Eider Goenaga Lizaso
Otxandiotik abiatuko da 20. Korrika, martxoaren 30ean, eta lehen kilometrotik egingo zaie omenaldia euskararen aldeko lasterketaren sortzaileei. Joseba Kanpo zenaren senideak izango dira lekukoa eramaten lehenak, eta eurekin joatera gonbidatu dute Urtsa Errazti (Laudio, Araba, 1954). "Korrikan lekukoa eramateak beti sortu dit emozio berezi bat, eta Otxandiokoan, ziur, malkoren bat edo bi aterako direla". Korrika sortu zuen taldean kide izan ziren Kanpo eta Errazti, eta AEK utzi ondoren ere elkarrekin jarraitu zuten Korrika urte luzetan. "Elkarrekin erosten genuen kilometro bat, beti gauez, Bardean edo Erribera inguruan, eta familiarekin joaten ginen".