Eguneroko arrakala

Eguneroko arrakala

Beñat Alberdi

Pasatu da aurtengo Martxoaren 8a, eta utzi ditu bere eraginak. Alabaina, horrek ez du esan nahi emakume langileen eskubideen defentsa egun horretara mugatzen denik. Horren adibide da Bergarako Miguel Altuna ikastetxean antolatu duten tailerra. Soldata arrakala izan dute hizpide 30 enpresatako zenbait ordezkarik. Gipuzkoako Foru Aldundiko Erantzunkide Sareak prestatu du tailerra, egunerokoan badaudelako, oraindik, gainditu beharreko arrakalak.

Soldatetan gizonezkoen eta emakumeen artean dauden aldeak jarri dituzte mahai gainean. Dena den, Erantzunkide Sareak ez du hori bakarrik jorratzen. 2018ko irailean sortu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, eta, gaur egun, tamaina ezberdineko 35 enpresak hartzen dute parte. Helburutzat enpresaren antolamenduan eta eguneroko praktikan eragitea jarri du Miren Elgarrestak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak. “Espazio horretan berdintasunaren kultura txertatzeko aholkuak eta orientabideak jasotzen dituzte enpresek”.

Egoeraren argazkia

Garbi dauka enpleguaren mundua gizartearen “isla” dela, eta hiru puntu nabarmendu ditu: batetik, emakumeen eta gizonen jarduerak sektoreka banatuta daudela; bestetik, enpresen barne antolamenduetan banaketa agerikoa dela, eta goi mailako ardura karguak gizonen esku daudela; eta, azkenik, aldi baterako lana dela emakume askoren errealitatea, enplegua zaintza lanekin uztartu behar dutelako. “Aurrez esandako errealitate horiek sorrarazten dute soldata arrakala”.

Bergaran egindako tailerra Silvia Muriel Ncuentra enpresako kideak dinamizatu zuen. Enpresei zein antolakundeei ematen die aholkularitza enpresa horrek, fokua pertsonengan eta beren bizitzetan jar dezaten. Emakundek homologatua du genero auziekin lotutako aholkularitza emateko.

Bat egiten du Murielek Elgarrestaren diagnostikoarekin, ñabardura propioak ere gaineratzen dituen arren. Soldata arrakala “errealitate erreala” dela zehaztu du. “Euskadiko zenbakiak hartuta, emakumeok gizonek baino 7.500 euro gutxiago irabazten ditugu urtean, batez beste”. Era berean, azaldu du haurrak zaintzeko baimenen %80, ia %90, emakumeek hartzen dituztela.

Gaia nahiko ezaguna izan arren, nola heltzen zaion adarretatik azaldu zuen enpresekin egindako saioan. Kontzeptuak argitzea eta estereotipoak deuseztatzea izan zen lehenengo lana. “Aurretiazko ideia asko daude enpleguaren inguruan”, azaldu du Murielek. “‘Noski, beste lan batzuk egiten dituzue’ esaten da. Ez, ez. Lan mota berdina egiten duten emakume baten eta gizonezko baten kasua aztertuta ere arrakala dago”. Aipatu du beste ohiko kasu bat dela esatea emakumeak ez daudela zuzendaritza postuetan. Halere, daudenetan ere, soldata ez da berdina. “Arrakalarik handiena goi tituluak dituzten emakumeetan ematen da”.

Zehaztu du lan guztiak ez direla berdin baloratzen. Antolatu zuten beste ariketa bat izan zen lanpostu bakoitzari soldata bat jartzea. “Aztertu genuen nola erabakitzen den lan bat egiteak 800, 1.000 edo 3.000 euro balio duen, hots, zeinen subjektiboa den”. Adibide gisa jarri du soldata ezberdina duela lan berak Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmenaren arabera.

Aurrera begira, zer?

Gaur egungo errealitate hori mahai gainean jarri zuten, ondoren, enpresa bakoitzak bere kasa azter dezan ea hori jazotzen den bere enpresan. Egoerari buelta erdi emateari buruz ere hitz egin zuten: “Neurri batzuk gizatiarragoak dira: zaintza lanei balioa ematea eta kristalezko sabaia emakume gehiagok haustea sustatzea, kasurako”, argitu du Murielek. “Baina, batez ere, ikusi genuen nola alda dezaketen kultura: zein balio ematen zaien garbiketa lanei, zein erantzukizun daukan 40 edo 45 urteko emakume batek lanaldi partziala hartzeak…”.

Zaila izaten da egun batetik bestera errealitatea aldatzea, eta Murielek berak ere badakiela hori azaldu du. Soldatena “tabu” bat dela gaineratu du. “Pertsona batek ez daki ondoan lan egiten duenak zenbat irabazten duen. Oraindik ez dugu garbi hitz egiten gaiari buruz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.