“Torturatu gintuztenen aurka egiteko arma bakarra dugu: egia”

Eli Nosellasek 17 urte zituen Guardia Zibilak Tolosan atxilotu zuenean. 1975. urteko urria zen, eta zortzi egun eta zortzi gau eman zituen kuartelean. Kolpeak eta irainak jaso zituen. Mendira eraman eta buruan tiro egingo ziotela ere mehatxatu zuten. Garai hartan, Jesus Muñecas zen Tolosako Guardia Zibileko kuarteleko burua. Frankismoko krimenen aurkako kereila aurkeztu eta Maria Servini epaile argentinarrak abiatutako auzian beste aurrerapauso bat emateko balioko du Nosellasen testigantzak.

Auzitegi Nazionalak Jesus Muñecas polizia ohia ez estraditatzea erabaki du. Nola hartu duzue erabakia?

Ez genuen gauza handirik espero. Aurreko astean jaso genuen ebazpena, eta guk dakigula, Maria Serviniren eskura ez da oraindik jakinarazpen ofiziala iritsi. Gure abokatuen esku geratuko da auzia. Hala ere, honekin aurrera jarraitu behar dugu; hasiera besterik ez da, eta ezin dugu etsi.

Harremanetan al zaudete Muñecasen eskutik pasatako herritarrak?

Hemen Euskal Herrian Goldatu elkartearen eskutik ari gara antolatzen pixkanaka. Tolosaldean asko dira Muñecasen garaian torturatutakoak. Helburua, orain, elkarrekin harremanak berreskuratu eta bilketa lana egitea da. Hala, kereila jarri ahal izango dugu, eta egin zigutena argitara atera.

Zergatik erabaki duzue orain gertatutakoa jakinaraztea?

Nire inguruko jende oso gutxik zekien zer gertatu zen, senitartekoek eta lagun gutxi batzuek. Guk duela 37 urte bizi izan genuena bigarren planoan geratu da, neurri handi batean, hurrengo urteetan salatzeko egoera bertsuak bizi izan ditugulako. Eta kalean segitu behar genuelako protestan. Gure herrian torturatu egiten da oraindik, eta gazte asko dauzkagu espetxean. Horregatik, hain justu, historia berriz ere errepika ez dadin beharrezkoa da gertatutakoa nola izan zen gogoratzea. Kontzientzia hori dugulako eman dugu aurrerapausoa.

Tolosan, kuarteleko buru zela, zer eragin zuen Muñecasek?

Kasu asko izan ziren hemen; jende asko pasatu zen haren atzaparretatik. Hemen astakeria izugarriak egin zituen. Muñecasen eskutik beste asko etorri ziren, eta guk haietako asko izenordez ezagutzen genituen: El Gitano, El Fofo, El Pelirrojo... Denetan okerrena da horietako askok denbora luzean hemen inguruan jarraitu zutela.

Gertatu zena gogoratzeak memoria ariketa egitea eskatzen du...

Bai. Eta kontuan hartu behar da klandestinitate garaiak genituela. Nire kasuan, zortzi egun haietan pasatu zena laino batean bezala gogoratzen dut. Anestesia batetik esnatzea bezala da. Gauza batzuekin ez zara akordatzen, akordatu nahi ez dituzulako. Baina zeure buruari gogor egin eta memoria ariketa hori egitea merezi duela pentsatu, eta aurrera egiten duzu.

Estatu mailan ere ari da lanketa hau egiten, ezta?

Prentsan oihartzun handia izan du kontu honek. Harrituta geratu naiz Euskal Herritik kanpora izan dudan tratuarekin. Nik uste baliagarria izaten ari dela kontraesan batzuk agerian geratu eta gure herriarekiko beste ikuspegi bat izateko.

Zein itxaropen duzue?

Espainiako Justizian batere ez. Zaila da, baina gure kontzientziak eta herri honetan gaur egun dugun egoerak aurrera egiteko eskatzen digu. Oraindik ere Espainiako Estatuak gertatutakoa tapatu eta ezkutatu egiten du. Kasu bakanak direla esango digute, preskribatuta daudela... Baina itxaropenik ez dugu galdu behar.

Jesus Muñecas ez dute Argentinara estraditatuko. Hala ere, ezertarako balio izan al dizue Auzitegi Nazionalean deklaratzen ikusteak?

Ez da kontsolamendu handia guretzat, baina behintzat guk ondo gogoan geneukan aurpegi hori argitara atera da, eta jendeak ikusi ahal izan du nor den Jesus Muñecas. Gainera, neurri batzuk ere hartu dituzte haren kontra. Pasaportea kendu diote, eta ezin da Espainiako Estatutik atera. Ez da asko, baina bada zer edo zer. Gauza txikiak dira, eta honi esker jendeak gertatu zena ezagutzeko aukera badu, irabazten ari garen seinale da. Hasiera da. Badakigu hauek babestuta daudela, baina torturatu gintuztenen aurka egiteko arma bakarra dugu: egia. Eta hori baliatu behar dugu krimen hauen aurka egiteko.

23.000

2016ko hiriburutza barneko jaialdi bateko musikariak. 2016ko maiatzean 23.000 musikari batuko dira Donostiako Anoeta estadioan. Kultur hiriburutzako egitarauan, Europa mailako musika jaialdia antolatu du Donostia 2016k Europako Musika Eskolekin elkarlanean.

“Oinetakoen kalitatean galera nabarmena izan da azken urteetan”

Mailua eta beharrezko tresnak eskuan hartu eta oinetakoak konpontzen eman du ia bizitza osoa Jesus Mari Martinez Txiki-k (Urretxu, 1963). 18 urte zituela hasi zen zapatari lanean, eta dagoeneko 33 urte daramatza ofizio horretan. 1981. urtean Urretxuko zapata konpontzaile bat erretiratzera zihoala eta, hari hartu zion erreleboa. "Hasieran, gauza gutxi nekien lanbide honen inguruan, baina, pixkanaka ikasten joan nintzen, eta gustatu egin zitzaidan ofizioa". Urteetako eskarmentuak mota guztietako oinetakoak konpontzeko aukera eman dio. "Gehienetan betiko konponketak egiten ditut: tapa berriak jarri, zolak aldatu...". Oraindik, ordea, joaten zaizkio inoiz egin ez dituen konponketak eskatzera: "Oinetako konpontzaile batek horrelakoetan erakutsi behar du bere trebezia eta artea".

Bere kabuz aritu zen hasieran, eta 1995. urtean lokal bat hartu zuen bere emazte Loli Arestizabalekin batera. Oinetakoak konpontzeaz gain, askotariko zapatak saltzen dituzte bertan. Oinetakoak konpontzen Martinez aritzen da; oinetakoak saltzen, berriz, Arestizabal. Gehien saltzen dituztenak egunerokoan ibiltzeko oinetakoak dira. Horiez gain, saltzen dituzte festetarako abarkak eta abarketak, etxeko zapatilak, mendiko botak eta katiuskak ere. Gainera, horiei lotutako hainbat osagarri ere badituzte: lokarriak, barne zolak, betunak, kolore guztietako tindagaiak...

Konponketei dagokienez, poltsak, gerrikoak, aterkiak, errematxeari dagozkion gauzak eta beste hainbat gauza ere konpontzen ditu Martinezek, baita larruzko berokietako kremailerak eta botetako kremailerak ere. Oinetakoen kasuan, zapatak josi, tapa berriak jarri, zola aldatu, oinetakoak tindatu… Ia-ia denetik egiten du. Eguraldi ona hasten denean edo beroa egiten hasten denean oina apur bat zabaltzen denez, ohikoa da bezeroek oinetakoen orkoiak konpontzeko eskatzea. Askotariko bezeroak igarotzen dira bikotearen dendatik, baina, azaldu dutenez, dendara batik bat emakumezkoak joaten dira.

Martinez jarduera horretan hasi zenetik, zapatak konpontzeko teknikak ez dira asko aldatu. Horretarako erremintak ere ez, baina bai erabiltzen dituzten produktuak. Kolak, betunak, barne zolak, larruak, plastikoak eta beste asko hobetu dira azken urteetan. Oinetakoak egiteko erabiltzen diren materialetan ere aldatu dira kontuak, baina txarrera: "Ofizio honetan hasi nintzenetik, oinetakoen kalitatean galera nabarmena izan da azken urteetan". Garai batean oinetakoak egiteko materiala orain baino hobea zela uste du Martinezek: "Kalitatearen galerak eragina dauka oinetakoetan; eskasagoak errazago apurtzen dira. Orain, segituan hausten dira oinetako gehienak, eta jendeak horiek konpondu nahi izaten ditu zakarretara bota beharrean". Zapatariaren esanetan, gaur egungo oinetakoak erabiltzen hasi eta egun gutxira pitzatzen hasten dira, edo zola altxatu egiten zaie gaizki itsatsia dagoelako. Oinetako konpontzailearen lanean eragin zuzena du oinetakoen kalitateak. Material onarekin egindako oinetakoak konpontzen dituenean, luzerako irauten dutela dio; aldiz, material eskasa duten oinetakoak konponduta ere, segituan apur daitezkeela.

Bezeroei, azalpenak argi

Bezeroek agindutako lanak "ahalik eta txukunen" egiten saiatzen da urretxuarra. Konpon daitezkeenak bai, behintzat. Zenbaitetan, ordea, bezeroek guztiz hondatuta dauden oinetakoak eramaten dizkiote. Konpontzerik merezi ez duela ikusiz gero, gauzak argi esatea gustatzen zaio: "Batzuetan, larrua erreta edo zolak erdi ustelduta edukitzen dituzte oinetakoek; horrelakoetan bezeroari aurrekontu bat egiten zaio, baina, hala ere, argi esaten diot agian ez duela merezi oinetako horiek konpontzea". Lan gehien neguan izaten du: "Eguraldi txarrarekin edo euriarekin gehiago hondatzen dira oinetakoak".

Oinetakoak erosterakoan kalitateari begiratzea gomendatzen du oinetako konpontzaileak. Horretaz gain, orpoa jartzeko zatia gogorra izatea, oin punta egonkorra izatea eta oinetakoaren estalkiari begiratzea ere garrantzitsua da haren ustez. "Gehiago balio dute, baina gehiago irauten dute".

Pepe Artola, XIX. mendeko saltseroa

Pepe Artola donostiarra (1864-1929) jaio zenetik 150 urte bete ziren urtarrilean. Idazlea izan zen. Antzerki obra batzuk idatzi zituen. Bertso asko ere bai. Horrez gain, aktorea ere bazen. Komediantea. Kantaria. Musikaria. Saltseroa, hitzaren zentzu onenean, saltsa askotan parte hartzen zuen pertsona baitzen. Donostian kultura ekintzarik antolatzen bazen, ez zen urruti ibiliko Artola. Haren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, Liburuaren Nazioarteko Egunean omenaldia egin zioten, lehengo astean.

Pepe Artola 150 urte. Donostiar xelebrea. Antzezlea, bertsolaria eta saltseroa deitu zuten ekitaldia. Artolaren testu batzuen irakurketa dramatizatua egin zuten Ramon Agirrek, Hasier Hernandezek, Jose Ignazio Ansorenak eta Eneko Olasagastik. Batez ere, "komediantearen alderdia" erakutsi zuten ikuskizunean.Olasagastiren esanetan, beste askoren artean hori baitzen donostiarraren alderdi "nabarmenetakoa". Antonio Zabalak Auspoa bilduman argitaratutako Ustez laguna detan ta beste bertso asko liburuko biografiaren zati batzuk irakurri zituzten lehenik, Artola nolako gizona zen erakusteko. Haren bi bakarrizketa antzeztu zituzten gero.

Olasagastiren arabera, Artolaren omenezko ekitaldiak bi helburu nagusi zituen. Batetik, artistaren irudia eta lana jendeari ezagutaraztea. Eta, bestetik, "uste oker" batzuk zuzentzea: "Askotan uste dugu mundua gurekin jaio dela eta tabernetan bakarrizketak egitea gaur goizeko kontua dela". Bada, erakutsi nahi izan dute XIX.mendean dagoeneko egiten zituztela bakarrizketak euskaraz, Donostiako kafetegietan.

Garai hartako kronikek kontatzen dutenez, Artolaren ikuskizunek ospe handia izaten zuten. Donostiarrak zain egoten ziren artistak bakarrizketa bat noiz egin. Gutxi behar izaten zuen guztiak barrezka jartzeko. Hari bati heldu, eta inprobisatu egiten zuen Artolak. Olasagastiren ustez, horrek erakusten du haren komediante sena: "Komediante batek ez du testu askorik behar".

Ofizio askotako pertsona

Lanbidez etxe apaintzailea izan arren, gazte-gazterik hasi zen idazten. Bertsoak, antzerki obrak eta ipuinak idatzi zituen,bereziki. Zortzi antzerki obra argitaratu zituen: Legorreko arrantzalia (1898), Bixente (1901), Praishku (1902), Sabiroya (1903), Pello Kirten (1906), Joxepa eta Bittori (1909), Mocha erriyan (1923) eta Mari Iñaxi nerea (1921). Haren bertsoak, berriz, Auspoa bilduman argitaratuta daude, bi liburutan: Ustez laguna detan eta beste bertso asko (1961) eta Ustez laguna detan (2006). Idazle eta aktore izateaz gain, Donostiako Orfeoieko kide izan zen Artola, eta leku askotan kantatu zuen: Bilbon, Bartzelonan, Okzitaniako Tolosan… Musika jotzeko ere esku ona zuen donostiarrak. Donostiako Bandan kontrabaxua jotzen zuen. Antonio Zabalak haren biografian kontatzen duen honek laburbiltzen du Artolaren izaera: "Galdetzen zioten: 'Zer moduz Pepe?' Ta berak erantzuna: 'Beti con trabajo'".

Lehen lortua berreskuratu nahi du Hernaniko LABek

Maiatzaren 1ean Hernanin egitekoa zen manifestazioa iragartzeko agerraldian, borrokaren bidez lehen lortutako eskubideak berreskuratu behar direla adierazi zuten Hernaniko LABeko kideek. Euren ustez, "krisia iruzur handi bat da, aberatsak aberatsago e...

Anfibioak eta narrastiak, azalera

Lezoko anfibio eta narrastien populazioaren kontserbazio egoera hobetu nahi dute, eta, horretarako, horien babeserako proiektu bat jarri berri dute martxan Lezoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Izan ere, anfibio eta narrastien —herpeto espezieen— laurdenak mehatxu egoera larrian daudela jakinarazi dute: "Mundu mailan ornodun talde mehatxatuena da hori". Horien artean Schreiber muskerra dago, Lezon aurki daitekeena.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espezie mehatxatuen zerrendan interes bereziko espezie gisa katalogatua dago Schreiber muskerra, eta hori dela-eta jarriko diote arreta berezia espezie horri. Lezon espezie horrentzat habitat egokiak izan badirela esan dute, baina haren populazioaren gaineko informazioa oso murritza eta zaharkitua gelditu da, eta horregatik hainbat laginketa egingo dituzte Jaizkibelgo hegoaldeko magalean.

Proiektua abiatu aurretik, Aranzadiko herpetologoek —anfibio eta narrastien gainean lan egiten duen zoologiaren arloa da herpetologia— udalerriko hainbat putzutan laginketak egin berri dituztela jakinarazi du udalak. Udalerriko anfibio eta narrastien inbentarioa egin, eta bertako populazioaren egoera ezagutzea izango da horren helburua.

Hori eginda, 2014-2015 urteetan gauzatuko da proiektua, eta bi lan ildo nagusi izango dituela zehaztu du udalak: anfibioentzako putzu bat egingo dute, batetik, eta ikerketa lanak egingo dituzte, bestetik. Olatzar erreka bazterrean egingo dute putzua, Lezoko Baratza Parkearen ondoan, eta, bide batez, degradatua dagoen eremua berreskuratuko da: "Txabola bat eta hondakinak daude egun eremu horretan. Putzua eginda, eremua garbitu eta erreka bazterrean ibaiertzeko landareria landatuko da". Egitasmoak 14.859,54 euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailetik.

Ikerketa lanaren bidez, Lezoko inbentario herpetologikoa osatuko dute, hau da, anfibio eta narrastien inbentarioa. Eta, horretarako, gaur egun Lezon dauden putzuak aztertuko dituzte, eta putzu gehiago sortzeko eremu aproposak identifikatuko dituzte.

Udalerriko hainbat putzutan Aranzadiko herpetologoak hasiak dira laginketak egiten. Herri lurretan kokatutako putzuetara jo dute adituek, Jaizkibel eta haztegietako urmaeletara kasurako, baita terreno partikularretara ere.

Ingurumena hobetzen

Lezoko Udalak 2010. urtean Jaizkibelen putzu txiki bat egokitu zuen, eta, 2009. urteaz geroztik, erreken eta ibaiertzeko basoen kalitatea hobetzeko hainbat egitasmo egin ditu: "Martxan jarri berri dugun proiektu hau ez da, beraz, bizidun urtarren mesedetan gauzatzen dugun lehen ekintza".

Lezoko Udalak garbi du egindako lan horrek guztiak zabalkundea behar duela; dibulgazio lana egin behar duela anfibio eta narrastien egoeraren, ezaugarrien eta beharren gainean informazioa emateko, batetik; eta, egiten ari diren lanaren berri emateko, bestetik. Hortaz, hainbat jarduera eta ekintza antolatuko dituzte datozen hilabeteetara begira.

Informazioa zabaltzea

Lezoko Udalaren webgunean (www.lezo.net) egindako guztiaren berri emango dute, atal berezi batean. Gainera, egingo duten putzu berrira bisita gidatuak antolatzeko asmoa du udalak, bai Lezoko Baratza Parkeko erabiltzaileekin bai ikastetxeekin.

Horrez gain, putzuan bertan informazio panel bat egokituko dute, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek hitzaldiak emango dituzte guztiaren berri emateko.

Azterketak aztertzen

Aste Santuan telebistan ikusi ditut prozesioetako irudi batzuk; zer gertatu da aurtengoan?, hiruzpalau Ama Birjina erortzen ikusi ditut gizon kuadrilla sendo batek pausoz pauso garraiatutako aldare astunaren gainetik. Danba! Ama Birjina bat muturrez aurrera; eta danba! Hurrena bestea ere lurrera. Elizako santuen artean bake-bakean utzi besterik ez eta 1.500 kiloko andrea pasioan ateratzearekin tematzen dira urtero; ez dut sekula ulertuko.

Baina gertaera horiek pentsarazi egin didate, aizu; espainiar estatuan Ama Birjinek lehenago botatzen dute euren burua, politikari aldrebesek baino. Kolore guztietako adibideak darabilzkit buruan saltsan, baina ezin denak azaldu; eta, gaurkoan, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esandako hitzekin dantzatuko ditut hatzak ordenagailuko teklen gainean. Aurtengoan, unibertsitateko ikasle bekadunentzat 300 euro gutxiago izango dira dirudienez. Hezkuntza Ministeriokoak unibertsitate ikasketak ordaintzeko prest omen daude, baina ez "gazteei ikasteagatik ordaintzeko".

Diru laguntza horiek lortu ahal izateko betebeharrak ere zorrotzagoak dira orain: Werten esanetan, 6,5 baino nota baxuagoa ateratzen duen ikasleak unibertsitate ikasketak uzteko aukera aztertu beharko luke. Primeran, Wert, baina orduan erabil ezazu zuk ere ekuazio berbera: espainiar estatuaren %80k gorrotatzen zaituenean, ez al da ministro izateari uzteko garaia? Unibertsitatean ikasteko 6,5etik gorako notak eskatzen dituzte, eta Hezkuntza ministroa izateko hiru neurona —horietatik bat tontoa eta bestea motela— izatearekin nahikoa da. Ulertzen duenak azalduko al dit, arren?

Maiatzean sartu berriak gara, eta unibertsitateko ikasle asko buru-belarri arituko zarete liburu, apunte, kafe eta koloretako errotulagailuen artean. Atzo goizeko kontua balitz bezala gogoratzen ditut garai haiek oraindik. Badator azken ebaluazioa, ekin gogor, eta eman egurra bidean oztopoak jartzen dizkizueten agintari ezjakinei. Eta 6,5era iristen ez den ikasle horri ere esango nioke Hezkuntza ministroak baino jakituria handiagoa duela, bai unibertsitatean eta baita larunbateko mozkorraldirik handienaren ondorengo ajean ere. Ezjakinez betetako herria nahi dute, inor kontura ez dadin egunero sorrarazten duten sarraski isilaz. Lotsa zer den jakingo balute... baina horretara ere ez dira iristen.

Kaleko dantzak, barruan

DantzaArrasateBreakdance-a, hip hop musika, ikus-entzunezkoak... Hori eta gehiago biltzen du Divenire ikuskizunak. Bihar, 19:30etik aurrera, Arrasaten izango da ikusgai, Amaia antzokian. Klonk eta Papiro...flexia aurreko lanen ondoren, Divenire ere el...

Lanik gabe dauden gipuzkoarrak.

Eustatek hilaren 16an kaleratutako datuen arabera, Gipuzkoan 44.700 lagun daude lanik gabe. Langabezia tasa %13,1 da. Datu horiei arabera, Araban eta Bizkaian handiagoa da langabezia tasa Gipuzkoan baino: %16,7.