Trinitatearen azken erpina

Unaik azaldu zidan hiri berri batera luzarorako aldatutakoan ahalik eta lasterren ezinbesteko binomioa topatzea komeni dela: ile apaintzailea, batetik, eta arrasto eta pilula fidagarriak pasako dizkizun gamelua, bestetik. Dezente bidaiatutakoa da mutila, orrazkera dotoreekin ikusi izan dut beti, eta, aurreko iruzkin deigarriak egiaztatzen duenez, jakituria erein, gorde eta zabaldu egiten du. Erreparoa eragiten dit horregatik Unairen teoria landu hori zuzentzeak, baina metodo zientifikoak aurrera egingo badu, behar-beharrezkoa da. Izan ere, nire ustez bada pare sakratu hori trinitate zerutiar bihurtzen duen beste osagai bat: etxeko egongelak bezain goxo hartuko zaituen taberna zuloa.

Etxebizitza berriaren bila ari garela ingurumarian dauden ostatuak bertatik bertara ezagutzeari askoz garrantzitsuagoa deritzot eraikinak igogailua edo trastelekua ote dauzkan egiaztatzeari baino. Zurezko zorua, leiho zabalak, edabe goxoak, eserleku erosoak eta tabernari adiskidetsua uztartzen dituzten oasien inguruan hedatzen dira auzo bakoitzeko urrezko metroak.

Benetako paradisuaren sukurtsal diren txoko horiek labana suitzarrek baino erabilera gehiago dituzte. Bazkalondoko kafetxorako —ostiraletan eskoziarra!— ezin aproposagoak dira, batetik. Tarte motel horietan, begi batekin nobelaren hogei orrialde irakur ditzakegu besaulkian bapo eserita, eta beste begiarekin kaletik pasatzen diren neska gazteak zelatatu. Lanegun neketsu baten —algararik ez, familia— ondorengo deskonpresiorako ere ez dugu tresna hoberik aurkituko. Barran trankil berdindutako ardotxoa da elixir eraginkorrena horrelakoetan. Azkenik, afalosteko tertulia mamitsuenak, Unairekin berarekin, adibidez, hantxe izan ohi dira, telebistarik batere gabe ausart jarraitzen duten lokaletan batez ere.

Hiru hilabete baino ez dira azken mudantza burutu nuela, eta loteria tokatu zaidan sentipenarekin bizi naiz. Estefak guraizeak maisuki astintzen ditu, trinitatearen bigarren erpinari buruz ez dut adierazpenik egingo, eta atarian bi taberna zulo zoragarri dauzkat. Laidak Berndek gobernatzen du, eskola zaharrari leial: Zwickl garagardo harrigarriaren bila datozen eliztarrekin tragoak eta zigarretak partekatzen ditu, eta pertsiana berak altxatu eta jaisten du, egunero. Cafe Ole-n, Sezer gormutu maitagarriak bere espresso bortitzak eta azenario tarta zoragarriak zeinu hizkuntzan nola eskatu behar dizkiogun erakusten digu, ahotsa eduki bai baina horrelako tratua taxuz eskertzen ez dugunoi.

Atea gurutzatzen dudanean biek egitekoari utzita nigana hurbildu eta eskua ematen didaten bakoitzean, azaroko lehen hozkirriekin aitak tximinia piztu eta bertan egindako oilasko hegoak familia giroan afaltzen dituguneko gorputzaldi berbera jartzen zait.

Ilargipean ezkutaketan

Gauza jakina da kontrabandoa mugak asmatu zituztenez geroztik existitzen dela. Gauaren iluntasunean, ilargia betidanik izan da mugen inguruan ezkutuan lanean aritutakoen gidari. Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa batzen diren tokian, mendian, hamaika bide...

1.400

Zero Zabor tailerretan parte hartu duten ikasleak. Gipuzkoako ikastetxeetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, 1.400 ikasle aritu dira Zero Zabor tailerretan. "Kopuru esanguratsua da, eta Gipuzkoako gizartearen konpromisoaren adierazlea", adierazi du aste honetan Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Herrikoaren alde, baserriak bisitatuz

Beizamako baserrietara bisitak antolatzen dituzte Leire Retegik eta Iñigo Altunak Beizamako aterpetxetik, besteak beste. Aterpetxearen kudeaketaz arduratzen dira, eta aste honetan, euren esperientziaren berri eman dute nekazaritza ustiategietan bisita gidatuak prestatzearen inguruko ikastaroan. Fraisoro Eskolak Hazirekin elkarlanean antolatu du saioa, Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartearen eskariz.

Besteak beste, nekazaritza etxeak dituztenek, landa garapen agentzietako teknikariek eta dinamizatzaileek hartu dute parte ikastaroan. "Baserrietarako bisitekin mugimendu bat sortzen ari da, eta, hori ikusita, prestakuntza saio bat antolatu dute. Guri parte hartzeko deitu ziguten, eta animatu egin ginen. Oso pozik gainera", diote Beizamako aterpetxekoek. Horrelako egitasmoetan parte hartzeko aukera positiboa dela diote: "Azkenean, gure esperientziaren berri eman dugu. Gainera, pozgarria da gaian interesa duten beste batzuei laguntzeko aukera izatea". Ikastaroan, Beizaman duten esperientziaren berri eman dute. Eta ikastaroan parte hartu dutenekin, Beizamako Leunda baserria bisitatu dute, eta bertatik bertara ezagutu bisita bat nolakoa den. Ion Arruti abeltzainak hartu ditu han.

Retegik eta Altunak 2012ko abendutik kudeatzen dute Beizamako aterpetxea. Ordutik, aterpetxetik herriko hainbat baserritara bisita gidatuak eskaintzen dizkiete bai aterpera doazenei, baita Beizamara bisitan joandakoei ere. "Baserrietako bisitena ez da gauza bakan bat. Gure lan ildoaren, ekoturismoaren edota ingurumen hezkuntzaren beste tresna bat da. Beizamara datorrenari plan bat eskaini nahi diogu, eta, hemen Beizaman egonda, baserrietara bisita egitea da aukera bat", dio Altunak. Herrian duten aukera askotarikoa eta aberatsa da: txakolin ekologikoa, abeltzaintza, barazki ekologikoak, gazta, txerrikiak, ogia... "Iraunkortasunaren alde lan egiteko behar bat geneukalako sortu genuen guk gure proiektua. Beizaman naturaren eta baserriaren inguruan lanketa bat egin, eta aukera bat bazegoela ikusi genuen. Hortik sortu genuen aukeretako bat baserrietako bisitena izan da", dio Retegik.

Lana eta jakituria ezagutarazi

Baserrietan egiten den lana, eta dagoen jakituria ezagutaraztea eta baloratzea da bisiten helburua. "Aurrena, ezagutu, ikusi eta bizi egin behar da bertatik bertara, gero baloratzeko. Nekazaritza ustiapen bakoitzean egiten den lana eta bizimodua ezagutu nahi da. Esaterako, artzain gazta egiten duten baserri batera bisita egin, jakiteko horren guztiaren atzean zer dagoen".

Aterpearen kudeaketari heldu ziotenean herriko baserrietakoekin bilera bat egin zuten. Baserritarrek gustura hartu zuten bisitariak jasotzeko aukera. "Guk geneuzkan ideiak azaldu genizkien, eta elkarlanean aritzeko eta poliki-poliki aurrera egiteko asmoari ekin genion". Bilera batean, bakoitzaren funtzioak, prezioak eta nola landu zehaztu zituzten. "Azken batean, guztion onerako den ekintza bat da. Akordio bat lortu genuen denok, eta, pixkanaka, proiektua eratzen ari gara".

Beizamako Aitzalde, Arreta, Urki Zahar eta Leunda baserrietara antolatzen dituzte bisitak. Ordea, Beizamako baserri batzuetakoentzat ez da berria bisitariak etxean hartzea, horietako baserri batzuetan aurretik ere eskola umeen bisitak izaten zituztelako. "Gu hasi baino bost urte lehenagotik eskola umeen bisitak antolatzen zituzten Aitzalden, Leundan eta Arretan. Beraz, lehendik esperientzia bazuten: esperientzia onuragarria. Beraz, abiapuntu bat bageneukan". Baina, aterpekoek aukera zabaldu egin zuten: beste baserri batzuetako ateak joz eta publikoa zabalduz. Bisitak eskola umeei eskaintzeaz gainera, familiei edota helduei ere eskaintzen dizkiete. "Beste publiko batentzako bisitak ere antolatzen hasi ginen". Orain, udaberrian, familia planak antolatzen hasten dira Beizamako aterpetxean, bisitak ere eskainiz.

Egunerokoaren berri ematen

Leunda baserriko Jon Arrutik limousin arrazako behiak hazten ditu, eta Beizamako aterpetxetik antolatutako bisitetan parte hartzen du. "Aterpetxetik antolatzen dituzte bisitak, eta, azken batean, gure parte hartzea xumea da. Guk, gure lanaren berri ematen diegu bisitariei". Leundakoak dioenez, bisita gehienak eskola umeenak dituzte: "Gustura egoten dira, eta uste bezainbeste ez dute ezagutzen baserria. Izugarria da, behiak txiza edo kaka egiten duenean nolako atentzioa ematen dien. Baina batzuek, galdera sakonak ere egiten dituzte". Arrutiren ustez, oraindik ere kaletarrek baserriaren gainean "orain 50 bat urteko ikuspegi topikoa" dute: "Uste dute baserriko mundua asko ezagutzen dutela, baina bisitetan konturatzen dira uste baino gutxiago dakitela". Bisitetatik eurek ere ikasten dutela dio Leundakoak: "Zer interesatzen zaien jakiten dugu, eta gizartea nola dagoen jakiteko termometro bat ere bada guretzat".

Baserri bisiten proiektua Beizamarentzat eta beizamarrentzako ona da, Arrutik ustez: "Aterpetxea martxan dago, eta herria ezagutzeko eta herrian egiten dena bultzatzeko proiektu bat da. Denontzat da ona".

Eskualdean, lanean

Urola erdialdean martxan jarri berri duten Urola gustagarri turismorako eta aisialdira egitasmoan ere parte hartu dute Beizamako aterpetxekoek eta baserritarrek. Egitasmoak Urola erdialdean ekoizten diren produktuak eta lehengaiak, eta horiek ekoizten dituzten baserritarrak sustatzea du helburu, bailarako sukaldari eta jatetxeekin elkarlanean. Hala, apirilaren 27ra artean, besteak beste, azokak eta bisita gidatuak antolatu dituzte Beizaman, Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen. Esaterako, Beizaman iganderako Leunda baserrira bisita antolatu dute, 10:30ean, Beizamako plazatik irtenda. Bisitan parte hartzeko izena emateko 630-18 19 94 telefonora deitu behar da.

“Tolosako eskolako nobelagile onena izan zen Irazusta”

Lizardi, Orixe, Labaien, Lopez-Mendizabal, Aitzol, Emeterio Arrese... Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) Tolosako eskola izenez deitu izan dio euskaltzale horiek osatutako taldeari. Guztiak euskaldunak eta euskaltzaleak, baita literaturazaleak ere. Horien artean bada horren ezaguna ez den bat, eta, harrigarria bada ere, guztietan idazlerik "onena", gainera: Jon Andoni Irazusta Xuxupe (1884-1952). Tolosan bada haren izena duen pasealeku bat, biala esaten zaiona, baina, orain arte, pasealekuak ez du plakarik izan: herenegun jarri zuten oroigarria. Iturraldek Irazustaren figura berreskuratu zuen Bidegileak bildumaren barruan, 2003an.

Lehen galdera ezin daiteke besterik izan: nor izan zen Jon Andoni Irazusta?

Gerra aurretik, 20ko hamarkadan, izan ziren 10-15 urte non oso gauza berezia eman zen Tolosan. Tolosako eskola deitu izan diot nik. Pertsonaia mordo bat bildu ziren euskal kulturaren, kulturaren, euskararen eta euskal literaturaren alde, eta izugarrizko lana egin zuten. Guztiak ziren Tolosakoak, bi izan ezik; Lizardi Zarautzen jaio zena, baina oso gazte etorri zena eta bizi osoa hemen eman zuena, eta Orixe, Orexan jaioa baina Tolosan egon ohi zena. Beste guztiak, tolosarrak, euskaldunak eta euskaltzaleak ziren. Erlijio aldetik oso fededunak ziren, eta politika aldetik, EAJ ingurukoak. Lagunak ere baziren. Gerta daiteke hiri batean idazleak egotea han-hemenka solte baina elkar ez ezagutzea, baina hauek lagunak ziren. Hori Euskal Herrian punta-puntakoa izan zen. Bakoitzak bere aldetik lan izugarria egin zuten. Hor zeuden Lizardi, Antonio Maria Labaien, Orixe, Emeterio Arrese, Aitzol, Ixaka Lopez-Mendizabal eta Jon Andoni Irazusta bera. Kuriosoa da, izan ere, literatura aldetik poesian maila handiena zeukana, gero ikusi denez, Lizardi izan zen, eta prosan, berriz, Irazusta bere bi nobela famatuekin: Joañixio eta Bizia garratza da. Tolosako eskolako nobelagile onena izan zen.

Eta zergatik egin dira ezagun beste guztiak, eta ez Irazusta?

Arrazoi politiko eta soziologikoak daude hor. Kontuan hartu behar da guk, gaur egungo tolosarrok, beharbada ez dugula ezagutuko, baina gerra aurretik ezagunena bera zela. Zergatik? Gizon oso jantzia zen; abokatua, EAJko parlamentaria Madrilen, ELAko militantea eta sindikatuko ordezkari moduan nazioarteko bileretan ere ibili zen, eta astero hemengo egunkarietan idazten zuen, betiere euskaraz. Hitzaldi asko ematen zituen. Oso hizlari trebea zen, gizon oso zorrotza, umoreduna, baina zorrotza. Kontua da nobelak gero egin zituela, Ameriketan zegoela. Baina garai hartan oso ezaguna zen, egunkarietan egunero edo astero azaltzen zen.

Baina gerra iritsi zen...

Eta hemen badakigu zer gertatu zen; batzuk hil zituzten, Aitzol esate baterako, Lizardi ere oso gazte hil zen, eta zorionez, nolabait esateko, gerra ez zuen ezagutu, beste batzuk Ameriketara joan ziren... Jon Andonik gerra garaia hemen eman zuen, baina gero Ameriketara joan zen. Batzuk itzuli ziren, esaterako Ixaka Lopez-Mendizabal. Baina Jon Andoni han geratu zen, bakarrik, eta han hil zen. Hil aurretik gainera apaiz sartu zen.

Han publikatu zituen bi nobelak ere.

Argentinan bere lagun Ixaka Lopez-Mendizabalek bi nobelak argitaratu zizkion. Eta gero, gerra garaia pasa, frankismoan, euskara zapalduta zegoen giro ilun hartan, ez zen hemen ezer egon. 60ko hamarkadan hasi zen hemen pizkundea, Txillardegirekin, adibidez. Baina aurretik ez zen ezer egon, Ameriketatik Ekin argitaletxearekin iristen zen oihartzuna besterik ez. Hain justu, editorial horren Argentinako jabea zen Ixaka Lopez-Mendizabal, Jon Andoniren lagun handia.

Nolakoa zen haren bizitza, Ameriketara joan aurretik?

Oso ezaguna zen; egunero idazten zuen egunkarietan, Insaluseko kudeatzailea zen, abokatua... Pentsa zein maila izango zuen, gerra garaian Agirre lehendakariak deitu zion Bilbora joateko eta gobernuan berarekin geratzeko eskatzeko. Hor duda egin zuen, eta gauzak horren itsusi ikusi zituen, Ameriketara joatea erabaki zuen. Eta hori izan zuen bere bizitzako damua, haren nobeletan ere hori ageri da. Arazo pertsonalak ere izan zituen; andregai bat eduki zuen, eta moja sartu zen... Bere damurik handiena, hala ere, ihes egin izana izan zen, nolabait esateko. Gizon azkarra zen, eta ikusten zuen zer etor zitekeen; Frantzian, Suitzan, Madrilen... ibilitakoa zen, parlamentari aritutakoa, eta ikusten zuen zer etorriko zen. Tolosako bere lagunek horren tristea ez izateko esaten zioten, ez zela horrenbesterako izango... baina bazekien zer etorriko zen.

Gerraren ondoren joan zen Ameriketara, ezta?

Gerra hasi zenean hiru urtetan ibili zen hemen jendeari laguntzen. Horren harira badago oso pasarte interesgarri bat. Garai hartan, bazegoen oso ezaguna zen komunista bat, Jesus Larrañaga Goierri. Donostian elkartu ziren, eta, han, Irazustak kargu hartu zion Larrañagari. Ez zela jendea hil behar esan zion, ez zela zigorrik ezarri behar. Baina Larrañagak esaten zion hura dena lehenbailehen garbitu behar zela. Komunistak orduan pistola atera zion, sabelean jarri eta jendea barkatzen ibiltzen bazen eta gauzak beratzen, berari bi tiro emango zizkiola esan zion. Hori berarentzat oso gogorra izan zen; bere aldekoak zirenak horrela ikustea eta zein txikizio etorriko zen jakiteak, Ameriketara alde egitera eraman zuen. Hori 1939. urtean-edo izan zen. Anaia Santosekin joan zen.

Zergatik erabaki zuen Euskal Herrira ez itzultzea?

Urte askotan ibili zen han; Puerto Ricon, Kolonbian, Argentinan... Abokatu eta merkatari gizon ibili zen, lehendakariarentzat enkargu asko egiten... Haren anaia Kolonbian geratu zen, eta hemendik ama eta arreba bat ere joan zitzaizkion. Ama han hil zitzaion, eta arrebak bueltatzea erabaki zuen, eta hori kolpe gogorra izan zen berarentzat. Beste kontu batzuk ere izan zituen; Argentinara zihoala, bere biblioteka guztia erre egin zitzaion edo erre egin zioten, ez dakigu. Guztia kontuan hartuta, dena utzi, apaiz izateko ikasi, eta apaiz egin zen. Han oso ondo ikusita zegoen, gainera. Esate baterako, Perun, Liman, apaiz egin zutenean, ekitaldi erlijioso horretan Peruko presidentea, Manuel Odria famatua, egon zen. Baina apaiz egin eta 6 hilabetera hil zen. Egia da gaixotasun batek hil zuela, baina bizitzan izandako ezbehar guztiak ikusita esan daiteke tristurak jota hil zela.

Joañixio eta Bizia garratza nobelak idatzi zituen. Autobiografikoak direla esan izan duzu, zein da lan horietako ardatza?

Oso lan sinbolikoak dira. Autobiografikoak dira, eta erreferentzia pila bat dituzte. Joañixio-n Tolosako pasarte asko daude, hemengo lekuak ikusten dira, eta bietan Ameriketan dauden euskaldun batzuen istorioa kontatzen da. Esan daiteke berak Euskal Herria nola ikusten zuen islatzen dela nobeletan.

“Norbera bere istorioekin biluzik sentitzen da”

Betidanik gustatu izan zaio Julen Ribasi (Arrasate, 1981) sorkuntzaren mundua. Fantasiazko eta mota guztietako film eta istorioak gustuko izan ditu umetatik, eta, hori aitzakiatzat hartuta, komikigile ofizioari ekin zion: "Haurra nintzenean Asterix et...

Diruaren hotsa, emakumeen poltsa

Dirua ez da neutroa. Gizon eta emakumeok era ezberdinean erlazionatzen gara txanponarekin, eta hori ez da kausa natural, hormonal edo biologiko batengatik, baizik eta giza eta kultura arrazoiengatik". Esaldi horrek egiten dio ongietorria bisitariari Diruaren sexu ezkutua erakusketan. Clara Coria argentinarraren izen bereko liburuaren hitzaurrea hartu dute oinarri, eta txanpon eta billeteetatik harago, urteetan hamaika istorio gorde dituzten diru zorroak dira erakusketako protagonista. Astelehenera arte egongo da irekita Zumaian, Alondegia kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara.

Gizonen kontrolpean egon da "diru handia"; andreen eskutan, berriz, "diru txikia". Historikoki horrela izan dela azaltzen dute panelek, eta hala erakusten dute diru zorroek ere. Florita izeneko emakume baten esana adibide: "Saiatzen nintzen ahal nuena gordetzen, astean peso bat atzamarkatzen, bera konturatu gabe...". Zorroa beterik izan gabe ere, emakumeen jardunak egunerokoan izandako garrantzia argi azaltzen du Rufinaren adierazpenak: "Ogia saltzen nuen, oiloren bat... Apurka-apurka batuz nindoan, eta aurrezkitxo hartatik ateratzen zen semearentzako zapata parea, edo alabarentzako alkandora; niretzat ezer ere ez". Florita bezala, Rufina ere "bera konturatu gabe" aritzen zen familia aurrera ateratzeko ahaleginetan. Etxeko kontuez ez ezik, beste zenbait egitekoz ere arduratzen ziren emakumeak duela zenbait urte; izan ziren okinak, saltzaileak, arrantza munduan garbiketan aritzen zirenak... Eguneroko ekonomian, esaterako, "ogia, bizkotxoa edo zopakoa emakumeen munduko eskumen ia esklusiboa" izan zen garai batean.

Dirua "txikia" izanda ere, handia izaten zen askotan andreek eurekin zeramatena. Hala erakusten du identifikatu gabeko emakumezko baten aitorpenak: "Inoiz ez nuen izan diru zorroan neramana baino diru gehiago. Egunero, ateratzen nintzenean, soinean neramatzan alokairua, argia, janaria, zapatak eta familia guztiarentzako erremedioak".

Guztira, Euskal Herriko nahiz mundu osoko emakumeen 50 diru zorro aurki daitezke bilduman, 1800. urtetik gaur egunera artekoak. Tartean daude bigunak, gogorrak, perladunak, koloretsuak, eskuz egindakoak, urteen poderioz zimeldutakoak. Haien ondoan, garai haietako argazki zaharrak.

Trukea zen irudi horietako emakumeen ohiko jarduna, dirurik apenas baitzegoen. Batzuek, gainera, egindako esfortzuari esker, enpresaren batean lan egiteko aukera izan zuten, Pilar errenteriarrak bezala: fabrika bateko nagusiaren idazkari moduan egin zuen lan. Horrela, askotariko diru zorroak izan zituen; erakusketan ikusgai dagoena, bilobari herentzian utzitako altxorra.

Zailtasunak, gaur egun ere

Haurralde fundazioak, Malen Etxeak eta Eraldatzen elkarteak ondutako erakusketa da. Igarotako garaiei jarri diete arreta, baina oraina alboratu gabe. Patricia Ponce Haurralde fundazioko zuzendariak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, gizarteak oraindik barneratuta du dirua eta hori irabazteko egin beharreko lana "gizonen esparrua" direla: "Askotan emakumeok zailtasunak ditugu geuk etxean nahiz etxetik kanpo egiten dugun lanari merkatuaren araberako balioa jartzeko".

Diru zorro eta irudiekin batera, zenbait emakumezkoren ahotsa entzuten da etengabe Alondegia kultur etxeko gelan. Atari ingurutik dator hotsa; han, pantaila batean, jarrita dute Larre Motzean dokumentala. Euskal Herriko garapenaren parte izan diren hainbat emakumeren istorioak jasotzen ditu lanak, gazte zein helduenak, eta erakusketarekin batera aurkezten ari dira herriz herri. "Larre motzean" bizitzera ohitu dela dio protagonistetako batek; bilobak badaki zailak izan zirela amonak pasatutako garaiak, baina gaur egun ere trabak badaudela dakar gogora. Jarraian datoz beste andre heldu baten hitzak, gazte garaiko oroitzapen eta ilusioak gogoan: "15 pezetako pantiak erosten zizkidan amak. 20 urte nituenean, nire diruarekin, 25 pezetakoak erosi nituen, igandeetarako". Batik bat baserriko bizitzaren berri ematen du ikus-entzunezkoak — sorkuntza prozesu guztian emakumeak aritu dira—.

Emakumeen Nazioarteko Eguna igaro berritan, Zumaiako ikastetxeetako ikasleek egindako hainbat marrazki ere jarri dituzte erakusketako txoko batean. Lelo bera daramate aldarri gehienek: "Denok berdinak gara".