60.000

Energia eraginkortasuna sustatzeko dirua. Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak energia eraginkortasunerako eta aurrezpenerako ituna egingo dute. Zerbitzu teknikoa Merkataritza Ganberak eskainiko du, eta aldundiak 60.000 euroz lagunduko du.

Behobia-Donostiak ia 15 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen 2013an

Behobia-Donostia lasterketaren berri ematean zenbakiak agertu ohi dira beti: korrikalari kopurua, helmugara iristeko igarotako ordu eta minutuak... Orain, lasterketa osoaren ikuspegi ekonomikoari erreparatu dio Deustuko Unibertsitateak, eta iaz lasterketak Gipuzkoan izandako eragin ekonomikoa aztertu du: horren arabera, 14,9 milioi euroko eragina izan zuen. "Goteborgeko [Suedia] gure guru handienek 45.000 korrikalarirekin hamar milioi euroko eragina lortu zuten 2008an; guk, 28.000 lasterkarirekin, hamabost milioi sortzen ditugu; harro egoteko modukoa da". Hala azaldu du Fernando Ibarreta Fortuna kirol elkarteko zuzendariak emaitzen berri ematean.

Gasturik handiena korrikalari eta hurbilekoek egiten dute Behobia-Donostiak hartzen duen asteburuan —lasterkari bakoitzeko bi lagun etortzen direla kalkulatu dute—. Sektoreka, jan-edanetan gastatzen dute gehien —3,1 milioi—; jarraian daude erosketa eta kultur jarduerei lotutako gastuak eta ostatuarenak —1,7 milioi—, lasterketaren prestakuntzari dagozkionak —776.000 euro— eta garraioarenak —352.000 euro—. Josune Saenz ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, korrikalarien jatorriari ere erreparatu zioten datuak jasotzerakoan: "Ez da berdina hemengo parte hartzaile batek egin dezakeen gastua edo kanpotik datorren norbaitena; hemengoak ez du zertan bere ohiko bizilekutik kanpo gaua pasatu edo jatetxe batean bazkaldu". Ikerketaren arabera, parte hartzaileen %73 ateratzen da gutxienez behin etxetik kanpora bazkaldu edo afaltzera.

Gipuzkoatik kanpoko korrikalarien artean, katalanek egin zuten ekarpen handiena iaz, bi milioi eurotik gertu. Herrialde Katalanak dira, hain zuzen, Gipuzkoaren ondotik parte hartzaile gehien ekartzen dutenak. Gainera, Saenzen arabera, gastu zuzenaren %77 Hego Euskal Herritik kanpoko parte hartzaileek sortzen dute, eta lasterketa kopuru guztiaren %47 baino ez dira.

Korrikalariek gastatutakoa ez ezik, Fortuna elkartearen eta babesleen ekarpena ere aintzat hartu dute kontaketak egiteko orduan, gastua kalkulatzeko garaian. Horrez gain, batzuek eta besteek egindako gastutik aparte, ondorioztatu dute lasterketaren bidez 122 lagunek lana izan zutela iaz, eta Ogasunak 853.953 euro bildu zituen zerga bidez.

Lasterkarien datuak jasotzeko, eurak eta haiekin lasterketara joan ziren senide edo lagunak galdekatu zituzten. Horretarako, lasterketaren asteburuan galdetegiak banatu zituzten hainbat tokitan. Gutxienez 395 galdetegi zuzen jasotzea jarri zuten helburu, lehen kalkulu bat egiteko kopuru adierazgarria izan zedin: 423 onartu zituzten.

Azken datuekiko aldeak

Eragin ekonomikoaren inguruko azken azterketa 2008koa da. Garai hartan, 4,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen lasterketak lurraldean, 35 laguni eman zien lana, eta administrazioari zerga bidez egindako ekarpena 686.000 euro izan zen. Ezin alderatu dira, ordea, orduan eta iaz parte hartu zuten korrikalari kopuruak: 14.000 ziren 2008an, eta 23.500 inguru helmugaratu ziren iaz.

Behobiatik Donostiarako ibilbideak gero eta korrikalari gehiago ditu, hein batean Gipuzkoatik kanpo lasterketa ezagutzera emateko egiten den lanaren ondorioz. Saenzen hitzetan, "Behobia-Donostiak sortzen duen balio ekonomikoaren zati handi bat lotuta dago beste tokietako korrikalariak erakartzeko gaitasunarekin".

Aurreko aldietan bezala, hainbat hiritan izan dira aurten lasterketa sustatzeko: Bartzelonan, Madrilen, Parisen eta Londresen. "Hurrengo urtean Herbehereetako merkatuan barneratzea interesatuko litzaiguke, enpresa talde oso indartsuak etortzen ari direlako", dio Ibarretak.

Zabaltze horrek Gipuzkoa osoan du eragina, hiriburuan, bereziki. Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak uste du "running turismoan" posizionamendu bat ematen diola lasterketak Donostiari, eta, horrez gain, "erakargarri ekonomiko garrantzitsua" dela hiriarentzat, turismoari dagokionez: "Goi denboraldiko asteburua bilakatzen da behe denboraldikoa izango litzatekeena Behobia-Donostiarekin".

Ingalaterratik Gipuzkoako hondakin kudeaketari begira

Zero Waste England edo Ingalaterra Zero Zaborreko kideek Gipuzkoa ezagutu nahi zuten, eta, batez ere, Orendain. Horretarako, Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideekin jarri ziren harremanetan, bidaia baten inguruan hitz egiteko. Iragan ostiralean gauzatu z...

“Pilotak aldaketa bat behar du; duela ehun urte bezala segitzen du”

Duela 36 urte, 19 zituela hasi zen erremonterako xisterak egiten Juan Pello Ugarte (Oronoz, Nafarroa, 1957). Hernaniko Galarreta frontoian jaso zuen prestakuntza, Ziganda anaien eskutik. Bi anaiak nafarrak ziren, pilotari izandakoak, eta tailer bat zeukaten erremontean aritzen zirenei zerbitzua eskaintzeko: xisterak egin eta konpondu. Ofizioa ikasi bezain laster hasi zen maitatzen.

Ez dira erremontearentzat garai onak, ordea, eta Galarreta pilotalekuko tailerrean lanik gabe geratu zen Ugarte: "Frontoian gero eta jende gutxiago ibiltzen da, eta guk ere lan gutxiago izaten dugu". Langabezian geratu, eta negozioa bere kasa hastea erabaki zuen: Xanperen Txokoa zabaldu zuen Errenterian, duela zenbait hilabete. Xisterak egiteaz gain, markoak eta arropa ere saltzen ditu.

Hasieratik ondo moldatu zen lanbidearekin, lana egiteaz gainera partiden giroa eta saltsa gertu-gertutik ikusteko aukera zeukalako. Gogoan du partidak astearteetan eta ostegunetik igandera izaten zirela. "Tailerra bertan genuenez, arratsaldeetan partidak ikusten genituen", gaineratu du.

Uste du garai batetik hona kirol horretan gauzak asko aldatu direla, jokatzeko zestak barne: "Lehengoak egurrezkoak eta zumitzezkoak ziren; orain, berriz, uztaia zuntzezkoa da, eta barrukoa, berriz, polipropilenozkoa. Eskularrua da mantentzen dena: larruzkoa da gaur egun ere". Materiala aldatu arren lana egiteko modua bera dela zehaztu du.

Materiala aldatzearen arrazoia erresistentzia dela argitu du Ugartek: "Orain, pilotariek beldurrik gabe jokatzen dute. Uztaia orain ere puskatzen da, baina ez lehen bezainbeste. Lehen, zumitzarekin zuloa egiten zutenak ere izaten ziren". Jakinarazi du xistera batek gaur egun bizpahiru hilabete irauten duela, hogei partida inguru.

Artisau lana izanda, gainera, xistera bakoitza bakarra izaten da, eta pilotarien beharretara moldatuta egoten da. Pilotarientzat lan egiten dute, hain zuzen, baina, Ugarteren arabera, zestak ez dira horienak, enpresenak baizik: "Enpresak kobratzen dio pilotariari zestarengatik, eta, behin erabilita, konpondu egiten ditugu. Konpondutakoan erremonteko eskoletara joaten dira, gazteentzat. Handik berriro puskatuta itzultzen dituztenean, zesta berriak egiten ditugu". Horretarako, ahal dutena berrerabiltzen dute: uztaia, eskularrua...

Ofizioan, Ugarterekin batera, beste pertsona bat baino ez da aritzen, eta biak dira erremontista guztientzat xisterak egiten dituztenak.

Erretiroa hartu arte lan egin nahiko luke, baina esan du erremontea oso egoera txarrean dagoela. Galarretan eta Iruñe aldean bakarrik jokatzen dutela gaineratu du. "Pilotak, kirol gisa, aldaketa bat behar du, oro har: esku pilotak, erremonteak nahiz zesta-puntak. Duela ehun urte bezala segitzen du zesta-puntak, baina jendea eta ohiturak aldatu egin dira denbora honetan guztian, eta horrela ezin dugu jarraitu. Finaletan jende asko izaten da, baina bestela? Jende gaztearengana hurbildu beharra dago".

“Trantsizio ordenatu bat behar dugu”

Ingeniaria, aholkularia, eta deitzen dioten leku guztietara joaten den horietakoa da Rafa Etxeberria (Laudio, Araba, 1967). Villabonako Subijana etxean egungo bizimoduaren iraunkortasunaren inguruan hitz egin du.Zein izan da zure hitzaldiaren oinarria...

Kultur uhinen zurrunbiloan

Kultura irratian eta irratia kulturan. Binomio horren inguruan aritu dira hainbat kazetari Donostian, Casares irratiak antolatutako jardunaldi batzuetan. Kultura irratian: aurrera begira erronkak gaia jorratu dute aste honetan Arantxa Iturbek (Euskadi Irratia), Gorka Bereziartuak (Argia), Gaizka Amondarainek (Hala Bedi irratia) eta Iñigo Astizek (BERRIA). Etorkizunaz ez ezik, gaur egun kulturak hedabideetan duen presentziaz, kultur edukiez, irrati txikiez eta abarrez ere aritu dira hizketan.

1. Presentzia

Albistegietan ageri bai, baina gehienetan, atzeko aldean: "Kultura da albistegia bukatzeko polita egiten duen berria. Apaingarria da, laxoa, normalean arrosa eta ederra", azaldu du Iturbek. Kultur albisteen aurretik aipatzen diren berri askotatik, ordea, kultura hitza ez dago salbu: entzun ohi da futbolaren kultura, gastronomiaren kultura... "Kultura eranstea prestigioa eranstea bezalakoa da".

Gai bakoitzari eskaintzen zaion denborari dagokionez, berriz, Iturbek dio "laburrera" jotzen dutela, arduradunen irizpidez betiere: "Ordu erdiko elkarrizketa pentsaezina da; aspergarria iruditzen zaie".

Astizen ustetan, oro har kulturak ez du "pisu handirik" hedabideetan, baina zenbat agertzen den baino gehiago kezkatzen du nola agertzen den. Irizpide ekonomikoen arabera banatzen dira kartak: "Balio ekonomikoaren arabera aitortzen zaie balio kulturala". Bat etorri dira Astizekin gainerako parte hartzaileak ere, Bereziartua tartean; haren ustetan, "salmenta aurreikuspenek eta merkatuko joerek baldintzatuta" egon ohi da. Hala ere, uste du badagoela funtzionatzen duen bestelako kulturgintza bat, "merkatuko zurrunbilotik aparte, publiko masiborik gabe".

2. Edukia

Irrati arduradunen menpeko erabakiei jarraitzen diete esatari edo irratigileek. Iturbek dioenez, "agintariek dute ardura kontatzekoa, baina ez hitzez, zenbatzekoa baizik, entzule kopurua". Uste du irrati programazioa eratzerakoan "zenbat" dela neurgailuetako bat, baina berak bestelako galdera bat proposatu du entzuleari egiteko: "'Hunkitzen zaitu? Ukitzen zaitu?' Aukerak eskaintzea da irrati arduradunen ardura, eta aukera egitea entzulearena". Kulturaz aritzean, berriz, kazetariek berek ezagutzen duten artistaren baten azkenekoa kontatzen dute — "batzuetan azken-azkena, heriotza"—, edo kultur ekitaldi baten iragarkia. "Nork famatua behar du; zerk ez du horrenbeste axola; noiz, bai".

Astizen arabera, "erabaki batek bilakatzen du soinuaz betetako errealitate bat isiltasun", eta, gehienetan, "zerbait ikusgarri" erakusteko baliatzen da kultura: artistaren baten heriotza, artelan baten truke ordaindutako milioi kopurua... "Ez bada ikusgarria, ez da. Anplifikatzen ez dena, gaur egun, ez da existitzen". Dena den, "bizi duenak ezinezkoa du isiltasuna", Astizen arabera, eta publikoaren aurreko ekitaldia amaitutakoan gertatzen den hori eskaintzean jarri beharko luke indarra kazetariak.

3. Tamaina

Ez dago irrati txikiak eta handiagoak multzo berean sartzerik: irrati komertzialak daude, baita publikoak eta herri ekimenetik sortutakoak ere. Azken horiek ondo ezagutzen ditu Amondarainek, urteetako esperientzia baitu alor horretan. Uste du txikienen funtzioa "besteen osagarri" izatea dela, eta, horretaz gain, identifikatzea beren benetako indargunea zein den. "Irrati txikien ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, baina kalitateari ere erreparatu behar zaio".

Iturberen iritziz, "txikia handiagoa da askatasunean", eta, aldi berean, beharko du handiagoa izan irudimenean. Amondarainen ustetan, berriz, "irrati kultural" batez hitz egitea baino interesgarriagoa litzateke "irratia kulturgile bihurtzea, tokian tokiko kultur eragile".

4. Komunitatea

Guztiek interesgarritzat jo dute irrati txikiek komunitate bat izatea inguruan. Bereziartuak uste du, gainera, "foku nagusitik kanpo" dauden sortzaileei zerbitzu bat eskaintzea litzatekeela funtzioetako bat; "eztabaida leku oso ona ere izan daiteke". Ildo horretatik, Amondarainek gaineratu du tokian tokiko irratietan jendeak irratia bere sentitu behar duela, eta, hori lortzeko, kulturgintzan dabilen jendea irratiaren parte bihurtzea aproposa litzatekeela. "Zerbitzua emateaz gain, identifikatzea zer kulturgile ditugun inguruan, haiekin eseri, eta ateak zabalik dituztela argi eta garbi utzi. Bultzatu behar dugu jendea parte hartzera: irratsaioak egin, kolaborazioak...".

Bereziartuaren ustez, sarea ondo egituratuz gero"erreferentzial" izatea lor daiteke, txikiak izan arren. "Arazo bat izan daiteke momentuko tendentzietan tematzea, modaren bidez jarraitzen baitugu askotan kulturgintza".

5. Etorkizuna

Iturbek ez daki irratiak zer etorkizun duen; ez daki baduen ere: "Baneki, ez nintzateke irratilari izango". Uste du behin maiteminduta nekez uzten zaiola maitatzeari: "Belarri bidez jasotzen dugunak askoz barruragoko bidea egiten du, begitik jasotzen dugunak baino". Begi onez ikusiko luke irratia zerbait eraikitzaile bihurtu balitz, "sermoi" izateari utzita. "Posible da. Betiko formulei ihes eginda, nahi erara lantzeko aukerak ematen ditu irratiak".

"Eskemak apurtzeko garaia da", Amondarainen ustez. "Ematen du besteek egindakoa kopiatu besterik ez dugula egin behar. Inertziak albo batera utzi beharko genituzke. Etorkizunera begira eskura ditugun tresna teknologikoak nola aprobetxatu aztertu beharko genuke, irrati txikiek elkar nola lagundu dezakegun ikusi".

Euskal Herri osoko hainbat irrati txiki harremanetan dira dagoeneko, eta, elkarlanerako pausoak ematen ari badira ere, aurrera begira aukera egingarri gisa ikusten du irratsaioak partekatzea; hau da, irrati batean egiten irratsaioa beste batean eman ahal izatea. "Irrati txikien sare aberatsa osa genezake".

Bereziartuak, berriz, pentsatzen du "oso ondo norantz jo ez dakien medio bat" dela irratia, orain arteko konbentzio sendoak zalantzan dituela. Aro digitalak ekarri duen "gaininformazioa" aipatu du, baita hedabideetan gertatzen ari den euskarrien nahasketa ere.

Esku zuriak ahoak isiltzeko

Coca-Cola marka ezagunaren azken iragarkia ez dugu berriz ere telebistako pantailan ikusiko. Gotzon Sanchez aktore euskaldunak parte hartzen du bertan, eta sekula esperoko ez genuen iskanbila ekarri du. Iragarkia estreinatu eta handik gutxira atera di...

Casares irratia, kultur mugimenduen erakusleiho

Hogeita hiru urte daramatza Casares irratiak dialean. Donostiako Altza auzoa du sorleku; Casares-Tomasene kultur etxea egoitza. Orain, webgune eta programazio berria dakarte 107,4 sintoniara, "kalitateari eta euskarari garrantzia berezia" emateko.Berr...