Albisteak

Zerbitzu hobe baten esperantzan

Asteburua pasatzera doazen erretiratuak, eta astea pasatzetik datozen ikasleak. Multzo horietan banatzen dira ostiral eguerdian Pio XII.a plazako geltokian dauden gehienak. Ez dira multzotan banatzen, baina, laster inauguratuko den geltoki berriaren inguruan iritzia ematerakoan: "Bi urte daramatzat geltokia erabiltzen, eta kaosa da. Eskainitako zerbitzua eskasa da, eta oso leku gutxi dago. Begi onez ikusten dut aldaketa", esan du Urtzi Bazterra ikasleak.

Antzeko ustea du Pesa etxeko autobus gidariak ere —ez du izenik eman nahi izan—. Bere arabera, asteburua gerturatu ahala "itogarria" bihurtzen da geltokiko giroa, eta geltoki berriak hori konponduko duela uste du. Autobusa uzteko lekurik ez du aurkitzen maiz, erabiltzaileen bila datozen autoak direla eta. Egoera hori Atotxako geltokian aldatzea espero du, leku gehiago egongo baita: "Hemen ez dago lekurik inoren zain geratzeko, eta denek bide erdian uzten dute autoa. Zain dagoena barruan baldin badago gaitz erdi, mugitu daitekeelako, baina batzuetan ordu erdi baino gehiago egon behar izan dut zain. Horrelakoetan, udaltzainei deitzea beste irtenbiderik ez da izaten, denboraz oso justu ibiltzen baikara".

Autobus gidariak derrigortuta daude geldialdiak egitera, atseden hartzeko. Arazo bilakatzen zaie sarritan, non geraturik ez dutelako: "Alde horretatik, Gasteizko geltokia ondo prestatua dago, bakoitzak bere nasa baitu. Espero dut antzeko zerbait egin izana Atotxako geltokian".Gidariak, baina, ez daki zer itxura daukan geltoki berriak."Oraindik ez digute joaten utzi", eta ez du uste puska batean joango direnik ere: "Esan didatenez, hilaren 17an inauguratuko dute, baina beste hilabete eta erdi baino gehiago igaroko da hara joan aurretik, lanak amaitzeke baitaude".

Lanak amaitu aurretik inauguratzeak Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin zerikusia duela uste du Virginia Alduntzin erabiltzaileak: "Urte garrantzitsua dator, eta hiriak bisitariak erakarri nahi baditu, beharrezkoak dira horrelako azpiegiturak. Hau txikiegia geratu da, eta Espainiako hirietara oso zerbitzu gutxi daude. Geltoki berriaren irekierak mesede egingo duela uste dut". Egunerokotasunean ere hobekuntza nabarmenak izango diren esperantza du, geltoki berriaren zati bat lurpean eraiki izanak "hemengo anabasa baretzen" lagunduko baitu.

Aldarriak nonahi

Alduntzinekin ados dago Cristina Oses: bisitariak erakartzeko akuilu izan daiteke geltoki berria eta bertako zerbitzuen hobekuntza. Hala ere, ez du egunerokotasunean erabiltzen dutenekin ahaztu nahi: "Nire semeak dezente erabiltzen du geltokia, eta haiei eman behar zaie lehentasuna". Ez hori bakarrik; Pasai Donibanekoa da Oses, eta probintziatik datozen autobusek geltoki berriarekin lotura onak izatea garrantzitsutzat du: "Askotan presaka ibiltzen da jendea autobusez aldatu behar duenean, eta zaindu beharreko alderdia da". Elbarrituen elkarteak agertutako kexuarekin ere kezkatuta dago. Irratian entzun zituen haien kexuak. Haien arabera, 21 nasatik bederatzik soilik dute elbarrientzat irisgarritasuna, eta "derrigor konpondu beharreko gaia" dela uste du, elbarrien eskubideak defendatu aldera.

Xabier Lopezek, bere aldetik, egunerokotasunean duen inpaktua aztertu nahi du iritzia eman baino lehen. Egunero hartzen du Bilborako autobusa, eta ez daki geltoki berrira iristeko nola moldatuko den: "Eguraldi onarekin bizikletan ibiltzen naiz, baina txarra egiten duenean Dbuseko autobusa hartu ohi dut Amara Plazara etortzeko. Suposatzen dut autobusen ibilbideak aldatu beharko dituztela behar berrietara egokitzeko".

Bakoitzak bere aldarriak eginagatik, bostak bat datoz berrikuntzaren beharrarekin. Hala laburbildu du egoera Osesek: "Herrialde azpigaratuetakoa dirudi Pio XII. plazako geltokiak". Eraikinak "Donostiak merezi duen zerbitzua" eskainiko duen esperantzan, erabiltzaileei ere eskaera bat egin die izenik eman ez duen gidariak: "Ganorazko geltokia izatea lortzen badugu behingoz, jokatu dezagun guk ere ganoraz, erosotasunaren izenean inoren lana oztopatzen ibili gabe".

Autobusak ez dira garaiz iritsiko

Autobusak ez dira garaiz iritsiko

Kostata, baina iristear dira autobusak Atotxako geltoki berrira. Pio XII. plazako geltokia hogei urtez erabili ostean, hil honen amaierarako edo urtarrilerako espero da aldaketa. Datorren ostegunean, hilak 17, ziren zabaltzekoak, baina asmoa atzeratu...

Oraingoz, txapela publikoari

Oraingoz, txapela publikoari

Zortzi egun besterik ez dira falta Gipuzkoako bertsolari onenari txapela janzteko. Zortzi egun, duela zortzi hilabete hasi zuten ibilbidea bukatzeko. Prest dute agertokia: Donostiako Ilunbe zezen plaza. Eta prest da txapelagatik lehiatuko duen zortzikotea ere: Jon Maia, Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Oihana Iguaran, hain zuzen. Egun handiaren ostean aterako dituzte txapelketaren inguruko ondorioak eta egingo balioespenak. Baina, finalaren atarian eta irabazle ofizialaren faltan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak dagoeneko badu bere txapeldun partikularra: publikoa.

"Zerbait nabarmendu beharko banuke, saioetan izan den giroa izango litzateke: harrigarria izan da, luxu bat, publikoari dagokionean", Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan. "Eibarren, finalaurreko azken saioan, egundoko giroa egon zen, finaleko saio bat zirudien. Eta zaleek ez ezik, bertsolariek ere gustura zeudela ematen zuten, nahikoa eroso ari zirela kantatzen". Bataren jarrerak bestearena elikatzen baitu, eta alderantziz.

Orain aste batzuk halaxe zioen Aitor Mendiluze bertsolari eta Bertsozale Elkarteko langileak ere: "Ni izan naizen saioetan bertsotarako oso giro aproposa sortu da. Aurreko zenbait txapelketetan baino lasaiago ikusi dut jendea, errespetu aldetik. Bertsoak entzuten ari diren bitartean txorakeria gutxi. Beti izaten da norbait zarata pixka bat handiagoa egiten duena, baina, oro har, entzule ona doa, bertso onak entzuteko eta txalotzeko gogoz, eta plaza beroak".

Plazen beroan, erabat ados Jauregi ere. "Gogoratzen naiz, Zarauzko saioan, aurkezle nintzela, momentu batean isilik egoteko eta guzti eskatu behar izan niola publikoari, Agin [Laburu] kartzelatik etorri eta jertsea kentzen hasi zenean, batzuk txistu joka hasi zitzaizkiolako", dio, barrez. "Horrelako zerbait izan da, baina normala ere bada, ezta? Zarata pixka bat ere egon behar du. Bakarrik, momentu horietan nahiko trantzea izaten dela bertsolarientzat, erabat kontzentratuta datozelako". Baina, gainontzean, jendea errespetuz aritu dela nabarmendu du, komunera joan- etorrietan, ez dela inolako gorabeherarik izan.

Kopuruei dagokionean ere, "bikain" erantzun dute zaleek, Jauregiren irudiko. 500 bat lagun bildu ditu saio bakoitzak. "Beasainen uste dut, aurreneko saioan, kanpoan geratu behar izan zuen jendeak, eta Zestoan ere komeriak izan genituen denak sartzeko. Gainontzekoetan ez da horrelako jende olderik izan, baina gustura egoteko moduan gaude. Jende asko mugitu du txapelketak".

Beste horrenbeste espero du finalerako ere, kopuruari zein jarrerari dagokionean. "Egia da, normalean, zarata arazo gehienak finaletan izaten direla. Azkenean, jende gehiago izaten da, jendea gehiago mugitzen da eta bertso saioetan-eta gutxixeago ibilitako jendea izaten da". Bertsozale asko bilduko diren arren, ez da aparteko arazoen beldur.

Dagoeneko 5.000 sarrera inguru saldu dituzte eta egunotan besteren batzuk saltzea espero dute. "Duela lau urte, 8.000 pasatxo izan zirela uste dut, aurten ez dakit horretaraino ailegatuko garen ala ez, baina egia esan ez gaude kopuruekin itsututa ere", Jauregiren arabera. "Saio on bat ateratzea eta bertsolariak eta bertsozaleak gustura geratzea da guk nahi duguna". Eta horretarako osagaiak badaudela uste du. "Zortzikote polita osatu da finalerako: beteranoak daude, gazteak ere bai, neskak, mutilak... denetarik dago. Ziur naiz guztien artean finaleko saio oso polita egingo dutela".

Ihesean atxikiak akorduan

Ihesean atxikiak akorduan

Aitortzak eta justiziak beste urrats bat egingo dute bihar Villabonan. Kontzentrazio esparruetan egon ziren herritarrak omenduko dituzte herrian, memoria jorratzen diharduten bi elkarteren eskutik: Villabonako Aritza Kultur Elkarteak eta Errenteriako La Ilusion elkarteak antolatu dute Akordatzen garelako bizirik daude omenaldia. 12:00etan izango da, Errebote plazan. Zehazki, La Ilusion elkarteak martxan duen proiektuaren barruan kokatzen da ekitaldia: Mauthausenen (Austria) egondako gipuzkoarren etxe atarietan plakak jartzeko ekinbidea gauzatzen ari da. "Historiak ez die inoiz aitortzarik egin pertsona horiei. Kontakizunaz hitz egiten da, baina noiz hasten da kontakizun hori? 1960. urtean? Hori da, esaterako, arlo horretan Jaurlaritzari egin diezaiokegun kritika", dio Esti Amenabarro Iraolak, Aritza Kultur Elkarteko kideak.

Mauthausen, Argeles (Herrialde Katalanak) eta Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruetan egon ziren billabonatarrak preso. Bederatzi herritar ditu dokumentatuak Aritza elkarteak, eta bihar bi gogoratuko dituzte bereziki: Adolfo Lozano Olazabal II.Errepublikan armadako teniente izana eta Alberto Beafourt Mauthausen kontzentrazio esparruan egondakoa —1940ko udatik Mauthausen-Gusen deitua—.

Biharko ekitaldian egongo direnetako bat da Concepcion Lozano Bengoa, Lozanoren alaba. Ez zuten elkar ezagutu: "Oso gutxi genekien Adolforen kasuari buruz. Arakatzen aritu gara, eta alabarekin egin dugu topo. 90 urte ditu. Honela esan zidan: 'Zuk nire aitaz nik baino gehiago dakizu'. Berarentzat ilusioa sekulakoa da". Aita gerran zela geratu zen haurdun Concepcion ama, senarrari egindako bisita batean.

Irakaslea zen ogibidez Lozano Olabazal, Hernanin, eta ofizio hori utzita, armadan egin zuen bere ibilbide profesionala. 36ko gerraren lehen lerroan borrokan aritu zen. Artilleriako teniente izan zen 1937an, 137. Brigada Mistoan, eta kapitain urtebete geroago. Herrialde Katalanetan jardun zuen nagusiki.

Gerra galdu zuten errepublikano askok bezala, ihesari ekin zion, Frantziarantz. Alemanek lurraldea okupatu zutenean, ordea, ihesean zihoazen errepublikanoak atxilotzen hasi zen Gestapo, nazien polizia. Hark atzeman zuen Lozano ere. Hainbat kontzentrazio esparrutatik igaro zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen-Gusen... Azken horretan hil zen, 1941eko azaroaren 7an. Aritza elkarteak dokumentu bakarra topatu du haren heriotzaren inguruan, Mauthausenetik bertatik jasoa: biriketako pneumoniak jota hil zen, idatzi horren arabera. "Kasu askotan ageri da arrazoi hori, eta artxiboan lan egiten dutenek ere esaten dute, ez dela oso fidagarria".

Lozanoz gain, Alberto Beafourt billabonatarra ere Mauthausenen eduki zuten. Herrikideak ez bezala, hura libre geratu zen, 1945eko maiatzean. Europan III. graduko eremu izendatzen zituzten kontzentrazio esparruetako bat zen Mauthausenekoa, eremu gogorrenetariko bat. "Auschwitz modukoa zen; han gehiago zeuden errusiarrak-eta; Mauthausenen, berriz, Espainiatik ihes egindakoak gehienbat". Alemania nazian sortutako lehen eremu jendetsuetako bat izan zen, eta heriotza tasarik handienetakoa zuen. Guztia legez babestutako esparru batean gertatzen zen: "Biolentzia erabiltzeko egiturak ziren, estatu baten aparatuak, legez onartuta zeudenak".

Informazio gehiagorako, bisitatu webgune hau:

www.amasavillabonaoroitzen.net

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifes...

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guz...

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

Gizakiaren betiko ametsa, betiko gogoa izan da txoriek bezala hegan egitea. Haizea aurpegian sentitu eta askatasunez hegaztiak bezala mugitzea. Historian zehar hamaika ahalegin egin ditu gizakiak horretarako. Parapentean hegan egitea litzateke gaur egun horri gehien hurbiltzen zaion aukeretako bat. Iñigo Urrutikoetxeak (Donostia, 1959) 1980ko hamarkada hasieran egin zuen lehen hegaldia parapentean. "Mont Blancera joan ginen, eta han ikusi nituen bi lagun, parapentea motxilan hartuta, gero mendian behera salto egiteko". Atentzioa eman zion jarduerak, eta orduan harrapatu zuen kirol horrek betiko.

Hegan egiten duenean "amets batean bezala" sentitzen dela dio. "Itsaso gainetik parapentean hegan zoazenean, badirudi errealitatetik atera egin zarela, eta munduari kanpotik begiratzen diozula". Hegan egitea "lasaitasuna" da Urrutikoetxearentzat. "Parapentean ibiltzera datorrenak adrenalina espero du, baina aireratze eta lurreratze momentuak kenduta, hegan zoazenean lasaitasuna da sentitzen duzuna".

Bera bezala, jende asko harrapatu du parapenteak ordutik. Eta zabalpen horretan badu partea Urrutikoetxeak ere. 1989tik eskaintzen ditu parapente ikastaroak Donostian. Baina, horrez gain, parapentean ibiltzearen esperientzia probatu nahi duenarentzat ere badu eskaintza. Bi lekuko parapentean Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko parada ematen baitie bezeroei, aurrez ikastarorik egin beharrik gabe.

Urrutikoetxea hasi zenean, parapentearen hastapenak ziren. "Ordu arte paraxutarekin egiten zen, baina paraxuta egokitu egin zuten, eta hortik sortu zen parapentea". Autodidakta gisa definitzen du bere burua Urrutikoetxeak. "Garai hartan ez zegoen eskolarik; Frantziatik ekarritako aldizkariak irakurtzen nituen, eta horrela ikasi nuen hegan egiten". Aitzindaria izan zen, beraz, kirol horretan. "Pentsa, Espainian 6. parapente irakaslea naiz, lehen promoziokoa".

Gizakia Helburun lan egiten zuen Urrutikoetxeak garai hartan, baina irakasle titulua eskuratzearekin batera beste lan aukera batzuk sortu zitzaizkion. Astegunetan Gizakia Helburun jarraitu zuen lanean, baina asteburuetan Zurizako kanpinean (Huesca, Espainia) parapente eskolak ematen zizkien bezeroei, kanpineko gerenteak hala eskatuta. "1987a zen, eta bi urte egin nituen asteburuetan hara joaten".

Kirol berritzailea izanik, bezeroek hegan egiteko materiala eskatzen zioten Urrutikoetxeari. "Ez zegoen halako materiala erosteko ia aukerarik, eta nik lortzen nien materiala". Afizio zena lanbide bihurtzea deliberatu zuen Urrutikoetxeak 1989an. "Donostian denda bat ireki nuen, Urruti Sport. Han, parapentean hegan egiteko materiala ez ezik, mendiko eta eskaladarako materiala saltzen genuen; eta, horrez gain, parapentean ibiltzeko ikastaroak eskaintzen genituen bezeroentzat".

Urrutikoetxeak parapentean ibiltzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzen du, hogei ordukoa. "Oinarri-oinarrizkoa da hori, hegan egiten ondo ikasteko urtebete behar baita gutxienez", azaldu du. Horrez gain, bi lekuko parapentean irteerak ere egiten ditu bezeroekin. "Kontua da jende asko etortzen zela ikastaroa egitera, hori zelako parapentean probatzeko bide bakarra. Baina jende horrek ez zuen asmorik parapentearekin jarraitzeko, esperientzia probatu besterik ez zuten nahi". Horrela hasi ziren bi lekuko parapentean irteerak egiten. "Bi lekuko parapentean irakasleak egiten ditu gidari lanak, atzetik, eta bezeroa aurrean joaten da. Batere esperientziarik izan gabe, hegan egitea zer den probatzen dute, arriskuak minimora jaitsita".

Eguraldiak eta haizeak baldintzatutako kirola izanik, batik bat udaberri eta udako hilabeteetan egiten dituzte irteerak. "Baina eskaintza urte osoan dago. Eguraldi ona badago, eta haizeak laguntzen badu, edozein urtarotan atera daiteke".

Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko aukera ematen dute hegaldiek. 20-45 minutu artekoak izaten dira, eta Donostiako Uliatik, Orioko Kukuarritik, Zarauzko Talai Menditik edota Zestoako Endoiatik ateratzen dira. Itsaso gainean hegan egin, eta kostaldeaz beste ikuspegi batetik gozatzeko modua ematen dute, parapentean ibiltzeko esperientzia bizitzeaz gain.

Eta edonork egin dezakeela dio Urrutikoetxeak. "4 urteko ume batekin egin dugu hegaldia, eta joan den astean, adibidez, 92 urteko gizon batek egin zuen".