“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

Gustura gelditu da Antton Arrieta Valverde (Lima, 1955) gotorlekuen gainean idatzitako liburuarekin. "Ausartak" izan direla gaineratu du, 1.500 aleko tirada merkaturatu dutelako. Liburuan aipatzen diren gotorleku guztietan egon da, behin baino gehiagotan; merezi duela dio.

Gotorlekuak. Gutxi jorratutako gaia dela diozu.

Bai, bai. Harro gaude, gainera; izan ere, gai honetan euskarak aurre hartu dio gaztelaniari, eta sakontasun handiarekin. Gutxi jorratutako gaia da, baina informazio asko dago. Ez genuen asko ezagutzen, eta, hurbildu ahala, gaiari buruz informazio gero eta gehiago topatu dugu. Horrek harritu egin gaitu. Xehetasun askorekin hitz egin behar da; adibidez, esaten baduzu Jaizkibelgo dorreak 1876ko abuztuan egin zituztela, hori hanka sartze galanta da, gerra bukatuta zegoelako.

Gure informazio iturriak artxiboak izan dira batik bat, udaletakoak, probintzialak eta militarrak.

Gotorlekuek nola islatzen dute Euskal Herriko historia?

Beti kanpotik idatzi izan digute historia. Herri txiki bat gara bi erresuma erasokor eta handiren artean, eta horiek nolabait markatu egin dute, azken mendeetan behintzat, gure historia. Gotorgintzan, garaiak eta gertaerak islatzen dira. Gotorlekuak aztertzean, hiru garai bereiz ditzakegu: artilleria sortzen denean, Erdi Aroaren bukaeran, Nafarroa Garaia Gaztelak okupatzen du, eta gotorlekuen lehenengo helburua da mugak markatzea, bai Pirinioetako mugak eta bai itsasertzekoak; bigarren aroa urrezko aroa da gotorlekuentzat, baina guretzat ez da hain erakargarria, 80 urtean bost gerra jasan baikenituen —Konbentzio Gerra, Espainiako Independentzia Gerra edo Napoleondarren Gerra, Errege Gerra eta bi karlistaldiak—, eta mila gotorleku baino gehiago eraiki ziren urte horietan guztietan; hirugarren garaia bukaera da, bigarren karlistadatik XIX. mendea bukatu artekoa, eta fuerte ikusgarrienak ordukoak dira, Gipuzkoan, esaterako, Txoritokieta, Guadalupe eta San Marko. Dena den, bukatzen zituztenerako, zaharkituta zeuden: artilleria askoz garatuago zegoen, handik gutxira hegazkingintza agertu zen... Artilleria garatzean, gotorlekuen eredua desagertu egin zen; lurpera joan ziren: bunkerrak, galeriak...

Lurpera joan, eta gero zer?

Azken gotorlekuak ez zeuden bakartuak: sareak osatzen zituzten. Esaterako, Gipuzkoan, mugak ixten saiatu ziren bederatzi gotorlekuren bidez, baina bakarrik Txoritokieta, San Marko eta Guadalupe ireki zituzten. Horiekin batera, lubakiak, gotorleku txikiak, ospitaleak, errepideak eta beste egin zituzten; horien artean sareak sortzen ari ziren. Fuerte eredua desagertu zenean, eskualdeko gotorlekuak sortu zituzten: eskualde oso bat gotortzen zuten, baina lurpetik, artilleriak horma irabazten baitu. Betiko binomioa da hori.

Zer-nolako garrantzia izan dute?

Gazteluen jarraipen bat ziren, toki bat babesteko, toki bat kontrolatzeko, eta, askotan, zitadelak gehienbat, konkistatu berri den lurralde batean hiri bat kontrolatzeko. Gazteluen egitekoak zituzten, baina, arkitekturaren ikuspuntutik, moldatuak zeuden, artilleriari aurre egin ahal izateko.

Euskal Herriko gotorlekuak bildu dituzu. Euren artean desberdintasunik topatu duzu?

Ez gehiegi; garaiak markatzen ditu. Araban, ez dago lehenengo garaiko gotorlekurik, adibidez, mugatik oso urruti zegoelako. Muga motaren arabera, ordea, aldeak daude: Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdin, itsasertzeko kanoitegiak dituzte, eta, itxita baldin badaude, fuerte gisa hartzen ditugu. Hori ez da ikusten Nafarroan edo Zuberoan. Iruñean, Donibane Garazin eta Baionan, zitadelak daude, eta hori fuerte mota bat da. Donostian, Urgul mendi osoa zitadela bihurtu zuten, baina beste hiru hiriburuetan izar motako eraikina propio eraiki zuten.

Hala eta guztiz ere, gauza politak topatu ditugu. Ipar Euskal Herriko mendi batean, arku batzuk ikusi genituen, eta ez zekiten zer ziren; orain jakin dugu Konbentzio Gerran egin zituztela: kuartel bat zen. Ipar Euskal Herriko erakundeetan-eta galdetu genuen, baina inork ez zekien ezer— Erromatar garaikoak ote ziren aipatu izan zuten, baina azkenean argituta gelditu da.

Euskal Herrian eraikitako lehen gotorlekua hemen gertu dago, Behobian.

Bai. 1812an, Fernando Katolikoak, edo faltsutzaileak, Nafarroa Garaia hartu zuen, eta Behobian gotorleku bat eraikiarazi zuen, mugak markatzen hasteko. Proba bat izan zen. Triangeluarra zen, erpinetan dorre biribilak zituen... Ordura arte ez zen horrelakorik ikusi. Gaizki atera zitzaien: lehen kanoikada leiho batetik sartu, eta arerioak sartu egin ziren.

Ezkutatutakoa argiztatzean

Lanbroak ezkutatzen zizkionak maite zituen Mikel Laboak. Zita Aialak, berriz, ezkutuan geratzen diren horiek argiztatzea du ia obsesio, natura eta gizakien arteko harremanean lotuneak bilatuz, orekaren bila. L'Art de la Lumière Cachée izenburupean (Ezkutuko argiaren artea), bi dimentsioko argi-koadroak bildu ditu Zita Aialak (Iruñea, 1965). Koadro bitxiak dira guztiak, teknika berri batez sortuak. Hil honetan hiru erakusketa aretotan ikus daitezke: Pasai Donibanen, Donostian eta Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Jarrera aktiboa eskatzen dute Aialaren erakusketek. Koadro zuriak topatuko ditu lehen begiratuan bisitariak, "koadroen dimentsio natural minimalista", Aialaren hitzetan. Eta, bestetik, "ezkutuko dimentsioa, soilik barruko argia piztean erakutsiko dena".

Bisitariak berak piztu behar du argia —hala da behintzat Pasaiako Victor Hugo etxean—, eta argia piztearekin bat, erabat eraldatuko dira koadroak, eta baita erakusketa aretoa bera ere. Koadro zuri minimalistak zeuden tokian oso bestelako irudiak azaleratuko dira, koloretsuak. Argiarekin ikus daitekeen erakusketa da, baina ilunpean ikustea gomendatu du Aialak, "koadroek duten intentsitatea ez galtze aldera".

Loreak, harriak... organikoa den guztiaz hitz egiten du Aialak koadroetan, natura delako bere obran protagonista nagusienetakoa. Eta naturarekin batera, argia. "Argiarekin lan egin nahi nuen hasieratik. Mendian bizi naiz, eta sumatzen dut gauzak ez doazela ondo. Gure jabetzakoa balitz bezala tratatzen dugu natura, eta ez litzateke horrela izan behar. Gustatuko litzaidake naturaren eta gure arteko harremana bestelakoa izatea, lotura sakonagoa".

Horregatik, Aialak sortutako koadro ia guztietan gizakia ageri da: "Gizakia naturari bizkar emanda bizi da gaur egun, eta, horregatik, oso unibertso organikoan txertatu dut nik, naturaren zati den beste mikrounibertso bat sortuta". Ekaitza, bilakaera, oreka, bertigo, unibertsoa, helburua, zaborra... mezuari estu lotzen zaizkio koadroetako izen gehienak.

Kezka horiek guztiak komunikatzeko teknika berritzaile bat asmatu du Aialak, argiaren laguntzaz. Zetazko papera erabiltzen du bere koadroak sortzeko, eta erretxina berezi bat, itsasteko zein papera gogortzeko erabiltzen duena. Ezkutatuko duen irudia sortzen du lehenik, eta, ondoren, zetazko paperezko geruzak erabiltzen ditu irudia estaltzeko. Bata bestearen gainean jartzen ditu paperezko geruzak, irudia zuritzen den arte. Behin koadroa osatuta, berniz batez babesten du. Hala, ezkutuko irudia, hau da, koadroaren lehen geruzan jarritakoa, soilik argia piztean azaleratzen da.

Teknika asko probatu ditu Aialak behar zuena topatu arte. "Beirarekin probatu nuen, baina oso gaizki moldatu nintzen; zeramika zeharrargiarekin ere probatu nuen, baina oso hauskorra da, eta soilik gauza txikiak egiteko aukera nuen". Gutxien espero zuenean, baina, topatu zuen bilatzen ari zena. "Lagun bat etorri zen etxera, alabarekin, elkarrekin egin zuten pinata margotzera. Lorategian lanean ari zirela, egunkari papera zeta paperarekin trukatzea bururatu zitzaidan". Izan ere, zeta paperak badu bere beharretara oso ongi egokitzen den ezaugarri bat: "Opakua da argia parez pare ematen dionean, eta zeharrargia atzealdetik argiztatzekotan".

Arte afrikarra eta japoniarra oso gustuko dituela dio Aialak, eta igarri da haren obran, trazatuetan, motiboetan... "Bi arte horietan trazatu bakar batez asko komunikatzeko gai dira, eta hori asko gustatzen zait".Sortzaile nafarraren koadroetan ere sumatzen da gutxirekin asko komunikatzeko nahia, hausnarketarako gonbidapen zirikatzailea.

Pasai Donibanen, Victor Hugo museoan. Hilaren 27ra bitarte bisitatu ahal izango da.

Donibane Lohizunen (Lapurdi), Infante galerian. Hilaren 26ra bitarte.

Donostian, El Muro tabernan (Gros auzoa). Hilaren 30era bitarte.

Berriak sortzean, pisua galdu

. Gipuzkoako 29 herri hiru herrioi atxikita egon ziren duela 400 urtera arte. Babesa eman zieten, baina harremana liskartsua ere izan zen. Hiribildu berriekin, pisu ekonomiko eta politikoa galdu zuten Tolosak, Ordiziak eta Segurak.

Gipuzkoako 30 herrik 400 urte bete dituzte aurten. Ordura arte, Tolosa, Ordizia eta Segurari atxikita zeuden horietatik 29: Ordiziak zortzi herri zituen, Segurak zazpi, eta Tolosak hamalau. Urnieta ere hiribildu bihurtu zen 1615ean; Donostia, Aiztondo eta Hernaniri atxikita zegoen. Hiribildu berriak sortzeak eragina izan zuen Tolosa, Segura eta Ordiziarengan.

TOLOSA
Erabaki gune izana

XV. mendean sortu zen Gipuzkoako Ermandadea, lurraldeko herriak bildu zituena eta egungo gobernu sistemaren sorburua. Tolosak izan zuen zeresanik: batetik, bere bultzatzailerik nagusiena Domenjon Gonzalez de Andia tolosarra izan zelako —garai hartan Batzar Orokorretako eskribaua—, eta, bestetik, inguruko 25 herri urte batzuk lehenagotik Tolosako jurisdikzioaren menpe jarrita zeudelako babesa lortzearen truke; hartara, Tolosak Gipuzkoako lurraldearen zati handia ordezkatzen zuen ermandadean.

Tolosara atxikita zeuden hamalau herri hiribildu bihurtu ziren 1615ean. Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Amasa —1619an Amasa eta Villabona elkartu ziren—, Andoain, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Orendain eta Zizurkil. Beste zenbait herri ere saiatu ziren hiribildu bihurtzen, baina urte horretan hamalau horiek eskuratu zuten izaera berria.

Hainbat arrazoi izan ziren herriek Tolosatik banatzeko nahia azaltzeko. Batetik, ahaide nagusiek indarra galdu ahala, udalerri nagusiekiko lotura karga moduan ikusten hasi ziren herriak, babes moduan baino gehiago. Bestetik, baziren zenbait herri urteak zeramatzatenak banaketa eskatzen. "Berastegi eta Elduaindik, batez ere borrokatzen ziren Leitzarango bidea ireki nahi zutelako, Nafarroatik zetozen produktuekin merkataritza harremanak izateko Tolosako aduanan zerga ordaindu behar izanik gabe. Andoain ere berdin, Leitzaran ondoan zegoelako. Alegiak hiribildu izaera zuen, baina bere alkateak ezin zuen justizia osoki administratu. Amezketak ere hainbat auzi zituen Tolosarekin, eta banatzea eskatzen zuen, beraien arteko harremanek bestela auzi gehiago sortuko zituztela eta", azaldu du Estibaliz Gonzalez Dios historia ikerlariak. Tolosako Udalak bultzatuta, eta Eusko Ikaskuntzarekin batera, ikerketa lan bat egin dute garai horri buruz. Orain gutxi bukatu du Gonzalez Diosek Tolosaldea 1615: hamalau hiribilduren sorrera lana.

Koroaren diru beharra ere arrazoietako bat izan zen. "Urte batzuk lehenago Valladoliden zeuden herri horiek guztiak auzitan independentzia lortu ahal izateko, eta ezezkoa jaso zuten". Erregeak aukera hori eman zuen 1614an; hori bai, diruaren truke. Beste arrazoi nagusi bat Batzar Nagusietako ordezkaritza zen. "Herriek eskatzen zuten ordezkaritza izatea. Tolosak bere suengatik edo botoengatik bozkatzen zuela zioten, baina ez zietela azaltzen nola hartzen zituen erabakiak".

Botere aldaketa Gipuzkoan

Banatze prozesua izan aurretik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Tolosak esaten zuena aurrera zihoan, askotan Ordiziak eta Segurak lagunduta. Hiribildu berrien sorrerarekin, Tolosak indarra galdu zuen Gipuzkoan, eta beste udalerri batzuk irabazi; horietan nabarmenena Donostia.

Azpeitiak eta Azkoitiak boto pertsonalak eskatzen zituzten; hau da, udalerri bakoitzak boto bat izatea. Herrien banatzeko ahalegin horretan, hiribildu horiek ikusi zuten aukera Tolosak boto kopurua galtzeko. Behin Tolosak boterea galdu zuenean Batzar Nagusietan, Donostia izan zen hiribildu indartsuena. Urnieta eta Pasaia zituen bere jurisdikzioaren barruan Donostiak, eta horiek ere hiribildu izan nahi zuten, baina Donostiak Gortean zenbait hari mugitu zituen hori ez gertatzeko.

Tolosatik banatu ondoren sortutako hiribildu berriak Donostiaren alde egiten hasi ziren, banaketan beren alde jokatu zuelako, eta, beraz, Tolosatik Donostiara pasatu zen erabaki gunea Gipuzkoan.

ORDIZIA
Feria, metropoliko aztarna

Historiografiak ohituraz eta inongo frogarik gabe esan duenaren aurka, Ordiziako hiribildua Segura eta Tolosa baino hamabi urte geroago eratu zuten, eta ez urte berean. 1268ko uztailaren 30ean datatuta dago sorrera agiria, Gaztelako eta Leongo Alfontso X.a erregeak sinatua. Gasteizen foruak eta eskubideak eman zizkion.

Hain zuzen, Seguraren eta Tolosaren erdibidean kokatu zuen hiri gotortu berria koroa gaztelarrak, Gipuzkoa zeharkatzen zuten bi errege bide nagusietako bat zaintzeko —beste bideak, Leintz-Gatzagatik sartu, eta Deba ibarra gurutzatzen zuen—.

Ordizia toponimoa bera oso antzinakoa da, eta hiriaren sorrera gutunean ageri da. Villafranca izenak errege eskubidedun hiria zela aditzera ematen zuen, hari ordaindu beharreko zergetatik salbuetsita baitzegoen. Aurretik, San Bartolome inguruan zegoen Ordiziako bizitokia. Seguran bezala, alboko muinoan antolatu zuten gero hiria.

Errege hiri moduan, XIV. mendeko mugimendu politikoetan indar handia hartu zuen. Nafarroako Erresumari aurre egiteko tresna ziren hiribildu horiek, batetik. Ahaide nagusien botereari erantzuteko eta menperatzeko gune erregearentzat, bestetik.

Hala, 1399ko apirilaren 8an, inguruko zortzi herrixka —Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia— eta Lazkaoko etxe batzuk batu zitzaizkion Ordiziari —Maizaundi, Izagirre biak eta Garmendia; 1648ra arte egon ziren horiek—. Hango alkatea zuten epaile, eta Ordiziako forua eskubide.

Kanpai hotsera, elizan

Auzotasun agiria sinatzeko ekitaldia Andre Mari elizan egin zuten, "kanpai hotsen deira". Herri bakoitzeko ordezkariak elkartu ziren, pertsonalki, edo beste batzuen bidez. Administrazio ekonomikoak, lurren mugaketak eta batzar irekiek —auzo alkate bat buru zela— herri bakoitzaren esku segitu zuen. Baina eskumen zibila eta kriminala hiribilduaren menpera igaro zen. Ordiziako alkatea eta zinegotziak urtero aukeratzen zituzten.

Erregeak lurralde eremu zabalagoaren gaineko kontrol eta eragin zuzena lortu zuen bat egitearekin. Ordiziak, berriz, pisu handiagoa Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 30 hiri eta haranen artetik bat zen, eta 8. postuan bozkatzen zuen. Bere menpeko herrixkenak batuta, 105 suren indarra zeukan Ordiziak batzarretan —bere 34ez gain—, eta 863 eskubidedun bizilagunen ordezkaritza.

Behin Gipuzkoako ermandadeek ahaide nagusiak betiko azpiratu zituztenean, 1439an, hiriak geratu ziren barne politikaren jagole bakar. Eta Koroak jakin izan zuen bere interesen mesederako ziren gune horiek zaintzen: 1512an Ordizia sute batek kiskali zuenean —Nafarroaren konkista hasitako urtea zen—, hiria lehenbailehen suspertzeko astero azoka egiteko baimena eman zion Gaztelako erregina Juanak.

Babesa bai, diru premiek erregetza bestelakorik egitera bultzatu zuten arte. 216 urte lehenago hiribilduei atxiki zizkien herriak atzera askatzeko, biztanleko 25 dukat kobratu zituen errege Ogasunak, herrixkengatik. Ordiziak indarra galdu zuen batzarretan, baina behinolako metropoli izaerari eutsi dio gaur arte, feriarekin.

SEGURA
Mugaren zaintzailea

Gaztela eta Leongo erresumak 50 urte nahikoak izan zituen bere menpeko lurralde hartu berria kontrolatzeko azpiegiturak eraikitzeko. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko lurrak Nafarroari 1200ean erauzi ondoren, 1256an jada estrategikoki kokatutako hiri gotortuekin zipriztindu zuen Gipuzkoa, bide komertzialak babesteko. Horietako hiri bat izan zen Segura, 1256an Alfontso X.a errege gaztelarrak eraikia, "Villa segura", hiri seguru izateko. Gasteizko forua zuen Segurak ere.

Aurretik ere bazen bizitokirik. Erraztiolatza parajean herrixka bat zegoen aztarnak badira, gaur egungo San Andres ermitaren inguruan. Hiria atzeko muinoan eraiki zuten, harresiz inguratuta.

Seguraren loraldiak gainerako Erdi Aro osoa iraun zuen, XVIII. mendera arte. Hirigunea asko zabaldu zen, lau hektareako hedadura hartzeraino. Oraindik Seguraren hirigintzak Erdi Aroko morfologia du. Harresien barruan, 26 ur putzuk ahalbidetzen zuten ur hornidura, eta bost ate zeuzkan: nagusiak goikoa (Gaztelakoa deitua) eta behekoa.

Gipuzkoako ermandadearen jatorrizko 23 hirietako bat da Segura. Horren aztarna da gaur egun oraindik Batzar Nagusi ibiltariek bertan egiten duten bilera, uztailaren 2an, txanda egokitutako urtean.

Eragin eremua hazten

Arabatik San Adriango pasabidean barrena zetorren errege bidea segurtatzeko hiri izatea zen hasierako zeregina; denborarekin, ordea, mugako defentsa-leku funtzioa ere hartu zuen, Nafarroa eta Gaztelaren arteko ika-miketan. Eragin indarra handitzeko, Seguraren inguruko herrixkak jurisdikzio haren menpera igaro ziren, 1384ko ekainaren 6ko auzotasun agiriaren arabera.

Gaur egun Goierri den lurraldearen mendebaleko erdi osoa menperatu zuen Segurak, lurraldez. Haren menpeko bihurtu zen Urretxuko hiria ere, 1383an bizilagunen eskariz eratua —eta ez, Segura bezala, erregearen ekinbidez—. XV. mendean zenbait herri Areriako alkatetza nagusira joan baziren ere, Seguraren auzo izan ziren Legazpi (1608 arte), Astigarreta, Gudugarreta, Idiazabal, Mutiloa, Ormaiztegi, Zegama eta Zerain.

Istiluak piztu ziren euren artean. 1470ean, Segurak bere menpeko herrixkei hainbat gastutan parte hartzeko eskatu zien: hiri gotortuko itxiturak, dorreak, ateak, lubakiak, kartzela eta harresiak konpontzen; alkate, fidel, agintari, pregoilari, prokuradore, morroi, mezulari eta ordezkarien soldatak ordaintzen; eta Seguran gauero zaintza egiten zuten ofizialaren eta lau zaindariren soldatak ordaintzen. Inoiz ez zituztela ordaindu eta aurrerantzean ere ez zeukatela asmorik kexatu arren, epaitegiek gastuei aurre egitera behartu zituzten herriak, Seguraren alde.

Herriak 1615ean bereizi zirenean, su kopuruan erdira jaitsi zen Seguraren bozketa ahalmena Batzar Nagusietan, 116tik 60ra.