ARESTI GOGOAN, KILOMETROEI BEGIRA

Kilometroak jaia urrian egingo badute ere, urte osoan askotariko ekintzak antolatzen ari da Orioko Herri Ikastola. Gaurko, esaterako, Gabrielen lekua ikuskizuna prestatu dute; 22:00etan izango da, Ikastolako areto nagusian —180 lagunentzako tokia du—. Dantza, musika, antzerkia, poesia eta irudia uztartzen ditu saioak, eta asmoa da Gabriel Arestiren obra eta pentsamenduaren bitartez ikuslearengan gogoeta eragitea. Sortze prozesuan parte hartu dutenen artean daude Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan idazlea, Rafa Rueda musikaria eta Alain Urrutia artista. Irudian, Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi aktoreak, lanaren proba saio batean.

‘Mall walkers’

Euskaldunak Pirinioen bi aldetara paseatzen dugun herria gara. Gipuzkoan bederen ibiltarien kopuruak izugarriak dira, eta munduan antzeko fenomenorik aurkitzekotan AEBetara edo Kanadaraino joan behar da, hango saltoki handietan ibiltzen diren mall walkers direlako antzeko zerbait. Har dezagun munduko saltoki eremu handiena omen den Kanadako Edmonton hirikoa: 500 denda ditu, elizak, ezkontza lekuak eta hileta zerbitzuak. Egunero eremu horretako pasillo amaigabeetan barrena 200 bat mall walkers ibiltzen omen dira. Leku horretan, jakina, ez du hotzik ez berorik egiten, begiraleak dituzte kameren bidez zaintzen; leku segurua da, beraz. Saltokiko ibiltariok elkarte indartsuak dituzte, ekintzak programatzen dituzte eta ibilaldia bukatu ondoren pizza bana jaten irudikatzen ditut bertako jatetxe italiar merkeetan.

Gurean, noski, zifrek gora egiten dute. Zarautz-Getaria pasealekua osorik zegoenean nahikoa zen igande goiz eguzkitsu batean begira jartzea Edmontoneko 200 paseatzaileen zifra barregarri uzteko. Gauzak neurtu egin beharko lirateke, jakina. Norbaitek esan zuen leku batean zeuden behiak kontatzeko soziologoek abereen hankak kontatu eta zati lau egiten zutela. Kasu horretan zati bi egin beharko lukete, baina badakit Donostia biltzen zuen ibilbidean, aipatutako Zarautz-Getarian edo berdin dio Azpeitia eta Azkoitia lotzen dituen ibilbidean ibiltarien kopuruak handiagoak direla. Gipuzkoako herri txiki bakoitzak eratu du bere ibiltarien zirkuitua, eta portzentajeetan zalantzarik ez dago Europako txapeldun izateko bidean gaudela kirol horretan, frantziarrak petankan edo suediarrak curling-ean bezalatsu.

Hau berria da, noski. Seguru nago Osakidetzako kontsignaren batek izan duela eragina. Argiñanok ere bere pantaila txikiko pulpitutik egunero ordubete ibili behar genuela predikatzen zuen. Ez da gure ariketa esklusiboa. Zoazte Parisko Luxenburg lorategietara edo NewYorkeko Central Parkera edo Londresko Hyden Parkera eta ibiltariak ikusiko dituzue, baina ez doaz gure sinesmenarekin. Alemanian, esate baterako, txorien txorrotxioak entzutera ateratzen dira taldeka; Parisen presidenteari eta bere ohaideari buruzko azken txutxu-mutxuak irratian entzunez doaz, eta New Yorken eta Londresen katagorriei jaten emateko gelditzen dira. Gu ez, gu kirola egitera ateratzen gara, mendizale izan ginen garaian bihotza euskaltasunez egurastera ateratzen gineneko suhartasun berarekin.

Ibiltarien moda berria dela esan dugu, baina ez da erabat egia. Magrisek bere Danubio famatuan kontatzen du XVI. mendean bidaia luzeak eginez sendatzen zirela buruko hainbat gaitz. Hor dago Patrick Süskinden Sommer jaunaren istorioa nobelako protagonista, geldirik egoten ez dakien gizona. Hor dago judu errariaren mitoa… Lehen bakarrik ez, gaurko Europan ere ezbehar larri bat izan duen jendea etxea utzi eta ibiltzera ateratzen da. Ikusi, bestela, Santiago Bidea egitera datozenak. Bidea egin dutenek diotenez, aterpetxean afari legea egin eta hizketan hasten direnean gehienak beren bizitzako ezbeharrak kontatzen hasten omen dira.

Neu ere oharturik nengoen gaixotasun mentalen eta ibili beharraren arteko loturaz, behin Arrasateko Santa Agedako sarreran dagoen lorategira joan eta aulki batean eserita ordubete eman bainuen bertako internoen ibiliei erreparatzen. Ondoriorik ez dut aterako, baina askotan dago ibili behar hori gehiegi pentsatzearekin lotua. Grezia zaharreko filosoforik handienetako batek, Sokratesek, metodo peripatetikoa erabiltzen zuen filosofia erakusteko: ibilian ematen zituen lezioak.

Itsasoak edo itsasoko denboraleak kostako pasealekuak berriki desegin dituen honetan, ez dakit gure herrietako alkateek zer argudio erabiliko dituzten Madrilgo ministerioei presa sartzeko. Seguruenik turismoak izan ditzakeen kalteak aipatuko dizkie. Nik, zeharka bederen, gaitz mentalen arriskua aipatuko nieke, euskaldunok, buruan kableak gurutzatzen zaizkigunean, arriskugarri bihurtzen baikara.

Herritarren nahien geltokia

“Lehen, iristen nintzen; orain, ez”. Eskuetan duen paperari begira, lanera joateko hartu beharreko autobusaren ordutegia du hizpide herritar batek Ordizian. Trenaren joan-etorrietara egokitu dituzte ordutegiak, eta, ondorioz, ez da lantokira 07:50erako heltzen. Aulkiz osatutako borobil batean, euren iritzia ematen ari dira hainbat lagun udaletxean, autobus zerbitzua berritzeko diputazioak prestatu duen aurreproiektuaren inguruan. Gipuzkoako Foru Aldundia aste honetan hasi da herriz...

Herritarren nahien geltokia

Lehen, iristen nintzen; orain, ez". Eskuetan duen paperari begira, lanera joateko hartu beharreko autobusaren ordutegia du hizpide herritar batek Ordizian. Trenaren joan-etorrietara egokitu dituzte ordutegiak, eta, ondorioz, ez da lantokira 07:50erako heltzen. Aulkiz osatutako borobil batean, euren iritzia ematen ari dira hainbat lagun udaletxean, autobus zerbitzua berritzeko diputazioak prestatu duen aurreproiektuaren inguruan. Gipuzkoako Foru Aldundia aste honetan hasi da herriz herri proposamena aurkezten; guztira, bost eskualde eta 56 herri igaroko ditu, ekarpen gehiago jasotzeko asmoz. 2015erako izan nahi dute zerbitzu berritua martxan.

Proposamenaren gaineko proposamenak egiteko momentua da. Dagoeneko herritarrek izan dute aukera euren eskakizunak egiteko, aurreproiektua osatu aurretik ere hainbat bilera egin baitituzte eurekin. Lehen fase horretan, ordutegiak zabaltzea, zenbait lineatan zerbitzu gehiago jartzea eta herrien arteko loturak hobetzea izan dira, oro har, eskaera nagusiak. Eskari horietako zenbait txertatu dituzte; beste hainbat, berriz, alde batera geratu dira oraingoz.

Goierriren kasuan, Donostiara joateko aukera gutxiez mintzo dira: "Ospitalean lan egiten dut. Autoetan joateko batzen gara, eta ikusten dut jende asko elkartzen garela". Antiguara lanera doan beste parte hartzaile bat ere bat dator harekin: "Trenez joanda, denbora asko galtzen dugu". Iritzi bilketaren lehen fasean eskatu zuten Donostiarako zerbitzu hori jartzea, baina aurreproiektuan jaso ez izana hala arrazoitu du Xabier Lertxundik, aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Saileko ordezkariak: "Mugikortasun datuen arabera, eskasa da mugimendua Donostiarako bidean". Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak 2011n egindako inkesta baten datuek: eskualdean egiten diren mugimendu guztien %61 Goierri barruan egiten dira; Donostiara, %2,8 besterik ez.

Garraio arteko moldaketak

Aldundiko ordezkarien azalpenetatik aparte, bilerara biltzen direnek ere lagun diezaiokete zalantza duen horri. Hala proposatu diote Antiguara lanera joaten den neska bati: "Uste dut aukera onena trena hartu eta Andoainen jaistea daukazula, han gero autobusa hartzeko". Beste eskualde batzuetan egin duten bezala, Goierrin ere linea batzuetako ordutegiak moldatu dituzte, garraio batetik besterako aldaketak posible izan daitezen—trena eta autobusa, kasu honetan—. Dena den, erabiltzaileek kezka agertu dute, ordutegien artean dagoen tarte txikiak eta errepideko gorabeherek ez ote duten baldintzatuko trenera iritsi ahal izatea. Egokitzapen horrek ere beste galdera bat aireratu du: "Eta Renfen aldaketak baldin badaude?". Hala erantzun du Lertxundik: "Egiten dute, eta inori abisatu gabe".

Herri txikietatik ikastetxe eta institutuetara joateko bideez ere hitz egin dute. Autobus pribatua jartzeak "dirutza" dakar ikastetxearentzat, eta horren ordez zerbitzu publikoa erabiltzeko proposamena jarri dute mahai gainean. Ordutegiak sarrera orduetarako egokiak izango balira alternatiba aproposa litzatekeela uste dute. "Publikoa den heinean, edonork du erabiltzeko aukera. Ahal dugun neurrian, saiatuko gara egokitzen", dio Lertxundik. Haren hitzei babesa emanez hartu du hitza Aintzane Lauzirika aldundiko teknikariak: "Ordutegiak ez dira finkoak. Hau behin-behinekoa da, eta egokitu daiteke".

Eskualdeari dagokion proiektuaren barruan beste bi proposamen jaso ditu aldundiak. Batetik, inguruko herrietako jaietara joateko zerbitzua ezarri nahi dute; horretarako, mankomunitate eta udalekin elkartuko dira bakoitzaren jai egutegia zehazteko. Bestetik, orain martxan dagoen gauetako zerbitzua zabaldu nahi dute. Hala eta guztiz ere, orokorrean eskualdean duten zerbitzuarekin kritiko agertu da parte hartzaileetako bat: "Ikusten dut Tolosan, Bergaran hobeto daudela; marjinatuta sentitzen naiz". Uste du lurraldean "dirutza" gastatzen dela autobus zerbitzurako, baina Goierrin ez dutela horren ondoriorik nabari.

Erabilera sustatzea

Goierri inguruan ez ezik, Urola Kostako eta Debabarreneko zenbait herritan ere izan dira aste honetan aldundiko ordezkariak; Beasain, Lazkao, Ataun, Segura, Zarautz, Getaria, Orio eta Mendaro bisitatu dituzte. Ordutegiak eta oro har zerbitzua berritzearekin batera, ezinbestekoa ikusten dute erabilera sustatzeko neurriak hartzea, bai aldundiko ordezkariek, baita erabiltzaileek ere. "Aparkalekua daukazue lantokian?", galdetu dio Lauzirikak parte hartzaileetako bati. Baiezkoaren atzetik, hala jarraitu du: "Horrela inork ez du autobusa hartuko". Horrez gain, zerbitzuaren inguruko "informazio falta" egon daitekeelakoan daude herritarrak. Lertxundik dioenez, komunikazio alorrean "hobetzea" da euren asmoetako bat, hain justu.

Erabilera handitzeko helburu horri tiraka, Mugi txartela ere izan dute hizpide. "Hainbat udal" inplikatu dira Mugi txartelaren salmenta bultzatzeko; ez, ordea, beste batzuk. Goierriren kasuan, "deigarria" iruditzen zaio Lertxundiri salmenta toki gutxi egotea. Erabilera igotzeko, lagungarria izan daitekeen proposamen bat egin diete udaletako ordezkariei: Mugi txartela udaletxeetan saltzea.

Azpiegitura egokiak izateak ere balio dezake erabiltzaile gehiago izateko. Hori horrela, autobus aterpeak identifikatzeari ekin dio diputazioak. Berez, udalena da eskumena, eta haiei dagokie aterpeak behar bezala edukitzea, baina kasuak eta kasuak daude: "Konturatu gara udal bakoitzak ezberdin funtzionatzen duela". Horregatik, inbentarioa egiten hasi da aldundia geltoki guztiekin, eta amaieran plan bat osatuko du.

Aurreikusi dutenez, diputazioak bere gain hartu beharko ditu horietako batzuk, herri artekoak, batik bat. Hala ere, zenbait errepidetan autobus aterpeak jartzeak zailtasunak dakartzala gogoratu du Lertxundik, "errepidea estua delako", edo beste hamaika arrazoirengatik.

Prozesua, "interesgarria"

Lertxundi eta Lauzirikarekin, prozesuan parte hartzen ari diren Nola kooperatibako eta Goieki agentziako ordezkariak ere izan dira Ordizian. Herritarren eskaerak jaso ondoren, autobus zerbitzua berritzeko prozesuaren gaineko iritzia eskatu diete. Guztiak bat datoz: "oso interesgarria" izan da.

Baloratu egin dute herritarrek ekarpenak egiteko aukera izatea, haiek baitira benetan zerbitzua erabili behar dutenak. Gainera, lehen fasean proposatutakoak aurreproiektuan sartu izana ere aintzat hartzekoa da, haien arabera. Bileretara joan ez direnentzat ere utzi dute mezua: "Gero isilik egon beharko dute". Zerbitzua martxan jarri aurretik beste behin bilduko dira aldundiko ordezkariak herritarrekin: eskualde mailako bileretan izango da, azken proiektua aurkezteko.

“Gauzak asko aldatu badira ere, bide luzea dago egiteko”

Errenteriako Mariasun Landa sarietan irabazle izan da Rosario Perez del Pecho (Pasai Donibane, 1966); zehazki, Emakumeen Begirada Onenaren Saria eraman du, Una carrera de fondo lanarengatik (Bide luzeko lasterketa). Istorio horren protagonista bera da. Don Bosco ikastetxean aukeratu zuen espezialitatean —Industria Elektronika— lehenengo emakumea izan zen, eta ikasten aritu zen urteetan gainditu behar izan zituen oztopoak kontatzen ditu.

Nolatan aukeratu zenuen Industria Elektronika espezialitatea ikastea?

Ez neukan oso argi. 12 urte nituen. Krisi nahiko gogorra izan zen garai hartan, eta lan munduan ateak irekiko zizkidan zerbait ikasi nahi nuen. Garai hartan Industria Elektronika jende askok aukeratzen zuen. Nik beste edozer bainoago, irtenbide profesionala neukan buruan. Industria Elektronika eskaintzen zuen Don Boscok, eta nik ondoan ikasten nuen. Eskaera gehien zuen espezialitatea zen, eta ia ziurra zen lana izanda irteten zinela.

Behin espezialitatea aukeratuta, jendeak zer esaten zizun?

Kontakizunean azaltzen dut. La Anunciata ikastetxean ikasi nuen. Mojek galdetzen ziguten ea zer egin nahi genuen bukatzerakoan. Nik zer ikasi nahi nuen kontatu nuen, eta harrituta geratu ziren. Ikaskide batzuek esaten zidaten: 'Ba al dakizu non sartuko zaren? Gizon gogorrenaren lagun izan beharko duzu; bestela, arazoak izango dituzu...'. Nik esaten nuen, 'ezin du izan'; garai bateko pelikula bat bezala zela iruditzen zitzaidan. Nik pentsatzen nuen, ordea, irtenbide profesional hobea bazeukan ez nituela zertan ateak itxi komentario horiengatik.

Nola gogoratzen duzu klaseko lehen eguna?

Industria Elektronikoko laborategia erakutsi ziguten. Begiratzen nuen ea neskarik ikusten nuen, denak zirelako mutilak. Kontrastea handia zen: nesken eskola batetik, mutilen eskola batera. Hortik gutxira, zurrumurruak entzun nituen neska bat klasean zegoelako.

Gelan beste bat gehiago zinen edo bestelako harreman mota bat zenuen gelakideekin?

Klaseko lehen egunean, ez genuen elkar asko ezagutzen, besterik gabe arreta pizten zien neska bat ikusteak. Denborarekin, ordea, hainbat gelakideri ez zitzaien gustatzen ni hor egotea. Espezialitatea gizontasunarekin lotuta zegoela zeukaten buruan, eta nik horri ez nion zentzurik ikusten. Gizartearen eragina zela uste dut, etxean-edo buruan sartu zietela emakume batek ez zuela espezialitate horretan egon behar.

Irakasleekin zein harreman zeneukan?

Irakasleekin oso ondo. Lehenengo emakumea izan nintzen, baina entzuna neukan beste emakume batzuk ere sartzen saiatu zirela, baina ez zutela lortu, ez zutelako azterketa gainditu. Ez nuen arazorik izan.

Ikasten aritu zinen bost urteetan, zein izan zen esperientziarik txarrena?

Kirol arloa izan zen okerrena; gaitz erdi lehenengo bi urteak bakarrik izan zirela. Ikusten nuen beste ikasgaietan ez nuela inongo arazorik, baina gorputz hezkuntzan bai. Hainbat proba egin behar ziren, oso gogorrak, eta zailtasun ugari izan nituen. Urteetara jakin nuen 5.000 metroko proba 3.000 metrora jaitsi zutela neskentzat, baina hamar urte pasatu behar izan ziren.

Behin espezialitatea bukatuta, egoera hori lan mundura pasatu zen? Zure gelakideen aukera berberak izan al zenituen lana aurkitzeko?

Ez zidaten aukerarik eman. Praktikak egin nituen, baina esango nuke bakarrik izan zela enpresak trukean dirua jasotzen zuelako. Euskotrenen sartzeko bakarrik balio izan didate ikasketek. 1992an hasi nintzen lanean makinista gisa. Hor ere lehenengotariko emakumea izan nintzen. Hortaz, lanean ari naizen enpresaz gain, ez dut aukerarik izan.

Zergatik izan zen: diskriminazioagatik edo arrazoi jakin batengatik?

Irakasleek gomendatu ninduten praktikak egin nituen enpresan. Mutila banintz aukera gehiago izango nituzkeela uste dut; oker ez banago, irakasleek esan zidaten enpresak berak galdetu ziela ea gizonik bazegoen. Irakasleek erantzun zioten egokia ni nintzela lanpostu horretarako.

Gaur egun zuk bizitako egoera errepikatzen al dela uste al duzu ikastetxeetan?

Ez, ez. Gauzak asko aldatu dira alor guztietan. Oraindik sektore batzuk geratzen dira, baina, oro har, ez. Emakumeok ziurtasun gehiago daukagula uste dut, eta garai bateko arrastoren bat geratzen baldin bada, oso txikia da. Espezialitate batzuk gogokoago dituzte neskek, eta beste batzuk mutilek, baina espezialitatea dena dela, kontua da sexua ez izatea muga bat.

Eta lan munduan?

Ez nago oso jantzia, baina iruditzen zait oraindik badaudela desberdintasunak, batik bat zuzendaritzetan.

Zergatik erabaki zenuen zure kasu propioa kontatzea Mariasun Landa Sarietara aurkeztu zenuen lanean?

Hasteko, gogo asko neukalako kontatzeko. Ondoren, lehiaketaren oinarriak irakurri nituen, eta ikusi nuen nire istoriora moldatzen zirela. Dirudienez, asko gustatu zaio epaimahaiari; ez nuen halakorik espero.

Uste duzu zure istorioa baliagarri izan daitekeela halako egoerak berriro errepika ez daitezen?

Hala uste dut. Printzipioz, kritika sozial gisa bideratu dut. Izan ere, gauzak asko aldatu badira ere, bide luzea dago egiteko. Aipatu bezala, zuzendaritzetan aritzeko emakume asko daude trebatuta, baina askotan baztertu egiten dira. Iruditzen zait oraindik denon artean gauza asko ditugula garbitzeko.

Lana idazterakoan, nola gogoratu duzu gertatutako guztia?

Hainbat gauza bizitu izan ditut berriro. Urteak pasatuta, hainbat gauza gainditu ahal izan ditut. 12-13 urterekin hasi nintzen, eta 17-18 urterekin bukatu, eta jendeak esaten zidan odol hotza izan behar nuela horri guztiari aurre egiteko. Behin hasita, argi neukan aurrera atera behar nuela, baina ezin izan nuen guztia digeritu. Orain, ordea, onartu ahal izan dut.

@sarean

Herriz herri egiten ari diren bilera irekietan ez ezik, Interneten ere aukera dago norbere ekarpenak egiteko. Proposamenak jasotzeko epea apirilaren 15ean bukatuko da. Honako helbide honetan aurki daiteke parte hartzeko gunea eta prozesuaren gaineko informazioa:

www.garraioahobetzen.net

Zazpi orduko kirol festa

Bizirik dirau oraindik, askoren oroimenean, duela zenbait urte Donostiako belodromoan egiten zen kirol ekitaldi erraldoiak: Euskadiko Sei Orduak. Kirola eta, batik bat, txirrindularitza ardatz hartuta, jendetza biltzen zen belodromoan, giro paregabean. Bihar Ordizian egingo duten ekitaldia herriko baliabideetara egokituta dago, baina, edonola ere, badu antzik Donostian antolatzen zenarekin. Han egiten zen moduan, orduetako kirol jarduna izango da; kasu honetan, zazpi ordukoa, eta, orduan bezala, kirolaren inguruan herritarrak bildu eta egun atsegina iragotzea izango da xedea.

Euskal Herriko Itzuliaren aitzakian antolatuta, kirolzale nahiz kirolari ugari bilduko dira. Bihar, 17:00etatik gauerdira arte, hainbat kirol proba ikusi ahal izango dira, tartean, txirrindularitza, herri kirolak eta duatloi probak. Horietan lehiatuko diren hainbat kirolarirekin izan da Gipuzkoako Hitza, eta haien iritziak bildu ditu.

Mikel Astarloza

Taldeka, zazpi kilometro

Mikel Astarlozak pozarren jaso zuen Goierriko Zazpi Orduak ekitaldian parte hartzeko egin zioten gonbita. "Egia esan, parte hartzeko deitu zidatenean, ilusio handia egin zidan; izan ere, behin erretiroa hartuta nitaz akordatzea pozgarria dela iruditzen zait".

Herri mailan sortutako egitasmoa dela dio txirrindulariak, oso polita: "Uste dut asmatu dutela garai batean Donostiako belodromoan egiten zen Euskadiko Sei Orduak haren formatuarekin".

Ekitaldiaren ospakizun kutsua nabarmendu du, ez baita kirol ekitaldi soila: "Ekitaldiaren helburuetako bat Euskal Herrian egiten diren kirol ezberdinak saio batean lotzea da, noski; baina, horrez gain, jai giroan ospakizun polit bat egiteko nahia ere badago horren atzean".

Astarlozak, nola ez, txirrindularitza proba batean parte hartuko du bihar Ordizian. Proba horretan, ez da bakarrik izango, txirrindularitzan dabiltzan beste hiru lagun izango baititu ondoan: "Javier Ruiz de Larrinaga ziklo-kros txirrindularia eta biok aurkariak izango gara. Ez gara, ordea, bakarrik ariko; talde bana osatuko dugu Usabiaga ahizpekin; Goierri inguruan dauden bi neska erreferente dira txirrindularitzan". Ana eta Irene Usabiaga ahizpa txirrindulariak ordiziarrak dira. Zazpi kilometro egin beharko dituzte denen artean, txandaka.

Aimar Irigoien

Erakustaldia bai, markarik ez

Harri-jasotzaile errezildarrak ez zuen inongo zalantzarik izan parte hartzeko aukera eman ziotenean, eta hasieratik "laguntzeko asmoa" baino ez du izan; izan ere, haren ustez, "oso ekitaldi polita" izango da bihar Beti Alai pilotalekuan egingo dutena.

Bistakoa da halako ekitaldi bat antolatzeko lan handia egin behar dela, eta Irigoienek oso argi du hori; horregatik, Emaneurre taldearen egitasmoaren balioa nabarmendu du. "Lehen, Euskadiko Sei Orduak ekitaldia egiten zen Donostian; hura bertan behera geratu zen, eta, orain, gazte talde batek tamaina honetako saio bat antolatzen horrelako lana hartu izana garrantzitsua da, eta benetan eskertu beharrekoa".

Gainera, uste du "oso zaila" dela era horretako jaialdiak antolatzea: "Hala ere, horretan aritu da talde hau; horregatik, dudarik gabe, laguntzea merezi dute".

Gainera, "pozgarria" deritzo horrelako jaialdiak berreskuratzeari: "Kirolaren munduan daramagu ia bizitza osoa, eta, horregatik, horrelako jaialdi bat egitea, zazpi ordukoa, kirolaren inguruan murgilduta, oso polita eta interesgarria iruditzen zaigu kirolarioi".

Bihar Ordiziara inguratzen direnentzat erakustaldi bat egingo du Irigoienek. "Hasieran, marka bat egiteko aukera proposatu zidaten, baina denbora gutxiegi zela ikusi genuen, eta ez nuela astirik izango; beraz, erakustaldi normal bat egingo dut". Erakustaldi horretara zein harri eramango dituen ez du oraindik erabat argi, baina, aurreratu duenez, "hiru bat harri ezberdin izango dira".

Iñaki Azurmendi

Trontzalariekin deman

Usabiaga ahizpez gain, goierritar ugarik parte hartuko du biharko saioan. Tartean izango dira, esaterako, hainbat segurar eta ordiziar, Iñaki Azurmendi aizkolari arriarandarra eta Maider Gaztañaga korrikalari ordiziarra. Azurmendi beti laguntzeko prest egoten da, eta oraingoan ere ez du hutsik egin. Emaneurreko kideen deia "gustura" jaso zuen, eta bihar Ordizian izango da Euskal Herriko txapelduna.

Bi metroko enborra ebaki beharko du, bi trontzalari trontzan ari diren bitartean. Aizkolariaren eta trontzalarien arteko dema izango da. Azurmendik enborra ebakitzen duen bitartean, Unai Iraola eta Jokin Garmendia trontzalari ikaztegietarrek hamar mozketa egin beharko dituzte.

Lehen aldiz ariko da Azurmendi trontzalari batzuen aurka, baina gogotsu dago: "Kirol ekitaldi bat da, eta txapelketa ez den arren, kirolarioi beti gustatzen zaigu irabaztea. Gogor lan egin beharko dute trontzalariek, ez baitiet lana erraz jarriko".

Lana hamar minuturen azpitik egin nahi du Azurmendik. Adarretan egon daiteke, ordea, aldea: "Adarren bat ateratzen bada, denbora gehiago beharko dut, eta trontzalarien aurka hori da gauza zailenetako bat; beste aizkolari batek adarra gainditzeko zenbat denbora beharko duen kalkula dezaket, baina trontzalariekin ez da horren erraza". 21:00 aldera hasiko dira lehian, baina Azurmendi goizetik ibiliko da Ordizian. "Goizean eraman behar ditut egurrak, eta nire saioaren aurretik ere pilotalekutik bueltan ibiliko naiz. Horrelako kirol ikuskizunak ikusteko aukera gutxi izaten da, eta antolatzen egin duten lanaren ondoren, ahal den guztia ikusteko ahalegina egin behar da gutxienez".

Beste kirolariekiko errespetuz ere gainerako probak ikusten ariko da arriarandarra. "Norbera lehian ari denean jendea guri begira egotea gustatzen zaigu, eta besteak ari direnean zer gutxiago gu ere ikusten egotea".

Maider Gaztañaga

Duatloian, bikoteka

Zintan korrika egin, arrabolean bizikleta proba egin eta berriz zintara egin beharko du buelta bihar Maider Gaztañaga korrikalari ordiziarrak. Duatloiko proban parte hartuko du, biko talde mistoan. Egoitz Zalakain, Aimar Agirresarobe eta Maialen Muñoz kirolariak izango ditu kide eta aurkari.

Sorpresa hartu zuen ordiziarrak Emaneurrekoen deia jaso zuenean, baina eguna noiz iritsiko zain dago orain. "Hasieran, ez nekien zer egin nahi zuten, baina ekitaldiari buruz geroz eta gehiago jakin, orduan eta interesgarriagoa iruditu zait. Oso ideia polita da, eta ea aurrerantzean jarraipena izaten duen".

Biharko eguna "entretenigarria" izango dela dio, eta orain aste batzuk Kilometroak jaiaren alde Tolosan egindako antzeko proba izan du gogoan: "Proba hark sekulako arrakasta izan zuen, eta bihar Ordizian egingo denak ere hala izango du. Harrituta geratu nintzen aurrekoan Tolosan zenbat jende zegoen saioa ikusten, eta Ordiziakoan ordu asko diren arren, bakoitzak nahi duena ikustera joateko aukera du".

Ahal den guztia ikusteko asmoa eta gogoa du; izan ere, "kirola gustuko duenak kirol denak ditu gustuko, eta Ordizian mota askotako kirolak egongo direnez, ez da aspertzeko astirik izango, nahiz eta zazpi ordu izango diren". Halako ekitaldiak indartzea eta babestea "garrantzitsua" da.

Informazio gehiago eta egitarau osoa:

Emaneurre.com

Baratze berriak, fruitu berriak

Pazientzia osoz zain dagoen belazearen moduan, udaberrian sartu orduko loratu da. Eta loraldi horrek abentura berri batean murgiltzera eraman gaitu ezinbestean; bost aktore, blog bat eta hamaika kontu. Taula gainetik izena du Ttalaka kultur elkartearen blog berriak; izenburuak berak arras nabarmen ageri du zertaz arituko garen, taula gaineko kontuak eta komeriak izango dira protagonista. Baina baita taula atzeko bizipenak ere, edota kamera arteko esperientziak. Idatziez gain, argazkiak edo bideoak ere jarriko ditugu blogean; batzuetan, hitzekin ezin da adierazi momentu batek sortzen duen emozioa; agian, momentu hori irudi bakar batean azal daiteke. Eta nola ez, polita da bidea eta gogoetak norbaitekin partekatu ahal izatea.

Arkaitz Gartziandiak, Egoitz Sanchezek, Dorleta Urretabizkaiak, Sara Cozarrek eta bostok osatutako talde ero-formala, bakoitza bere kontuekin, eta norbera bere burutazioekin. Blogaren bazterrak kuxkuxeatu nahi dituenaren zain egongo gara.

Beldurra sentitzen da, batzuetan, zapaldu gabeko bide berrien aurrean, baina lehenengo pausoa eman orduko ihes egiten du beldurrak —bazenekiten beldurra beldurtia dela? Aurre egin orduko koldartzen da—. Eta zapla, blogariak gara! Horren alderik atseginena, jendeari gure lanaren beste aurpegi bat erakutsi ahal izatea, antzokiko oholtza gainean ikusten ez duten hori hitzetan —edo argazkietan— adieraztea. Eta lanik zailena, nire kasuan, behintzat, informatikarekin bakeak egitera behartuta egotearen etsipena. Traketsa naiz teknologia kontuetan, baldarra erabat, eskuetan ur irakinez betetako edalontzi bat izango banu bezala sentitzen naiz ordenagailuko pantailan abisu txikiena azaltzen zaidan bakoitzean. Baina horretan ere ikasiko dugu, ze erremedio! Gure intentzioarekin eta blogaren sortzaile diren Arkaitzen eta Jokinen pazientzia amaigabearekin —amaigabea izatea espero dut, bestela gaizki gatxink— lan bikaina egingo dugulakoan nago.

Euskal kulturaren alde bultzada bat, kultura sortzen eta kontsumitzen duen herria garelako. Zuk zaindutako baratzeko tomateak jatea bezalakorik ez dagoelako. Udaberria hemen da, eta egin dezagun geure baratzea. Aisialdia euskaraz bizi nahi? Ttalaka.

Jokoa eta terapia, lagun artean

Hasi berri dute Bidania-Goiatzen Gipuzkoako III. Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa. Zortzi kirolari ari dira lehian, bikoteka; guztiak, Usurbilgo pilota elkartekoak: Hilario eta Edorta, Aizpe eta Beñat, Iñaki eta Aingeru eta Edurne eta Jurgi. Joan den larunbatean jokatu zuten lehiaketako aurrenekoa.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak elkarlanean antolatu dute txapelketa. 2006-2007an sortu zuten gurpil aulkiko paleta kirola. "Beste kirol batzuk egokitzen ari ziren, eta pilota Euskal Herriko kirol bat izanda, kirol egokitua sortzeari ekin genion. Hala, palakoa urritasun fisikoa dutenentzat moldatu genuen", azaldu du Jurgi Olasagasti bi taldeen entrenatzaile eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak.

Hasieran, aisialdiko jarduera fisiko moduan jarduten zuten palan. Baina, pixkanaka, txapelketetara animatu ziren. "Erakustaldiak egiten, partidak eta lehiaketak jokatzen hasi ginen pixka- naka. Orduan, nola arautu genezakeen pentsatzen hasi ginen, bikoteak orekatuagoak izateko. Urritasun fisikoen arabera, muga desberdina da. Beraz, urritasun fisikoaren eta joko mailaren arabera oreka bilatuz osatzen ditugu bikoteak". Gurpil aulkiko palako arautegiaren oinarria palarena da, baina aldaketa batzuk ere egin dizkiote: tresna aldetik, pala eta pilota arinagoak dira, pisuagatik. "Eskuarekin bakarrik ibiltzen direnez, ezin da jokatu bestela". Sakea hirutik bira da, eta laua pasa da. Berezitasun nabarmenena, berriz, bi bote eman daitezkeela da.

Hasieran jokalari gutxi zirenez, eurek sortu behar izan zuten arautegia: "Araudia guk geuk sortu genuen. Horregatik, arautegian edozeinek joka zezakeela gehitu genuen. Beraz, urritasun fisikoa ez dutenek ere joka dezakete. Kirol egokitu bakarra da inklusiboa dena: gizonek eta emakumeek denek nahastuta jokatzen dute, urritasuna izan edo ez". Hala ere, lehentasuna urritasuna daukatenek dute.

Baina kirol hori "oso garestia" da: "Aulkiek diru asko balio dute. Kirol hau egiten duen jende asko izatea ona litzateke, baina horrek atzetik azpiegitura handi bat eta, batez ere, diru asko behar du".

Beñat Lizaso da txapelketako lehiakideetako bat. Bost urte daramatza gurpil aulkiko palan jokatzen; gehientsuenek denbora hori daramatela dio. Pilotan jokatzeak askatasuna ematen dio: "Gehientsuenok lesio fisiko handiak dauzkagu, eta hau guretzat terapia bat da. Guri kirol honek askatasun handia ematen digu: biratzeko, aurrera-atzera... Palak hori ematen digu, eta baita lagunartean kirola egiteko aukera ere. Ondo pasatzeaz gainera, lehia puntua ere badu, galtzea ez baitzaigu gustatzen. Polita da". Txikitatik erakarri du pilotak, eta horretarako aukera eman dio gurpil aulkiko palak.

Konplikazio askorik gabeko kirola da, Lizasoren ustetan: "Guri erraztasunak emateko egokitu dute, beste kirol batzuk bezala". Hala ere, duten lesio fisikoaren araberako mugak dituzte: oreka, balantza, indarra eta mugikortasuna. Hala dio Andoni Aizpeolea Aizpe-k, Gipuzkoako txapelketan Lizasoren bikotekidea denak: "Lesio larriagoak ditugunok oso mugikortasun eta oreka gutxi daukagu. Horrek eragin handia du jokatzeko orduan; asko mugatzen gaitu abiaduran, mugimenduan, indarrean. Gerriarekin ez da ezer egiten".

Irabaztea, bigarren mailan

Muga fisikoak ez ezik, norberaren izaerak ere badu zerikusia, Aizperen ustez: "Batzuk oso lehiakorrak dira, eta beste batzuei hori ez zaigu hainbeste gustatzen. Nik beti kirol asko egin dut, baina bai bizitzan eta bai kirolean lehiakortasuna ez dut inoiz gustuko izan". Hala ere, lagunarteko lehiak tentatzen du: "Beti da atsegina irabaztea, baina galtzeak ere ez dit batere molestatzen".

Beste kirol batzuk ere egiten dituzte; Lizaso, esaterako, bizikletan ibiltzen da. 2012an Espainiako txapelduna izan zen pista estalian. Baina ondoren, eroriko bat izan, eta izterrezurra hautsi zuen. Orain, saskibaloia probatu nahi du, "aulkiari maina pixka bat hartzeko". Iaz hastekotan egon zen, baina denerako dirua ordaindu behar dela dio: "Nik 47ko elbarritasuna daukat, eta laguntzarik ez dut. Kirol batzuk egiteko gauza asko ordaindu behar izaten dira: belodromoa, kiroldegia, segurua... Baina polita da, eta, kirola egitea gustatuz gero, ez dago besterik". Aizpe, berriz, esku bizikletan ibiltzen da, Lizartza inguruan, Alegi aldean, Urbasan eta Araban. "Astegunean eta zirkulazio gutxi dagoen tokietan ibiltzen naiz".

Usurbilgo pilota elkartekoak dira denak, baina guztiak ez dira usurbildarrak: tolosarrak daude, soraluzetar bat, bidaniar bat... Ostegunetan Zubietan entrenatzen dira, eta txapelketako jardunaldi bakoitzean, bikote denek denen kontra jokatzen dute. Partida gehienak lehiakideen herrietan jokatzen dituzte; aurten, aurrenekoz jokatu dute Bidania-Goiatzen.

Usurbilgo taldeaz gain, Errenterian badago beste talde bat, Mindara elkartetik sortutakoa. Baina hasiberriak dira. "Aulkian jokatzen dute haiek ere, baina txapelketan ez dute parte hartzen, aurten hasi direlako eta txapelketa jokatzen ari direnekin konparatuta maila aldetik oraindik berriak direlako", esan du Olasagastik. Gipuzkoako txapelketan parte hartzen ari direnek hainbat urte daramatzate jokatzen, eta "nahiko maila ona dago".