an>2015

Anubis ginebra, munduko London Dry onenen pare

Anubis ginebra, munduko London Dry onenen pare

Abenduaz geroztik, Euskal Herrian eta, zehazki, Bizkaian sortutako ginebra berri bat dago merkatuan: Anubis. London Dry motako ginebra hori pixkanaka ari da bidea irekitzen, ekoizle eta marka handiekin lehiatu nahian. Sustatzaileak "oso pozik" daude harrerarekin. 3.000 litro jarri dituzte jada merkatuan, zuzeneko salmenta bidez gehienetan, eta nazioartetik ere iritsi zaizkie eskariak, besteak beste, Herrialde Katalanak, Belgika eta Italiatik.

Anubis ginebraren sustatzaileetako bat da Eduardo Fernandez Agirre, eta 15 urte baino gehiago eman ditu koktelgintzako eta ostalaritzako sektorean lanean. "Festa, koktel eta abarretarako, koktel egileak eta zerbitzari espezializatuak eramaten genituen; askotan, ginebra marka handientzako prestatutako festetan aritzen ginen lanean. Gin-tonicak nola prestatu erakusten genuen, eta ohartu ginen ez zegoela Bizkaiko ginebrarik; Euskal Herrikoak bai, Gipuzkoako bat eta Arabako beste bat, baina Bizkaikorik ez". Hortxe piztu zen grina.

Linea klasikoko ginebra

Arabako Acha destilategian egiten dute Anubis. Fernandez Agirreren arabera, argi zuten nolako ginebra nahi zuten, baina, halere, bi urte behar izan zituzten formula egokia topatu arte. "Bagenekien zer nahi genuen, eta baita zer ez genuen nahi ere. Ginebra lehorra bilatzen genuen, apaingarririk gabea, lore eta fruitu zaporerik gabekoa. Linea klasikoko ginebra bat da, betiko ginebra kontsumitzaileari begira egindakoa".

Bi urte eman zituzten formula egokiaren bila. "Hogei bat dasta antolatu genituen, bai Bilbon eta bai kanpoan". Merkatuan dauden hainbat ginebra eta eurek egin asmo zutenaren prototipoa aurkezten zituzten itsuan egindako dastetara. "Horrek ideia bat eman zigun jendeak gustuko zuenari buruz, eta horrekin eta guk nahi genuena eta nahi ez genuena argi edukita, Anubis ginebraren formula topatu genuen".

London Dry motako Premium ginebra bat da Anubis, %100ean destilatua. "Koloreztatzailerik eta esentziarik gabe egina dago, zaporea zuzenean fruituetatik hartzen du, eta %100 alanbikean destilatua dago. Horrek jada produktu on bat bermatzen du", azaldu du Fernandez Agirrek. Baina horri elementu guztien arteko oreka gehitzen dio Anubis ginebrak. "Ginebra zaporea du, ez limoi zaporea, ez ipuru zaporea... ez dago besteen gainetik gailentzen den zaporerik. Anubis edaten duen jendeak ginebra goxoa eta leuna dela esaten du".

Nerbioi ibaiko ura, bost aldiz destilatutako alkohola eta ipurua dira Anubis ginebraren oinarriak —ginebra batek %18-20an eraman behar du ipurua—, baina beste osagai ugari ere baditu, bakoitza bakarka destilatutakoa. Asentsio belarra, kardamomoa, kanela, izpilikua, martorria, curaçaoa, loto lorea, iris lorea, limoi azala eta azala, papiroa eta pomeloa. "Osagai batzuk exotikoak dira, besteak ohikoak, baina guztien arteko oreka lortu dugu".

Merkaturatzea

Anubisaren merkaturatzearekin buru-belarri dabiltza. "Oraingoz, komertzializazioa guk egiten dugu, gehienetan bitartekorik gabe, eta hainbat delicatessen dendatan ere bagaude. Ostalaritzakoak dira gure bezeroak, eta oso eskertuta gaude ostalari txikiekin; gure bezero onenak dira. Tantaka sartu nahi dugu merkatuan, pixkanaka baina sendo, epe luzera irauteko asmoarekin".

Ostalari txikiekin lan egiteak produktua ondo ezagutaraztearen abantaila ematen die Anubisekoei. "Produktua saltzeaz gain, bere ezaugarriak nabarmentzen dizkiegu, eta gin-tonic on bat nola prestatu erakusten diegu. Gin kopuruak berebiziko garrantzia du, eta ginebrari etekina ateratzeko ezinbestekoa da gin-tonic bat ondo egiten jakitea".

Gin-tonica boladan dagoen edaria da, eta txanpa hori baliatu nahi dute. "Ginebra konbinatuetan edaten bat batez ere, baina ginebra on bat bakarrik ere edan daiteke. Eta garai onean dago orain ginebra; gelditzeko etorri den likore bat da".

Jatorrietara itzuli nahi izan dute Anubis ginebrarekin, betiko ekoizpen moduetara. Eta horri zor dio izena ere. "Egipton egin ziren lehen destilatzeak, batez ere perfumegintzan, eta hortik dator izena. Anubis berpiztearen jainkoa da, eta guk jatorrizko ginebraren berpiztea irudikatu nahi izan dugu". Bestalde, lauburu batek laguntzen dio Anubisen irudiari. "Hemengo ezaugarri bat sartu nahi genion; hemengo produktu bat da, Bizkaikoa, eta hori garrantzitsua da guretzat".Ginebra kontsumitzaileei deia egiten die Fernandez Agirrek. Eman diezaiotela aukera bat Anubis ginebrari. "Ez dira damutuko".

d

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Anubis Gin.

Telefonoa. 634-94 72 34.

Eskaintza. Botila 25 euroan, irailaren 23ra arte.

Eskaintza. www.euskalherrikoplaza.com.

Katalunia, Euskal Herria

Euskaldun askori Kataluniak inbidia ikaragarria sortu izan digu. Betidanik. Lehen, mirespenez begiratzen genien katalanaren egoerarengatik. Adurra dariola behatzen genuen euren jarduna: kalean, literaturan, oraintsuago telebistan... Gurearekin alderatuz gero, amildegi ikaragarria. Era berean, katalanen modernotasunak ere liluratzen gintuen. Agerikoa zen Espainiari baino, Europari begiratu izan diotela beti, edo guk baino gehiago, behintzat. Kultura sakonagoa dutela begitantzen zaigu, gu baino finagoak, alegia.

Orain, ostera, sortzen diguten txundidura are handiagoa da hartu duten independentzia bidearekin. Hizkuntza eta kulturaz gain, subiranotasun prozesua benetako ispilua da guretako.

Dena den, gure zirkunstantziak ez dira beraienak. Abiapuntu ezberdinetatik irten gara. Historia ez da bera, ezta egoera ere. Biolentzia larregi izan dugu hemen, baita "bertan goxo" asko ere. Kontzertu ekonomikoa bide horretan lagungarri baino, konformaerraz bihurtu gaituelakoan nago. Independenteak de facto batzuen aburuz.

Baina, horretaz gain, uste dut oinarrizko kontu batzuk argitzea falta zaigula euskaldunoi. Edo horiek finkatuz gero, bidea errazago egiteko eta trinkotzeko balioko digula pentsatzen dut. Jakinekoa da ez naizela analista politikoa, herritar kezkatua baino ez. Kontuan hartuko ez didazuelakoan, ekingo diot.

Alde batetik, lehen aitatu dudan moduan, hizkuntza. Katalunian gehiengo handiak du argi hizkuntzarena. Gurean, ordea, abertzale batzuek ere euskara oztopo ikusten dute. Nire aburuz, ezinbesteko kontua. Euskara gabe, nora?

Bestetik, lurraldetasuna. Badakigu Katalunian ere arazo hori badela, baina badirudi gai izan zirela komunitate autonomoko lau probintziekin abiatzeko. Gu prest geundeke horretarako? Niri neuri zalantza handiak sortzen dizkit.

Lurraldetasunarekin lotuta ere badago kontu bat: izena. Nola du izena gure herriak? Baskonia, Euskal Herria, Nafarroako erresuma, Euzkadi, Euskadi? País Vasco, Vascongadas, Pays Basque, Basque Country, Baskeland? Zer da bakoitza?

Gure herri desegin honek sinboloak erabiltzea eta bateratzea ere falta du. Ikurrina dugu, baina baztertua. Nafarroako bandera. Arrano beltza. Lauburua. Gernikako Arbola. "Zazpiak bat" armarria… Non eta zenbat ikusi dituzue azkenaldian horiek denak? Harrituta nauka sinboloen kontu honek. Uste orokorra da zaharmindu usaina dutela. Eta ikurrinaren ordez, futbol banderez bete ditugu bazterrak, gure nortasunaren ikur bakarrak bihurtu direlako. Ai, ama!

Zer esanik ez Aberri Egunaz. Data zehatz bako jai erlijiosoa, irrikaz hartzen diren oportxo batzuen erdian. Denok mundua ezagutzen, gure herriaren festa alboratuta.

Eta himnoa? Himnorik ere ez dugu, barren! "Gora ta gora"? Ez, mesedez! "Nafarroako gorteen ereserkia"? Dotorea eta ederra, baina ezezaguna, letra gabekoa, gainera.

Gutxi balitz, folklorearen gutxiespen orokorra. Hortxe dabiltza katalanak sardanak dantzatzen, casteller-ak egiten nonahi, suzko herensugeak ateratzen, barretinak jantzita… Gurean, berriz, kosmopaleto, cool eta abertzale-guai askoren mespretxu keinuak baino ez du merezi gure folkloreak.

Horregatik, galdera batzuk jaurti nahi ditut: sinbolo barik nola abiatuko gara estatu berria lortzeko lasterketa luze horretan? Zerk batuko gaitu? Nola abestu denek batera ozen? Zelan identifikatuko gara?

“Printzipioz, ez ditugu errefuxiatuak familien etxeetan egokituko”

“Printzipioz, ez ditugu errefuxiatuak familien etxeetan egokituko”

Giza Eskubideen Zuzendaritzara iritsi eta erronka handia du Maribel Bakerok (Urnieta, 1970) epe laburrera. Foru aldundiak Siriako errefuxiatuen krisiari erantzuteko sortu duen lantaldearen ordezkaria da Bakero, Fernando San Martin Kooperazio zuzendariarekin batera. Haiek joaten dira Eusko Jaurlaritzak abian jarritako lantaldearen bileretara. Bakerok Hitza-ri esandakoaren arabera, ziurtasuna du errefuxiatuen beharrei behar bezala erantzuteko gai izango direla.

Errefuxiatuak jasotzeko prestatzen ari da Gipuzkoa. Zeren edo noren zain zaudete orain, jakiteko noiz eta nola hasiko diren iristen? Urritik aurrera espero dira, ez da hala?

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak gidatuta batzorde berezi bat sortu zen, errefuxiatuen krisi humanitariori aurre egiteko. Batzorde horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartzen du. Bestalde, foru aldundiak berak, bere lana bideratzeko, jarraipen batzorde bat jarri du martxan etxe barruan, Markel Olano diputatu nagusiak zuzenduta. Batzorde horretan, halaber, Administrazio Publikoko, Kulturako eta Politika Sozialetako diputatuak, eta Kooperazioko zein Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria ere bagaude.

Hiru bilera izan ditugu Gasteizen, eta oraindik ere Europa mailan adostasunik ez dagoenez eta Espainiako Estatuak kupoak erabakitzeko irizpidea zein den ez dakigunez, ez dakigu zenbat errefuxiatu etorriko diren. Lehen bileretan Euskadiko erkidegora 1.000 pertsona inguru etorriko zirela esaten zen, eta horietatik herenak Gipuzkoara. Herenegun beste bilera bat izan genuen Gasteizen, eta, ematen duenez, lehen errefuxiatuak urriaren bukaeran hasiko lirateke iristen EAEra, eta berrehun bat izatea aurreikusten da.

Beraz, etorrera ez da bat-batekoa izango. Pixkanaka iritsiko dira, eta urritik aurrera izango dela aurreikusten da.

Hondarribiko eta Zarauzko aterpetxeetako tokiez gain, beste herri askok eskaini dute tokia: Eibar, Segura, Zestoa, Irun... Zehazki, zenbat pertsona jasotzeko daude prest, eta zein herritan?

Foru aldundiak dagoeneko baditu 80 toki aterpetxeetan, eta, behar izanez gero, bideratu ditzake lehen fasea gauzatzeko. Hala ere, ez da pentsatzen aterpetxeak aukera egokiena direnik errefuxiatuak hartzeko; etxeak edo antzekoak hobesten dira. Baina esandakoa, behar izanez gero, baliabide horiek eskura ditugu, eta horrela jakinarazi diogu Eusko Jaurlaritzari.

Herriek ez ezik, partikularrek ere eskaini dute laguntza. Zenbat dira? Irizpide jakinik ba al dago errefuxiatuak hartu ahal izateko?

Partikularren laguntza elkarteetara bideratzen ari gara, CEAR, ACNUR eta Gurutze Gorrira, hain zuzen ere. Horiek izango dira, printzipioz, errefuxiatuen harrera eta lehen jarraipena egingo dutenak, bai kanpamentuetan, eta baita Euskadira iristen direnean ere, CEARen kasuan adibidez. Bestalde, errefuxiatuak hartzeko eskaintza egin duten partikularrei dagokienez, batez beste ehun pertsona inguruk deitu dute laguntza emateko prest daudela adieraziz; eta, lehen esan bezala, elkarteen bidez ari gara eskaintza horiek jasotzen eta kudeatzen.

Beharrak zeintzuk diren jakin ahala elkarte horiek zein erakunde publikook, ditugun bitartekoekin, errefuxiatuak hartu egingo dira, beren beharrak eta ezaugarriak (haurrak dituzten familiak, banakakoak…) jakin eta gero.

Errefuxiatuak etxean edukitzeak luze jo dezake. Hori familiei argi azaltzea garrantzitsua izango da, ezta? Bestalde, aterpe bat emateaz aparte, zein beste laguntza beharko dute errefuxiatuek? Osasun arloan, hezkuntzan, integrazioan...

Printzipioz, beren beharrak kontuan hartuta, elkarteek edota instituzioek dituzten etxeetan egokituko dira errefuxiatuak, ez familietan. Familiek modu ezberdinetan lagundu dezakete. Hainbat modu daude laguntza emateko; besteak beste, sozializazioan lagunduz, elkarteen bidez laguntza ekonomiko bat eskainiz... Aukera asko dago laguntzeko, baina printzipioz errefuxiatuak ez dira familien etxeetan egongo.

Bestalde, lagundu nahi duten horiei, euren etxean harrera egiteko eskaintza egin dutenei, esate baterako, esango nieke foru aldundiak baduela adingabeak hartzeko beharra, harrera familien beharra dagoela, eta hor lagungarri izan daitezkeela.

Europan bilera egin berri dute, eta ez dute akordiorik lortu beste 120.000 exiliatu banatzeko. Zer balorazio egiten duzue Bruselan gaiaz egiten ari diren kudeaketaz?

Europa oso itxura kaxkarra ematen ari da, eta gu, konpetentziarik ez dugunez, estatuak duenez, Madrildik hartzen diren erabakien menpe geratzen gara.

Halere, lasaitasun mezu bat plazaratu nahiko nuke; euskal instituzio eta elkarteek koordinaturik lan egingo dugula, harrera eta zerbitzuak planifikatzen ari garela, beharrak sortu ahala horiei erantzun egoki bat emateko. Errefuxiatuak gerra batetik ihesi datoz, euskaldun askok duela urte batzuk egin behar izan zuten bezala, eta eskubideak dituzte. Gai izango gara herri moduan krisi honi aurre egiteko, eta gure gizartean sortzen diren beharrei erantzuteko ere bai.

Hiru hilabeteko bertso lasterketari etzi ekingo diote, Beasainen

Usurbe antzokian (Beasain) du abiapuntua, eta Illunben (Donostia) helmuga. Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 17:30ean. Hortik aurrera, eta abendura bitartean, ia astebururo izango dira kanporaketak. Hala, bertsolariak forma onean iritsi diren neurtuko dute igandetik aurrera. Lau urtez behin jokatzen da txapelketa, eta 43 bertsolari elkartuko ditu aurten. Maiatz-ekainean abiatu zen, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearekin. 30 bertsolarik lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Gainerako hamahiruak 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edo finalera heldutakoak dira.

Igandean, Ane Labaka, Beñat Iguaran, Elixabet Pagola, Haritz Mujika, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Jon Maia ariko dira bertsotan Usurbe antzokian. Haiena izango da bertsolari txapelketari lehen puntua jartzeko ardura.

Azpeitian eta Lasarte-Orian jarraituko du txapelketak. Irailaren 26an, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian, Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal irtengo dira oholtza gainera, final-laurdenetara igarotzeko txartelaren bila. Hilaren 27an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da bertso saioa, 17:30ean. Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia ariko dira gai-jartzaileak jarritako lanak betetzen.

Urriaren 3an, Elgoibarren, Herri Antzokian izango da saioa, aurrekoen ordu berean. Lehian Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manex Mujika, Manu Goigana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa ariko dira. Arrasaten jokatuko da hurrengo final-zortzirena, urriaren 4an, Amaia antzokian. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga izango dira oholtza gainean. Final-zortzirenetan azkena, urriaren 11n jokatuko da, Andoaingo Basteron. Antton Fernandez, Asier Azpiroz, Gemma Urteaga, Ibai Esoain, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi irtengo dira hurrengo faserako txartela eskuratzera.

Final-laurdenak

Urriaren 20an hasiko dira final-laurdenak. Aurreko fasea gainditu duten bertsolariekin, 2011n finalera sailkatutakoak ere izango dira horietan: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Igandetik aurrera joango da argitzen Aitor Sarriegik orain lau urte eskuratutako txapela noren buruan eroriko den.

Bi proba: bihar Andoainen, eta etzi Zarautzen

Aurrena Andoainen hasi ziren antolatzen txirrindularitza egokituko probak. Han parte hartu, gustatu, eta Zarautzera eraman zuten lehia bat Arrotaonandia anaiek, Zarauztarra klubaren laguntzarekin.Bihar, txirrindularitza egokituko XI. Batzokia Sarian G...

2,5

Gipuzkoan arrantzatutako hegaluzea, milioi kilotanHegaluzearen kanpaina oraindik amaitu gabe dagoen arren, emaitza onak ari da izaten. Batez ere, iazko kanpainarekin alderatuta, inoizko txarrenetakoa izan baitzen. Aurten, dagoeneko 2,5 milioi kilo heg...

Bisitariak milaka lehen asteburuan

Lau urteko obren ondoren, azkenean ireki dute Tabakalera. Joan den ostiralean zabaldu zituzten ateak, eta irekitzearekin batera, milaka herritar joan ziren tabako fabrika zaharberritura. Donostiako kultura garaikideko zentroak ibilbidea hasi baino ez du egin, eta orain eraikina kulturaz, proiektuz eta jendez betetzea da erronka. Lehen asteburuan, datuak oso onak izan dira, eta horri eusten ahaleginduko dira proiektuaren arduradunak. Hiru egunetan —ostiraletik igandera— 28.200 lagunek bisitatu dute Tabakalera.