Albisteak

Amaierarik gabeko ilarak

Amaierarik gabeko ilarak

Aizpea Amas

Biriatuko ordainlekuaren erabiltzaileentzat, auto ilarak eguneroko traba bihurtu dira. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, ilarekin egiten dute topo. Azken zazpi hilabeteetan, 170 egunetan behintzat bai: hamar egunetik zortzitan. Luzeagoak edo motzagoak, gehiago edo gutxiago irauten dutenak, baina ohiko bihurtu dira, eta dagoeneko jendea nazkatzen hasia dago. Eguneroko erabiltzaile horien artean daude kamioilariak. "Etsita daude. Egoera hau pixka bat jasangaitza bihurtzen ari da. Egunero igarotzen dute muga, eta normala da haserre egotea", esan du Jaione Ugalde Hiru garraiolarien sindikatuko komunikazio arduradunak.

Eurokoparen harira eta muturreko talde islamisten mehatxuak direla medio, Frantziak kontrolak zorroztu ditu, hala nola bidesarietan. Biriatun sortzen diren ilarak horregatik dira, hein handi batean, baina ilarak ez dira sortu futbol ekitaldiarekin batera; areagotu bai, ordea. "Parisko atentatuen ondorenetik hasi ziren sortzen, kontrol gehiago jartzearekin batera. Hilabete batzuk daramatzagu horrela".

Egun guztietan ez dira izaten ilara berdinak, eta badira arazo gehiago sortzen dituzten egunak; normalean asteartea eta ostirala izaten direla azaldu du Ugaldek: "Egun horietan iristen dira mugara penintsulan kargatu eta Europa iparraldera joaten direnak. Lau ordu ere galdu izan dituzte". Horrek, batetik, ondorio ekonomikoak ekartzen ditu. "Gidatzea araututa dago, eta takografo bidez kontrolatzen da: ordu finko batzuetan gidatu behar dute, eta beste hainbat orduz atseden hartu. Gidatzeko lau ordu badauzkate atseden hartu aurretik, eta geldituta bi badaude, kilometro horiek egiten ez dituzten orduak dira". Horrek karga berandu iristea eta galera ekonomikoak ekar litzake, baina, Ugaldek nabarmendu duenez, lan egoera ere okertzen da. "Azkenean, estres edo deserosotasun bat sortzen du itxaroten egon beharrak, badakizulako ez duzula beteko zure bezeroarekin, geldirik zaudela eta ez zarela lanean ari".

Joan den astean, horixe gertatu zitzaion Raul Gaspar kamioilariari; haren kasuan, ordea, ostegunean izan zen: "Hiru ordu egin nituen gasolina zerbitzugunean geldirik, eta, gero, beste bat errepidean. Denbora tartea badugu entregak egiteko, baina ez nuen iristerik izan". Valentzia-Paris ibilbidea egiten du astero Jose Ramon Ibañezek, eta ilarek denbora estutzen dietela dio hark ere: "Normalean aurkitzen ditugun oztopoei —obrei, adibidez—, beste bat gaineratu behar zaie orain". Azaldu du, gainera, kontrola tokatuz gero beste 30 minutu gehitu behar zaizkiola. Horietan, takografoa, gasolioa eta karga begiratzen dituzte, garraiolariaren esanetan. Horrenbestez, helmugaren arabera, lauzpabost ordu edo egun bat beranduago iristea eragin dezake horrek guztiak, Ugalderen arabera, "eta horrek eragina izan dezake garraiatze osoaren prezioan".

Mugetako kontrolak ez daude Biriatun bakarrik. Baina kamioilariek adierazi dute beste toki batzuetan ez dela horrelako ilararik izaten. Gasparrek bezala, Ibañezek ere Junquerako (Herrialde Katalanak) muga igarotzen du, eta, dioenez, han ere tarteka badira ilarak, baina ez hain luzeak; "Gehienez, 25 minutukoak". Ugaldek dio Frantzia eta Belgika areko mugetan ere ez direla horrelako ilarak sortzen: "Ez dugu ondo ulertzen zein den arrazoia".

Kabina gehiagoren beharra

Ilarak kudeatzeko modua egon daitekeela iritzi dio Ugaldek: "Kontrolak egitea ulertzen dugu, baina agian gauzak beste modu batera bideratu behar dituzte. Adibidez, kabina gehiago irekiz edota polizia gehiago jarriz".

Kabinak dira, kontrolekin batera, inbutua sorrarazten dutenak, kamioilarien esanetan. Horiek irekitzearen alde agertu da Joao Ervideira, Lisboa-Paris ibilbidea egiten duen kamioilaria. Izan ere, Biriatun bi kabina baino ez dituzte bideratzen kamioientzat, eta horri egotzi dio ilarak sortzea Salvador Ponce kamioilariak, haserre. "Kontrolak? Ze kontrol? Ez dute ezer begiratzen eta! Ez niri, ez inori. Hogei kamioitik bat begiratzen dute. Kabina bat edo bi ireki beharrean, guztiak edo lauzpabost irekiko balituzte, ez lirateke ilarak sortuko. Joan den astean, ordu eta erdi galdu nuen. Beti berdin!".

Kabina gehiago irekitzearekin batera, pasabide gehiagorekin zirkulazioa azkartuko litzatekeela uste du Ugaldek. Lan egiten ari denari lan egin ahal izateko moduak jarri beharko litzaizkiokeela gaineratu du Hiruko kideak, eta zehaztapen bat egin du: "Azkenaldian entzuten ari gara kamioiek sortutako ilarak direla. Eta kamioiek ez dituztela ilarak sortzen, pairatu baizik".

Ez dago argi honek guztiak noiz arte iraungo duen, eta luze joko duelakoan dago Ugalde: "Eurokoparen ondoren, Tourra dator. Gainera, udan sartzen ari gara, eta zirkulazioaren gorabeherak handiagoak izaten dira, turismoa dela eta. Uda partean errepideetan komeriak edukitzen baditugu, pentsa honekin zer gerta daitekeen". Horregatik, uste du egoerak lehenean segituko duela edo okerrera egingo duela: "Printzipioz, ez dugu ikusten hobetuko denik".

Oraingoz, beraz, itxarotea tokatzen zaie kamioilariei. Ibañezek filosofiaz hartu du egoera, eta honako hau du ilaran egotea tokatzen zaionetarako erremedioa: "Pazientzia edukitzea".

Geldiarazi eta galde dezaten

Geldiarazi eta galde dezaten

Maite Alustiza
Bi helmuga argi jarrita martxan dabil Satorralaia bizilagunen mugimendua Donostian: metroaren proiektua gelditzea eta herritarrei galdetzea. Informazioa ematen ez ezik, atxikimenduak bilatzen ere ari da. Aste honetan, hain justu, metroar...

Musikaren Eguna. 1.440 minuturako doinutegia

Musikaren Eguna. 1.440 minuturako doinutegia

Maite Alustiza

Musikarik gabeko minutu bat ere ez egotea. Hori lortu nahi dute bihar Donostian, eta, horretarako, goiz eta arratsalderako kontzertuak prestatu dituzte. Asteartean izango da Europako Musikaren Eguna, baina Donostian aurreratu egin dira. Hiru gunetan egongo da musika: bederatzi talde FNAC inguruan —denda barruan eta Loiola kalean—; Musikeneko ikasleen kontzertua, Nautikoan; eta DJak Alderdi Ederren, Donostia 2016ren informazio puntuan.

FNAC

11:00etan: Iruñeko Baobabs Will Destroy Your Planet hirukoteak euskara hutsean abesten du. 2014ko urrian osatu zuten taldea, eta handik hilabetera estudioan sartu ziren, lau kantu grabatzera. Euren lehen diskoa, berriz, aurten grabatu dute, eta ez edonon: Londresko Abbey Road estudioetan egin dute, Iñaki Llanera ekoizlearekin. Hala, estudio horietan euskaraz grabatu duen lehen banda da. Eymard Uberetagoenak (ahotsa eta gitarra), Daryna Sadtxikovak (sintetizadoreak) eta Eneko Reketibatek (bateria) osatzen dute taldea.

14:00etan: Pablo Blix bakarka ariko da, ahotsa eta gitarra. Haren bakarkako proiektuetako bat Petrol Guillermo da, eta, horrez gain, Acido C boskoteko kide da.

15:30ean: Iñigo Serrulla Donostiako 20 urteko bakarlaria da. 17 urterekin hasi zen gitarra jotzen; geroztik, musika munduan ibili da. Indie-folk musika jorratzen du, eta, iaz, Gure Bazterrak saria irabazi zuen. Horri esker, Gure Bazterrak jaialdian jotzeko aukera izango du aurten. Bakarka aritzeaz gain, Burun Danga taldeko kide ere bada —Malus Domestika diskoa kaleratu berri dute—.

16:30ean: Nothing Box Donostiako taldea Marcos Ubiriak (gitarra, baxua eta ahotsa), Koldo Bellosok (gitarra eta baxua) eta Aitor Mansillak (bateria) osatzen dute. 2014ko martxoan sortu ziren, Burnout izenarekin. Aurten grabatu dute euren lehen EPa, Yon Vidaurrekin. Pop rock alternatiboan mugitzen dira, eta hainbat talde dituzte erreferentziatzat; besteak beste, Oasis, Arctic Monkeys, Green Day, Berri Txarrak eta Weezer.

LOIOLA KALEA

12:00etan: Indie-pop eta folk estiloetan oinarritzen da Autumn. Nuria Culla 21 urteko bakarlari donostiarra dago izen horren atzean. Abesti propioak sortzen ditu, eta bertsioak ere egiten ditu; horien artean daude Amy Whinehouseren, Russian Reden eta Frank Sinatraren kantuak.

13:15ean: Gus Gonzalez, Manu Gestido eta Sergio Villarren ekimenez gauzatu zen Sky Beats, 2012an. Jazz, soul eta blues kantuen bertsio talde bat egiteko asmoz, Lidia Insausti abeslariarekin bat egin zuten, eta orduan sortu zuten Sky Beats. Martxoan euren lehen lan luzea aurkeztu zuten, Ad Libitum, eta hori da Donostian aurkeztuko dutena. Ingelesez ondutako hamabi kantak osatzen dute diskoa; eurek sortuak dira horietatik 11, eta bestea Billy Prestonen Will It Go Round it Circles abestiaren bertsioa da.

17:30ean: Asier Beramendiren proiektua da Eraul. Indie-folk estiloa dauka taldeak, eta euskaraz zein ingelesez abesten dute; ahotsak garrantzi berezia du, melodiaren gainetik. 2014ko maiatzean demo txiki bat grabatu zuen Beramendik Goteborgeko (Suedia) estudio batean, eta iaz hiru kantako lan bat plazaratu zuen Eraulek. Egun, Beramendik taldekide ditu Julen Idigoras, Borja Anton, Garazi Esnaola, Maria Bustos eta Julen Barandiaran.

18:45ean: Howdy 2012an Donostian sortutako taldea da. Euren musika country estiloan oinarritzen da, eta abesti klasiko nahiz garaikideak jotzen dituzte. Howdy osatzen dute Jon Arzelusek, Julio Gallok, Julen Maestrok, Jon Antonek, Landon Cothamek eta Gorka Arranzek.

20:00etan: Ramones talde mitikoaren bateria-jotzailea da Marc Steven Bell, Marky Ramone izenez ezaguna. Marky Ramone's Blitzkrieg proposamenarekin 1970eko urteetako punk rocka dakar. Aurten 40 urte dira Ramones taldeak lehen diskoa plazaratu zuela, eta Ramone bandaren klasiko guztiak jotzen dabil bira batean.

NAUTIKOA

11:30ean: Crespo's Brass. Taldekideak: Raquel Ruiz (tronpeta), Andres Brau (tronpeta), Monica Garcia (tronpa), Cristian Buades (tronboia) eta Miguel Jimenez (tronboia).

12:30ean: Kantua. Kontzertua Elisa Diaz sopranoarekin eta Albet Mena teklatu-jotzailearekin.

13:30ean: Jazz taldea.

17:30ean: Crespo's Brass.

18:30ean: Kantua.

20:00etan: Jazz taldea.

DONOSTIA 2016

11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:00etara: DJ Makala.

20:00etatik 22:00etara: DJ Javi P3z.

Bisitatzetik esploratzera

Bisitatzetik esploratzera

Eider Goenaga Lizaso

Miyuki Donostiara etorri da Japoniatik, goi mailako sukaldaritzak erakarrita. "Donostia oso ezaguna da Japonian; batez ere, bere gastronomiagatik. Amestutako jomuga bat zen guretzat". Donostian, Michelin izardun jatetxeak eta pintxoak ezagutzen dituzte, baina hotelean sagardotegi garaia dela esaten diete, eta Astigarragan egiten dute hurrengo geldialdia. Ordiziko asteazkenetako azokari buruz ere hitz egiten diote Miyukiri, eta bertara joan dira bikotekidea eta biak, trena hartuta. "Asian merkatu asko daude kalean, baina bat ere ez da honelakoa", dio, bertako nekazariek ekoitzitako produktuen kalitateari erreparatuta. Japoniako beste familia batekin aurkitzen dira Ordizian, Hokkaidokoak,haiek ere azoka ikustera joandakoak.

Miyuki Gipuzkoako turismo marka berriaren iragarki bateko protagonista da, eta haren istorioa turistak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko eraikia dago. Hokkaidoko familia egiazko familia bat da, ordea; iragarkia grabatzen ari zirela Ordizian topatutakoa, eta Donostiara gastronomiak erakarrita etorritakoa. Bideoaren izenburua: Explore San Sebastian Region.

Joan den martxoan, Sevatur turismo azokan aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo marka berria. Logoa eta leloa aldatu dituzte. Visit beharrean Explore da orain; eta Gipuzkoa beharrean, San Sebastian region. Markaren irudiari erreparatuta, kuboekin osatutako Gipuzkoako mapa bat da logo berria, lurraldearen "eskaintza poliedrikoa" islatzen duena eta bertako bi artista handiri —Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza— keinua egin nahi diena.

Ornitorrinco publizitate agentziak diseinatu du marka berria, foru aldundiko Turismo Zuzendaritzaren enkarguz. "Arazo batekin etorri zitzaizkigun: turistak Gipuzkoa ez duela ezagutzen eta, ondorioz, Gipuzkoako eskualdeak turismoari saltzeko zailtasunak daudela. Donostiak halako indarra du, turista guztien arreta fagozitatzen duela", azaldu du Xabier Ayalak, Ornitorrincoko gerenteak.

Aurretik Visit Gipuzkoa zen turismoa erakartzeko leloa, eta leloari erreparatu zioten lehenbizi marka berria diseinatzeko garaian. "Visit ingelesezko hitza den arren, aurreko kanpaina diseinatu zutenek ulertu zuten edozeinek ulertzeko modukoa zela: visit, visitar, visiter, bisitatu...". Abiapuntu egokia ikusi zuten horretan Ornitorrincokoek, eta visit ordezkatzeko aditzaren bila hasi ziren.

Bidaia bat zer den eta bidaiariak zer bilatzen duen hausnartu, eta bidaiatzea abentura bilatzea dela, lurralde berriak aurkitzea dela eta esploratzea dela ondorioztatu zuten. "Bidaiariari beti gustatu izan zaizkio ohiko turismo zirkuituetatik kanpoko tokiak; bertakoek aholkatu eta turismo gidetan ez dauden txokoak aurkitzea da bidaiariaren helburua". Eta hori islatuko zuen kontzeptuaren bila, explore aditza aukeratu zuten. "Visit bezala, explore aditza ere egokia da nazioarteko merkatura zabaltzeko: edonork ulertzeko modukoa, ia edozein hizkuntzatan".

San Sebastian Region

Donostiako erakartze ahalmenari nola aurre egin; horixe bigarren buruhaustea. Turistak Donostia ezagutzen du, eta Donostiaz gain, agian bizpahiru leku gehiago bisitatzen ditu —Hondarribia, Getaria, Loiola, Arantzazu...—, baina zaila da bisitaria horietatik ateratzea. "Gure ustez Donostia izan daiteke arazo bat, baina aldi berean aukera bat ere ematen digu. Aprobetxatu dezagun Donostiaren izena lurralde guztia saltzeko. Hori egiten dute bilbotarrek, Bilbo Handiaren aterkipean lurralde guztia hartzen dute; eta erdi-txantxetan Kontxa Bilboko hondartza dela esaten dute. Zergatik ez gauza bera egin?".

Gipuzkoak ezagutzeko moduko toki asko dituen arren, horiek nazioarteko bezeroari saltzea konplexua dela dio Ayalak. "Ikuspegi zabala izan behar dugu. Izan ere, Zumarragako Antiguako ermita oso-oso polita izango da, baina jomuga turistiko bakar gisa, ez du funtzionatzen". Nazioarteko hainbat ereduri erreparatuta, Gipuzkoa erabili beharrean San Sebastian Region kontzeptuaren aldeko apustua egin zuten publizitate agentziakoak: "Loirako eskualdea edo Akitaniako eskualdea saltzen diren bezala, guk Donostiako eskualdea salduko dugu".

Aldaketa horrek beldur pixka bat ematen ziela aitortu du Ayalak. "Ez genekien oso ondo jendeak nola hartuko zuen. Denis Itxaso diputatuari eta Maite Cruzado zuzendariari aurkeztu genien, eta gustatu zitzaien; baina gero esan ziguten eskualdeei aurkeztu behar geniela, eurentzat ezinbestekoa zela eskualdeek ere kanpainarekin bat egitea". Hala, eskualdeetako turismo mankomunitateen aurrean egin zuten aurkezpena Xabier Ayalak berak eta kanpainaren diseinuaren ardura izan duen Jesus Arak. "Beti Donostia, beti Donostiarekin bueltaka... Jendeak hori gaizki har zezakeela pentsatzen genuen. Baina, hamalau bat lagun etorri ziren, eta berehala harrapatu zuten ideia, gustatu zitzaien. Turistek Gipuzkoa ezagutzeko modua zela ikusi zuten, eta bat egin zuten gure ideiarekin". Ayalaren hitzetan, "inportantea" da eskualdeen iritzia kanpainaren onarpenerako. "Azkenean, eurak dira hau sinistu behar dutenak"

Donostia izena lelotik kanpo gelditzeari buruz ere egin zuten gogoeta. "Baina, nazioartean zabaltzeko lelo bat behar genuen, eta nazioartean euskarazko izena ez, baizik eta San Sebastian izena ezagutzen dute. Beraz, zalantzak izan genituen arren, hori izan zen apustua".

Eskaintza poliedrikoa

Logoaren koloreek Gipuzkoak eskaintzen dituen itsasoa eta mendia islatzen dituela dio Ayalak; "itsasoa iparrean eta mendia hegoaldean". Gipuzkoako mapa kuboekin eraikitzeak, berriz, bi arrazoi nagusi ditu. "Batetik, ulertzen dugulako Gipuzkoak itsasoa eta mendia baino askoz gehiago eskaintzen duela, eskaintza poliedrikoa dela: gastronomia, tradizioa, kultura, artea... Ildo horretan, arteari egiten diogu keinua logoarekin. Gipuzkoan bi eskultore handi ditugu, Txillida eta Oteiza, euskal eskulturgintzaren ikurrak biak. Haien lanetan asko erabiltzen dira karratuak eta kuboak, ertz oso markatuak, eta hori ere islatu dugu".

Kuboekin lurraldeko mapa egiteak, bestalde, leloan agertzen ez den Gipuzkoa hitza ordezkatu nahi duela azaldu du Ayalak. "Nik uste dut eskualdeetan ondo hartu zutela leloa, logoak Gipuzkoa oso garbi islatzen duelako, eta oreka bat dagoelako".

Marka eraikita, orain marka hori zabaldu eta ezagutarazteko garaia da. Ayalak itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: ohiko bideetatik zein sare sozialetatik Explore San Sebastian Region leloa zabaltzen ari dela eta emaitzak izango dituela iritzi dio.

“Herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea bidezkoa da”

“Herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea bidezkoa da”

Maite Alustiza

Bidegi auziko bi kereilek zabalik jarraitzen dute. Salaketak orain bi agintaldiko jardunari lotuta daude, eta biak Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zituen joan den agintaldian —Bilduren esku zegoenean—. Kereila horien arabera, 30 milioi euro pasakoa da sozietate publikoko ustezko iruzurra. Uste horiek argitzeko, herritar talde batek Gidari elkartea aurkeztu zuen otsailean, ikerketa "azken muturreraino" eramateko. Auzian zer gertatu den jakin nahi du elkarteak, eta, horretan laguntzeko, akusazio gisa aurkeztu da bi kereiletan, Azpeitiko auzitegian —Bidegiren egoitza Zarautzen dagoenez, auzitegi horri dagokio ikerketa egitea—. Gidari elkarteko kide Amaia Zabaletak azaldu duenez, ordea, dagoeneko lehendabiziko "oztopo garrantzitsuarekin" egin dute topo: akusazio gisa aritu ahal izateko, 100.000 euroko bermea eskatu diote elkarteari —auzi bakoitzeko 50.000 euro—. Gidariko kideentzat "onartezina" da neurria, eta helegiteak aurkeztu dituzte epailearen erabakiaren aurka.

"Bidegabekeria hau" konpontzea espero dute Gidariko kideek, epaileak helegiteak onartuta. Gutxienez bermeak gutxitzea eta auzian "herritarren interesen alde" egin ahal izatea galdegin dute: "Ez da ulergarria irabazi asmorik gabeko elkarte bati horrelako dirutza eskatzea, eta, are gutxiago, auzia jada martxan dagoela kontuan hartuta". Era berean, fiskalak hartutako jarrera nabarmendu du Zabaletak: "Fiskala ere bermea jartzearen aurka azaldu da, ulertu duelako bidezkoa dela herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea, eta espero dugu oraingoan epaileek ere gauza bera ondorioztatzea, epaileek ere fiskalaren bide bera hartzea".

Helegiteen erantzunaren zain daude elkarteko kideak, baina, bien bitartean, kontu korronte zenbaki bat ireki dute ezar diezaieken bermeei "guztion artean" aurre egiten laguntzeko, auzia ikertu gabe gera ez dadin: "Auzi honetan herritarren dirua dago jokoan, herritarren 30 milioi euro, eta onartezina da herritarrei ikerketa horren berri izateko oztopoak ezartzea".

Diputazioak jarritako bi kereiletan bi delitu aipatzen dira: diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea. Dirutan, ustezko iruzurra 30 milioirena da orotara —lehenengo kereilan 13,7 milioirena eta bigarrenean 17,1 milioirena—; eta epaileak bost lagun inputatu zituen —tartean daude Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti eta obretako enpresetako kideak—. Horiez gain, epaileak lekukotasuna ematera deitu zituen Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea —orain bi agintaldi ere ahaldun nagusi zen Olano, eta Bide Azpiegituretako diputatu Goia—.

Bide judizialetik jarraitzearekin batera, Gidari elkarteak gaia gizarteratu nahi du, eta horretan ari da. Gidarirentzat "funtsezkoa" da gizarte eragileekin lan egitea; hori dela eta, bilerak hasi ditu: "Argi dugu gai hau gizarteratu egin behar dela, herritarrek jakin behar dutela zer gertatu den kasu honetan, eta, horregatik, lehen urrats gisa hainbat gizarte eragilerekin bilera sorta hasi dugu". Auziari buruzko azalpenak emateaz gain, eragileen babesa eta atxikimendua ere jaso nahi izan dute; dagoeneko haien manifestuarekin bat egin dute hainbat alderdik, taldek eta sindikatuk. "Auzi honek herritarrei eragiten die zuzen-zuzenean, eta uste dugu eragileek badutela zeresana".

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Maite Alustiza

Eskualde "sendoak" ditu Gipuzkoak, baina haien barruan desoreka "handiak" daude herri txikien eta handien artean. Herri txikiek eta landa eremukoek zailtasunak dituzte, besteak beste Internet sare egoki bat izateko. Desoreka horiei aurre egin nahi die Gipuzkoako Diputazioak, eta, horretarako, 25 milioi euroko diru saila jarri du Landagipuzkoa+ programarako. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoako herritar guztiek oinarrian "pareko bizi kalitatea" izatea da helburua. Asmoa bikoitza da: biztanleriari eustea batetik, eta landa eremuak "erakargarri eta lehiakor" egitea bestetik. Joan den ostiralean eman zieten planaren berri herrietako ordezkari eta eragileei, Albizturren.

Lau neurri biltzen ditu egitasmoak, bi ataletan banatuta. Planaren lehen atala 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako 48 udalerrientzat da. Horren barruan, bi ekintza egingo dituzte: zuntz optikoa jartzea eta sustapen ekonomikoko "proiektu estrategikoak" garatzea.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak ziurtatu du legealdi honetan iritsiko dela zuntz optikoa 48 herriguneetara —baita herri horietako beste auzo batzuetara ere—. Neurri horrekin, informazio eta komunikazio teknologien garapena herriguneetara eraman nahi du aldundiak: "Udalerri horietako bizilagunei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikoarekin ere guztiz lotuta dago".

Proiektu estrategikoei dagokienez, berriz, herri txikietan aktibitate ekonomikoa bultzatu nahi dutenei babesa ematea biltzen du foru aldundiaren programak. Hortaz, 48 udalerrietan dauden edo egon daitezkeen egitasmo "lehiakorrenak eta erakargarrienak" diruz lagunduko dituzte. Toki bakoitzean herriko ordezkariekin adostuko dute zein proiektutara bideratu laguntza hori.

Egitasmoaren bigarren atalarekin, landa eremuetan antzemandako "gabeziei" erantzun nahi die diputazioak. Bi izango dira lan lerroak: baserri bideak konpontzea, eta argindar sarea berritzeko plana.

Lurraldeko landa eremu guztiak sartzen dira planaren bigarren atal horretan, ez soilik 2.500 biztanle baino gutxiagoko 48 herriak. Aizpururentzat, baserri bideak berritzea "ezinbesteko inbertsioa" da baserritarren bizi kalitatea bermatzeko. Azaldu duenez, Gipuzkoan ia 3.400 kilometro baserri bide daude, eta gehienak "gaizki" daude. Une honetan egoeraren argazkia eta balorazio ekonomikoa egiten ari da diputazioa, baina, aurreikusi duenez, gutxienez 1.500 kilometrotan egingo dituzte hobekuntzak.

Baserri bideak txukuntzeaz gain, landa eremuetako sare elektrikoak dituen arazoei irtenbidea eman asmo die diputazioak. Aizpuruk esan duenez, Gipuzkoako sare elektrikoa 1990. urte inguruan jarri zen martxan: "Orain, kontagailu digitalekin-eta, zaharkituta geratu da. Potentzia igoerarekin edo ustiapen hazkundearekin izen emate gehiago egin diren neurrian, beharrei ez zaie egokiro erantzun".

Hori hala, "modernoagoa" izango den eta "ahalmen handiagoa" edukiko duen sare bat osatu nahi dute; diputatuak ziurtatu du legealdi bukaerarako jarrita egongo direla 37 transformadore berri, eta "kilometro ugaritan" lineak berrituko dituztela.

Txikien garrantzia

Programaren berri ematean, Olanok nabarmendu du herri txikiek Gipuzkoan duten garrantzia. Haren arabera, "Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat" dira, eta Gipuzkoa "lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea izan dadin, ezinbestekoa da herri txiki eta eskualde indartsuak izatea".

Motorren orroa entzun daiteke

Motorren orroa entzun daiteke

Olatz Mitxelena

Gurpilak eta olatuak. Moto zaharrak, artea, skate, surfa....Vintage kulturaren zaleak zorioneko dira, Wheels & Waves jaialdian bete-betean murgilduta. 2010ean sortu zutenetik, Miarritzen izan du egoitza nagusia jaialdiak, eta, asteazkenaz geroztik, ehundik gora karpa zabalik dira han. Horrez gain, surf txapelketa egiten ari dira Milady hondartzan, eta, hondartza ondoan, skate parke bat atondu dute jaialdirako propio. Urtetik urtera, baina, hedatzen eta handitzen ari da jaialdia, eta, duela bi urtetik, Jaizkibel mendia motozaleen topaleku izan da Punk's Peak lasterketari esker. Aurten, beste urrats bat egin, eta Gipuzkoako beste hainbat tokitara hedatu da jaia, igandera bitarte.

Beste bi egoitza topatu ditu jaialdiak: Pasaian bat, eta Donostian beste bat. Lasarteko hipodromoan egin dute aurten lehenbizikoz El Rollo izeneko flat track lasterketa —herenegun, derrapatzeen, hautsaren eta ezinezko maniobren maitaleen gozagarri izan zen—. Pasaian, Art Ride III erakusketa zabalik da gaurtik igandera arte, Trintxerpeko Ziriza etxean. Marka ezagunenetako motoak ikusteko aukera izango da egunotan: BMW, Royal Enfield, Yamaha, Deus... Guztira, 40tik gora ibilgailu, bi, hiru eta lau gurpilekoak; eta, horiez gain, objektu bitxiak, surf oholak, argazki ugari eta ikus-entzunezkoen emanaldiak.

Antzinako ibilgailuen erakusketa osatzeko, nazioarteko zenbait artistak beren lanak zintzilikatu dituzte Trintxerpeko bakailao fabrika izandakoan. Guztira, hamabi artistak hartuko dute parte Art Ride erakusketan; tartean, Nuts ilustratzaile japoniarra, Jay Nelson surflari eta artista plastikoa, amerikar eta custom estetikan espezializatutako Larry Nieheus argazkilaria eta 1999. urtean Espainiako Argazkilaritza Sari Nagusia jaso zuen Alberto Garcia-Alix. Art Ride III erakusketa 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. Sarrerak 5 euro balio du.

Algortako (Getxo, Bizkaia) skate parkearen gaineko historia ezagutarazteko argitaratu berri duten La Kantera lana ere aurkeztuko dute Zirian, erakusketa txiki baten bidez. Argazkiak, kartelak, skate taulak, marrazkiak... askotariko materiala bildu dute Europako bowl enblematikoenetako baten historia ezagutarazteko asmoz.

Pasaiako erakusketak patxadarako aukera eskainiko badu, Jaizkibel mendia adrenalina zaleen topaleku izango da gaur, 11:00etan. 128 motorzalek parte hartuko dute lasterketan, lau kategoriatan, motoen antzinatasunaren arabera sailkatuta. Lasterketa garai bateko paradorearen inguruan izango da, 14:00etatik 17:00etara. Lasterketa aurretik, baina, Jaizkibel ingurua bisitatuko dute motozaleek, horretarako propio antolatutako zeharkaldian. Lasterketak bukatuta, Hondarribira jaitsiko dira, 20:00 aldera. San Pedro eta Butroi pasealekuan aparkatuko dituzte moto guztiak.