“Realarekin zerbait handia lortzearekin amesten dut”

Aintzane Encinas Realeko kapitainak (Donostia, 1988) ez dio askorik begiratzen taldearekin 300. norgehiagoka jokatu izanari. Taldea buru-belarri ari da lanean Espainiako Kopara sailkatzeko. Azken bost partidak irabazi ditu Realak, eta Encinasek esperantza du laster lorpen handiagoren bat ospatzeko. "Lor daitekeela uste dut. Ligan talde on asko daude, baina gu horietako bat gara".

Duela bi aste Realaren elastikoarekin 300. partida jokatu zenuen, Sevillan. Lehia berezia izan al zen?

Bai, partida berezia izan zen. Niretzat gauza ederra da Realarekin 300 partida jokatu ahal izatea. Gainera, garaipen batekin ospatu ahal izan nuen [0-4 irabazi zuten]; horrek are bereziagoa bihurtu zuen eguna, bai niretzat eta bai taldekideentzat. Oso pozik nago zenbaki horietara iristeaz. Hala ere, ez diot eman nahi daukana baino garrantzi handiagoa.

Taldea sortu zenetik zabiltza Realean. 300 partida, guztira. Horietatik, zein hiru dituzu bereziki gogoan?

Gogoan dut Realarekin jokatutako lehenengo norgehiagoka. Tolosako txapelketa batean izan zen, taldea oraindik guztiz osatu gabe zegoela. Ligako lehenengoa, berriz, Amara Berri taldearen aurka jokatu genuen. Hala ere, guztien gainetik partida bat dut gogoan: lehen mailara igo ginenekoa. Kanariar uharteetan lortu genuen amestutako igoera.

16 urte besterik ez zenuen Realak talderako aukeratu zintuenean. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Realak lehenik entrenamendu batzuk antolatu zituen Zubietan. Jokalari askok parte hartu genuen bertan. Zoratzen nengoen entrenamendu horietara joateko aukera izatearekin bakarrik. Amets bat zen Realak nesken talde bat izatea, eta talde horretarako niri deitzea... Bada, pentsa! Ederki gogoratzen dut egun hura. Tolosako txapelketa hura jokatu berri genuen. Haren ondoren esan ziguten taldean geldituko ginen ala ez. Reality bat zirudien. Denak elkarrekin geunden, eta areto batera joan ginen entrenatzaileekin hitz egitera. Ni garai hartan lotsati samarra nintzen. Aretora sartu, eseri, eta ez nintzen gai entrenatzaileei begiratzeko. Gogoratzen dut Iñigo Domingez entrenatzaileak nola esan zidan: "Zuk inoiz ez duzu barre egiten? Hasi barre egiten, Realean jokatuko duzu eta". Esaldi horrekin hasi zen historia.

Hamar urtean asko aldatu al da Reala?

Bai, duela hamar urteko egoera desberdina zen. Hasierakoarekin konparatuta, erakundearen aldetik dugun babesa handiagoa da. Baldintzak beste batzuk ziren orduan, taldekideak ere bai. Duela hamar urteko Realaren maila handia zen, baina ez urteekin hartu duen adinakoa. Pausoz pauso aurrera egin du taldeak. Gero eta jende gehiago etortzen da gu ikustera, komunikabideek ere jaramon gehiago egiten digute eta klubaren babesa erabatekoa da.

Jokalari on askoren aurka aritu izan zara. Zein nabarmenduko zenuke?

Jokalari on asko daude, baina bat aipatzekotan Vicky Losada aipatuko nuke. AEBetako liga profesionaleko talde batera joan berri da, eta onena opa diot. Jokalari handia da. Bestalde, Veronica Boquetek ere maila bikaina du. Gaur egun, Suedian jokatzen du.

Reala, Athletic, Bartzelona, Atletico Madril, Sevilla... Gero eta klub gehiago ari dira emakumezkoen taldeak sortzen. Horrek zein onura ekartzen dizkio emakumezkoen futbolari?

Beti da ona azpiegitura handia duten klubek emakumezko taldeak sortzea. Klub horiek dituzten azpiegiturek babes handia ematen digute hobetzen jarraitzeko.

Pentsatzen dut hamar urtean aldatuko zela aldagelan duzun rola, ezta? Lehen, 16 urte zenituen. Orain, taldeko kapitaina zara, 25 urterekin.

Egia esan, bai. Lehen, jende helduagoarekin egotea egokitzen zitzaidan. Horrek lagundu dit orain naizena izaten. Askotan esan izan dut futbolarekin egin naizela emakume. Hasieran ume bat nintzen, zaharragoekin jokatzen zuena. Orain, zaharrena ez, baina zaharrenetako bat naiz. Nabaritzen da aldea.

Realak jokalari gazte asko ditu: Nahikari Garcia, Leire Baños... Haiei begiratuta, duela hamar urteko Aintzane Encinas ikusten al duzu?

Bada, askotan bai. Niri orain ohikoa iruditzen zaidan edozer gauzak ilusio izugarria egiten die haiei. Guk dagoeneko bizi dugu garai hori. Niri ilusioa egiten dit ikusteak nola gozatzen duten denbora gehiago daramagunok askotan baliorik ematen ez diegun xehetasun txikiekin. Talde gaztea dugu, eta uste dut apurka gorantz egingo dugula. Hobetzeko tarte handia dugu, eta gogoa eta ilusioa zerbait polita egiteko.

Zerbait polita non? Espainiako Kopan, esate baterako?

Liga amaitzeko zortzi partida falta zaizkigu oraindik. Norgehiagoka horietan ahalik eta ondoen egin nahi ditugu lanak. Egia da bigarren buelta oso ona egiten ari garela eta Kopara sailkatzeko helburua gero eta gertuago dugula, baina ligan ere ahalik eta posturik onenean geratu nahi dugu. Kopara sailkatu, eta sailkatzen bagara, lan ona egin. Baina lehenengo helburua da sailkatzea, gero gerokoak.

Athleticekin gero eta lehia estuagoak jokatzen dituzue, Bartzelona liderraren etxean berdintzea lortu zenuten... Amets egiten al duzu laster tituluren bat altxatzearekin?

Realarekin zerbait handia lortzearekin amesten dut. Uste dut klubak merezi duela, baita taldetik pasatako guztiek ere. Lor daitekeela pentsatzen dut. Ez dugu gainontzeko taldeek baino maila txikiagoa. Ligan talde on asko daude, baina gu horietako bat gara. Lehenik, guk sinetsi behar dugu. Horrela hobeto joango da dena.

Aurten da urtea orduan? Kopa Realak irabaziko du?

Kar, kar, kar. Ez naiz ausartzen esatera "aurten bai" edo "irabaziko dugu". Baina esan dezaket ahal dugun guztia egingo dugula urrutira iristeko. Gero, ikusiko dugu noraino iristen garen.

Kaleko kulturaren plaza

'Fun Dantz!'AretxabaletaHip hopa, rap abeslariak, DJak, breakdance saioak, bizikletarekin akrobaziak... Askotariko adierazpen artistikoak ikusteko aukera izango da bihar, 16:30etik aurrera, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Udalak eta Bilboko Break o...

270

Emekin egitasmoaz abian jarritako enpresak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Emekin programak abian jarri ditu emakumeek sortutako 270 enpresa. Aholkularitza ematen die enpresa ekimena duten andreei, bideragarritasun azterketan lagunduz eta hasierako tutoretza eginez.

FAMILIA EREDUEI BURUZ GOGOETA EGITEKO

Txalo antzerki ekoiztetxeak Hiru antzezlana emango du gaur Tolosako Leidor antzokian, 20:30ean. Lau antzezle igoko dira oholtza gainera: Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ane Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga. Martin Agirrek euskaratu, eta Begoña Bilbaok zuzendu du Juan Carlos Rubioren Tres komedia. 50 urte betetzear dauden hiru emakume dira antzezlaneko protagonistak. Ametsetako batzuk bete dituzten arren, hiruretako inork ez du gauzatu ama izateko ametsa. Elkarrekin bilduta, amets hori nola gauzatu aztertuko dute. Gizon gazte bat izango dute laguntzaile. Barre eginaraziz, familia ereduei buruz gogoeta egitera bultzatzen du obrak.

‘Guifi’ sarea zabaltzen ari da

Imajinatu herri batek bere errepide sarea osatzen duela. Etxe bakoitzak bere bidea eraikitzen du, eta bizilagun guztien artean, herriko errepideen sarea osatzen dute. Gero eta herritar gehiagok parte hartu, handiagoa izango da sarea”. Horrela azaltzen du Asier Garaialdek Guifi.net zer den. Azken urteetan, hainbat lagunekin batera, proiektu hori Euskal Herrian zabaltzen ari da. Telekomunikazio sare bat da Guifi.net: sare askea,...

‘Guifi.net’-en nodoak edo erabiltzaileak.

Duela hamar urte Katalunian martxan jarritako sarea zabaltzen ari da urtez urte. Egun, 23.465 erabiltzaile ditu Guifi.net egitasmoak. Azken lau urteetan bikoiztu egin da kopuru hori. Izan ere, 11.000 erabiltzaile zituen 2010ean.

Kuttun, gozatuz gozaraztearren

Ezustekoa" izan da Josetxo Guiurentzat eta Juan Ortega Kanu-rentzat Kabi Alai elkartearen Inauterizale Kuttun izendapena jasotzea. "Ohorea da inauterizale onak izateagatik suziria botatzea", dio Guiuk. "Gurekin gogoratu dira, eta hori zerbait bada", gaineratu du Ortegak. "Izendapenak esan nahi du ez garela besterik gabe pasa inauterien festa erraldoian", esan du Guiuk. Ortegak eta biek hainbat konpartsa gogoangarri atera dituzte, eta sariak erruz jaso dituzte inauterien lehiaketan.

2011n izan zen konpartsa moduan atera ziren azken aldia. 1973an hasita, kuadrillan, familian, hirukote zein bikote gisa atera izan dira. "Dagoeneko ez ditugu 20 urte, eta ikusita inauteriek eskatzen duten esfortzua, eta bi garenez, bietako batek ezin badu, dena pikutara doa", dio Guiuk. "Zortea izan dugu biotako inork arazorik ez izanda, bestela ez zen posible izango hainbeste urtetan konpartsak osatzea", gaineratu du Ortegak.

Taldean atera izan badira ere, urteen poderioz, biek bakarrik jarraitu dute. Horrek tamaina txikiagoko karrozak egitera bideratu ditu. Hori bai, aldatu ez dena umorea da: "Beti saiatu gara alde umoretsua lantzen. Ez da batere erraza jendeari barrea eragitea, eta uste dut hainbat urtetan hori lortu dugula, eta horregatik pozik gaude". 2008an ez ziren atera, baina orduan Ferialekutik materiala lapurtu zietelako izan zen, eta ez zuten denborarik izan beste bat prestatzeko.

Ez dira mugatu mozorrotzera bakarrik, beti egin dituzte antzezpenak, eta horregatik izan ohi zuten hainbeste jende beren inguruan. "Bazegoen jendea gure bila etortzen zena", dio Ortegak. "Jarraitzaileak genituela esan daiteke".

Aldaketak festa ereduan

Inauterizaletasuna ez zuten gurasoengandik jaso. "Mozorrotzen ziren", dio Guiuk, "baina ez ziren gu bezain parte hartzaileak". Euren seme-alabek jaso dute, ordea, eta ez dute huts egiten inauterietan. "Gordeta dauzkagun material eta mozorroak erabiltzen dituzte. Horiek harra txikitatik sartua dute". Hala ere, plataformara igo eta antzezten hastea ez dela erraza diote: "Hainbeste jende aurrean izanda, errespetua eragiten dizu".

Inauteriak, batez ere, soinuaren aldetik aldatu direla diote: "Hasi ginenean bafle txiki batzuk erabiltzen genituen, eta ondoko karrozatik hogei metrotara egonez gero, ez zen arazorik izaten. Egun, potentzian gehien irabazten duenak besteengan agintzen du". Gaia zaila dela esan dute: "Karrozek beren artean arazoak dituzte, eta, gainera, nola ezin diren hainbeste mugitu, denak pilatuta egoten direnez, zailagoa da arazoa konpontzea". Soinuaren dema horrek konpartsetan eta karrozetan ateratzen direnak dantza egitera mugatzen dituela dio Guiuk: "Gutxiago antzezten da, eta dantza eginez grazia egitea ez da batere erraza".

Urteetan aldatu den beste gauza bat karrozetan eta plataformetan dagoen lana dela diote: "Batzuek lan handia egiten dute, baina beste batzuek, plataforma karratu bat atera, eta urtetik urtera errepikatu egiten dute forma bera. Gu saiatu izan gara forma ezberdinak ematen egiturari, urte batetik bestera aldatzen".

Izan ere, lan handia ekarri izan die prestaketak: "Bi izanik, Eguberrien ondoren eta inauteriak arte egunero sartzen genituen orduak". Hasiera batean Aranzegi karrozerian egiten zituzten, Ferialekua ez baitzen orduan erabiltzen karrozak eta plataformak prestatzeko. "Arazoa da Ferialekuan ezin duzula bihurkin bat bera ere utzi, bestela lekuz aldatzen dizute segituan. Lapurreta asko izan dira, baina, dirudienez, arazoa orokorra da", dio Ortegak.

Muntaketa egitea ez da garrantzitsuena Guiuren ustez, zer egin nahi den jakitea eta hori antolatzen asmatzea baizik: "Pentsatu egin behar da zer egin nahi den eta nola, bestela ordu pila bat egon zaitezke begira, ezer egin gabe, ohol bat leku batetik bestera aldatzen. Gure kasuan, normalean plano bat izaten zen, eta gauzak neurrira moztu eta gero egitura osatzen joaten ginen". Ortegak gaineratu du: "Josetxo delineatzailea da, eta dena antolatzen zuen".

Zaila egiten zaie atera dituzten konpartsetatik bat aukeratzea. "Niretzat zaila da bat edo bi esatea; nik, gutxienez, dozena bat esango nituzke", dio Guiuk. "Nik guztiekin oso ondo pasatu dut", Ortegak. "Asko eragiten du eguraldiak ere", esan du Guiuk, eta zenbait adibide ekarri ditu gogora: "Indurain eta Olanoren arteko lehiaren konpartsa atera genuenean, plastikozko bizikletak genituen, eta plataformara igotzen zirenek pedalei ematerakoan mugitzen ziren. Euria hasi zuen, gurpilak irristatu egiten ziren, eta gauzak hondatzen hasi ziren". Hori bai, eguraldiak ez ditu kikildu: "Urtero atera gara, euria edo elurra egin arren. Egindakoa kale edo bale ateratzen genuen, hilabete eta erdi lanean aritu eta gero…".

Anekdota asko dituzte. Lehenengoetakoa, astoak ihes egin zienekoa: "Igandean astoarekin atera ginen, utzi genuen egunaren bukaeran karrozerian lotuta, eta astelehenean falta zen. Astoa bera bakarrik etxeraino joan zen, herriaren beste puntaraino. Gero berriz jaitsi genuen, eta asteartean berriro atera ginen". Beste urte batean txerri batekin atera ziren, baina ezkutatu egin zen, eta kostatu zitzaien topatzea.

Atera dituzten karroza askotara jendea igoarazten zuten, eta hori ez dela erraza diote: "Inork ez zuen igo nahi, zerbait egingo geniela pentsatzen zutelako. Jendea urruti jartzen zen, begira bai, baina badaezpada urruti; zertaz mozorrotuta geunden eta ea norbait konpartsara igotzen genuen ikusi nahi zuten lehenengo". Beste jende askok argazkiak atera nahi izaten zituen haiekin. "Simpson familiaz mozorrotu ginenean sekulakoa izan zen, jende pila batek eskatu zuen argazkia ateratzea".

Ofizialki, beraz, aurreko bi urteetan bezala, ez dute beren umorea San Frantzisko kaletik paseoan aterako. Baina inauterien harra handia da, eta zerbait prestatu dute: Zaldunitan, Iurre tabernaren parean ikuskizunen bat eskainiko dute, 22:00 inguruan hasita. "Musika ekipoa dugunez, aprobetxatu egingo dugu. Gainera, Iurre auzoan ez denez ezer izaten, ea bizi pixka bat ematen diogun". Hain handia da beren inauterizaletasuna, ezin dute barnean utzi, eta besteekin partekatu beharra dute.

Gipuzkoan martxan dauden azpiegiturak.

Egun, Gipuzkoan Guifi.net sareko 73 azpiegitura daude erabilgarri. Gehienak Oiartzualdean (28) eta Debagoienean (18) daude. Horiez gain, beste 44 ari dira eraikitzen, eta beste 30 azpiegitura ere proiektatuta dauzkate.

‘Urumeako Kronika’-k bihar kaleratuko du lehen zenbakia

"Euskara hutsean egindakoa, herritar guzti-guztiei begira egindakoa eta doakoa". Horiek dira Urumeako Kronika proiektu berriaren ezaugarri nagusiak. Bihartik aurrera, larunbatero-larunbatero, Urumea aldeko albisteak bilduko dituzte paperekoan; www.kronika.net webgunea, berriz, egunero berrituko dute. "Urumeako Kronika-k bailara baten oihartzuna izan nahi du; inguruko ahotsak bilduko dituen hedabidea, eta herritarren iritziak herritarrei zabalduko dizkiena". Urumeako Kronika-n lekua izango dute Hernaniko, Astigarragako, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako kontuek. Bestalde, hemendik aurrera, Astigarragak kronika propioa izango du asteazkenetan —herenegun kaleratu zuten 0 zenbakia—. Asteartean aurkeztu zuten proiektua, Hernaniko Biteri kultur etxean.

Gutxienez, hamasei orrialde izango ditu larunbatetako edizio bateratuak. Hernaniko Kronika-k hasitako bidean jarraitzea da Urumeako Kronika-ren asmoa. Lehendik ere beste herrietako albisteak ematen zituen Hernaniko Kronika-k, baina, orain, "benetako lekua eta azpiegitura" eskainiko die herritarrei: "Bereziki, kontuan hartuko ditugu herritarrak. Zuzenean lan egingo dugu haiekin, eta egunkaria haiena dela sentituko dute". "Iritzi guztiei" egingo die lekua; alderdi politiko, elkarte eta herritar guztiei, "inongo diskriminaziorik egin gabe".

Webgune "indartsua"

Webgune berritua ere bihar jarriko dute martxan. Azken urteetako joera ikusita, beharra ikusi dute Interneterako plataforma "indartsu bat" eraikitzeko. Orri hori egunero berrituko dute, albisteak sortu ahala. Paperekoan baino erritmo biziagoan lan egingo dute sarean.

Albisteak argazkiekin, audioekin edo bideoekin kargatuko dituzte webgunera. Herri bakoitzak bere atala izango du, gainera. Atal bakoitzean klik eginez, aukeratutako herriko albisteak irakurriko dira. Argazki bilduma ere handiagoa izango da, argazki bat baino gehiago argitaratzeko aukera edukiko baitute albiste bakoitzarekin. Herritarren txokoa da beste berritasunetako bat. Atal horretan herritarrek berek kargatuko dituzte albisteak edo argazkiak.

Herritar ugarik parte hartu zuten astearteko aurkezpenean, eta bertan izan ziren hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariak ere. Bost herrietako alkateak: Luis Intxauspe (Hernani), Andoni Gartzia (Astigarraga), Imanol Lizeaga (Ereñotzuko Auzo Udala), Ainhoa Ansa (Arano) eta Pablo Miranda (Goizueta); Tokikom elkarteko zuzendari Inazio Arregi, Urko Aristi lehendakaria eta Mikel Irizar lehendakari ohia; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.