Albisteak

“Ongietorri polita jaso nuen Itsasondon, Harrera Egunarekin”

A. Vierbücher

Orain hilabete gutxi iritsi zen Itsasondora Ander San Jose (Lazkao, 1973). Azaroan egindako Harrera Egunean parte hartu zuen. Joan den urtean Itsasondon erroldatutako 28 biztanle berrien artean dago. Kanpotarren artean euskaldun bakarra da bera.

Noiz etorri zinen Itsasondora?

Urriaren hasieratik nago Itsasondon, eta pixkanaka-pixkanaka ohitzen ari naiz.

Non bizi izan zara aurretik?

Lazkaon jaiotakoa naiz, eta bertan bizi izan nintzen 8 urte bete nituen arte. 8 urterekin Donostiara joan nintzen bizitzera, aitaren lanagatik. Ondoren, Lleidan ere [Herrialde Katalanak] bizi izan nintzen bakarrik, eta baita Andoainen ere.

Nolatan erabaki zenuen Itsasondora bizitzera etortzea?

Bakarrik bizi naiz. Donostian etxebizitza eskuratzea oso garestia da; bai alokatzea eta baita erostea ere. Eta ez nuen etxea partekatzeko gogorik. Prezio onean egon daitezkeen etxebizitzak bilatzea zaila da, eta soldata bakarrarekin, zailago. Donostiatik kanpo aukerak bilatzen hasi nintzen, eta, horrela, Itsasondon aukera polit batekin egin nuen topo. Birritan pentsatu gabe etorri nintzen.

Gogoratzen al duzu Itsasondon igaro zenuen lehenengo eguna?

Etxean altzariak muntatzen aritu nintzen. Bukatu ez, koltxoia lurrera bota eta horrela egin nuen lo lehenengo gau hartan.

Irakaslea zara Gabiriako eskolan.

Bai, 3 eta 6 urte bitarteko haurren irakasle naiz. Itsasondora bizitzera etorri ondoren hasi nintzen Gabiriako eskolan lanean.

Aldaketa handia al da hiriburutik herri txiki batera bizitzera etortzea?

Bai, gauza batzuetarako bai. Igual 25 urterekin desberdina izango litzateke. Baina orain dudan ikuspuntuarekin erantzuna beste bat da. Orain ditudan beharrak, gazteagoa nintzenekoekin alderatuz, beste batzuk dira. Orain, bizitza lasaiagoa daramat, eta Itsasondo bezalako herri batek lasaitasun hori ematen dit. Horretaz gain, lana ere gertuan dut. Egia da Donostiak beste mugimendu bat duela, alde horretatik ezin dira konparatu. Lanetik etxera heltzerakoan aparkatzeko arazorik ez dut izaten. Egunero toki berean aparkatzen dut. Ziur gutxik esan dezaketela hori.

Itsasondoko Udalak antolatutako Harrera Egunean parte hartu zenuen.

Bai, udaletxetik deitu zidaten 2016an Itsasondon erroldatutakoei horrelako ongietorri bat egin nahi zigutelako. Udaletxean bildu ginen, eta guretzako informazio oso baliagarria eman ziguten; zeintzuk diren herrian dauden zerbitzuak, elkarteak, ekintzak... Ondoren, herrian barrena bueltatxo bat eman genuen.

Zein da horren inguruan duzun iritzia?

Ongietorri polita jaso nuen. Horretaz gain, sorpresa eraman nuen; Itsasondo herri txikia bada ere, herri mugimendu handia dago. Ez nuen hori espero!

Eta etorkizunera begira zer pentsatu duzu?

Oraingoz, hemen gelditzea da nire intentzioa. Etxea dut, lana dut, eta gustura nago.

[Herriz herri] Itsasondo. Itsasaga itsas ondoan

[Herriz herri] Itsasondo. Itsasaga itsas ondoan

Ariane Vierbücher

Murumendi mendiaren magalean dago Itsasondo, Goierri eskualdean. Gipuzkoaren barren-barrenean. Udalerriaren izenaren inguruan oso teoria desberdinak daude. Gaur egun baserria den Itsasaga izeneko dorre bat zegoen Itsasondon, eta batzuek diote herriaren izena hortik datorrela.

Beste batzuek kontatzen dute Murumendi aldean batez ere isatsa izeneko landarea dela ugari, eta hortik datorkiola.

“Bezeroak behar ditugu”

E. Goenaga Lizaso
Asteazkena da, eta hiru baserritarrek dute postua jarria Tolosako Zerkausian: Maria Arrutik (Ibarra), Maria Luisa Aginagak (Tolosa) eta Pilar Imazek (Hernialde). Azokak larunbatetan izaten duen itxuraren oso bestelakoa du; postuz bete...

“Baserritarrentzat sozializatzeko gune garrantzitsuak dira azokak”

“Baserritarrentzat sozializatzeko gune garrantzitsuak dira azokak”

Maite Alustiza

977 inkestaren bidez, Gipuzkoako tokiko nekazarien azoken eragin ekonomiko eta soziala aztertu dute lurraldeko landa garapenerako sei elkartek: Goimen, Urkome, Tolomendi, Debemen, Deba Garaia eta Behemendik. Ekoizleen eta kontsumitzaileen iritziak bildu dituzte hamar azokatan, feria bereziak kontuan hartu gabe: Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia —azoka ibiltaria eta Bretxakoa—, Eibar, Ordizia,Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Azterketan ondorioztatu dutenez, erosle zein saltzaile, emakumezkoak dira nagusi: "Azokek emakume aurpegia erakutsi digute". Ekoizpen ereduari dagokionez, eskala txikiko produkzio dibertsifikatuak topatu dituzte, eta, kontsumitzaileen artean, arrazoi nagusi bat azoketara joateko: kalitatezko elikagaiak eta bertako produktuak erostea.

Dena den, azoka bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta hainbat aldagai hartu behar dira kontuan bakoitzaren eragina aztertzeko: maiztasuna, ekoizleen profilak, kontsumitzaileenak... Adibide bat: astean zehar egiten diren azoketan erosle helduagoak identifikatu dituzte, eta gazteagoak larunbatetan izaten direnetan.

Ekoizleei erreparatuz gero, %66,5 emakumeak dira, eta, orokorrean, adin nagusikoak —%77k 56 urte baino gehiago dituzte—. Gizonezkoen artean, berriz, inkestatu dituzten gizonen erdiek 41-55 urte bitarte dituzte. Era berean, "oso gazte gutxik" erabiltzen ditu azokak bere produktuak merkaturatzeko: saltzaileen %35ek bakarrik dituzte 55 urte baino gutxiago.

Ekoizleen artean profil desberdinak bereizi dituzte ikerketan: baserritar emakume baratzezainak, nekazari gazte profesionalak, azoketako postuetako birsaltzaileak, ekoizle ekologikoak eta ekoizle ez-profesionalak. Profilik "esanguratsuena" emakume baserritar helduena da; jasotako informaziotik, ordea, "zaila" da ondorioztatzea beraiek ote diren ekoizpenean aritzen direnak, edo familiaren babesa duten ekoizpena aurrera ateratzeko. Profil hori nagusitzen da, adibidez, Eibarko eta Zarauzko azoketan. Arrasatekoan eta Donostiako azoka ibiltarian, berriz, nekazari eta abeltzain gazteak dira nagusi, eta oreka dago Ordiziakoan eta Tolosakoan. Hortaz, azken bi horiek dira produktu aldetik ere "dibertsitate gehien" duten azokak. Txostenean jaso dutenez, garrantzitsua da azoketan ekoizle profil ezberdinak edukitzea, kontsumitzaile mota ezberdinak erakarri ahal izateko.

Barazkiak dira azoketan gehien saltzen diren produktuak (%32,7). Ondoren daude fruta (%19,2), arrautzak (%16,6), esnekiak (%10,5) eta eraldatuak —marmeladak, menbrilloa, olioa, eztia edo sagardoa— (%9,5). Dibertsifikazio maila "aski garbia" da: postuen %36an bi produktu ezberdin saltzen dituzte, eta %29an hiru produktu. Ferietara doazen ekoizleen %6,25ek lantzen dute ekologikoa.

Etorkizunera begira, azoketan egongo den profila nekazari espezializatuarena izango dela aurreikusi dute: produktu eraldatu edo ekologikoak salduko ditu, eta, azoketatik aparte, bestelako merkaturatze bideak izango ditu. Horrek lotura du, hain justu, kontsumitzaileen nahiekin: erosle gazteenek kalitatezko eta bertako produktuak bilatzen dituzte, eta elikagai eraldatuak eta ekologikoak kontsumitzen dituzte.

Eragin soziala

Inkestatu dituzten herritarren %39k supermerkatuetan egiten dituzte etxeko erosketak, %29,3 azoketara joaten dira, eta %27k auzoko dendetan erosten dute. Azokara maiz joateko ohitura dutenen artean %66,3 emakumeak dira, gehienak 50-65 urte artekoak.

Azokan erosteko arrazoi orokorrak galdetzeaz gain, motibazio sozialen inguruan ere galdegin diete kontsumitzaileei: %25ek adierazi dute ez dutela azokara joateko bestelako motibaziorik. "Bestelako merkaturatze bideen aldean, oso portzentaje baxua iruditu zaigu, gainontzeko kontsumitzaileen %75ek, erosketak egiteaz gain, bestelako arrazoi sozialak dituela esan baitigute". Azokara joateko beste zergatien artean daude ohitura kontua, giroa, baserritarrekin erlazionatzea...

Ekoizle eta saltzaileentzat ere garrantzitsua da harremanak egitea, feriara joateko arrazoi nagusia produktua saltzea izan arren: ekoizleen %77k ziurtatu dute beren inguruko baserritarrekin lagun arteko harremana dutela. "Ondoriozta genezake baserritarrentzat sozializatzeko gune garrantzitsuak direla azokak. Bai beraien artean partekatzeko, eta, bereziki, azokan belaunaldi desberdinen artean sortzen diren zubiak ahalbidetzeko. Eta baita herritarrei ekoizpenaren inguruko informazioa transmititzeko ere".

Salmenta eta gastua

Azoken eragin ekonomikoa kalkulatzerakoan, "oso nabarmenak" dira ekoizleen eta kontsumitzaileen datuen artean dauden aldeak. Erosleek adierazi dituzten gastuak kontuan hartuz gero, zenbakiak "izugarri puzten dira". Batzuen ala besteen datuekin, dena den, Bretxakoa da eragin ekonomiko altuena duena, "besteen artean leku estrategiko batean kokatzen delako, eta, igandean izan ezik, asteko egun guztietan egiten delako". Inpaktu txikiena duena, berriz, Donostiako azoka ibiltaria da.

Salmenta bolumena da eragina aztertzerakoan kontuan hartu beharreko aldagaietako bat. Ekoizleek emandako datuen arabera, ekoizle bakoitzaren asteroko sarrerak batez beste 256,8 eurorenak dira —urteko batez beste 13.638 euro—. Kontsumitzaileen aldetik, aitortutako eguneko gastua 19,5 eurorena da.

Zuzeneko eragina ez ezik, zeharkakoa ere kontuan hartzekoa da: kontsumitzaileek emandako erantzunen arabera, azoka egun bakoitzean batez beste 14,3 euro gastatzen dituzte inguruko saltokietan. Azoka bakoitzaren eragin ekonomikoa neurtzeko, zuzeneko eta zeharkako urteko irabaziak batu dituzte azterketan. Kontsumitzaileetan oinarrituz gero, hamar azoken eragina 48,4 milioi eurorena da, eta, ekoizleen ikuspuntutik, 24,5 milioirena.

Azoka bai, baina ez nolanahi

Azoka bai, baina ez nolanahi

Eider Goenaga Lizaso

Beasainen lehen sektoreko azoka larunbatez egin zuten lehen aldiz, joan den astean. 101 urtez astearteetan soilik egin ondoren, hileko lehen larunbatean ere baserritarren azoka egitea sustatu du udalak, kontsumitzaile askorentzat errazagoa izango delakoan jai edukita azokara joatea. Izan ere, azken 30 urteetan kontsumitzailearen eta baserritar ekoizlearen arteko haustura handia izan dela dio Ainhoa Zabala Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioko azoken koordinatzaileak.

Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Norbere buruaren jabe, norbere bizitzaren jabe

Aitziber Arzallus

Emakumeei euren buruaren eta bizitzaren jabe izateko bitartekoak eskaintzea; horixe jabetze eskolen helburua. Zertarako? Emakumeek esparru sozialean eta politikoan duten parte hartzea indartzeko. Eta nola egiten duten hori? Era guztietako ikastaro eta tailerrak antolatuta. Azpeitiko Jabetze Eskolan, esaterako, otsailetik ekainera, sei ikastaro emango dituzte: biodantza ikastaroa, erotismo eta autoezagutza tailerra, mendian orientatzen ikastekoa, neska gazteentzako autodefentsa feminista, emozioak lantzen ikasteko tailerra eta historian esanguratsuak izan diren zortzi emakumeren biografiak ezagutzea ahalbidetuko diena.

“Guztiok dugu zerbait ederra eskaintzeko, geure erara”

“Guztiok dugu zerbait ederra eskaintzeko, geure erara”

A. Arzallus

Urritik abendura bitarte, erotismo eta autoezagutza tailerra eman zuen Clara Wolfram sexologoak (Bonn, Alemania, 1968) Azpeitian, Jabetze Eskolaren barruan. Tailerra laburra izan zela eta, parte hartzaile askok eskatu zuten jarraipena antolatzeko. Baita antolatu ere. Martxotik ekainera emango du bigarren ikastaro hori. "Jarraipena da, baina denei irekia egongo da, jende berria ere sartzeko". Antzeko gaiak landuko ei dituzte, baina beste modu batean.

Zer landuko duzue saioetan?

Landuko duguna da norbera bere erotismoarekin konektatzeko bidea: norberak plazera sentitzeko dituen gaitasunak, norbere burua pertsona atsegingarri gisa ikusteko, pentsatzeko edozein adinetan edozein gorputzekin erakargarriak izan gaitezkeela. Bakoitzak bere era oso partikularra du beste pertsonak sentitzeko eta erakartzeko. Azken finean, erakarpena edo sedukzioa da zure onena eskaintzea besteekin harremanak izateko. Ez da maskara bat, gure benetako itxura bat da. Dezente jolastuko gara horrekin.

Nolakoak dira saioak? Nolako ariketak egiten dituzue?

Saioak ez dira oso analitikoak izaten; batez ere, egiten ditugu dinamikak eta ariketak ondo pasatzeko, hori beharrezkoa baita plazerarekin konektatzeko. Egiten ditugu komunikazio ariketak, askotan gorputza erabilita. Izan ere, modu erotikoan, gehienbat, zentzumenen bitartez komunikatzen gara, adierazmenaren bidez, bakoitza bere erara. Saiatzen garenean ezarritako aginduetara egokitzen —adibidez, erakargarria izateko gazte itxura izan behar dut, gorputz argala eduki, eta abar—, galdu egiten gara; agian, agindu horiek ez datozelako bat gurekin, eta pentsatzen dugu ez daukagula ezer ederrik eskaintzeko. Baina hori ez da horrela; guztiok daukagu zerbait ederra eskaintzeko, geure erara. Saiatzen bagara gurea ez den modu batean sentitzen, mezu inkoherenteak bidaliko ditugu, eta, erakarri beharrean, uxatu egingo ditugu gainontzekoak. Baina nik konektatzen badut nire plazeraren gaitasunarekin, balioa ematen diot neure buruari, eta hori transmititu egiten dut.

Erotismoa gai tabua al da oraindik ere?

Erotismoa bihurtu da kontsumo gai bat; badirudi hainbat produktu kontsumitu behar ditugula erotismoa lantzeko. Baina erotismoaren gaitasun osoa gure gorputzean dago; berez, guk plazera sentitzeko gaitasun osoa dugu. Agian, tabu izaera hori galdu egin du, kontsumo produktu bihurtu delako, baina badira oraindik erabat desegin ez diren zenbait gauza. Adibidez, emakumeek ez dute hitz egiten euren sexualitateaz espazio publikoan, oraindik ezartzen direlako etiketa batzuk. Emakume bat oso sexuala bada, guarrilla bat da. Horrelakoak entzuten dira oraindik, eta hori zama bat da. Nola egongo gara harro gure bizitza sexualaz, bizitza erotikoaz, horrek arrisku bat sortzen badigu?

Ahalduntzeko bidea ematen al du autoezagutzak?

Ahalduntzea zer da? Zuk sentitzea zure bizitza eta zure gorputza, eta libreki hartzea zure erabakiak ahalik eta genero agindu gutxienekin. Hau da, zure barne boterearekin konektatzea, eta horren arabera hartzea zure bizitzari dagozkion erabakiak. Autoezagutzea eta autobaloratzea oso inportantea da horretarako.

Parekotasuna lortzeko bidean, uste duzu jabetze eskolak bitarteko baliagarria direla?

Oso baliagarria, gainera. Gizon eta emakumeen arteko harremanak aldatu dira; batez ere, emakumeek egin dituzten urratsei esker. Xake taula batean, pieza bat egokitutako tokitik ateratzen bada, gainontzekoak ere mugitzera behartzen ditu. Emakumeok zer egin dugu? Agindutako tokitik atera, ikusarazi, eta gure proposamen propioak egin. Horrek eragin du izugarrizko iraultza. Mendekotasun harremanak hautsi ditugu harreman horizontal bihurtzeko. Gaur egun, aita pila bat ikus daitezke haurrez arduratzen, haiek zaintzen, ardura errealak hartzen; aldaketak ez baitira diskurtsoa, errealitatea baizik. Eta erotismoa ere zerbait erreala da, gure bizipen sexualak eta erotikoak errealak dira, eta izan behar dute gure onena, izan behar dute guk nahi ditugun bezalakoak eta partekatuak, ez bestearentzat. Jabetze eskolek horren inguruan kontzientzia hartzen laguntzen diete emakumeei, eta espazio bat irekitzen horrekin esperimentatzeko.

Azpeitiko Jabetze Eskolak: ikastaroak

Hauek dira Emakumeen Azpeitiko Jabetze Eskoletan emango dituzten ikastaroak eta tailerrak:Ahalduntzea, gorputza eta biodantzaren bitartez. Otsailaren 16tik maiatzaren 18ra, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara.Historiarako emakumeak tailerra. Otsailare...