Maite Alustiza
Bidegi auziko bi kereilek zabalik jarraitzen dute. Salaketak orain bi agintaldiko jardunari lotuta daude, eta biak Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zituen joan den agintaldian —Bilduren esku zegoenean—. Kereila horien arabera, 30 milioi euro pasakoa da sozietate publikoko ustezko iruzurra. Uste horiek argitzeko, herritar talde batek Gidari elkartea aurkeztu zuen otsailean, ikerketa "azken muturreraino" eramateko. Auzian zer gertatu den jakin nahi du elkarteak, eta, horretan laguntzeko, akusazio gisa aurkeztu da bi kereiletan, Azpeitiko auzitegian —Bidegiren egoitza Zarautzen dagoenez, auzitegi horri dagokio ikerketa egitea—. Gidari elkarteko kide Amaia Zabaletak azaldu duenez, ordea, dagoeneko lehendabiziko "oztopo garrantzitsuarekin" egin dute topo: akusazio gisa aritu ahal izateko, 100.000 euroko bermea eskatu diote elkarteari —auzi bakoitzeko 50.000 euro—. Gidariko kideentzat "onartezina" da neurria, eta helegiteak aurkeztu dituzte epailearen erabakiaren aurka.
"Bidegabekeria hau" konpontzea espero dute Gidariko kideek, epaileak helegiteak onartuta. Gutxienez bermeak gutxitzea eta auzian "herritarren interesen alde" egin ahal izatea galdegin dute: "Ez da ulergarria irabazi asmorik gabeko elkarte bati horrelako dirutza eskatzea, eta, are gutxiago, auzia jada martxan dagoela kontuan hartuta". Era berean, fiskalak hartutako jarrera nabarmendu du Zabaletak: "Fiskala ere bermea jartzearen aurka azaldu da, ulertu duelako bidezkoa dela herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea, eta espero dugu oraingoan epaileek ere gauza bera ondorioztatzea, epaileek ere fiskalaren bide bera hartzea".
Helegiteen erantzunaren zain daude elkarteko kideak, baina, bien bitartean, kontu korronte zenbaki bat ireki dute ezar diezaieken bermeei "guztion artean" aurre egiten laguntzeko, auzia ikertu gabe gera ez dadin: "Auzi honetan herritarren dirua dago jokoan, herritarren 30 milioi euro, eta onartezina da herritarrei ikerketa horren berri izateko oztopoak ezartzea".
Diputazioak jarritako bi kereiletan bi delitu aipatzen dira: diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea. Dirutan, ustezko iruzurra 30 milioirena da orotara —lehenengo kereilan 13,7 milioirena eta bigarrenean 17,1 milioirena—; eta epaileak bost lagun inputatu zituen —tartean daude Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti eta obretako enpresetako kideak—. Horiez gain, epaileak lekukotasuna ematera deitu zituen Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea —orain bi agintaldi ere ahaldun nagusi zen Olano, eta Bide Azpiegituretako diputatu Goia—.
Bide judizialetik jarraitzearekin batera, Gidari elkarteak gaia gizarteratu nahi du, eta horretan ari da. Gidarirentzat "funtsezkoa" da gizarte eragileekin lan egitea; hori dela eta, bilerak hasi ditu: "Argi dugu gai hau gizarteratu egin behar dela, herritarrek jakin behar dutela zer gertatu den kasu honetan, eta, horregatik, lehen urrats gisa hainbat gizarte eragilerekin bilera sorta hasi dugu". Auziari buruzko azalpenak emateaz gain, eragileen babesa eta atxikimendua ere jaso nahi izan dute; dagoeneko haien manifestuarekin bat egin dute hainbat alderdik, taldek eta sindikatuk. "Auzi honek herritarrei eragiten die zuzen-zuzenean, eta uste dugu eragileek badutela zeresana".