gipuzkoa

Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest

Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest

"Ez da markak hausteko eguna izango". Iganderako hego haizea iragarrita dagoela eta, mezu hori helarazi du Fortuna elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak. Beroari aurre egiteko, hidratatzearen garrantziaz ohartarazi die parte hartzaileei. Aurten ere marka hautsi du izena eman duten korrikalari kopuruak: 33.947 lagun, iaz baino 4.000 gehiago. Horien artean, 8.805 gipuzkoarrak izango dira. Gorantz doa emakumezkoen parte hartzea ere: 1999an 859 emakumek egin zuten korrika, eta iganderako 7.703k eman dute izena. Maila handiko lasterketa izatea espero da, azken hamar urteetako irabazleek parte hartuko baitute proban.

Iaz aldaketa batzuk izan ziren ibilbidean, eta aurten ere bide horri eutsi diote. Antolakuntzak egindako inkesta baten arabera, elkarrizketatuen %70 bide berriaren alde agertu dira, eta %8k bakarrik lehenetsi dute ibilbide zaharra. Irteera orduei dagokienez ere, ez da aldaketarik izango: aulkian doazen atletak 09:30ean aterako dira —48k eman dute izena—; patinatzaileak, bost minutu geroago —233—; eta lehenengo korrikalariak 10:00etan irtengo dira. Hemeretzi txandatan mailakatuta aterako dira Behobiatik; azkenak, 11:35ean.

Hazten eta hazten doan lasterketa da Behobia-Donostia. Lehen urtean, 1979an, 1.021 lagunek parte hartu zuten, eta geroztik urtero igotzen joan da kopurua. Azken zazpi urteetan ia bikoiztu egin da: 2008an 18.000 lagun baino gehiago izan ziren. Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, gipuzkoarren atzetik katalanak izango dira gehiengoa (5.400). Bizkaitik 2.780 korrikalarik eman dute izena, Nafarroatik 2.512k eta Arabatik 1.049k.

Behobia-Donostiaren aurretik, haurren eta gazteen txanda izango da. Bihar Behobia Txikia izango da, 15:00etan, Anoetako miniestadioan. Ia 3.000 haurrek eman dute izena. Behobia Gaztean, berriz, 14 eta 18 urte bitarteko 220 korrikalarik parte hartuko dute —igandean, 09:30ean, Herrerako biribilgunetik—.

Ikerketan beka hesi denean

Ikerketan beka hesi denean

Doktoretza ondorengo (postdoc) proiektua egiteko orduan emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak azaltzen direla agerikoa da; batik bat, haurdunaldia tarteko bada. Joan den astean, urriaren 17an, BERRIAn Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdi biolo...

Odol tanta ikusezinen eskertza

Tantaz tanta lortzen da litro erdia. Kantitate horixe da, hain zuzen ere, odol emaileek odol ateraldi bakoitzean ematen duten odol kopurua. Tantaz tanta, litro erdiz litro erdi, beste herritarren baten bizitza salbatzeko egiten duten lan ikusezina da ...

Kezkak plazara daramatzate

Kezkak plazara daramatzate

Aire zikinari aurre egiteko mozorroa edo lore-errota. Bi aukera horien artean, bigarrenaren aldeko hautu garbia egin du Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak. Zubietan egin asmo duten errauste plantaren aurka batu dira hainbat herritar, eta haien kez...

“Egurrezko ontziak ondare bizia izatea nahi dugu”

“Egurrezko ontziak ondare bizia izatea nahi dugu”

Ogibidea aparte badu ere, denbora dezente eskaintzen dio Beñat Ibaietak (Zumaia, 1982) Euskal BatelEroak elkarteari. Inork nahi ez dituen egurrezko ontziei beste bizitza bat ematen saiatzen dira, eta garai batean euskal kostaldean nola nabigatzen zen jendeari erakusten. "Ez da lan erraza; ez da instituzioen aldetik interes berezirik egon gaiari heltzeko. Frantzian, Herbehereetan, Alemanian eta Bretainian itsas ondarea oso ongi zaintzen dute, eta ontziak mantentzeko nahiz berriak sortzeko diru laguntzak ematen dituzte. Gurean, berriz, euskal ontzi tradizionalik ez da ia geratzen, erreplikak dira gehienak".

Batel bat lortu zuen garaian ezagutu zuen elkartea; Zumaiako Beduaolako kideek eman zioten haren berri. "Batelekin eta belan ibiltzen zen jendearentzako elkartea zela esan zidaten, eta hala eman nuen izena". Handik gutxira elkarteko idazkari izendatu zuten, eta duela bi urtetik bera da Euskal BatelEroak-eko zuzendaria. "Egurrezko ontziak dituzten bazkideen eta zaleen elkartea da gurea. Badaude bazkide batzuk euren herrian egurrezko ontzi bat mantendu ezin dutelako elkartearen esku uzten dutenak".

Elkartea Bretainiara egindako bidaia baten ondoren sortu zen. "Euskal Herria gonbidatua izan zen topaketa batzuetan. Hemendik batel pila bat joan ziren hara, eta han nabigatzen ari zirela ohartu ziren bazkide pila bat bilduko zituen zerbait falta zela". Harritu egin ziren zenbait herrialdek beren itsas ondarea nola zaintzen zuten, eta antzeko zerbait egitera animatu zen lagun talde bat. Izan ere, batela euskal ontzi tradizionala da, eta "oso geurea". XIX. mendekoak izan ziren lehen batelak, eta ez zuten gidatzeko tripulazio handien beharrik. Erabilpen domestikoa ematen ziotela uste da, kostako familiek baliatzen zituztela.

Gaur egun, urtero egun bat antolatzen dute Euskal Herriko itsas ondarea eta egurrezko ontzien nabigazioa sustatzeko. Batelero Eguna deitzen diote; normalean uztailaren 31n egiten dute. Gipuzkoako zenbait herritan antolatu dute jada. Elkarte handia ez diren arren, Ibaietak uste du kostako jendeak baduela euren berri, hainbat herritan daudelako batelarien elkarteak.

Elkarte horientzako egoitzak lortzen ere saiatzen dira. "Kultur ondare diren ontziolak badaude oso egoera txarrean, eta ederra izango litzateke horiek konpontzea eta batelarien elkarteek lokal gisa baliatzea". Ibaietaren eta gainerakoen ilusioa kanpotik etor daitezkeenei Euskal Herrian itsas ondarea zaintzen dela erakustea da: "Egurrezko ontziek ondare bizia izatea nahi dugu, eta itsasorako moduan egotea".

Euskal BatelEroak taldeko bazkide bakoitzak bere txalupa du, nahiz eta zenbaitek falta duten oraindik. Uretan edukitzen dituzten ontziez gain, lokal barruetan ere izaten dituzte, eta horiek konpondu behar izaten dituzte. "Polita izaten da erakusketak egitea ere, negu partean jendeak batelen berri beste era batera jaso dezan. Badugu erakusketa finko bat Lekeition, Euskal Herriko ia ontzi tradizional guztien maketekin".

Batelero Egunaz gain, datorren urterako beste zita garrantzitsu bat du buruan Ibaietak: "2016an beteko dira 150 urte Aita Mari marinel zumaiarra hil zela, eta urtemugarako zerbait berezia prestatu nahi genuke". Jose Maria Zubia itsasgizona, Aita Mari ezizenez ezaguna, arrantzaleen semea zen. Aitarekin ibili zen hasieran, eta baxurako arrantzale gisa urte batzuk igaro ondoren, Ameriketarako itsasbidea egiten zuten merkantzia-ontzietan ere izan zen, 1830etik aurrera. "Donostiara itzuli, txalupa bat erosi, eta horrekin ibili zen arrantzan hil arte. Famatua egin zen itsaso txarra zegoenean jendea salbatzera bere txaluparekin irteten zelako, baita uretara salto egiten zuelako ere, itsasoak bizirik lapur ez zezan".

Amancio Ortegari egingo nizkiokeen galderak

Zer sentitzen ote da munduko aberatsena izanda? Zer ote da eguneroko arazo txikiei prezioari begiratu barik aurre egitea? Ingurukoei estutasunetan laguntza materiala eman ahal izatea, inporta barik zenbat eta nolakoa den beharra. Kapritxo apetatsuenean gastatuta ere dirua agortuko ez dela jakitea ikaragarria izan behar da. Ikaragarria, zentzu guztietan.

Pasa den astean iragarri zuten Amancio Ortega zela munduko aberatsena. Nola hartu du berak albistea? Aberatsena izateko lehia bizia zuen, ala hirugarrena izanda konforme zegoen? Nolakoa da bere bizimodua? Goizean goiz jaikitzen jarraituko du? Zein tristea! Milaka milioi euro izan eta lanean segitu diru makina asegaitz hori elikatzeko. Zertarako? Zer nezesidade?

Hori alderdirik fribolo eta hutsalenetatik begiratuta. Gure amamak esaten zuen ondradu izanda inor ez zela aberats bihurtzen. Are gutxiago munduko aberatsena, gehituko nuke nik. Ortega jauna ohean sartzen denean, eta loak hartzeko zain dagoen momentutxo horretan, zer pentsatuko du? Akorduan izango ditu bere menpekoak? Indiako ume eta neskatila horiek, kontratu barik lanean dauzkanak, 0,88 euro eguneko kobratzen dutenak, astean 72 orduz?

Komunean, obratzen dabilenean, ez dio ezerk ausiki egingo kontzientzian? Baina izan liteke maila horietan dabiltzanen kontzientzia aspaldi egotea ezkutatuta, ahaztuta, euren gurasoen etxeko gelako armairu gaineko tiraderan lagata edukitzea… Izan liteke.

Telebistarik ikusiko du? Albistegirik? Egunkaririk irakurriko? Ikusi ote ditu sahararren errefuxiatu kanpalekuetan jasandako uholdeak? Tira, hemengo jende normaltxoak ere ez du jakin, toki gutxitan agertu delako. Baina gerratik eta miseriatik ihesi joandakoen argazkirik iritsi zaio begien aurrera? Zer sentitu du? Mekanismorik martxan jarri zaio barruan, bere dendetako soberakinak ematea, adibidez, karitate makurren eta klasistenaren izenean baino ez bada ere? Hutsaren hurrengoa litzatekeena? Ala txindurriei begiratzen diegun bezala behatuko die? Beste galaxia batean gertatuko balitz legez?

Don Amanciok justizian pentsatuko ote du inoiz? Zer begitantzen ote zaio munduko hiritarren %1ek beste %50ek adina aberastasun izatea? Justizia dibinoa dela iritziko dio "nik balio dudalako"? Jainkoen aukeratua?

Ezin dut imajinatu zer sentituko den Amancio Ortega izanda. Berarentzat normalitatea zer ote den. Zertarako behar duen hainbeste diru. Inkognitak besterik ez dit sortzen pertsona horrek eta inguruan dagoen guztiak.

Baina harrigarriagoa iruditzen zait zenbait espainiarren harrotasuna munduko aberatsena espainiarra delako. Ez zait buruan sartzen. Beraiek ere aberastasun horren partea jasoko dute? Banatuko die zerbait Gabonetan, esate baterako?

Era berean, ez ditut konprenitzen aho-betez diotenak munduko bigarren Zararik handiena Donostian dagoela, New Yorkekoaren pareko ia. Gipuzkoar horiek komisioa izango dute? Deskontua erosketetan?

Guinness errekorra haustea da helburua, kosta ahala kosta. Pobrezia eta esplotazioa tartean egoteak bost axola, familia batek Forbes-en top-ean jarraitzea da xedea, abertzalekeriaz aldarrikatuta gurean ere munduko handiena, aberatsena... badagoela. Diruzalekeriak sinetsarazi nahi digun zoriontasunaren espejismoa, errealitate gordina ezkutatzen duena.

Babestu beharrekoen zerrendan

Natura 2000 Sareak Gipuzkoako hemezortzi gune jasotzen ditu bere zerrendan. Babestu beharreko naturguneak dira; zaindu beharreko naturguneak; biodibertsitatean aberatsak diren naturguneak; flora, fauna, habitat eta paisaiarengatik zaintza eta arreta b...