Gure Antxieta

Apirilaren 2an, Frantzisko aita santuak Jose Antxietaren kanonizazio dekretua sinatuko du. Brasilgo apostolu kontsideratua, Jose Antxieta Tenerifeko San Cristobal de la Lagunan jaio zen, 1534an, baina euskal jatorrikoa zen. Haren aita Joan Antxieta Zelaiaran, Antxieta abizena daramaten beste asko bezala, Azpeitiko Urrestilla auzokoa zen. Carlos V.aren eskribaua zelarik, Joan Antxietak Kanariar uharteetara joan behar izan zuen epaiketa batean notario lanak egitera. Han Mencia de Clavijorekin maitemindu, ezkondu, eta Tenerifen bizitzen geratu zen.

Bada beste anekdota bat Jose Antxieta Euskal Herriarekin lotzen duena. Bere azken eskutitzetako batean, Brasilgo Jesusen Lagundiko probintzial izandako pertsonen jatorria zehazterakoan, bere burua vizcaíno moduan identifikatu zuen. Berari galdetu beharko genioke zergatik idatzi zuen euskalduna zela Tenerifen jaioa izan arren eta 44 urtez Brasilen bizi izan arren; baina Juan Plazaola maisuak esaten duen bezala, nahiko arrazoi bada hori, gu orain pertsonaia erraldoi honengana jakin-minez eta estimaz inguratzeko (Los Anchieta, 1997).

Antxietari buruz zer edo zer irakurtzen duenak euskal jatorri hori baino arrazoi ederragoak aurkituko ditu, ordea, hura estimatzeko. Bere bizitza ezagutzea, beste jesuita askoren kasuan bezala, abentura harrigarriz beteriko kontakizun batean murgiltzea da. Egia da garai hartako ebanjelizazioa ulertzeko modu zurrunaren isla dela Antxieta. Baina, aldi berean, jendea kristautzeko modu aproposena, tokiko kultura maitatu eta bertara egokitzea dela sinetsi zutenen adibide ere bada; eta fedeak bultzatutako ausardiaz eta kemenez, ebanjelizazioa ahulenen defentsarekin uztartu zutenena. Jesuita horiekiko miresmenez bakarrik irakur daitezke Pedro Fernandes Sardinha Brasilgo lehenengo gotzainaren gaitzespen hitz gogorrak: jesuitek indigenei aitortza itzultzaileen laguntzaz ematen zietelako, haur indigenek kantuan katixima doinu paganoekin uztartzen zutelako, misiolariek indigenekin dantzan egiten zutelako, edo indigenak biluzik egoten zirelako haiei entzuten.

19 urterekin nobiziotza amaituta, Antxieta Ameriketara joan zen. Han indigenekin batera bizi izan zen, aldi berean jesuita eta indigenen bizileku eta haurrentzako eskola ziren etxoletan. Iritsi eta berehala Antxieta jesuita gazteak tupi hizkuntza ikasi zuen, eta, hizkuntzarekin batera, baita hango indigenen kulturaren beste hainbat ezaugarri ere: botanika, teknika sendagarriak, artisautza... Berarekin egon zen lurralde haietan jesuita euskaldun bat ere, Antxietaren antzera ibili zena: Juan Azpilikueta nafarra. Horrek tupi hizkuntza hain ondo menperatzen zuen, lekukoek haren ama hizkuntza euskarari egotzi zioten erraztasun hori: "Porque o tupi se assemelhava ao seu vasço natal".

Antxietak tupi hizkuntzaren lehen gramatika eta hiztegia idatzi zituen, eta berea da Ameriketako hizkuntza indigena batera itzulitako lehen katixima. Idatziak utzi zituen tupi hizkuntzan hainbat olerki eta antzezlan ere. Bere antzerkigintzaren unibertsaltasuna goraipatu zuen orain dela urte batzuk Eugenio Arozenak, Antxietaren heriotzaren laugarren mendeurrenean Azpeitiko Udalak argitaratutako liburuan (Aita Jose Antxieta dohatsua, 1997). Horregatik guztiagatik, Brasilgo Letren Akademiak eta Brasilgo Historia eta Geografia Institutuak herri hartako kulturako izen handitzat dute.

Hango hizkuntza eta kulturari ekarpen horiek egiteaz gain, bakegintzan ere aritu zen Antxieta buru-belarri. 1563an tamoio indigenekin bakea lortzeko espedizio bati ekin zion. Indiar lurretan sartu zen, Caoquira izeneko tamoioarren buruzagi nagusia bizi zen lekuraino. Bakea lortzeko ahaleginek porrot egin zuten, eta Antxietak bost hilabete igaro zituen indigenen eskuetan preso, baina hainbat buruzagi indigenen begirunea lortu zuen. Tamoio indigenekin bizitako pasadizoak De Beato Virgine Dei Matre Maria olerkian bildu zituen, tradizioak dioenez hondartzako hondarrean idatzi eta ondoren buruz ikasi behar izan zuena. Askatasuna berreskuratuta, hango gerra odoltsuan bi aldeetako zaurituak artatzen aritu zen.

Brasil esklaboen iturri nagusia zen garai hartan, eta horrek aurrez aurre jarri zituen kolonoak eta jesuitak. Antxieta indigena eta mestizoen eskubideen defendatzaile bihurtu zen, eta haiek ehizatu eta esklabo saltzearen kontra predikatu zuen. Antxietaren ikuspegi humanista argi azaltzen da bere sermoietan: "Gauzak duten balioan estima ditzagun, eta ez diezaiogun, beraz, indioari dirua kostatu zaidan memelo eta basati moduan begiratu, baizik eta beragan ikusiaz Kristo gure Jaunaren irudia, zeina esklabo egin zen esklabo hau salbatzeko, eta ni neu ere, deabruaren esklabo nintzena, salbatzeko". Beste batzuetan, bere ahotsak tonu bortitz eta profetikoagoa hartzen du. 1574ko prediku batean, adibidez, Antxieta jakitun zen esklaboak ehizatzeko beste espedizio bat prestatzen ari zirela, eta honako hauek jaurti zituen: "Jaunaren etxeko txakur bat naiz ni. Eta ez diot zaunka egiteari utzi. Esaten dizuet, Jaunaren partetik, ez ditzazuela portutik ontzi horiek atera, gurekin bakean bizi diren eta gure adiskideak diren indioak ohi duzuen moduan harrapatzeko". Azkenean Bahiako agintariek indigenak esklabo bihurtzea debekatu zuten. Garaipen garrantzitsua izan zen jesuita eta esklaboentzat.

Horretaz guztiaz gain, aipa genezake Antxieta Sao Paolo hiriko fundatzaileetako bat izan zela ere, jesuiten nagusi zelarik lurralde zabal hartan barrena batetik bestera bidaiatu zuela oinutsik erromesen moduan; han eta hemen eskolak sortu zituela, eta Paraguaiko erredukzio jesuita entzutetsuen hazia ipini zuela indigena guaraniekin lan egingo zuten lehenengo jesuitak hara bidaliz. Antxietaren bizitzak bost edo sei filmetarako osagaiak ematen ditu gutxienez. Hizkuntza eta kultura, bakegintza eta giza eskubideen defentsa azpimarratu nahi izan ditugu hemen, Antxieta kanariarra "geure" bihurtzeko arrazoi ederrak iruditzen baitzaizkigu, bere jatorri vizcainoa aparte utzita ere —Plazaola miretsiaren baimenarekin—.

Hori gutxi balitz, indigenen testigantzen arabera hainbat mirari egiteko gauza zen Antxieta: otoitzean lurretik gora hegan igotzen ikusi omen zuten, gaixotasun larriak aise sendatzen omen zituen eta basapiztiak lasaitu, lehoinabarrek bere oinetan musu ematen zioten eta txoriak elkartu egiten ziren zeruan lainoak osatuz bera eguzkitik babesteko.

1597an, Antxieta hilzorian zegoenean, indigenek prozesio handi bat antolatu zuten, eta Antxietak haien kantuak ohetik entzun ahal izan zituen. Ekainaren 9an hil zen, eta ondoren bere gorpua hirira zeramatenean, indigenak ateratzen ziren bide bazterretara errezoan eta kantuan hari azken agurra eskaintzera. A ze filma ari den Hollywood alferrik galtzen!

Parte hartzerako endredoak

Hausnartzeko, ezagutzen duguna zalantzan jartzeko, beste modu eta aukera batzuk egon daitezkeela pentsatzeko, emakumeen hitza eta erabakia defendatzeko beharrari erantzuteko…” jarri dute abian Andredetan prozesua Arrasaten, Bagara Herrigintzaneko teknikari Iraitz Agirreren hitzetan. Emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatzea da aurkeztu berri duten partaidetza prozesuaren helburua. Hilabete honetan abiaraziko dute, eta uztailera arte iraun dezakeela aurreikusi dute. Prozesuaren helmuga gisa emakumeen parte...

Mugi sistema Lasarteko hiri autobusera iritsiko da aurten

Herriz herri eta geltokiz geltoki, zabalduz doa Mugi sistema Gipuzkoan. Garraio publiko guztietan tarifa sistema bateratua ezarri eta euskarri bakarra erabiltzeko asmoz sortutako sistema da, eta urtebete igaro da martxan jarri zutenetik: denbora tarte horretan, 60 milioi bidaia egin dira lurralde osoan Mugi txartela erabiliz. Bidaia horiek gero eta gehiago izan daitezen, hurrengo geralekua zehaztu dute jada: urtea amaitu baino lehen Lasarteko hiri autobusera heltzea aurreikusi dute.

Urteurrenaren aitzakian, hamabi hilabeteko balantzea egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak. Horren arabera, gipuzkoarren %63,97k dute egun Mugi txartela, guztira 465.286 txartel daude, eta lurraldeko garraio sarean egindako ordainketen %86 txartel horren bidez egin dituzte.

Sistema abian dagoen garraio gehienetan txartela izateak deskontuak dakartza erabiltzailearentzat —Renfe eta Oiartzungo hiri autobusetan oraingoz ordainketa egiteko soilik balia daiteke—. Hilero 252.000 gipuzkoarrek erabiltzen dute, eta geroz eta gehiago erabili, orduan eta deskontu handiagoa egiten da. Baina, urteko datuen arabera, erabiltzaile gehienek, %70ek, bat eta hogei bidaia artean egiten dituzte hilean, eta, beraz, %45eko deskontua izan dute. Soilik erabiltzaileen %5ek lortu dituzte %90era arteko deskontuak —51 bidaia baino gehiago egitea esan nahi du horrek—.

Deskontuekin batera, penalizazioak ere egoten dira, baina lehen urtean soilik Mugi sistemaren erabiltzeen %1ek jaso dute halako zigorren bat. Irteterakoan txartela makinatik ez pasatzea izan da horretarako arrazoi nagusia.

Aurten, Zarauzko hiri autobusa izan da sistemara batzen azkena. Urtarrilaren 8an jarri zuten martxan, eta, geroztik, herritarren aldetik "harrera bikaina" izan duela nabarmendu dute. Lurraldeko beste hainbat herritan gertatu den bezala, herrian informazio gune bat jartzea baliagarria izan zaie zalantzak argitu eta txartel berriak egiteko. Denbora tarte horretan, berrehun bat eskaera jaso zituzten.

Zabor fauna

Zabortegiak birplanteatzen ari garen garai berezi hauetan, nahi gabe, birplanteatzea eta ezabatzea sinonimoak direla konturatu gara. Zabortegiak gaur egungo gizartearen arazo bat direla ezin inork uka, eta arazoak badira, kalteren bat egiten dutelako izango da.

Mikrofonoen aurrean mila aldiz esaten diren ingurumenean, osasunean eta ongizatean duten eraginaz aparte, bada beste eragin bat ez dena inoiz mahai gainean jarri: zabortegiek bertako faunan dutena. Ez naiz ari inguruko animaliei eragiten dien osasun kalteez edo zabortegi bat irekitzean ezabatzen diren habitat ezberdinez, animalien jokamoldean dauden eraginez baizik.

Izan ere, zabortegi bat altxor bat da inguruko animalientzat, han biltzen baitira inguruko hondakin organiko kantitate ikaragarriak; guretzat zabor usaintsu eta nazkagarriak direnak, jaki eskuragarriak dira zenbait animaliarentzat. Animalia basati eta erdi basati batek ez dio muzin egingo horrenbeste janari eskuragarriri; beraz, ez da harritzekoa zabortegi bat iman bat izatea inguruko faunarentzat. Besteak beste, kaioak, azeriak, arratoiak, zakurrak, katuak eta oraindik neurtu gabeko animalia kopuru handiak biltzen dira egunero horien inguruan.

Lehen basoan zelatan eta ehizan zebilen azeria orain zabortegien barrenean dabil hondakinetan muturra sartuta, bere eguneroko dieta eta milioika urtean garatu duen jokamoldea erabat aldatuta. Lehen itsasoaren azalean mokoa barneratuz arrainak harrapatzen zebiltzan kaio taldeek orain goizero zabortegira migratzen dute. Arratoi erraldoiak libreki bizi dira beren zabor paradisuan, konpostagailuan noizean behin agertzen den sagutxo ñimiñoaren Zumosoleko lehengusua. Kezkagarriena, ordea, ikusten ez dena da: gure gaurko espezieetatik zeintzuk ote dira zabortegietako ohiko bisitariak? Agian, lehengo larunbatean ehizatu berria zen basurdea zabortegi baten inguruan hazi da, zabortegia izanik aspaldian bere eguneroko jantokia. Baso ilun eta zahar batean, egoera naturalean hazi den basurde osasuntsu bat jaten ari garela uste dugun arren, litekeena da basurde horrek bere bizi guztia zabortegitik elikatzen igaro izana. Ez al du egonezina sortzen?

Gurean, ezjakintasunagatik, adibide gutxi dauzkagu; baina bada adibide xelebre bat Kenia eta Tanzaniako zabortegietan babuino deritzan tximu ipurdi urdin batekin gertatzen dena, eta apur bat pentsarazten duena. Babuino horiek taldekoiak dira, eta badaude belaunaldietan zabortegietan bizi diren taldeak. Zabortegietako talde horiek ez dute inoiz sabana edo oihana ezagutu; haien bizilekua zabortegia da. Itxura ere ezberdina dute: ile grisa izan ohi dute, eta sabanako babuinoak baino lodiagoak izan ohi dira. Babuinoekin batera, beste milaka espezieren artean, zabortegietako zakurrak bizi dira, eta babuino taldeek zakur horiek etxeratzeko joera dute. Txakurkume bat txikia denean, babuinoek amarengandik bahitzen dute, eta taldeko beste babuinoen artean hazten dute, zakurra taldeko bat gehiago bihurtu arte.

Jokaera harrigarri horrek abantaila asko ematen die babuinoei, zakurrak babuino taldea babestu eta ingurua zelatatzen baitu. Horrela, zakurra duten babuino taldeek inguruko babuino taldeak uxatzen dituzte, eta janari gehiago eskuratzeko aukera dute, bizitza deritzon lasterketa gogor horretan lehen postua lortuz.

Ziur nago gurean ere hainbat espezieren jokamoldeak aldatu direla zabortegien eraginez; ziur nago jokamolde aldaketa horiek inork ez dituela ikertu eta honezkero baditugula basorik ezagutu ez duten azeri belaunaldi berriak, hildako animaliarik jaten ez duten sai taldeak eta mendiaren ordez beren bizilekua zabor mendietan duten orkatzak. Eta horiek erraz ikusten diren animaliak dira; zer gertatzen ari ote da intsektu edo bestelako animalia txikiekin? Edo lurpeko animaliekin? Oso interesgarria izango litzateke behingoz begiak ireki, eta zabortegiak zoritxarrez gure ekosistemen zati bihurtu direla onartzea.

Gure etxetik egin dezakegun bakarra hondakin organikoak zabor poltsatik kentzea da, hori baita fauna zabortegietara erakartzen duena, eta, bide batez, gehixeago birziklatzen badugu, zabortegi bat edo beste desagerraraziko dugu.

Gipuzkoan 50 ibilbidetik gora deskatalogatu dituzte

Ibiltzen gozatzen dutenen artean, mendi ibilaldiak egitea denbora-pasa zen lehen; orain, ia kirol modalitate bihurtu da. Maldatsuak, lauagoak, laburrak, hainbat egunetan egiteko modukoak... Ibiltari guztien neurrira egindako ibilbideak aurki daitezke....

Etorri da Joxepa…

Goizeko zortzi eta erdiak aldera jotzen zuen txirrina Olaldeko Joxepa esnezaleak. Marmita beteta etortzen zen, jetzi berriko behi esnea zeramala. 4 bat urte nituenetik gogoratzen dut goizeroko eszena hura: "Etorri da Joxepa; hasi da eguna", pentsatzen nuela uste dut. Etxeko sukaldera sartzen ziren ama eta biak berriketan, ni ere atzetik, "handien kontuak" entzuteak sorrarazten zidan begirune isil horrekin. Amak jarritako eltzera isurtzen zuen esnea lehendabizi, eta ni inbidiatan begira nengoela ohartu orduko, nire jostailuzko eltzetxoa betetzen zidan. Orain konturatzen naiz marmita handi hartatik jogurt pote bat baino txikiagoa zen eltze txikira esnea txukun botatzeak zeukan zailtasunaz. Baina Joxepari erraz ateratzen zitzaiola zirudien: beti irribarre batekin, tanta bakar bat ere alferrik isuri gabe, bere behien esnearekin betetzen zuen nire jostailua.

Alde egin orduko jartzen zuen amak esnea egosten; oinetakoak jartzen zizkidan jarraian. Bor-bor egin orduko itzaltzen zuen; esne gain lodi hura lehertzear dagoen sumendi baten moduan ikusteak lilura eta nazkaren arteko sentsazio bat eragiten zidan —baina lilurak irabazten zuen beti nazkaren gainetik—. Esne egosi berriaren usain sakonak sukaldetik haragoko zirrikituak inbaditzen zituen bitartean, amak eskolara joateko orrazten ninduen. Kafesne-zopa katilukada bat gosaldu, eta eskolara. Kafesne esan dut, bai, ez larritu; esnea zen kafe ttantta batekin, eta ez, ez naiz txikia geratu horregatik, genetika kontuengatik baizik.

Irratian entzun dut hamaikagarren aldiz behi esnea ikaragarri txarra dela, eta agian ez dute arrazoirik faltako, baina estresatu egiten nau une oro moda horiei jarraitu behar izateak. Gizakiak omen gara animalia bakarrak beste ugaztun baten esnea hartzen dugunak; hori ez omen da naturala. Horrez gain, hazteko garaian soilik hartzen den elikagai bat omen da esnea, eta behin heldutasunera iristean ez omen dago inongo arrazoirik hori hartzen jarraitzeko; hori ere ez omen da naturala. Behiek, zaldiek, elefanteek, tximinoek... ez omen dute sekula halakorik egin, esnea kumeei soilik ematen zaielako. Bai, ados, baina egunean Ducados paketea erretzen duen elefanterik ez dago, Facebookera kateatuta orduak pasatzen dituen tximinorik ere ez, eta ezta ondo pasatzeko kokaina gramo bat behar duen behirik ere; konparatu behar bagaituzte, konpara gaitzatela osotasunean; esnea da gutxienekoa! Duela urte batzuk soja esnea zen alternatibarik onena. Modan jarri zen; soja esnea edaten ez bazenuen, ez zinen batere guaya, eta orain esan dute hori ere ez dela guztiz osasungarria, tiroide kontuetarako, batez ere. Esnerik osasuntsuena gameluarena dela entzun dut irratsaio berberean, baina zapore txarra omen dauka, "earki gatxik!". Beste aukera bat, erle esnea: oso osasungarria, baina ikaragarri garestia —ez dut imajinatu ere egin nahi nork eta nola jezten dituen erleak; hori bai ez dela naturala!—.

Moda eromen honen erdian, estresatzen hasi orduko, irratia itzali dut, begiak itxi ditut, eta kafesne katilu epela eskuen artean dudala denboran atzera egin dut berriz ere; goizeko zortzi eta erdietan Joxepak txirrina jotzen zueneko istant horretara jauzi egin dut, modak ezagutzen ez nituen goiz haietara. "Etorri da Joxepa; hasi da eguna".

228.000

Parte hartzeko aurrekontuetan jardungo duten herritarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak lau eskualdetara hedatuko du aurten partaidetzazko aurrekontuen egitasmoa. Bi milioi euro jarriko ditu aldundiak 228.000 herritarren esku, haiek erabaki dezaten non inbertitu.

Larrialdian, gertuko laguntza

Muturreko egoera batean dagoenak baino ez daki buru barrutik zer pasatzen zaion. Nora joan, norekin hitz egin, nori eskatu, zer eskatu? Galdera horiek argitzen laguntzeko abian da Erletxea, Bidasoko gizarte mugimenduetako boluntarioek Irungo Kale Nagu...