Ibiltari izan ez daitezen

Ibiltari izan ez daitezen

Rebeka P. Ruiz

Suhiltzaile guztiak berdinak eta baldintza berberetan leloak ikusgai izan dira azken asteotan Gipuzkoako suhiltzaile parkeetan. Larrialdietako langileek protestari ekin zioten orain gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldi baterako programaren bidez lanean ari diren suhiltzaileentzat adostutakoa bete zezan eskatzeko. Negoziazioei ekin diete bi aldeek.

LABek dauka gehiengoa aldundiko langile batzordean; bederatzi ordezkari ditu, zortzi dauzka ELAk, sei CCOOk eta bost Bazkunak. Amaia Arruti (LAB) langile batzordeko presidenteak azaldu duenez, aspaldikoa da suhiltzaileen aldarrikapena: “Gutxienekoetan lan egiten dute, baina negoziazio bidez lortu genuen talde bakoitzeko suhiltzaile bat gehiago egotea”. Egun, laukoak dira gutxieneko talde horiek, eta, negoziazioei esker, talde bakoitzean bost behargin egotea lortu zuten. Helburu hori betetzeko, beste 48 suhiltzaile kontratatzeari ekin zion diputazioak, “nahiz eta langile horien izaera ibiltaria izan”. Alegia, taldeak lau kidekoak direnez, parketxeren batean beharren bat izanez gero, hori asetzera bideratuko zuten bosgarrena.

Indarrean den agintaldia bukatu artekoa zen ibiltarien programa, Unai Badiola LAB sindikatuko ordezkariak esan duenez. Goierriko suhiltzaile parkeko langilea da Badiola, Ordizian. Haren arabera, Gipuzkoa Babestuz 20-30 programak aurreikusita dauka 2030erako suhiltzaile taldeek seikoak izan beharko luketela; zortzikoak Bidasoan. Prozesu hori “luzea” dela aitortu du, ordea. Horregatik, suhiltzaile ibiltarien programa negoziatu zutenean, agintaldi baterako indarrean egotea hitzartu zuten: “Egoera jakin bati aurre egiteko bide bat zen hori”. Pausoz pauso, taldekideen gutxieneko kopurua handitzeko helburuarekin bat eginez, langileek onartu egin zuten aldi baterako programa.

Hala ere, Badiolaren ustez, aldundiak lanpostuen zerrenda sortzeko garaia iritsi zenean, “beldurra” sumatu zuten langileek. “Bilera bat izan genuen, eta esan ziguten, arazo administratiboak tarteko, lan eskaintza publikoan ibiltari izaerarekin, berezitasun horrekin, sortu beharko zituztela lanpostuak”. Josu Idigoras aldundiko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu zuzendariak baieztatu du negoziazioak martxan direla, baina, momentuz, horren inguruko adierazpenik ez egitea hobetsi du, “elkarrizketak oker ez daitezen”.

Ibiltari izaerak “lehen eta bigarren mailako suhiltzaileak” sortzen dituela iritzita, mobilizazioak iragarri zituzten suhiltzaileek. Hala, azken bileran desadostasuna eta kezka helarazi zioten aldundiari. “Hori ez baitzen hasieran adostu genuena”. Arrutik adierazi du egiturazko lanpostuak sortzeko ibiltari izaera ez edukitzeko zailtasunak dituztela esaten duela aldundiak. “Baina lan eskaintza publikoan izaera berezirik gabeko suhiltzaileak izan beharra daukate”.

Legazpiko Korosti parkean lan egiten du Pili Garciak, eta momentuz “adi” daudela adierazi du. “Orain artekoak hitzak besterik ez dira izan, eta ohituta gaude hitzetatik ekintzetara pasatzean esana ez errespetatzera”. Suhiltzaile guztien baldintzek “bertsuak” izan behar dutela uste du Garciak. Hortaz, 48 suhiltzaile horiek egiturara pasatzean seiko taldeetara iristeko beste programa bat abiaraziko duten arren, gogorarazi du ibiltariaren figura “behin-behinekoa izatea” dela helburua. “Hasieran, langile ibiltariek lan eskaintza publikoan finko bihurtzeko hitza eman zuten, baina atzerapausoak ematen hasi ziren”. Suhiltzaileen arteko ezberdintasunari “onartezina” iritzi dio Garciak ere; “are gehiago administrazio publikotik datorrenean erabaki hori”.

Bitan banatutako lurraldea

Aldundiaren suhiltzaile zerbitzuak zortzi parke biltzen ditu Gipuzkoan. Beste parketxe bat ere badago, Donostiakoa, baina udalaren esku dago horren kudeaketa. Ezaugarri horrek Gipuzkoa bitan zatitzen duela uste dute LABeko suhiltzaileek. “Bidasoko suhiltzaileek irteera bat baldin badaukate, mailaren eta ordutegiaren arabera, automatikoki Zarauzkoak irteten dira laguntza eskaintzera, baina ordu erdiko bidea daukate haraino, horrek sor dezakeen arriskuarekin, bai errepidean, bai zain egon behar duenarentzat”, azaldu du Badiolak. “Zarautz ingurua babesik gabe geratzen da horrela, eta, zerbait gertatuko balitz, Azpeititik etorri beharko lukete laguntzera. Hankaz gora gelditzen da dena”.

Gipuzkoa Babestuz 20-30 plangintzak Donostiako eta Gipuzkoako suhiltzaileen arteko elkarlana aurreikusi zuen hasieran, baina apustu horrek atzera egin duela deitoratu du Badiolak, eta kezkatuta dagoela aitortu du: “LABen argi daukagu zerbitzu bakarraren aldeko bidea jorratu beharra daukagula”.

Garciak ere ez dauka zalantzarik zerbitzua “eraginkorragoa” izango litzatekeela parketxe guztiek bat eginda, “Nafarroan bezala”, baina “atzerapausoak” izan direla esan du. Horren aurka euren lana “ahalik eta modurik onenean eta eraginkorrenean” antolatzea beste aukerarik ez dute: “Zerbitzuari dagokionez, Donostiak, nolabait, bitan zatitzen du Gipuzkoa, eta alboratu egiten du Irun ingurua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.