Politika

“Suspertzerako” aurrekontua

“Suspertzerako” aurrekontua

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu du jada datorren urterako aurrekontu proposamena. Batzar Nagusietan, departamentuz departamentu eman dituzte azalpenak, eta prentsaren aurrean ere ari dira agertzen sail bakoitzak bere diru sailarekin egin asmo duen kudeaketa. Guztira, 813 milioi euroren aurrekontuak aurkeztu zituen Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 9an. Aurreko urtekoaren aldean, %5,4koa da hazkundea, eta 42 milioi eurokoa da aldea kopuru orokorretan.

Kopuru osoaren zati handiena Gizarte Politiken Sailak eramango du, aurrekontuen ia erdia. Iazko aurrekontuekin alderatuta, kopuru orokorretan igoera handiena izango duen saila, ordea, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka izango da. 47 milioi eurotik 70 milioira igoko da departamentu horren aurrekontua—%49,11ko igoera—.

Aurreikuspenen arabera, abenduko hirugarren astean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte aurrekontuak, Batzar Nagusietan.

GIZARTE POLITIKAK
Adinekoen laguntzak

Aurrekontu osoaren ia %47 gizarte politiketarako erabiliko du aldundiak. Aurten baino 17 milioi gehiago izango ditu, 346 milioi euro, guztira. Maite Peña diputatuak Batzar Nagusietan azaldu zuenez, pertsonak izango dira sailaren ardatza. Herritar bakoitzeko "480 euro baino gehiagoko inbertsioa" egingo dute.

Hiru lan ildo estrategiko izango ditu sailak: batetik, gizarte zerbitzuen antolaketa, kobertura eta kalitatea hobetzea. Horren barruan kokatu du 2015-2017 epeko gizarte zerbitzuen mapa. Hori ahalbidetzeko, egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxebizitzetan 140 toki berri sortuko dituela aurreratu du Peñak. Etxeko arreta sustatzeko zerbitzu eta laguntzak ere indartzea da asmoa.

Bestetik, gizarte zerbitzuak egungo eta etorkizuneko premietara egokitu nahi ditu sailak. Adinekoen arretarako bideratuko du diru gehien, saileko aurrekontu osoaren %37 —128 milioi euro—. Horrez gain, 78 milioi euro zerbitzu edo laguntza ekonomikoetarako izango dira, 42 milioi euro adingabeen babeserako, 39 milioi euro desgaitasunen bat dutenei laguntzeko, eta 25 milioi euro gizarteratze eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako. Kabia eta Uliazpi foru organismoak kudeatzeko 21 milioi baliatuko ditu.

Hirugarren ildoa erakundeen arteko elkarlana izango da, gizarte zerbitzuen legea garatzeko.

BIDE AZPIEGITURAK
Errepideen kontserbazioa

Bide Azpiegituren Sailak 77,7 milioi izango ditu, aurten baino 7,5 milioi gehiago. Aurreko urteetan bezala, errepideen kontserbazioak eta artapenak hartuko dute aurrekontuaren zati handi bat: 56 milioi. Joan den legealdiarekin alderatuta, ia %5 igo da bideen artapenerako ohiko aurrekontua. 56 milioi horietatik 11 programa berezi batera bideratuko dituztela jakinarazi du Aintzane Oiarbide diputatuak. Datorren urtean abiatuko dute, artapen bereziei zuzenduta eta prebentzioan arreta jarriz.

Etzegarateko ordainlekua martxan jartzeko 10 milioi izango ditu diputazioak, baita "N-1 errepideko trafikoa berrordenatu eta errepide hori erabilita Gipuzkoa igarotzen duten kamioiek paga dezaten".

Gainera, Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoa osatu nahi du. Horretarako, ia hiru milioi daude jasota GI-632ko Bergara-Antzuola zatirako proiektu berria idatzi eta obrei hasiera emateko. Horrekin batera, Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideak hobetzeko proiektuak ere biltzen ditu aurrekontu proiektuak.

EKONOMIA SUSTAPENA
50 milioiko plana

Gehien haziko den sailetako bat izango da Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekarena: 47 milioi euro izan ditu aurten, eta 70 milioi izango ditu 2016an. Kopuru horretatik gehiena aldundiaren apustu nagusienetako batera bideratuko dute, Ekonomia Suspertzeko Planera. Lau urterako plana da, eta urtero 50 milioi euro jasoko dituzte aurrekontuetan. Helburua: ekonomia bultzatzea, eta ongizate estatua eta lurraldearen gizarte kohesioa bermatzea. Datorren urterako, honela egin du banaketa: 27 milioi industriak eramango ditu, 10 milioi turismoak eta kulturak, 8 gizarteratzeak, eta 5 lehen sektoreak.

MUGIKORTASUNA
Lurraldebus eta Pasaia

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 58,6 milioi euro izango ditu 2016an, ia 10 milioi gehiago. Marisol Garmendia diputatuak sailaren lehentasunen artean aipatu ditu Lurraldebus eta Pasaia.

Lurraldebusi dagokionez, zerbitzua kudeatzeko 31,5 milioi euro izango ditu. Zerbitzua "hobetzea eta modernizatzea" da erronka, eta arreta berezia jarri nahi du erabiltzaileengan. Hori horrela, Lurraldebus Gunea sortuko du Donostian, herritarrei informazioa emateko. Milioi bat finkatu du horretarako.

Pasaialdea "erabat" biziberritzea da departamentuaren beste lan ildoetako bat. "Biziberritzea ez bakarrik hirigintzari dagokionez, baita ekonomiari, gizarteari eta kulturari dagokienez ere". 7,8 milioi jaso dituzte aurrekontu proiektuan; horietatik lau milioi Jaurlaritzarekin egindako akordioaren baitakoak dira, eta gainerako 3,8 milioiak aurretik hitzartu eta orain "berrabiatu" egingo diren ataletarako izango dira.

Donostia aldeko metroaren proiektua garatzeko 400.000 euro aurreikusi ditu aldundiak, proiektuaren lehen zatirako. Obren kostu osoa eta pagatu beharrekoaren zenbatekoa zehazten denean handituko da kopurua —obrak urte amaieran lizitatzea espero da—.

KULTURA ETA KIROLA
Kulturari protagonismoa

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailak ia 55 milioi izango ditu, aurten baino %15,9 gehiago. Gobernuak "protagonismo handiagoa" eman nahi dio kulturari, "gizartea eraldatzeko tresna bihurtu". Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzari 4,9 milioiko ekarpena egingo dio, 3 milioi Tabakaleraren eraikinerako eta 1,6 milioi hango jardueretarako. Gipuzkoako ohiko kultur ekitaldietarako diru sailei eutsiko die; Zinemaldiari, esaterako, milioi bateko ekarpena egingo dio, iaz baino 115.000 euro gehiago. Proiektu "estrategiko" handiak kudeatzeko, Parte Hartze eta Berrikuntza Unitatea sortuko du —12 milioi euro—.

Turismo Sailera 1,6 milioi euro bideratuko dituzte. Kirol esparruan Kirolgiri bultzada eman nahi dio aldundiak, eta gazteen kirola eta kirol egokitua sustatu. Lankidetzari dagokion aurrekontuak 3,8 milioi izango ditu (%0,30eko igoera).

OGASUNA ETA FINANTZAK
Iruzurrari aurre egin

2015eko kopuru antzekoetan mantentzen da Ogasuna eta Finantzak sailaren datorren urteko aurrekontua; 46 milioi euro izango ditu Jabier Larrañaga diputatuak zuzentzen duen departamentuak kudeaketarako. Ogasuna zergadunei hurbiltzeko eta haiei eskaintzen zaizkien laguntza eta arreta zerbitzuak hobetzeko 11 miloi euroko sail bat izango da.

Baina diru kopuru handiena zerga administrazioak eramango du: 20 milioi euro. Larrañagak nabarmendutakoaren arabera, zerga iruzurraren aurkako borrokarako baliabideak bere horretan mantenduko dituzte. Bestalde, "zerga eginbeharrak betetzearen inguruko mentalitate aldaketa" landu nahi du, eta hori ere sartuko da sail horretan.

GOBERNANTZA
Eraldatzearen euskarri

39 milioi euro pasatxo izango ditu Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak. Ia erdia, %45, Suteen Aurkako Babes eta Salbamendu Zerbitzura joango da; %14,72 aldundiaren zerbitzu orokorretara; %13,14 Funtzio Publikoak eramango du; %10,6 departamentuko zerbitzu orokorrek; %7,51 Modernizazio eta Zerbitzuen Hobekuntzako zuzendaritzara joango da; %5,23 Idazkaritza, Aholkularitza eta Defentsa Juridikora; %2,66 Herritarren Partaidetzak eramango du; eta %1,21 Kanpo Harremanetarako izango da.

Imanol Lasa diputazioko bozeramailearen arabera, "aldundiaren kudeaketa eraldatzeko euskarri nagusia" izango da departamentu hori.

INGURUMENA
Errauste planta

Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamentuak ia 21,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an, eta horien artean GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari zuzendutako 6,2 milioi euroko sail bat ageri da, errauste planta eraikitzeko izango dena. "Aurreikusten diren azpiegiturak egiteko" jartzen du atal horretan, eta 2019ra bitarteko "kredituak" aurreikusten ditu, orotara 84,4 milioi euroko inbertsio batera iritsi arte. Kopuru hori foru aldundiak GHKn duen pisuaren araberakoa da, eta obra osoaren herena finantzatuko luke. Aurtengo 6,2 milioiei, 26 milioi pasatxo gehitu behar zaizkie 2017ko aurrekontuan; beste 40 milioi 2018koan; eta, azkenik, 12 milioi euro gehiago 2019an.

DIPUTATU NAGUSIA
Hizkuntza Berdintasuna

Diputatu Nagusiaren Kabinetea osatzen duten bost zuzendaritzetatik, Hizkuntza Berdintasunerakoak izango du aurrekontu handiena hurrengo urtean: 6,1 milioi euro —sailaren aurrekontu osoaren %35,6—. Mikel Irizar zuzendariak azaldutakoaren arabera, euskararen biziberritze prozesuan "apalaldia" sumatzen da, eta horra zuzendu nahi du bere jarduna. "Berrikuntza premia nabaria da, diskurtsoetan bezala ekintzetan".

Kabineteko gainerako zuzendaritzen artean honela banatuko da dirua: Estrategia Kudeaketarako zuzendaritzak —berria da— 2,6 milioi euro izango ditu; Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaritzak ia 1,9 milioi; Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritzak 1,5 milioi eta Komunikazio zuzendaritzak 12,4 milioi.

Biko akordiotik, plan “bizi” bat

EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa hitzartu zutenean, "garbi" ikusi zuten behar-beharrezkoa zela kudeaketa plan estrategiko bat definitzea. Imanol Lasa diputazioko bozeramailearen hitzetan, legealdi oso baterako inportantea da helburu nagusiak eta proiektu estrategikoak ondo zehaztea. Konpromiso politikoaz gain, herritarrekiko konpromisoa dute, jendeari adierazteko ez bakarrik zer egin nahi duten, baizik eta nola egin nahi duten. Horregatik, ebaluatze sistema bat jarriko dute, plana zenbateraino betetzen den neurtzeko. Aldundiak joan den astean aurkeztu zuen plana Donostian, lurraldeko 250 eragileren aurrean.

Bost helburu estrategiko zehaztu dituzte: ekonomiaren errekuperazioa finkatzea; gizarte ongizate eta kohesio eredua sendotzea; gauzatzeko dauden hainbat proiekturi heltzea; gobernua berrasmatzea; eta herritarren arteko elkarbizitza finkatzea. Helburu bakoitzari dagozkion proiektuei errepasoa egin die Lasak Hitza-rentzat:

EKONOMIA SUSPERTZEKO
PLANA
Bultzada industriari

Aldundiaren lehen helburu estrategikoaren ardatza da. Ez diote "krisiaren kontrako plana" deitu nahi. Lasak dioenez, zenbait eragile ekonomiko eta sozialek izugarrizko lana izan dute krisiari aurre egiteko, eta orain beste babes batzuk behar dituzte, suspertzeko. Hori horrela, aldundiak 50 milioi bideratuko ditu ekonomia suspertzeko planera, batez ere industriari lotutako enpresei. "Gipuzkoa lurralde oso industriala da, pisu handia dauka gure BPGan, eta industriak plan berezi bat behar du". Horrez gain, lehen sektoreari ere emango diote laguntza, batez ere baserritar munduari. Dendari eta ostalaritza elkarteei lotutako erronkak ere badituzte, baita ekintzaileei begirakoak ere. Ikerketari lotuta, Miramon inguruan sare bat antolatu nahi dute. "Batzuetan iruditzen zaigu bakoitza bere aldetik dabilela".

GIZARTE ZERBITZUEN MAPA
Dagoenari eustea

2015-2017ra arteko plana da, eta diputazioaren bigarren helburu estrategikoaren barnean kokatzen da. Gaur egun dauden zerbitzuei eustea izango da legealdiko erronka nagusiena; horretarako, mapa sozial berri bat egituratuko dute.

Lasaren arabera, Gipuzkoa "eredu" da gizarte politiketan; Menpekotasun Legean, adibidez: "Hiru maila daude, eta Gipuzkoan legea osotasunean betetzen dugu; beste lurraldeetan ez". Horrez gain, etxeko laguntzaren arloan ere lurraldean zerbitzu zabalagoak ematen direla dio. "Zerbitzu hobe bat ematen dugu, beste zerbitzu maila bat emateko adostasuna daukagulako".

Baina ez hori bakarrik. Dioenez, kudeaketa sisteman ere aldundiak lan berezia egiten du hirugarren sektorearekin. Horren adibide da Gureak: "Gureak bezalako sistemarik ez dago, esango nuke Europako beste herrialdeetan ere ez. Europatik etortzen dira ikustera aniztasun funtzionala dutenak nola integratzen diren elkarte baten bitartez". Horrelako ereduen adibide gisa zerrendatu ditu Atzegi, Matia fundazioa... "Oso garrantzitsua da ez bakarrik zer ematen den, baizik eta nola ematen den. Administrazioaren eta enpresa pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza da".

HONDAKINAK
Aurreikusitako azpiegiturak egitea

Heldu beharreko proiektuen artean kokatu du aldundiak hondakinen alorra. Aurreikusitako azpiegitura guztiak egitea izango da helburu nagusietako bat. "Erraustegia da gauza bat, baina hondakinen kudeaketan hor daukagu Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra. Plan horren ildo nagusienak berreskuratzen ditugu". Plana egin zenetik egoera batzuk aldatu egin direla dio Lasak, eta eguneratu egin behar dela.

Beste helburu bat birziklatze tasari lotutakoa da: %10 gehitu nahi dute tasa. "Europara begira gaude; gehien birziklatzen dutenen eredua jarraituko dugu. Adituek esaten digute badaukagula horretarako gaitasuna". Aurrerantzean, udal eta mankomunitateekin harremanetan ariko dira, eta erakunde bakoitzak hondakinen kudeaketan hartzen dituen erabakiak errespetatuko dituzte: "Usurbilen, esaterako, galdeketa egin zen, eta atez atekoaren alde atera. Guk, bere garaian, nahiz eta diputazioan egon, errespetatu egin genuen, eta orain ulertzen dugu batzuek kontsulta egingo dutela, eta beste batzuek ez, gehiengo politikoak aldatu direlako".

METROA ETA BIRIBILGUNEA
Itunak eta obrak

Egiteko dauden proiektu estrategikoetako bi dira Donostia aldeko metroa eta Gipuzkoako Biribilgunea diputazioarentzat. Lasak dioenez, auto eta kamioientzat azpiegitura garrantzitsuak egin dira —Gipuzkoako Biribilgunea jarri du adibide—. Bukatzear da biribilgunea, Deskargako proiektuarekin. "Legealdi honetako erronka nagusiena da hori, eta bizpahiru urtetan bukatuta edukitzea espero dugu".

Garraio publikoari dagokionez, autobus sisteman egin beharreko hobekuntzak egiten joatea da asmoa, baina dagoeneko nagusiena egina dagoela uste du. "Etorkizuna trena da. Hemen gaia da horren kostua, nondik finantzatu". Proiektuaren azken definizioa falta zaie, eta baita finantzaketa ere, erakunde bakoitzak zenbat jarriko duen. Printzipioz, Eusko Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean finantzatuko lukete. "Donostiako Udalak, nahiz eta dirurik ez jarri, haren lur askotan sartuko gara, eta horrek balio bat dauka. Hori nola baloratzen den ikusi beharko da". Diruaren kontua aurrekontuek argituko dutela uste du: "Jaurlaritza ere hemendik gutxira aldatzera doa, eta ikusi beharko da talde berriak bat egiten duen". Obrak legealdi honetan hastea gustatuko litzaieke.

PASAIALDEA
Biziberritzea, martxan

Pasaialdea biziberritzeko plan berezian aurreikusitako ekintzak egitea izango da xedea. Urtero, aurrekontuan adieraziko dute zein ekimen zehatz egingo dituzten. "Oraingo honetan bai, administrazioek bat egin dugu, eta badator biziberritze plana. Egia da ez dela erraza izan, baina azkenean adostasun zabal bat lortu dugu".

TABAKALERA
Lekua ikus-entzunezkoei

Tabakaleraren etorkizuna "oso lotuta" ikusten dute ikus-entzunezkoen ekoizpenarekin. Batik bat euskal kulturarekin lotutako ekoizpenak sustatu nahi dituzte, eta euskarari garrantzia eman. "Loreak da azken adibide garbiena. Horrelako produktuak egiten dira, eta orain saiatu behar dugu halakoei ahalik eta etekin handiena ateratzen". Aldundiak, Kultura sailak, Tabakalerara eramango duen apustu garbiena ekoizpen produktu euskaldunak izango dira: "Tabakalera izan dadila makina bat horrelako produktuak sortzeko". Gipuzkoan sortzen diren ikus-entzunezko eduki kulturalak %25 handitzea jarri dute helburu.

GOBERNANTZA ONAREN
ESTRATEGIA
Gardentasuna eta teknologiak

Gobernu eredua berrasmatzeko helburuaren barruan, gobernantza onaren estrategia landuko dute. Eredua definituta dago, baina berrikuntza batzuk behar dituela uste dute. Gardentasun aldetik, esaterako. Martxan jarriko duten proiektuetako bat Guztion Gipuzkoa izango da. Oraindik ez dute definitua aldizkari bat izango den, webgune bat... Edonola ere, horren bidez herritarrei hiru hilean behin adieraziko diete aldundiaren betetze maila nolakoa den, zer egin duten, eta zer ez duten bete. "Gizartearen exijentzia gero eta handiagoa da, arduradun politikoei gehiago eskatzen zaigu, nahi berri batzuk daude, eta horiei erantzun behar diegu".

Teknologia berriak "oso garrantzitsuak" izango dira, gazteei begira, batik bat. "Gaur egun oso urrun sentitzen duten administrazioa da batzuetan aldundia, eta nahiz eta harrera zerbitzu txukuna izan, oraindik jendeak nahiago du kontsultak edo dena delakoak mezu bidez egin". Parte hartzeko plataforma digital bat eratu nahi dute. Administrazio elektronikoaren inguruan ere, erronka daukate: "Ia inbertsio gehienak eginda daude, eta orain zerbitzu hori eman behar diegu herritarrei, elektronikoki, zenbait zerbitzu jasotzeko aukera izan dezaten". Horrez gain, datu irekien inguruan lanketa egin nahi dute, eta parte-hartze prozesuen kudeaketa moldatu.

Legegintzaldiko ardatzetako bat elkarlana izango da. Batetik, udalek garrantzia hartzea nahi dute. "Lan hobeak egin behar ditu diputazioak. Ikusten dugu 88 udalerrien artean, kasu askotan, ez dutela egiten dutenaren berri. Hor lidergo puntu bat hartu nahi du aldundiak". Batzar Nagusiek ere garrantzia hartuko dute. Lasaren ustez, zenbait momentutan diputazioa eta Batzar Nagusiak urrun ibili dira, eta lanketa berezi bat egin nahi dute "herri ordezkariek esaten dutena planetan txertatzeko".

Era berean, eragileekin ere gertutik gertura jardun nahi dute. Plana definitzerakoan ere, batik bat etxe barruan egin arren, eragileekin landu dute. "Ehun bisita baino gehiago izan ditut; bakoitza bere proiektuekin dator, eta horietako batzuk dagoeneko txertatu ditugu. Beste batzuk tiraderan geratu dira, aurrekontutik aukera badago lantzeko". Gipuzkoan dauden 5.000 elkarterekin baino gehiagorekin harremanak estutzea dute helburu. "Gure plana bizia da, aldiro aldaketak izango ditu: udalekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, eta Batzar Nagusietako ideiak jasoz joango gara proiektu estrategikoak garatzen".

KULTURA POLITIKOA ETA
DEMOKRAZIA SAKONTZEKO
PROGRAMA
Pausoak elkarbizitzan

Bosgarren helburuaren barnean dago programa, elkarbizitza finkatzean. Arlo horretan, bi lanketa egin asmo dituzte: bata, indarkeriarekin zerikusia duena —memoria historikoa lantzea...—; eta bestea, urteetan egondako ezinikusiei, errespetu faltei eta abarrei heltzea. "Badira zenbait gai hainbat herritan oso polemikoak direnak, ez dietenak elkarbizitzari mesede egin. Lan mardula dago egiteko". Auzi horien artean aipatu ditu alardea, hondakinen auzia —"ez dauka zerikusirik biolentziarekin, baina oso gai polemikoa izan da"—, zezenketak...