Albisteak

Langileek adostutako eskaerak

Euskotreneko langileek batzarretan adostu dituzte enpresari helarazi dizkioten eskaerak. Proposamena ere landu dute, beren eskaerak antolaketaren ikuspegitik egingarri izan daitezen. Aitzitik, oraingoz enpresak ez du eskaera bat bera ere onartu.Eskaer...

Hurrengo lanuzteak

Lan gatazka konpondu ezean, aste honetan bezala, datorrenean ere lanuzteak egingo dituzte Euskotreneko langileek. Datak eta ordutegiakLan egunetan, hilaren 23ra bitartean. 07:00etatik 09:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.Bihar eta hilaren 24an. 10:00...

Ikusten ez denaz, langileekin

Ikusten ez denaz, langileekin

Olatz Mitxelena

Euskotrenek astelehenean inauguratu zuen Altzako geltokia, Irungo Arasoko egoitza berria zabaltzearekin batera. Arasokoa Euskotrenen Gipuzkoako bigarren egoitza da —orain arte Donostiako Amara auzoan zuen egoitza bakarra Euskotrenek—. Eta egoitza berria zabaltzearekin batera, trenen maiztasuna ere handitu du. Aurrerantzean, 15 minutuz behin irtengo dira trenak Amaratik Irunera eta Irundik Amarara; eta 30 minutuz behin irtengo dira Zumaiarako trenak. Horrez gain, goizez, zerbitzu berriak eskainiko dituzte.

Euskotreneko langileak aldaketen berri izan zutenez geroztik ari dira borrokan, trenen maiztasuna handitzea euren lan balditzen kaltetan gerta ez dadin. Oraingoz, baina, ez dute eskatutakorik lortu, eta lanuzteak egiten ari dira. Aste osoan izan dira lanuzteak, eta hurrengo asterako ere antolatu dituzte.

Irune Zarate, Xabier Untzueta eta Esther Gonzalez greba batzordeko kideak dira. Beraiek azaldu dituzte langileen aldarrikapenak."Euskotrenek ezarri dituen maiztasun berriak bermatu ahal izateko tren kopurua handitu du", azaldu du Zaratek, eta horregatik eraiki dituzte instalazio berriak Arason, tren guztiak gordetzeko nahikoa leku izateko. Horrek, baina, tren gidarien lekualdaketa ekarri du. Langileek jakinarazi dutenez, lehen 66 tren gidari zituen Euskotrenek Gipuzkoan, eta, orain, horietatik hemeretzi geratu dira Amaran, eta beste guztiak Arasora lekualdatu dituzte.

Irunera lanera joan behar duten langileentzat Euskotrenek garraioa berma dezan eskatzen dute langileek."Amara trenaren geldialdi komertziala da, eta langileek ez zuten lanera joateko inolako eragozpenik. Trenean bertan joaten ziren", azaldu du Untzuetak.

Arason, ordea, trenak ez du geldialdirik, eta hor sortu da lehen eragozpena: "Langileek trenari geratzeko eskatuz gero arazorik ez zela egongo esan ziguten hasieran, baina, uztailetik negoziazioak apurtuta daudenez, enpresak ez du ezer egin, eta denek gure autoarekin joan behar izan dugu lanera".

Asteburuetan, jai

Lanera joateko garraioa lortzea, hala ere, ez da aldarrikapen nagusia. "Lantaldea handitzea, tren gidari gehiago kontratatzea gure asteburu libreen kopurua mantentzeko, hori da gure aldarrikapen nagusia", argitu du Gonzalezek. Izan ere, astelehenetik ostiralera ordutegi bera izango duten arren, larunbat gehiagotan lan egin beharko dute aurrerantzean. "Larunbatetan, lan txanda askoz gehiago izango dira, eta jende gehiagok aritu beharko du lanean, enpresak proposatutako lantaldearen handitzearekin ez delako nahikoa orain arte libratzen genituen asteburuak libratzen jarraitu ahal izateko".

Bereziki kezkatuta daude gai horrekin. "Kontuan hartuta guk urteko egun guztietan egiten dugula lan, eta oporrak sei txandatan ditugula, lana eta familia kontziliatzeko aukera bakarra asteburuetan dugu", nabarmendu dute.

Negoziazioak etenda

Euskotrenek "inposizioaren" aldeko hautua egin duela salatu dute langileen ordezkariek, eta jakinarazi dute uztailetik negoziazioak "apurtuta" daudela: "Azken bilera eduki genuen uztailean, eta esan ziguten eskertzen zutela gure lan guztia eta gure proposamenak, lan ona egin dugula, baina ezetz esateko unea zela", gogoratu du Untzuetak.

Enpresari langileekin esertzea "asko kostatu" zaiola uste du Zaratek: "2015eko irailetik ari gara enpresari bilerak eskatzen, baina aurtengo maiatzera arte ez dira eseri". Langileak mobilizatzen hasi eta gero lortu zuten lehenbizikoz enpresarekin biltzea.

Langileek aspalditik zekiten Arasora lekualdatuko zituztela, eta trenen maiztasuna handitu behar zutela jakin zutenean ekin zioten biltzeari, "aldaketekin kezkatuta". Batzar horietan definitu zituzten langileen eskaerak, eta enpresari helarazi. Oraingoz, baina, ez dute bat bera ere onartzerik lortu.

Apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Paskinak banatu dizkiete erabiltzaileei lanuzteak iragarriz eta beren aldarrikapenen berri eman asmoz. Horrez gain, elkarretaratze isilak egiten dituzte Amaran. Baina ez da nahikoa izan."Ekainean enpresak eskatu zigun mobilizazioak bertan behera uzteko negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa".

Langileek baldintza hura onartu zuten. Aitzitik, keinu hura ez dela aintzat hartua izan salatu dute orain langileek:"Horren truke, enpresak inposatu ditu koadroak, eta ateak itxi dio edozein akordiori". Hori ikusita, Euskotreneko langileek mobilizazioei berriz ekitea eta lanuzteetara deitzea erabaki dute.

Herri Hezitzaileak, zazpi oinarritan

Proiektuaren filosofia zazpi oinarritan batzen da:Haurtzaroaren kultura. Haurrak bizitza jolasaren bidez eraikitzen du. Hori errespetatu behar da.Benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena. Haurrekin egin behar da, ez haurrentzat.Aisialdia, ez e...

Sustatzaileak

Irrien Lagunak

Lizarrako eta Iruñeko Udal Haurreskolen Taldea

Hik Hasi pedagogia egitasmoa

Oarsoaldea garapen agentzia

Euskaltzaleen Topagunea

Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldea

Tabakalera

Amarauna aisialdiko elkarte sarea

Soraluzeko Pil-Pilean elkartea

Txatxilipurdi Euskara eta Aisialdia

Urtxintxa Bizkaia eta Gipuzkoa

Ttakun kultur elkartea

Harremanitz kooperatiba

Elgoibarko Izarra elkartea

Lorea Agirre

Herritik eta herriarentzat

Herritik eta herriarentzat

Eider Bereziartua
Haurren heziketa eta aisialdia "beste modu batera" egitea du helburu Herri Hezitzaileak egitasmoak. "Gaur egun dauden ereduetatik kanpo badaude beste praktika batzuk hori gauzatzeko", azpimarratu du Amaia Etxabek (Arrasate, 1988), Txa...

Dantza Hirian. Herritik herrira ibilian, eta dantzan hiri barruan

M. Alustiza

Jaialdi ibiltari bat da, Baionatik Donostiara ibiliko dena. Tartean, Dantza Hirian jaialdiak geldialdia egingo du Lapurdi eta Gipuzkoako beste sei herritan. Egungo dantza arkitekturarekin lotzen du jaiak: hamabi konpainiak hamazazpi gune izango dituzte euren lanak erakusteko. Bihartik hilaren 25era arte, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat talderen sorkuntzak ikusi ahal izango dira; doakoak dira denak.

Estreinaldien artean, Aterpean programako bi daude: Esku Harriak - Oteizaren (h)aria eta Ocho deportes vascos. Programa horretarako aukeratutako artistek egonaldiak egin dituzte Gipuzkoan eta Lapurdin, haien sorkuntzak garatzeko. Esku Harriak - Oteizaren (h)aria ikuskizuna dantza garaikidean eta zuzeneko musikan oinarritzen da. Eskultura, espazioaren trataera eta hitza lotzen dira, eta Jorge Oteiza eskultorearen "unibertso zabal eta partikularra" dakar gogora, hura berreraikiz eta irakurketa propio bat eginez.

Eibarko koreografo Helena Lizarik Ocho deportes vascos estreinatuko du. Euskal Herriko kiroletan aurkitu du inspirazioa. Besteak beste, lehia, abilezia, erronka eta indarra gorpuzten dira lanean.

Ibili programaren barruan, Euskal Herriko hiru sortzailek euren lanak aurkeztuko dituzte: Natxo Montero bilbotarrak Barbecho plazaratuko du; Aiert Beobideren Haatik konpainiako Iker Arruek, 70+1, eta Amaia Elizaran tolosarrak, Raw.

Euskal Herrikoez gain, atzerriko dantzariak ere izango dira jaialdian. Adibidez, Kataluniako Angels Margarit dantzari eta koreografoaren Mudances konpainia nabarmendu du antolakuntzak. 1970eko hamarkada bukaeran Bartzelonako Antzerki Institututik atera zen Margarit; dantzari modernoen lehen belaunaldikoa da. Capricis Site lana eskainiko du bere konpainiak. Niccolo Paganini biolin jotzailearen 24 Capricci sorkuntzatik abiatzen da ikuskizuna. Biolinaren soinua ez da, ordea, oinarria: Margaritek joko bezala hartzen ditu kapritxoak, eta dantzarien mugimenduek marrazten dute musika espazioan.

Ikasteko aukera

Emanaldiak ez ezik, ikastaroak ere izango dira Dantza Hirian programaren barruan. Hurrengo bi igandeetan, Julia Maria Koch eta Alma Libre Co koreografo gonbidatuek ikastaro bana emango dute Errenterian, Dantzagunean. Ikasle eta profesionalentzako saioak izango dira. 12:00etatik 13:30era dira biak, eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea —info@dantzahirian.com helbidean—. Hogei euro balio du ikastaro bakoitzak.

Dantza Hirian. Egitaraua.

IRAILAK 17Hendaia12:00. Porvenir, Ana Floridoren eskutik. Itsasoko Bulebarrean.12:15. Ocho deportes vascos, Helena Lizari eta Laida Aldazekin. Itsasoko Bulebarrean.Irun17:30. Dantza eta marrazki tailerra, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Justizia...

Atlantikora, hiru oinen gainean

Atlantikora, hiru oinen gainean

Maite Alustiza

Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak ardatz bat eta hiru oin dakartza: ardatza aniztasuna izango da, eta egitarauaren funtsa musikak, kultur jarduerek eta Tosta Herrixkak osatuko dute. Datorren ostegunetik hilaren 25era arte, ehun jarduera inguru prestatu dituzte herri osoan. Zerrenda luzea da: kontzertuak, erakusketak, dantza, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, irteerak, azokak, ikastaroak, bideo forumak, kongresu bat...

Musika saioak Agirre lehendakariaren plazako karpa erraldoian egingo dituzte; bost dira, guztira. Laura Landa jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, "jaialdiaren izpirituari jarraiki", hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdinetako artistak elkarlanean ariko dira, bai nazioartekoak eta baita Euskal Herrikoak ere. Elkarrekin ariko dira, adibidez, Portugalgo Terrakota eta Euskal Herriko Bad Sound System. Reggae doinuak uztartuko dituzte hilaren 24an, larunbatarekin. Egun berean emango du kontzertua Chambao espainiarrak, Noemi Viana dantzari donostiarrarekin.

Atlantikaldiaren aurtengo bisitari berezia Tosta izango da. Donostia 2016ren enbaxada ibiltaria da, eta haren helburua tokian tokiko hizkuntzei balioa ematea da. Apiriletik, Atlantikoko hizkuntza komunitate gutxituetan barrena aritu da. Tosta Herrixkan askotariko jarduerak egingo dituzte; lau egunez, "Errenteriako auzo" bilakatuko da.

Honako hauek dira Atlantikaldiaren egitarauaren barruan aurki daitezkeen proposamenetako batzuk:

KEPA JUNKERA-CHET NUNETA
Irailaren 22an, ostegunean, 20:00etan

Jaialdiaren elkarlanetako bat da Kepa Junkerak eta Sorginek Chet Nuneta taldearekin aurkeztuko dutena. "Euskal Herriko trikitiak eta Frantziako ahots polifonikoak uztartuko dituzte". Propio Atlantikaldirako sortu dute ikuskizuna, eta saio bakarra egingo dute. Horretarako, astebetez batera jardun dute entseguetan.

Junkerak eta Sorginek 2014. urte bukaeran kaleratu zuten elkarrekin egindako lehen diskoa: Trikitixaren historia txiki bat. Lan horrek Junkeraren 35 urteko ibilbidea laburbiltzen du. Geroztik, kontzertu ugari eman ditu trikitilariak zazpiko neska kuadrillarekin. Aurten bigarren lana plazaratu dute: Maletak.

Chet Nuneta taldea, berriz, 2006an eratu zen, Frantzian, Les EnchantEtues hirukoteak Michael Fernandezekin eta Lilia Ruoccorekin bat egin zuenean. Kanta tradizionalak abesten dituzte, polifonia eta musika nahastuz. "Hiltzear dauden hizkuntza berriak asmatzen dituzte".

TOSTA BANDA
Irailaren 23an, ostiralean, 20:00etan

Hizkuntza gutxituak dituzten zazpi herrialdetako musikariek osatzen dute Tosta Banda: Galizia, Gales, Irlanda, Eskozia, Frisia, Kornualles eta Euskal Herria. Egitasmoa Atlantikaldiaren filosofiaren "adierazle garbia" da: herrialde guztiek dute Atlantikoa ezaugarri komun, eta elkarlanean jardun dute. Horren erakusle da Tosta Kanta. Mixel Ducauren gidaritzapean, zazpi herrialde horietako hizkuntzak bildu dituen abestia ondu dute.

Ostiraleko kontzertuan, bidelagun izango dute Sophie Stephenson dantzari eskoziarra. Orain dela hainbat hilabete egonaldi bat egin zuen Errenterian.

Egun berean, eta Tosta egitasmoaren barruan, Europako hizkuntza gutxituak elkarrizketan mahai ingurua antolatu dute, 17:00etan, Xenpelar Etxean. Tosta osatzen duten zazpi hizkuntza komunitateetako kideen arteko topaketa irekia izango da. Saioa euskarara itzuliko dute.

GORAN BREGOVIC
Irailaren 23an, ostiralean, 22:30ean

Balkanetako musikaren ordezkari nagusietako bat da Goran Bregovic. Sarajevon jaioa da, eta ospe handiko soinu bandak egiteagatik da ezaguna. Gehienbat, Emir Kusturica herrikidearen hiru pelikularen musika ontzeak eman zion nazioarteko oihartzuna: Dom za vesanje (1988), Arizona Dream (1993) eta Underground (1995).

Bregovicen konposizioek folklore tradizionala, rocka, Bulgariako musika eta beste zenbait estilo biltzen dituzte. Apirilean izan zen azkenekoz Euskal Herrian jotzen, Iruñean.

USAIN ETA ZAPOREEN BIDAIA
Irailaren 24an, larunbatean, 11:00etan

Euskal Herriko, Galiziako, Marokoko, Nigeriako, Kolonbiako, Pakistango eta Txinako elikagaiak eta bestelako produktuak egongo dira Atlantikaldiko azokan. Larunbatean irekiko dute, Foru plazan, 11:00etatik 14:30era eta 15:30etik 20:00etara. Tarte horretan, jarduera berezi bat egiteko aukera egongo da: bisita gidatua keinu hizkuntzan. Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak eta Asocide Euskadi elkarteak antolatu dute, 11:00etatik 13:00era. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, jaialdiaren webgunean: www.atlantikaldia.errenteria.eus.

Azokaren bueltan, beste ekintza bat ere prestatu dute larunbaterako, 16:30etik 18:00etara: Azoka Gynkhana. Horretan, azokan dauden herrialdeekin lotutako probak egingo dituzte parte hartzaileek. Zazpi talde ariko dira jokatzen, eta taldea osatzeko gutxienez hiru lagun behar dira. Jarduera honetarako ere izena eman behar da.

ITSAS ONDAREA AZTERGAI
Irailaren 22tik 24ra

Itsas ondareari buruzko nazioarteko kongresu bat hartuko du Atlantikaldiak, hiru egunez: European Maritime Heritage. Europako Itsasontzi Tradizionalen Elkarteko ehundik gora kide elkartuko dira Niessen aretoan —Albaola elkarte horretako kide da—. Hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta beste egongo dira. Besteak beste, Jon Maiak zuzendutako Apaizac obeto dokumentala emango dute. Kongresua profesionalentzat izango da, eta eztabaidagaien artean izango dituzte itsas ondarearen garapen iraunkorra, itsas ondare ez-materiala eta ondarearen erabilpena.