Albisteak

Elkartasunaren fruitua biltzen

Poza. Itxaropena. Ilusioa. Urduritasuna. Harrotasuna. Hainbat sentipen dituzte barruan TS Fundicionesen Arroako (Zestoa) plantako langile(ohi)ek, baina bat gailentzen zaie, eta agerikoa da haiekin hitz egitean: harrotasuna. Egindako borrokarengatik. B...

XX. mendeko euskaldunen istorioak, umorez

1966an Telesforo Monzonek idatzitako Hazparneko Anderea oholtzara eraman du Iduzkilore taldeak. Ander Lipusek egin du egokitzapena, eta Monzonen testua "clown erara" landu dute, parte hartzaileek eurek diotenez. Lapurdi osoko antzezleek osatzen dute ...

Neurriak, lan istripuak saihesteko

Olaberriko Karobi industrialdean izandako lan istripua salatzeko, elkarretaratzea egin zuten asteazkenean hainbat lagunek industrialdearen sarreran, gehiengo sindikalak deituta. Ezbeharra astelehenean gertatu zen, Construcciones Metalicas Ogei enpresa...

11:30

'Euskahaldunen' argazkia, bihar, donostianAEK-k Korrikaren mezua hedatzen jarraitu nahi du. Euskahaldun ideiaren barruan, kontzeptu bat azpimarratu nahi du: euskara jakin ez, ahaldundu, eta euskara ikastea lortu zuen jendea. Horiek ikusarazteko, talde...

Gil Berzalen ardo naturala: gaur egunera egokitutako tradizioa

Aitonari entzundakoak bere egin ditu Saul Gil Berzalek: "Ardoa mahastian egiten da. Han etxeko lanak egiten ez badituzu, gero zaila da upategian ondo lan egitea". Guardiako (Araba) Gil Berzal upategiaren ardoek kalitatezko mahatsa dute oinarrian; hortik abiatuta, zabala da eskaintza: "Gurasoek ardo gaztea egiten zuten bakarrik. Lekukoa hartzerakoan, ardo bereziagoak ekoizten hasi gara: autore ardoak ditugu, zainduagoak, modernoagoak...".

Zazpi ardo ekoizten dituzte egun; Recoveco gaztea da Euskal Herriko Plazak eskaintzen duena. Berezia da ekoizpen modua: "Oso modu tradizionalean egiten da; galtzen ari da, gainera, eta horri eustea garrantzitsua dela uste dugu". Beratze karbonikoa erabiltzen dute ekoizpenean: mahats mordoa mahastitik jasotzen duten bezala hartzitzen dute, osorik, eskeletoa deitzen diotena kendu gabe. "Horrela, ardo freskoagoa lortzen da, Arabako Errioxako ardo tipikoa". Bi mahats mota ditu Recoveco gazteak: %95 tenpranilloa da, eta %5 biura. Intentsitate handiko usaina du, fruitu lurrinekoa eta erregaliz ukituduna.

Sukaldean bezala, ardogintzan ere lehengai onak izatea ezinbestekoa da Gil Berzalentzat: "Sukaldari bati arrain freskoa ematen badiozu, ziur plater ederra egingo dizula. Izoztutakoa emanez gero, ordea, agian hobetuko du, baina ez da bikaina izango". Produktu on bat lortzeko, ekoizpen prozesua lehen momentutik zaintzen dute, inaustetik bertatik: "Inauste motzak egiten ditugu, eta mahats mordo txikiak izaten saiatzen gara, ardoak kalitate hobekoak izan daitezen". Gil Berzalen ustetan, asko ekoitziz gero, umotzea ez da behar bezalakoa izango, eta kalitatea ez da hain ona izango. "Errendimendu oso baxuan egiten dugu lan: hektareako 6.500 kilora arte dago baimenduta, baina guk 4.000-4.500 kilo ditugu. Uste dugu hori dela egokiena kalitatezko ardo bat egiteko".

Ardo naturalak dira Gil Berzalenak. Mahastizaintza ekologiko eta iraunkorra lantzen dute: ez dute ongarririk erabiltzen, ez herbizidarik, ezta produktu kimikorik ere. Upategian ere, filosofia hori daramate: berezkoa duen legamiarekin hartzitzen da mahatsa, eta ez dute azidorik botatzen. "Gure asmoa da barrika ez dadila protagonista izan, errespeta dezala fruitua, eta fruitu hori izan dadila benetako protagonista". Tradizioan oinarritutako ekoizpena egiten dute; Gil Berzalentzat, hala ere, "oso garrantzitsua" da teknologia ardoa egiterakoan. Tenperaturak kontrolatzeko ekipamenduan eta abarretan egin dituzte berrikuntzak.

Izotz ardoa

Urtean 80.000-100.000 litro ekoizten dituzte upategian, eta erdia botiletan merkaturatzen ari dira. Eskaintza zabaltzearekin batera, "hazten" doa upategia. Esperientzia berriei ere ireki diete bidea: izotz ardoa egiten dute: "Mahats bilketa negurako uzten dugu; ez da, ohi bezala, urrian biltzen". Lehenengo izozteak heltzen direnean jasotzen dute, azaro bukaeran edo abenduan: "Gauean egin behar da, mahatsa izoztuta dagoenean. Prentsatzea ere zero azpiko tenperaturetan egiten dugu". Gil Berzalek dioenez, izotzak mahatsa deshidratatzen du, ura kentzen dio, eta mamia geratzen da. "Ardo aromatikoa da, gozoa".

Toloño mendilerrotik hurbil daukaten sail batean egiten dute izotz ardoa; "oso hotza" izan behar du tokiak, bestela, ez du funtzionatzen: "Saiatu izan gara beste toki batzuetan egiten, baina ezin izan dugu lortu". Neguan, gaueko mahats bilketan parte hartzeko aukera eskaintzen dute; upategiaren webgunean eman daiteke izena.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Gil Berzal upategia.

Helbidea. www.gilberzal.com

Eskaintza. Recoveco ardo gaztea, 2012. urtekoa. Hiru botilako kaxa bat. Ekainaren 10era arte eskura daiteke.

Prezioa. Kaxak 20 euro balio du.

Produktua erosteko. www.euskalherrikoplaza.com

Udaletan hegemonia garbirik ez

Udal hauteskundeen osteko mapak kolore bakarrekoa zirudien duela lau urte. Bilduk nagusitasunez irabazi zuen Gipuzkoan, eta udaletan ere inoizko udal kopuru handiena lortu zuen Sortu, Alternatiba eta EAren arteko koalizioak. Hegemonia. Horixe Bilduk 2011ko udal hauteskundeen ostean lortutakoa definitzen zuen hitza. Hegemonia hori galdu egin du oraingoan EH Bilduk, eta mapa berriak kolore gehiago ditu,...

Gure baitan daude biak

Aurreko batean auzoko supermerkatuan erosketak egiten niharduela, gizon bat hurreratu zitzaidan, eta "hamabost zentimo emango dizkidazu barra bat erosteko?", esan zidan. Eskua jaso eta ogia zuela erakutsi zidan. Oso erreakzio arraroa izan nuen. Begira...

Irudiz lotutako herria

Obretan trasteak uzteko erabiltzen dituzten hiru etxola jarri dituzte Andoaingo Goiko Plazan. Horietako batera sartu aurretik, eguraldiaz ari dira Aitor Regillaga, Urko Vallejo eta Pablo Artetxe. "Pena bat da; ona egingo balu, askoz hobea litzateke". Argazkialdia jaialdiaren antolatzaileetako hiru dira, eta barrura sartuta, gela ahalik eta ilunen jartzeaz arduratu dira. Kamera iluna deitzen diote.

Paretak zuri, eta diametro ezberdineko zuloak ditu etxolak aldeetako batean. Zuloetako bat baino ez dute libre utzi. "Hasieran kostatuko da ikusmena iluntasunera ohitzea, baina pixkanaka joango zara paretan kanpoko irudia ikusten, buruz behera", dio Vallejok. Zerua beheko partean ikusten hasi da. Eta alboan zuhaitzak. Goialdean, haurrak jolasean, jendearen mugimendua. Gero eta argiagoa da irudia. "Hau da argazkilaritzaren funtsa. Hemen ez dago ez teknologiarik, ez elektronikarik". Argazki kamera handi baten barruan sartzea bezalakoa da. Sentsore bat edo paper fotosentikorra erabiliz gero, argazkia ateratzeko aukera legoke. Etxolako argia piztean bukatu da magia: "Argiak egiten duena argiak kentzen du".

Kamera ilunetik kanpora aterata, bi zerri ikusten dira Urnietako kale batean, prozesioa Orendainen, haurrak eta oiloak Abaltzisketan, eta emakume bat astoari tiraka Altzon. Gipuzkoako herri horiek eta beste zenbaitek 400 urte bete dituzte aurten —Andoain barne—, eta tamaina handiko argazkien bidez, udalerriok denborarekin izan duten bilakaera erakutsi nahi izan dute. Horretarako, antzinako argazkietan agertzen diren tokietara itzuli dira Argazkialdiaren antolatzaileak: leku berean argazkia atera, eta bi irudiak bateratu dituzte, iragana eta oraina fusionatuz.

Goiko Plaza, beraz, ezohiko gune bilakatu da egunotan, baina ez hori bakarrik: herri osoan zabalduta dauden artelanen ibilbidea hasteko —edo bukatzeko— puntua ere bada. "Argazkiak kalera atera nahi genituen, eta herria horiekin batu. Luzean garatu den herria da Andoain. Goiko Plaza eta Zumea plaza loreontzietan eta tabernetan jarritako erakusketekin lotu ditugu".

Hogei erakusketa, tailerrak, solasaldiak, argazki rallya eta beste prestatu dituzte aurtengo Argazkialdian, maiatzaren 16tik ekainaren 14ra bitarte. Bigarren aldia du jaialdiak Andoainen, eta, lehen aldian bezala, askotariko estilo eta lanak jaso dituzte. Aniztasuna nahi zuten, Regillagak dioenez: "Ugaritasuna biltzen saiatu gara: fotokazetaritza daukagu, lan intimistagoak, pentsarazten dutenak...". 25 lanetik gora jaso zituzten, eta aukeraketa bat egin behar izan dute.

Goiko Plazatik Zumeara bidean, Bastero kulturgunean egiten du geldialdia Argazkialdiak. Ibilbide luzeagoko argazkilarien lanak bildu dituzte han. Vallejok azaldu duenez, "oreka" bilatzen ahalegindu dira: "Jaialdiaren asmoa bada ibilbide luzea egina ez dutenei aukera erakusteko ematea, baina argazkilari ezagunen obrarik ekartzen ez baduzu ere, gure asmo hori mugatua egon daiteke".

Basteroko gelan ez dago kamera ilunean zegoen pareta zuririk. Nagore Legarreta argazkilariaren lanek, ordea, badute haren antzik: kamera ilunean oinarritutako teknika darabil. "Lapiko bat eta atun lata bat erabili ditu. Bakoitzari lau zulo egin, argazki paper fotosentikorra atzetik jarri eta zuloetatik argiak sartuta egindako irudiak dira. Horiek digitalizatu, eta hau da emaitza". Emakume gorputz zatikatuak ageri dira, harremanetan. Argazkilariak norberaren espazio pertsonalaren eta gainerakoen espazio pertsonalaren arteko tentsioaren inguruko gogoeta egin du Hysteron lanean, genero ikuspuntutik.

Legarretaren lanen zuri-beltzetik Iñigo Royoren koloreetara. Lucianorekin berriketan erakusketa ikusten hasi aurretik, dagokion azalpena irakurtzeko gomendatu dio Artetxek kazetariari. Irakurtzeaz bukatutakoan, Vallejok: "Azalpenak argitzen du, ezta? Ikusten da bere kanarioak ideia askoren artean hartzen duen jarrera". Royoren argazkiak jarri ditu Argazkialdiaren aniztasunaren adibide: "Paisaia edo hiri argazkigintza oso ezaguna da, baina ikus dadila badaudela hortik ateratzen diren lan oso interesgarriak ere".

Zuri-beltzera egiten du buelta bisitariak Lobo Altunaren Inon ez erakusketaren parean. Mila gabeziaren kronika da, mila ahanzturarena; inora ez daramaten hainbat biderena. Hala definitzen du argazkien alboan Begoña del Tesoren testuak. Irteerako eskaileretarako bidean, Beñat Arregiren lanak ageri dira. Gartxot Arregi anaiak eta Eduardo Arreseigorrek argazkilari zenaren hainbat lan berreskuratu dituzte jaialdirako. "Arte eta argazkilaritza arloko jendearentzat etorkizun handiko mutila zen. Jendea hunkituta utzi duen erakusketa da hau", dio Vallejok. Duen balio artistikotik harago, balio emozionala nabarmendu du. Basteron ez ezik, herriko hainbat txokotan ere aurki daitezke Beñat Arregiren printzak. 1980ko hamarkadan hark atera zituen hainbat argazki orduko toki berean jarri ditu Gartxotek, zuri beltzean eta formatu handian.

Herriko argazki ibilbideari jarraika, erretratuak aurki daitezke Bastero ondoko loreontzietan. Regillagak dio herritarrak "erretratu klasikoa" aurkitzea espero dezakeela, baina Kena, Adriana eta Sansa ez dira ez pertsonak: hiru erbi-txakur eme dira. Oihana Serranok erretratatu ditu "etxeko erreginak".

Zumeara iristean, Gipuzkoatik jira berriro: gizonezko talde bat trenaren zain dago Itsasondon, lastoa biltzen dabiltza Araman, elizako arkupeetan bueltaka Zaldibian. Etxoletan, berriz, Jordi Vidal eta PH15 kolektiboaren lanak. Azken horren ekarpena aipatu du Regillagak: "Argentinako kolektibo bat da, eta argazkilaritza arlo sozialetik lantzen dute, haur eta gazteekin".

Argazkialdiaren eskaintza ez da, ordea, erakusketetara mugatzen. "Kulturan jendea formatu egin behar dela uste dugu, eta hainbat tailer antolatu ditugu". Herritarren aldetik jasotakoarekin gustura daude. Inaugurazio ekitaldian bertan 300 lagunetik gora bildu zituzten Basteron. Muntaketa astebete lehenago egina zuten, eta ekitaldian ikusi ahal izan zuten jendeari gustatu zitzaiola.

Lehen aldiko jaialdiaren izaerari eutsi nahi izan diote aurten ere: kostu baxuko eta kalitate handiko argazki jaialdia izatea. Ahalegin horretan, babesleen aldetik jasotako babesa eskertu dute antolatzaileek —Irizar da nagusia, eta BERRIA ere babesle da—: "Horrelako argazkilariek hedapena behar dute, haien lanak ezagutzera ematea, eta eskertzekoa da laguntza".

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.argazkialdia.com

2.834

gosari osasuntsuen kanpainan aritu diren haurrakGosariaren garrantzia azpimarratzeko kanpaina eskoletara eraman du beste urte batez Bihotz Bizi elkarteak. Guztira, 59 eskolatako 2.834 haurrek parte hartu dute Gipuzkoan; azkenak, aste honetan, Elgoibar...