Unai Zubeldia
"Egun garrantzitsua da gaurkoa. Oso egun polita". Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak pozarren hitz egin zuen herenegun, Gipuzkoako Ingurumen Gunea deiturikoa eraikitzeko lanen hasierako ekitaldian, Zubietan. "Konpromiso honekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, eta hitza beteko dugu". Ekondakin taldeak 30 hilabeteko epean amaitu nahi ditu errauste planta eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta egiteko lanak —biometanizaziorako planta eta zepak balioztatzeko zentroa ere egingo dituzte—, eta beste 32 urtean kudeatuko ditu. Urbaser, Altuna y Uria, Moyua, LKS, Murias eta Meridiam enpresek osatzen dute Ekondakin, aldi baterako enpresen elkartea, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak apirilean eman zion erraustegia eraikitzeko ardura. 217 milioi eurokoa da lanen kontratua, eta aldundiak 25-30 milioi euro inguru ordaindu beharko ditu urtero. 5,5 hektarea hartuko ditu guneak, eta 120.000 metro kubo lur atera beharko dituzte handik.