Zabor fauna

Zabortegiak birplanteatzen ari garen garai berezi hauetan, nahi gabe, birplanteatzea eta ezabatzea sinonimoak direla konturatu gara. Zabortegiak gaur egungo gizartearen arazo bat direla ezin inork uka, eta arazoak badira, kalteren bat egiten dutelako izango da.

Mikrofonoen aurrean mila aldiz esaten diren ingurumenean, osasunean eta ongizatean duten eraginaz aparte, bada beste eragin bat ez dena inoiz mahai gainean jarri: zabortegiek bertako faunan dutena. Ez naiz ari inguruko animaliei eragiten dien osasun kalteez edo zabortegi bat irekitzean ezabatzen diren habitat ezberdinez, animalien jokamoldean dauden eraginez baizik.

Izan ere, zabortegi bat altxor bat da inguruko animalientzat, han biltzen baitira inguruko hondakin organiko kantitate ikaragarriak; guretzat zabor usaintsu eta nazkagarriak direnak, jaki eskuragarriak dira zenbait animaliarentzat. Animalia basati eta erdi basati batek ez dio muzin egingo horrenbeste janari eskuragarriri; beraz, ez da harritzekoa zabortegi bat iman bat izatea inguruko faunarentzat. Besteak beste, kaioak, azeriak, arratoiak, zakurrak, katuak eta oraindik neurtu gabeko animalia kopuru handiak biltzen dira egunero horien inguruan.

Lehen basoan zelatan eta ehizan zebilen azeria orain zabortegien barrenean dabil hondakinetan muturra sartuta, bere eguneroko dieta eta milioika urtean garatu duen jokamoldea erabat aldatuta. Lehen itsasoaren azalean mokoa barneratuz arrainak harrapatzen zebiltzan kaio taldeek orain goizero zabortegira migratzen dute. Arratoi erraldoiak libreki bizi dira beren zabor paradisuan, konpostagailuan noizean behin agertzen den sagutxo ñimiñoaren Zumosoleko lehengusua. Kezkagarriena, ordea, ikusten ez dena da: gure gaurko espezieetatik zeintzuk ote dira zabortegietako ohiko bisitariak? Agian, lehengo larunbatean ehizatu berria zen basurdea zabortegi baten inguruan hazi da, zabortegia izanik aspaldian bere eguneroko jantokia. Baso ilun eta zahar batean, egoera naturalean hazi den basurde osasuntsu bat jaten ari garela uste dugun arren, litekeena da basurde horrek bere bizi guztia zabortegitik elikatzen igaro izana. Ez al du egonezina sortzen?

Gurean, ezjakintasunagatik, adibide gutxi dauzkagu; baina bada adibide xelebre bat Kenia eta Tanzaniako zabortegietan babuino deritzan tximu ipurdi urdin batekin gertatzen dena, eta apur bat pentsarazten duena. Babuino horiek taldekoiak dira, eta badaude belaunaldietan zabortegietan bizi diren taldeak. Zabortegietako talde horiek ez dute inoiz sabana edo oihana ezagutu; haien bizilekua zabortegia da. Itxura ere ezberdina dute: ile grisa izan ohi dute, eta sabanako babuinoak baino lodiagoak izan ohi dira. Babuinoekin batera, beste milaka espezieren artean, zabortegietako zakurrak bizi dira, eta babuino taldeek zakur horiek etxeratzeko joera dute. Txakurkume bat txikia denean, babuinoek amarengandik bahitzen dute, eta taldeko beste babuinoen artean hazten dute, zakurra taldeko bat gehiago bihurtu arte.

Jokaera harrigarri horrek abantaila asko ematen die babuinoei, zakurrak babuino taldea babestu eta ingurua zelatatzen baitu. Horrela, zakurra duten babuino taldeek inguruko babuino taldeak uxatzen dituzte, eta janari gehiago eskuratzeko aukera dute, bizitza deritzon lasterketa gogor horretan lehen postua lortuz.

Ziur nago gurean ere hainbat espezieren jokamoldeak aldatu direla zabortegien eraginez; ziur nago jokamolde aldaketa horiek inork ez dituela ikertu eta honezkero baditugula basorik ezagutu ez duten azeri belaunaldi berriak, hildako animaliarik jaten ez duten sai taldeak eta mendiaren ordez beren bizilekua zabor mendietan duten orkatzak. Eta horiek erraz ikusten diren animaliak dira; zer gertatzen ari ote da intsektu edo bestelako animalia txikiekin? Edo lurpeko animaliekin? Oso interesgarria izango litzateke behingoz begiak ireki, eta zabortegiak zoritxarrez gure ekosistemen zati bihurtu direla onartzea.

Gure etxetik egin dezakegun bakarra hondakin organikoak zabor poltsatik kentzea da, hori baita fauna zabortegietara erakartzen duena, eta, bide batez, gehixeago birziklatzen badugu, zabortegi bat edo beste desagerraraziko dugu.

Gipuzkoan 50 ibilbidetik gora deskatalogatu dituzte

Ibiltzen gozatzen dutenen artean, mendi ibilaldiak egitea denbora-pasa zen lehen; orain, ia kirol modalitate bihurtu da. Maldatsuak, lauagoak, laburrak, hainbat egunetan egiteko modukoak... Ibiltari guztien neurrira egindako ibilbideak aurki daitezke....

Etorri da Joxepa…

Goizeko zortzi eta erdiak aldera jotzen zuen txirrina Olaldeko Joxepa esnezaleak. Marmita beteta etortzen zen, jetzi berriko behi esnea zeramala. 4 bat urte nituenetik gogoratzen dut goizeroko eszena hura: "Etorri da Joxepa; hasi da eguna", pentsatzen nuela uste dut. Etxeko sukaldera sartzen ziren ama eta biak berriketan, ni ere atzetik, "handien kontuak" entzuteak sorrarazten zidan begirune isil horrekin. Amak jarritako eltzera isurtzen zuen esnea lehendabizi, eta ni inbidiatan begira nengoela ohartu orduko, nire jostailuzko eltzetxoa betetzen zidan. Orain konturatzen naiz marmita handi hartatik jogurt pote bat baino txikiagoa zen eltze txikira esnea txukun botatzeak zeukan zailtasunaz. Baina Joxepari erraz ateratzen zitzaiola zirudien: beti irribarre batekin, tanta bakar bat ere alferrik isuri gabe, bere behien esnearekin betetzen zuen nire jostailua.

Alde egin orduko jartzen zuen amak esnea egosten; oinetakoak jartzen zizkidan jarraian. Bor-bor egin orduko itzaltzen zuen; esne gain lodi hura lehertzear dagoen sumendi baten moduan ikusteak lilura eta nazkaren arteko sentsazio bat eragiten zidan —baina lilurak irabazten zuen beti nazkaren gainetik—. Esne egosi berriaren usain sakonak sukaldetik haragoko zirrikituak inbaditzen zituen bitartean, amak eskolara joateko orrazten ninduen. Kafesne-zopa katilukada bat gosaldu, eta eskolara. Kafesne esan dut, bai, ez larritu; esnea zen kafe ttantta batekin, eta ez, ez naiz txikia geratu horregatik, genetika kontuengatik baizik.

Irratian entzun dut hamaikagarren aldiz behi esnea ikaragarri txarra dela, eta agian ez dute arrazoirik faltako, baina estresatu egiten nau une oro moda horiei jarraitu behar izateak. Gizakiak omen gara animalia bakarrak beste ugaztun baten esnea hartzen dugunak; hori ez omen da naturala. Horrez gain, hazteko garaian soilik hartzen den elikagai bat omen da esnea, eta behin heldutasunera iristean ez omen dago inongo arrazoirik hori hartzen jarraitzeko; hori ere ez omen da naturala. Behiek, zaldiek, elefanteek, tximinoek... ez omen dute sekula halakorik egin, esnea kumeei soilik ematen zaielako. Bai, ados, baina egunean Ducados paketea erretzen duen elefanterik ez dago, Facebookera kateatuta orduak pasatzen dituen tximinorik ere ez, eta ezta ondo pasatzeko kokaina gramo bat behar duen behirik ere; konparatu behar bagaituzte, konpara gaitzatela osotasunean; esnea da gutxienekoa! Duela urte batzuk soja esnea zen alternatibarik onena. Modan jarri zen; soja esnea edaten ez bazenuen, ez zinen batere guaya, eta orain esan dute hori ere ez dela guztiz osasungarria, tiroide kontuetarako, batez ere. Esnerik osasuntsuena gameluarena dela entzun dut irratsaio berberean, baina zapore txarra omen dauka, "earki gatxik!". Beste aukera bat, erle esnea: oso osasungarria, baina ikaragarri garestia —ez dut imajinatu ere egin nahi nork eta nola jezten dituen erleak; hori bai ez dela naturala!—.

Moda eromen honen erdian, estresatzen hasi orduko, irratia itzali dut, begiak itxi ditut, eta kafesne katilu epela eskuen artean dudala denboran atzera egin dut berriz ere; goizeko zortzi eta erdietan Joxepak txirrina jotzen zueneko istant horretara jauzi egin dut, modak ezagutzen ez nituen goiz haietara. "Etorri da Joxepa; hasi da eguna".

228.000

Parte hartzeko aurrekontuetan jardungo duten herritarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak lau eskualdetara hedatuko du aurten partaidetzazko aurrekontuen egitasmoa. Bi milioi euro jarriko ditu aldundiak 228.000 herritarren esku, haiek erabaki dezaten non inbertitu.

Larrialdian, gertuko laguntza

Muturreko egoera batean dagoenak baino ez daki buru barrutik zer pasatzen zaion. Nora joan, norekin hitz egin, nori eskatu, zer eskatu? Galdera horiek argitzen laguntzeko abian da Erletxea, Bidasoko gizarte mugimenduetako boluntarioek Irungo Kale Nagu...

Hornidura, esku hartzeko giltza

Sirenarik piztu gabe heldu dira suhiltzaileak kamioietan Donostiako Gipuzkoa plazara. Ez dute larrialdiko esku hartzerik egin behar, baina inoiz baino prestatuago iritsi dira: material berria dakarte. Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek bi kamioi tankedun eta hamabi kamera termiko eskuratu berri dituzte, ezbeharretan edo suteetan bizkorrago eta seguruago jardun ahal izateko. Hala jakinarazi zuten herenegun, eta tresna berriak aurkezteko baliatu zuten aukera.

Bi berezitasun nagusi ditu kamioi mota horrek: "Batetik, gidatzeko orduan, abiadura aldagailu automatiko bat dauka, eta horrela, kamioiaren potentzia erabat aprobetxatzen da. Bestetik, azken puntako bonba bat eta aparra sortzeko sistema ditu". Hala azaldu du Mikel Larrañagak, Oñatiko Zubillaga suhiltzaile etxeko suhiltzaileen ordezkariak. Lehen esku hartzeetan maiz erabiltzen diren ibilgailuak dira, bai suteetan, bai istripuetan. Orain arte, sua itzali behar zutenetan, urarekin hasten ziren, eta sua indar handikoa bazen, aparteko mahuka bat ezartzen zioten aparra sortzeko; aurrerantzean, ordea, sistema integratuta doanez, aukera dute mahuka berberetik lan egiteko. Bi berrikuntza horiek "abantaila handitzat" jo ditu Larrañagak.

Oñatin daukate oraingoz bi kamioi horietako bat; bestea, berriz, Bidasoko suhiltzaile etxean, Irunen. "Garestiak baina beharrezkoak" direnez, aurrerantzean beste bi eskuratuko dituzte —kalkulatu dute ibilgailu bakoitzak 300.000 euroko prezioa duela—. Euren lehen asmoa da hurrengoak Zarautzera eta Tolosara eramatea.

Berotasuna, ikusgai

Kamioi tankedunekin batera, kamera termikoak ere lagungarri izango zaizkie suteetan. Joseba Alargunsoro Ordiziako suhiltzaile etxeko ordezkariak esandakoaren arabera, "argia egon edo ez egon, beti erakusten du berotasuna". Horregatik, kamera "oso lagungarria" izango zaie jakiteko non dagoen sutearen punturik beroena, edo pertsonaren bat dagoen ala ez. Gainera, "mila gradura arteko irudia ikusteko aukera eskaintzen dute kamera termikoek".

Hamabost minutu inguru igaro dituzte azalpenak ematen; hori da, han justu, iaz suhiltzaileek abisu bat jaso eta gertaeraren tokira iritsi arte behar izan duten denbora "esku hartzeen ia bi herenetan". Gisa horietako hainbat datu ere eman dituzte aldundiko ordezkariek; material berriaz mintzatzeaz aparte, iazko balantzea egin baitute.

Suhiltzaile etxeak behar bezala hornitzearen garrantzia nabarmendu du Garbiñe Errekondo Funtzio Publikoko eta Foru Administrazioko diputatuak, eta, asmo horrekin egin berri dituzten beste bi erosketa aipatu ditu: kale estuetan ibiltzeko furgoneta bat eta kamioi eskaileradun bat —kamioia 3-4 hilabete barru izango dute erabilgarri—.

Iazko datuei dagokienez, Gipuzkoako zortzi suhiltzaile etxetan ia 1.900 esku hartze egin zituzten —gehiengoa salbamendu ekintzak izan ziren—. "Garrantzitsua da azpimarratzea suhiltzaileak ez direla soilik suteetara joaten; askotan herritarrek buruan hori daukagu, baina beste gauza askotarako ere badaude", dio Maider Ziganda Modernizazio eta Zerbitzuetako zuzendariak. Salbamenduko esku hartzeen artean liztor beltzen habiak kentzekoak nabarmendu ditu Zigandak —258 irteera—. "2012an hasi zen fenomeno hau zabaltzen, eta ordutik, gero eta gehiago izan dira".

Bai Esan zerbitzua

Larrialdietan, Sos Deiak zerbitzuak jasotzen ditu deiak, 112 telefono zenbakian, eta Gipuzkoari dagozkionak aldundiaren Bai Esan koordinazio zentrora bideratzen dituzte. Orotara 2013an 6.234 larrialdi dei kudeatu zituzten, eta Zigandaren ustetan, "asko" igo da kopurua duela bi urtetik, 4.948 izan baitziren orduan. Hala ere, suteen kopurua "jaitsi" egin dela gaineratu du, eta hori dela joera. Prebentzio neurriak izan daitezke, haren arabera, horren arrazoiak. Suhiltzaileen trebakuntza ere garrantzitsutzat jo du: suhiltzaile bakarra zauritu da 2013an.

IXTEKO AKORDIOAK

Beasaingo alkate Koldo Agirrek, Zarauzko Juan Luis Illarramendik eta Azpeitiko Eneko Etxeberriak zabortegirik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko akordio zabalerako deia egin zuten joan den ostiralean.

Txistuarekin Hego Koreara

"Nire helburuetako bat da txistuak geografikoki ere mugak apurtzea, kanpoan ere jakin dezatela txistuak aurpegi asko dauzkala". Hala dio Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak. Horrela, datorren astelehenean, Iñaki Letamendia eta Jesus Mari Garmendia Tolosako Udal Txistulariekin batera, Hego Koreara joango da. Hango bi orkestrarekin kontzertu bana emango du Mendizabalek, eta, horrez gain, beste hiru kontzertu joko dituzte zestoarrak eta tolosarrek. Txistuaren eta Euskal Herriko kulturaren berri ematearekin batera, Zestoako Ekainberri eta Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa eta txotxongilo museoa ezagutaraztea dituzte helburu.

Mendizabalek egindako Txistu Symphonic lanean du abiapuntua Hego Koreako proiektuak. "Bratislavako orkestrarekin grabatu nuen lan hori, eta horrek bultzada eman dio txistua orkestrarekin jotzeko nazioarteko aukerari". Lan horri esker, Hego Korean bizi den Unai Urretxo arratearra ezagutzeko aukera izan zuen. "Urretxo han bizi da azken hamabost urteotan edo, eta azken urteetan orkestrak zuzentzen dabil". Urretxok hara joateko aukera agertu zion. "Urretxoz gain, Hego Korean lehen kontzertua lotzeko, ezinbestekoa izan dugu Espainiako enbaxadaren laguntza; oso ondo portatu dira gurekin. Ondorioz, errazago lotu ditugu beste ekitaldiak ere".

Egitasmoak, bi zati

Bi zati ditu Hego Koreako proiektuak: "Alde batetik, bertako bi orkestrarekin bi kontzertu sinfoniko joko ditut, eta bakarlari gisa ariko naiz txistuarekin. Gero, beste alde batetik, formatu txikiko hiru kontzertu emango ditut Tolosako txistulariekin, txistulari banda tradizional moduan".

Orkestrekin joko dituen kontzertuak jendetsuak izango direla uste du. "Orkestren berri Urretxoren bidez dakit, eta bakoitza bere probintzian orkestra profesionala da. Kontzertuak bonudunentzat dira, eta bi mila pertsona inguru etorriko omen dira. Horrek artistikoki gauzak txukun egingo diren ziurtasuna ematen dit, baina, hortik aurrera, ez dakit gehiago haiei buruz. Urrutiegi dago gauza denak jakiteko". Orkestrekin jo aurreko bi egunetan entseatzeko asmoa du Mendizabalek. Errepertorio aldetik, berriz, Txistu Symphonic laneko piezak joko dituzte. "Aurreneko zatia Espainiako doinu batzuekin osatuko dugu, zarzuelekin eta. Era horretan, Espainiako enbaxadari keinu bat eginez, oso ondo portatu baita batik bat aurreneko kontzertua lotzeko kudeaketak eginez. Bigarren zatiak, berriz, euskal kutsua hartuko du erabat. Bukaeran, bis moduan, txistu eta danbolinarekin txistuaren errepertorioko pare bat doinu joko ditut neuk".

Tolosako Udal Txistulariekin emango dituen formatu txikiko kontzertuetan, txistuaren errepertorio klasikoa joko dute. Horietako kontzertu bat Dokdo uhartean dute. "Uharte horrek badauka ezaugarri berezi bat: Japoniak berea dela dio, eta Hego Koreak, berriz, berea. Gibraltarren kutsua hartzen diot nik. Baina, bueno, hara ontzi batean joango garela bakarrik dakit nik".

Bilboko Udal Txistulari Bandaren zuzendaria da zestoarra. Horrez gain, Zestoako eta Azpeitiko txistulariekin ere ibiltzen da. Hego Koreara, ordea, Letamendia eta Garmendiarekin joango da. "Oso-oso lagunak ditudalako, haiekin joateko hautua egin dut". Iruñeko sanferminetara urtero Tolosakoekin joan ohi da zestoarra: "Urteetan Tolosako txistulariak kontratatuta sanferminetara joaten dira. Neu azkenengo hogei urteotan haiekin joan izan naiz astea pasatzera. Aspaldiko harremana daukat haiekin, eta horregatik sartu ditut proiektu honetan, motxilan". Astelehenean irtengo dira Euskal Herritik, eta martxoaren 22an itzuliko dira Hego Koreatik.

Tolosa eta Zestoa sustatzera

Musika proiektu bat baino haragokoa da Hego Koreara egingo duten bidaia, ordea: "Zorionez, Tolosak eta Zestoak aintzakotzat hartu dute proiektua. Bi udalerriek ahal duten neurrian lagundu digute guri proiektu kultural, artistiko eta musikal honetan. Orain, guk herriotako museoak eta azpiegiturak sustatzeko edota ezagutzera emateko ere baliatuko dugu. Hala, bide batez, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Tolosako txotxongilo museoa eta Zestoako Ekainberri pixka bat sustatzeko ere baliatuko dugu bidaia. Ekitaldi kulturala eta musikala egingo dugu, baina baita enbaxadore lana ere".

Sustapen lana nola egingo duten ere pentsatuta dauka Mendizabalek. Bertako bi kontzertu sinfonikoak diren aretoetako sarreretan, hemendik eramandako esku orriak jarriko dituzte erakusgai, eta Etxepare Euskal Institutuak utzitako ikus-entzunezko bat jarriko dute. Gainera, hango agintariekin ere bilduko dira. "Hango agintariekin harrera bat baino gehiago dugu hitzartua. Jakinaren gainean daude hemendik material turistikoa eramatekoak garela. Han emango dizkiegu. Gero, haiek arduratuko dira toki estrategikoetan banatzeaz eta zabaltzeaz. Pixka bat kudeaketa lan hori egingo dugu guk", adierazi du Mendizabalek.

Apurka, bidea zabaltzen

Txistu Symphonic grabatzera Bratislavara jo zuenean bide guztia egiteko zegoela dio. "Lan hori egin arte. Bide hori dena egiteko zegoen; beraz, poliki-poliki joan behar dut. Kontuan hartu behar da orkestrek denbora oso-oso luzearekin antolatzen dituztela programazioak. Arlo horretan, txistua erabat ezezaguna da. Baina oso-oso pozik nago orain Hego Korean atera diren bi kontzertu hauengatik. Poliki-poliki ari naiz; badakit bidea luzea izango dela, baina egiten dudan kontzertu bakoitza opari bat bezala hartzen dut. Duela lau urte ezinezkoa zirudien gauza bat da. Orain, kanpoko orkestrek ere txistuaz gozatzeko aukera dute, eta lasaitasun horrekin egiten dena ondo egina dago".

Hego Koreakoa ez da Mendizabalek Euskal Herritik kanpo lotua duen proiektu bakarra: uztailean Bartzelonako Lizeoan jotzeko gonbidapena du; Espainiako Ballet Nazionalarekin eta orkestrarekin ariko da. Nola ez, txistuarekin: "Iaz, Espainiako balletarentzat grabazio bat egin nuen orkestra sinfonikoarekin, Sorollaren koadro batzuetan oinarrituta. Uztailean Bartzelonako Lizeoan jotzeko gonbita jaso dut; polita da aukera". Hark dioen eran, txistuak "indarra eta txistua" du.