Imanol Saiz
Babarrunak janez hasi zen Xalto eta Brinko pailazo lezoarren ibilbidea; 1999an, zehazki. Sudur gorri bat jantzita, pailazokeriatan hasi zen Brinkok. "Eta pailazo talde bat osatzen badugu?", bota zuen orduan. Alboan zuen Xalto, eta baiezkoa eman zion hark. Ondoren sartu zuten Korri abentura berri hartan. Mikel Susperregi Xalto-ren hitzetan, helburu jakin batekin sortu zuten dena: "Euskara tresna nagusi gisa hartuta, Lezoko pertsonaiak eta istorioak herriko haurren artean zabaltzeko hasi ginen lanean". Orduz geroztik, hemezortzi urtez aritu dira korrika eta saltoka Lezon bertan eta beste hainbat herritan, milaka haurren irribarrea eraginez. Bide horren guztiaren bilduma kaleratuko dute abenduan; euren historia islatuko dute urteotako ehunka istoriotan.