Dozena bat urte iraun zuen El Salvadorko gerra zibilaren ostean, Hondurasko erbestetik itzuli eta Meangera herriko lurrak okupatu zituzten errefuxiatuek. Ezerezetik abiatu, eta Segundo Montes komunitatean antolatzea lortu zuten, besteak beste, Euskal Fondoa eta Aiztondo eskualdeko udalek emandako laguntzari esker.
1994an senidetu ziren komunitate harekin Aiztondoko Zizurkil, Asteasu eta Adunako udalerriak, eta urtero, Senidetze Eguna ospatzen dute. Adunan izan da aurtengoa, joan den maiatzaren azken egunean. Bi salvadortar ere izan ziren ospakizunean: Tiempos de Cambio musika taldeko kide diren Gustavo Mejia eta Neftali Hernandez.
1980ko hamarkadan El Salvadortik ihes egin zuten haurretako bi dira, eta egun, 40 urte inguru dituzte. Gerra zuzenean izan zuten, eta horren ondotik bilakatu ziren musikari. "Irratirik eta telebistarik ez zuten errefuxiatu gunean, eta musika zuten komunikazio tresna", azaldu du Euskal Fondoaren zuzendari Juanma Balerdi lizartzarrak. "Memoria historikoa ez ahazteko, kantatu egin behar da. Kantatzen duten herriak ez dira hiltzen", gehitu du Gustavo Mejiak. Eta horren erakusgarri da bigarrengoz Aiztondora etorri den Neftali Hernandezen kasua; duela 21 urte ere musika jotzera etorri zen, eta kantuan segitzen du oraindik.
Montes jesuitaren omenez
Gerra garaian antolaturiko komunitatea da Segundo Montes, eta hango biztanleak errefuxiatu ohiak dira; Hondurasen zeuden erbesteratuta, sorterrian piztutako gatazka armatuaren ondorioz.
Han zeudela erabaki zuten El Salvadorrera itzultzea —Morazan probintzian dagoen Meangera herrira—, eta hor hasi zen Euskal Herriarekin lotura: "Errefuxiatuei nola lagundu jakiteko, komunitatea bertatik bertara ezagutzera joan ziren hainbat udalerritako ordezkari; tartean, Mikel Arrastoa Zizurkilgo alkatea". Hark sustatuta hasi zen elkartasun harremana.
Hara joan zirenean, izugarrizko txikizioarekin egin zuten topo: "Bi suren artean zeuden; batetik, Hondurasko armadak ez zien mugitzen uzten, eta, bestetik, behin muga pasatuta, El Salvadorko armada zeukaten zain". Gerra amaitzear zela, itzultzea erabaki eta komunitatea sortu zuten. "Segundo Montes pentsalari eta antropologoak eman zuen ideia hori, itzulerarekin agintariak estu hartzea lortuko zutelakoan".
Segundo Montes antropologoa UCA unibertsitateko irakasle jesuita zen, Ignacio Ellacuriarekin batera. "1989an armadak izugarrizko astakeria egin zuen han, eta El Salvadorrek izan duen intelektual talde sendoena garbitu egin zuen", gogoratu du Balerdik. Tartean ziren Ignacio Ellacuria eta Segundo Montes bera.
1989an El Salvadorrera itzuli zirenean hutsetik hasi behar izan zuten, baina errefuxiaturik egon ziren urteetan ez zuten denbora alferrik galdu: ihes egin aurretik biztanleen %75 alfabetatu gabeak ziren, eta erbestetik itzultzean, alfabetaturik zeuden %80. "Horregatik izan da komunitate hau erreferente El Salvadorren".
Bien bitartean, herria eraikitzeko eta herritarrentzat bizi-baldintza duinak lortzeko laguntza eman zuten Aiztondoko nahiz Euskal Herriko beste hainbat udalerrik. "Hainbat proiektu ahalbidetu ditugu. Esaterako, 12.000 errefuxiaturentzako 1.000 etxebizitza egitea, ura ekartzea, saneamendu lanak egitea... Finean, herri bat hutsetik egitea".
Aiztondoko udalerrien eta Segundo Montes komunitatea dagoen Meangera udalerriaren arteko senidetze prozesu horrek, ordea, ez du alor ekonomikoan soilik jardun; alor kulturalean ere lan handia egin da. Eskolen artean ere senidetzeak izan dira. "Benetako elkartasuna egin da, ez soilik instituzionala, baizik eta herritarren artekoa". Horregatik dio Junama Balerdik, harro, senidetze hau eredugarria dela, erakundeetatik haratagokoa baita: "Halako gutxi antolatu izan dira Euskal Herrian. Hogei urte barru esan dezakegu jende honen bizi-baldintzak hobetu direla euskal herritarrei esker eta bereziki inplikatuta dauden udalerriei esker".
Ez da amaitu
Hala ere, lan asko egiteko dago oraindik. Indarkeria giroak ez du etenik, eta benetako irtenbideak bideratu gabe daude. Baina gatazka militarra indarrean zegoenean pentsaezinak ziren urratsak egin dira: "Gerra baten ondorioak hor daude, baina garai batean gerrillan zebiltzanak politikan dabiltza orain, eta arlo sozialean nahiz kulturalean itxaropentsu dira". Egungo egoera hori 1980ko hamarkadako borroken ondorio dela uste du Balerdik, "eta lagundu besterik ezin dugu egin guk".