Ainara Gorostitzu: “Ez dut uste amatasunean hainbeste ahaldundu garenik”

Ainara Gorostitzu: “Ez dut uste amatasunean hainbeste ahaldundu garenik”

Miren Garate

Hik Hasi egitasmo pedagogikoan lan egiten du Ainara Gorostitzuk (Ataun, 1981). Ama asko elkarrizketatu izan ditu Hazi Hezi aldizkarirako, eta askok esan izan diote “zulo batean” erori direla ama izatean. Bakardadea, zaurgarritasuna, juizioa, autoexijentzia, beldurra, presioa, errua… atera izan dira elkarrizketa horietan. “Amatasuna deseraiki eta amatasunak eraikitzeko beharra” ikusten du Gorostizuk, eta horretaz ariko da datorren asteazkenean, 18:30ean, Azpeitian emango duen hitzaldian.

Zer landuko duzu asteazkeneko hitzaldian?

Historikoki, amatasuna erabili izan da emakumea mendean hartzeko, eta gaur egun oraindik hala da. Bada, hortaz jabetu eta amatasuna modu bizigarriagoan bizitzeko gonbidapena da nirea, ikaragarrizko beharra ikusi dudalako. Amatasuna deseraiki eta amatasunak eraiki behar ditugula iruditzen zait. Horretarako, feminismoaren barruan amok antolatu egin behar dugu; hori da nire mezua.

Nolako harremana izan dute feminismoak eta amatasunak?

Deserosoa, hori ezin da ukatu. Patriarkatuak, historikoki, ahalegin handia egin du emakumearen izate osoa amatasunera mugatzeko, eta, feminismoari esker, gaur eta hemen behintzat, ama izan ala ez erabakitzeko aukera daukagu emakumeok, edo, gutxienez, noiz izan eta noiz ez. Genealogiari aitortza egin behar zaio. Baina amatasuna emakumeon destino bakar izatearen kontrako borroka horretan pendulua muturrera eraman zuen bigarren olatu feministak, batzuek amatasuna ukatzeraino, ziurrenik beharrezko zelako. Baina horrek amatasunaren eredu askatzaileagoa eta sanoagoa behar zuten emakume asko eredu gabe utzi zituen, ama asko feminismoaren barruan deseroso sentitzeraino.

Nola lagun dezake feminismoak ama gisa ahalduntzen?

Ustez ditugun pribilegioez jabetuz, hasteko, eta amatasunaren izenean ezarri nahi zaizkigun kateez jabetuz, ondoren.

Nola azalduko zenuke zer den amatasun ahaldundu bat?

Emakume gisa esparru askotan ahaldundu gara, baina ez dut uste amatasunean hainbeste ahaldundu garenik. Ez dakit noren izenean, edo haurraren hobe beharrez nahiz korronte baten edo kontrakoaren izenean, zaintzari loturiko erabaki asko ez ditugu ahalduntzetik hartzen. Amatasuna zaintzaren aurpegi atsegina dela esaten zaigu, baina gaur eta hemen, amatasunak prekarizatu egiten du, osasuna galtzen dugu, ama asko estresak jota daude… Horri buruz hitz egin behar dugu, geu jabetu, gure amatasun esperientziak bizigarriago izan daitezen, eta, bereziki, hurrengo amak ez daitezen zuloan erori. Kontakizunak behar dira. Eta, zorionez, azken bi urteetan gehiago entzuten ari gara; euskal literatura ekarpen ikaragarria egiten ari da bizipen horiei ahotsa jartzeko, eta badatoz lan gehiago ere.

Amatasun eredu bat nagusitu izan da historikoki. Nola deseraiki daiteke eredu hori?

Ama onaren ideala oso barneratuta daukagu, eta garrantzitsua iruditzen zait horrek dakarren mendeko izaeraz jabetzea, deseraikitzen hasteko, eta askotariko amatasun eredua eta bizigarriagoak eraikitzeko. Amatasunari ezartzen zaizkion exijentziak bete ezinak dira, gauza bat eta kontrakoa eskatzen baitzaizkio. Bularra eman bai, baina ez gehiegi. Lana egin umerik izango ez bazenu bezala, umeak zaindu lanik egingo ez bazenu bezala… Ereduak eta ahizpatasuna behar ditugu.

Zer egitea dagokie gainerako eragileei?

Amatasuna politizatu behar dugu, zaintza politizatu behar dugun neurrian. Gure ezinegonak, minak eta nahigabeak dagozkionari itzuli behar dizkiogu, gizonetatik hasi eta sistemara.

Zer falta da?

Asko aurreratu dela esaten da, baina seme-alaben zaintza emakumeen bizkar gelditzen da oraindik ere, oso salbuespen bakanak salbu. Ekonomia feministak zaintzaren beste esparruez dioen bezala, esan behar dugu seme-alaben zaintza eta lan merkatu hau ez direla bateragarriak. Zaintzarako bestelako baimen eredu bat behar da; ezin dugu onartu haur txikienen zaintzaz arduratzen diren hezitzaileak hezkuntza sistema osoko baldintzarik okerrenetan egotea; ezin dugu onartu ezta ere gure umeen zaintza euren seme-alabak beste hemisferio batean utzi behar izan dituzten emakumeen prekaritatearen bizkar uztea. Seme-alaben zaintzaren balio ekonomiko, sozial eta politikoa aitortzen hasten garenean izango dira gure amatasun praktikak benetan bizigarriago.

Familia eredu bat baino gehiago daude. Ikusi duzu alderik?

Egia esan, bai. Bi amen arteko egiturak dira ikusi ditudan parekideenak. Baldintza aldetik, oro har, ama bakarrek dute egoera zailena, baina sarri kontzientzia handiena ere bai, eta berariaz bilatzen eta josten dituzte bestelako zaintza sareak, aitona-amonengana bakarrik jo ordez. Seme-alaben zaintzak, berez, asko dauka gozamenetik, ederretik, aberatsetik, barretik, harriduratik… Hori bizi duten ereduetatik guztiok edan beharko genuke. Geure buruari ez genioke ukatu behar hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.