Pasai Donibanen, XXIV. Musika Jardunaldietan murgilduta daude. Maiatzean hasitako egitasmo horrek aurrera egingo du asteburu honetan, eta hainbat abesbatza entzuteko aukera izango da gaur eta bihar, Itsas Mendi taldeak antolatuta.
Gaur, Miarritzeko (Lapurdi) Itsasoa abesbatzak emanaldia eskainiko du San Joan Bataiatzailearen elizan, 20:15ean —han egingo dituzten kontzertu guztiak ordu berean izango dira—. Itsasoa abesbatza 1990eko hamarkada hasieran sortu zen. Frederic Sorhaitz da abesbatzaren zuzendaria 2002az geroztik. Hirurogei bat kantarik osatzen dute taldea. Gozatzeko abestea beste helbururik ez dute. Beren errepertorioaren gehiena euskal kantuek osatzen dute, baina beste hizkuntza batzuetan ere kantatzen dute. Egiten dituzten bidaiak eta beste koroekin dituzten harremanak errepertorioa zabaldu eta aberasteko balio izan diela diote.
Gaurkoa, baina, ez da asteburuko kontzertu bakarra izango. Bihar, Donostiako Luberri abesbatza izango da San Joan Bataiatzailearen parrokian. Luberri abesbatza Donostiako Antigua-Luberri ikastetxeko guraso elkartearen ekimenez sortu zen, 2008an, bi helbururekin: alde batetik, musika eta kantua lantzea, eta, bestetik, guraso zein irakasleak bilduko zituen dinamika baliagarri bat eskaintzea. Junkal Guerrero Langara musikari andoaindarra da taldeko zuzendaria. Antiguako festetan parte hartzea, Eguberrietan kalez kale abestea eta ikasturte amaieran beste koruekin elkarlana sustatzea da Luberri abesbatzaren urteko egitaraua osatzen duten egitasmo nagusiak.
Hurrengo astean, gehiago
Asteburuan ez ezik, datozen egunetan ere izango da musika jardunaldiez gozatzeko aukera. Hilaren 14an, larunbatarekin, Orereta Gazte Abesbatzak emango du kontzertua San Joan Bataiatzailearen elizan. Orereta abesbatza Andra Mari abesbatzaren koru gaztea da. 1986an sortu zen. Jose Luis Ansorena Miranda izan zen sortzaileetako bat, eta hark zuzendu zuen taldea hasieran, baina, 1999az geroztik, Imanol Elizasuk zuzentzen du. Abesbatza gaztea izanagatik ere, eskarmentu handikoa ere bada: Euskal Herriko koruen zirkuituan ohikoa da Orereta Gazte Abesbatza ikustea; eta Sahaoxin (Txina) egin zen 2010eko World Choir Games nazioarteko txapelketan zilarrezko hiru sari irabazi zituen. Euskal Herrian, Donostiako Musika Hamabostaldian, Eliza-Musika Zikloan eta Aita Donostia musika jaialdietan abestu izan du, besteak beste.
Amaitzeko, hilaren 15ean, larunbatean, Errenteriako Musika Bandak eskainiko du kontzertua herriko plazan, 13:00etik aurrera. Errenteriako Musika Banda Euskal Herriko zaharrenetako bat da, 150 urte beteko baititu aurten. Musika elkarte horrek hainbat izen hartu ditu bere historia luzean zehar. Hasieran, Sociedad Filarmonica, eta gero, Udal Musika Banda (1923), 1948. urtean orain duen izena hartu zuen arte: Errenteriako Musika Banda. Talde horren ibilbidean aipamen garrantzitsuak aurki daitezke: Zaragozako Musika Banden Lehiaketan, adibidez, bigarren saria jaso zuten, eta Euskadiko Musika Banden Lehiaketan txapela jantzi zuten errenteriarrek, lehen postua erdietsita.
Asteburu honetan eta datorren asteburuan, herriko plazan eta San Joan Bataiatzailearen Parrokian.