Eduki gehiago bisitariari, egonaldia luza dezan edo berriro buelta dadin

Maite Alustiza

Izen askoren aterkipean aurkezten da Gipuzkoa nazioartean: Basque Country, Baskenland Pays Basque, Cote Basque… Gipuzkoako Foru Aldundia hasieratik “eroso” sentitu da turismo eskaintza horien barruan, baina Donostiaren “entzutea” aprobetxatu nahi izan du orain, “hobeto saltzeko”. Maite Cruzado Turismo zuzendariak azaldu duenez, entzute hori aukera gisa ikusi dute marka aldatzeko: “Gipuzkoa oso lurralde txikia da, eta saldu nahi genuen gure hiria Gipuzkoa osoa dela. Hortik ondorioztatu genuen egokiena Donostiako eskualdea saltzea zela. Irudia aldatu dugu, eta aterki horren barruan aurkeztu nahi dugu Gipuzkoak daukan eskaintza”.

Donostia bisitatzen dutenei “pizgarri gehiago” eman nahi dizkiete. Cruzadok uste du Donostiako egonaldiari “eduki gehiago” emateak eragina izango duela: “Informatu egin behar ditugu, eta gure lurraldeko beste espazio batzuetara eraman. Horrela baliteke egonaldiak luzatzea, edo bestela, berriro itzultzea. Bueltatu daitezela, beste gauzaren bat ikusteko aitzakiarekin: Legazpiko Mirandaola ezagutu, Getariako Balentziaga museoa eta txakolindegi bat bisitatu…”.

Gipuzkoak “distantzia txikiak eta eskaintza zabala” biltzen ditu, Cruzadok dioenez: “Kosta dauka, barrualdea, natura, ondarea, ekintza ugari eta askotarikoak lurralde osoan, aktibitate asko udalen eta eskualdeen aldetik… Donostiatik 20 minutuan Tolosako azokan egon zaitezke, 40 minutuan Ordiziakoan… Kalitatea daukagu lurralde osoan”.

Ostatu hartzeko, Donostia ez ezik bisitariek lurraldeko beste puntu batzuk aukeratzea ere badute helburu. Baina lo egiten geratzen direnez gain, “inguruko herrialdeetatik” egun-pasa datozenak ere informatu nahi dituzte. Batzuentzat zein besteentzat, Donostian bulego bat irekiko dute, Gipuzkoako eskaintzaren berri emateko. Azken asteetan “buru-belarri” ari dira horretan, “bisitarien maiztasun handieneko unerako” martxan egon dadin. Bulebarrean zabalduko dute, Donostiako turismo bulegoaren aldamenean, turistentzat irisgarriagoa izan dadin. “Lurraldean daukagun eskaintzak merezi du halako toki bat, eta, Donostiak, bere arrakasta konpartitzeko beharra dauka”.

Informazioa emateaz gain, ibilbideak ere proposatuko ditu Turismo sailak, bisitariak norbere kasa egiteko. “Apustu garrantzitsua egin nahi dugu garraio publikoarekin”.

Elkarlana eskualdeekin

Orain arte bezala, koordinatuta ariko dira eskualdeetako eragileekin. “Azken hogei urteetan koordinazio lan oso garrantzitsua egin da, eta orain areagotu egingo dugu. Kolaborazioak handiagoa izan beharko du egunero leiho bat irekita izango dugunean, Donostiaren erdigunean lokal bat izango dugunean”. Eskualdeekin osatuta daukaten sare horretan lanean segituko dute, baina beharrezko ikusi dute informazioaren erdigunea Donostian kokatzea: “Apropos ikusi genuen lurraldearen salmenta indartsu eta sakon bat egitea bisitari gehien biltzen diren tokian, hau da, Donostian”.

Aldundiak emandako datuen arabera, iaz 950.000 bisitari izan ziren lurralde osoan, eta aurten milioi batera iristeko bidean dira. “Gipuzkoa turismo datu oso onak ematen ari da. Donostian kopurua igo da, baina azken datuen arabera, baita kostan eta barrualdean ere; eta, modu nabarmenean, nekazaritza etxeetan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.