Aurrekontuen aurkezpena arloz arlo egiten ari dira

Foru aldundiak arloz arloko gizarte eragileei eta herritarrei aurkeztu nahi die bere aurrekontu proposamena. Asteazkenean, euskara arloko eragileekin eta herritarrekin bildu zen, eta ostegunean, berriz, kirol mundukoekin. Datozen asteetan arlo gehiago...

Jo mailuarekin buruan, faborez

Ez dakit Behobiatik Donostiara bi ordu baino gutxiagoan korritzeko gai izango nintzatekeen, eta ez zait piperrik axola. Sofan bapo eserita egoterik daukazunean ordubetez kalera sufritzera irtetea ergelkeria galanta dela konbentzitua dagoen gehiengo is...

719

Irailetik urrira Gipuzkoan gehitu den langabe kopurua. Espainiako Ministerioak kaleratutako datuen arabera, gora egin du urrian Gipuzkoako langabe kopuruak. Zehazki, aurreko hilean baino 719 herritar gehiago geratu dira lanik gabe, eta uneotan, guztira, 49.874 lagun daude langabezian Gipuzkoan.

Mende erdia euskaraz hezten

Frankismo garaian ia klandestinoki sortu eta bost hamarkada betetzera iritsi dira hainbat ikastola Gipuzkoan. Horietako bik, Andoaingo Aita Larramendi eta Errenteriako Orereta ikastolek, aurten bete dute mende erdia, eta ospakizunetan murgilduta edo murgiltzear dira egunotan. Seme-alabei euskarazko hezkuntza eman nahi zieten gurasoek sortuak dira biak, eta oraindik ere beste ikastetxeetatik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte.

Andoaingo Aita Larramendi ikastolak datorren asteartean beteko ditu 50 urte. Gaur egun erretiratuta badago ere, urte luzeetan bertako irakasle izandako Alfredo Kamiok gogoan du ikastolaren hastapenetako giroa: "Gipuzkoako hainbat herritan baziren orduan elkarren artean bildu eta ikastolak sortzen hasi ziren herritarrak. Euskaraz irakastea debekatuta zegoelako eta irakaskuntza guztia gaztelaniaz zelako. Hasiera batean, gainera, euskarazko hezkuntza baino gehiago, euskara bera suspertzeko eta indartzeko helburua zuten ikastolek". Frankismo garaiko urteak izaki, euskaraz ia etxean bakarrik hitz egiten zen, eta, Kamioren hitzetan, "hasierako urteak oso zailak izan ziren Aita Larramendi sortu zutenentzat".

Juanita Alkain herritarrak bere etxea Elizari utzi zion herentzian, euskara eta euskal kultura suspertzeko baldintzarekin. Kamiok azaldu duenez, ikastolaren sortzaileak, "testamentu hura baliatu, eta etxe hartako solairu bateko logelak ikasgela modura erabiltzen hasi ziren". Orduan, 4-5 urte bueltako haurrak hartzen zituzten, eta baliabide urriekin egiten zuten aurrera. "Gelak ia hutsik zeuden, egurrezko ohol batzuk baino ez zeuden bertan, haurrek lurrean eseri eta marrazteko mahai gisa erabiltzen zituztenak", azaldu du Kamiok. Hainbat oztopo gainditu behar izan zituzten ikastolaren sortzaileek gela horietan eskolak emateko. "Nik neuk ikusi nituen gela horiek zigilatuta. Guardia Zibilak zigilatu zituen, bertan legezkoa ez zen jarduera bat egiten zela-eta", gogora ekarri du irakasle ohiak. Hala ere, jarraitzeko aukera izan zuten: "Ikastola Elizaren babespean zegoen, eta parrokiako katekesia balitz bezala aurkezten zuten". Estatuaren eta Elizaren arteko orduko hitzarmenak aukerak ematen zizkion Elizari bere eskumeneko zenbait arlotan estatuak parte ez hartzeko, eta hortaz baliatu ziren ikastolaren jardunarekin segitzeko.

Urte askoan ez zuen eraikin propiorik izan Aita Larramendik. "Herritarrek utzitako lekuak, alokatutako behe solairuak, nahiz Leizaur Akademia elkarte anonimoko bazkideek egindako diru ekarpenekin erosi ziren lokalak baliatu ziren", dio Kamiok. Baina asmatzen zuten aurrera egiten: "Ni 1972an sartu nintzen. Urtetik urtera ikasle gehiago etortzen ziren, gela gehiago behar genituen, eta jendea non kokatu ez genekiela ibiltzen ginen. Baina guztiei erantzuten saiatzen ginen; ez genuen ikaslerik kanpoan uzten".

Errenteriako Orereta ikastolako lehen urteak ere antzerakoak izan ziren. Oreretak aurtengo abuztuan bete du mende erdia. "Errenteriako guraso abertzale batzuek sortu zuten, euren seme alabak euskaraz hezteko aukera faltagatik. Apaiz bat ere izan zen iniziatiba hartu zuten guraso haien bidelagun, eta hainbat irakaslek ere jarri zuten beren alea", egungo zuzendari Jose Migel Zabalaren hitzetan. Eraikin faltaren arazoa pairatu zuten Errenterian ere: "Lehen hamar urteetan, herriko hainbat lokaletan hasi ziren lanean. Lehen gela, esaterako, pentsuak saltzen zituzten etxe baten azpiko solairuan egon zen. Gero, Asuntzion parrokiako lokaletan, Iztieta auzoko elizaren lokaletan, Kaputxinoen etxean eta beste hainbat tokitan egon ziren".

Behin eraikinak lortuta, irakaskuntza modu duinean eskaintzeko aukera izan zuten ikastolek. Aita Larramendiko lehen eraikina, trantsizio garaian eraikitako Bazkardokoa izan zen. "Udalaren lur sailetan egina eta ikastolak ordaindua. Hasiera hartan, zortzi gela genituen bertan", azaldu du Kamiok. Hurrengo eraiki zena, 1985-86 buelta horretan, Txistokikoa izan zen, eta hori ere inflexio puntu garrantzitsutzat dute: "Bi eraikin horiekin, bagenuen non lan egin, bagenuen zerbait solidoa, eta ikasleei ordura arte eskaini gabeko zerbitzuak ematen hasteko aukera ere bagenuen. Hezkuntza beharrek eskatzen ziguten eraikinak izatea, eta horiei esker egonkortasuna lortu genuen". Oreretako zuzendaria ere iritzi bertsukoa da, eta eraikinak egin ahal izateko ikastolaren bultzatzaileek erakutsitako ausardia nabarmendu du: "1972. urte bueltan, Añabitarte baserria eta bertako lur eremua erosi zituzten, 100.000 metro karratukoa hain justu. Kemen handia izan behar zuten orduko guraso haiek halako erosketa egiteko. Gerora, lur sail horiek baliatu ziren egun ditugun bi eraikinak egiteko".

Egoera hobea gaur egun

Euskarazko irakaskuntza bermatu nahi zuten herritar haiek urratutako bideari esker, osasuntsu daude Andoaingo eta Errenteriako ikastolak gaur egun. Aita Larramendiko zuzendari Aitor Iriondoren hitzetan, "gaur egun askoz egoera hobean" daude: "Alfredok aipatu dituen urte haiekin alderatuta, euskara munduan ere geroz eta hobeto gaude. Ikasleen artean euskararen erabilera jaitsi dela esaten den arren, lehengo urteekin alderatuta egoera askoz hobea dela argi dago. Lehen gelak-eta alokatu edo eskatu egin behar baziren ere, orain eraikin bat baino gehiago ditugu". Mende erdiko ibilbidearen balorazioa "erabat positiboa" egiten du Oreretako zuzendariak ere: "Hasieran 11 ikaslerekin martxan jarritakoa, gaur egun 1.500 ikasle dituen ikastola da, eta 50 urteotan ikasle mordoa igaro da bertatik. Horietako asko ikastolari esker euskaldundu dira gainera".

Ikastolak gainerako ikastetxeengandik bereizten dituzten ezaugarriez harro daude Iriondo eta Zabala. Aita Larramendiren helburu nagusia "ikasleak euskaran eta euskal kulturan heztea" da, eta hori da euren "bereizgarri nagusia" Iriondoren ustez. Horrez gain, ikastolen federazioaren hezkuntza sistemaren barnean, konpetentzietan oinarrituriko hezkuntza eskaintzen dute: "Hezkuntza berritzailearekin teknologia berrien ezarpenean sakontzen ari gara". Zabalak, berriz, Orereta ikastolaren atzean dauden arduradunak gurasoak direla nabarmendu du: "Gu kooperatiba bat gara, 2008an igaro ginen kultur elkarte izatetik gurasoen kooperatiba izatera. Ikastola parte hartzailea da izaerari dagokionez, kudeaketa gurasoek eta profesionalek elkarlanean egiten dute. Gure kasuan, sorreratik bertatik, gurasoak dira ikastolaren arduradunak. Herriko gainerako ikastetxeen titulartasunean, aldiz, administrazio publikoa edo erakunde erlijiosoak daude".

Aurrera begira betiko helburuei eutsi nahi diete batzuek zein besteek, eta erronka berriak ere badituzte buruan. Iriondoren hitzetan, orain arteko hezkuntza helburuak mantentzen jarraituko dute, eta "etorkizunean egingo duten lanerako ikasleak ondo prestatzea" nahi dute. Zabalak hezkuntzaren kalitatean sakontzeko egindako apustua nabarmendu du: "Ikastola ekonomikoki bideragarria izatea nahi dugu, eta pedagogia aldetik irakasleei beharrezko formazioa ematea. Informazio eta teknologia berrikuntzetan ere modernizatu beharra dugu, eta horretan ari gara, beharrezko inbertsioak egiten".

“Bizikleta ur gainean paseo bat emateko aproposa da”

Bizente Lasak (Urretxu, 1949) ur gainean ibil daitekeen bizikleta bat asmatu du. Asmakariaren patentea erregistratu berri du, eta, orain, asmoa patentea bizikleta hori ekoiztuko duen enpresaren bati saltzea da. Horretan ari da, ate-joka, harremanak egiten, gaurdaino berarentzat ezezaguna den mundu batean buru-belarri sartuta.

Nondik nora sortu zitzaizun ur gainean ibiltzeko bizikleta bat asmatzeko ideia?

Egia esan, ez dakit zehatz-mehatz ideia nondik sortu zen. Beti izan dut eskuekin gauzak egiteko zaletasuna. Kuadrilla guztietan dago mainatsuren bat, eta nirean ni izan naiz pertsona hori. Katamaran batean ibilita nago, eta hondartzetan egoten diren pedalak ere aztertu izan ditut. Bestalde, heziketa oso erlijiosoa izan dut beti, eta horrek ere eragina izan du. San Pedrok ikusi zuen mirarietako bat Jesus ur gainean ibili zitekeela izan zen. Hortik asmakariari jarri nahi diodan izena ere: San Pedroren nahia. Bizipen askoren emaitza izan dela esango nuke.

Aurretik beste asmakaririk sortu duzu?

Beste zenbait gauzaren artean, bilobari elurretan ibiltzeko triziklo bat egin nion. Familian beti izan dugu eskiarekiko zaletasuna. Triziklo bati gurpilak kendu eta hiru eski erantsi nizkion. Iazko denboraldian ikusmina sortu zuen Candanchun. Amari ere etxean ibiltzeko gurditxo bat egin nion oinez ibiltzeko zailtasunak zituelako.

Bizikletara itzuliz, noiz hasi zinen ideia garatzen?

Orain hiru urte erretiratu nintzenean hasita nengoen jada ideiari bueltak serio samar ematen. Baina anaia hil zitzaigun geroago, eta dena utzi nuen. Denbora bat pasata berriz heldu nion ideiari. Lehenengo lana beharko nituen materialak zeintzuk ziren zehaztea izan zen: bizikleta eta surfeko taula bat.

Bizikletarekin hasi zinen.

Uretan ibili ahal izateko gurpiletan hegalak beharko zituela pentsatu nuen, eta probak egiten hasi nintzen. Bizikletaren egitura bere horretan mantenduta, gurpil hegaldun txikiak gehitu nizkion. Bizikletak uretan aurrera egiteko atzeko eta aurreko gurpiletan pinoiak beharko zituela ondorioztatu nuen gero, bestela ez aurrera ez atzera geratuko baitzen. Pistako bizikletek pinoi finkoak dituztela ohartu nintzen gero —aurrera eta atzera arazorik gabe egiteko—: hala jarri nion pinoi finko bat aurreko gurpilari.

Hori egiturari dagokionez; eta direkzioari dagokionez?

Proba ezberdinak egin nituen. Ohiko bizikleten moduan aurrean lema bat jarriko banio, bizikletak ez zuen aurrera egingo. Hortaz, erdian jarrita egin nuen lehenengo proba, baina ez zuen nik nahi bezala erantzun. Bizikletak oso motel egiten zuen aurrera. Orduan, barkuek duten bezala, lema atzealdean jarri nion, eta hobeto mugitzen zela ikusi nuen.

Egitura taulari atxikitzea izango zen hurrengo lana, ezta?

Taula da egitura guztiak ur gainean flotatzea ahalbidetzen duena. Surf taula handi bat erosi nuen, ehun kilo eusteko adinakoa. Bi zulo egin nizkion, gurpil hegaldunak sartu ahal izateko eta uretan higadura sortzeko. Gero, oreka mantentzeko surf taulekin egindako egonkortzaile bana gehitu nizkion alde banatan. Gainerakoan, egitura euskarri sinple batzuekin lotzen da taulara. Oso erraza da muntatzeko eta desmuntatzeko.

Behin azken modeloa sortuta, zein izan zen hurrengo urratsa?

Gauza hauek eramaten dituen Bilboko aholkularitza batekin jarri nintzen harremanetan, eta beraiek egin zidaten kudeaketa lan guztia. Behin proiektuaren ezaugarriak aurkeztu eta Madrilen hasierako onespena emanda, alegazioak egiteko epea irekitzen da, aurretik beste norbaitek horrelako zerbait asmatua badu erreklamatzeko aukera eduki dezan. Patentea eskuratu dut, eta orain mundu osorako esklusibotasuna daukat urte baterako. Ondoren, interesatzen zaidan lurraldearen arabera ordaindu behar da patentea izaten jarraitzeko; nik, oraingoz, bi urtekoa erosi dut.

Zer da patentearekin egin nahi duzuna?

Patentea bizikleta hau ekoitz dezakeen enpresaren bati saltzea gustatuko litzaidake. Alde ekonomikotik ez dauka kostu handirik, surf taula bat eta bizikleta bat elkartzea baino ez baita. Kostuak merkatzeko surf taulak egiten dituen eta bizikletak egiten dituen enpresa bana elkartzea litzateke onena.

Harremanetan bazaude baten batekin?

Oiartzunen surf taulak saltzen dituen Olatu enpresarekin harremanetan nago: bizikleta etxe bat interesatzen bada, beraiek proiektuarekin jarraitzeko prest daudela esan didate. Nire ametsa patentea bertako enpresa batek erostea litzateke, ezer baino lehen euskalduna sentitzen naizelako.

Ate asko jo dituzu?

Oraintxe bertan mundu guztian zehar dauden herritar eta ezagunen bitartez sare bat sortu nahian nabil produktua ezagutzera emateko. Bestalde, Donostiako Bic Berrilani esker, irailean Madrilen egin diren Expobike eta Festibike bizikletari eskainitako azoketan izan naiz nire produktua erakusten. Gehienek begi onez ikusi dute, eta esperientzia oso positiboa izan da.

Zertarako uste duzu balio dezakeela ur gainean ibiltzeko bizikleta honek?

Argi daukat hemendik urte batzuetara horrelako gauzak ikusiko ditugula. Nire adinean ez naiz maratoietan parte hartzen hasiko, baina bizikleta ur gainean paseo bat emateko aproposa da. Nork esango dit hemendik hogei urtera txapelketarik ez dela egingo nire asmakizunarekin? Agian gehiegi amestea izango da, baina niri izugarri gustatuko litzaidake. Amets bat da, baina egia bihur daiteke.

Lehen gelak, Elizari herentzian utzitako etxean

Andoaingo herritar Juanita Alkainek bere etxea Elizari utzi zion herentzian, euskara eta euskal kultura suspertzeko balia zedila eskatuz. Bestela eraikinak lortzeko zailtasunak zituztenez, etxe hartako solairu bateko logeletan hartu zituzten lehen hau...

Orereta ikastolako urtemuga ospakizunak Errenterian

Azaroak 23. Sorgineta Ballet Suita ikuskizuna, 20:00etan, Fatimako Andra Mariaren parrokian.

Abenduak 22. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun musikala, 17:00etan, udal kiroldegian.

Abenduak 29. Ekitaldi akademiko soziala, 12:00etan, Hiria kultur gunean.