Unai Zubeldia
Eskubideak eta mugak. Hortxe betiko bi hari-muturrak. Soka fin horri tiraka hasi, eta oreka bilatu nahian lanean ari dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mendizale Federazioa. "Arriskuan daude espezie batzuk, araudi bat ere badaukagu, eta hori gauzatzea da kontua". Ibai Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko baso fauna teknikariaren hitzetan, "elkarlana" izan dute oinarri aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak. "Ulertzen dugu eskalatzaileek euren jarduera egiteko eskubidea daukatela, baina naturaren eta mehatxatutako espezieen alde lan egiten dugu guk". Horregatik arautu dituzte eskalatzeko guneak. "Baina inondik inora ez da eskalatzaileen aurkako neurri bat", zehaztu du Mendizale Federazioak berak. "Ez da debekua, oinarri zientifikoak aintzat hartuta egindako erregulazioa baizik".