Gizartea

“Pobrezia iraunaraztea ez da justifikagarria”

“Pobrezia iraunaraztea ez da justifikagarria”

Maite Alustiza

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatuta —astelehenean izango da—, Europako Batasunak AEBekin eta Kanadarekin dituen merkataritza libreko itunen ondorioak salatuko dituzte Donostian. Zero Pobrezia plataformak, beste hainbat gizarte talderekin batera, askotariko ekintzak antolatu ditu TTIP eta CETA itunen kontra. Bizi ala Irentsi leloarekin, gaur hasiko dituzte mobilizazioak. Zehazki, merkataritza itun horiek ekologian, gizartean, enpleguan eta ekonomian izango dituzten ondorioak plazaratu nahi dituzte. Deitzaileek manifestuan ohartarazi dutenez, pobreziak gorabidean jarraitzen du, eta TTIP-CETA onartzeak pobrezia eta desberdintasunak handitzea ekarriko luke, baita giza eskubideak urratzea ere. "Arazo horien aurkako borroka justizia globaleko kontu bat da; izan ere, munduko pertsona guztien giza eskubideak bete daitezela ari gara eskatzen".

Lankidetza Transatlantikoaren Ituna (TTIP) 2013tik ari dira negoziatzen, eta EBren eta AEBen arteko harremanak arautzeko esparru berri bat ekarriko luke; "munduko merkatu handiena". Gizarte eragileen arabera, ordea, merkataritza itun bat baino gehiago da: enpresa handiei egiten die mesede, eta kalte ekoizle txikiei, kontsumitzaileei eta orokorrean herritarrei. Gainera, prozesu osoaren negoziazioa "isilean eta ilun" egiten ari direla salatu dute, "parlamentuen eta herritarren kontroletik at, eta Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak urratuz". Mundu osoko gizarte eragile, sindikatu eta alderdi ugari agertu dira TTIPen kontra, baita zenbait gobernu ere —Alemaniakoa, Frantziakoa eta Austriakoa—.

Oraingoz kolokan daude TTIPen negoziazioak. Irail bukaeran EBko kideek ezinezkotzat jo zuten aurten ituna ixtea, eta AEBetako azaroko hauteskundeak direla medio, etena izango da presidente berriak gobernua martxan jarri arte. Kanadaren eta EBren arteko CETA ituna, aldiz, 2017. urte hasieran sar daiteke indarrean.

Itun horiek alboratu, eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatu dute gizarte taldeek: aberastasunaren banaketa zuzena, ingurumenarekiko begirunea eta genero berdintasuna bilduko dituen eredu bat. Horrez gain, zerga politika giza eskubideen betebeharrarekin lotzeko eskatu diete arduradun politikoei; diru sarrerak handitu ditzatela politika publiko hobeak ezartzeko, eta susta dezatela kudeaketa garden eta parte hartzaile bat. "Pobrezia eta desberdintasunak iraunaraztea ez da ez justifikagarria ez saihetsezina, herritarren eta politikarien borondatearen baitakoa baizik. Herritar guztiek aldarrika dezakete horien amaiera, salatuz, mobilizatuz, gizartean parte hartuz".

Arrazakeriaren aurkako antenak

Arrazakeriaren aurkako antenak

Eider Goenaga Lizaso

Hemeretzi urte dira Maroko utzi zuela. Zaragozan (Espainia) bizi izan zen hainbat urtez, baina han baino denbora gehiago darama Euskal Herrian; Errenterian, hain zuzen. "Hona iristen zaren unetik beretik sentitzen duzu ez zarela onartua, ez zarela ongietorria. Zaragozan izugarria izan zen, jasanezina". Ez du bere izenik eman nahi —Fatima deitzeko eskatu du—, eta ezta aurpegirik erakutsi nahi ere. "Ertzaintzarekin ez dut arazorik izango, ezta?", galdetu dio Gerar Karrere SOS Arrazakeriako eta Berdin arrazakeriaren kontrako sareko kideari. "Ez, ez, ez, lasai", erantzun dio hark. "Nahikoa arazo badut; ez dut gehiago nahi".

Bizimodu gogorra izan du Fatimak. Bere bikotekidea espainiarra zen, eta harekin egoteko utzi zuen jaioterria. "Eta, kontrakoa dirudien arren, arrazakeria eta gutxiespena are okerragoa da horrelako kasuetan". Iritsi berritan entzun zuen inoiz egin dioten komentariorik iraingarri eta mingarriena. "Gizonari esan zioten Marokora joan behar izan zuela emazte bila, bestela hemen inork nahi ez zuelako. Ni ondoan nengoen, baina existituko ez banintz bezala bota zioten hura. Ni erabili ninduten senarra mespretxatzeko. Gaztea nintzen orduan, neska ederra nintzen, neure buruarekin seguru nengoen, baina esaldi hark lur jota utzi ninduen". Ordutik beste bikotekide bat izan du Fatimak, eta baita espainiar nazionalitatea duen seme bat ere. "Baina, ez naiz inoiz onartua sentitu, eta nire egoera okertzearekin batera, are gutxiago". Bakarrik bizi da egun, hezurretako gaitz bat duen 15 urteko semearekin; 2013tik ez du lanik topatzen, eta urtebete baino gehiago darama etxea alokatuko dion norbaiten bila.

Aitortzen du muturreko egoeran dagoela, depresioaren kontrako botikak hartzen dituela. "Arrazakeria keinuak beti sufritu izan ditut. Askotan gertatu zait, adibidez, beste emakume batzuen atzetik denda batera sartzea eta dendaria zuzenean nigana etortzea, zer nahi dudan galdezka, besteak lasai-lasai arropa begiratzen ari diren bitartean. Baina halakoekin bizitzen ikasten duzu. Ondo zaudenean —lanean, bikotekidearekin eta egoera ekonomiko onean—, errazago eramaten dituzu horrelakoak. Baina, egungo egoeran, edozer gauzak min handia egiten dit. Ia ez naiz etxetik irteten".

Atzerritarrik ez

Baina, orain, etxerik gabe gelditu da. Joan den ostiralean lagun baten etxera joan behar izan zuten semeak eta biek, urtebete bila aritu ondoren etxerik alokatzen ez diotelako. "Aurreko etxea alokatu zidan emakumeak saldu egin behar zuen etxea, baina beti oso ondo portatu da nirekin, eta urtebete lehenago jakinarazi zidan. Lasai nengoen ni orduan; ez nuen pentsatu ere egingo egun nagoen egoeran egongo nintzenik!". Etxejabe partikularren bila ibili zen hasieran Fatima, etxe agentziek kobratzen duten dirua aurrezteko. "Baina inork ez zidan alokatu nahi. Arazoetako bat zen nominarik eta asegururik ez nuela, baina beste askok esaten zidaten ez dutela atzerritarrik nahi".

Denbora agortzen ari zitzaion, eta etxe agentzietan hasi zen bila. "Nik gazteleraz ondo egiten dut, baina asko hitz egiten badut, nabari zait ez naizela hemengoa. Beraz, aitzakiak jartzen zizkidaten. Etxerik ez zutela, nomina behar zela... Eta bi agentziatan argi eta garbi esan zidaten etxejabeek ez zutela atzerritarrik nahi. Horietako batek modu onean, eta penatuta, esan zidan hori. Baina besteak, oso modu txarrean".

Etxe agentzia horretara deitu zuenean, lagun baten nomina zuela eta alokairu kontratua bien izenean sinatuko zutela esan zien Fatimak. "Neska, antza denez, ez zen ohartu atzerritarra nintzenik". Baietz, bi etxe zituztela esan zion hasieran. "Baina laguna pakistandarra zela esan nionean, tonua aldatu zitzaion. 'Ez, ez, sentitzen dut, ez dugu atzerritarrik nahi. Gainera, jende asko daukagu zain, eta lehentasuna hemengoek dute. Atzerritarrek ez duzue alokairua ordaintzen, eta zuen herrialdera egiten duzue ihes...'. Ezin nuen sinistu! 1997tik hemen bizi naiz eta!". Maroko duela ia hogei urte utzi zuela, 15 urteko seme bat duela, hura hemengoa dela, hemen eskolaratuta dagoela eta inora joateko asmorik ez duela azaldu zion etxe agentziako neskari. "'Nola egingo dut ihes?', esan nion. Baina, alferrik. Diskriminazioa zela esan nion gero. 'Bueno, bueno, ez gauzak bere onetik atera', esan zidan. 'Jende asko daukat, agur', eta eskegi egin zuen telefonoa".

Salaketa Berdin sarean

Esandakoak baino, tonuak egin zion min gehiago Fatimari. "Horrela tratatua sentitzea mingarria da. Egia da halako asko onartu ditudala, baina horrekin gainezka egin dudala uste dut. Eta salatzea erabaki nuen". Halaxe heldu zen Fatima Berdin sarearen bulegora. Gerar Karrere SOS Arrazakeria taldeko kidea da, eta Oiartzualdeko arrazakeriaren kontrako Berdin sarearen bulegoan aritzen da. "Fatimaren kasua nahiko ohikoa da. Atzerritarrek etxe agentzien aldetik pairatzen duten diskriminazioaren gaineko azterketa egin zuen duela pare bat urte SOS Arrazakeriak, eta argi ikusi genuen atzerritarrei zailtasun eta baldintza gehiago jartzen zaizkiela, informazio gutxiago eskaintzen zaiela eta, baliabide gutxiago dituzten arren, gehiago ordaindu behar izaten dutela gauza bera lortzeko", dio Karrerek.

Etxejabe batek bere etxea alokatzeko nahi dituen baldintzak jar ditzakeela argitu du Karrerek, kasu horietan legeak onartzen dituela baita arrazoi diskriminatzaileak ere. "Baina etxe agentziek, enpresa pribatuak izan arren, zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eta ezin dute irizpide diskriminatzailerik onartu. Etxejabe batek esan dezake 'ez dut nire etxean bikote homosexual bat edo atzerritar bat nahi', baina etxe agentziak, legez, ezin du hori onartu. Normalki, ezkutuan egiten dute, baina, Fatimaren kasuan, diskriminazioa hain argia izan da...". Oraindik aztertzen ari dira Fatimaren kasuarekin zer bide jarraitu, oso zaila baita halako kasu bat frogatzea, baina Karrerek salaketa egitera deitu ditu halako jokabideak pairatu dituzten atzerritarrak. "Etorkinak ohitu egiten dira diskriminazioa bizitzera, maiz barneratu egiten dituzte halako jokaerak, eta gu hor gaude horiek denak identifikatu eta jasotzeko".

Izan ere, horretarako sortu zuten Berdin sarea orain dela urtebete, horrelako salaketak jasotzeko, bide emateko, baina, batez ere, arrazakeria ekintzak antzemateko. "Berdin sare bat da, gertatzen den tokietan arrazakeria eta diskriminazioa antzemateko eta ikusarazteko sare bat". Eskualdean etorkinekin harremana izan dezaketen elkarte eta erakundeetara jo dute horretarako: Helduen Heziketa Iraunkorreko zentrora, etorkinen elkarteetara, bestelako gizarte taldeetara, udaletara, udaletako gizarte laguntzaileengana, udaltzainengana... "Ahal den toki gehienetara iritsi, haien inplikazioa bilatu eta horiek ere antena moduan funtzionatzea da helburua; eta antena horiek gai izatea, tokian-tokian, arrazakeria antzeman, identifikatu, arrazakeria horri erantzun, babesa eman, salaketak bideratu eta ezagutarazteko", azaldu du Karrerek.

Horrez gain, Oiartzualdeko lau herrietarako —Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo— bulego bat du jarria Berdinek, Errenteriako Oarso gizarte etxean. Bertan jasotzen dituzte atzerritarren salaketak, bertan egiten dituzte atzerritarrentzako ahalduntze saioak, bertan prestatzen dituzte eragileentzako prestakuntza saioak —esaterako, udaletxeetako gizarte laguntzaileentzako eta udaltzainentzako ikastaroak—. "Eta, urte amaieran, jasotako guztia bildu, txostena egin eta argitara ateratzen dugu, Gipuzkoako Foru Aldundira eramatearekin batera. Nolako kasuak gertatzen diren jaso ondoren, gertaera horiek guztiak ezagutaraztea ezinbestekoa da, gero sentsibilizazio lan bat egiteko, eta arrazakeria horren kontrako neurriak hartzeko".

Iaz jarri zuten martxan Berdin sarea Oiartzualdean, eta iaztik dago irekita bulegoa ere. "2014an, hurrengo urterako aurrekontu parte hartzaileak egin zirenean aurkeztu zuen SOS Arrazakeriak Berdin sarea Oiartzualdean indarrean jartzeko proposamena. Aurreko foru aldundiak onartu egin zigun proposamena, eta egungoak hitzarmena berretsi zuen". Azkenean, SOS Arrazakeriak kudeatu eta foru aldundiak babesten eta diruz laguntzen duen sarea da Berdin. "Berdinek egoera irauli nahi du. Jendea sentsibilizatu, gizartean aliatuak bilatu, herritarrak diskriminazioaren kontrako borrokan inplikatu —guztion ardura delako—, eta diskriminazioa modu publikoan egiten duten horiek gaizki sentiaraziko dituen gizarte giro bat sortu, horrelako jokabideak gutxitzen joan daitezen. Horretan gizarte osoa eta erakunde publikoak inplikatu behar ditugu, eta horixe egiten du Berdin sareak".

Ondo joan da urtea, eta egindako lanaren balantzea ona dela dio Karrerek. Horren adierazle da Berdin sarea Debagoienera zabalduko dela aurten, eta beste bulego bat zabalduko dutela, Arrasaten.

Kamioi astunentzako bidesaria bidean da

Kamioi astunentzako bidesaria bidean da

Aitziber Arzallus

Aurki, kamioi astunek —3,5 tonatik gorakoek— bidesaria pagatu beharko dute N-1 errepideko Gipuzkoako zatia erabiltzeagatik. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak joan den astean aurkeztu zuen ordainketa sistema berria arautzen duen foru lege proiektua Batzar Nagusietan. Eta, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa izanik, aurrera aterako dute, urtea bukatu aurretik. Hala, okerrik ezean, 2018ko urtarrilaren 1ean hasiko da martxan ordainketa sistema berria.

Bi helburu ditu Irun eta Etzegarate arteko zatia ordainpeko bihurtzeko egitasmoak: bata, kanpoko garraiolariak behartzea Gipuzkoako gaitasun handiko errepide horren mantentzean parte hartzera —3,5 milioi euroko gastua dauka urtean-; eta bestea, N-1 errepideko trafikoa arintzea, AP-1era eta AP-8ra desbideratuta. 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen baitute N-1 errepidea egunero; %60 atzerrikoak dira.

Egitasmoaren helburuetan bat datoz alderdi guztietako ordezkariak; ez, ordea, hura aurrera ateratzeko moduan. "Zergatik orain bai eta guk proposatu genuenean ez?", galdetu du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak. Haren esanetan, orain EAJk aurkeztu duena aurreko legealdian EH Bilduk proposatu zuen Arkupe egitasmoan dago oinarrituta. Baina, ordukoan, bai EAJk eta bai PSE-EEk proposamen haren kontra egin zuten. "Orain ikusten duguna da bazegoela konponbidea duela hiru urte jartzea, eta nahita atzeratu zutela, EH Bilduren gobernua eta haren kudeaketa zigortzeko helburu bakarrarekin".

Oiarbidek bestela pentsatzen du, bi proiektuek ez dutela zerikusirik batak bestearekin. Teknologia antzerakoa dela dio, baina sistema erabat desberdina dela. "Arkupe sistemak planteatzen zuen bidesaria Gipuzkoako gaitasun handiko errepide guztietan jartzea, guztira hamar puntutan, ibilgailu astunentzat eta arinentzat. Guk N-1 errepideko ardatza bakarrik hartu dugu, Irun eta Etzegarate artekoa, eta, gainera, bidesari sistemak ibilgailu astunei bakarrik eragingo die".

N-1eko bidesarirako hautatutako sistemak AT du izena, eta free flow teknologian dago oinarrituta: ibilgailuek ez dute gelditu beharrik izango ordaintzeko. Bide seinaleei eusteko moduko arkuak jarriko dituzte, eta horien gainean egongo dira ibilgailuen identifikaziorako gailu elektronikoak. Hiru lekutan egongo dira arkuok, joan-etorriko norabideetan: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Gisa horretara, asmoa da kanpotik datozen garraiolariek ere errepide horren mantentzeari beren ekarpena egitea.

Europako zuzentarauen arabera, ordea, ezin da diskriminaziorik egin bertako eta kanpoko kamioilarien artean. Beraz, Oiarbideren hitzetan, ezin dute ipini ordainleku bat Irunen eta beste bat Etzegaraten: "Horrela pasoko trafikoa bakarrik harrapatuko genuke, eta batez ere kanpoko garraiolariak zigortuko genituzke". Hori saihesteko, erdibidean beste ordainleku bat jartzera behartu ei ditu Europako legediak. "Horregatik planteatu dugu Andoainen beste ordainleku bat jartzea, bi kilometroko tarte bat hartuko lukeen minimo bat, bidesari sistemak bertako trafikoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan. Tarte horregatik ordaindu beharrekoa ez litzateke euro batera iritsiko".

Egindako kalkuluen arabera, urtean 7,5 milioi euro bilduko dituzte AT sistemaren bidez. Gastuak kenduta 3 milioi euro inguruko etekinak izango dituztela kalkulatu dute. Aldundiak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du sistema martxan jartzeko, eta 7 eta 8 milioi euro jarri behar ditu sistemaren ohiko mantentzerako. Gaur egun, 3,5 milioi euro inbertitzen ditu errepidea mantentzeko: bidesaria martxan jartzean, diru hori beste zeregin batzuetara bideratu ahal izango du, Oiarbideren esanetan.

Oraindik ez dago zehatz-mehatz aurreratzerik garraiolariek zenbat ordaindu beharko duten zati bakoitzagatik, tarifak Batzar Nagusietan onartu beharko baitituzte. Baina, itxura guztien arabera, zati osoa —Irundik Etzegaratera— egiten duenak 10 euro inguru ordaindu beharko ditu; Irundik bakarrik edo Etzegaratetik bakarrik pasatzen denak, 3,5 euro inguru; eta Andoaindik bakarrik pasatzen denak, euro bat inguru.

Behin lege proiektua Batzar Nagusietan aurkeztuta, hari emendakinak egiteko aukera izango dute orain gainontzeko alderdiek. Asenjok EAJren jarrera kritikatu du: "Gu proposamen bat egin aurretik bildu ginen Batzar Nagusietako talde guztiekin; gurekin, berriz, inor ez da bildu oraindik. Dena dela, arduraz jokatuko dugu, eta proposamena ondo aztertu eta gure ekarpenak egingo dizkiogu. EAJk eta PSE-EEk gure ekarpenekiko zer jarrera duten ikusi ostean erabakiko dugu egitasmoaren alde edo kontra bozkatu".

Garraiolariak, haserre

Hiru garraiolarien sindikatuak gaizki hartu du N-1 errepidean bidesari sistema jartzeko proposamena. Eta gezurretan aritzea egotzi dio Oiarbideri, uste baitu hark iragarritakoaren kontrakoa gertatuko dela: garraiolari gipuzkoarrak izango direla kaltetuenak. "Matematika kontua da". Hori azaltzeko, adibide gisa, Beasain eta Altsasu (Nafarroa) arteko zerbitzua egiten duen garraiolari baten kasua jarri du. "Egunean zortzi joan-etorri egiten baditu, hamasei aldiz igaroko da Etzegarateko arkuaren azpitik. Ondorioz, egunean 60 eurotik gora ordaindu beharko ditu. Kanpoko garraiolari batek, aldiz, gehienera ere astean bitan igaroko du arku hori".

Baina horretan bakarrik ez; Hiruren iritziz, Oiarbide oker dago sistema berriak N-1 errepideko trafikoa arinduko duela dioenean ere. "Garraiolariek eurentzako prestatutako zerbitzu sarea behar izaten dute inguruan, gasolindegi espezializatuak, tailer bereziak... horiek guztiak N-1 errepidean daude, eta ez AP-1ean".

Gipuzkoako historiari bere lekua emanez

Gipuzkoako historiari bere lekua emanez

Imanol Garcia Landa
Hutsune bat betetzeko sortu zen Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea, eta hutsune bat betetzeko ari dira Gipuzkoako historiaren sintesia jasoko duen argitalpena osatzen. Alvaro Aragon elkarteko kide eta diruzainak a...

[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak

[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak

Maite Alustiza

Makina-erremintaren hiriburutzat har daiteke Elgoibar. Industria izan du jarduera ekonomiko nagusia, eta bereziki makina-erremintari lotuta zabaldu da herriaren izena. Ane Beitia alkateak azaldu duenez, ordea, auzoetako aktibitatea batu behar zaio jardun horri: "Landagunea oso garrantzitsua da guretzat. Orain auzoetako edo landa eremuetako beste ekoizleek ere eraman dute Elgoibarren izena mundura; adibidez, Mausitxa gaztagileak". Munduko 50 elikagai onenen artean aukeratu berri dute Mausitxa, eta azaroan aipamen berezia egingo diote World Cheese Awards sarietan, Donostian.

Gipuzkoako mendebaldean dago Elgoibar, Debabarrenean; zazpi auzo ditu, eta "Bizkaiko kutsua" —mendebaldetik mugakide du Markina-Xemein—. Makina-erremintaz gain, beste ezaugarri nagusi bat aipatu du Beitiak, urteetan erabili dutena: Elgoibar bizi-bizixa. "Armarriaren ondoan beti jarri izan dugu aldarrikapen bezala, aurreko legealdietan ere bai. Elgoibarren beti dago zer edo zer; bizi ikusten da herria".

Martxan dauden hainbat proiekturi jarraipena ematearekin batera, udal gobernuak herritartasuna bultzatzea du helburu: "Gure proiekturik edo baliorik garrantzitsuena gure herritarren ongizatea bermatzea izango da". Esku artean dituen proiektu nagusien artean, kulturgintzari lotutako bat dago: Aita Agirre eraikineko kultur gunea. "Herritarrak kulturgintzan lotuko dituen proiektu indartsu bat da, dagoeneko aurreikusita zegoena". Eraikin zahar bat da, eskola izandakoa, eta berreraiki eta berrantolatu egingo dute. "Prozesu parte hartzaile bat hasi zen joan den legealdian, 2012-2013an, eta enpresa batek dinamizatuta saiakera bat egin dugu parte-hartze prozesu horretan. Kulturgintzako talde eragileak eraikin horretara eraman nahi ditugu, lotze aldera".

Liburutegia ere hara aldatu asmo dute, baita udaleko kultura eta euskara zerbitzuak eta udal euskaltegia ere. "Nahi duguna da kulturak eta euskarak eduki dezaten transbertsalitatea kultur eragile guztiengan". Proiektua idazten ari da Jovino Martinez Sierra arkitekto asturiarra, eta urte bukaerarako idazketa bukatzea espero dute. "Ahal badugu eta epeek ematen badigute, datorren urtetik aurrera hasiko gara exekutatzen".

Kultura arloari lotuta, udalak Herriko Antzokiaren inguruko ikerketa bat abiarazi du aste honetan, ematen ari zaion erabilera eta eskaera ezagutzeko asmoarekin. Telefono bidezko 770 inkestatik gora egingo dituzte Elgoibarren, Soraluzen, Mendaron, Deban eta Mutrikun. Hilaren 17ra arte egingo dituzte, eta azaroaren hasierarako ikerketaren lehenengo ondorioak prest edukitzea aurreikusi dute. Inkestez gain, Elgoibarko elkarte kulturalei lotutako lagunei eta arduradunei ere elkarrizketak egingo dizkiete.

Ongizatea bermatzeko neurrien artean, etxez etxeko laguntza zerbitzuen araudian egindako berrantolaketa aipatu du Beitiak. "Udalak konpromisoa hartu du zerbitzu horietan ekarpen gehiago egiteko". Orain gutxi inkesta bat egin dute etxez etxeko zerbitzua erabiltzen duten familiekin, eta, Beitiaren arabera, nota "oso ona" jaso dute, bai zerbitzuari dagokionez, eta baita zerbitzua ematen duten langileen aldetik ere. "Gure barne antolakuntzan herritarrenganako gertutasun hori bermatu nahi dugu, bai langileengandik eta baita politikarien aldetik ere".

Aste honetan aho batez onartutako beste neurri bat kaleratze egoeran dauden pertsonak babesteko jardueren protokoloa da. Helburua kaleratzeen inguruko arrisku egoerei aurrea hartzea da, baita arrisku egoeran eta gizarte bazterketa egoeran egon daitezkeen pertsonei konponbide integralak ematea ere.

Bizikidetza eta memoria historikoa ere garrantzitsua da udal gobernuarentzat. Duintasunaren Kolunbarioa ekarri du gogora Beitiak: "Gerrako biktima ezagun eta ezezagunen errekonozimendu toki bat edukiko dugu. Duela bi urte lehendakariak konpromisoa hartu zuen kolunbarioa Elgoibarren egiteko; errekonozimendua oso presente izango dugu".

Toki estrategikoan

Zerbitzu aldetik "nahiko ondo" hornitutako herria da. "Ondo bizitzeko moduko herria da, erosoa. Herriko antzokia daukagu, kiroldegia, kanpoko igerilekuak...". Beitiak dioenez, gainera, estrategikoki "oso ondo" kokatuta daude. "Autoa hartuta, autobidean denbora berdina igarotzen duzu Donostiara, Bilbora edo Gasteizera joateko". Garraio publikoen zerbitzuak ere bermatuak dituztela dio; gabezia bat aipatzekotan, ordutegien loturak. "Adibidez, Bilbora joateko lotura Eibarrekin daukagu, baina bermatzen badugu Eibarrerako garraio zerbitzu hori ondo daukagula, konponduta dago. Trena ere badaukagu".

Herri txiki-ertaina izanik —11.500 biztanle inguru—, kalean jasotzen dituzte iradokizun eta eskaerak, Beitiak azaldu duenez: "Gauza txikiak izan arren, farola bat falta zaiela adibidez, horiek zuzenean jasotzen ditugu".

Elgoibarrek izandako bilakaera urteetan egindako lanaren ondorio dela dio alkateak: "Elgoibarri aurpegia garbitu zaio. Askoz ere euskaldunagoa da lehen baino, ongizatea hobea da, segurtasuna hobea da, politagoa da, bizia da". Duela hainbat urte herritarrei eta udalari "buru-hauste ugari" eragin zizkien gaietako bat larunbat arratsaldeetako zarata eta zikinkeria izan zen. "Ez daukate zerikusirik oraingo asteburuek lehengoekin. Tarteka egoten dira taldeak, herri guztietan bezala, baina duela urte mordo bat lan asko egin zen". Herri kanpotik zetozenak "kontrolatze" aldera, tren geralekua bertan behera utzi zuten denbora batez —geralekua eta geltoki nagusia dituzte—. "Trena geralekuan gelditzen da berriro, eta ez dago inongo arazorik. Urtez urte eta ekinean-ekinean lortzen da kontrolatzea, %100 kontrolatu ezin den arren". Prebentzio kanpainak egitea ere garrantzitsua dela uste du, eta martxan dituzte hainbat ikastaro: "Eskoletan, adibidez, hainbat gai lantzen dira txikitatik —drogak, alkohola, sexu erasoak...—. Pentsatzen dut horrek ere izango duela zeresana aurrera begira; heziketan eragin egin behar da".

Atzokoari begira, biharkoa lantzen

Atzokoari begira, biharkoa lantzen

Aitziber Arzallus

Artean, telebista zuri-beltzean ikusten zuten etxe gehienetan, ikusteko modurik zutenetan, behintzat. Orduantxe hasi ziren koloretarako jauzia egiten antenan ziren bizpahiru kateak. Interneten arrastorik ez zen, eta orduko norbaiti sare sozialez hitz egitea erotzat hartzeko motibo zatekeen. Asko aldatu baita gizartea azken lau hamarkadetan. Aldatu ez dena ikastolen diru premia da, orduan ere beharra zutelako, gaur bezala.

Testuinguru horretan jaio zen ikastolen aldeko Kilometroak jaia, 1977an. Josu Erguin izan zen ideia mahai gainean jartzen aurrena, ia hamarkada bat lehenago AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikusitako ekitaldi batean oinarrituta. 1969an, 18 urte zituela, AEBetara ikastera joateko aukera izan zuen beasaindarrak. Woodstock kontzertuaren eta Vietnamgo gerraren garaia zen, eta han ikusi zuen nola antolatu zuten ibilaldi bat dirua lortzeko egitasmo gisa. Parte hartzaileek egiten zuten kilometro bakoitzagatik ordainduko zuten babesleak aurkitu behar zituzten.

AEBetatik itzuli eta urte batzuetara, han ikusitakoa praktikan jartzeko aukera ezin hobea egokitu zitzaion Erguini. Bere alaba ikastolako ikaslea zen Beasainen, eta bera guraso elkartean zegoen. Goierrin lizeo berri baten beharra zegoela eta, dirua nondik atera zezaketen aztertzen hasi ziren, eta orduantxe proposatu zuen Erguinek AEBetan ikusitakoaren antzeko zerbait egitea. "Hasieran, denek barre egin zidaten. 'Ibiltzeagatik ordaindu?', esaten zidaten. Baina nik garbi neukan formula arrakastatsua izango zela; erabat konbentzituta nengoen". Erguinek hasiera-hasieratik jo zuen zifra potoloetara. "Nik 100.000 pertsonako zifraz hitz egiten nuen, eta barre egiten zidaten. Gaur, berriz, barre egiten dugu 100.000 pertsona elkartzen garelako, baina plazerez".

Lehen ekitaldi hura Beasain eta Lazkao artean egin zuten, 1977ko urriaren 16an. Zalantzaz hartu zuen jendeak, eta izan zen iseka egiten saiatu zenik ere. Ikastolek egoera ekonomiko zailari aurre egiteko asmatu behar izan zuten "irudimenezko itzulipurdi bat gehiago" besterik ez zela zioen, esaterako, Espainiako El Pais egunkariak garai hartan argitaratutako artikulu batek.

Nahi zuten guztiek parte har zezaketen jarduera horretan, baina, aurrez, parte hartzaile bakoitzak babesleren bat topatu behar zuen, ibilbidean egiten zuen kilometro bakoitzagatik pagatzeko. Adibidez, finantza erakunde batek 150.000 pezeta agindu zituen Joxe Migel Barandiaranek egiten zuen kilometro bakoitzeko. 12.000 lagunek parte hartu zuten lehen ekitaldi hartan.

Handik hiru urtera, Tolosako Kilometroak jaian, laugarren ekitaldian, 80.000 lagunek parte hartu zuten. Lehen hiru ekitaldietan 26 milioi pezeta inguruko (155.000 euro) etekinak atera zituztela zehazten du garaiko prentsak. Tolosako ekitaldian, berriz, 30 milioi pezeta inguru (180.00 euro) bildu ei zituzten, 1.200 ikasle hartuko zituen ikastola berri bat eraikitzeko.

Diru bilketaren sistemak antzerakoa izaten jarraitzen zuen artean. Parte hartzaile bakoitzak kontrol kartulinatxo bat eraman behar zuen aldean, egindako kilometro bakoitzeko ordaintzeko prest zegoen diru kopurua zehaztuz. Parte hartzaileek eurek jarriko zuten diruaz gain, babesle baten laguntza ere izan zezaketen, eta, zenbat eta kilometro gehiago, orduan eta gehiago ordaindu beharko zuten. Ordukoan, Toro abizeneko batek egin zituen kilometro gehien: 90, hain zuzen.

Aldarrikapena, ahultzen

"1977an martxan jarri zenetik, jaiak berak eredu eta xede nahiko berdintsuari jarraitu dio; gizartea, berriz, asko aldatu da", Mikel Egibar Ikastolen Elkarteko Kilometroak jaiaren koordinatzailearen hitzetan. Kilometroak jaiaren inguruko diru bilketa sarea eta, neurri batean, profesionalizatuta daudela dio: kamisetak direla, zozketak direla... Eta horrek jarritako helburu ekonomikoak betetzea ahalbidetzen die. Jaiak berak, ordea, "doikuntza sakona" behar duela ohartu ei dira. "Jatorrian, Kilometroak jaian parte hartzeko nahi eta ilusio handiena proiektu bat eraiki eta irekitzea zen, aldarrikapen parte-hartzailea; gaur egun, ordea, aldarrikapenak askoz leku txikiagoa du, eta gehiago da jai baten kontsumoa".

Erantzuleak topatzeko urrutira joan beharrik ez dagoela iritzi dio Egibarrek. "Konturatu gabe, geu izan gara egungo eredua elikatu dugunak. Ludikotasunaren fenomenoa da sakonean dagoena. Hau da, gaur egun euskal gizarteak nola kontsumitzen du jaia, eta jai horren barruan zer leku gelditzen da aldarrikapenarentzat?". Galdera potoloak, inondik ere, baina egin beharrekoak, Ikastolen Elkarteko ordezkariaren ustetan. "Nik uste dut edozein herritako jai batzordean mahai gainean dagoen eztabaida dela, eta guk ere gure ekarpena egin nahi genioke horri". Adibide gisa, hausnarketarako gai bat jarri du mahai gainean Egibarrek: "Kilometroak jaira jende gehiago erakartzen dugu musika talde ezagunagoak ekartzen diru gehiago gastatuta; baina, horrela, ez al gara gu geu ari parte hartzeari lekua kentzen eta kontsumoari aukera handiagoa ematen?".

Hori horrela, Ikastolen Elkartearen ekimenez, Kilometroak bidea izenburupean hausnarketa prozesu bat jarri dute abian, Kilometroak jaia birpentsatzeko helburuarekin. "Nahiko genuke hemendik lau edo bost urtera, 2020an edo, Kilometroak jaiaren eredu berri bat mahai gainean jarri", esan du Egibarrek.

Prozesua hiru zatitan banatu dutela azaldu du Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Lehendabizikoan —aurten egin dutena—, aspektu historikoari eman diote garrantzia. "Urte hauetan guztietan Kilometroak jaiaren inguruan ibili den jendearekin egon gara, eta haien iritziak bildu ditugu; artxibo historiko txiki bat ere antolatu dugu". Hain zuzen ere, bildutako material horrekin erakusketa bat prestatu dute, eta urriaren 2ra arte ikusgai izango da, Bergarako Aroztegi aretoan. Erakusketa irekia eta ibiltaria izango da, gainera. Hala, hurrengo urtean Oñatira eramango dute, aurtengo ekitaldiko argazkiak eta biltzen duten gainerako materiala gehituta. Egibarrek zehaztu baitu aurrerantzean ere kapital historikoa berreskuratzen jarraituko dutela.

Erakusketaz gain, Kilometroak bidean prozesuaren bultzatzaileek webgune bat jarriko dute martxan aurki, "jendearen ekarpenak jasotzeko eta eztabaida foro izan dadin". Kilometroak jaietako argazkiak, irudiak eta bestelako materiala jasoko ditu webgune horrek: www.kilometroakbidea.eus.

Bigarren zatian, datorren urtean, Kilometroak jaia ikuspuntu soziologikotik aztertuko dute. "Makrojaiak; Zer eragin daukate jendearengan?; Jendeak nola ikusten ditu horrelako jaiak?; Jendea zertara joaten da haietara?; ludikotasunaren erabilera; aisialdia eta astialdia; jai aske eta parekideak eraikitzearen beharra; iraunkortasuna; alkoholaren eta drogen kontsumoa...". Kilometroak jaitik harago, Egibarrek uste du gizarte osoak aztertu beharreko kontuak direla, "baina guk ere badaukagu betebehar hori, eta egingo dugu".

Hirugarren zatian, berriz, egitasmo parte hartzaile eta dinamizatzaileak aztertzeko asmoa dutela azaldu du, "Kilometroak jaiaren ezaugarri nagusietako bat horixe baita, boluntarioen parte hartzeari eta lanari esker aurrera eramaten den jarduera bat dela".

Eztabaida prozesua Gipuzkoan abiatu duten arren, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute gainera. "Ikastolen aldeko gainontzeko jaien antolatzaileekin egongo gara, gauzak nola ikusten dituzten jakin nahi dugulako". Jai nazional bat antolatzeko aukerarik ba ote legokeen aztertu nahiko lukete.

Irailaren 17an, Bergarako Aranzadi ikastolan egin zuten aurreneko hausnarketa saioa, eta antolatzaileak "oso pozik" daude egitasmoak izandako harrerarekin. Han izan zen Erguin bera ere. "Gogoeta egitea erabat beharrezkoa iruditzen zait, eta lehen saioa oso interesgarria iruditu zitzaidan". Haren ustetan, hasierako ekitaldietan parte hartzaileek zuten konpromiso sentipen hura galdu egin delako denborarekin. "Lehen garbi geneukan horrelako ekintzetara ikastolei eta euskarari bultzada ematera eta laguntzera gindoazela; orain, ordea, festara goaz". Erguinentzat, Kilometroak jaia "amets bat egia bihurtzea da", jendearen konpromisoak eta ilusioak bizirik mantendu duen zerbait. "Baina iragana ez da ezer; etorkizunera begiratu behar da beti, horrek ematen duelako indarra". Ziur dago hausnarketa prozesu hau izango dela datozen 40 urteetako Kilometroak jaiaren oinarriak jarriko dituena.

Han izan zen Ekaitz Aranberri ere, Aranzadi ikastolako Kilometroen koordinatzailea. Hark ere uste du ezinbestekoa dela gogoeta egitea, etorkizuneko Kilometroak jaia nolakoa izango den erabakitzeko. Baina azken urteetan gauzak hobetzeko egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du. "Kilometroak jai betidanik izan da aitzindari, eta, bide horretan, azken urteetan, hainbat aldaketa egin dira: alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzeko plangintza sendoa sortu genuen duela urte dezente, eta edalontzi berrerabilgarriak Euskal Herriko jaietara ekartzen lehenengoetarikoak izan ginen, besteak beste". Eraso sexisten eta jai parekideen alde ere lan handia egiten ari direla nabarmendu du.

Lagunartean euskara mugituz

Lagunartean euskara mugituz

Ainhoa Mariezkurrena

Euskaldun berriak, ikasten ari direnak, ohitura galdu dutenak, ikastola utzi zutenetik hitz egin ez dutenak, gurasoak, ikasleak... Euskaraz normaltasunez bizi nahi dutenak, babesa eman nahi diotenak, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak eta abar eta abar. Horiek dira Mintzapraktika egitasmoko protagonistak.

Bagera Euskaltzale Elkarteak bultzatu zuen lehen aldiz egitasmoa, Donostian, 1993an, pertsona talde bat osatu eta denbora librean euskaraz aritzeko helburuarekin. Ordutik, herrien zein partaideen kopurua handitzen joan da. Izan ere, egun, 23 dira Gipuzkoan Mintzapraktika martxan duten herriak, eta 2.000 inguru mintzalagunak.

Herri bakoitza bere erara antolatzen da taldeak egiteko. Normalean zaletasunak, adina edo denbora librea hartzen dira kontuan. Joxan Apaolazak eta Javier Rodrigok, esaterako, taldea, kafea eta hizketaldia partekatuko dituzte, hirugarren urtez, Errenterian.

"Erretiroa hartu eta gero zerbait egin nahi nuen euskararen alde", esan du Apaolazak, "euskaltegietako lau paretetatik ateratzen ez bagara, jai daukagu". Apaolaza euskaltegiko irakasle ohia da, baina Mintzapraktikan ez duela irakasle lana betetzen zehaztu du: "Hitz egiten uzten diet, zuzendu gabe. Har dezatela hitz-jarioa".

Rodrigok euskararekiko maitasuna, hitz egiteko borondatea eta baikortasuna adierazi du hitz egin duen aldiro: "Kultura oso polita daukagu Euskal Herrian, eta babestu behar dugu. Horregatik nahi dut euskara ikasi: hemen bizitzeko, moldatzeko eta harremanak euskaraz egiteko. Nahi dut, eta posible da".

Hitz horien aurrean, galdera bati erantzun nahian ibili dira. Eta, orduan, zergatik ez dira euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera murgiltzen? Lotsa, tentsioa, pazientzia, ezjakintasuna, sentsibilitatea, ohitura eta prestigioa hitzak erabili dituzte galderari erantzuteko.

Euskaldun berriak bere hizkuntza ohiturak kontatu ditu: lagunartean eta etxean gaztelera du nagusi, "kuadrillak ez dakielako" eta "ohitura dugulako". Baina etxekoek badakitela aitortu du, eta hori aldatu nahi du: "Ohitura aldatu behar dugu, baina ez dugu pazientziarik, eta presaka gabiltza beti. Nik euskaraz bizi nahi dut. Egia da indar eta esfortzu handiagoa egin dezakedala, eta egingo dut".

Pazientzia

Euskaldun zaharrak pazientzia izan behar duela nabarmendu du Apaolazak, baina beste ikuspegi batetik: "Behin baino gehiagotan egiaztatu dut euskaldun zaharrok ez dugula pazientziarik. Lagun baten adibidea da hau; ikastolako irakaslea zen, eta senarrak ea hau eta hura nola esaten zen galdetzen zionean 'motel, utzi bakean' erantzuten zion. Euskaldunok badugu zer aldatu".

Izan ere, ohiturak aldatzea ez da erraza, hizkuntzak baduelako bere gain adierazteko, izateko eta harremanak izateko modu bat. Baita ulertzekoa ere. Euskaraz badira hitz edo esamoldeak gazteleraz existitzen ez direnak, edo esanahi desberdina dutenak. "Ez da berdina euskaraz edo gazteleraz hitz egiten duena", dio Rodrigok. Baina, ere berean, gaztelerara aldatzea ez dela zaila gaineratu du Apaolazak: "Hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila da, baina euskaratik erdarara, ez hainbeste". Kasu hori azaltzeko hainbat adibide eman ditu, baita horiek justifikatu ere: "Hitz egin bai, baina sentitu ez. Edo, beharbada, sentitu bai, baina hitz egin ez".

Horrela, mintzalagunak errealitate desberdinetatik datozela nabarmendu dute, hizkuntza zein bizitzari dagokionez. "Baina gutxienez elkar ulertzen dugu tabernan euskaraz ari garenean".

Euskaraz aritzeaz gain, egitasmoak harremanak eta lagunak egiteko balio duela adierazi dute biek ala biek. "Kafe bat hartzeko lagun kuadrilla bat elkartzen gara", zehaztu du Apaolazak, "elkarrizketa arruntak izaten ditugu". Rodrigok barnetegi ibiltariak egin izan dituela gaineratzeko aprobetxatu du, Mintzapraktika ez dela euskaran trebatzeko aukera bakarra. Hala ere, hark euskarari tarte handiagoa eman nahi dio.

Prestigioaren garrantzia

Egitasmoa euskararen egoera hobetzeko aurrerapausoa dela adierazi dute Apaolazak eta Rodrigok, horren alde egiten den guztia onuragarria delakoan. Baina euskarak denen babesa behar duela garbi dute, herritar zein erakunde. "Euskarari prestigioa ematen ez badiogu, bide txarretik goaz. Haurrei euskaraz egiteko esaten diegu, eta guk gazteleraz egiten dugu. Eta haiek handitan gazteleraz hitz egingo dutela sinesten dute, 'como tú'. Hori logikoa da", dio Apaolazak. "Instituzioek ere euskaraz egiteko esaten digute, baina bilerak gazteleraz egiten dituzte. Euskarari ez diote prestigiorik ematen, eta indar handia dute".

Hedabideen eragina nabarmendu du Rodrigok, baita euskaraz dakien jendearena ere, batez ere gazteena: "Belaunaldi berriek euskara ezagutzen dute. Aurrera egiteko eta arazoa konpontzeko tresnak dituzte". Eta euskarari bultzada emateko egungoa une aproposa dela garbi du: "Denek aprobetxatu beharko genuke hori, baita nik ere".

Euskarari buruz gutxiago hitz egin eta euskaraz gehiago hitz egitea da kontua Apaolazaren ustez, "kirolaz, maitasunaz, sindikalismoaz, politikaz edo dena delakoaz. Jende askok euskaltegia etxean dauka: bikotekidea, seme-alaba, bizilaguna... Segi eta hitz egin gertukoekin".

Izena emateko deia

Hizkuntza da astean behin ordubetez elkartzeko arrazoi komuna; euskara, hain zuzen. Mintzapratika egitasmoak zabaldu du jada izena emateko aukera. Bertara animatzeko arrazoiak hamaika dira. Zailagoa da, ordea, euskaraz bizi eta euskaraz aritzera ohituta dauden mintzalagunak topatzea, praktikatzera datozenak baino, Rodrigok aitortu duenez: "Joxanek egiten duena oso ausarta eta oso polita da. Bera bezalako jendea behar dugu".

Mintzapraktikari buruzko informazioa eskuratu eta egitasmoan izena emateko aukera herri edo eskualdeko euskara elkarteetan, euskaltegietan, udaletan edo www.mintzalaguna.eus gunean topa daiteke. Bai Apaolazak bai Rodrigok parte hartzera animatu dituzte herritarrak. "Pozgarria da euskaltegitik kanpo euskaraz trebatu nahi duen jendea topatzea", esan du lehenak. "Aurten lan egin eta asko ikasiko dut. Mintzalagun izateari uzten diodanean usoak bezala libre aritzeko", bigarrenak. Ados jarri dira euskara hauspotzeko egin behar denari buruz: "Euskaraz hitz egin".

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Eider Goenaga Lizaso

Itxuraz ezer balio ez dutenekin, eta itxuraz ezer balio ez duenarekin, baliozko gauzak egiten ditugu". Horixe da Emaus kooperatibaren leloa. 35 urte bete dituzte Emauseko trapuketariek Gipuzkoan, eta urteurrena ospatu berri dute. Belartzako poligonoan dute egoitza, eta pabilioi oso bat hartzen dute ia. Jende batentzat erabilgarritasuna galdu duten arropa, jostailu, altzari, baxera eta abarrak biltzen dituzte, sailkatu, eta prezio oso merkean saldu. Iaz, 1.800 tona baino gehiago jaso zituzten. "Eta jasotzen dugunaren %75 jartzen dugu salgai", dio Marian Mugerzak, kooperatibako kideak. "Ateratzen dugun diru guztia langileei ordaintzeko erabiltzen dugu.Urte amaieran, dirua soberan badago, diru hori jende gehiago hartu ahal izateko baliatzen dugu".

Goizeko bostak inguruan ateratzen da lehen kamioia Belartzatik, eta besteak —bederatzi— 8:00ak aldera irteten dira. Sasietako mankomunitateko herrietan ditu edukiontziak Emausek, eta Urola Kostako mankomunitatearekin altzariak biltzeko hitzarmena ere badu; baina, horiez gain, zerbait emateko dutenen etxeetan egiten dute bilketa. "Bestetik, jende asko hurbiltzen da hona [156 tonatik gora jaso zituzten iaz Belartzan bertan]. Etxean jada behar ez duten hori ekartzen digute, eta gero, gehienek, bidaia aprobetxatzen dute dendan erosteko". Iaz, 80.220 bezero izan zituzten, eta salmentetan 830.943 euroko fakturazioa izan zuten. Sasietako eta Urola Kostako mankomunitateekin dituzten hitzarmenak gehituta, orotara, 915.771 euroko sarrerak izan zituen Emausek. Diru-laguntza publikorik ez du jasotzen.

Salmentarako prozesua

Astelehena da, 09:50. Oraindik joan-etorria ez da handia Emausen egoitzan. 10:00ak arte ez dute denda irekitzen, eta goizean irtendako kamioi gehienak ez dira eguerdira arte iritsiko. Bizpahiru lagun heldu dira, eskuetan poltsa bana hartuta, eta non utziko dituzten galdezka. "Utzi hementxe", erantzun dio langile batek, supermerkatuko orga bat seinalatuz. Biltegia zinta garraiatzailetik pasatzeko zain dauden poltsaz eta kaxaz beteta dago. Bi langile dabiltza han, burua altxatu gabe. "Normalki, langile gehiago aritzen dira zintan", argitu du Mugerzak. Neguko arropak, udakoak, maindire eta mantak, oinetakoak... bakoitza bere kaiolara botatzen dute. Biltegiaren zati handi bat neguko arropak hartzen du. "Horiek laster igoko ditugu dendara". Beste horma batean, dozenaka kaxa daude, bi pilatan sailkatuta: Santo Tomas jartzen du batean, Inauteriak, bestean. "Garaia iristean aterako ditugu".

Biltegiko kaxa eta poltsa mordoa atzean utzi, eta goiko solairura igo da Mugerza. "Hau da gure erakusleihoa, honek identifikatzen gaitu", azaldu du, harro. Ondo sailkatutako saltegi handi bat da denda. Kobratzen ari denak ere ez du etenik, behin 11:00etatik aurrera. Markako arropak daude lehenik, VIP gunea deiturikoan. "Garai batean, krisiaren aurretik, markako arropa gehiago jasotzen genuen. Orain, asko nabaritu da jendeak gutxiago gastatzen duela arropan, kalitate eskasagokoak dira; baita altzariak ere".

Bestelako jantzi eta oinetakoak ere ondo sailkatuta daude: jaioberrienak, umeenak, emakumeenak eta gizonenak. Liburuak daude gero, eta Vintage gunean altzariak eta arropak daude. Beste korridore batean dauzkate gainerako guztiak: oheko arropak, jostailuak, apaingarriak, elektronika... "Askotan geure buruari galdetzen diogu, 'baina honek balio al du ezertarako?', eta gero norbait etorri eta erosi egiten du. Batek baliorik topatu ez arren, beste norbaitentzat erabilgarri izan daiteke. Azkenean, hori da gure filosofia: ingurumena zaintzea, birziklatzea, eta zaborretara ahalik eta gutxien botatzea. Ez dakizu nolako pena ematen digun gauzak zaborretara bota behar izateak!".

Ingurumena zaintzea helburu izanik ere, beste lehentasun bat du aurretik Emausek. "Bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei lana eskaintzea, eta bizitza duin baterako aukera ematea, hori da gure lehentasuna", azaldu du Mugerzak.

Gipuzkoako Emausen 32 langile daude, eta guztiek lan kontratu mugagabeak dituzte. Izan ere, Emausen ustez, "euren ezaugarri eta egoera pertsonalaren ondorioz lanpostu egonkor bat lortzea ia ezinezkoa duten pertsonei" lanpostu mugagabe bat eskaintzea da benetako integrazioa lortzeko modu bakarra. "Ezin duguna da horrelako pertsona bat bi urterako hartu, eta gero, hura kalean utzita, lan hori beste bati eskaini. Gozokia ahoan jarri eta gero kentzea da, lehen baino egoera askoz ere okerragoan uztea. Hondoratu egiten da pertsona", azaldu du Muguerzak.

25 urteko Jose Dual da Emausera sartu den azken langilea. Abuztuan hasi zen lanean, altzarien atalean. "Lana gogor egin behar da hemen; jendearen joan-etorria handia da, eta altzariak kargatzen ibiltzen naiz etengabe", dio Dualek. DBHko titulua ateratzeko ahalegina egin eta hainbat ikastaro jarraitu zituen arren, ijitoa izateak lan mundurako sarrera are gehiago zaildu dio. "Oso pozik nago hemen eskaini didaten aukerarekin". Dualena adibide bat da; etorkinak, familia karga duten ama langabeak, alkoholarekin edo drogekin arazoak izandakoak... lan munduan sartzeko eta bizimodu duin bat eraikitzeko ezintasuna duen jendea da Emausek kontratatzen duena.

Askotariko bezeroak

Bigarren eskuko gauzak erosteak duen "estigma" apurka-apurka galtzen ari dela azaldu du Mugerzak. "Hala ere, oraindik badago lotsatzen den jendea, eta bigarren eskuko arropa erosteagatik aldamenekoa gutxiesten duena ere bai. Hemen, ikusi izan dut nahiko maiz etortzen den ohiko erosle bat bere lagun batekin topatzea, eta hari esatea zerbait ekartzera etorri dela, eta denda lehen aldiz bisitatzen ari zela. Pena da, baina hori oraindik badago".

Julieta Alvarado ez da lotsatzen. Harro dago etxeko denak Emausen erositako arropekin janzten direlako. "Lau ume ditugu eta etxeko seirak hemen erositako arroparekin janzten gara. Hamabi urte dira etortzen hasi nintzela. Oso arropa txukuna aurkitzen dugu, modakoa, eta askoz diru gutxiagorekin primeran janzten gara. Gu, ekonomikoki, nahiko ondo gaude; baina, hemen erosteak, beste gutizia ahalbidetzen dizkit: oporrak, auto berria... baita laugarren umea ekartzeko aukera ere. Bestalde, jende askorentzat hau izan liteke aukera bakarra bere umeak janzteko, edo altzariak erosteko. Bestela ezin dutelako erosi", dio. Julieta ez da soilik erostera etorri; lisaketarako taula bat eta bidaiarako gurpildun maleta bat dakartza eskuetan. Bestalde, bere herrian, Costa Rican, eta Hego Amerika osoan bigarren eskuko gauzak erostea oso errotuta dagoen ohitura dela nabarmendu du. "Guk kultura hori badugu, ez dakit zergatik hemen ez dagoen ondo ikusita. Ni, behintzat, hemen erosi eta poz-pozik ateratzen naiz".

[Herriz herri] Elgeta. Espaloia ez dago memorian soilik

[Herriz herri] Elgeta. Espaloia ez dago memorian soilik

Maite Alustiza

Urriaren 4an 80 urte beteko dira tropa frankistak, Bizkaia konkistatzeko ahaleginean, Elgetara heldu zirela. Frankistei aurre egiteko, Intxorta mendiaren inguruetan batu ziren hainbat gudari eta miliziano. "Erreferentzia gune bat izan zen Elgeta. Handik hiru egunera, Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen". Memoria historikoaren gaian lanketa sakona egiten ari dira herrian, eta Iraitz Lazkano alkateak azaldu duenez, gertatutakoa gogoratzeko eta salatzeko lana egingo dute aurrerantzean ere. Besteak beste, Intxortako Erresistentzia Eguna egin zuten apirilean, emakume erresistente eta errepresaliatuak omenduz. Horrez gain, urte osoan Intxortako gunean bisita gidatuak antolatzen dituzte, hileko lehen eta azken igandeetan. Ibilbidea Espaloia kafe antzokitik abiatzen da, eta bost kilometroko bide tematikoa egiten dute oinez, frontearen xehetasunak ezagutzeko. Memoria historikoari lotuta ere, Argentinako kereilan "konprometitu" da udala. Udako oporrak hartu aurreko azken osoko bilkuran, frankismoaren krimenen aurkako kereila jartzea adostu zuten udalbatzako bi alderdiek —EH Bilduk eta Gu Geu plataformak—. "Erronka oso garrantzitsua izango da udalarentzat", Lazkanoren arabera.

Kultur arloan, eskaintza "hobetu" nahi du udalak. Espaloia kafe antzokia "erreferente" izan da eskualdean. 2004an ireki zuten; azken urteetan, ordea, bide "gorabeheratsua" izan du. Aurreko kudeatzaileak apirilean utzi zuen aretoa, eta uneotan ekintza puntualak egiteko bakarrik irekitzen dute. Baina berriro martxan jartzeko bidean da. Kudeaketarako proposamenak aurkezteko epea ireki zuen udalak, bukatu da epe hori, eta proposamen bakarra jaso dute. "Hori aztertzen ari gara, eta espero dugu urri bukaerarako martxan hastea". Lazkanorentzat "idealena" litzateke kultur eskaintza eta ostalaritza emango dituen zerbitzu bat osatzea. "Elgeta herri txikitxoa da, eta asko aportatzen dio Espaloiak". Jaso duten proposamenak bi zerbitzuak biltzen ditu.

Euskararen alorrean, "Euskal Herriko arnasgune gehienetan bezala", beherakada nabaritu du Lazkanok azken urteetan, bai jakintzan, eta baita erabileran ere. Euskara sustatzeko, hainbat ekintza egin dituzte herrian: Elgetan Berbetan mintzalagun egitasmoa legealdi honetan abiatu dute, adibidez. Herritik kanpo euskara ikasteko diru laguntzak ere badituzte. Bihar festa dute herrian: Euskaltzaleen Eguna egingo dute, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

2009tik Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Elgeta. Uztail bukaeran lankidetza hitzarmena sinatu zuen Uemak finantza erakundeekin, eta, horri esker, Elgetako Kutxabankeko bulegoetan euskara lehenetsiko dute aurrerantzean. Langile elebidunak jarriko dituzte, eta euskara erabiltzea sustatzeko neurriak hartuko dituzte.

Udal mailakoak

Bi milioi eurotik gorako zorra dauka udalak ordaintzeko, hainbat kalte-ordainekin lotuta. Pasa den asteko osoko bilkuran, birfinantziazio plan bat onartu zuten, aho batez. Ordainketa horiei aurre egiteko, Kutxabankekin duen zorra epekatuko du udalak: ordainketa epea hamalau urtera zabaltzea proposatu du. Beste gastu batzuetarako, beraz, "aukera oso murritza" geldituko zaio udalari. Egitekoen artean ditu argiteri publikoa berritzeko LEDak jartzea eta futbito kantxa konpontzea. Segurtasun hobetzeko, eskolako jolasguneko hesien altuera handitzeko lanak egin berri dituzte —120 umek hasi dute ikasturtea dagoeneko—.

Hondakinei dagokienean, herritarrak zoriondu ditu Lazkanok. Txipa duten edukiontzi bidez biltzen dute, eta %80ko birziklatze tasara iritsi dira —apirilean %81,04 izan zen; maiatzean %83,21—. Dena den, maiatzean errefusaren edukiontzietatik hartutako lagin bat karakterizatu zuten, eta ondorioztatu dute errefusan biltzen denetik "%20 baino ez" dela errefusa, bestea birziklagarria dela. "Kontzientziazioa bultzatu behar dugu, jendeari egiteko erraztasunak eman, eta inportantea da ingurumenean ez ezik, ekonomikoki daukan pisua azaltzea. Errefusaren kudeaketa oso garestia da".