Begi orok irakurtzeko hitzak

Irakurtzea, plazera izateaz gain, eskubidea ere bada, eta zenbait herritarri eskubide hori ukatzen zaie, ez dagoelako haientzako formatu eskuragarririk". Halaxe uste du Blanca Matak, Irakurketa Erraza erakundeko arduradunak. "Kasualitatez" izan zuen irakurketa errazaren berri, eta informazioa bilatzen hasi zen: "Istorioa gustatu zitzaidan, eta Kataluniako Irakurketa Errazaren Elkartearekin [ALF] kontaktuan jarri nintzen; formazioa egin nuen, eta ohartu nintzen hemen zegoen hutsunea handia zela eta horri buelta emateko lanean hasi behar nuela". Hala sortu zuen Irakurketa Erraza, duela urte eta erdi.

Gizartearen ia herenak ditu irakurmen edo ulermen zailtasunak. Horien artean sartzen dira etorkinak, ikasteko arazoak dituztenak, buru ezgaitasunak dituztenak, lehen hezkuntzako haurrak, heziketa berezikoak, autistak, adinekoak, afasikoak, jaiotzez gorrak direnak edo gazterik gorrak geratutakoak eta beste hainbat. Horiei guztiei erraztasunak emateko mekanismoa da irakurketa erraza, eta erabili beharreko hizkuntzan, edukian eta forman eragiten du: "Letra tipo eta tarte handiagoak eta esaldi motzak dira irakurketa errazeko testuen ezaugarri nagusiak. Ulermena zaildu dezakeen guztia saihestean datza".

Hedapen handiena Bizkaian du, baina Gipuzkoan ere ari da poliki-poliki sustraitzen. Donostiako liburutegi sareak badu irakurketa errazaren berri, eta liburutegi gehienetan dago irakurketa errazeko liburuen katalogo osoa eskuragarri. Bestetik, zenbait liburuzain gipuzkoarrek ere jaso dute formazioa jada. "Elgoibarko liburuzainari, esaterako, gustatu zitzaion gaia, eta astero joaten da eguneko zentrora".

Maria Eugenia Gonzalez da Elgoibarko Gotzon Garate udal liburutegiko liburuzaina, eta astelehenero, 11:00etatik 12:00etara, dinamizatzen du irakurketa errazeko saioa eguneko zentroan. Bertako langile Nerea Urizarrek laguntzen dio. Hamar bat adineko esertzen dira Gonzalezen bueltan irakurketaz gozatzera. Normalean, berak ekiten die saioei, eta txandaka liburua eskutik eskura igarotzen da, animatzen diren adinekoek ere ahots altuan irakur dezaten. Jules Vernek idatzi eta Lluis Quintanak irakurketa errazera moldatutako Miguel Strogoff irakurtzeari ekin zioten astelehenean —gazteleraz izan ohi dira saioak, liburuak ere hizkuntza horretan baitaude—. Adinekoek adi jarraitzen diote irakurketari; irakurriak eragindako sentipenak ahoz gora botaz.

Irail inguruan sortu zuten taldea Elgoibarko eguneko zentroan, eta pozik daude, "asko" gustatzen zaiela diote irakurleek. Urizarren hitzetan, gainera, hasi zirenetik hazi egin da taldea: "Errazen ulertuko zutela uste genuenei eman genien aukera, baina pixkanaka gehiago animatu dira". Gonzalezek irribarre egiten du saioak nola joaten diren galdetzean: "Ondo pasatzen dugu; istorio guztietan egoten dira maitasun kontuak, eta asko gustatzen zaizkie". Irakurtzen ari diren gaiaren arabera, gainera, bakoitzak bere bizipenekin egiten dio ekarpena irakurketari: "La vuelta al mundo en 80 días [Munduari bira 80 egunean] irakurri genuenean, esaterako, bakoitza bere ezkon bidaia kontatzen aritu ginen".

Erreferentzia gunea

Irakurketa Erraza sortu zenetik hona izandako bilakaerarekin pozik dago Mata: "Duela urte eta erdi kontzeptua ezagutu ere ez zen egiten, eta orain, liburutegiak publiko zabalagoari ireki eta irakurketa ohikoa ez den eremuetara hedatu da". Liburutegietako hutsuneari eman zaio buelta pixkanaka. Liburuzain askok jaso dute formazioa, eta hainbat kolektiborekin hitzarmenak ere badituzte, euren sektoreetan irakurketa erraza susta dezaten.

Liburutegiez eta formatutako liburuzainez gain, badaude Irakurketa Errazarekin kolaborazio hitzarmenak sinatu dituzten edo elkarlanean ekintzak egin dituzten elkarte eta erakundeak ere. "Matia fundazioko profesionalek, adibidez, jaso zuten formazioa, eta uste dut badutela asmoa euren guneetan irakurketa erraza sustatzeko. Atzegiren kasuan, berriz, duela pare bat hilabete sortu zuten irakurketa errazeko kluba", azaldu du Matak. "Gipuzkoan egiteko lan asko dago oraindik, baina hori bera akuilagarria da". Nabarmendu duenez, "martxan jartzen diren irakurketa errazeko taldeak ez dira hiltzen", eta ohikoagoa da katalogo osoa irakurri eta zer irakurririk gabe geratzea.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunearekin kontaktuan dago Irakurketa Erraza, "Bilbon Alondegiak bete duen funtzio bera bete dezan", sustatzaile lana egiteko, alegia: "Herritar guztiei ezagutarazi behar zaie gaia, baina, bereziki, kaltetuak diren sektore horiek izan behar dute egitasmoaren berri. Funtzio hori eremu bakoitzeko liburutegiak bete dezake, eta irakurmen edo ulermen arazoak dituzten inguruko herritarrengana hel daiteke. Kontua da Gipuzkoan oraindik ez dagoela halako erreferentzia duen liburutegirik".

Urte eta erdian Irakurketa Errazak izandako bilakaerak Mata asko pozten badu ere, oraindik gainditzeko desafioa badu, ez baitago irakurketa errazeko euskarazko libururik: "Jendeari asko gustatzen zitzaion iniziatiba, baina euskarazko liburuak nahi ditu. Euskara ikasten ari diren heldu askoren kexa ere bada duten mailarekin ezin dutela euskaraz irakurri, eta uste dut irakurketa errazeko liburuek hutsune horiek beteko dituztela". Apirilaren amaieran argitaratuko dira lehen laurak, eta horren atzetik mugimendua sortzea espero du: "Espero dut atzetik liburu gehiago etorriko direla eta euskarazko irakurketa errazeko klubak ere sortuko direla".

Iparra-Hegoa, loretik fruitura

Datorren astean, bete-betean sartuko dira Iparra-Hegoa aste kulturalean, Seguran. Euskal herrien ohituren, kulturen eta hizkuntzen topaleku bilakatuko da astebetez. Iparra eta hegoa bereizten dituzten mugak gainditu eta euskaldunak gerturatzeko sortut...

Atzegin ere, irakurketa erraza egiten dute astean behin

Atzegik, Gipuzkoako adimen urritasuna dutenen aldeko elkarteak, urtarrilaren 13tik martxan du irakurketa errazaren kluba. Hamar lagunek parte hartzen dute, eta astean behin elkartzen dira irakurtzeko. Atzegiko boluntario batek koordinatzen du taldea, ...

Arrasate, birziklatzearen alde ontziratu den azkena

Arrasate izan da azkena, baina haren aurretik Gipuzkoako beste 28 herri daude. Arrandegi eta harategietan sortzen diren paper eta plastikozko hondakinak murrizteko asmoz, Ontziratu zaitez kanpainarekin bat egin dute aipatutako herri horiek. Erosketak egitean plastikozko ontzi berrerabilgarriak erabiltzea bultzatu nahi dute.

Astelehenetik aurrera jarriko dute martxan egitasmoa Arrasaten, udalaren eta Kutxa Ekogunearen eskutik. Herriko hamalau saltokik bat egin dute proposamenarekin, eta herritarren artean plastikozko 3.000 ontzi banatuko dituzte —gaur eta bihar, Seber Altube plazan—. Bakoitzak 0,5 euroko prezioa izango du; hala ere, ontzirik erosi nahi ez dutenek aukera dute etxean dituztenak erabiliz kanpainarekin bat egiteko. Beste hainbat herritan bezala, sei hilabete iraungo du kanpainak, eta, hilean behin, 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo dute erabiltzaileen artean.

Hernani izan zen egitasmora batzen lehena, 2011n. Geroztik, herriak eta dendak batzen joan dira, eskualde ugaritan: Donostia, Villabona, Usurbil, Deba, Pasaia, Elgeta... Dagoeneko 250 arrandegi eta harategi baino gehiago dira. Amaia Otazo Ekoguneko ordezkariak aste honetan azaldu duenez, "50.000 familiek erabiltzen dute ontzia beren erosketetan". Haren arabera, hondakinak murrizteaz gain, "erosotasuna" dakar ontzi berrerabilgarriak erabiltzeak. Gainera, saltzaileentzako gastua murriztu egiten dela dio, modu horretan ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar.

ALARDEAREN GATAZKA, PLANETIK AT

Aldundiak, kolektibo feministak eta berdintasun teknikariek desadostasuna agertu diote Irungo Udalari, III. Berdintasun Planean "aldebakarreko erabakiz" planetik kanpo utzi dituelako alardeen gatazkan eskubideak errespetatzeko konponbidea bilatzeko ja...

“Gipuzkoako udalen egitura berezia eta konplexua da”

EHUn Enpresa ikasketak egin eta gero, gradu bukaerako lana Gipuzkoako udaletxeak krisialdian gaia hartuta egin du Imanol Ormazabalek (Donostia, 1991). Hamabi udal oinarri hartuta osatu du lana: Altzaga, Pasaia, Elgeta, Ataun, Villabona, Hernani, Zumai...

Ehun helburu jomugan

Ehun. Alegia inguruko zazpi herritan ehun Atarikide berri lortzeko erronka jarri dio bere buruari Tolosaldeko Ataria-k: Abaltzisketan, Alegian, Altzon, Amezketan, Baliarrainen, Ikaztegietan eta Orendainen. Mila baietz!, zatoz euskararen Atariara lelopean, urte hasieran Tolosako Leidor aretoa bete zuen bertso jaialdiarekin abiaturiko kanpainaren bigarren egitasmoa izango da Alegia aldekoa.

Ehun atarikide berrirekin, astero, Atarikide guztiek ostiraleroko aldizkaria etxean bertan jasotzea ziurtatuko litzateke Alegia aldean. Izan ere, gaur egun okinaren bitartez egiten da banaketa, eta, beraz, ogia erosi ezean, ezin da herritar guztiengana iritsiko dela ziurtatu. Horretaz gainera, egunero-egunero Ataria irratia (107.6 FM), Ataria.info webgunea eta Ataria-ren bestelako argitalpenak egiteko behar-beharrezkoa den diru kopuruaren parte handi bati aurre egiteko modua izango litzateke horrela.

Kanpaina horren harira, herri aurkezpenak egiten ari dira herriz herri —bart Amezketako kultur etxean egin zuten—, eta, bestetik, Tolosaldeko Ataria ahalik eta herritar gehienei helarazteko eta egunero egiten den lana ezagutarazteko, maiatzaren 16a arte, ostiraleroko astekaria Alegia inguruko etxe guztietara banatuko da, doan.

Zazpi udalerrien laguntza bereziari esker, herritar guztiei egunero egiten den lanaren berri ematea da helburua. Eta behin asmo hori erdietsita, aurrera begira jarraitzeko beharrezko sostengu ekonomikoa lortzea izan behar luke ondorioa. Hots, Alegia aldean ehun Atarikide berri lortzea.

Irratia herriz herri

Azken konponketa teknikoek emaitza onak eman dituzte, eta, egun, ia Tolosaldeko eskualde osoan ondo entzun daiteke Ataria irratia 107,6 FM-an. Hori ezagutarazteko eta herritarrek irratian zuzenean parte har dezaten ahalbidetzeko, Ataria irratia Alegia aldeko zazpi herritan izango da kanpainak irauten duen bitartean. Ostiralero, zazpi herri horietako batetik egingo da saioa, txandaka.

Joan den astean egin zen lehen irratsaioa Alegiako plazatik bertatik, eta gaur Altzoko udaletxetik egingo da Ataria irratia. Besteak beste, herriko ikastetxeko haurrak, Miren Balerdi alkatea eta beste hainbat herritar igaroko dira Atariaren mikrofonoetatik.

Tolosaldeko Ataria errealitate da joan den urritik. Txolarre irratiak, Tolosaldeko Hitza-k eta Galtzaundi euskara taldeak indarrak batuta sortu den proiektua da. Urte askotako lanaren emaitza izan da Ataria.

Elkarlanaren fruitu

Komunikabide talde bakoitzak bere eremua definitua eta irabazia zuen. Asko lortu zuten eskualdean euskarazko hedabideek, baina, ere berean, argi zegoen bakoitzak berea eginda aurrera begira baino gehiago bereari eusten ari zela. Etorkizunean erreferentzialak izateko urrats sendoak egin behar ziren aurrera, arriskatu egin behar zen, indarrak batu eta elkarlanean arituz.

Ezaguna da, bereziki azken hamarkadan, eta mundu osoan, komunikazioaren sektoreak izan duen etengabeko eraldaketa. Izan ere, Interneten eta teknologia berrien erabilera orokortu izana eragin zuzena izaten ari da hedabideen ohiko negozio ereduan, eta horrek krisi sakona ekarri du tokiko komunikabideen esparrura.

Baina, krisiak krisi, Tolosaldeak behar du euskal hedabideen sare indartsu bat, erreferentziala. Euskararen normalizazioak behar-beharrezkoa du. Eta hori lortzeko ahaleginean abiatu berri da Tolosaldeko Ataria proiektua.

“Haurrak beraien heziketaren parte izan behar dira”

Etxeko giroan eta modu naturalean sortutako proiektua da Kimutx, hazi batetik zuhaitz handi bat bihurtu dena. Nora Barroso (Errenteria, 1978) etxeko giro horretan zegoen, eta sortutakoa herriari itzultzen dihardu.

Kimutxek dagoeneko badu ibilbidetxo bat. Zer moduz joan da?

Kimutx auzolanean garatutako proiektu bat da. Euskal Herri osoko 40 pertsonek hartu dugu parte: Errenteria, Urepele, Oiartzun, Urruña, Gasteiz, Bilbo, Lesakakoek... Sorkuntzan du arnasa, bere taupada haurren begirunea da, eta bihotzean ditu ipuinak, kantuak, doinuak, jolasa, koloreak... Horrek guztiak bizia hartu du, eta elementu desberdinak sortu dira.

Gaiak mimoz landu ditugu, hainbat pertsonaren artean, eta gure artean ere harremana egon da. Adibidez, bertsolari batek aipatzen zuen kanta baten letran: "Aita eta ama ondoan gaituzu". Bertsoa oso polita iruditzen zitzaigun, baina haur batzuek bi ama dituzte, bi aita, edo ez dute aita edo amarik. Bertsolariari proposatu genion aita eta ama erabili beharrean "maite zaituztenak" erabiltzea. Musikalki ere oso landuta dago.

Nola sortu zen proiektua?

Etxeko giroan hasitako proiektua da. Errenteriako bi amek zerbait eman nahi zieten beren alabei, eta kanta batzuk sortu nahi zituzten, euren sentsibilitatea transmititu nahian. Egunerokotasunean ematen ziren ekintzak musikaren bidez egin nahi zituzten: bazkaldu, jostailuak jaso, bainuaren ordua... Kontua hor hasi zen, baina ingurukoekin hitz egin, eta ekarpenak egiten hasi ziren. Etxean sortu zen hori etxetik ateratzen hasi zen. Poza hartu genuen.

Proiektua herritik sortu dela diozue, eta herriari eman nahi diozuela.

Etxeko giroan sortu zen, eta herri giroan hazi da. Ikusi genuenean kaleratzeko edo hobe esanda partekatzeko moduko material bat zegoela, beste gauza batzuetan hasi ginen pentsatzen, ilustrazioetan, esaterako. Hala, Eider Eibar artistarekin jarri ginen harremanetan, eta berak egin zizkigun ilustrazioak.

Horregatik, herriari bueltatzen diogu liburu eta disko moduan, baita webgunearen bidez ere. Dena doan jaitsi daiteke, eta edonork fotokopia dezake. Kaleratutako materialak kostua du, eta hori 18 euroan saltzen dugu. Bertan ipuinak, kantak... aurki daitezke; letrarik gabeko kantak ere badaude, beste hizkuntzetan edo nahi den bezala abesteko.

Haurrek nolako erantzuna izan dute?

Materiala ez da bakarrik haurrentzat, beraien inguruan mugitzen diren pertsonentzat da. Alde batetik, beraiek bakarrik erabil dezakete materiala: irakurtzen baldin badakite, edo kantak entzuten, margotzen dutenean... Txotxongilo txiki batzuk ere badaude mozgarrien bitartez, eta beraiek istorioak ere asma ditzakete. Bestetik, hori guztia euren ingurukoekin parteka dezakete. Familian goxatu daitekeen materiala da. Musika eskoletan ere erabil daiteke, partiturak ere badaudelako, eskoletan...

Sorreran zuen alabei balio batzuk transmititu nahi zenizkieten. Lortu al duzue?

Bai, gainera prozesu guztia bizitu dute. Ikuskizunean parte hartzen dute, kantatu egiten dute; nahi baldin badute, bestela ez. Baina gertatzen dena da nahi dutela. Azken batean, Kimutx etxean duten pertsonaia bat da.

Euskal mitologiakoak dira pertsonaiak. Zergatik?

Hemen ez dago ezer neurtuta, sortu dena sortu da belarra sortu den moduan, sortu behar delako, hor, toki horretan. Momentu batean pertsona batek aipatu zigun ipuinak sortzeko grina zuela, eta euskal mitologiara jo zuen. Lanketa bat egin zuen euskal mitologiaren inguruan. Pertsonaiak haurrak dira, Kataxulon biltzen dira, eta han, Amalurrekin biltzen dira zazpi pertsonaia horiek. Asteko egun bakoitzean beraien inguruko istoriotxoa kontatzen dute. Haurrak dira beraien istorioa kontatzen dutenak, eta guk ere hori sentitzen dugu, haurrak beraien heziketaren parte bat izan behar dira, haurrei ahotsa eman behar zaie, eta aldarrikapen hori badago hemen.

Ez da ezer aurrez pentsatuta egin, sortzen joan da zerbait. Beste norbaitek parte hartuko balu proiektuan, beste forma bat izango zuen, baina konbentzituta nago hau sortu behar zela, modu naturalean.

Aurrera begira, baduzue proiekturik esku artean?

Gauza desberdinak daude. Alde batetik, sortu dugun materiala dago, eta gure helburua hori transmititzea da; emanaldien bitartez Kimutx bizirik mantentzen dugu. Hemendik gutxira zerbait aterako da, baina oraindik ezin da kontatu, oso-oso proiektu polita da, gehigarria dena. Oso emozionatuta gaude. Nik nire gauzak baditut buruan, nire grinak, baina ez dakit hori aterako den. Kontua da konpartitzea, ea zer atera daitekeen eta ze tempo ditugun; azkenean bakoitzak familia dugu, beste lan batzuk ditugu... Orain, zer? Hemendik hilabete batzuetara aterako den proiektua badago hor, oso polita, eta gero joango dira gauzak sortzen.