Gizartea

Bizi-bizi eta prest dabiltza

Bizi-bizi eta prest dabiltza

Maite Alustiza

Zabalik dagoen aho bat eta bizi jartzen duen txapa bat darama bular aldean Natalia Nogalesek. Ahobizia da igandeaz geroztik, eta horrela jarraituko du gaur arratsaldera arte. "Txapak asko laguntzen du kontzienteago izaten". Euskaldun berria da, lasartearra, eta Irten armairutik 40 eguneko erronkan dabil murgilduta. "Konturatzen ari naiz badagoela jendea euskaraz bazekienik ez nekiena. Beraiekin beti erdaraz egiten nuen nik jarritako etiketa batengatik".

Bertako bisoia gal ez dadin

Bertako bisoia gal ez dadin

Eider Bereziartua

Mustela lutreola edo bisoi europarra neurri txikiko animalia haragijalea da. 750 gramo inguruko pisua izan ohi du, eta gehienez 60 bat zentimetro luze da. Ibai ertzetan bizi ohi da, eta, bere izenak dioen bezala, animalia europarra da. XIX. mendera arte Europa kontinentalaren zati handia izan zuen bizitoki, baina egun Europako eremu gehienetatik desagertu da.

Lege bat, erasoei aurre egiteko

Lege bat, erasoei aurre egiteko

Eider Goenaga Lizaso
Irungo Eskina tabernan pairatzen ari diren hiru urteko erasoa ez da jarrera orokor bat. Salbuespena ere ez da, ordea. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak salatu duenez, "gure lurraldean azken bo...

Zahartzeari aurrea hartuz

Zahartzeari aurrea hartuz

Olatz Mitxelena Orain arte udalen esku egon diren zahar etxeak aldundiaren eskumenekoak izango dira aurrerantzean, Gizarte Zerbitzuen 12/2008 legeak hala aginduta. Kudeaketa ereduaren aldaketari ekin ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia erakundea sortu zuen aurreko legealdian, EH Bildu agintean zela. Gaur egun, Kabiak lau egoitza kudeatzen ditu: Azkoitiko, Elgoibarko, Villabonako eta Zumaiako zentroak. Beste hamabi...

Handitzearen kontra, ingurunea babesteko

Handitzearen kontra, ingurunea babesteko

Maite Alustiza

Gomistegi harrobia handitzeko proiektua abian da. Oñatin, Arantzazura daraman errepidearen inguruetan kokatzen da: bost bat hektarea ditu egun, eta handitzeak bikoiztea ekarriko luke. Udala proiektuaren kontra dago, eta alegazioa jarria dio harrobiaren ingurumen eraginaren azterketari. Mikel Biain alkateak azaldu duenez, "orokorkerietan" oinarritzen da azterketa hori, "suposizioetan", eta ez da propio bertarako egina. Hori horrela, handitzeko eskaera bertan behera utz dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Kezka, kexa eta haserrea

Kezka, kexa eta haserrea

Eider Goenaga Lizaso

Kezka, kexa, haserrea, ardura, amorrazioa... Gipuzkoako hiri hondakinen zati handi bat Mutiloako zabortegira botatzeko erabakiaren berri izan ondoren Mutiloa, Ormaiztegi eta Gabiriako alkateen ahotan entzundako hitzak dira guztiak. Hiru herriei kalte egiten die Mutiloako zabortegiak.

Mutiloako lurretan dago Lurpe zabortegia, eta, Iñaki Ugalde alkatearen arabera, bertako zenbait baserriri eta bide berdeari eragiten die zuzenean. Gabiriako Ugaran auzoa, berriz, zabortegiaren muga-mugan dago. "Metro batera dago muga", azaldu du Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkateak. Auzo horretako baserrietan dozena bat familia bizi direla, Gabirian ondoen zaindutako landa eremua dela eta, gainera, ehun lagunentzako tokia duen nekazaritza turismoa ere oso hurbil dagoela azpimarratu du. Jon Enrique Ormaiztegiko alkatearen arabera, Ormaiztegiko herrigunea da zabortegitik gertuen dagoena, baina, batez ere, zabortegira joaten diren kamioien zirkulazioa areagotzeak kezkatu eta haserretu ditu herritarrak. Egunean 120 kamioi inguru igarotzen dira Ormaiztegi erditik, zabortegirako bidean. "120 gorantz eta 120 beherantz, noski. Eta orain %10 inguru haziko da joan-etorri hori".

Gipuzkoako industria hondakin solido eta geldoak eramaten dituzte 1998tik Mutiloako zabortegira. Ferrovial taldeko Cespa enpresak kudeatzen du, eta urtea amaitu aurretik Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat ere han botako dute. 100.000 tona jasoko ditu urtean, 2019 arte —ordurako aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako errauste planta martxan jartzea—.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren arabera, "gipuzkoarrontzat oso albiste ona da" errefusa Mutiloako zabortegira eraman ahal izatea. Gipuzkoan hondakinen kudeaketarako azpiegiturarik ez dagoenez, otsailetik Meruelora (Kantabria, Espainia) eraman da errefusa. Baina Kantabrian 80.000 tonara mugatu zuten 2017an jasoko duten hondakinen kopurua, eta horrek ez ditu asetzen Gipuzkoaren beharrak. "Sortzen dugunaren erdia baino ez da, 164.00 tona errefusa jasotzen baitira urtean Gipuzkoan".

Hala, ekonomikoki begiratuta, hondakinak Mutiloara eramatea "aringarria" izango dela azaldu zuen Asensiok prentsaurrekoan, Kantabriara eramateak %40ko gainkostua eragiten duelako; ingurumenaren aldetik ere, kamioien joan-etorria murriztea onerako izango dela dio. "Bestetik, hondakinak guk sortutakoak dira, eta gertutasun eta erantzukizun printzipioei erreparatuta, horien tratamendua ere Gipuzkoan egin behar da".

Saihesbidea

Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak "ulertzen" du hondakinen arazoari konponbide bat eman behar zaiola. "Guk ulertzen dugu zaborrak hor ditugula, gipuzkoar guztion arazoa dela, konponbide bezala errauste planta izango dugula 2019an eta zabortegia behin-behineko irtenbide bat dela. Hortaz jabetzen gara. Baina, aldi berean, Ormaiztegi da Gipuzkoan gehien birziklatzen duen herria; %90 inguruan gaude, eta guri ari zaizkigu eskatzen zabortegia etxe ondoan edukitzea". Beraz, ormaiztegiarrei eskatzen zaien elkartasuna gainerakoei ere eskatu nahi die Enriquek: "Ardura hori har dezakegu, baina guk ere elkartasuna eskatzen dugu, eta ez genuke ulertuko gure egoerari konponbide bat ez ematea".

Ormaiztegik duela 25 bat urte saihesbide bat eraikitzeko eskatu zuela eta horren beharra gero eta handiagoa dela nabarmendu du Enriquek. "Kamioien joan-etorria izugarria da herri erdian. Bidean ikastola eta kirol azpiegiturak gelditzen dira; jende asko eta, batez ere, ume pila bat ibiltzen dira hortik. Horrek dakarren arriskuarekin", azaldu du. Ikastolako gurasoak, eta herritarrak oro har, aspaldian kexaka zebiltzala dio alkateak. "Baina honekin gainezka egin du jendeak. Kezka izugarria da, eta herritar asko etorri zaizkit kexaka eta arduratuta: egunen batean zerbait larria gertatuko dela, hau ezin dela gehiago jasan...".

Aldundiaren erabakia ezagutu bezain laster joan zen Enrique Gipuzkoako Foru Aldundira, Sasietako Mankomunitateko lehendakari Aitor Aldasororekin. "Saihesbidearen proiektua mahai gainean jarri genien berriro ere, eta aldundiak konpromisoa hartu zuen duela 25 urteko proiektu hori berritu, zenbakiak egin eta martxan jartzeko". Aldundiak bere hitza beteko duelakoan dago Enrique, eta, dioenez, dagoeneko hasiak dira gaia lantzen. "Saihesbideak ez du arazo guztia konpontzen; inork ez du zabortegia etxe ondoan nahi, eta guk ere ez, baina hondakinen arazoari irtenbidea eman behar zaio, eta saihesbideak gure arazo larriena konponbidean jarriko luke". Bitartean, Enriquek dioenez, foru aldundiak konpromisoa hartu du logistika kontuak Ormaiztegiko Udalarekin hitzartzeko: kamioien ordutegia, tamaina, tona kopurua...

Gabiriatik metro batera

Lehenik eta behin, albistea hedabideetatik jaso zutelako kexatzen da Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkatea. "Badakigu herri txiki bat garela, eta zabortegia ez dagoela gure lurretan, baina oso gertu gaude, eta inpotentzia handia sortzen du halako albiste bat hedabideetatik jasotzeak". Ugaran auzoa Gabiriako "toki politena, berdeena eta zainduena" dela dio, eta zabortegiak nabarmen kalte egingo diola. "Gaur egun ere, haize bolada bat altxatzen bada, inguruko zelai eta basoak plastikoz betetzen dira. Zenbait momentutan usaina ere badago. Beraz, errefusa eta errefusarekin organikoa botatzen hasten direnean, ez dakigu zer gertatuko den".

Goierriko herri txikietan baserrien, baso eta zelaien eta, oro har, ingurumenaren aldeko apustu sendoa egiten ari direla dio Etxezarretak. "Eta, bat-batean, zabortegia daukazu ondoan. Kontraesana izugarria da; ez da erraz ulertzen".

Zabortegiaren kontra daudela eta ezezkoari eutsiko diotela azaldu du Gabiriako alkateak. "Badakigu zaila izango dela kontra egitea, baina ez gara isilik geldituko. Oraingoz, harremanetan gaude Mutiloarekin eta Ormaiztegirekin, ea hiruren artean indarra egin dezakegun".

Mutiloa, ezezkoan

"Zabortegia? Ez, ez dugu nahi. Herri batzarrean hala adierazi ziguten herritarrek, eta ezezkoari eutsiko diogu guk. Oraindik aztertzeko dugu zer egin dezakegun, baina borroka egingo dugu erabaki honek aurrera egin ez dezan". Iñaki Ugalde Mutiloako alkatearen hitzak dira horiek, eta elkarrizketan behin eta berriro esan du "ezezkoan" daudela.

Gabiriako alkateak bezala, albistea komunikabideen bitartez jaso zutela azaldu du. "Baina egia da zerbait espero genuela". Cespa enpresatik uztailean esan zioten esleipen bat egongo zela. "Nik esan nien gure jarrera, udal bezala, ezezkoa zela. Eta irailean hitz egitekotan gelditu ginen". Foru aldundiari ere eskatu zioten bilera, baina hitzordu bat jartzerako komunikabideetan agertu zen albistea. Lehiaketa publikoa eta esleipena abuztuan gauzatu ziren.

"Orain arte, industriako hondakin solido eta geldoak bota dituzte hemen. Baina, orain, errefusa ere bai, eta errefusarekin organikoa ere etorriko da. Gurea bezalako ingurune berde batean, horrelako zabortegi batek kalte handia egiten du. Zikinkeria, usaina... Ingurumenari kaltea egiten zaiola argi dago, baina osasunari zein kalte egingo dion ez dakigu. Herritarrak ez daude batere gustura. Eta, gainera, herriaren izenari eta irudiari ere egiten dio kalte. Mutiloa=Zabortegia izango da jende askorentzat".

Kalean ere ‘atzegizale’

Kalean ere ‘atzegizale’

Erik Gartzia

Ile apaindegia, kiroldegia edo denda bat. Egunerokoan bisita daitezkeen tokiak dira. Norbere ingurunearen parte dira toki horiek. Atzegi elkartearen aurtengo sentsibilizazio kanpainaren xedea bakoitzaren ingurune hori osatzen duten pertsonak dira. Astelehenean aurkeztu zuten #kaleatzegizale izeneko kanpaina.

Izenak berak dioen bezala, kalean, modu anonimoan, "atzegizale" jarrera dutenei aitortza egin nahi diete, eta, bide batez, pertsona horien jarrera gainontzekoentzako eredugarri izatea. "Edozein pertsona izan daiteke kaleatzegizalea", adierazi du Patricia Aiok, Atzegiko Elkartekintza eta Familia Laguntza zerbitzuko arduradunak. "Inguruneari buruz hitz egin nahi genuen guk. Badakigu adimen urritasuna duten pertsonentzat ingurunea oso garrantzitsua dela, positiboa izan ala ez".

Aurtengo sentsibilizazio kanpainarako bi bideo egin dituzte, adimen urritasunen bat duten bi lagunekin. Lehenengoa kiroldegi batera joaten da, eta ile apaindegira bestea. Bideo bakoitzaren lehenengo zatian jarrera ez-atzegizale bat agertzen da; bigarrenean, berriz, positiboa. "Ile apaindegian, kiroldegian edo beste hainbat tokitan lan egiten dutenen esku dago zerbait egitea. Beste pertsonekin erlazionatzen diren bezala, adimen urritasuna dutenekin erlazionatzea zailagoa izaten da. Batzuetan, beldurragatik ez dugu ezer ere egiten. Keinu txiki baten bidez zerbait egiten baduzu, haiek asko eskertzen dute", azaldu du Aiok. Gaineratu du keinu txiki horiek izan daitezkeela irribarre bat, haiekin hitz egitea edo zalantzaren bat argitzen laguntzea.

Kalean aurki daitezkeen boluntarioei ez ezik, Atzegiren boluntario sareari ere aitortza egingo diote kanpainaren bitartez. "300 bat boluntariok hartzen dute parte aisialdi zerbitzuan", gogorarazi du Aiok. "Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu urte osoan. Ehun lagun baino gehiago joaten dira oporretan, eta beste hainbeste lagunek hartzen dute parte beste ekintza batzuetan".

Eskualdeetan aurkezpen ekitaldiak egingo ditu Atzegik. Asteartean hasi ziren, Azpeitian; atzo Eibar eta Irunen izan ziren, eta hilaren 30era arte iraungo du sentsibilizazio kanpainaren aurkezpen faseak. Eskualde bakoitzean prentsaurreko edo ekitaldi txiki bat egingo dute, mezua zabaltzeko edo kanpainari buruz hitz egiteko. Datorren asteartean, kanpainako ekitaldi nagusia egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30etik aurrera. "Urtero egiten dugu, kanpainari bultzada bat emateko, eta familia guztiekin elkartzen gara", esan du Aiok. "Bertan beste adibide batzuk ezagutarazten ditugu, ikasturte honetan zer egingo dugun azaltzen dugu eta abar. Finean, pertsonak dira protagonista nagusiak, eta kaleatzegizaleak ere bai. Horrez gain, antzerkia, musika eta argazkiekin osatutako bideo emanaldi bat ere izango dira bertan, bestek beste". Ekitaldi irekia izango da, eta gonbidapena jaso nahi duenak elkartearen egoitzara deitu beharko du (943-42 39 42).

Argazki bila

Beren mezua eskualdez eskualde hedatzearekin batera, argazkiak ateratzeko markoa eramango dute gainean. Kanpainaren leloa du idatzia, eta aurkezpen egun horietan ez ezik, ikasturteko gainontzeko faseetan ere izango da markoarekin argazkiak ateratzeko aukera. "Ahalik eta argazki gehien bildu nahi dugu", esan du Aiok. "Lau marko ditugu, baina horiek gabe ere argazkiak ateratzeko aukera egongo da", iragarri du. Txartel handiak eta pinak prestatu dituzte, eta horiekin ateratzeko aukera ere egongo da. Guztiak Whatsapp bidez —609-70 37 06 telefonora bidalita—, edo Instagram, Facebook edo Twitter bidez jasoko dituzte www.atzegi.org/kaleatzegizale atarian. Kanpainari ikusgarritasun handiagoa emate aldera, Gipuzkoa osoan 8.000 kartel baino gehiago jarri dituzte, tartean 128 kartel handi markesinetarako.