Albisteak

Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Aitziber Arzallus

Emakumeei euren buruaren eta bizitzaren jabe izateko bitartekoak eskaintzea; horixe jabetze eskolen helburua. Zertarako? Emakumeek esparru sozialean eta politikoan duten parte hartzea indartzeko. Eta nola egiten duten hori? Era guztietako ikastaro eta tailerrak antolatuta. Azpeitiko Jabetze Eskolan, esaterako, otsailetik ekainera, sei ikastaro emango dituzte: biodantza ikastaroa, erotismo eta autoezagutza tailerra, mendian orientatzen ikastekoa, neska gazteentzako autodefentsa feminista, emozioak lantzen ikasteko tailerra eta historian esanguratsuak izan diren zortzi emakumeren biografiak ezagutzea ahalbidetuko diena.

Sormenaren zubigilea

Sormenaren zubigilea

Rebeka Calvo
Artea jendea konektatzeko bide gisa. Artea esperientziei zukua ateratzeko. Artea gizartearen onurarako, "munduaren funtzionamendurako". Hori da Chari Camara Beviak (Alacant, Herrialde Katalanak, 1991) aldarrikatzen duena.

Ohitura gutxikoak, poltsikora

Ohitura gutxikoak, poltsikora

Maite Alustiza

Astebete darama martxan Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiak, eta oraindik beste horrenbeste eta gehiago geratzen zaio aurretik. Otsailaren 19ra arte, formatu txikiko eta ertaineko antzerki ikuskizunak izango dira Donostiako hainbat gunetan: tabernetan, kultur zentroetan, antzoki txikietan... Guztira, hamasei konpainiak parte hartuko dute jaialdian, eta askotarikoa izango da eskaintza: antzerkia, clowna, musika, umorea... Hala, "gune eszeniko tradizionaletara joateko ohitura handirik ez duten ikusleak" antzerkira hurbildu nahi dituzte. Saio guztiak doakoak dira.

[Museora] Mater museoa. Itsasoaz, itsasotik

[Museora] Mater museoa. Itsasoaz, itsasotik

Eider Goenaga Lizaso

Mater itsasontziak 2003an utzi behar zion itsasora ateratzeari. Euskal Herriko egurrezko azken atunontzi handia izan zen —33 metro luze—, eta, erretiratu zuten urtean, lan handia egin zuen Prestige itsasontziak utzitako orbanak garbitzen. Baina euskal arrantza flotak moldaketa handia izan zuen garai hartan, eta egurrezko itsasontzi asko hondoratu egin zituzten, itsasontzi modernoagoekin ordezkatzeko.

[Herriz herri] Itsaso. Lainoetan dago Itsaso

[Herriz herri] Itsaso. Lainoetan dago Itsaso

Aimar Maiz

Itsasoa laino dagoela kantatzen zuen poetak. Laino, umil, bare jarraitzen du Itsaso herriak ere, Goierriren bihotzean. Baina lainoetan bezala daude hango herritarrak, aspaldi esperotako ametsa gauzatu dutelako. Udalerri izaera berreskuratu zuen abenduaren 22an, eta udala ilbeltzaren 13an eratu zuten. 1964tik Ezkiok eta Itsasok osatu duten ente bakarra desegin da, eta Gipuzkoako 89. udalerria da orain Itsaso.

Etorkinak, noiz arte etorkin?

Etorkinak, noiz arte etorkin?

Ane Olaizola

Gipuzkoako biztanleriak oso nabarmen egin zuen gora 1950. eta 1970. urteen artean; izan ere, bi hamarkada horietan 257.000 biztanle gehiago izan zituen lurraldeak. Hazkunde horren %44 immigrazioak eragin zuen. Azkoitia ez zen izan etorkin gehien jaso zituen herrietako bat, baina sasoi hartan aldaketa handia jasan zuen. "Herri handi" bihurtu zen hogei urtean —7.000 biztanletik 11.000ra—, eta espartingintzan eta ehungintzan oinarritutako industria txikia zena burdinari lotutako industria bihurtu zen. Aldaketa horretan, 2.550 lagun iritsi ziren herrira.

Ordutik mende erdia baino gehiago igaro bada ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Espainiatik Azkoitira etorri zirenek eta ondorengo belaunaldiek oraindik ere herrian "kanpotar" etiketa dutelakoan da Juan Ramon Alberdi antropologian lizentziaduna (Azkoitia, 1960). "Kezka" horretatik abiatuta, Noiz egiten gara toki batekoak? galderari erantzuna bilatzeko asmoz, masterra egin du; eta bi hamarkada horietako etorkinen eta haien ondorengoen "bertakotzea eta integrazioa" aztertu ditu.

Alberdik hiru belaunaldi hartu ditu kontuan: 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Azkoitira etorri zirenak, haien seme-alabak eta horien ondorengoak. Industrializazio garaian, ordura arte landa eremuan lan egiten zuten askok "bizimodu duinago baten bila" jo zuten Gipuzkoara. Azkoitira, batez ere, Extremaduratik iritsi ziren. Alberdik emandako datuen arabera, 900 lagun baino gehiago ziren hangoak. "Landa eremuan makinak sartu zirenean, eskulana sobran geratu zen. Asko lanik gabe edo oso etekin gutxirekin geratu ziren, eta beste bizimodu baten bila etorri ziren".

Bertakotzea eta integrazioa

Integrazioa eta bertakotzea bereizi ditu antropologoak. "Integrazioa soineko baten adabaki baten gisa ulertzen dut; bertakotzea, berriz, ehun desberdinekin egindako soineko baten zatia izango litzateke". Ideia horretatik abiatuta, bertakotze desberdina izan dute hiru belaunaldiek, haiei egindako 36 elkarrizketetatik ondorioztatu duenez. Alberdiren arabera, Azkoitira etorri ziren lehenengoak "herrian ondo hartu zituzten". "Pixka bat sakontzen hasita, baina, esaten dute bazegoela sozialki mailakatzeko joera. Emakumeek diote ez zutela hitz iraingarririk entzun, baina gizonezkoek bai, zeharka bazen ere".

Bigarren belaunaldikoek arazo gehiago izan zituzten bertakotzean. "Giro politikoa aldatzen hasi zen, eta euskarak beste indar bat hartu zuen. Hasiera zailagoa izan zuten". Bigarren belaunaldiko batzuk Azkoitian bertan jaiotakoak dira, eta identitate nazionalaren inguruan ere galdetu die Alberdik elkarrizketatuei. Adierazi du euskaldunak sentitzen direla bigarren belaunaldikoak, lehenengoak ez bezala: "Lehenengokoek identitate lokala dute. Azkoitiarrak sentitzen dira, eta gero, beren jaioterrikoak. Bigarrengokoei, berriz, identitate espainiarrak euren gurasoekin elkartzeko aukera ematen die". Hirugarren belaunaldikoek, berriz, egun 25 urte inguru dituzte, eta guztiak Azkoitian jaiotakoak dira. "Guztiak" sentitzen dira euskaldunak, baina Alberdiren arabera, "ez dira definitzen; ez zaie interesatzen identitatea".

Antropologoaren esanetan, talde etniko bakoitzak hizkuntzaren arabera egiten du identitateari dagokion bereizketa, eta elkarrizketatuek "harreman anbiguoa" dute euskararekin. "Ikuspegi positiboa dute euskararekiko. Ez dute euskaraz egiten, baina oso harro daude bilobak euskaraz bizi direlako. Dena den, gero oztopoak aurkitzen dituzte lanerako, euskaraz ulertzeko...".

Bizilekuaren garrantzia

Herri, eskualde nahiz nazio batetik bestera mugitzen direnak etorkin gisa ulertu ditu azkoitiarrak. Noiz uzten zaio, baina, etorkin izateari? Ignasi Terradas antropologoaren ideiatik abiatuta honako hau esan du Alberdik: "Bizi izandako identitateak eragin handia du. Bizipenek egiten dute leku bateko edo besteko. Norberak sentitu behar du leku batek gehiago betetzen duela, bertan egiten duelako bizia. Horrek ez du esan nahi bere jaioterria atzean utziko duenik, bere bizitzan ibilbide bat egon dela baizik".

Bertakotze prozesu horretan, espazioak berebiziko garrantzia izan ohi du. 1950eko hamarkadan, Azkoitia handitzen hasi zenean, herriaren kanpoaldean etxebizitza berriak eraiki zituzten, eta horietako bat izan zen Txalon Erreka auzoa. Etorkin askok auzo hura hartu zuten bizileku: "Periferian bizi den pertsona bat subjektu periferikoa bihurtzen da. Herrigunearekiko desabantaila du, eta hori Txalon Errekan gertatzen zen. Elkarrizketatu batzuek esan didate etorkin guztiak hangoak balira bezala hartzen zituztela, nahiz eta horietako asko beste auzo batzuetan bizi".

Orain, "harrera gizarte"

Egun, orduko etorkin askok "erdigunerako bidea" hartu dute. Han dituzte etxebizitzak, eta eguneroko bizimodua ere herrigunean egiten dute. Azken urteetan Azkoitira etorri diren etorkin asko, berriz, Txalon Errekan bizi dira. Izan ere, aurreko mendean euren herrialdetik emigratu zutenak "harrera gizarte" bilakatu dira egun. Hau da, herrian beste etorkin batzuk hartu dituzte beraiek ere.

Alberdiren arabera, XXI. mendeko etorkin "berriak" periferian kokatu izana eta aurreko etorkinak "harrera gizarte" bihurtu eta herrigunera lekualdatu izana "esanguratsua eta sinbolikoa" da horien bertakotzeari dagokionez.

Tokatu ala ez, denak garaile

Tokatu ala ez, denak garaile

Erik Gartzia Egaña

Greziako kanpalekuetara iritsitako errefuxiatuen dramak harreman lotura estuan kateatu ditu Hondarribia eta Katsikas (Grezia). Duela hogei urte baino gehiago Balkanetako gerran bezala, Greziara laguntzera joateko erabakia hartu zuen iaz Emeki emakume taldeak. Zazpi hondarribiar joan ziren boluntario. Zaporeak proiektuaren jakiekin bi kamioi bete zituzten, hasierako asmoa kamioi bakarra betetzea izan arren. Esperientzia hartatik sortutako Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak beste helburu bat jarri dio orain bere buruari: 17.000 euro bildu nahi ditu errefuxiatuei laguntzeko.

"Joan den urtean egin genuen bezala, herri osoa inplikatu nahi dugu gure ekintza solidarioan", azaldu du Mari Jose Aseginolaza elkarteko presidenteak. Horrela, apirilaren 22an zozketa erraldoia egingo dute. Lan handia egin dute orain arte hori prestatzeko: "Hiru hilabete daramatzagu proiektu honetan lanean, zozketarako opariak biltzeko herriko profesional guztien ateak jotzen". Orain arte, 290 opari bildu dituzte. Aseginolazak adierazi du arlo horretako "lan gehiena" eginda dagoen arren oparien zerrenda oraindik ez dutela itxi.

Opari horietako bat eskuratu nahi duten hondarribiarrek txartelak eros ditzakete jada. Hondarribiko biztanle bakoitzeko, txartel bat jarri dute salgai: 17.345, hain zuzen ere. Euro batean salduko dituzte, Hondarribian bertan eta Hondarribitik kanpo.

Marina Cabezon azaroan izan zen Katsikasen, boluntario lanetan. Donostiako Udalak emandako bi autoetako bat eraman zuen kanpalekuetara, Imanol Garmendiarekin batera. Bestea Ibai Labaienek eraman zuen —hondarribiarra bera ere—. Labaienek bi hilabete pasatu zituen hiru kanpalekutan.

Cabezonek gogorarazi duenez, orain arte material ugari pilatu dute Hondarribian, eta errefuxiatuen kanpalekura bidali. Aurtengo helburua bestelakoa izango da: elkarteak berak kudeatuko duen programa bat jarri nahi dute martxan. Oraindik aztertzen ari dira nolako proiektua izango den. "Elkartea hainbat erakunderekin harremanetan dago, eta Grezian abian diren proiektuen eta errefuxiatuen beharren arabera zehaztuko dugu nolako proiektua izango den", ziurtatu du Cabezonek.

Zozketan jasoko duten diru guztia proiektu horretara bideratuko dute. Baita udalak emandako diru laguntza ere. Bereziki eskertu du Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak udalaren ekarpena: "Asko estimatzen dugu laguntza hori, badakigulako kontuan izan dutela sortzen ari garen taldea garela, eta oraindik ez dugula proiekturik martxan". Horregatik, esan dute proiektua aukeratzeak izango duela "lehentasuna".

Proiektuaren zirriborroa

Proiektua guztiz zehaztuta ez baldin badute ere, lau ildo nagusi ezarrita dituzte jada. Lehenik eta behin, Grezian egingo dute, nahitaez. "Errefuxiatuez gain, Greziako herriak ere onurak izango ditu", ziurtatu dute hondarribiarrek.

Bigarren puntuari dagokionez, proiektua eurek kudeatuko dutela ziurtatu dute, "bakarrik edo beste norbaiten laguntzarekin". Hirugarren ardatza da "une oro" informazioa zabalduko dutela sare sozialen bitartez. "Horrez gain", jarraitu dute elkarteko kideek, "esfortzu berezia egingo dugu herritarrek jakin dezaten zertan inbertitzen den proiekturako bildutako dirua".

Azkenik, proiektu hori "boluntarioen plataforma bat" izatea nahi dute, "errefuxiatuei laguntzera joan nahi duten hondarribiarrek lan hori modu eraginkorrean egiteko aukera izan dezaten". Hala, Greziara bidaiatu aurretik, proiektuaren nondik norakoak jakiteko aukera izango dute, "eta hara iristen direnerako zertan eta nola lan egingo duten jakingo dute".

Zozketaren eguna

Apirilaren 22an jakinaraziko dituzte zozkatuko dituzten 17.345 txarteletatik zeintzuek irabaziko dituzten sariak. Egitaraua, hala ere, egun horretarako antolatuko dituzten ekitaldien araberakoa izango da. Egun luzea izango dela espero dute: "Oraindik ez dugu zehaztu noiz eta non egingo dugun zozketa. 400 sari inguru izango dira, eta pentsatzen dugu egunak luze jo dezakeela". Hala ere, haien helburua herritarrak hurbiltzea izango da, eta baita biltzen diren horiek—zozkatu aurretik— parte hartzea ere, sariak aukeratzeko modua emanez.

Zozketa "txukuna eta serioa" dela ziurtatzeko, teknologia berriak erabiliko dituzte antolatzaileek. Alde batetik, zozketa ekitaldi osoa grabatuko dute, eta biharamunean euren Facebook orrialdera igoko dute. Horrez gain, zuzenean eskainiko dute zozketa ekitaldia.

Baina hori guztia aurrera eramateko, laguntza behar dute Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldekoek. Horregatik, txartelak saldu, opariak eman edo "ahal duena" egin dezakeenak astelehenetan pasatu beharko du Hondarribiko Kultur Etxeko 213 aretotik. Elkarteko kideak han biltzen dira 16:30etik 19:00etara. Kultur etxetik pasatu ezin direnak posta elektronikoz jar daitezke harremanetan taldearekin: hondarribiakatsikas@gmail. com. Jasotako laguntza guztia eskertuko du elkarteak.