Eider Goenaga Lizaso
Gaur egungo herriak eta hiriak erosoak al dira adineko pertsonentzat? Zein zailtasun dituzte egunerokoan? Zer hobetuko lukete, zer aldatu eta zer kendu? Galdera horiei norbaitek erantzun behar badie, argi dago adineko pertsonak berak direla hobekien erantzungo dutenak, eta hori ari dira egiten Euskadi Lagunkoia egitasmoan. Osasunerako Mundu Erakundeak 2007an martxan jarritako egitasmoa da, eta Eusko Jaurlaritzak bere egin zuen proiektua 2012an. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztiei egin zieten gonbidapena, eta 54 udalerri daude gaur egun; horietako 22, Gipuzkoan. "Gipuzkoak, hasieratik, pisu handia izan du Lagunkoia egitasmoan", azaldu du Elena del Barrio Matia Institutuko ikerlariak eta egitasmoaren koordinatzaileak.