Politika

Testigantzak biltzen, gal ez daitezen

Testigantzak biltzen, gal ez daitezen

Karmele Uribesalgo

Aranzadi elkartea 36ko gerraren hasieratik gaur egunera arte izandako giza eskubideen urraketak jasotzen eta ikertzen ari da, eta, Hernaniko Udalarekin batera, testigantzak biltzen dituen Hernani Oroimena webgunea aurkeztu berri du. Herri horretan izan diren urraketak edo hernaniarrek beste leku batzuetan jasan dituztenak jaso dituzte. Bildutako informazioa igotzen ari dira jada www.hernanioroimena.eus atarira, eta asmoa da etengabe eguneratzen joatea. Informazio horrekin, gertatu zenaren inguruko egia ezagutarazi nahi dute, baita biktimei aitortza egin eta erreparazioaren bidean pausoak eman ere. Gipuzkoako beste dozena bat herritan ere ari dira ikerketak egiten.

Birusaren faktura arindu nahian

Birusaren faktura arindu nahian

Miren Garate

COVID-19a iritsi aurretik ere udalak "abandonatuta" zituela diote Urnietako merkatariek eta zerbitzuen arloko negozioek. "Hogei urte daramatzat dendarekin, eta inoiz ez zait etorri inor zerbait behar ote dudan galdetzera", azaldu du optikariak. "Gizarte zerbitzuetatik Donostiara bidaltzen dituzte haurrak, ni hemen egon arren", berriz, psikomotrizitate zentro bat duen profesionalak. "Merkatarien erroldarik ere ez dute, eta oraintsu arte ez da egon merkataritzako teknikaririk", gaineratu du ile apaintzaileak. Eta tabernariak: "Urtero diru sail bat egoten da merkatariontzat, baina guk ez dugu inoiz ikusi diru hori; ez dakigu zertan inbertitzen duten". Pandemiak egoera nabarmen okertu dienez, elkartzea erabaki dute 71 negoziok, eta udalera jo dute laguntza eske. Jaso duten erantzuna, ordea, "etsigarria" iruditu zaie.

Agintaldi osoa hankaz gora

Agintaldi osoa hankaz gora

Miren Garate

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi baino 107 milioi euro gutxiago banatuko dizkie udalei aurten, COVID-19ak eragingo duen diru bilketaren beherakadari aurre egiteko. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztu izanak eragin handia izango du haien aurrekontuetan, zati handia izaten delako funts horretatik iristen dena —%75ekoa ere bai herri txiki batzuetan—. EH Bilduko alkateek, alkate independente batzuek eta PSE-EEkoek, guztira 64 alkatek, aldebakarrez aritzea egotzi diote aldundiari. Geroa nola ikusten duten azaldu diote Hitza-ri Abaltzisketa, Errenteria, Elgoibar eta Larraulgo udal arduradunek.

Elkartasuna tokiko zerbitzuetara ere eramateko eskatu du Olanok

Elkartasuna tokiko zerbitzuetara ere eramateko eskatu du Olanok

Unai Zubeldia

Konfinamendu egoeran herritarrak balkoietan erakusten ari diren elkartasuna "kalera" ateratzeko eskatu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, neurriak leuntzen hasten direnean "tokiko denda, taberna eta jatetxeetara" joateko. Agerraldia eskatuta, herenegun Gipuzkoako Batzar Nagusietan eman zituen azalpenak Olanok —bezperan aurkeztu zuen Suspertze Ekonomikorako Plana, 28 milioi eurokoa—. "Oso gizarte solidarioa da gurea", adierazi zuen Batzar Nagusietan. "Eta funtsezkoa izango da aurrerantzean ere arduratsu jokatzea. Norberaren konpromisoak emango die arnasa denda, taberna eta jatetxe horiei, eta horri esker aterako dira zulotik".

Ereduak garatzeko bilgunea

Ereduak garatzeko bilgunea

GKS Gazte Koordinadora Sozialista orain dela urtebete sortu zen, "gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko". Ordutik, Euskal Herriko hainbat herritan zenbait esperientzia organizatibo egin ditu, "komunitate politiko sozialistaren eta botere sozialistaren eraikuntzarako". Besteak beste, Araba eta Bizkaiko Topaketa Sozialistak eta Gazte Sozialiston Topagunea egin dituzte (Azpeitian), hausnarketa teoriko-politikorako espazioak antolatu dituzte, eta jardun politikoa gauzatu ahal izateko espazioak egokitu dituzte. Datozen hilabeteetarako, badituzte beste egitasmo batzuk esku artean; tartean, gaurtik biharrera Bergaran egingo dituzten Gipuzkoako Topaketa Sozialistak.