Hitzemanda zegoen moduan

Hitzemanda zegoen moduan

Unai Zubeldia

Margolari soila baino gehiago zen Jabier; artista kritikoa zen, oso eskuzabala, eta elkarrizketarako espazioak sortzearen aldekoa. Asko gustatzen zitzaion esperimentatzea”. Angela Morenoren hitzak dira, Jabier Villarreal zenaren bikotekidearenak. Iazko ekainaren 11n hil zen artista iruindarra, 57 urte zeuzkala, baina ordurako hitzartuta zeukaten Eibarko Portalea kultur etxean jarri beharreko erakusketa. Bizitzaren kolpea jaso ondoren, eta Villarreali omenaldi txiki bat egiteko asmoz, proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten antolatzaileek. Gaur inauguratuko dute erakusketa, eta martxoaren 8ra arte egongo da ikusgai 26 lagunek elkarlanean osatutako proposamen kolektiboa. Villarrealen beraren hainbat lan ere egongo dira ikusgai, eta baita Morenorenak ere.

Azken 30 urteotan EHUko Arte Ederren Fakultatean irakasle lanetan aritu zen artista iruindarra, eta azkenaldian arte grafiko digital edo teknologikoarekin tematuta zegoela aitortu du Morenok. “Teknologia berriak baliatzea gustatzen zitzaion, eta 3D teknologiadun eskaner batekin ari zen lanean azkenaldian; bi dimentsiotan ere lan egiten zuen beste batzuetan. Pasio handiz bizi zuen bere lanbidea”. Morenok aitortu du “oso berezia” izango dela Villarreal lantzen ari zen lanetako batzuk Eibarren ikusgai jartzea. “Bi dimentsioko obra batzuk eta bideoak jarriko ditugu erakusketan”.

Jose Luis Mayor da Eibarko erakusketan parte hartuko duten beste artistetako bat, eta irrikan dago erakusketaren ateak zabaltzeko. “Oso erronka handia da Portaleakoa, areto handia delako, oso handia; gogotsu gaude”. Mayorrek azaldu du ez dutela zehaztu erakusketarako gai jakin bat. “Artista bakoitzak bere lanak egin ditu, barrutik atera zaion hori islatu du, eta horiek guztiak jarriko ditugu Portalean”. Pintura, eskultura, grabatuak, instalazioren bat edo beste… Denetik ikusi ahal izango da erakusketan. Aurretik ere, antzeko erakusketak jarrita daude 26 artista horietako asko, Donostian, Iruñean, Tuteran, Tafallan eta Zizur Nagusian (Nafarroa), esaterako. “30 bat urte dauzka artistarik gazteenak, eta 65 helduenak, ni tartean”, zehaztu du Mayorrek.

Sarrera, doan

Moreno, Mayor eta Villarrealez gain, artista hauen lanak egongo dira gaurtik martxoaren 8ra Eibarren: Aitor Etxeberria, Alfonso Askunze, Alfredo Murillo, Angel Arbe, Blas Campos, Celia Eslava, Felix Ortega, Gorka Salmeron, Izaskun Alvarez, Javier Poveda, Jokin Manzanos, Jose Antonio Azpilikueta, Jose Miguel Corral, Joxan Iza, Juan Belzunegi, Juan Gabriel Vich, Julio Pardo, Maria Jimenez, Patxi Aldunate, Patxi Txiki, Sukru Karakus, Txaro Fontalba eta Txema Goldaratzenak.

Erakusketan “denetik” ikusi ahal izango dutelako, Eibarrera bertaratzeko gonbita egin die Mayorrek herritarrei. “Batzuek, gainera, lan berezi batzuk prestatu dituzte Jabierren omenez”, gaineratu du Morenok. “Ederra izango da”. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:30era egongo da zabalik Portalea; larunbatetan, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara, eta igandeetan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Ez da sarrerarik ordaindu beharko artelanak ikusteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.