Aitziber Arzallus
Minutuero, zabor kamioi bat betetzeko adina hondakin botatzen dugu itsasora —mundu guztian—; urtean zortzi milioi tona, hain zuzen. Oraingo martxan, 2030erako, kopuru hori bikoiztu egingo da; eta, 2050erako, arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan. "Kezkatzeko moduko datuak dira, baina badirudi gehienoi bost axola zaigula", Izaskun Suberbiola Pasaiako Mater museoko zuzendariaren hitzetan. "Begira kaleak nola ditugun, zikinkeriaz josita, plastikoa han eta hemen. Eta zakarrontzira botatzen ez dugun plastiko hori guztia, azkenean, itsasora joaten da. Horrek pentsatzen dugun baino ondorio larriagoak ditu, bai ingurumenean, bai gure osasunean".