Irungo jaietako musika eskaintza, herritarren arabera

San Pedro eta San Martzial jaiei begira, musika eskaintza herritarren nahien arabera osatzeko asmoa du Irungo Udalak; horregatik, programazioa antolatzeko proposamenak jasoko ditu. Festetarako hiru hilabete falta diren arren, dagoeneko zabalik dago ir...

“Erosketa berdeak ez dira zertan garestiagoak izan”

Artitzar Erauskin (Lazkao, 1974) egunero autoa hartu eta Gasteizko Enpresa Eskolara joaten da eskolak ematera. Ekonomista da, eta unibertsitate ikasketak zein ikasketa aurreratuak Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen, Sarrikon, Bilbon. Sarrikon ...

“Arlo politikotik teknikora igarota, asko irabaziko luke eztabaidak”

Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoan egin zituen ingeniari ikasketak Beñat Oliveirak (Donostia, 1989), eta, iazko otsailetik, Sydneyn ari da doktoretza egiten (Australia). Pasaiako kanpo kaiaren inguruan egin zuen ingeniaritza ikasketen amaierako lana, eta hainbat kalkulu okerrak zirela ondorioztatu zuen.

Zergatik proiektua Pasaiako kaiaz?

Ingeniaritza enpresek zerbitzuak eskaintzen dituzte; ez da teknikarien lana gizartearen arazoak identifikatzea eta horiei erantzutea. Agintariek, berriz, arazoa definitu egiten dute, eta konponbidearen trazua teknikariei eskatu. Ikasketetako proiektuan, ordea, ikasleak egin behar ditu bi gogoetak, modu librean. Horrek eraman ninduen lana Pasaiako portuaren inguruan egitera; alternatibarik ba ote zegoen frogatu nahi nuen, inongo kanpo eraginik gabe. Ikasketen amaierako ariketari zentzua eman nahi nion, eta ez titulua eskuratzeko azken tramite gisa enfokatu. Proiektu serioa, osoa eta erabilgarria nahi nuen. Horregatik Pasaia: itzal, interes eta ezjakintasun handia baitago.

Aterik itxi zizun inork?

Arazo ugari izan nituen; batez ere, planoak eskuratzeko garaian. Plano orokor baten bila hasi nintzen, eta informazio hori Pasaiako Portu Agintaritzaren esku zegoen. Hasieran laguntzeko prest bazeuden ere, nire lanaren edukiaren berri jakin zutenean, komunikazio guztia eten zuten. Ez zidaten gehiago erantzun, eta, noski, ez zidaten planorik pasatu. Ulergarria da haien jarrera; izan ere, nire helburua haien interesen aurkako alternatiba bat jorratzea zen. Azkenean, planoak Javier Belzaren bidez eskuratu nituen. Informazio eta dokumentu interesgarriak ere helarazi zizkidan. Segur aski, haren laguntzarik gabe ezin izango nuen sekula proiektua aurrera eraman.

Ingeniaritza kalkuluak ez zirela zuzenak ondorioztatu zenuen.

Etorkizuneko plan bat egiteko, merkantzien eboluzioa aztertu beharra dago, portu azpiegitura egokiak eraikitzeko. Normalean, iraganeko merkantzien nondik norakoekin, etorkizuna iragartzen saiatzen gara, aurreikuspenen bitartez. Kanpo portuaren defentsa etorkizuneko merkantzien kopuru handi batekin justifikatzen zuten, aurreikuspenek ziotenaren arabera. Lehen urratsa, beraz, aurreikuspena berregitea zen. Eta atera nituen ondorioak bestelakoak izan ziren. PPAren kalkuluak, noski, ondo eginak zeuden; zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Baina zenbakien sinesgarritasuna ere neur daiteke, eta haiena oso txikia zen. Kanpoko portua justifikatzeko erabilitako datuen sinesgarritasuna da falta den informazioa. Arrazoi ekonomikoetan oinarritu behar da nahitaez kanpo portuaren defentsa, ingurumenaren txikizioa eta gastu soziala konpentsatzeko. Bestela, nork defendatuko du? Aurreikuspenak positiboa behar zuen derrigor.

Nolako harrera izan zuen lanak?

Oso harrera ona. Laguntza handia izan nuen. Bartzelonako porturako lan egiten duen irakasle batekin egin nituen estatistika analisiak, eta oso gustura geratu ginen datuekin. Sustapen Ministerioko portuen sailean lan egiten duen beste irakasle batekin, proiektuaren bideragarritasuna aztertu genuen, eta hark ideia orokorra bedeinkatu zuen. Hala ere, hark argi eta garbi utzi zidan Pasaiako portuaren inguruko eztabaida kontu politikoa zela, kanpoko portuak inongo justifikaziorik ez zuela; zentzugabekeria hutsa. Kontainer terminala barne portuan kokatu nuen, itsasontzien mugimenduak kalkulatu... Dena. Sakontasun gehiago behar du lanak, noski, baina trazu nagusiek hainbat irakasleren adostasuna zuten.

Izan zuen hedapenik?

Proiektua unibertsitatean aurkeztu ondoren, 2012ko udaran hedatzen saiatu nintzen, Belzaren bidez. Pare bat bilera izan genituen, eta hainbat gauza planteatu. Baina horiek ez gintuzten inora eraman, eztabaida guztiz politizatua baitago. Diputazioak bazuen nahikoa zaborren kontuarekin, eta ez zegoen denborarik horretarako. Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak badute lanaren berri; neronek bidali nien proiektua oso-osorik. Diputazioarekin ere bilera izan nuen. Denak daude interesatuak, baina ez da sakontzen horretan. Hedabideetan berririk egon ezean, jendea ahaztu egiten da.

Auziari gertutik kasu egiten al diozu?

Bai, noski. Imajinatu nahiko nuke barnetik mugimenduak egiten ari direla, eta kontua ez dagoela guztiz geldirik. Ana Oregi sartu zenetik, Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntua guztiz aldatu da. Aldundia ere kanpo portuaren aurka dago; Madrilek betiko baztertu du kanpo portua. Badirudi ez dela egingo, baina hori ez da nahikoa. Arazoa badago, ez da joan, eta ez da bakarrik joango ezer egin ezean. Interes kontrajarri gehiegi daude, nire ustez, eta elkarlanerako borondate gutxi. Oso errea bukatu nuen nire proiektua hedatzen saiatzeagatik. Kolore guztietako politikariekin desilusionatuta, nik lana eta esfortzua musu truk eskaini eta eman ondoren eskerrak ematea ahaztu baitzaie batzuei. Aurrerapausoak eman behar dira, geldikeriatik irten, familia asko baitaude gertatuko denaren zain. Eztabaida arlo politikotik teknikora pasatuko balitz, asko irabaziko genuke.

Elkartasun jarduerak

Askotariko ekintzakErrenteriaUrtezahar gauean Trintxerpen (Pasaia) izan zen sutean kaltetutako familiei laguntzeko asmoz, elkartasun hilabetea antolatu dute Errenterian, martxoan. Herriko hainbat eragile elkartu dira, eta askotariko ekintzak prestatu ...

Kofrade berriek igandean egingo dute zina, Hernanin

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere ohorezko kofradeak izendatuko ditu Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak. Martxoko hirugarren igandean egin ohi dute ekitaldia, eta, oraingoan, doazen tokira doazela sagardoa bultzatzeko egitekoa jar...

EMAKUMEEN BEGIRADA, ZERUARI SO

Emakumeek astronomian egindako lana eta arlo horretan izan duten garrantzia aldarrikatzen du Astronomia emakume erakusketak. Egunotan, Donostian bisita daiteke, eta bihar arte egongo da zabalik, EHUko Unibertsitate Eskola Politeknikoaren beheko solair...

Gure Antxieta

Apirilaren 2an, Frantzisko aita santuak Jose Antxietaren kanonizazio dekretua sinatuko du. Brasilgo apostolu kontsideratua, Jose Antxieta Tenerifeko San Cristobal de la Lagunan jaio zen, 1534an, baina euskal jatorrikoa zen. Haren aita Joan Antxieta Zelaiaran, Antxieta abizena daramaten beste asko bezala, Azpeitiko Urrestilla auzokoa zen. Carlos V.aren eskribaua zelarik, Joan Antxietak Kanariar uharteetara joan behar izan zuen epaiketa batean notario lanak egitera. Han Mencia de Clavijorekin maitemindu, ezkondu, eta Tenerifen bizitzen geratu zen.

Bada beste anekdota bat Jose Antxieta Euskal Herriarekin lotzen duena. Bere azken eskutitzetako batean, Brasilgo Jesusen Lagundiko probintzial izandako pertsonen jatorria zehazterakoan, bere burua vizcaíno moduan identifikatu zuen. Berari galdetu beharko genioke zergatik idatzi zuen euskalduna zela Tenerifen jaioa izan arren eta 44 urtez Brasilen bizi izan arren; baina Juan Plazaola maisuak esaten duen bezala, nahiko arrazoi bada hori, gu orain pertsonaia erraldoi honengana jakin-minez eta estimaz inguratzeko (Los Anchieta, 1997).

Antxietari buruz zer edo zer irakurtzen duenak euskal jatorri hori baino arrazoi ederragoak aurkituko ditu, ordea, hura estimatzeko. Bere bizitza ezagutzea, beste jesuita askoren kasuan bezala, abentura harrigarriz beteriko kontakizun batean murgiltzea da. Egia da garai hartako ebanjelizazioa ulertzeko modu zurrunaren isla dela Antxieta. Baina, aldi berean, jendea kristautzeko modu aproposena, tokiko kultura maitatu eta bertara egokitzea dela sinetsi zutenen adibide ere bada; eta fedeak bultzatutako ausardiaz eta kemenez, ebanjelizazioa ahulenen defentsarekin uztartu zutenena. Jesuita horiekiko miresmenez bakarrik irakur daitezke Pedro Fernandes Sardinha Brasilgo lehenengo gotzainaren gaitzespen hitz gogorrak: jesuitek indigenei aitortza itzultzaileen laguntzaz ematen zietelako, haur indigenek kantuan katixima doinu paganoekin uztartzen zutelako, misiolariek indigenekin dantzan egiten zutelako, edo indigenak biluzik egoten zirelako haiei entzuten.

19 urterekin nobiziotza amaituta, Antxieta Ameriketara joan zen. Han indigenekin batera bizi izan zen, aldi berean jesuita eta indigenen bizileku eta haurrentzako eskola ziren etxoletan. Iritsi eta berehala Antxieta jesuita gazteak tupi hizkuntza ikasi zuen, eta, hizkuntzarekin batera, baita hango indigenen kulturaren beste hainbat ezaugarri ere: botanika, teknika sendagarriak, artisautza... Berarekin egon zen lurralde haietan jesuita euskaldun bat ere, Antxietaren antzera ibili zena: Juan Azpilikueta nafarra. Horrek tupi hizkuntza hain ondo menperatzen zuen, lekukoek haren ama hizkuntza euskarari egotzi zioten erraztasun hori: "Porque o tupi se assemelhava ao seu vasço natal".

Antxietak tupi hizkuntzaren lehen gramatika eta hiztegia idatzi zituen, eta berea da Ameriketako hizkuntza indigena batera itzulitako lehen katixima. Idatziak utzi zituen tupi hizkuntzan hainbat olerki eta antzezlan ere. Bere antzerkigintzaren unibertsaltasuna goraipatu zuen orain dela urte batzuk Eugenio Arozenak, Antxietaren heriotzaren laugarren mendeurrenean Azpeitiko Udalak argitaratutako liburuan (Aita Jose Antxieta dohatsua, 1997). Horregatik guztiagatik, Brasilgo Letren Akademiak eta Brasilgo Historia eta Geografia Institutuak herri hartako kulturako izen handitzat dute.

Hango hizkuntza eta kulturari ekarpen horiek egiteaz gain, bakegintzan ere aritu zen Antxieta buru-belarri. 1563an tamoio indigenekin bakea lortzeko espedizio bati ekin zion. Indiar lurretan sartu zen, Caoquira izeneko tamoioarren buruzagi nagusia bizi zen lekuraino. Bakea lortzeko ahaleginek porrot egin zuten, eta Antxietak bost hilabete igaro zituen indigenen eskuetan preso, baina hainbat buruzagi indigenen begirunea lortu zuen. Tamoio indigenekin bizitako pasadizoak De Beato Virgine Dei Matre Maria olerkian bildu zituen, tradizioak dioenez hondartzako hondarrean idatzi eta ondoren buruz ikasi behar izan zuena. Askatasuna berreskuratuta, hango gerra odoltsuan bi aldeetako zaurituak artatzen aritu zen.

Brasil esklaboen iturri nagusia zen garai hartan, eta horrek aurrez aurre jarri zituen kolonoak eta jesuitak. Antxieta indigena eta mestizoen eskubideen defendatzaile bihurtu zen, eta haiek ehizatu eta esklabo saltzearen kontra predikatu zuen. Antxietaren ikuspegi humanista argi azaltzen da bere sermoietan: "Gauzak duten balioan estima ditzagun, eta ez diezaiogun, beraz, indioari dirua kostatu zaidan memelo eta basati moduan begiratu, baizik eta beragan ikusiaz Kristo gure Jaunaren irudia, zeina esklabo egin zen esklabo hau salbatzeko, eta ni neu ere, deabruaren esklabo nintzena, salbatzeko". Beste batzuetan, bere ahotsak tonu bortitz eta profetikoagoa hartzen du. 1574ko prediku batean, adibidez, Antxieta jakitun zen esklaboak ehizatzeko beste espedizio bat prestatzen ari zirela, eta honako hauek jaurti zituen: "Jaunaren etxeko txakur bat naiz ni. Eta ez diot zaunka egiteari utzi. Esaten dizuet, Jaunaren partetik, ez ditzazuela portutik ontzi horiek atera, gurekin bakean bizi diren eta gure adiskideak diren indioak ohi duzuen moduan harrapatzeko". Azkenean Bahiako agintariek indigenak esklabo bihurtzea debekatu zuten. Garaipen garrantzitsua izan zen jesuita eta esklaboentzat.

Horretaz guztiaz gain, aipa genezake Antxieta Sao Paolo hiriko fundatzaileetako bat izan zela ere, jesuiten nagusi zelarik lurralde zabal hartan barrena batetik bestera bidaiatu zuela oinutsik erromesen moduan; han eta hemen eskolak sortu zituela, eta Paraguaiko erredukzio jesuita entzutetsuen hazia ipini zuela indigena guaraniekin lan egingo zuten lehenengo jesuitak hara bidaliz. Antxietaren bizitzak bost edo sei filmetarako osagaiak ematen ditu gutxienez. Hizkuntza eta kultura, bakegintza eta giza eskubideen defentsa azpimarratu nahi izan ditugu hemen, Antxieta kanariarra "geure" bihurtzeko arrazoi ederrak iruditzen baitzaizkigu, bere jatorri vizcainoa aparte utzita ere —Plazaola miretsiaren baimenarekin—.

Hori gutxi balitz, indigenen testigantzen arabera hainbat mirari egiteko gauza zen Antxieta: otoitzean lurretik gora hegan igotzen ikusi omen zuten, gaixotasun larriak aise sendatzen omen zituen eta basapiztiak lasaitu, lehoinabarrek bere oinetan musu ematen zioten eta txoriak elkartu egiten ziren zeruan lainoak osatuz bera eguzkitik babesteko.

1597an, Antxieta hilzorian zegoenean, indigenek prozesio handi bat antolatu zuten, eta Antxietak haien kantuak ohetik entzun ahal izan zituen. Ekainaren 9an hil zen, eta ondoren bere gorpua hirira zeramatenean, indigenak ateratzen ziren bide bazterretara errezoan eta kantuan hari azken agurra eskaintzera. A ze filma ari den Hollywood alferrik galtzen!

Parte hartzerako endredoak

Hausnartzeko, ezagutzen duguna zalantzan jartzeko, beste modu eta aukera batzuk egon daitezkeela pentsatzeko, emakumeen hitza eta erabakia defendatzeko beharrari erantzuteko…” jarri dute abian Andredetan prozesua Arrasaten, Bagara Herrigintzaneko teknikari Iraitz Agirreren hitzetan. Emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatzea da aurkeztu berri duten partaidetza prozesuaren helburua. Hilabete honetan abiaraziko dute, eta uztailera arte iraun dezakeela aurreikusi dute. Prozesuaren helmuga gisa emakumeen parte...

Mugi sistema Lasarteko hiri autobusera iritsiko da aurten

Herriz herri eta geltokiz geltoki, zabalduz doa Mugi sistema Gipuzkoan. Garraio publiko guztietan tarifa sistema bateratua ezarri eta euskarri bakarra erabiltzeko asmoz sortutako sistema da, eta urtebete igaro da martxan jarri zutenetik: denbora tarte horretan, 60 milioi bidaia egin dira lurralde osoan Mugi txartela erabiliz. Bidaia horiek gero eta gehiago izan daitezen, hurrengo geralekua zehaztu dute jada: urtea amaitu baino lehen Lasarteko hiri autobusera heltzea aurreikusi dute.

Urteurrenaren aitzakian, hamabi hilabeteko balantzea egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak. Horren arabera, gipuzkoarren %63,97k dute egun Mugi txartela, guztira 465.286 txartel daude, eta lurraldeko garraio sarean egindako ordainketen %86 txartel horren bidez egin dituzte.

Sistema abian dagoen garraio gehienetan txartela izateak deskontuak dakartza erabiltzailearentzat —Renfe eta Oiartzungo hiri autobusetan oraingoz ordainketa egiteko soilik balia daiteke—. Hilero 252.000 gipuzkoarrek erabiltzen dute, eta geroz eta gehiago erabili, orduan eta deskontu handiagoa egiten da. Baina, urteko datuen arabera, erabiltzaile gehienek, %70ek, bat eta hogei bidaia artean egiten dituzte hilean, eta, beraz, %45eko deskontua izan dute. Soilik erabiltzaileen %5ek lortu dituzte %90era arteko deskontuak —51 bidaia baino gehiago egitea esan nahi du horrek—.

Deskontuekin batera, penalizazioak ere egoten dira, baina lehen urtean soilik Mugi sistemaren erabiltzeen %1ek jaso dute halako zigorren bat. Irteterakoan txartela makinatik ez pasatzea izan da horretarako arrazoi nagusia.

Aurten, Zarauzko hiri autobusa izan da sistemara batzen azkena. Urtarrilaren 8an jarri zuten martxan, eta, geroztik, herritarren aldetik "harrera bikaina" izan duela nabarmendu dute. Lurraldeko beste hainbat herritan gertatu den bezala, herrian informazio gune bat jartzea baliagarria izan zaie zalantzak argitu eta txartel berriak egiteko. Denbora tarte horretan, berrehun bat eskaera jaso zituzten.