FAMILIA EREDUEI BURUZ GOGOETA EGITEKO

Txalo antzerki ekoiztetxeak Hiru antzezlana emango du gaur Tolosako Leidor antzokian, 20:30ean. Lau antzezle igoko dira oholtza gainera: Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ane Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga. Martin Agirrek euskaratu, eta Begoña Bilbaok zuzendu du Juan Carlos Rubioren Tres komedia. 50 urte betetzear dauden hiru emakume dira antzezlaneko protagonistak. Ametsetako batzuk bete dituzten arren, hiruretako inork ez du gauzatu ama izateko ametsa. Elkarrekin bilduta, amets hori nola gauzatu aztertuko dute. Gizon gazte bat izango dute laguntzaile. Barre eginaraziz, familia ereduei buruz gogoeta egitera bultzatzen du obrak.

‘Guifi’ sarea zabaltzen ari da

Imajinatu herri batek bere errepide sarea osatzen duela. Etxe bakoitzak bere bidea eraikitzen du, eta bizilagun guztien artean, herriko errepideen sarea osatzen dute. Gero eta herritar gehiagok parte hartu, handiagoa izango da sarea”. Horrela azaltzen du Asier Garaialdek Guifi.net zer den. Azken urteetan, hainbat lagunekin batera, proiektu hori Euskal Herrian zabaltzen ari da. Telekomunikazio sare bat da Guifi.net: sare askea,...

‘Guifi.net’-en nodoak edo erabiltzaileak.

Duela hamar urte Katalunian martxan jarritako sarea zabaltzen ari da urtez urte. Egun, 23.465 erabiltzaile ditu Guifi.net egitasmoak. Azken lau urteetan bikoiztu egin da kopuru hori. Izan ere, 11.000 erabiltzaile zituen 2010ean.

Kuttun, gozatuz gozaraztearren

Ezustekoa" izan da Josetxo Guiurentzat eta Juan Ortega Kanu-rentzat Kabi Alai elkartearen Inauterizale Kuttun izendapena jasotzea. "Ohorea da inauterizale onak izateagatik suziria botatzea", dio Guiuk. "Gurekin gogoratu dira, eta hori zerbait bada", gaineratu du Ortegak. "Izendapenak esan nahi du ez garela besterik gabe pasa inauterien festa erraldoian", esan du Guiuk. Ortegak eta biek hainbat konpartsa gogoangarri atera dituzte, eta sariak erruz jaso dituzte inauterien lehiaketan.

2011n izan zen konpartsa moduan atera ziren azken aldia. 1973an hasita, kuadrillan, familian, hirukote zein bikote gisa atera izan dira. "Dagoeneko ez ditugu 20 urte, eta ikusita inauteriek eskatzen duten esfortzua, eta bi garenez, bietako batek ezin badu, dena pikutara doa", dio Guiuk. "Zortea izan dugu biotako inork arazorik ez izanda, bestela ez zen posible izango hainbeste urtetan konpartsak osatzea", gaineratu du Ortegak.

Taldean atera izan badira ere, urteen poderioz, biek bakarrik jarraitu dute. Horrek tamaina txikiagoko karrozak egitera bideratu ditu. Hori bai, aldatu ez dena umorea da: "Beti saiatu gara alde umoretsua lantzen. Ez da batere erraza jendeari barrea eragitea, eta uste dut hainbat urtetan hori lortu dugula, eta horregatik pozik gaude". 2008an ez ziren atera, baina orduan Ferialekutik materiala lapurtu zietelako izan zen, eta ez zuten denborarik izan beste bat prestatzeko.

Ez dira mugatu mozorrotzera bakarrik, beti egin dituzte antzezpenak, eta horregatik izan ohi zuten hainbeste jende beren inguruan. "Bazegoen jendea gure bila etortzen zena", dio Ortegak. "Jarraitzaileak genituela esan daiteke".

Aldaketak festa ereduan

Inauterizaletasuna ez zuten gurasoengandik jaso. "Mozorrotzen ziren", dio Guiuk, "baina ez ziren gu bezain parte hartzaileak". Euren seme-alabek jaso dute, ordea, eta ez dute huts egiten inauterietan. "Gordeta dauzkagun material eta mozorroak erabiltzen dituzte. Horiek harra txikitatik sartua dute". Hala ere, plataformara igo eta antzezten hastea ez dela erraza diote: "Hainbeste jende aurrean izanda, errespetua eragiten dizu".

Inauteriak, batez ere, soinuaren aldetik aldatu direla diote: "Hasi ginenean bafle txiki batzuk erabiltzen genituen, eta ondoko karrozatik hogei metrotara egonez gero, ez zen arazorik izaten. Egun, potentzian gehien irabazten duenak besteengan agintzen du". Gaia zaila dela esan dute: "Karrozek beren artean arazoak dituzte, eta, gainera, nola ezin diren hainbeste mugitu, denak pilatuta egoten direnez, zailagoa da arazoa konpontzea". Soinuaren dema horrek konpartsetan eta karrozetan ateratzen direnak dantza egitera mugatzen dituela dio Guiuk: "Gutxiago antzezten da, eta dantza eginez grazia egitea ez da batere erraza".

Urteetan aldatu den beste gauza bat karrozetan eta plataformetan dagoen lana dela diote: "Batzuek lan handia egiten dute, baina beste batzuek, plataforma karratu bat atera, eta urtetik urtera errepikatu egiten dute forma bera. Gu saiatu izan gara forma ezberdinak ematen egiturari, urte batetik bestera aldatzen".

Izan ere, lan handia ekarri izan die prestaketak: "Bi izanik, Eguberrien ondoren eta inauteriak arte egunero sartzen genituen orduak". Hasiera batean Aranzegi karrozerian egiten zituzten, Ferialekua ez baitzen orduan erabiltzen karrozak eta plataformak prestatzeko. "Arazoa da Ferialekuan ezin duzula bihurkin bat bera ere utzi, bestela lekuz aldatzen dizute segituan. Lapurreta asko izan dira, baina, dirudienez, arazoa orokorra da", dio Ortegak.

Muntaketa egitea ez da garrantzitsuena Guiuren ustez, zer egin nahi den jakitea eta hori antolatzen asmatzea baizik: "Pentsatu egin behar da zer egin nahi den eta nola, bestela ordu pila bat egon zaitezke begira, ezer egin gabe, ohol bat leku batetik bestera aldatzen. Gure kasuan, normalean plano bat izaten zen, eta gauzak neurrira moztu eta gero egitura osatzen joaten ginen". Ortegak gaineratu du: "Josetxo delineatzailea da, eta dena antolatzen zuen".

Zaila egiten zaie atera dituzten konpartsetatik bat aukeratzea. "Niretzat zaila da bat edo bi esatea; nik, gutxienez, dozena bat esango nituzke", dio Guiuk. "Nik guztiekin oso ondo pasatu dut", Ortegak. "Asko eragiten du eguraldiak ere", esan du Guiuk, eta zenbait adibide ekarri ditu gogora: "Indurain eta Olanoren arteko lehiaren konpartsa atera genuenean, plastikozko bizikletak genituen, eta plataformara igotzen zirenek pedalei ematerakoan mugitzen ziren. Euria hasi zuen, gurpilak irristatu egiten ziren, eta gauzak hondatzen hasi ziren". Hori bai, eguraldiak ez ditu kikildu: "Urtero atera gara, euria edo elurra egin arren. Egindakoa kale edo bale ateratzen genuen, hilabete eta erdi lanean aritu eta gero…".

Anekdota asko dituzte. Lehenengoetakoa, astoak ihes egin zienekoa: "Igandean astoarekin atera ginen, utzi genuen egunaren bukaeran karrozerian lotuta, eta astelehenean falta zen. Astoa bera bakarrik etxeraino joan zen, herriaren beste puntaraino. Gero berriz jaitsi genuen, eta asteartean berriro atera ginen". Beste urte batean txerri batekin atera ziren, baina ezkutatu egin zen, eta kostatu zitzaien topatzea.

Atera dituzten karroza askotara jendea igoarazten zuten, eta hori ez dela erraza diote: "Inork ez zuen igo nahi, zerbait egingo geniela pentsatzen zutelako. Jendea urruti jartzen zen, begira bai, baina badaezpada urruti; zertaz mozorrotuta geunden eta ea norbait konpartsara igotzen genuen ikusi nahi zuten lehenengo". Beste jende askok argazkiak atera nahi izaten zituen haiekin. "Simpson familiaz mozorrotu ginenean sekulakoa izan zen, jende pila batek eskatu zuen argazkia ateratzea".

Ofizialki, beraz, aurreko bi urteetan bezala, ez dute beren umorea San Frantzisko kaletik paseoan aterako. Baina inauterien harra handia da, eta zerbait prestatu dute: Zaldunitan, Iurre tabernaren parean ikuskizunen bat eskainiko dute, 22:00 inguruan hasita. "Musika ekipoa dugunez, aprobetxatu egingo dugu. Gainera, Iurre auzoan ez denez ezer izaten, ea bizi pixka bat ematen diogun". Hain handia da beren inauterizaletasuna, ezin dute barnean utzi, eta besteekin partekatu beharra dute.

Gipuzkoan martxan dauden azpiegiturak.

Egun, Gipuzkoan Guifi.net sareko 73 azpiegitura daude erabilgarri. Gehienak Oiartzualdean (28) eta Debagoienean (18) daude. Horiez gain, beste 44 ari dira eraikitzen, eta beste 30 azpiegitura ere proiektatuta dauzkate.

‘Urumeako Kronika’-k bihar kaleratuko du lehen zenbakia

"Euskara hutsean egindakoa, herritar guzti-guztiei begira egindakoa eta doakoa". Horiek dira Urumeako Kronika proiektu berriaren ezaugarri nagusiak. Bihartik aurrera, larunbatero-larunbatero, Urumea aldeko albisteak bilduko dituzte paperekoan; www.kronika.net webgunea, berriz, egunero berrituko dute. "Urumeako Kronika-k bailara baten oihartzuna izan nahi du; inguruko ahotsak bilduko dituen hedabidea, eta herritarren iritziak herritarrei zabalduko dizkiena". Urumeako Kronika-n lekua izango dute Hernaniko, Astigarragako, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako kontuek. Bestalde, hemendik aurrera, Astigarragak kronika propioa izango du asteazkenetan —herenegun kaleratu zuten 0 zenbakia—. Asteartean aurkeztu zuten proiektua, Hernaniko Biteri kultur etxean.

Gutxienez, hamasei orrialde izango ditu larunbatetako edizio bateratuak. Hernaniko Kronika-k hasitako bidean jarraitzea da Urumeako Kronika-ren asmoa. Lehendik ere beste herrietako albisteak ematen zituen Hernaniko Kronika-k, baina, orain, "benetako lekua eta azpiegitura" eskainiko die herritarrei: "Bereziki, kontuan hartuko ditugu herritarrak. Zuzenean lan egingo dugu haiekin, eta egunkaria haiena dela sentituko dute". "Iritzi guztiei" egingo die lekua; alderdi politiko, elkarte eta herritar guztiei, "inongo diskriminaziorik egin gabe".

Webgune "indartsua"

Webgune berritua ere bihar jarriko dute martxan. Azken urteetako joera ikusita, beharra ikusi dute Interneterako plataforma "indartsu bat" eraikitzeko. Orri hori egunero berrituko dute, albisteak sortu ahala. Paperekoan baino erritmo biziagoan lan egingo dute sarean.

Albisteak argazkiekin, audioekin edo bideoekin kargatuko dituzte webgunera. Herri bakoitzak bere atala izango du, gainera. Atal bakoitzean klik eginez, aukeratutako herriko albisteak irakurriko dira. Argazki bilduma ere handiagoa izango da, argazki bat baino gehiago argitaratzeko aukera edukiko baitute albiste bakoitzarekin. Herritarren txokoa da beste berritasunetako bat. Atal horretan herritarrek berek kargatuko dituzte albisteak edo argazkiak.

Herritar ugarik parte hartu zuten astearteko aurkezpenean, eta bertan izan ziren hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariak ere. Bost herrietako alkateak: Luis Intxauspe (Hernani), Andoni Gartzia (Astigarraga), Imanol Lizeaga (Ereñotzuko Auzo Udala), Ainhoa Ansa (Arano) eta Pablo Miranda (Goizueta); Tokikom elkarteko zuzendari Inazio Arregi, Urko Aristi lehendakaria eta Mikel Irizar lehendakari ohia; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.

Bakardadetik ateratzeko elkartasuna

Lotsa sentimendua, erruduntasuna, goibeltasuna, antsietatea, adore falta... Horiek dira krisiak eragin zuzena edo zeharkakoa izan duen pertsona askoren sentimenduak. Gogor jo du gainbehera ekonomikoak gipuzkoarren artean, eta, beste erakunde eta eragi...

NORTASUNAREN ALDEKO ILDOA, PREST

Euskal Herritarrak gara egitasmoaren prestakuntzarako bilkura eta ekitaldia egin zituen Udalbiltzak, iragan larunbatean, Ordizian. Euskal Herriaren ikurren aldeko herri dinamika sustatzea, nortasun agiri propioa bultzatzea eta Interneteko domeinu prop...