Hautsak harrotu ditu Irungo III. Berdintasun Planaren harira gertatutakoak. Plana diseinatzeko parte hartze prozesu bat gidatu du Elhuyarrek, eta hori amaituta, Irungo gobernu taldeak jai parekideen atala ezabatu duela salatu dute Irungo Bilgune Feministak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta dozenaka berdintasun teknikarik. EH Bilduk eta Ezker Batua Berdeak ere gobernu taldearen jokaera salatu dute.
Aurreko ikasturtean egin zuten parte hartze prozesua, eta bertatik ateratako ondorio eta irizpideekin 14 puntuko plana osatu zuen Elhuyarrek. Ordea, udalak kontratatu zuen enpresak egindako plana eta emakume taldeetako kideek jasotakoa ez zen berdina izan, puntu bat falta zelako bertan, jai parekideena.
Haserre azaldu da Bilgune Feministako kide Oihana Llorente. Dioenez, parte hartze prozesu bat abiatu zuen udalak, enpresa bat kontratatu zuen, eta diru inbertsioa egin, ondorioak kontuan ez izateko: "Diru publikoa bideratu du udalak prozesua egiteko. Emaitzak gustatu ez zaizkiolako, herriari hitza kendu eta plana moztu eta zentsuratu egin du ondoren. Larriena udalaren jokabidea izan da. Dirua xahutu eta herritarren denbora eta ekarpenei ez die kasurik egin. Gezurra esatea izugarri larria da".
Horrekin batera, udalak "zentsuratu" duena alardearen gaia izatea "oso larritzat" jo du; argi du "okerrena" udalak horretarako erabili dituen moduak izan direla.
Hainbat agerraldi eta kritiken ostean, Irungo Udalak prentsa oharra helarazi zuen komunikabideetara. Jose Antonio Santano alkateak zioen alardearena ez dela berdintasun gaia, gizarte gaia baizik. Esan zuen udalak plan horretan "lehen aldiz" alardearen gaia lantzen duela eta bertan agertzen den testua alardeaz hitz egin zen udalbatzar batean onartu zen mozioa dela: "Mozioaren testuaren arabera egin zen III. Berdintasun Planean alardeari erreferentzia egiten dion epigrafea".
Udalaren arabera, alardekoa "gizarte arazoa" da, ez da berdintasunekoa. "Jai ekintza bat bizitzeko eta ulertzeko bi modu daude; bietako bat ere ez da baztertzailea. Planean alardeari buruzko erreferentzia hori bozeramaileen batzordeak gehiengo zabalez onartu zuen".
Baina, Bilgune Feministako kidearen hitzetan, udala gezurretan ari da: "Guri helarazitako berdintasun planean aipatu ere ez zen egiten alardearen gaia. Kontua da berdintasun planak Emakundera bidali behar direla hark oniritzia emateko. Emakundek bazekien gertatutakoa Elhuyarrek esan ziolako, eta horrenbestez, Irungo Udalari jarrera bat hartzeko eskatu zion". Horregatik udalak bozeramaileen batzarra deitu zuela gaineratu du Llorentek, alardearen gaineko testua gehitu ondoren eta ez aurretik, udalak esan duen bezala. "Emakundek postura bat hartzera behartu zuelako sartu zuten gero alardearen gaia".
Euskadiko Gazte Sozialisteei erreparatzeko eskatu dio Llorentek Santanori. Izan ere, Irungo alarde parekideari eman berri dio Berdintasun Saria gazte erakunde horrek —joan den larunbatean—: "Guk ez dugu askorik esango, baina haien gazteek alarde parekideari eman diote saria. Galdetu beharko dute, beraz, PSE-EEko oinarrietan berdintasun gaia den alardea edo ez".
Zilegitasuna, ezbaian
Irungo Udaletik "edozer espero daitekeela" dio Llorentek, eta argi du berdintasun plana bere horretan mantentzen bada, "zentsuratuta", duen balioa kentzen zaiola. Uste du, halaber, alkatea adituen gainetik jarri izana ez dela onargarria: "Plana egiteko adituak kontratatu, horiek agiria egin eta alkateak gustuko ez zuena kendu du. Hirigintzan arkitekto batek habea modu batera jarri behar dela esan eta alkateak beste modura jarri behar dela esatea bezalakoa da, azkenean".
Elhuyarrek egindako agiria udalak bere horretan onartzen ez badu, Bilgune Feministak ez dio berdintasun planari zilegitasunik emango, eta gaiaren gainean urratsak egitera deitu du udala. "Hemezortzi urte pasatu dira, eta herritarrek egin dituzte urratsak normalizaziorako bidean. Udalak, berriz, ez du gaiaz hitz egiteko ausardiarik ere".
Bilgune Feminista "gustura" eseriko litzateke bide orri baten gainean hitz egitera, "gaia nola bideratzen den hausnartu eta dauden bi sentsibilitateak nola uztartu aztertzera, emakumeen eskubideak errespetatzen direla bermatuta". Horretan energia eta gogoa jartzeko asmoa du bilguneak, baina aukerarik ez dagoela salatu du. Gainera, Irungo EAJ eta PPrekin berdintasun planaren gainean hitz egiteko hitzorduak eginak dituzte datozen asteetarako: "Gure helburua gure hitzekin eta zuzenean gure kexa azaltzea da bi alderdi horiei. Esango diegu udalak ezin duela ez berdintasun plana, ezta parte hartze prozesua egin duen parametroetan egin, onartezina delako. Bigarrenik, noski, alardearen gaiak berdintasun planaren barruan kokatuta egon behar duela esango diegu, eta landu egin behar dela, urratsak egin normaltasun batera iristeko".