Irakurketa errazeko taldea sortu nahi dute Oñatin

Oñatiko liburutegian badira irakurketa errazeko 80 liburu jadanik, eta irakurketa dinamizatzeko talde bat sortu nahi dute. Taldeko kide egiteko, liburutegian bertan eman daiteke izena. Bestalde, Helduendako Hezkuntza Iraunkorreko eskolarekin ere jarri dira harremanetan liburutegiko kideak.

Egokitua egokitzeko beharra

Etxea zimenduetatik egin behar da". Urko Egea donostiarra ari da hizketan; buruan ez ditu, ordea, adreilua, porlana eta hormigoia. Egitura aipatzen duenean, snowboard egokituaren barrunbeak ditu hizpide: "Protesia ondo egokitzea da oinarria, gero finkagailuak, taularen posizioa...". Pauso horiek eta hortik aurrerakoak ematea, baina, ez zaio nahi bezain erraza izaten. Aitor Puertas oiartzuarrarekin batera, Sotxiko Paralinpiar Jokoetan (Errusia) izan da Egea, snowboard proban lehiatzen. Biek diotenez, zailagoa izan zaie parte hartzera iristea, han lehiatzea baino, traba ugari gainditu behar izan baitituzte. "Ea hurrengo lau urteetan gutxieneko egitura bat dagoen, interesa duen edonork proba dezan".

Bata zein bestea gogor aritzen dira entrenatu ahal izateko. Egea Vaqueirako teknifikazio zentrora joaten da; lana eta entrenamenduak uztartzeak "ahalegin handia" eskatu diote azken lau urteetan. Puertasek, aldiz, AEBetan egin du prestakuntza azken urte eta erdian, neguko kirol egokituak biltzen dituen gune batean. "Horrek familiatik urrun egotea dakar, dirua…". 2013ko urtarrilean hasi zen snow egokituan, eta handik aste gutxira lehiatu zen lehenengoz nazioarteko proba batean.

Egea 16 urterekin hasi zen snowean, autodidakta moduan. Txikitatik izan du gustuko, eta, errepide istripua izan ondoren, 2011n parte hartu zuen lehen aldiz nazioarteko proba egokitu batean. "Banekien istripuaren ondoren fisikoki hobetzen joan ahala itzuliko nintzela, lehenago edo geroago". Hala ere, "bidea irekitzea" egokitu zaio, aurretik ez baitzegoen ez talderik, ezta lehiatzen zen kiderik ere. "Zure urritasuna egokitu behar duzu oholtzara, zirkuitua egitera, baina atzera begiratuta zailagoa izan da administrazio aldetik-eta izandako trabei aurre egitea, snowboarda bera baino: zailtasunak lehiaketetara izena emateko, adibidez".

Snowboard egokituaren eraikinak pieza asko ditu kolokan. Hala zerrendatu ditu Puertasek: "Informazioa beharko litzateke lehenik. Horrez gain, falta da snow egokituko entrenatzaile bat Espainiako taldean. Niri ez dit balio hanka zurrun jartzen duen entrenatzaile batek, ikusteko ea nik nola egiten dudan, protesi batekin ez da gauza bera. Eta falta da zirkuitu bat. Lehiaketara iristen gara, eta bakarrik egun batzuk lehenago aritzen gara pistetan. Beste taldeek negu guztia daramate praktikatzen, baita uda batzuek ere". Gainerako herrialdeetako kirolarien aldean eurek duten desabantaila aipatu dute; besteek dituzten teknikoak, entrenatzaile "oso onak", urte osoko entrenamenduak, pista egokituak, taula egokituak…

Alde guztien inplikazioa

Paralinpiar Jokoak izan diren garaian, "oihartzun handiagoa" izan du kirol egokituak: "Beste aurpegi bat ikusten diozu, orain arte ikusi ez duzuna". Egearen ustez, gizartetik eta babesleen aldetik badago inplikazioa kirol egokituarekiko, baina badaude aldatu beharko liratekeen hainbat arlo. Batetik, teknifikazio zentroei dagokienez, uste du "benetan pertsonak inporta zaizkien pertsonek" kudeatu beharko lituzketela: "Vaqueiran jendea ez dago pertsonengatik, ezta kirolarekiko maitasunagatik ere. Behar da inplikatuko den jendea, eta ez kirolaria izatea erreminta bat euren funtsak kudeatzeko". Bestetik, laguntzak ematen diren arren, ez dira kirolariengana heltzen: "Irits dadila ematen den laguntzaren zati handi bat kirolariengana".

Arlo ekonomikoari begiratuta, gastua ez da nolanahikoa. Puertasek azaldu duenez, protesi merkeenak 3.500 euro balio du, soilik belaunerako: "Nik negu honetan bi hautsi ditut, eta beste bat erosi behar izan dut, garestiagoa". Hanka osorako protesiek, berriz, 12.000-15.000 euroko prezioa dute. Oiartzuarrak kalkulatu du bi denboralditan AEBetan egindako egonaldietan 21.000 bat euro gastatu dituela, joan-etorriak eta lehiaketak sartu gabe. Egeak, berriz, Vaqueirako joan-etorriak eta 2011tik parte hartutako lehiaketak pagatu behar izan ditu.

Hilabeteetako "ahaleginari" emandako saria izan da Puertasentzat Sotxira iritsi ahal izatea, "opari bat". Egea ere bat dator: "Luxua izan da, errealitate egindako amets bat". Harentzat, gainera, lau urteko bidearen helmuga gozoa izan da: "Hasi nintzenetik bazegoen gogoa helburu komun bat lortzeko: snowboarda kirol egokituaren barruan sartzea. Kirol bat ofizialtzeak, egitura olinpikoaren barruan sartzeak, esan nahi du herrialdeak laguntzak izatea, eta, horrela, kirol horren garapena herrialde horretan azkarragoa da. Oso polita izan da Vancouvertik hona guztion artean eman diogun bultzada".

Lehiaketa "historikoa" bizi dute, aurten lehenengoz sartu baita snowboard egokitua Paralinpiar Jokoetan. Ahalik eta saio onenak egitera joan arren, "nahiko balentria" egin dute hara iritsita. 17. postuan sailkatu zen Egea; 30. lekuan Puertas. Haiekin batera izan zen Jon Santacana eskiatzaile donostiarra ere; urrezko domina eskuratu zuen jaitsiera proban, eta zilarrezkoa slalomean.

Etorkizunera begira, bide beretik jarraitzeko asmoa dute. Puertasek orain arte zuen nahia betetzeko lanetan segituko du: 2018ko Koreako Jokoetan egotea. Printzipioz, AEBetara joateko asmoa du berriro: "Han daude onenak: protesien sortzaileak, entrenatzaile onenak, pista onenak…". Egearen helburua Sotxin lehiatzea zen, eta lortu du. Koreara postu hobeago baten bila joateko, lanak ematen dizkion aukerak aztertuko ditu lehenik: "Lanaldiaren murrizketa izatearekin konformatuko nintzateke, gutxienez neguko bi-hiru hiletan".

4

Zarautzen olatuek eraginiko kalteak konpontzeko milioiak. Espainiako Ingurumen Ministerioak lau milioi euro emango ditu denboralean izandako olatuek Zarautzen eraginiko kalteak konpontzeko. Lau txandatan banatuko dute diru kopuru hori.

Jardunbide Egokien 2013ko Saria Irakurketa Errazari

Herrialde Katalanetako ALF Irakurketa Errazaren Elkarteak urtero ematen du Jardunbide Egokien Saria, eta iazkoan Euskadiko Irakurketa Erraza elkarteari eman zion. Elkarte horrek aurkeztutako proiektuek irakurketa errazaren dinamizazioa sustatzen jarre...

Eliz musika sei auzotan

Musika

Donostia

Gaur hasiko da eliz musikaren zikloa, Donostian. 25. aldia du aurten, eta, guztira, sei emanaldi aurkeztuko dituzte hainbat taldek hiriburuko zenbait elizatan, apirilaren 11ra bitarte. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.

Amara, Ibaeta, Loiola, Aiete, Gros eta Altzako elizek hartuko dituzte saioak. Lehena Iagoba Fanloren eskutik helduko da, gaur, 20:00etan, Amarako Karmeldarren elizan. Bakarkako biolontxelo errezitala egingo du, eta hainbat musikagileren obrak interpretatuko ditu; besteak beste, Bach, Benet Casablancas eta Gyorgy Ligetirenak.

Igandean, Araoz gazte abesbatzaren txanda izango da, Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian, 18:00etatik aurrera. Easo abesbatzaren taldeetako bat da, eta 12 eta 17 urte bitarteko neskek osatzen dute. Beste abesbatza batek jarraituko du egitarauarekin; Landarbaso abesbatzak, hain justu. Apirilaren 4an emango du kontzertua, 20:00etan, Loiolako parrokian. Errenterian sortua, gaur egun 49 abeslarik osatzen dute abesbatza, Iñaki Tolaretxipi zuzendari dutela.

Apirilaren 5ean, hirukote baten saioa entzun ahal izango da, 20:30etik aurrera, Aieteko Gurutzeaga elizan. Miren Urbieta Vega sopranoak, Erlantz Fernandez tronpeta jotzaileak eta Arkaitz Mendoza organistak osatzen dute Trio Easo. Hurrengo egunean, berriz, Groseko San Ignazio elizak hartuko du zikloa: Orfeoi Gazteak kontzertu bat emango du, 18:00etatik aurrera. Azken saioa Eskifaia eta Xatz Eskifaia abesbatzen eskutik iritsiko da, apirilaren 11n, 20:30ean, Altzako San Martzial parrokian.

Irabazleen lanak, entzungai

Zikloaren 25. urteurrena ospatzeko, Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak konposizio lehiaketa bat antolatu dute aurten, eta bi musikagile gazteren obrak saritu dituzte: Juan Manuel Moranen Salbea eta Marta Lozanoren Aita Gurea. Bi lan horiek prestatu dituzte Eskifaia abesbatzako kideek, eta euren emanaldian kantatuko dituzte. Landarbaso abesbatzak ere Aita Gurea obra landu du; Loiolako parrokian entzun ahal izango da.

ARESTI GOGOAN, KILOMETROEI BEGIRA

Kilometroak jaia urrian egingo badute ere, urte osoan askotariko ekintzak antolatzen ari da Orioko Herri Ikastola. Gaurko, esaterako, Gabrielen lekua ikuskizuna prestatu dute; 22:00etan izango da, Ikastolako areto nagusian —180 lagunentzako tokia du—. Dantza, musika, antzerkia, poesia eta irudia uztartzen ditu saioak, eta asmoa da Gabriel Arestiren obra eta pentsamenduaren bitartez ikuslearengan gogoeta eragitea. Sortze prozesuan parte hartu dutenen artean daude Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan idazlea, Rafa Rueda musikaria eta Alain Urrutia artista. Irudian, Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi aktoreak, lanaren proba saio batean.

‘Mall walkers’

Euskaldunak Pirinioen bi aldetara paseatzen dugun herria gara. Gipuzkoan bederen ibiltarien kopuruak izugarriak dira, eta munduan antzeko fenomenorik aurkitzekotan AEBetara edo Kanadaraino joan behar da, hango saltoki handietan ibiltzen diren mall walkers direlako antzeko zerbait. Har dezagun munduko saltoki eremu handiena omen den Kanadako Edmonton hirikoa: 500 denda ditu, elizak, ezkontza lekuak eta hileta zerbitzuak. Egunero eremu horretako pasillo amaigabeetan barrena 200 bat mall walkers ibiltzen omen dira. Leku horretan, jakina, ez du hotzik ez berorik egiten, begiraleak dituzte kameren bidez zaintzen; leku segurua da, beraz. Saltokiko ibiltariok elkarte indartsuak dituzte, ekintzak programatzen dituzte eta ibilaldia bukatu ondoren pizza bana jaten irudikatzen ditut bertako jatetxe italiar merkeetan.

Gurean, noski, zifrek gora egiten dute. Zarautz-Getaria pasealekua osorik zegoenean nahikoa zen igande goiz eguzkitsu batean begira jartzea Edmontoneko 200 paseatzaileen zifra barregarri uzteko. Gauzak neurtu egin beharko lirateke, jakina. Norbaitek esan zuen leku batean zeuden behiak kontatzeko soziologoek abereen hankak kontatu eta zati lau egiten zutela. Kasu horretan zati bi egin beharko lukete, baina badakit Donostia biltzen zuen ibilbidean, aipatutako Zarautz-Getarian edo berdin dio Azpeitia eta Azkoitia lotzen dituen ibilbidean ibiltarien kopuruak handiagoak direla. Gipuzkoako herri txiki bakoitzak eratu du bere ibiltarien zirkuitua, eta portzentajeetan zalantzarik ez dago Europako txapeldun izateko bidean gaudela kirol horretan, frantziarrak petankan edo suediarrak curling-ean bezalatsu.

Hau berria da, noski. Seguru nago Osakidetzako kontsignaren batek izan duela eragina. Argiñanok ere bere pantaila txikiko pulpitutik egunero ordubete ibili behar genuela predikatzen zuen. Ez da gure ariketa esklusiboa. Zoazte Parisko Luxenburg lorategietara edo NewYorkeko Central Parkera edo Londresko Hyden Parkera eta ibiltariak ikusiko dituzue, baina ez doaz gure sinesmenarekin. Alemanian, esate baterako, txorien txorrotxioak entzutera ateratzen dira taldeka; Parisen presidenteari eta bere ohaideari buruzko azken txutxu-mutxuak irratian entzunez doaz, eta New Yorken eta Londresen katagorriei jaten emateko gelditzen dira. Gu ez, gu kirola egitera ateratzen gara, mendizale izan ginen garaian bihotza euskaltasunez egurastera ateratzen gineneko suhartasun berarekin.

Ibiltarien moda berria dela esan dugu, baina ez da erabat egia. Magrisek bere Danubio famatuan kontatzen du XVI. mendean bidaia luzeak eginez sendatzen zirela buruko hainbat gaitz. Hor dago Patrick Süskinden Sommer jaunaren istorioa nobelako protagonista, geldirik egoten ez dakien gizona. Hor dago judu errariaren mitoa… Lehen bakarrik ez, gaurko Europan ere ezbehar larri bat izan duen jendea etxea utzi eta ibiltzera ateratzen da. Ikusi, bestela, Santiago Bidea egitera datozenak. Bidea egin dutenek diotenez, aterpetxean afari legea egin eta hizketan hasten direnean gehienak beren bizitzako ezbeharrak kontatzen hasten omen dira.

Neu ere oharturik nengoen gaixotasun mentalen eta ibili beharraren arteko loturaz, behin Arrasateko Santa Agedako sarreran dagoen lorategira joan eta aulki batean eserita ordubete eman bainuen bertako internoen ibiliei erreparatzen. Ondoriorik ez dut aterako, baina askotan dago ibili behar hori gehiegi pentsatzearekin lotua. Grezia zaharreko filosoforik handienetako batek, Sokratesek, metodo peripatetikoa erabiltzen zuen filosofia erakusteko: ibilian ematen zituen lezioak.

Itsasoak edo itsasoko denboraleak kostako pasealekuak berriki desegin dituen honetan, ez dakit gure herrietako alkateek zer argudio erabiliko dituzten Madrilgo ministerioei presa sartzeko. Seguruenik turismoak izan ditzakeen kalteak aipatuko dizkie. Nik, zeharka bederen, gaitz mentalen arriskua aipatuko nieke, euskaldunok, buruan kableak gurutzatzen zaizkigunean, arriskugarri bihurtzen baikara.