Lehen urratsa bilakaeraren berri izateko

Lehen urratsa bilakaeraren berri izateko

Miren Garate

2021ean eta 2022an, Donostian, LGTBIfobia kasu gehienak espazio publikoetan izan ziren. Homofobia kasuak izan ziren ohikoenak, eta gizonek eragin zituzten. Udan eta otsailean gertatu ziren gehienak. Erdiak hitzezko erasoak izan ziren, eta intzidentzien ia heren batean eraso fisikoa edo eraso fisikoa egiteko ahaleginak erregistratu zituzten. 37 kasu erregistratu zituzten guztira: hemeretzi 2021ean, eta hemezortzi 2022an. Horiek dira Donostian LGTBIfobiarekin lotuta izan diren intzidentzien txostenean ageri diren ondorioetako batzuk.

Lehenengo aldiz egin dute azterketa, Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Sailak eskatuta, eta Zaira Garcia Dafontek koordinatu du. Aurtengo txostena ere martxan du. “Asmoa da urtero egitea, zer joera dagoen ikusi ahal izateko”, esan du Garciak. Txostena osatzeko, hainbat iturri erabili ditu: besteak beste, Udaltzaingoak, LGTBI+ Euskal Behatokiak, Ertzaintzak, Berdindu zerbitzuak, Gehitu elkarteak, Eraberean sareak, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak eta zenbait komunikabidek emandako datuak.

Bi urteetan 37 kasu erregistratu dituzten arren, Garciak adierazi du salatzen ez diren kasuak ere badaudela Donostian. “Ikerketa egiteko, salaketa formalak eta salaketa informal edo publikoak jasotzen dituzten erakunde eta elkarteak erabili ditugu. Beste ikerketa teknika batzuk erabiliz gero, emaitzak beste batzuk izango lirateke agian”.

Esate baterako, eremu pribatuan izaten diren gertaeretara iristea oso zaila dela esan du, askoz gutxiago salatzen direlako. “Informazio asko galtzen da hor. Metodologia askoz kualitatiboago bat beharko litzateke horiek ere jasotzeko, eta zaila da urtero halako ikerketak egitea”. Era berean, Garciak esan du bestelako metodologia batekin, akaso, intzidentziarik ohikoenak ere ez liratekeela homofobiari lotutakoak izango.

Erasotzaileak, gizonak

2021eko eta 2022ko datuetan ageri diren 37 intzidentzietatik 23 izan dira homofobia kasuak, eta Garciak nabarmendu du gizon homosexualtzat hartu direnen aurkakoak izan direla horiek. “Lesbofobia kasurik ez da erregistratu, eta bollofobia kasu bat egon da”. Garciak azaldu du garrantzitsua iruditu zaiola ez erregistratzea kasuak biktimaren orientazio edo identitate sexualaren arabera, baizik eta kontuan hartzea erasotzaileak nola irakurtzen zuen egoera. “Biktimak ez du inolako erantzukizunik halako egoeretan. Berdin du bera zer den; ez dakigu. Arazoa egiturazkoa da”.

Erasotzailerik gehienak gizonak izateak ere ez du harritu Donostiako txostenaren egilea, eta gaur egungo “maskulinitate hegemonikoa” jo du horren erantzuletzat. “Arautik kanpo dauden espresioek, orientazioek eta identitateek kolokan jartzen dute haien maskulinitate hegemonikoa, eta horren kontrako eraso bat jartzen dute martxan”.

Oro har, Garciak adierazi du bai berak eta bai Donostiako Udalak txostenean ageri diren antzeko datuak espero zituztela. Datozen urteetako txostenei dagokienez, berriz, intzidentziek gora egitea aurreikusten du. “Gasteizko LGTBI+ behatokia duela urte batzuk hasi zen horrelako txostenak egiten. Guretzat eredu izan dira. Haien kasuan, gora egin dute”. Alabaina, zehaztu du intzidentzien gorakada hori ez dela izango kasu kopuruak gora egitearen ondorio, baizik erregistro metodoek eta ikerketa teknikek hobera egitearen ondorio. “Jakinda horrelako erregistroak egiten direla, jendea gehiago animatzen da salatzera, eta erregistro teknikak ere hobetzen dira”. Dena den, azken boladako “erradikalizazio diskurtso eta praktikekin”, ez luke harrituko kasuek benetan gora egiteak ere.

Horri lotuta, gertatzen diren eraso guztiak salatzeko eskatu du Donostiako Udalak. Salaketa formal bat aurkeztea izaten da aukera bat; alabaina, zenbait motatako gertaerekin, salaketa horiek ez dute ibilbide luzerik egiten normalean. “Irainekin, adibidez, frogak eskatzen dituzte, eta askotan ez dira egoten. Azkenean, artxibatu egiten dira kasu horiek”. Txostenaren egileak esan du halakoetan aukera bat izan daitekeela biktimak mugimendu sozialetara, elkarteetara edo komunikabideetara jotzea.

Hainbat ikerketa

Donostiako LGTBIfobiari buruzko aurtengo txostenaz gain, beste ikerketa bat ere badu martxan Zaira Garciak: Donostiako LGTBI kolektiboaren egoera aztertuko du, kolektiboaren errealitateak, beharrak, eskakizunak eta abar kontuan hartuz. Parte hartu nahi duenak badu jada inkesta bat betetzeko aukera. 2018an, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Bizikidetza Aniztasunean. LGTBI+ populazioaren errealitateen diagnostikoa Gipuzkoan txostena egin zuen Gehitu elkarteak, eta haren egileetako bat izan zen Garcia bera.

Ordutik, ez dute egin Gipuzkoa osoko beste azterketarik, baina zenbait udalek beren herrietako egoerak aztertu dituzte. Ordizian, maiatzean aurkeztu zituzten emaitzak. Udalak, Sudergintzak eta Hiruki Larroxak elkarlanean osatu dute diagnostikoa, eta ondorioetako batzuk izan dira LGTBI pertsonek ikusgaitasun falta nabaritzen dutela kalean, LGTBI erreferenteen falta dagoela, heterosexualitateaz kanpoko beste orientazioek espazio gutxi dutela, eta lagun talde batzuetan normalizatuta daudela indarkeria eta kontrol dinamikak.

Legorretan ere, Sudergintzak eta Hiruki Larroxak egin zuten diagnosia, udalak eskatuta. Iaz aurkeztu zituzten emaitzak, eta esan zuten herri txikietan nork bere burua plazaratzen badu, etiketa horrek indarkeria fisiko edo sinbolikoak aktibatu ohi dituela. Herri txikietan “intentsitate oso handiko indarkeria batzuk” saihestu egiten direla izan zen beste Legorretako ondorioetako bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.