badakite igandean galdeketa dagoela, baina ikusten dut askori ez zaiela inporta, ez dutela interesik jartzen horrelako gauzetan. Asko ez dira botoa ematera joango; hauteskundeetan ere, badaude lagunak bozkatzera joaten ez direnak. Niri garrantzitsua iruditzen zait; gero politikariez kexatzen gara... Aukera daukagun momentuetan iruditzen zaiguna esaten ez badugu, ez dugu nahi duguna lortuko. Egia esan ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, noraino helduko den hau, baina jendeak erabaki ahal izatea gauza oso positiboa da".

MARTIN ARNAIZ

Arrasate, 1943

"Ez da disparate bat demokrazia batean herritarrek erabakitzea"

"Parte hartuko dut, hauengatik besterik ez bada —bilobari seinalatuz—. Guk ez dakit jada zerbait ikusiko dugun, baina inportantea da hau bizitzea, gogo hori edukitzea eta praktikan jartzea. Uste dut Goierrin lan oso inportantea egin dutela, Debagoienera ere iritsi da, eta aprobetxatu behar dugu. Etxean geratuta ez da ezer aldatuko; langileen borrokak ikusi ditugu, beraien eskubideak defendatzen, eta inportanteena dena, denok elkarrekin. Askotan ikusi da gauzak lor daitezkeela, baita parean dagoena handia izanda ere. Orain Espainiatik-eta traba asko jartzen dituzte, baina hemengoa hemen erabaki dezakegula uste dut. Ez dut uste disparate bat denik, demokrazia batean, herritarrek erabakitzea zer nahi duten. Hori edonork ulertzeko modukoa da".

ROSARIO ZEBERIO

Ordizia, 1943

"Guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira"

"Egia esan kontu hau ez dut askorik jarraitu, baina entzun asko entzun da. Hala ere, ni ez naiz asko ibiltzen herrian. Ez daukat parte hartzeko asmorik. Ez, ez, ez, nik ez dut saltsa horretan sartu nahi. Nahiago dut beste lan batzutan aritu, politika kontuetan ez dut sartu nahi. Nazkatuta nago, entzutearekin bakarrik nazkatu egiten zara, beti jira eta buelta kontu bera dabilelako; eta soluziorik ez da bilatzen, eta hori da txarra. Esango bazenuke honek soluzio bat ekarriko duela, segituko nioke, baina ez diot soluziorik bilatzen. Eta guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira".

AITOR ELUSTONDO

Azpeitia, 1979

"Bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun"

"Aurretik hainbatetan eskatutakoa egingo dugu, eta ikusi da herriak baduela interesa. Eskubide bat aldarrikatuko dugu, bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun. Espero dezagun hau lehen pausoa izatea. Izan ere, nonbaitetik hasi behar da, zer edo zer egin beharra dago; guk sinistu eta egin behar dugu. Eta guk sinesteko, ondo dago erakustea herritarrek zer nahi duten. Nik uste dut jendeak baduela parte hartzeko gogoa. Nola esango diogu ezetz horrelako aukera bati? Lan handia egin da Azpeitian, jende asko mugitu da, mugimendu zabala izan da".

LURDES ZUBIA

Arrasate, 1969

"Politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz"

"Erabakitzeko eskubidearen alde nago, eta inguruan ikusten dut ilusioa badagoela. Ni ez naiz askorik inplikatu, baina botoa ematera joango naiz. Hilabete honetan bi boto ematea tokatuko zaigu... gauza oso ezberdinetarako, baina bietara joango naiz. Aukera gutxi egoten dira, eta dagoenetan ez bagoaz... Hala ere, politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz. Baina egia da beraiek agintzen digutena egitera mugatzen bagara berdin jarraituko dugula".

ANDER ITURBE

Azpeitia, 1959

"Ez nago hemen erroldatuta; beraz, ez dut interes handirik jarri"

"Ez dut gai hau askorik jarraitu, baina entzun dut zerbait, eta ikusi ditut ikurrinak-eta balkoian. Kontua da, hemengoa izan arren, ez nagoela Azpeitian erroldatuta, eta ezin dut botoa eman; horregatik, agian, ez dut askorik jarraitu gaia, ez dut interes handirik jarri. Bestalde, ni politika kontuekin hain nazkatuta nago, bai herri mailan eta bai estatu mailan... desilusionatuta nago erabat. Aukera edukiko banu, bai, emango nuke botoa. Baina, orain dagoen egoerarekin, azken momentura arte ez nuke jakingo ze boto eman".

ROS INSAUSTIONDA

Lazkao

"Sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako zerbait"

"Kanpotik baina interesarekin jarraitu dut prozesua, eta baita aurretik egin diren gauzak ere. Igandeari begira sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako gauza bat. Nik uste dut herritarrok badugula gogoa gure esku dagoena egiteko, eta hau oso gauza positiboa da. Eta ikusi dena da sentsibilitate ezberdinak mugitu direla, eta iruditzen zait elkarrekin lan egiteko ordua iritsi dela. Azkenean, inor ez da etorriko guri galdetzera, eta guk egin beharko dugu pauso hori. Espero dut, bai Lazkaon eta bai Goierri osoan, parte hartze txukuna izatea, eta ea Goierri beste eskualde batzuen eredu bihurtzen den".

JOKIN ETXEBESTE

Arrasate, 1987

"Galdeketa antolatzeak berak ekarri du aldaketa bat"

"Joango naiz botoa ematera, noski. Ikusten dut geldirik gaudela, edo bestela gauzak okerrera doazela. Aldaketa bat behar dugu, eta uste dut galdeketa antolatzeak berak ekarri duela aldaketa bat, jendea mugitzeko gogoz zegoela. Hemen, eskualde oso bat inplikatu da kristoren ekintza pila antolatuz. Espero dut jendeak parte hartzea, emaitza baino garrantzitsuagoa izango da igual. Gogoratzen dut giza katea izan zenean Kataluniarekin konparatzen genuela, eta ni behintzat ez nintzen oso baikorra, ez nuen uste erantzun hori izango zuenik. Orain, pauso gehiago eman ditugu, eta herri askotan eman ahal izango dugu botoa. Uste dut, gainera, gure ondoren gehiago animatuko direla".

LEIRE VIANA

Ordizia, 1980

"Herrian egin diren ekitaldietan lortu da jendea mugitzea"

"Antolatu diren zenbait ekintzatan parte hartu dut, antolaketan ibili ez arren. Nik uste dut herrian egin diren ekitaldietan lortu dela jendea mugitzea. Eta galdera egitea bera oso ondo iruditzen zait, inportantea da herritarrei zer nahi duten galdetzea. Ez dakidana da nolako parte hartzea izango den; ez daukat pertzepzio argi bat. Niri agian ez zait iruditzen ezer berezia sumatzen denik, baina nire pertzepzioa da. Hala ere, espero dut parte hartze handia izango dela".

JON GURRUTXAGA

Azpeitia, 1996

"Hainbeste eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu"

"Herria nahiko aktibo dagoela esango nuke. Lan handia egin dute Hitzartu-koek, eta uste dut asmatu dutela herrira iristen. Mugimendu honetan, bai Azpeitian eta bai Euskal Herrian, gazteak bezala jende heldua ere mugitu da, oso mugimendu zabala izan da, eta jende askorengana iristea lortu dute; beste mugimendu politiko batzuek lortu ez dutena.

Nik ilusioa badut, eta uste dut hori dela pertzepzio orokorra. Hainbeste urtetan eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu. Guk hitza emango dugu, eta ez dakit zeinek hartuko duen, nahi duenak hartuko du, eta nahi ez duenak ez, baina hemen egin beharko ditugu gauzak, garbi baitago ez Madrildik eta ez Paristik ez digutela galdetuko".

MAITE MENDIOLA

Bergara, 1979

"Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko"

"Nik uste dut askok irudikatu dugula nolako etorkizuna nahiko genukeen. Askorentzat urrutiko gauza bat da edo zerbait ezinezkoa, baina pixkanaka bakarrik heldu gaitezke horretara. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko; ikusten ari gara Katalunian, han dagoen indarrarekin ere, ez dela bide erraza. Dinamika politak ateratzen ari dira herrian; galdeketaren inguruan egin diren ekintzez eta hitzaldiez gain, Kilometroen antolaketan-eta ere mugimendua dabil. Gazteena garrantzitsua iruditzen zait. Beraiek izan behar dute interesik handiena, beraien esku baitago datorkien guztia erabakitzea".

“Urte asko pasa dira, baina ezin da ahaztu herri honetan bizi izan genuena”

A. Perez-Karkamo

Maxuxa Larrarteren aitona-amonen etxe azpian zauritu zuten Josu Zabala. Ez zen oso urruti Larrarte, eta den-dena ikusi zuen. Hartaz mintzatzen denean ahotsa aldatzen zaio; ez da lan arina harentzat, baina egin behar dela uste du, "gazteek herrian gertatutakoa ezagut dezaten".

Ia berrogei urte pasatu dira Zabala hil zutenetik. Zabala Gogoan lantaldea sortzea erabaki duzue aurten. Zertarako?

Batetik, gertatutakoaren testigantzak jaso nahi ditugu, hitzez, argazkiz eta bideoz. Berrogei urte pasa dira, baina hura bizi izan genuenok oraindik presente dugu, eta egungo gazteek, belaunaldi berriek gertatu zena jakin dezatela nahi dugu. Eta, bestetik, omenaldia antolatu nahi dugu. Urtero egin izan zaio, irailaren 8ro, baina alardearen festan galduta geratzen zen, eta behar bezalako ekitaldi bat prestatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Zuk zergatik erabaki duzu lantaldean sartzea?

Ekintza ikusi nuelako, lekuko izan nintzelako, eta urtero egin zaion omenaldian parte hartu izan dudalako. Oso hunkigarria izaten da niretzat, oso gogorra. Bai, urte asko pasa dira, baina ezin da ahaztu herri honetan bizi izan genuen gertakari hura.

Testigantzak biltzen ari zarete. Zer esan nahi du horrek, oraindik badagoela zer ikertu?

Ikertzeko baino gehiago, kontatzeko. Argi dago zer gertatu zen, baina ez da kontatu, eta belaunaldi berriek ez dakite zer gertatu zen, ez dakite Guardia Zibilak herriko jaietan gazte bat hil zuela tiroz. Urtero omenaldi xume bat egiten da, familiak ikus dezan ez garela ahazten. Baina zabaltzea falta da, eta gazteek horren berri izatea.

Orain arte, alarde egunean egin izan da omenaldia, egun horretan hil zutelako. Aurten bezperan egitea erabaki duzue. Zergatik?

Bai, alarde egunarekin galduta geratzen da ekitaldia, festarekin. Horregatik, bezperan egingo dugu, leku berean, Zabalaren txokoan, baina irailaren 7an. Jende gehiagok parte hartzeko aukera izango du, eta festa girotik aldenduko da ekitaldia. Erakusketa bat ere prestatuko dugu, astean zehar Itsas Etxean bisitatzeko aukera izango dena.

Aurreko urtean esfortzu handia egin zen omenaldian sentsibilitate desberdineko jendea egon zedin. Aurten bide horri eutsi diozue, ezta?

Bai, bai, eta horretarako jendearekin hitz egiten hasi gara. Adibidez, Lesakako Laminaciones lantegiko batzorde osoa etorriko da —han egiten zuen lana Zabalak—; udalari eskaera egin diogu, udalbatza osoa etortzea nahiko genuke... Ari gara horretan lanean, batzuekin eta besteekin elkartzen.

Nolakoa da familiarekin duzuen harremana?

Beti izan dugu harremana beraiekin. Beren asmoa beti izan da omenaldia herriak egitea, beraiek hor egon bai, eta lagundu, baina pisua herriak hartzea. Oso jende xumea dira, eta orain arte horrela egin dugu. Baina beti egon gara haien ondoan.

Eta, zure ustez, zein da Josu Zabalaren familiak 40. urteurrenetik atera nahiko lukeen ondorioa?

Herritarren artean transmisioa bermatzen dela ikustea, eta, horrez gain, adineko jendeak gertatutakoaz lasai hitz egitea. Bi gauza horiek lortuz gero, pozik geratuko lirateke.

Ez dute sua itzaltzea nahi

Ez dute sua itzaltzea nahi

Asier Perez-Karkamo
Jaietako egun nagusian, 1976ko irailaren 8an, Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun gazte irundarra hil zuen, tiroz, Hondarribian. Arratsaldeko alardearen ondoren, Eduardo Moreno Pertur ETAko kidearen desagerpena salatzeko manifestazi...

Hainbeste itxarondakoa bertan da

Hainbeste itxarondakoa bertan da

Iñigo Terradillos

Egonezina eta ezjakintasuna izan ziren lehendabiziko sentimenduak euren seme Oierri, handitzen zihoan heinean, zerbait gertatzen ari zitzaiola antzeman bai baina zerbait hori zer zen ezin jakin zutela ikustean. Sanfilippo gaixotasun genetikoa zuela azaldu zieten medikuek gerora. Gorputzak behar ez dituen substantziak desegin edo birziklatzeko beharrezko entzima batek gaizki funtzionatzen duenean edo entzima hori ez dagoenean sortzen da eritasuna; hondakin materiala zeluletan biltzen da, eta horrek ondorio suntsitzaileak ditu organismoan. Adingabeengan hiperaktibitatea, garuneko kalteak eta joera autosuntsitzaileak eragiten ditu, eta nerabezaroan heriotza goiztiarra ekarri. Sanfilippo sindromea ezohikoa da —jaiotzen diren 50.000 haurreko kasu bat izaten da—, eta gaixotasun arraro gisa sailkatua dago.

Izaskun Aizpurua eta Kepa Iribarrenengan atsekabea eta etsipena nagusitu ziren orduan. Izan ere, semeari gertatzen zitzaionaz jabetu baziren ere, gaur egun gaixotasun horrentzat berariazko tratamendurik ez dagoela ere jakin zuten. Itxaropena piztu zitzaien, ostera, AEBetan urteetan aurrera eraman duten ikerketa emaitza onak uzten ari zela ikustean. Ikerketa hori borobildu eta gizakietan probatzea itxaron behar zen, ordea, eta, ondoren, Euskal Herrian egitea. Horrek guztiak kostu handia zuenez, Stop Sanfilippo fundazioak hamaika ekimen antolatu ditu herritarren eskutik dirua biltzeko.

Herritarren laguntza handiak —Euskal Herrian bildutakoa nabarmendu dute Oierren gurasoek— ikerketa bizkortzea ahalbidetu du, eta estreinako aldiz hasi dira entsegu kliniko bitartez haur bat tratatzen. Eliza izena du, 6 urte ditu, eta Oier ibartarrak bezala A motako Sanfilippo gaitza du. "Asko itxarondako lehen pausoa" da hori, aitak dioenez. Haur estatubatuar horrekin hasi duten tratamendua zertan den azaldu du amak: "Birus baten bidez gen ona sartu diote, eta horren bitartez espero dena da gorputz guztian zehar hedatzea, gen horrek entzimak banatzea, eta pixkanaka gorputz hori normaltasunerako bidean jartzea".

Orain, bi hilabete inguru itxaron beharko dute entsegu horrek Elizaren gorputzean dituen ondorioak ikusteko, eta, guztia espero bezala joanez gero, bigarren haurrarekin hasiko lirateke. Animaliekin aritu dira ikertzaileak orain arte, eta lehendabizikoz ari dira gizakietan tratamendu hori probatzen. "Pauso hori ematerako ziurtasun handia izan behar dute; horregatik, medikuek diotenez, ez dute arazorik aurreikusten, baina bi hilabeteko tarte hori behar dute bide onetik doala baieztatzeko", dio Iribarrenek.

Aurreikuspenak betez gero, beste bi haurrengan tratamendu berbera erabiliko dute, eta, ondoren, Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eramango dute. "Estatu Batuetatik Bilboko ospitalera etorriak dira han entsegua normal-normal egin daitekeela ziurtatzeko, eta 2016a bukatu baino lehen izango dela esan digute", azaldu du Aizpuruak.

Azken hilabeteak berri hori noiz iritsiko zain eman dituzte Oierren gurasoek. Bazekiten hastear zirela, baina espero baino gehiago luzatu da itxaronaldia. Entsegu hori gizakiengan estreinakoz erabiltzen hastea pauso handia izan da, baina Oierrentzat ezinbesteko beste pauso bat geratuko litzateke, bere gorputzak tratamendua onartzen duen jakitea, alegia.

Sartu behar dioten birusa arduratuko da organismo guztian gen on hori barreiatzeaz. Birus arrunta da, baina entseguarekin hasi aurretik, haur bakoitzari birus horrekin noizbait kutsatuak izan diren baieztatzeko proba egin behar zaio. Probak baiezkoa ematen badu, horren aurkako antigorputzak sortuak izango ditu, eta orduan birusa kanporatuko du.

Proba hori egin ostean jakingo dute, beraz, Oier entseguan sartuko den ala ez. Uda ostean eta urtea amaitu aurretik espero dute tratamendua Bilbon izatea, eta orduan amaituko da hilabete luzez iraun duen gurasoen borroka, ilusioa eta itxaropena. "Probak baiezkoa eman eta esaten badigute Oier ezin dela entseguan sartu semearen gaixotasuna sendatzeko, itxaropena amaituko da guretzat".

Desioa eta beldurra

Sentimendu kontrajarriak dituzte egun hauetan; batetik, entsegua Bilbora ahalik eta azkarren iristeko nahia, eta guztia ondo bidean jarri eta semea pixkana hobetzen ikusteko desioa; eta, bestetik, hainbeste itxarondakoa azkenean ezerezean gera daitekeelako beldurra. Azken horretarako prestatzen ari dira, bereziki; izan ere, haien ustez, "proban positibo emango duten haurrak azalduko dira". Eta une berezi hauetan ere jendearen elkartasuna eskertu dute ibartarrek, "herritarren bultzadarik gabe ez baikenuke honaino iristea lortuko".

Oierrek tratamendua arazorik gabe onartuko balu emaitzak nabaritzeko urtebete gutxienez itxaron beharko litzatekeela azaldu diete medikuek. Bitartean, 8 urte egingo ditu hilabete honetan, eta "kanpotik begiratuta ondo dagoela iruditu arren, barrutik, egunetik egunera kutsatzen jarraitzen du". Duela hiru urte atzeman zioten gaixotasuna, eta gaur egun egonkor dago. "Gaitz honek, ordea, ez du etenik, eta gutxinaka itsu geratuko da; ez du entzungo, eta ezingo da ibili, ohean geratu arte".

Feminismoari gazteen ikuspuntutik eraginez

Feminismoari gazteen ikuspuntutik eraginez

Erik Gartzia Egaña

Beharra dagoen tokian beti egongo da norbait egoerari buelta ematen ahalegintzeko. Egungo gizartean, besteak beste, ugariak dira feminismotik eragiten duten taldeak. Indar handia izan du mugimendu feministak Euskal Herrian, eta azken urteetan are indar handiagoa hartzen ari da.

Errenterian dozena erdi bat talde feminista daude. Duela urtebete pasatxo, Memorandra jardunaldiak antolatu zituzten, udalerriko azken lau hamarkadetako memoria feminista berreskuratzeko asmoz, "isildutako historia" ezagutarazteko asmoz. Orainaldia eta etorkizuna lantzeko helburuarekin sortu zen, duela hiru bat urte, Kolpe Morea talde feminista.

Nerea Diaz, Eli Etxabeguren eta Nerea Rodriguez buru-belarri sartuta daude Kolpe Morea osatzen duen lantaldean. Gogorarazi dutenez, Ernai gazte erakundeko Errenteriako taldea feminismoa lantzen hasi zen orain dela hiru urte pasatxo, eta orduan hasi zen oraingo taldea dena mamitzen.

Ernaik izan zuen lehenengo Martxo Morea antolatzeko ardura. "Gazte erakundekoak ez ziren pertsona asko joan ziren hara", gogorarazi du Etxabegurenek, "eta feminismoa lantzeko espazio propioa sortzeko erabakia hartu zuen Ernaik". Horrela, pixkanaka, hasi ziren Kolpe Morea gorpuzten. Sorburu izan zuen antolakundetik autonomia hartzen joan zen taldea, bereizi arte. Gaur egun, hamar bat kidek osatzen dute Kolpe Morearen nukleoa. Horietako bakarra da, egun, Ernaiko militantea.

Kolpe Moreak duen ezaugarrietako bat da neskek zein mutilek osatzen dutela. Diazek jakinarazi duenez, "modu naturalean" sortu zen talde mistoa. "Ez genuen izaerari buruz eztabaidatu", azaldu du. Izan ere, Kolpe Morean dabiltzanen mutil-lagunak feminismoaren ikuspuntutik "formatuak" daudela iritzi diote. Hala ere, izaera mistoari buruzko ñabardurarik badute: "Mutilak eta neskak, feminismoa lantzeko garaian, ez gara puntu beretik abiatzen. Emakumeok espazio batzuk behar ditugu, gure gaiak lantzeko eta guri dagozkigun gauzei buruz hitz egiteko".

Estreinako urtea barrura begirako lana egiten pasatu zuten, "kohesioa bilatzeko eta formazioan sakontzeko". Topo geltokiaren ondoko eraikinean egin zituzten —eta egiten dituzte— bilera horiek, Garaipen eta Bilgune Feministak erabiltzen duten lokalean. Lan bilera haiek "oso potenteak" izan zirela gogoratu dute. Hainbat gai lantzen zituzten, bakoitzaren zalantza eta kezken araberakoak.

Barneko lanketa hori bukatuta, kalera irten ziren. Horrela, Ernaik 2014an antolatutako Martxo Morearen bigarren ekitaldia egin zuten, landu zuten formazio hori guztia gazteen artean zabaltzeko. Kolpe Morea bezala antolatutako lehenengo ubel koloreko martxoan, abortuaren alde guztiak azaleratu zituzten: eskubidea bera, garaia iritsiko balitz zein urrats egin behar diren... Normalizazio kutsua eman nahi zioten.

Aurten, berriz, ez dute gai espezifikorik landu, baina berritasun gisa Bizentaren Lumak jolasarekin aritu dira. Genero ikuspegia kontuan hartzen duen jokoa da, eta dozenaka gaztek parte hartu zuten horretan. Horrez gain, beste hainbat jarduera ere egin zituzten martxoaren 8aren bueltan: gizonentzako tailerrak, emakumeentzako autodefentsa feminista, emakumeek euren gorputza hobeto ezagutzeko ikastaroa...

Duela hiru hilabeteko jardueren emaitzarekin gustura geratu baziren ere, ez dira martxoaren 8ra mugatuko. Espazio feminista gehiago sortu nahi dituzte, eta, horregatik, aste honetan zein datorrenean jardunaldiak egingo dituzte, Gure armez jabetu gaitezen lelopean. Espazio propioa eraikitzeaz gain, alor ezberdinak jorratu nahi dituzte: gazteen gaiak, "ez hain gazteentzako" ere badirenak eta emakumeek egindako musika. Izan ere, horrekin ikusgarritasuna eman nahi diote emakumeek jokatzen duten rolari; "agertokia gurea ere bada". Eta bizitzaren arlo guztietan hala izan dadin, kolpez kolpe ariko dira.

Eskura dauden armak hartzeko jardunaldiak

Gure armez jabetu gaitezen jardunaldiak egiten ari dira egunotan, Kolpe Moreak antolatuta. Atzo arratsaldean hasi ziren, eta ekonomia feministari buruzko hitzaldia eskaini zuten Emagin emakumeen ikerketa eta dokumentazio zentroko kideek.Gaur arratsald...

Euskarak ere badauka magia

Euskarak ere badauka magia

Maite Alustiza

Ez da lehenengoa izango, baina Elgetako Magia Mostrak osagai bat gehiago izango du: euskara. Hala, gaurtik igandera arte, soilik euskaraz sortutako emanaldiak eskainiko dituzte hainbat sortzailek Espaloia kafe antzokian. Euskal Herri mailan lehen aldiz antolatuko dute horrelako erakustaldi bat, eta, horrela, euskaraz egindako lanen kalitatea goraipatu nahi dute, Janire Lazkano Kultura zinegotziak joan den asteko aurkezpenean azaldu zuenez: "Sinesten dugu Espaloia kafe antzokiaren moduko espazio batek euskal sortzaileen lana indartzeko urratsak egiten jarraitu behar duela".

Hiru emanaldi izango dira gaur eta bihar; iganderako, berriz, umeentzako tailerrak prestatu dituzte, 12:00etatik aurrera. Saioetarako sarrerak salgai daude Elgetako El Rincon de la Lola eta Haizea tabernetan, Bergarako Pikupen eta Kutxabanken sarreren webgunean —aldez aurretik erosita, sei euro balio du gaurko emanaldiak, eta hamar euro biharkoak—.

ASIER KIDAM

Asier Kidamek (Gasteiz, 1984) emango dio hasiera jaialdiari, gaur, 20:30ean. 7 urterekin murgildu zen magiaren munduan, 10 urterekin egin zuen debuta, eta 19rekin bizibide bihurtu zuen magia. Harrezkeroztik, 2.000 emanaldi baino gehiago egin ditu.

Haurrentzako 1805 ikuskizuna eskainiko du. Horretan, magiaren historiari begiratua egingo dio, iraganeko eta orainaldiko mago batzuen lanen bitartez. Lanak 1805. urtea dauka abiapuntu. Artistak dioenez, magiaren norabidea "aldatzeko zorian" zegoen garai hartan, eta, sormen loraldi baten eskutik, "magiaren urrezko aroa" hasi zen. Berrehun urte geroago, ordubeteko "bidaia gogoangarri bat" proposatzen du Kidamek: "Denok oroimenean gordetzen ditugun ilusioak, gaur egunera ekarriak eta sekula ikusi gabeko moduan aurkeztuak".

Kidamena berarena da lanaren jatorrizko ideia; zuzendari artistikoa Julia Marin da, eta ilusio diseinuaz Luis Martioda eta Victor Ruiz de Gordoa arduratu dira. Jantziak, berriz, Garbiñe Goenagak eta Maria Jesus Ladron de Guevarak egin dituzte.

TOR ETA TXOBORRO

Elkarrekin ariko dira bihar Tor (Algorta, Getxo, 1982) eta Txoborro (Bilbo, 1983), 22:00etatik aurrera. Tor magoari aitonaren magia truko bat ikusita piztu zitzaion magiarako grina, eta hortik aurrera "atzerabiderik gabeko bidea" hartu zuen. Txoborrok 14 urterekin ekin zion bide horri, autodidakta gisa. Biek ala biek telebistako hainbat saiotan parte hartu dute —ETB1eko Magoak saioan, adibidez—, eta 2012an Akelar konpainia sortu zuten, bakarka egitea "ezinezkoak" liratekeen proiektuak gauzatzeko.

Aztikeriak saioa prestatu dute bi magoek. "Erabat berritzailea" den ikuskizun bat dakarte, galdera bat abiapuntu hartuta: "Zer gertatuko litzateke mago batek, loak hartuta, bere ikuskizunera joatea ahaztuko balu?". Eskapismoa, ilusio handiak, antzerkia eta komedia uztartzen dituzte haien "unibertso magikoan"; publikoaren parte hartzea ere garrantzitsua da ikuskizunak funtziona dezan.

IMANOL ITUIÑO

Imanol Ituiñok ere (Bilbo, 1989) bihar eskainiko du bere ikuskizuna, Tor eta Txoborroren saio berean. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Leioako unibertsitatean, eta orduan egin zen "duple eta 31 keinuen profesionala". Gaur egun, "magia parrastan egiten" ematen du denbora; jaialdietan, festetan, ezkontzetan eta irratian aritzen da, besteak beste.

Magia parrastan izena du biharko emanaldiak, eta horretan, kartak, bolatxoak, sokak, agerpenak eta desagerpenak topatuko ditu ikusleak. Saio "parte hartzaile, dinamiko eta magikoa" izango dela iragarri du Ituiñok, aproposa heldu nahiz haurrentzat. Ordubete inguruko iraupena dauka.

“Azpeitiarrak oso azpeitiarrak gara, gure herria denen aurretik jartzen dugu”

A. Arzallus

Bertsolari izateak Euskal Herriko herri gehientsuenak ezagutzeko aukera eman dio Sebastian Lizasori (Azpeitia, 1958).

Nola aldatu da herria txiki zinenetik?

Ikaragarri. Gu Landetan bizi ginen eta lehen urruti zegoen Azpeititik. Tartean tailer bat eta futbol zelaia besterik ez zeuden. Orain, berriz, dena bat eginda dago. Loiola aldea ere urruti gelditzen zen, Sanjuandegi ez zen existitu ere egiten...

Zertan egin du onera, eta zertan txarrera?

Nik uste herria orduan baino txukunago dagoela, baina geroz eta leku berde gutxiago dagoela. Landeta aldean baserriak ziren lehen, euren soro eta zelaiekin.

Baduzu herrian oso gustuko lekurik?

Nik maitasun berezia Landetari, Landeta inguruari eta Oñatz aldeari izan diot beti, hantxe hazia naizelako eta hantxe ibili izan naizelako beti.

Zerk du Azpeitiak beste herrietatik aparteko egiten dutena? Eta zer azpeitiarrek?

Bat, azpeitiarrak oso-oso azpeitiarrak garela, edozein tokitara joanda ere beste guztiaren aurretik gure herria jartzen dugula. Beste bat, Azpeitian jendeak ondo bizitzen jakin izan duela.

Azpeitiarra ez bazina, nongoa?

Hemen inguruko herriren batekoa: Errezil, Bidania...

Eta Azkoitikoa?

Ez.

Nolako uda espero duzu?

Lanik gehieneko sasoia izaten da guretzat. Saiatzen naiz neuretzako denbora pixka bat hartzen, baina ez da erraza izaten.