Harrera saioak antolatu dituzte Tolosaldean bizi diren atzerritarrentzat

Osasun arazoren baten aurrean nora jo, lana non bilatu edo beharrezko dokumentazioa nola eskuratu. Bizitokiz aldatu eta leku ezezagun batera heltzean, hamaika galdera izan ditzakete herritarrek. Horiei erantzuna ematen laguntzeko, Ongi etorri harrera programa jarri dute martxan Tolosaldean, bizilekua eskualdean finkatu berri duten atzerritarrei begira. Aste honetan egin dute lehen saioa, Zizurkilgo kultur etxean.

Kristina Morales Tolosaldea Garatzen agentziako Migrazio eta Aniztasun teknikaria izaten dute gidari, eta, bi orduko tartean, egunerokorako funtsezkoak diren hainbat gairi buruzko argibideak eman dizkie: "Herritarren segurtasunarekin zerikusia duen edozein arazo izanez gero, deitu 112 zenbakira". Eta honako hau ere bai: "Lana bilatzeko, Lanbiden izena ematea gomendatzen dizuet".

Oinarrizko azalpenak dira, baina iritsi berria denarentzat aparteko balioa dute: "Udaltzaingoa eta Ertzaintza ditugu, eta Espainiako Polizia ere bai. Azken horrek du eskubidea gu atxilotzeko araugabeko egoeran bagaude". Atxiloketa baten edo antzeko egoera baten aurrean, herrian integratuta daudela erakusteak duen garrantziaz ohartarazi die Moralesek: "Hemengo kontuetan sartuta egotea herrian bizi nahi dugun seinale da". Parte hartze horren adibide jarri du Ongi etorri programan aritu izana, saio bakoitzaren amaieran ziurtagiri bat ematen baitiete.

Herritarrekin pixkanaka harremanak sortzen joateko, hainbat egitasmo daude martxan eskualdean; Tolosan hainbat jatorritako emakumeek osatu duten taldea, esaterako: baratze lanetan aritzeko elkartu dira Maroko, Senegal, Nikaragua eta beste zenbait herrialdetako emakumeak.

Askotariko gaiak izan dituzte hizpide lehenengo saioan: euskara, hezkuntza, zerbitzuak, kultura... Gainera, espresuki eskualdeari ez dagozkien arloak ere jorratu dituzte, genero indarkeria, kasurako. "Tratu txarrak herrialde guztietan daude. Inork ez du zertan aguantatu bikotekidearen indarkeria; beraz, zuei edo ingurukoei gertatuz gero, jarri harremanetan gizarte zerbitzuekin".

Atzerritarren Legeaz

Informazio orokorreko saioez gain, beste bilera batzuk egingo dituzte taldeka, Atzerritarren Legearen bueltako gaiez hitz egiteko. Horietan, abokatu batek argituko ditu hara biltzen direnen kezkak eta zalantzak. Egoitza baimenak eta herritartasuna lortzeko eman beharreko pausoak jorratuko dituzte, besteak beste.

Programa amaitu ondoren, aurrerantzean ere norbaitek laguntza behar badu, Tolosaldea Garatzen-eko zerbitzura edo Sos Arrazakeria elkartera jotzeko gonbita egin die, baita Arartekora ere: "Askotan senti dezakegu gaizki tratatu gaituztela; salatzeko eskubidea daukagu".

Helduentzat ez ezik, haur eta gaztetxoentzat ere egokitu dute Ongi etorri egitasmoa. Eskolaz kanpoko gunea da, eta, horretan, azken bi urteetan Tolosaldeko herri edo ikastetxe batera heldu diren hainbat gazte batzen dira, 8 eta 16 urte bitartekoak. Astean behin elkartzen dira, arratsaldez, Tolosako Gazte Topagunean —kultur etxean—; gazteenak asteartetan, eta helduagoak, berriz, asteazkenetan.

Elkar ezagutu eta euren artean jolas egitearekin batera, helburua da batzuek besteen nortasuna errespetatu eta euskal kulturara gertura daitezela. "Haur eta gazteei aldaketara egokitzen laguntzeko balio du".

“Oso literaturzale edo euskaltzale direnek irakurtzen dute euskaraz”

Kaleko euskararen eta euskal literaturakoaren artean distantzia handia dagoelakoan dago Fernando Morillo idazlea (Azpeitia, 1974). Horri aurre egiteko prozesu bat behar dela uste du, "eta egiteko dagoela". Hark sortutako Gaumin argitaletxeak apirilaren amaieran kaleratuko ditu irakurketa errazeko euskarazko lehen lau liburuak.

Nondik dator Irakurketa Errazeko liburuak kaleratzeko asmoa?

Beti izan dut kezka. Komunikatu egin nahi izaten dut, eta ohartzen nintzen euskal irakurle askori —gune erdaldunetan zein oso euskaldunetan— asko kostatzen zitzaiola eleberri normalak ere irakurtzea. Horri bueltaka, nire aldetik ari nintzen irakurketa errazteko ahaleginean. Baina gero jakin nuen Finlandian eta Suedian ohartu zirela gizartearen %30ak zailtasunak zituela irakurtzeko orduan: dislexia zutenak, bestelako kontu psikologiko edo fisikoak, etorkinen kasuak... Jende horrentzat irakurri ezin zituen ohiko liburuak edo haurrentzako liburuak soilik zeuden. Eta duela 30 urte Herrialde Katalanetan hasi ziren irakurketa errazaren metodoarekin. Hasiera batean, etorkinentzako hasi ziren, baina ohartu ziren herritarren artean orokorra zela irakurtzeko zailtasun hori. Hala, Blanca Matarekin kontaktatu nuen; sorpresa hartu nuen gurean ere bazegoelako irakurketa errazaren aukera, baina euskaraz ez zuen ezer. Argitaletxeetara jo arren ez baitzuen lortzen. Guri, berriz, iruditzen zaigu lehen aipaturiko herritar horiei guztiei edo Euskal Herrian alfabetatu gabeko hainbat belaunalditako jendeari eskaintzeko aukera ederra dela.

Zein ekarpen egin nahi duzue?

Ahalegina, behintzat, egin nahi genuke. Nahasgarri izan daitekeen edozer ulergarri bihurtzea nahi genuke. Batzuek diote idazteko orduan muga izan daitekeela; nik esango nuke tresna erraz bat dela eta idazteko aukera ematen duela. Marrazkilari bati arkatza emanez gero, kolorerik ez du izango, baina moldatuko da marrazkia egiteko. Baldintzatxo batzuekin lan egitea da; sortzaile gisa emozioa ematen dit era horretara lan egiteak, eta herritar gisa oso beharrezko tresna iruditzen zait. Egunero ikastetxez ikastetxe nabilela ikusten baitut hainbat gazteri ikaragarri zaila egiten zaiela euskaraz irakurtzea. Ez dakit zer irtengo den, baina irakurtzen gozatzen ez duen hainbati gozamenerako aukera eskaini nahi diogu. Euskaraz gozatzeko ohitura sortu, eta gero joan daitezela nahi dutenera.

Zerekin lotzen duzu hori?

Hainbat gauzagatik izan daiteke: jasotzen dugun informazio asko erdaraz dagoelako, ohitura hutsagatik, batua bera ere sortzen ari garelako... Ez dut arrazoi argirik ikusten, baina arrazoiak topatzeak baino gehiago kezkatzen nau egoera hori gainditzeak. Gogoan dut nire ama eta izebak ez zutela txikitan askorik irakurri, eta kioskoetako gaztelaniazko nobela sinple batzuekin irakurzaletasuna piztu zitzaiela, eta orain normaltasunez irakurtzen dute. Hori euskaraz ez da gertatzen. Oso literaturzale edo oso euskaltzale direnek soilik irakurtzen dute euskaraz, eta gainerakoek erdaraz.

Kale hizkuntzatik distantzia handira dago euskal literatura?

Uste dut hori dela izan dugun arazorik handienetakoa. Gaztelaniaz irakurri nahi izanez gero, badira nobela batzuk kale hizkeratik oso hurbil daudenak, eta badira oso urrun daudenak. Euskaraz, ez dago abaniko hori, eta jende ikasi askok ere ezin du euskaraz irakurri. Prozesu bat behar dela esango nuke, eta egiteko dagoela.

Askotariko herritarrentzat izan liteke. Zuek norentzat egingo duzue?

Guk, gehienbat, gazteekin egiten dugu lana. Eta esparru horretan, eskoletan, adibidez, handia da etorkinen kopurua. Blancak, berriz, zahar etxeen esparruan lan handia egiten du. Guk gozokia hor utziko dugu, eta hurbildu dadila gustatzen zaion edonor. Gu abiatu egingo gara, eta gainerako argitaletxeak jarraitzera animatzen badira, hobe.

Zein liburu izango dira?

Lau liburu izango dira, katalanetik euskarara ekarritako bi, batetik: Montse Floresen Rif mendietako ura eta Nuria Martiren Traizioa lakuan. Eta euskaraz idatzitako bi, bestetik. Flores eta Martirena kuriosoa da, baina biak irakasleak dira, eta euren teoriak ere irakurketa errazera egokitu zituzten. Euskarazkoetan, berriz, bat Ander Izagirre kazetari eta idazlearen Txernobil txiki bat etxe bakoitzean izango da; eta bestea neuk idatzitako Santiago Bidearen misterioa.

Zein berezitasun eskatu dizkizu irakurketa errazeko liburua idazteak?

Hasteko, oinarrizko hiztegia baliatu behar da: hitz arruntak, edonork ulertzeko modukoak... egitura aldetik, kontuz ibili behar da, askotan, ohartu gabe kargatu egiten dugulako. Euskarak baditu alde on batzuk, baina kontuz ibiltzen ez bagara, testuak konplikatu ditzakegu.

Bilduma zabaltzeko asmoa duzue?

Nahi genuke, jakina. Ea jendeak nola hartzen duen. Dagoeneko, irakasleen aldetik ari gara deiak jasotzen; hainbat ikaslerekin irakurketarako arazoak dituztela esaten digute. Nire hainbat liburu berez ere badira sinple samarrak, ahalegindu naiz ulergarri egiten; baina, hala ere, arazoak izaten dira leku euskaldun askotan, eta horrek harritu egiten nau. Espero dugu deiak iristen ari zaizkigun toki guztietara heltzea gure ekarpena.

Irakurketa errazeko taldea sortu nahi dute Oñatin

Oñatiko liburutegian badira irakurketa errazeko 80 liburu jadanik, eta irakurketa dinamizatzeko talde bat sortu nahi dute. Taldeko kide egiteko, liburutegian bertan eman daiteke izena. Bestalde, Helduendako Hezkuntza Iraunkorreko eskolarekin ere jarri dira harremanetan liburutegiko kideak.

Egokitua egokitzeko beharra

Etxea zimenduetatik egin behar da". Urko Egea donostiarra ari da hizketan; buruan ez ditu, ordea, adreilua, porlana eta hormigoia. Egitura aipatzen duenean, snowboard egokituaren barrunbeak ditu hizpide: "Protesia ondo egokitzea da oinarria, gero finkagailuak, taularen posizioa...". Pauso horiek eta hortik aurrerakoak ematea, baina, ez zaio nahi bezain erraza izaten. Aitor Puertas oiartzuarrarekin batera, Sotxiko Paralinpiar Jokoetan (Errusia) izan da Egea, snowboard proban lehiatzen. Biek diotenez, zailagoa izan zaie parte hartzera iristea, han lehiatzea baino, traba ugari gainditu behar izan baitituzte. "Ea hurrengo lau urteetan gutxieneko egitura bat dagoen, interesa duen edonork proba dezan".

Bata zein bestea gogor aritzen dira entrenatu ahal izateko. Egea Vaqueirako teknifikazio zentrora joaten da; lana eta entrenamenduak uztartzeak "ahalegin handia" eskatu diote azken lau urteetan. Puertasek, aldiz, AEBetan egin du prestakuntza azken urte eta erdian, neguko kirol egokituak biltzen dituen gune batean. "Horrek familiatik urrun egotea dakar, dirua…". 2013ko urtarrilean hasi zen snow egokituan, eta handik aste gutxira lehiatu zen lehenengoz nazioarteko proba batean.

Egea 16 urterekin hasi zen snowean, autodidakta moduan. Txikitatik izan du gustuko, eta, errepide istripua izan ondoren, 2011n parte hartu zuen lehen aldiz nazioarteko proba egokitu batean. "Banekien istripuaren ondoren fisikoki hobetzen joan ahala itzuliko nintzela, lehenago edo geroago". Hala ere, "bidea irekitzea" egokitu zaio, aurretik ez baitzegoen ez talderik, ezta lehiatzen zen kiderik ere. "Zure urritasuna egokitu behar duzu oholtzara, zirkuitua egitera, baina atzera begiratuta zailagoa izan da administrazio aldetik-eta izandako trabei aurre egitea, snowboarda bera baino: zailtasunak lehiaketetara izena emateko, adibidez".

Snowboard egokituaren eraikinak pieza asko ditu kolokan. Hala zerrendatu ditu Puertasek: "Informazioa beharko litzateke lehenik. Horrez gain, falta da snow egokituko entrenatzaile bat Espainiako taldean. Niri ez dit balio hanka zurrun jartzen duen entrenatzaile batek, ikusteko ea nik nola egiten dudan, protesi batekin ez da gauza bera. Eta falta da zirkuitu bat. Lehiaketara iristen gara, eta bakarrik egun batzuk lehenago aritzen gara pistetan. Beste taldeek negu guztia daramate praktikatzen, baita uda batzuek ere". Gainerako herrialdeetako kirolarien aldean eurek duten desabantaila aipatu dute; besteek dituzten teknikoak, entrenatzaile "oso onak", urte osoko entrenamenduak, pista egokituak, taula egokituak…

Alde guztien inplikazioa

Paralinpiar Jokoak izan diren garaian, "oihartzun handiagoa" izan du kirol egokituak: "Beste aurpegi bat ikusten diozu, orain arte ikusi ez duzuna". Egearen ustez, gizartetik eta babesleen aldetik badago inplikazioa kirol egokituarekiko, baina badaude aldatu beharko liratekeen hainbat arlo. Batetik, teknifikazio zentroei dagokienez, uste du "benetan pertsonak inporta zaizkien pertsonek" kudeatu beharko lituzketela: "Vaqueiran jendea ez dago pertsonengatik, ezta kirolarekiko maitasunagatik ere. Behar da inplikatuko den jendea, eta ez kirolaria izatea erreminta bat euren funtsak kudeatzeko". Bestetik, laguntzak ematen diren arren, ez dira kirolariengana heltzen: "Irits dadila ematen den laguntzaren zati handi bat kirolariengana".

Arlo ekonomikoari begiratuta, gastua ez da nolanahikoa. Puertasek azaldu duenez, protesi merkeenak 3.500 euro balio du, soilik belaunerako: "Nik negu honetan bi hautsi ditut, eta beste bat erosi behar izan dut, garestiagoa". Hanka osorako protesiek, berriz, 12.000-15.000 euroko prezioa dute. Oiartzuarrak kalkulatu du bi denboralditan AEBetan egindako egonaldietan 21.000 bat euro gastatu dituela, joan-etorriak eta lehiaketak sartu gabe. Egeak, berriz, Vaqueirako joan-etorriak eta 2011tik parte hartutako lehiaketak pagatu behar izan ditu.

Hilabeteetako "ahaleginari" emandako saria izan da Puertasentzat Sotxira iritsi ahal izatea, "opari bat". Egea ere bat dator: "Luxua izan da, errealitate egindako amets bat". Harentzat, gainera, lau urteko bidearen helmuga gozoa izan da: "Hasi nintzenetik bazegoen gogoa helburu komun bat lortzeko: snowboarda kirol egokituaren barruan sartzea. Kirol bat ofizialtzeak, egitura olinpikoaren barruan sartzeak, esan nahi du herrialdeak laguntzak izatea, eta, horrela, kirol horren garapena herrialde horretan azkarragoa da. Oso polita izan da Vancouvertik hona guztion artean eman diogun bultzada".

Lehiaketa "historikoa" bizi dute, aurten lehenengoz sartu baita snowboard egokitua Paralinpiar Jokoetan. Ahalik eta saio onenak egitera joan arren, "nahiko balentria" egin dute hara iritsita. 17. postuan sailkatu zen Egea; 30. lekuan Puertas. Haiekin batera izan zen Jon Santacana eskiatzaile donostiarra ere; urrezko domina eskuratu zuen jaitsiera proban, eta zilarrezkoa slalomean.

Etorkizunera begira, bide beretik jarraitzeko asmoa dute. Puertasek orain arte zuen nahia betetzeko lanetan segituko du: 2018ko Koreako Jokoetan egotea. Printzipioz, AEBetara joateko asmoa du berriro: "Han daude onenak: protesien sortzaileak, entrenatzaile onenak, pista onenak…". Egearen helburua Sotxin lehiatzea zen, eta lortu du. Koreara postu hobeago baten bila joateko, lanak ematen dizkion aukerak aztertuko ditu lehenik: "Lanaldiaren murrizketa izatearekin konformatuko nintzateke, gutxienez neguko bi-hiru hiletan".

4

Zarautzen olatuek eraginiko kalteak konpontzeko milioiak. Espainiako Ingurumen Ministerioak lau milioi euro emango ditu denboralean izandako olatuek Zarautzen eraginiko kalteak konpontzeko. Lau txandatan banatuko dute diru kopuru hori.

Jardunbide Egokien 2013ko Saria Irakurketa Errazari

Herrialde Katalanetako ALF Irakurketa Errazaren Elkarteak urtero ematen du Jardunbide Egokien Saria, eta iazkoan Euskadiko Irakurketa Erraza elkarteari eman zion. Elkarte horrek aurkeztutako proiektuek irakurketa errazaren dinamizazioa sustatzen jarre...

Eliz musika sei auzotan

Musika

Donostia

Gaur hasiko da eliz musikaren zikloa, Donostian. 25. aldia du aurten, eta, guztira, sei emanaldi aurkeztuko dituzte hainbat taldek hiriburuko zenbait elizatan, apirilaren 11ra bitarte. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.

Amara, Ibaeta, Loiola, Aiete, Gros eta Altzako elizek hartuko dituzte saioak. Lehena Iagoba Fanloren eskutik helduko da, gaur, 20:00etan, Amarako Karmeldarren elizan. Bakarkako biolontxelo errezitala egingo du, eta hainbat musikagileren obrak interpretatuko ditu; besteak beste, Bach, Benet Casablancas eta Gyorgy Ligetirenak.

Igandean, Araoz gazte abesbatzaren txanda izango da, Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian, 18:00etatik aurrera. Easo abesbatzaren taldeetako bat da, eta 12 eta 17 urte bitarteko neskek osatzen dute. Beste abesbatza batek jarraituko du egitarauarekin; Landarbaso abesbatzak, hain justu. Apirilaren 4an emango du kontzertua, 20:00etan, Loiolako parrokian. Errenterian sortua, gaur egun 49 abeslarik osatzen dute abesbatza, Iñaki Tolaretxipi zuzendari dutela.

Apirilaren 5ean, hirukote baten saioa entzun ahal izango da, 20:30etik aurrera, Aieteko Gurutzeaga elizan. Miren Urbieta Vega sopranoak, Erlantz Fernandez tronpeta jotzaileak eta Arkaitz Mendoza organistak osatzen dute Trio Easo. Hurrengo egunean, berriz, Groseko San Ignazio elizak hartuko du zikloa: Orfeoi Gazteak kontzertu bat emango du, 18:00etatik aurrera. Azken saioa Eskifaia eta Xatz Eskifaia abesbatzen eskutik iritsiko da, apirilaren 11n, 20:30ean, Altzako San Martzial parrokian.

Irabazleen lanak, entzungai

Zikloaren 25. urteurrena ospatzeko, Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak konposizio lehiaketa bat antolatu dute aurten, eta bi musikagile gazteren obrak saritu dituzte: Juan Manuel Moranen Salbea eta Marta Lozanoren Aita Gurea. Bi lan horiek prestatu dituzte Eskifaia abesbatzako kideek, eta euren emanaldian kantatuko dituzte. Landarbaso abesbatzak ere Aita Gurea obra landu du; Loiolako parrokian entzun ahal izango da.