Kultura

Arte espresio ugariren bidez, Xabier Lete

Arte espresio ugariren bidez, Xabier Lete

Maite Alustiza

"Artearen iturrietako bat da Arantzazu; poesian, eskulturan, musikan... Euskal Herrian artearen munduan zerbait izan da, erlijiotik aparte". Eta aurrerantzean ere hala izan dadin, arte adierazpen zenbait elkarrizketan jarriko dituzte bihar, Gandiaga Topagunean. Juan Kruz Igerabide idazle eta Mikel Laboa Katedrako zuzendariak azaldu duenez, inguruko hainbat artista harremanean ariko dira Arthitz: hatsetik hotsera jardunaldian, guztiak oinarri baten inguruan: Xabier Lete. "Oso modu zabalean" izango dute presente musikaria; poesiaz, kantuaz, antzerkiaz, dantzaz... Mikel Laboa Katedrarekin batera, Ur Mara Museoak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu dute jardunaldia, bigarrengoz. "Ez goaz otoitzera, baina otoitz artistiko batera bai", dio Igerabidek. Mikel Laboa Katedra Leteren webgune bat osatzen dabil gaur egun.

Arantzazu Gaur Fundazioko Juan Biainek "amets kabi" modura ikusten du Arantzazu: "Gu ametsetan hasi ginen lehengo urtean, eta aurten amets horri jarraipena eman diogu. Artea eta hitza Arantzazurekin oso lotuak daudenez, oso aproposa da espresio ezberdinak erabiltzea". Fundazioaren helburuetan dago, hain justu, gaur egun dauden espresio artistikoei harrera ematea. Gainera, bertan egiten diren emanaldiak bereziki Arantzazurako eginak izan daitezen ahalegintzen dira, ez zirkuitu batean sartuta daudenak.

Propio Arantzazurako sortutako lanetako bat da Koldobika Jauregi eskultorearena. Ur Mararen sortzaileetako bat da, eta performance batean parte hartuko du bihar: Uholde handia: arkaren istorio bat. "Nahi genuen gauza berezi bat egin, lekua ere oso berezia delako; espiritualtasun puntu bat du, eta hausnarketa lekua ere bada". Proiekzio bat izango da, pelikula bat; horrek bakarrik, ordea, ez du zentzurik gainerakoen parte hartzerik gabe: "Ohikotik ezberdina izango da. Lekuak merezi du, eta, aitzakia hau dela medio, are gehiago. Historikoki zenbait narrazio daude arkaren historiaren inguruan, eta guk horiek bildu ditugu". Iaz ere jardunaldirako sortutako lan bat eraman zuen Arantzazura, Genesia.

Lekua espeziala da Jauregirentzat: "Bada toki bat erreibindikatzeko modukoa; artea gehiago egin beharko litzateke han, eta hausnarketa gehiago egin beharko litzateke han". Jardunaldia ez litzateke orain dena Arantzazun egingo ez balitz: "Agian gaur egun horrelakoak gehiago hiri barruan egiten dira; Tabakalera dago, adibidez. Nik uste sokaren alde batean dagoela Tabakalera moduko bat, eta Arantzazu bestean. Arantzazu beste espresio mota horietarako toki bat da, lasaiagoa, naturarekin nahastua". Dioenez, abangoardiako proposamenak egiteko aukera ematen du inguruak, eta, era berean, leku polita da "joandako guztien eta etorriko diren guztien lanak" lotzeko: "Gure kasuan, proposamenak egiten ditugunean, ez da gauza bat pasatutakoa, baizik eta gure lanketak zerikusia du gaur egungo egoerarekin; non dagoen erlazioa liburuetan erdi galduta dagoen istorio horren eta gaurkotasunaren artean, zer zerikusi duten... Proposatzen dugu eta azaltzen ditugu zenbait errore zoritxarrez errepikatzen direnak, berriro errepika ez daitezen".

Arte lantegiko erakusketa

Arthitz jardunaldiko proposamenez gain, Gandiaga Topagunean erakusketa kolektibo bat bisita daiteke egunotan: Arantzazuko arte-lantegia. Igandera arte ikusi ahal izango da. Erakusketa horretan, Arantzazun "erro sendoak" zituzten lau fraide eta artistaren hainbat pintura eta eskultura lan bildu dituzte; Xavier Alvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egañarenak, hain zuzen. Basilika eraiki eta dekoratu zuten garaian beraien lengoaia propioak jorratu zituzten Arantzazuko arte lantegian, haien espresio artistikoa garatzeko.

Honako ordutegi hau dauka erakusketak: larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 11:00etatik 14:00etara. Igandean, azken egunean, Arriola eta Egaña aretoan egongo dira erakusketari itxiera emateko.

[Museora] Eibar, armagintzatik harago

[Museora] Eibar, armagintzatik harago

Eider Goenaga Lizaso

Eibarko Armeria Eskolak 1914an irekitako museoaren ondorengoa da egungo Armagintza Museoa. "Ordukoak, baina, ez zuen gaur egungo museoen antzik, ez eta funtziorik ere. Batez ere, eskolako ikasleei zuzenduta zegoen, armagintza teknika ezberdinak bertatik bertara ikus, ikas eta iker zitzaten", azaldu du Marina Barrena udal teknikari eta museoko arduradunak. 2000. urtean pasatu zen Armeria Eskolako bilduma udalaren eskuetara, eta 2007an inauguratu zuten egungo museoa, Portalea kultur etxean, garai batean AYA eskopeta fabrika izandakoaren egoitzan.

Eredu berriak eskaintzen

Eredu berriak eskaintzen

Eider Bereziartua
Amaitu da uda, eta hasi da ikasturtea. Errutinara itzuli dira haurrak eta baita helduak ere. Horixe bera egin dute Gipuzkoako hainbat zineklubek ere. Esate baterako, atzo hasi zuen urtea Azpeitiko Paradisu Zinema zineklubak: Stesti fi...

Artaldeek duten soinua

Artaldeek duten soinua

Maialen Igartua
Zintzarria gizakiak artaldea kontrolpean izateko teknologia bat baino ez da, itxiturak egiten hasi aurrekoa. Artalde bakoitzak soinu bat dauka, errepikaezina. Eta artalde horien zintzarri hotsek, noski, Euskal Herriko soinu paisaiaren z...

[Museora] Ekainberri. Haitzulora, koban sartu gabe

[Museora] Ekainberri. Haitzulora, koban sartu gabe

Eider Goenaga Lizaso

Ekaingo kobazuloa (Deba) 1969an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta espeleologia taldeko kideek. Labar artearen adibide esanguratsuena da Euskal Herrian; ondo babestu beharreko ondarea, beraz. Ekain aurkitu zuten garaian, ordea, labar artea zuten kobazulo asko publikoari irekitzeko joera nabarmena zen. "Milaka urtetan kobazuloa itxita eta hezetasun eta tenperatura zehatz batzuetan egoteak ahalbidetzen du hormetako margoak ondo mantentzea.

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Maite Alustiza

Ikusteko eta esperimentatzeko aukera dakar Street tARTar jaialdiak. Espazio publikoaren erabilera eta eraldaketa aldarrikatzeko, askotariko diziplinak kalera aterako dituzte: dantza, muralismoa, parkourra, rapa... Gaurtik igandera bitarte, erakustaldiak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Donostiako Gros auzoan. Era berean, formazioari garrantzia eman nahi diote, eta, horregatik, tailerrak ere antolatu dituzte. Jaialdiaren bidez, Donostia 2016 kultur hiriburutzak inklusio soziala indartu nahi du, baita emakumeen ahalduntzea eta euskara erabiltzea ere.

Hiriburutzako kideekin batera, artearekin lotutako diziplinetan aritzen diren zazpi lagunek prestatu dute jaialdiaren egitaraua. Honako hauek proposamenetako batzuk dira, guneka antolatuta:

KONTZERTUEN GUNEA

Zubiri-Manteo institutuaren pareko belardian kontzertuak egongo dira gaur eta bihar. Gaurko, 20:00etatik 00:00etara arteko egitaraua prestatu dute, musikari hauekin: EH2000 (Barakaldo, Bizkaia), Boca de Baba (Bartzelona) eta DJ Mantis Major (Frantzia). Lehenengo biek nagusiki rapa jorratzen dute; Mantis Majorrek, berriz, elektro technoa.

Bihar, 18:30ean hasiko dira kontzertuak, Laayie eta Icykal rap abeslarien saioarekin. Jarraian, Nizuri Tazuneri, KT Gorique, Rebeca Lane eta Missiz S One DJ entzuteko aukera izango da. Antolatzaileek aipamen berezia egin diete KT Goriqueri eta Laneri. Lehena Suitzako rap kantari bat da, eta txapeldun izan da munduko End of The Weak ekitaldian. Lane, berriz, Guatemalatik dator. Soziologoa da, poeta eta rap bakarlari feminista. Besteak beste, emakumeak hip hop musikaren bitartez ahalduntzeko lan egiten du, tailerrak-eta eskainiz.

Biharko kontzertuetako gonbidatu berezien artean MiiniiMi dago. Zortzi urte baino gehiago daramatza beatbox egiten, eta Euskal Herrian diziplina hori jorratzen duen neska bakarra da.

PARKOUR GUNEA

Aldamioz eta paretez osatutako egitura bat jarriko dute Manteo kiroldegian, eta Europako hainbat herrialdetako freerunner-ek erakustaldiak egingo dituzte bertan —Sasa Sevo kroaziarraren parte hartzea nabarmendu du antolakuntzak—. Gainera, entrenatzeko gune modura ere erabiliko dute. Edonoren esku jarriko dute: diziplina ezagutu, aholkuak eskatu edo parkourra probatu ahal izango da. Lotzen ADDeko kideek gainbegiratuko dute gunea, gonbidatutako irakasleekin batera. Horretan aritzeko, ordea, izena eman beharko da aurretik, Donostia 2016ren webgunean (Dss2016.eu). Haur eta helduentzako tailerrak ere izango dira: gaur, 12 urtetik gorakoentzako tailerra eskainiko dute, 16:30etik 18:00etara; bihar, umeentzat, 11:30etik 13:00era. Denetan izena eman behar da.

KALEKO DANTZA GUNEA

Kaleko dantza ugari ezagutzeko aukera izango da Manteo kiroldegian; bai ikusteko, eta baita praktikan jartzeko ere. Larkin Poynton estatubatuarrak ikastaroak emango ditu egunero: saioak aurreratuak dira 14 urtetik gorakoentzat, eta hastapenekoak 9 urtetik gorakoentzat —beharrezkoa da bietarako izena ematea—. Egunez, estilo libreko erakustaldiak egongo dira kiroldegian.

MURALISMO GUNEA

Manteo inguruko hainbat mural pintatzen jardungo dute hiru egunez, 10:00etatik 20:00etara. Honako artista hauek parte hartuko dute: Jon Juarez, Maialen Arozena, Javier de Riba, Garikoitz C. Murua, Amaia Arrazola, Gur, Mikel Larrañaga, Mikel Etxeberria, Victor Landeta, Andrea C. Miranda, Bizarras taldea, Spogo, Marcos Navarro, Ibon Odriozola eta Fill in Culture. Zubiri institutuko patioa izango da jardueren erdigunea, eta DJek girotuko dute ingurua: DJ Missiz S One, DJ Mantis Major...

OKENDO KULTUR ETXEA

Rapari eta muralismoari lotutako tailerrak emango dituzte kultur etxean. Gaur, adibidez, grafiti hastapen tailerra egingo dute 12 urtetik gorakoentzat, 16:00etatik 20:00etara. Bihar, Endika Lahainek Rap-a euskaraz tailerra emango du, 11:00etatik 13:00era (12-17 urtekoentzat); eta, ordu berean, Furia abeslariak Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa tailerra gidatuko du (12-17 urtekoentzat). Bi tailer horiek arratsaldean ere izango dira, 18 urtetik gorakoentzat, 16:00etan. Kaligrafia, txantiloia eta beste hainbat teknika ere landuko dituzte tailerretan.

Igandean, Kaleko pinturaren mezua hitzaldia emango dute Santi Erasok, Jon Elorzak eta Goyo Villasevilek, 10:00etatik 12:00etara.

ATSEDEN GUNEA

Kontzertuen gunearen ondoan, jan-edanak jarriko dituzte, foodtruck-ak eta barra. Informazio puntua ere egongo da —tailerretarako kreditazioak han jaso beharko dira—.

“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean”

“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean”

Iñigo Otaegi

Aspaldidanik dabil bertsotan Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992), nahiz bertsozaleentzat orain ari den ezagun bilakatzen. Lizardi sariko txapelaz, aurrera begirako asmoez, eta Harituz bertsozale elkarteaz hitz egin du.

Lizardiko txapela jantzi aurretik, nolako ibilia egin duzu bertso munduan?

12 urte nituela hasi nintzen bertsotan. Nire lehen txapelketa eskolartekoa izan zen, taldekako lehia izaten zena. Hurrena, eskolarteko banakako txapelketa izaten zen, baina segurtasun faltagatik ez nuen parte hartu. Halaber, bertso eskolan jarraitu nuen, eta denbora aurrera zihoan heinean, inguruan abesteko abaguneak sortzen hasi ziren. Ordea, eskolarteko banakakoan ez aritzeak gazteen sariketako kate horretatik aldendu egin ninduen; sariketa entzutetsuenetan sartzeko erakusleihoa baita eskolartekoa. Pena hartu nuen ez zidatelako deitzen, alabaina, gerora on egin didala deritzot. Izan ere, Mikel Artola eta Beñat Iguaran garaiz samar harrapatu zituzten sariketa horiek. Niri, ostera, sasoi hobean tokatu zait: 24 urte ditut, eta beste heldutasun batekin iritsi naiz sariketetara.

Lizardiko saioan nola sentitu zinen?

Epaileak aurrean egongo direla jakite hutsak aparteko urduritasuna jartzen du. Goizetik antzeman nuen gorputza ez zegoela egun arrunt bateko lasaitasunarekin. Hala ere, behin agurra abestuta, taula gaineko sentsazioak onak izan ziren. Nahiz umoreko bertsoaldiak nahiago ditudan, Lizardik gutxi izan zuen arinetik. Zortziko handian, Eli Pagola eta biok baleko ofizioa egin genuela iruditzen zait. Zortziko txikian, berriz, ez genuen jakin Maialen Akizuk eta biok elkar ondo ulertzen. Puntukako ariketan, dezente ondo aritu nintzen; baita seiko motzean ere Aitor Salegi lagun nuela, nahiz erreparoa nion teknikoki neurri zailena delako. Azkenik, bakarkakoan maitasunari kantatu nion; gai originala ez den arren, jendeak eskertu egin zuen umore printzak sartu izana, saioa serioa izan zelako hasi eta buka.

Agurrean, aitona gogoan hartuz, malkoak ia masailean behera joan zitzaizkizun.

Bai, nahikoa lan izan nuen eusten. Etxean izan den bertsozale bakarrenetarikoa izan da aitona, gertuen sentitu nuena. Behin, ikastolan bertso idatzien txapelketa antolatu zen, eta animatu nintzen. Aurrez sekula idatzi gabekoa nintzen, eta ez dakit errimatuta edo gabe zeuden, baina bigarren saria lortu nuen. Eskolan lanketarik egin gabe gai izan nintzen hala moduz bi bertso neurrian sartzeko; hori lortu nuen lehendik aitonari entzunda nengoelako. Zer egokiagoa Lizardiko txapela baino, aitonari eskaintzeko. Hasierako pausoa haren eraginez izan zen, nahiz gero bertso eskolan sakondu.

Erniarraitz eta Laboa ere irabazi dituzu, eta Gipuzkoako Txapelketan lan polita egin zenuen. Aspaldian ezagun zara bertsozaleentzat.

Ni ere harrituta nago izan dudan bilakaerarekin. Horren errudun nagusia Gipuzkoako Txapelketa izan da, ezbairik gabe. Harituz-en lan mardula egin genuen txapelketari begirako prestakuntzan, gustu handiz. Txapelketan asko antzeman da eginiko esfortzua, ez nigan bakarrik; Mikel Artola, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, eta Haritz Mujikarengan ere bai —nahiz emaitzek ez dioten asko lagundu—. Talde mailan koska bat gora egin dugu. Txapelketa honek neure buruarengan konfiantza handiagoa izaten eta urduritasuna kontrolatzen lagundu dit. Txapelketa honetako albisteetako bat izan naizela esan didate, eta sorpresa izateak plaza ugaritako ateak ireki dizkit; Lizardirena, besteak beste.

Harituz bertsozale elkargunetik, denbora gutxian, bertsolari on asko atera zarete.

Orain hiru urte-edo bildu ginen, lehen aldiz, eskualdean bertsotan aritzen ginenok. Bakoitza bere aldetik ibiltzen zen, eta elkarrengandik oso gertu bageunden ere, ez genuen orain dugun harreman esturik; Mikel Artolak esaten duen gisan, artxipelago batzuk ginen [barreak]. Konturatu ginen elkartzeko premia genuela, eta halaxe hasi ginen; ez bertso eskolen kontuagatik soilik, urte osoan bertsoaren bueltako ekintzak antolatzeko asmoarekin ere bai: bertso jarrien afaria, herrien arteko txapelketa, Pernando Amezketarra sariketa...

Talde osoa gara, ez bertsolariak soilik, gai-jartzaileak eta epaile lanetan jarduten dutenak ere badira. Lagun talde bikaina dugu, giroa ederra izan ohi da; finean, horrek eragin ditu gutako batzuen lorpenak. Gelan beti egon ohi da ikasleren bat ikasi gabe bikain ateratzen duena; hori ez da gure kasua: guk nota ona atera dugu, baina galtza bete lan eginda. Astean bitan edo hirutan biltzen ginen bertsotan aritzearren; paperean ez dugu asko idatzi, baina erratzaren kirtenetik kantatzen arratsalde andana igaro ditugu.

Etorkizunari begira, jomugarik baduzu?

Orain sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean, konfiantzarekin. Lehen helburua bertso maila honi eustea da, eta plazetan gozatzen jarraitzea. Orain arteko nahia Gipuzkoako lehen fasea igarotzea zen. Ikusita finalerdietara ia pasatu nintzela, Euskal Herrikora sailkatzea izango litzateke jomuga; alabaina, ez dut horrekin itsutu nahi. Etorriko dira aukera gehiago.

Ondarearen Europako Jardunaldiak. Bidaia jatorrira, oraina ulertzeko

Ondarearen Europako Jardunaldiak. Bidaia jatorrira, oraina ulertzeko

Maite Alustiza

Migrazio mugimenduek arte eta kultura ondarean duten eragina ezagutarazi nahi dute Ondarearen Europako Jardunaldiek. Kontinenteko herrialde ugaritan ari dira egiten, eta, Gipuzkoan, 53 jarduera prestatu dituzte 22 herritan, irail eta urri bitartean. Gipuzkoako Aldundiarekin batera, EHUk ere parte hartu du antolaketan eta programazioan. Esaterako, Etxetik kanpotik Europa plazara erakusketa prestatu du. Urriaren 3tik 28ra irekiko dute, Donostian, Carlos Santamaria zentroan. Honako hauek dira aste honetarako proposamenak:

ASTIGARRAGA
'Sagardo ibaiak, bizitza iturri' erakusketa

Igandera arte, 16:00etatik 19:30era. Gipuzkoako bi ibai nagusiek, Urumeak eta Oriak, sagardoaren inguruko sekretu ugari gordetzen dituzte. Garai batean, bizilagunen komunikazioaren eta harreman ekonomikoen artikulazioa ahalbidetu zuten, eta garrantzia izan zuten Gipuzkoako garapen historikoan. Bi ibaion bazterretan, gainera, hamaika pasarte izan dira azken mendeetan: langileen greba bat XVIII. mendean, Ergobian (Astigarraga) ordaindu behar zen bidesaria, itsasoko lanei lotutako langileen soldataren zati bat sagardoarekin ordaintzen zenekoa...

Aldi baterako erakusketa ibiltaria da. Usurbilen eta Hernanin egon ondoren iritsi da Sagardoetxera, eta, 2017an, Donostiako Aquariumean jarriko dute.

BERGARA
Arte inportatua Jauregi etxeko erliebean

Bihar, 11:00etan. Ezohikoa eta berezia da Bergarako Jauregi etxea, bai eraikina bera eta bai dekorazioa. Erabilitako materialek eta teknikek egiten dute ezberdin, baina zein da jatorria? Horiek ezagutzeko, Jesus Muñiz Petralandak hitzaldia emango du, etxeak artearen historian duen garrantzia azaltzeko —gazteleraz—. Jarraian, bisita gidatua egingo dute. Bergarako udaletxean jarri dute elkartzeko tokia. Ez da aldez aurretik erreserba egin behar.

ERRENTERIA
Pista jokoa: bost ateen bila

Igandean, 10:30ean. Herriko gune historikoa ezagutzeko pista jokoa egingo dute, 5 eta 12 urte arteko haurrak dituzten familiei bideratuta. Jolasaren bidez, Erdi Aroa eta Aro Modernoa, Errenteriak itsasoarekin izan duen harremana eta euskaldunek itsasoan izandako tokia ezagutuko ahal izango dituzte. Ordubete iraungo du, eta udaletxeko arkupeetan hasiko da jokoa. Beharrezkoa da aurretik izena ematea: 943-44 96 10 edo archivo@errenteria.eus. Bihar, gazteleraz egingo dute jokoa, toki eta ordu berean.

Bisita gidatua: Errenteria itsas hiria

Bihar, 12:00etan. Errenteriako udaletxean hasiko da ibilbidea, eta ondare arkitektonikoak itsas iraganarekin daukan lotura ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek: itsas merkataritzak herrian izan zuen eragina, herri harresiduna... Atlantikaldia kultur jaialdiaren barruan antolatutako ekintza bat da. Izena emateko: 943-44 96 10 edo archivo@errenteria.eus. Gaztelerazko saioa igandean izango da, leku eta ordu berean.

HONDARRIBIA
Hirigune historikora bisita

Bihar, 10:30ean (euskaraz) eta 12:00etan (gazteleraz). Leku estrategikoa izan da Hondarribia historian, eta merkataritza portu garrantzitsua izan zen. Arma plazatik atera, eta hiri harresidunetik ibilbidea eginez, herrian bizi izan ziren hainbat familiatan arakatuko dute. XVI. mendetik aurrera, jatorri ugaritako herritarrak izan dira han bizitzen: gaskoiak, ingelesak, italiarrak, frantziarrak... Nahitaezkoa da bisitarako aldez aurretik izena ematea: 943-64 46 23 edo armaplaza@armaplaza.eus.

IRUN
Bisita gidatua: Oiasso, muga eta kultur topagunea

Bihar, 12:00etan (gazteleraz). Erromatar garaiko aztarna arkeologikoak ezagutu ahal izango dira bisitan. 2.000 urte baino gehiago egingo dute atzera. Aztarnategien berri izateaz gain, Oiassoren garapena nolakoa izan zen eta identifikatutako hainbat espazio —portua, adibidez— deskubritu ahal izango dituzte. Oiasso Erromatar Museotik aterako da bisita. Beharrezkoa da izena ematea: 943-63 93 53 edo actividades. oiasso@irun.org. Prezioa: 2 euro.

ANDOAIN
Bisita gidatua: bi andoaindar, eliza bat

Igandean, 10:00etan. Aita Larramendik eta Agustin Leitzak herrian egindako lana ezagutzeko bisita izango da. Loiolan bizi zen Larramendi, eta Argentinan Leitza. Hala ere, Andoain presente zuten biek: baten kudeaketa lanei eta bestearen diruari esker, San Martin eliza eraiki zuten. Ibilbidea 09:45ean aterako da, autobusez, Goiko plazatik. 10:00etan geratu dira Garagorri baserrian, bere kabuz joan nahi duenarentzat, eta handik oinez abiatuko dira. Oinetako erosoa eramatea gomendatu dute. Izena emateko: 943-30 35 40 edo kultura1@andoain.eus.

TOLOSA
Bisita gidatua 'Eroen ontzia' erakusketara

Igandean, 12:00etan. "Errealitate garaikideko gaiak" biltzen ditu erakusketak, Topic zentroan. Joan Baixas katalanak sortu du, arte plastikoak eta txotxongiloak uztartuz. Txotxongiloekin ikuskizunak egiten aritu izan da Baixas bere ibilbidean, eta erakusketa bat ontzen duen lehen aldia da. Instalazioak, margolanak, objektuak eta liburuak jaso ditu. Bisita gidaturako taldeak gehienez hamabost lagunekoak izango dira, eta izena eman behar da aurretik: 943-65 04 14 edo cit@cittolosa.com. Erakusketa urriaren 2ra arte egongo da irekita.

DONOSTIA
Hitzaldia: 'Bidrioaren jendea'

Asteazkenean, 19:00etan (gazteleraz). Beiragileen fabrikak XIX. mendeko lehen erdian agertu ziren. Ontziak behar zirela eta, portuetan herriko enpresariak beiragileak kontratatzen hasi ziren, eta, beste herri askotan bezala, Donostian ere gertatu zen. Brunet anaiek Miquelete izeneko sagardoarentzat botilak egiten zituzten, eta fabrika bat ireki zuten. Hamar urte besterik ez zuen iraun, ordea. Beiragileek euren familiakoei bakarrik erakusten zizkieten teknikak, eta, horregatik, jarraitu ezinda geratu ziren.

Koldo Mitxelena Kulturunean izango da hitzaldia, Genvitrum elkartearen eskutik. Ordubete iraungo du. Informazio gehiagorako eta erreserbak egiteko: 648 19 85 16 edo jaramberri@i2basque.es.

[Museora] Burdinbidearen Euskal Museoa. Ikusteko bai, ibiltzeko ere bai

[Museora] Burdinbidearen Euskal Museoa. Ikusteko bai, ibiltzeko ere bai

Eider Goenaga Lizaso

Abuztuan heldu zen Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora azkeneko pieza. "Motor elektrikoa duen automotor bat da, 1928an eraikia. 88 ditu, eta duela bi urte arte zerbitzuan izan dute. Lehenik, Bilboko Transportes Urbanos enpresan bidaiariak eramaten zituen, eta azken urteotan Bilboko metroan erabili dute, barne zerbitzuetarako. Euskotrenen tailerretan zaharberritu zuten, eta gurean daukagu orain". Juanjo Olaizola zuzendariak (Donostia, 1965) dioenez, trenaren museoa museo bizia da.