Albisteak

Erosotasuna subjektiboa da

Erosotasuna subjektiboa da

Maite Alustiza

Bi autobus baino ez daude, geldirik, eta bidaiaririk ez da inguruan. Itxita daude txartelak erosteko leihatilak, eta apenas dabilen jenderik. Urte luzez geltoki izan ondoren, Donostiako Pio XII.a plaza ez da dagoeneko autobus geraleku, baina motxiladun turista despistaturen bat inguruan dabil oraindik. "Barkatu, hau dagoeneko ez da autobus geltokia, ezta? Nondik da?".

Astebete da geltoki berria Atotxan ireki zutela. Hara iristeko, Amaran topatutako turistak Urumea ibaira gerturatu eta Maria Kristina zubira arteko bidea egin beharko du. Bai bisitariak, eta baita Donostiara iristen den autobusak ere. Geltoki berrian, horretaz kexu da Iruñerantz irtetear den Conda konpainiako gidari bat —ez du izenik eman nahi—: "Ulertzen dut erabiltzaileentzat erosoagoa izatea; estalitako gune bat daukate, berria, eta zerbitzuak batera dituzte, baina guretzat korapilatsuagoa da Donostia sarreratik honaino etortzea". Ildo beretik hitz egiten du Arrasaterantz ateratzera doan Pesako gidariak ere: "Oraindik ohitzen ari gara, baina nik neuk ez nuke geltokia hemen egingo, hobe ikusiko nuke Loiolako Erriberan egitea". Dioenez, hamar bat minutu gehiago behar dituzte orain bidaia egiteko, batik bat Donostiako sarreran egoten den trafikoa dela eta. Hiriko irteera, berriz, tren geltoki alboko errepidetik egiten dute, Martuteneruntz. Azpiegiturari berari ere aldaketak egingo lizkioke: "Gasteizko geltokia, adibidez, hobe ikusten dut. Hemen estuagoa da espazioa, mugatuagoa".

Erabiltzaileek, berriz, erosotasuna aipatzen dute abantaila nagusien artean. Euria ari du kanpoan, haizea; barruan, 15,5 gradu markatzen ditu termometroak. Eserita dago Julio Otxoa, janari makinen pareko aulki batean, Gasteiztik datorren lankide baten zain: "Amaran zegoena ez zen itxurazko geltoki bat, eta are gutxiago halako eguraldia egiten duen egunetarako. Han ez zegoen busti gabe zain egoterik, kafetegi batean ez bazen. Komunik ere ez zegoen eta!".

Nasen aldameneko pantailek diote Bilbo, Arrasate, Iruñe, Loiu eta Zaragozara (Espainia) doazela hurrengo autobusak. Lehenaren zain dago Amaia Jauregi, motxila bizkarrean eta maleta eskuan. 2008tik ia astero egin du Donostia eta Bilbo arteko bidaia, ikasketa eta lan kontuak medio. Lehenengo bidaia izango du geltoki berrian, eta kokalekuari ikusi dio abantaila nagusietako bat: Tolosatik iritsi da Renfe trenean, eta bi geltokiak gertu izateak denbora dezente aurreztea ekarriko dio.

Autobusen antolaketa ere egokiagoa dela iruditzen zaio: "Lehen nahiko kaotikoa zen. Guk bagenekien, baina turistentzat, adibidez, leihatila aurkitzea ez zen erraza, aparte zegoen. Horrez gain, ez zenekien autobusa non geldituko zen, aldiro ibili behar zen batera eta bestera begira; igande iluntzeetan batik bat ikasle pila bat elkartzen ginen, maletekin, eta nahaspila izaten zen". Hori horrela, begi onez ikusi du Gipuzkoako Diputazioak igandeetako zerbitzurako iragarri duen aldaketa —17:00etatik aurrera autobusak orduerdiro aterako dira aurrerantzean—. Diputazioak "ikasleek eta unibertsitarioek egindako eskaerari" erantzun nahi izan dio modu horretan.

Turistak galdezka

Bien bitartean, ilara luze samarrak sortu dira Alsa eta Pesa konpainien leihatiletan. Azken horretan daude Elena Zanetti eta Giulia Montevecchio italiarrak, txanda noiz tokatuko zain. Sienatik iritsi ziren Donostiara pasa den astean, lagunak bisitatzera, eta Loiuko aireportura joateko txartela erostera doaz. Etorritakoa baino pisu gehiagorekin bueltatuko dira: bi maleta daramatzate, eta beste bi poltsa handi. "Lagunek janariz bete gaituzte!". Pisu gehiago izan arren, oinez egin dute bidea Alde Zaharretik, nahiz eta Montevecchiok autobusa hartzea proposatu: "Eskerrak ez genuen beste geltokira joan behar, bestela ez dakit iritsiko ginatekeen", dio barrez.

Txartelen leihatila erraz topatu dute, baina informazio falta ere sumatu dute maletak takiletan utzi nahi zituztenean. "Nahiz eta argibide batzuk idatzita egon, ondo legoke galdetu ahal izateko jende gehiago egotea, are gehiago orain, jendeak ez duela toki berria ezagutzen".

Orokorrean geltokia normaltasunez ari da funtzionatzen, baina nabari da ireki berria dela. Geltoki kanpoan lanetako hesiak, behin-behineko seinaleak eta langileak daude oraindik; barruan ere, konponketa txikiak egiten dabiltza, parkingetik ateratzeko txartel makinan, esaterako.

Makinan ordaintzen ari dira Cristina Bilbao eta Peio Arrizabalaga. Bilbotarra da Bilbao, eta haren hirian ere geltoki berriago bat nahiko lukeela dio —martxan dago Termibus berritzeko prozesua—. Gustatu zaio Donostiakoa. "Kosta zaienarekin...!", erantzun dio Arrizabalagak. Azken egunetan irekiera datarekin izandako gorabeherak kontatu dizkio autora bidean —urtarrilaren 16an ziren geltokia irekitzekoak, baina ke proba gainditu ez zuenez, joan den astera atzeratu zuten—.

Amuarrainak, uretan hobeto

Amuarrainak, uretan hobeto

Aimar Maiz

Arrantza sasoia ofizialki hasteko hilabete eta erdi falta den arren, Agauntza errekan (Lazkao) 40 arrantzale dabiltza, belaunetaraino uretan sartuta, kanabera bota eta amuarrainak atera nahian. Arrantza intentsiboko barrutia da, Araxes eta Leitzaran ibaietako zati banarekin batera Gipuzkoan dauden hiruretatik bat. Urte osoan egin daiteke arrantza, federatuta eta baimen berezia lortuta.

Otsail hasiera izanagatik —hilaren 6an jokatu zen Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa—, amuarrain mordoxka dabil ur lasaietan. Negu epelaren ondorioz, Lareoko urtegiaren emari-erregulatzaile funtzioaren laguntzaz eta herriko arrantzaleen zaintzari esker, arrantzarako paradisu bihurtu da Agauntza, 2014ko urritik.

Trukean, amuarraina harrapatu —salabardoaren laguntzarekin ateratzen dute—, eta atzera uretara itzultzea da prezioa. Hil gabeko arrantza modalitatea egiten delako hiru barrutiotan. Geroz eta arrantzale gehiagok egiten du hala, batez ere gazteen artean.

Bi denboraldiko esperientziarekin gustura daude herriko arrantzaleak. "Urte asko ibili gara barrutia lortzearen atzetik. Iaz Gipuzkoako Federazioak laguntza eman zigun, eta hasteko behintzat aukera eman zigun. Txapelketa batzuk antolatzen ditugu urte osoan", dio Olain Irizar arrantzale lazkaotarrak.

Aldundiaren liga

Agauntzaren kasuan, Lazkaoko udal barruti ia osoa da arrantza intentsibokoa, Zubierreka industrialdearen paretik Senpere auzora. Araxesen, Urkola presatik Oriako ahoraino da. Leitzaranen kasuan, berriz, Erreka arrain haztegitik Oriako ahoraino.

Arraina hil gabeko arrantza modua sustatzeko, federazioak Aldundiaren Liga txapelketa antolatzen du. Orain arte hiru barrutietan jardunaldi bana izaten zen, baina datorren urterako aldaketa bat sartuko dute: Araxesen eta Agauntzan egun berean izango da arrantzaldia, eta Leitzaranen beste batean. "Horrela arrantzale bikote gehiago sartuko ditugu, 32 bikote. Espainia guztiko jendea etortzen da", azaldu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak.

Gune horiek ezagutarazteaz eta hil gabeko modua indartzeaz gain, orokorrean arrantzarako zaletasuna bera piztu nahi dute. "Arrantza mundua oso baxu dago, eta bultzada bat emateko asmoarekin ari gara. Lazkaoko festetan neska-mutikoentzat ere txapelketa txiki bat egin genuen iaz, zaletzeko eta arrantza ezagutzeko", dio Irizarrek.

Erreketako faunari eusten

Arrantza intentsiboko barrutietan urte osoan ibili ahal izateko, federatuta egon beharra dago batetik —segurua sartzen da hor—, eta baimen berezi bat atera behar da bestetik. Internet bidez egin daiteke izapidea, eta 16 urtera artekoei ez diete ezer kobratzen.

Ehizan bezala, arrantzan ere polemika badago harrapakina hil gabe utzi ala ez. Askori pentsaezina egiten zaie amuarraina uretatik atera eta atzera libre utzi behar denik. Barrutiok hil gabekoak direlako kexatzen denik ere bada. Baina Gipuzkoako erreken aberastasun ekologikoa ere jokoan dago. "Usoak kanpotik etortzen dira, baina amuarrainak autoktonoak dira. Ateratzen baldin baditugu, ez da ezer gelditzen. Amuarrainak badaude batzuk, baina oso gutxi, eta etxekoa zaintzen ez badugu...", dio Irizarrek.

Amuarrainak ekarri eta errekan botatzen dituzte arrantza elkarteek. " Diru aldetik, kostu handia dakar". Hilean, "pare bat aldiz" birpopulatzen dituzte errekak. Uraldiek eragin handia daukate, eta ubarroiek ere amuarrain asko jaten dute. "Errekak txikiak dira, eta presio hori ezin dute mantendu. Mantentze lana egiten dugu, amuarrainak libratzeko garaian", azaldu du Irizarrek.

Jendea ari da kontzientzia aldatzen. Eta erreken egoera ere azken urteetan "asko hobetu" da.

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

Jon Miranda
. Industrialdearen eta landa eremuaren arteko orekan bizi da Tolosaldeko herri hau. Askok ezaguna izango dute sagardotegiengatik. Horiekin batera bisitariei eskaintzen dizkien baliabide turistikoak erakusteko 'Adunako grazia' ikus-entzunez...

250 urte… baino gehiago

250 urte… baino gehiago

Erik Gartzia Egaña

Gipuzkoan biztanleria aldetik bigarren udalerria den arren, 250 urte bakarrik dira Irunek hiribildu estatusa jaso zuela. Aduana Ebrotik kostaldera lekualdatzeak, trena iristeak eta industrializazioa hedatzeak hiriaren demografia puztu bazuen ere, mende luzeetan izan du garrantzia Irunek, toki estrategikoa izan baita beti. Urteurren seinalatua ospatze aldera, batzorde bat osatuko dute Irunen, aurrera begirako ekitaldiak prestatzeko asmoz.

Aurrera begiratzea ez ezik, iraganeko ondarea gordetzea ere badu xede Irungo Udal Artxibategiak. Ikust Alaia eraikinean dago artxiboa, eta han lan egiten du Sagrario Arrizabalagak. Artxibozaina izateaz gain, Historia de Irun liburua idatzi zuen Lourdes Odriozola historialari errenteriarrarekin batera. Lehenago, Francisco Gainza, Serapio Muxika eta Luis Uranzu saiatu ziren hiriaren historia jasotzen. Zatikako obrak izan ziren, arrazoi batengatik edo besteagatik osatu ez zirenak.

Hondarribiaren menpe

Gaztelako Alfontso VIII.ak hiri gutuna eta Donostiako Forua eman zizkion Hondarribiari, hiribildu bilakatzeko. Haren menpe gelditu ziren egun udalerri diren hainbat toki: Oiartzun, Errenteria —XIV. mendean lortu zuten biek udalerri izatea—, Irun, Pasai Donibane eta Lezo. Azken horiek mendeak eman zituzten Hondarribiaren menpe.

Arrizabalagak azaldu duenez, garai hartako dokumentazio gutxi dago, baina 1203. urtekoa da Irun izeneko toki bat bazela aipatu zuen lehenengo dokumentua. Garai hartan, zehazki, Irun-Uranzu zuen izena egungo hiriak —independentzia lortu eta gero ere hala izan zen hainbat urtez—.

Ahaide nagusien —banderizoak ere deituen— arteko gerraren aurrekarietakoa da hurrengo dokumentua. Garai hartan, liskarrak egon ziren Euskal Herrian sortutako hiribilduen eta landa eremuko jauntxoen artean, hiribilduek azken horien pribilegioei mehatxu egin zietelako. Hondarribiko hiribilduaren eta Irungo hainbat jauntxoren artean borrokak egon ziren, eta 1299an sinatu zuten bakea lortzeko hitzarmena, Donostiako elizgizon baten bitartekaritzarekin. "Dokumentazio askorik ez dagoen arren, liskar ugari bazela pentsa daiteke. Hondarribiak, hiribildu gisa, eskubide guztiak zituen, eta Irun-Uranzu unibertsitatea zen. Elkarren arteko talka sortu zen".

Ia bi mendeko jauzia egin du artxibozainak hurrengo gertaera historikoa azaltzeko. XV. mendean, Irun hazten ari zen, eta gero eta desadostasun handiagoa zuen menpeko egoera harekin. "Hainbeste hazi zen, ezen irundarrek aita santuari Hondarribiko elizatik bereizteko eskaera egin baitzioten. Izan ere, irundar asko ziren sakramentuak jaso gabe hil zirenak. Elizen bereizketa arlo zibilean ere baliatzeko aitzakia zela uste dut". Gainera, Hondarribiak sute asko jasan zituen, eta han bizi ziren asko Irunera joan ziren bizitzera.

Frantziarren inbasioa

1476an Frantziako tropek Gipuzkoa inbaditu zuten, eta Irunen ezarri zuten euren kokagune nagusia. Inguruko herriei egin zieten eraso, eta horrek ere irundarren eta hondarribiarren arteko liskarrak sortu zituen. Hiribilduko ordezkariak kexatu egin ziren erregearen aurrean, eta Irunen batzarrak egitea debekatu zuten, baita merkataritza jarduerak egitea ere. "Ekonomikoki Irun itotzen saiatu ziren". Gainera, harrizko etxeak eraikitzea galarazi zuten 1499ko agindu batean. Irundarrek, baina, bere hartan jarraitu zuten, eta hondarribiarrek euren agintariak bidali zizkieten, zigortzeko asmoz. 1499an sindikoa hil zuten irundarrek.

Gainontzeko herriek ordaintzen zituzten hondarribiarrek ordaindu behar zituzten zerga guztiak. Ez zuten dirurik euren jarduerak finantzatu ahal izateko, eta irundarren artean partekatzen zituzten euren ondasunak: "Denak elkartzen ziren, eta diru gehien zuenak ematen zuen gehien". Hori ere galarazi nahi izan zieten hiribilduko agintariek, eta, gainera, irundarren basoak, Bidasoa ibaiaren zatia eta nekazaritza lurrak ustiatzen zituzten. Horren aurkako altxamenduan Hondarribiko probestua zauritu zuten, udal enplegatua.

1521ean, San Martzialeko batailan, irundarrek okupatzaileekiko jarrera aldatu zuten. Oldartu, eta frantziarrak kanporatu zituzten. Horrez gain, nafarren kontrako Noaingo guduan ere parte hartu zuten irundarrek, eta Karlos I.a Espainiako erregeak parte hartu zuten soldaduen jaioterriak saritu zituen —Hondarribiak hartu zuen irundarren partea—. Horrela, Irungoek sinesgarritasuna irabazi zuten erregearen aurrean.

Arriagaren hilketa

Aldabe mendian izandako gudaldi haren ondoren, konfiantza hartzen hasi ziren irundarrak, eta euren herria kudeatzen hasi ziren politikoki, arlo militarrean eta ekonomikoan, eta diru kontuek hobera egin zuten.

Auzien zerrenda amaigabea izan zen XVI. mendean. "Dirutza ikaragarria xahutu zuten bi aldeek, auzi horiek guztiak ordaindu behar baitziren". Auziak ez ziren juridikoak bakarrik izan: indarkeria kasuak izan ziren hiribilduko agintarien kontra; 1512an, 1537an eta 1547an, esaterako.

1560ko hamarkadan, jurisdikzio propioa irudikatzeko bi sinbolo eraiki zituzten Irungo plazan: alde batetik, udaletxea altxatu zuten; beste aldetik, San Joan Harria. Izaera administratiboa zuen, baina San Joanen irudia jarri zuten gainean, guruztoki gisa kamuflatzeko, 1564. urtean. Urte hartan bertan, Hondarribiko alkate Miguel Arriaga eta haren segizioa Irunera joan ziren, legea ezartzeko asmoz. Istiluak hasi, eta hiribilduan bizi zen soldadu irundar batek dagarekin hil zuen alkatea.

XVI. mendearen bukaeran, 1596an zehazki, Legazpiren ereduari jarraitu, eta independentzia lortzeko lehenengo ahalegin serioa egin zuen Irunek, baina helbururik lortu ez. Bigarren saiakera egiteko ez zuten urte askorik itxaron behar izan: 1615ean Gipuzkoako 32 herrik eskatu zuten udalerri izatea, baina Gerra Kontseiluak kanpoan utzi zuen Irun.

Ordutik aurrera, ahalegin gehiago egin zituzten: 1628-1629an; 1701-1702an eta 1732an. Hala ere, dena ez zen gatazka izan: hainbat irundar eta hondarribiarrek ermandadearen alde egin zuten, Gipuzkoako beste hainbat herrik egina zuten bezalaxe. Proposamenak ez ziren gutxi izan: 1656an, 1665ean eta 1703 eta 1712 bitartean. Denek porrot egin zuten.

1732ko independentzia eskaeren ondoren, Irunen aldeko joera nagusitzen hasi zen, eta Hondarribiak, haserre, 1754an Gipuzkoa utzi eta Nafarroara bat egitea galdegin zuen, baina ez zuen lortu. Bere menpekoek —Irun, Donibane eta Lezok— aurre egin zioten, eta gainbehera hori baliatuta, Irunek, azkenean, independente izatea lortu zuen. 1766ko otsaila zen.