Asteko Gaiak

Zatiketa eragin dute bideek

Zatiketa eragin dute bideek

Olaia Iraola / Eider Goenaga Lizaso Hasi dira Aralarren pista berriak eraikitzen. Joan den astean ekin zioten Intzensaotik Goroskintxura 1,5 kilometro luze izango den pista berria egiteari. 2003tik onartutako pista bat izan arren, urtarrilaren 30ean eman zion Enirio-Aralar mankomunitateak oniritzia proiektu horri, aho batez, eta hamar hilabete geroago gauzatuko da. Bost bat aste beharko dituzte...

Beharrari erantzuteko sortua

Beharrari erantzuteko sortua

Eider Goenaga Lizaso

Duela 40 urte, irailaren 27an, 39 ikaslek hasi zuten ikasturtea Irakasle Eskolan, Eskoriatzan. Hura izan zen Huhezi Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen abiapuntua. San Viator komentuan —fakultatearen gaur egungo eraikin nagusian— hasi zituzten eskolak, zubiaren beste aldean egiten ari ziren Dorleta eraikina amaitu gabe zegoelako. Irakasle euskaldunen lehen harrobi bilakatu zen. "Garai hartan ez zegoen irakasle euskaldun tituludunik", azaldu du Jesus Garmendiak, hamabost urtez Huheziko zuzendari eta lau urtez dekano izandakoak (Azkoitia, 1941).

Lege bat, erasoei aurre egiteko

Lege bat, erasoei aurre egiteko

Eider Goenaga Lizaso
Irungo Eskina tabernan pairatzen ari diren hiru urteko erasoa ez da jarrera orokor bat. Salbuespena ere ez da, ordea. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak salatu duenez, "gure lurraldean azken bo...

Kezka, kexa eta haserrea

Kezka, kexa eta haserrea

Eider Goenaga Lizaso

Kezka, kexa, haserrea, ardura, amorrazioa... Gipuzkoako hiri hondakinen zati handi bat Mutiloako zabortegira botatzeko erabakiaren berri izan ondoren Mutiloa, Ormaiztegi eta Gabiriako alkateen ahotan entzundako hitzak dira guztiak. Hiru herriei kalte egiten die Mutiloako zabortegiak.

Mutiloako lurretan dago Lurpe zabortegia, eta, Iñaki Ugalde alkatearen arabera, bertako zenbait baserriri eta bide berdeari eragiten die zuzenean. Gabiriako Ugaran auzoa, berriz, zabortegiaren muga-mugan dago. "Metro batera dago muga", azaldu du Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkateak. Auzo horretako baserrietan dozena bat familia bizi direla, Gabirian ondoen zaindutako landa eremua dela eta, gainera, ehun lagunentzako tokia duen nekazaritza turismoa ere oso hurbil dagoela azpimarratu du. Jon Enrique Ormaiztegiko alkatearen arabera, Ormaiztegiko herrigunea da zabortegitik gertuen dagoena, baina, batez ere, zabortegira joaten diren kamioien zirkulazioa areagotzeak kezkatu eta haserretu ditu herritarrak. Egunean 120 kamioi inguru igarotzen dira Ormaiztegi erditik, zabortegirako bidean. "120 gorantz eta 120 beherantz, noski. Eta orain %10 inguru haziko da joan-etorri hori".

Gipuzkoako industria hondakin solido eta geldoak eramaten dituzte 1998tik Mutiloako zabortegira. Ferrovial taldeko Cespa enpresak kudeatzen du, eta urtea amaitu aurretik Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat ere han botako dute. 100.000 tona jasoko ditu urtean, 2019 arte —ordurako aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako errauste planta martxan jartzea—.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren arabera, "gipuzkoarrontzat oso albiste ona da" errefusa Mutiloako zabortegira eraman ahal izatea. Gipuzkoan hondakinen kudeaketarako azpiegiturarik ez dagoenez, otsailetik Meruelora (Kantabria, Espainia) eraman da errefusa. Baina Kantabrian 80.000 tonara mugatu zuten 2017an jasoko duten hondakinen kopurua, eta horrek ez ditu asetzen Gipuzkoaren beharrak. "Sortzen dugunaren erdia baino ez da, 164.00 tona errefusa jasotzen baitira urtean Gipuzkoan".

Hala, ekonomikoki begiratuta, hondakinak Mutiloara eramatea "aringarria" izango dela azaldu zuen Asensiok prentsaurrekoan, Kantabriara eramateak %40ko gainkostua eragiten duelako; ingurumenaren aldetik ere, kamioien joan-etorria murriztea onerako izango dela dio. "Bestetik, hondakinak guk sortutakoak dira, eta gertutasun eta erantzukizun printzipioei erreparatuta, horien tratamendua ere Gipuzkoan egin behar da".

Saihesbidea

Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak "ulertzen" du hondakinen arazoari konponbide bat eman behar zaiola. "Guk ulertzen dugu zaborrak hor ditugula, gipuzkoar guztion arazoa dela, konponbide bezala errauste planta izango dugula 2019an eta zabortegia behin-behineko irtenbide bat dela. Hortaz jabetzen gara. Baina, aldi berean, Ormaiztegi da Gipuzkoan gehien birziklatzen duen herria; %90 inguruan gaude, eta guri ari zaizkigu eskatzen zabortegia etxe ondoan edukitzea". Beraz, ormaiztegiarrei eskatzen zaien elkartasuna gainerakoei ere eskatu nahi die Enriquek: "Ardura hori har dezakegu, baina guk ere elkartasuna eskatzen dugu, eta ez genuke ulertuko gure egoerari konponbide bat ez ematea".

Ormaiztegik duela 25 bat urte saihesbide bat eraikitzeko eskatu zuela eta horren beharra gero eta handiagoa dela nabarmendu du Enriquek. "Kamioien joan-etorria izugarria da herri erdian. Bidean ikastola eta kirol azpiegiturak gelditzen dira; jende asko eta, batez ere, ume pila bat ibiltzen dira hortik. Horrek dakarren arriskuarekin", azaldu du. Ikastolako gurasoak, eta herritarrak oro har, aspaldian kexaka zebiltzala dio alkateak. "Baina honekin gainezka egin du jendeak. Kezka izugarria da, eta herritar asko etorri zaizkit kexaka eta arduratuta: egunen batean zerbait larria gertatuko dela, hau ezin dela gehiago jasan...".

Aldundiaren erabakia ezagutu bezain laster joan zen Enrique Gipuzkoako Foru Aldundira, Sasietako Mankomunitateko lehendakari Aitor Aldasororekin. "Saihesbidearen proiektua mahai gainean jarri genien berriro ere, eta aldundiak konpromisoa hartu zuen duela 25 urteko proiektu hori berritu, zenbakiak egin eta martxan jartzeko". Aldundiak bere hitza beteko duelakoan dago Enrique, eta, dioenez, dagoeneko hasiak dira gaia lantzen. "Saihesbideak ez du arazo guztia konpontzen; inork ez du zabortegia etxe ondoan nahi, eta guk ere ez, baina hondakinen arazoari irtenbidea eman behar zaio, eta saihesbideak gure arazo larriena konponbidean jarriko luke". Bitartean, Enriquek dioenez, foru aldundiak konpromisoa hartu du logistika kontuak Ormaiztegiko Udalarekin hitzartzeko: kamioien ordutegia, tamaina, tona kopurua...

Gabiriatik metro batera

Lehenik eta behin, albistea hedabideetatik jaso zutelako kexatzen da Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkatea. "Badakigu herri txiki bat garela, eta zabortegia ez dagoela gure lurretan, baina oso gertu gaude, eta inpotentzia handia sortzen du halako albiste bat hedabideetatik jasotzeak". Ugaran auzoa Gabiriako "toki politena, berdeena eta zainduena" dela dio, eta zabortegiak nabarmen kalte egingo diola. "Gaur egun ere, haize bolada bat altxatzen bada, inguruko zelai eta basoak plastikoz betetzen dira. Zenbait momentutan usaina ere badago. Beraz, errefusa eta errefusarekin organikoa botatzen hasten direnean, ez dakigu zer gertatuko den".

Goierriko herri txikietan baserrien, baso eta zelaien eta, oro har, ingurumenaren aldeko apustu sendoa egiten ari direla dio Etxezarretak. "Eta, bat-batean, zabortegia daukazu ondoan. Kontraesana izugarria da; ez da erraz ulertzen".

Zabortegiaren kontra daudela eta ezezkoari eutsiko diotela azaldu du Gabiriako alkateak. "Badakigu zaila izango dela kontra egitea, baina ez gara isilik geldituko. Oraingoz, harremanetan gaude Mutiloarekin eta Ormaiztegirekin, ea hiruren artean indarra egin dezakegun".

Mutiloa, ezezkoan

"Zabortegia? Ez, ez dugu nahi. Herri batzarrean hala adierazi ziguten herritarrek, eta ezezkoari eutsiko diogu guk. Oraindik aztertzeko dugu zer egin dezakegun, baina borroka egingo dugu erabaki honek aurrera egin ez dezan". Iñaki Ugalde Mutiloako alkatearen hitzak dira horiek, eta elkarrizketan behin eta berriro esan du "ezezkoan" daudela.

Gabiriako alkateak bezala, albistea komunikabideen bitartez jaso zutela azaldu du. "Baina egia da zerbait espero genuela". Cespa enpresatik uztailean esan zioten esleipen bat egongo zela. "Nik esan nien gure jarrera, udal bezala, ezezkoa zela. Eta irailean hitz egitekotan gelditu ginen". Foru aldundiari ere eskatu zioten bilera, baina hitzordu bat jartzerako komunikabideetan agertu zen albistea. Lehiaketa publikoa eta esleipena abuztuan gauzatu ziren.

"Orain arte, industriako hondakin solido eta geldoak bota dituzte hemen. Baina, orain, errefusa ere bai, eta errefusarekin organikoa ere etorriko da. Gurea bezalako ingurune berde batean, horrelako zabortegi batek kalte handia egiten du. Zikinkeria, usaina... Ingurumenari kaltea egiten zaiola argi dago, baina osasunari zein kalte egingo dion ez dakigu. Herritarrak ez daude batere gustura. Eta, gainera, herriaren izenari eta irudiari ere egiten dio kalte. Mutiloa=Zabortegia izango da jende askorentzat".

Arrazakeriaren aurkako antenak

Arrazakeriaren aurkako antenak

Eider Goenaga Lizaso

Hemeretzi urte dira Maroko utzi zuela. Zaragozan (Espainia) bizi izan zen hainbat urtez, baina han baino denbora gehiago darama Euskal Herrian; Errenterian, hain zuzen. "Hona iristen zaren unetik beretik sentitzen duzu ez zarela onartua, ez zarela ongietorria. Zaragozan izugarria izan zen, jasanezina". Ez du bere izenik eman nahi —Fatima deitzeko eskatu du—, eta ezta aurpegirik erakutsi nahi ere. "Ertzaintzarekin ez dut arazorik izango, ezta?", galdetu dio Gerar Karrere SOS Arrazakeriako eta Berdin arrazakeriaren kontrako sareko kideari. "Ez, ez, ez, lasai", erantzun dio hark. "Nahikoa arazo badut; ez dut gehiago nahi".

Bizimodu gogorra izan du Fatimak. Bere bikotekidea espainiarra zen, eta harekin egoteko utzi zuen jaioterria. "Eta, kontrakoa dirudien arren, arrazakeria eta gutxiespena are okerragoa da horrelako kasuetan". Iritsi berritan entzun zuen inoiz egin dioten komentariorik iraingarri eta mingarriena. "Gizonari esan zioten Marokora joan behar izan zuela emazte bila, bestela hemen inork nahi ez zuelako. Ni ondoan nengoen, baina existituko ez banintz bezala bota zioten hura. Ni erabili ninduten senarra mespretxatzeko. Gaztea nintzen orduan, neska ederra nintzen, neure buruarekin seguru nengoen, baina esaldi hark lur jota utzi ninduen". Ordutik beste bikotekide bat izan du Fatimak, eta baita espainiar nazionalitatea duen seme bat ere. "Baina, ez naiz inoiz onartua sentitu, eta nire egoera okertzearekin batera, are gutxiago". Bakarrik bizi da egun, hezurretako gaitz bat duen 15 urteko semearekin; 2013tik ez du lanik topatzen, eta urtebete baino gehiago darama etxea alokatuko dion norbaiten bila.

Aitortzen du muturreko egoeran dagoela, depresioaren kontrako botikak hartzen dituela. "Arrazakeria keinuak beti sufritu izan ditut. Askotan gertatu zait, adibidez, beste emakume batzuen atzetik denda batera sartzea eta dendaria zuzenean nigana etortzea, zer nahi dudan galdezka, besteak lasai-lasai arropa begiratzen ari diren bitartean. Baina halakoekin bizitzen ikasten duzu. Ondo zaudenean —lanean, bikotekidearekin eta egoera ekonomiko onean—, errazago eramaten dituzu horrelakoak. Baina, egungo egoeran, edozer gauzak min handia egiten dit. Ia ez naiz etxetik irteten".

Atzerritarrik ez

Baina, orain, etxerik gabe gelditu da. Joan den ostiralean lagun baten etxera joan behar izan zuten semeak eta biek, urtebete bila aritu ondoren etxerik alokatzen ez diotelako. "Aurreko etxea alokatu zidan emakumeak saldu egin behar zuen etxea, baina beti oso ondo portatu da nirekin, eta urtebete lehenago jakinarazi zidan. Lasai nengoen ni orduan; ez nuen pentsatu ere egingo egun nagoen egoeran egongo nintzenik!". Etxejabe partikularren bila ibili zen hasieran Fatima, etxe agentziek kobratzen duten dirua aurrezteko. "Baina inork ez zidan alokatu nahi. Arazoetako bat zen nominarik eta asegururik ez nuela, baina beste askok esaten zidaten ez dutela atzerritarrik nahi".

Denbora agortzen ari zitzaion, eta etxe agentzietan hasi zen bila. "Nik gazteleraz ondo egiten dut, baina asko hitz egiten badut, nabari zait ez naizela hemengoa. Beraz, aitzakiak jartzen zizkidaten. Etxerik ez zutela, nomina behar zela... Eta bi agentziatan argi eta garbi esan zidaten etxejabeek ez zutela atzerritarrik nahi. Horietako batek modu onean, eta penatuta, esan zidan hori. Baina besteak, oso modu txarrean".

Etxe agentzia horretara deitu zuenean, lagun baten nomina zuela eta alokairu kontratua bien izenean sinatuko zutela esan zien Fatimak. "Neska, antza denez, ez zen ohartu atzerritarra nintzenik". Baietz, bi etxe zituztela esan zion hasieran. "Baina laguna pakistandarra zela esan nionean, tonua aldatu zitzaion. 'Ez, ez, sentitzen dut, ez dugu atzerritarrik nahi. Gainera, jende asko daukagu zain, eta lehentasuna hemengoek dute. Atzerritarrek ez duzue alokairua ordaintzen, eta zuen herrialdera egiten duzue ihes...'. Ezin nuen sinistu! 1997tik hemen bizi naiz eta!". Maroko duela ia hogei urte utzi zuela, 15 urteko seme bat duela, hura hemengoa dela, hemen eskolaratuta dagoela eta inora joateko asmorik ez duela azaldu zion etxe agentziako neskari. "'Nola egingo dut ihes?', esan nion. Baina, alferrik. Diskriminazioa zela esan nion gero. 'Bueno, bueno, ez gauzak bere onetik atera', esan zidan. 'Jende asko daukat, agur', eta eskegi egin zuen telefonoa".

Salaketa Berdin sarean

Esandakoak baino, tonuak egin zion min gehiago Fatimari. "Horrela tratatua sentitzea mingarria da. Egia da halako asko onartu ditudala, baina horrekin gainezka egin dudala uste dut. Eta salatzea erabaki nuen". Halaxe heldu zen Fatima Berdin sarearen bulegora. Gerar Karrere SOS Arrazakeria taldeko kidea da, eta Oiartzualdeko arrazakeriaren kontrako Berdin sarearen bulegoan aritzen da. "Fatimaren kasua nahiko ohikoa da. Atzerritarrek etxe agentzien aldetik pairatzen duten diskriminazioaren gaineko azterketa egin zuen duela pare bat urte SOS Arrazakeriak, eta argi ikusi genuen atzerritarrei zailtasun eta baldintza gehiago jartzen zaizkiela, informazio gutxiago eskaintzen zaiela eta, baliabide gutxiago dituzten arren, gehiago ordaindu behar izaten dutela gauza bera lortzeko", dio Karrerek.

Etxejabe batek bere etxea alokatzeko nahi dituen baldintzak jar ditzakeela argitu du Karrerek, kasu horietan legeak onartzen dituela baita arrazoi diskriminatzaileak ere. "Baina etxe agentziek, enpresa pribatuak izan arren, zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eta ezin dute irizpide diskriminatzailerik onartu. Etxejabe batek esan dezake 'ez dut nire etxean bikote homosexual bat edo atzerritar bat nahi', baina etxe agentziak, legez, ezin du hori onartu. Normalki, ezkutuan egiten dute, baina, Fatimaren kasuan, diskriminazioa hain argia izan da...". Oraindik aztertzen ari dira Fatimaren kasuarekin zer bide jarraitu, oso zaila baita halako kasu bat frogatzea, baina Karrerek salaketa egitera deitu ditu halako jokabideak pairatu dituzten atzerritarrak. "Etorkinak ohitu egiten dira diskriminazioa bizitzera, maiz barneratu egiten dituzte halako jokaerak, eta gu hor gaude horiek denak identifikatu eta jasotzeko".

Izan ere, horretarako sortu zuten Berdin sarea orain dela urtebete, horrelako salaketak jasotzeko, bide emateko, baina, batez ere, arrazakeria ekintzak antzemateko. "Berdin sare bat da, gertatzen den tokietan arrazakeria eta diskriminazioa antzemateko eta ikusarazteko sare bat". Eskualdean etorkinekin harremana izan dezaketen elkarte eta erakundeetara jo dute horretarako: Helduen Heziketa Iraunkorreko zentrora, etorkinen elkarteetara, bestelako gizarte taldeetara, udaletara, udaletako gizarte laguntzaileengana, udaltzainengana... "Ahal den toki gehienetara iritsi, haien inplikazioa bilatu eta horiek ere antena moduan funtzionatzea da helburua; eta antena horiek gai izatea, tokian-tokian, arrazakeria antzeman, identifikatu, arrazakeria horri erantzun, babesa eman, salaketak bideratu eta ezagutarazteko", azaldu du Karrerek.

Horrez gain, Oiartzualdeko lau herrietarako —Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo— bulego bat du jarria Berdinek, Errenteriako Oarso gizarte etxean. Bertan jasotzen dituzte atzerritarren salaketak, bertan egiten dituzte atzerritarrentzako ahalduntze saioak, bertan prestatzen dituzte eragileentzako prestakuntza saioak —esaterako, udaletxeetako gizarte laguntzaileentzako eta udaltzainentzako ikastaroak—. "Eta, urte amaieran, jasotako guztia bildu, txostena egin eta argitara ateratzen dugu, Gipuzkoako Foru Aldundira eramatearekin batera. Nolako kasuak gertatzen diren jaso ondoren, gertaera horiek guztiak ezagutaraztea ezinbestekoa da, gero sentsibilizazio lan bat egiteko, eta arrazakeria horren kontrako neurriak hartzeko".

Iaz jarri zuten martxan Berdin sarea Oiartzualdean, eta iaztik dago irekita bulegoa ere. "2014an, hurrengo urterako aurrekontu parte hartzaileak egin zirenean aurkeztu zuen SOS Arrazakeriak Berdin sarea Oiartzualdean indarrean jartzeko proposamena. Aurreko foru aldundiak onartu egin zigun proposamena, eta egungoak hitzarmena berretsi zuen". Azkenean, SOS Arrazakeriak kudeatu eta foru aldundiak babesten eta diruz laguntzen duen sarea da Berdin. "Berdinek egoera irauli nahi du. Jendea sentsibilizatu, gizartean aliatuak bilatu, herritarrak diskriminazioaren kontrako borrokan inplikatu —guztion ardura delako—, eta diskriminazioa modu publikoan egiten duten horiek gaizki sentiaraziko dituen gizarte giro bat sortu, horrelako jokabideak gutxitzen joan daitezen. Horretan gizarte osoa eta erakunde publikoak inplikatu behar ditugu, eta horixe egiten du Berdin sareak".

Ondo joan da urtea, eta egindako lanaren balantzea ona dela dio Karrerek. Horren adierazle da Berdin sarea Debagoienera zabalduko dela aurten, eta beste bulego bat zabalduko dutela, Arrasaten.

Atzokoari begira, biharkoa lantzen

Atzokoari begira, biharkoa lantzen

Aitziber Arzallus

Artean, telebista zuri-beltzean ikusten zuten etxe gehienetan, ikusteko modurik zutenetan, behintzat. Orduantxe hasi ziren koloretarako jauzia egiten antenan ziren bizpahiru kateak. Interneten arrastorik ez zen, eta orduko norbaiti sare sozialez hitz egitea erotzat hartzeko motibo zatekeen. Asko aldatu baita gizartea azken lau hamarkadetan. Aldatu ez dena ikastolen diru premia da, orduan ere beharra zutelako, gaur bezala.

Testuinguru horretan jaio zen ikastolen aldeko Kilometroak jaia, 1977an. Josu Erguin izan zen ideia mahai gainean jartzen aurrena, ia hamarkada bat lehenago AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikusitako ekitaldi batean oinarrituta. 1969an, 18 urte zituela, AEBetara ikastera joateko aukera izan zuen beasaindarrak. Woodstock kontzertuaren eta Vietnamgo gerraren garaia zen, eta han ikusi zuen nola antolatu zuten ibilaldi bat dirua lortzeko egitasmo gisa. Parte hartzaileek egiten zuten kilometro bakoitzagatik ordainduko zuten babesleak aurkitu behar zituzten.

AEBetatik itzuli eta urte batzuetara, han ikusitakoa praktikan jartzeko aukera ezin hobea egokitu zitzaion Erguini. Bere alaba ikastolako ikaslea zen Beasainen, eta bera guraso elkartean zegoen. Goierrin lizeo berri baten beharra zegoela eta, dirua nondik atera zezaketen aztertzen hasi ziren, eta orduantxe proposatu zuen Erguinek AEBetan ikusitakoaren antzeko zerbait egitea. "Hasieran, denek barre egin zidaten. 'Ibiltzeagatik ordaindu?', esaten zidaten. Baina nik garbi neukan formula arrakastatsua izango zela; erabat konbentzituta nengoen". Erguinek hasiera-hasieratik jo zuen zifra potoloetara. "Nik 100.000 pertsonako zifraz hitz egiten nuen, eta barre egiten zidaten. Gaur, berriz, barre egiten dugu 100.000 pertsona elkartzen garelako, baina plazerez".

Lehen ekitaldi hura Beasain eta Lazkao artean egin zuten, 1977ko urriaren 16an. Zalantzaz hartu zuen jendeak, eta izan zen iseka egiten saiatu zenik ere. Ikastolek egoera ekonomiko zailari aurre egiteko asmatu behar izan zuten "irudimenezko itzulipurdi bat gehiago" besterik ez zela zioen, esaterako, Espainiako El Pais egunkariak garai hartan argitaratutako artikulu batek.

Nahi zuten guztiek parte har zezaketen jarduera horretan, baina, aurrez, parte hartzaile bakoitzak babesleren bat topatu behar zuen, ibilbidean egiten zuen kilometro bakoitzagatik pagatzeko. Adibidez, finantza erakunde batek 150.000 pezeta agindu zituen Joxe Migel Barandiaranek egiten zuen kilometro bakoitzeko. 12.000 lagunek parte hartu zuten lehen ekitaldi hartan.

Handik hiru urtera, Tolosako Kilometroak jaian, laugarren ekitaldian, 80.000 lagunek parte hartu zuten. Lehen hiru ekitaldietan 26 milioi pezeta inguruko (155.000 euro) etekinak atera zituztela zehazten du garaiko prentsak. Tolosako ekitaldian, berriz, 30 milioi pezeta inguru (180.00 euro) bildu ei zituzten, 1.200 ikasle hartuko zituen ikastola berri bat eraikitzeko.

Diru bilketaren sistemak antzerakoa izaten jarraitzen zuen artean. Parte hartzaile bakoitzak kontrol kartulinatxo bat eraman behar zuen aldean, egindako kilometro bakoitzeko ordaintzeko prest zegoen diru kopurua zehaztuz. Parte hartzaileek eurek jarriko zuten diruaz gain, babesle baten laguntza ere izan zezaketen, eta, zenbat eta kilometro gehiago, orduan eta gehiago ordaindu beharko zuten. Ordukoan, Toro abizeneko batek egin zituen kilometro gehien: 90, hain zuzen.

Aldarrikapena, ahultzen

"1977an martxan jarri zenetik, jaiak berak eredu eta xede nahiko berdintsuari jarraitu dio; gizartea, berriz, asko aldatu da", Mikel Egibar Ikastolen Elkarteko Kilometroak jaiaren koordinatzailearen hitzetan. Kilometroak jaiaren inguruko diru bilketa sarea eta, neurri batean, profesionalizatuta daudela dio: kamisetak direla, zozketak direla... Eta horrek jarritako helburu ekonomikoak betetzea ahalbidetzen die. Jaiak berak, ordea, "doikuntza sakona" behar duela ohartu ei dira. "Jatorrian, Kilometroak jaian parte hartzeko nahi eta ilusio handiena proiektu bat eraiki eta irekitzea zen, aldarrikapen parte-hartzailea; gaur egun, ordea, aldarrikapenak askoz leku txikiagoa du, eta gehiago da jai baten kontsumoa".

Erantzuleak topatzeko urrutira joan beharrik ez dagoela iritzi dio Egibarrek. "Konturatu gabe, geu izan gara egungo eredua elikatu dugunak. Ludikotasunaren fenomenoa da sakonean dagoena. Hau da, gaur egun euskal gizarteak nola kontsumitzen du jaia, eta jai horren barruan zer leku gelditzen da aldarrikapenarentzat?". Galdera potoloak, inondik ere, baina egin beharrekoak, Ikastolen Elkarteko ordezkariaren ustetan. "Nik uste dut edozein herritako jai batzordean mahai gainean dagoen eztabaida dela, eta guk ere gure ekarpena egin nahi genioke horri". Adibide gisa, hausnarketarako gai bat jarri du mahai gainean Egibarrek: "Kilometroak jaira jende gehiago erakartzen dugu musika talde ezagunagoak ekartzen diru gehiago gastatuta; baina, horrela, ez al gara gu geu ari parte hartzeari lekua kentzen eta kontsumoari aukera handiagoa ematen?".

Hori horrela, Ikastolen Elkartearen ekimenez, Kilometroak bidea izenburupean hausnarketa prozesu bat jarri dute abian, Kilometroak jaia birpentsatzeko helburuarekin. "Nahiko genuke hemendik lau edo bost urtera, 2020an edo, Kilometroak jaiaren eredu berri bat mahai gainean jarri", esan du Egibarrek.

Prozesua hiru zatitan banatu dutela azaldu du Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Lehendabizikoan —aurten egin dutena—, aspektu historikoari eman diote garrantzia. "Urte hauetan guztietan Kilometroak jaiaren inguruan ibili den jendearekin egon gara, eta haien iritziak bildu ditugu; artxibo historiko txiki bat ere antolatu dugu". Hain zuzen ere, bildutako material horrekin erakusketa bat prestatu dute, eta urriaren 2ra arte ikusgai izango da, Bergarako Aroztegi aretoan. Erakusketa irekia eta ibiltaria izango da, gainera. Hala, hurrengo urtean Oñatira eramango dute, aurtengo ekitaldiko argazkiak eta biltzen duten gainerako materiala gehituta. Egibarrek zehaztu baitu aurrerantzean ere kapital historikoa berreskuratzen jarraituko dutela.

Erakusketaz gain, Kilometroak bidean prozesuaren bultzatzaileek webgune bat jarriko dute martxan aurki, "jendearen ekarpenak jasotzeko eta eztabaida foro izan dadin". Kilometroak jaietako argazkiak, irudiak eta bestelako materiala jasoko ditu webgune horrek: www.kilometroakbidea.eus.

Bigarren zatian, datorren urtean, Kilometroak jaia ikuspuntu soziologikotik aztertuko dute. "Makrojaiak; Zer eragin daukate jendearengan?; Jendeak nola ikusten ditu horrelako jaiak?; Jendea zertara joaten da haietara?; ludikotasunaren erabilera; aisialdia eta astialdia; jai aske eta parekideak eraikitzearen beharra; iraunkortasuna; alkoholaren eta drogen kontsumoa...". Kilometroak jaitik harago, Egibarrek uste du gizarte osoak aztertu beharreko kontuak direla, "baina guk ere badaukagu betebehar hori, eta egingo dugu".

Hirugarren zatian, berriz, egitasmo parte hartzaile eta dinamizatzaileak aztertzeko asmoa dutela azaldu du, "Kilometroak jaiaren ezaugarri nagusietako bat horixe baita, boluntarioen parte hartzeari eta lanari esker aurrera eramaten den jarduera bat dela".

Eztabaida prozesua Gipuzkoan abiatu duten arren, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute gainera. "Ikastolen aldeko gainontzeko jaien antolatzaileekin egongo gara, gauzak nola ikusten dituzten jakin nahi dugulako". Jai nazional bat antolatzeko aukerarik ba ote legokeen aztertu nahiko lukete.

Irailaren 17an, Bergarako Aranzadi ikastolan egin zuten aurreneko hausnarketa saioa, eta antolatzaileak "oso pozik" daude egitasmoak izandako harrerarekin. Han izan zen Erguin bera ere. "Gogoeta egitea erabat beharrezkoa iruditzen zait, eta lehen saioa oso interesgarria iruditu zitzaidan". Haren ustetan, hasierako ekitaldietan parte hartzaileek zuten konpromiso sentipen hura galdu egin delako denborarekin. "Lehen garbi geneukan horrelako ekintzetara ikastolei eta euskarari bultzada ematera eta laguntzera gindoazela; orain, ordea, festara goaz". Erguinentzat, Kilometroak jaia "amets bat egia bihurtzea da", jendearen konpromisoak eta ilusioak bizirik mantendu duen zerbait. "Baina iragana ez da ezer; etorkizunera begiratu behar da beti, horrek ematen duelako indarra". Ziur dago hausnarketa prozesu hau izango dela datozen 40 urteetako Kilometroak jaiaren oinarriak jarriko dituena.

Han izan zen Ekaitz Aranberri ere, Aranzadi ikastolako Kilometroen koordinatzailea. Hark ere uste du ezinbestekoa dela gogoeta egitea, etorkizuneko Kilometroak jaia nolakoa izango den erabakitzeko. Baina azken urteetan gauzak hobetzeko egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du. "Kilometroak jai betidanik izan da aitzindari, eta, bide horretan, azken urteetan, hainbat aldaketa egin dira: alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzeko plangintza sendoa sortu genuen duela urte dezente, eta edalontzi berrerabilgarriak Euskal Herriko jaietara ekartzen lehenengoetarikoak izan ginen, besteak beste". Eraso sexisten eta jai parekideen alde ere lan handia egiten ari direla nabarmendu du.

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Eider Goenaga Lizaso

Itxuraz ezer balio ez dutenekin, eta itxuraz ezer balio ez duenarekin, baliozko gauzak egiten ditugu". Horixe da Emaus kooperatibaren leloa. 35 urte bete dituzte Emauseko trapuketariek Gipuzkoan, eta urteurrena ospatu berri dute. Belartzako poligonoan dute egoitza, eta pabilioi oso bat hartzen dute ia. Jende batentzat erabilgarritasuna galdu duten arropa, jostailu, altzari, baxera eta abarrak biltzen dituzte, sailkatu, eta prezio oso merkean saldu. Iaz, 1.800 tona baino gehiago jaso zituzten. "Eta jasotzen dugunaren %75 jartzen dugu salgai", dio Marian Mugerzak, kooperatibako kideak. "Ateratzen dugun diru guztia langileei ordaintzeko erabiltzen dugu.Urte amaieran, dirua soberan badago, diru hori jende gehiago hartu ahal izateko baliatzen dugu".

Goizeko bostak inguruan ateratzen da lehen kamioia Belartzatik, eta besteak —bederatzi— 8:00ak aldera irteten dira. Sasietako mankomunitateko herrietan ditu edukiontziak Emausek, eta Urola Kostako mankomunitatearekin altzariak biltzeko hitzarmena ere badu; baina, horiez gain, zerbait emateko dutenen etxeetan egiten dute bilketa. "Bestetik, jende asko hurbiltzen da hona [156 tonatik gora jaso zituzten iaz Belartzan bertan]. Etxean jada behar ez duten hori ekartzen digute, eta gero, gehienek, bidaia aprobetxatzen dute dendan erosteko". Iaz, 80.220 bezero izan zituzten, eta salmentetan 830.943 euroko fakturazioa izan zuten. Sasietako eta Urola Kostako mankomunitateekin dituzten hitzarmenak gehituta, orotara, 915.771 euroko sarrerak izan zituen Emausek. Diru-laguntza publikorik ez du jasotzen.

Salmentarako prozesua

Astelehena da, 09:50. Oraindik joan-etorria ez da handia Emausen egoitzan. 10:00ak arte ez dute denda irekitzen, eta goizean irtendako kamioi gehienak ez dira eguerdira arte iritsiko. Bizpahiru lagun heldu dira, eskuetan poltsa bana hartuta, eta non utziko dituzten galdezka. "Utzi hementxe", erantzun dio langile batek, supermerkatuko orga bat seinalatuz. Biltegia zinta garraiatzailetik pasatzeko zain dauden poltsaz eta kaxaz beteta dago. Bi langile dabiltza han, burua altxatu gabe. "Normalki, langile gehiago aritzen dira zintan", argitu du Mugerzak. Neguko arropak, udakoak, maindire eta mantak, oinetakoak... bakoitza bere kaiolara botatzen dute. Biltegiaren zati handi bat neguko arropak hartzen du. "Horiek laster igoko ditugu dendara". Beste horma batean, dozenaka kaxa daude, bi pilatan sailkatuta: Santo Tomas jartzen du batean, Inauteriak, bestean. "Garaia iristean aterako ditugu".

Biltegiko kaxa eta poltsa mordoa atzean utzi, eta goiko solairura igo da Mugerza. "Hau da gure erakusleihoa, honek identifikatzen gaitu", azaldu du, harro. Ondo sailkatutako saltegi handi bat da denda. Kobratzen ari denak ere ez du etenik, behin 11:00etatik aurrera. Markako arropak daude lehenik, VIP gunea deiturikoan. "Garai batean, krisiaren aurretik, markako arropa gehiago jasotzen genuen. Orain, asko nabaritu da jendeak gutxiago gastatzen duela arropan, kalitate eskasagokoak dira; baita altzariak ere".

Bestelako jantzi eta oinetakoak ere ondo sailkatuta daude: jaioberrienak, umeenak, emakumeenak eta gizonenak. Liburuak daude gero, eta Vintage gunean altzariak eta arropak daude. Beste korridore batean dauzkate gainerako guztiak: oheko arropak, jostailuak, apaingarriak, elektronika... "Askotan geure buruari galdetzen diogu, 'baina honek balio al du ezertarako?', eta gero norbait etorri eta erosi egiten du. Batek baliorik topatu ez arren, beste norbaitentzat erabilgarri izan daiteke. Azkenean, hori da gure filosofia: ingurumena zaintzea, birziklatzea, eta zaborretara ahalik eta gutxien botatzea. Ez dakizu nolako pena ematen digun gauzak zaborretara bota behar izateak!".

Ingurumena zaintzea helburu izanik ere, beste lehentasun bat du aurretik Emausek. "Bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei lana eskaintzea, eta bizitza duin baterako aukera ematea, hori da gure lehentasuna", azaldu du Mugerzak.

Gipuzkoako Emausen 32 langile daude, eta guztiek lan kontratu mugagabeak dituzte. Izan ere, Emausen ustez, "euren ezaugarri eta egoera pertsonalaren ondorioz lanpostu egonkor bat lortzea ia ezinezkoa duten pertsonei" lanpostu mugagabe bat eskaintzea da benetako integrazioa lortzeko modu bakarra. "Ezin duguna da horrelako pertsona bat bi urterako hartu, eta gero, hura kalean utzita, lan hori beste bati eskaini. Gozokia ahoan jarri eta gero kentzea da, lehen baino egoera askoz ere okerragoan uztea. Hondoratu egiten da pertsona", azaldu du Muguerzak.

25 urteko Jose Dual da Emausera sartu den azken langilea. Abuztuan hasi zen lanean, altzarien atalean. "Lana gogor egin behar da hemen; jendearen joan-etorria handia da, eta altzariak kargatzen ibiltzen naiz etengabe", dio Dualek. DBHko titulua ateratzeko ahalegina egin eta hainbat ikastaro jarraitu zituen arren, ijitoa izateak lan mundurako sarrera are gehiago zaildu dio. "Oso pozik nago hemen eskaini didaten aukerarekin". Dualena adibide bat da; etorkinak, familia karga duten ama langabeak, alkoholarekin edo drogekin arazoak izandakoak... lan munduan sartzeko eta bizimodu duin bat eraikitzeko ezintasuna duen jendea da Emausek kontratatzen duena.

Askotariko bezeroak

Bigarren eskuko gauzak erosteak duen "estigma" apurka-apurka galtzen ari dela azaldu du Mugerzak. "Hala ere, oraindik badago lotsatzen den jendea, eta bigarren eskuko arropa erosteagatik aldamenekoa gutxiesten duena ere bai. Hemen, ikusi izan dut nahiko maiz etortzen den ohiko erosle bat bere lagun batekin topatzea, eta hari esatea zerbait ekartzera etorri dela, eta denda lehen aldiz bisitatzen ari zela. Pena da, baina hori oraindik badago".

Julieta Alvarado ez da lotsatzen. Harro dago etxeko denak Emausen erositako arropekin janzten direlako. "Lau ume ditugu eta etxeko seirak hemen erositako arroparekin janzten gara. Hamabi urte dira etortzen hasi nintzela. Oso arropa txukuna aurkitzen dugu, modakoa, eta askoz diru gutxiagorekin primeran janzten gara. Gu, ekonomikoki, nahiko ondo gaude; baina, hemen erosteak, beste gutizia ahalbidetzen dizkit: oporrak, auto berria... baita laugarren umea ekartzeko aukera ere. Bestalde, jende askorentzat hau izan liteke aukera bakarra bere umeak janzteko, edo altzariak erosteko. Bestela ezin dutelako erosi", dio. Julieta ez da soilik erostera etorri; lisaketarako taula bat eta bidaiarako gurpildun maleta bat dakartza eskuetan. Bestalde, bere herrian, Costa Rican, eta Hego Amerika osoan bigarren eskuko gauzak erostea oso errotuta dagoen ohitura dela nabarmendu du. "Guk kultura hori badugu, ez dakit zergatik hemen ez dagoen ondo ikusita. Ni, behintzat, hemen erosi eta poz-pozik ateratzen naiz".

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Eider Goenaga Lizaso

Euria apenas egin duen udan, eta abuztuan ugari izan dira bero zakarreko egunak. Kaletarren artean, iritziak askotarikoak dira: udan hori tokatzen dela, gehiegizko beroa egin duela, egun sanorik apenas izan dela... Bero saparen ostean, ordea, euria iritsi da aste honetan. Beroa eta euria, denen ahotan. Baina, baserritarrentzat, eguraldia hizketarako gaia baino gehiago izan ohi da. Urteko jarduna baldintza dezake uda euritsu batek, negu epel batek edo abuztuko harri ekaitzak. Uda honetako eguraldiak, ordea, ez die denei era berean eragin: ganadua dutenak kezkatuta daude, negurako bildutako belarrarekin iritsiko ez zaielakoan; baratzetik bizi direnek uda oparoa izan dela diote, nahiz eta erregadioari esker izan.

"Gu nahiko ondo defenditu gara. Baina, Goierrin bertan ere, diferentzia handia dago toki batetik bestera; ezberdina da behiak mendira ateratzen dituen batentzat, edo etxe ondoko soroetan dituenarentzat. Gipuzkoan ere errealitate oso ezberdinak daude; kostaldean, normalki, barrualdean baino zailagoa da beroak belarra erretzea". Garikoitz Nazabal (Zaldibia, 1984) EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusiak haragitarako behiak hazten ditu; 50 behi inguru ditu, eta hori da haren jarduera nagusia.

Behiak Aralarrera eraman ohi ditu Nazabalek, apiriletik azarora bitartean, baina kezkatuta dago, mendira igo ez dituzten edo laster umea egitera jaitsi behar dituzten behiei negurako bildutako belarra ematen hasi beharko duelako. "Noski, aurretik kentzen dena pilan gero faltan izaten da beti. Normalki, udan jasotakoarekin neguan irauteko adina izaten dugu, baina, lehenago hasi behar badugu belar hori ematen, negua bukatu baino lehenago amaituko zaigu belarra". Eta horrek esan nahi du erosten hasi beharko dutela.

Uda lehorrak izandako eragin ezberdinen adibidetzat du Nazabalek Aralarreko larreen aurtengo kalitatea. "Mendian nahiko urte ona izan da. Aralarren lainoa gehiago gelditzen da; itsasaldetik datorren lainoa hor geratzen da, eta nahiko bustia egon da. Abereak oso ondo egon dira aurten: belar ona izan dute. Beste urte baterako sinatzeko moduko uda izan da mendikoa", azaldu du Nazabalek. "Eskerrak mendia dugun", gehitu du, "beheko soroak erreta baitaude".

Behin ganadua mendira atera ostean hasten dira negurako belarra biltzen. "Uztaila bitartean biltzen dugu, eta abuztuan, eguraldia lehorragoa denez, dagoen bezala uzten da, irailetik aurrera menditik jaitsi behar ditugun behiek jana izan dezaten. Baina, aurten, erreta dago belarra; abuztuan, zartaginetik pasatuta bezala gelditu da". Ondorioz, baserri ondoko larreetan bazkarik apenas dagoen behientzat, eta negurako gordetakoa ematen edota osagarriekin hasi beharko dute. "Gu oraindik ez gara hasi osagarriekin, baina lagun mordoxka bat dut jada hasia dena". Neguan lastoa izaten da behien janaria, baina hori osatu beharrean izaten dira, "ez baita elikagai nahikoa".

Artoa, garagarra, zekaleak eta pentsua erabiltzen dituzte osagarri gisa, eta horrek jada diru gastu bat eragiten die ganaduzaleei. "Kontuan izan behar da ohiko kostua etengabe igotzen ari dela eta txekorraren haragia, aldiz, ia-ia duela 30 urteko prezioan saltzen ari garela; eta horri gehitzen badiogu belarretan gehiago gastatu beharko dela, jardueraren bideragarritasuna bera jartzen da kolokan", ohartarazi du Nazabalek.

Baratzea ongi, behiak gaizki

Kezka bera du Begoña Aristik (Tolosa, 1978). Baratzea eta haragitarako behiak ditu, eta uda lehor honetan txanponaren bi aldeak ikusi ditu. "Baratzea ondo joan da, erregadioari esker; ea behiekin ez dugun dirurik galtzen". 35 graduko beroarekin ari da Aristi lanean. Piperrak biltzen jo eta su dabiltza Isastegi Goikoa baserrian. "Udan produkzio handia izan dugu baratzean, eta lanez lepo gabiltza oraindik, udako produktuak biltzen". Beroarekin baratzean jardutea gogorra dela dio, baina nahiago duela berotan euritan baino.

Nabarmendu du baratzeari ez diola kalterik egin uda lehorra eta beroa izateak. "Baratzetik bizi denak, normalki, erregadio sistema bat izaten du, eta, ondorioz, uda lehorra izateak ez digu eragin. Egun oso beroak izan direnean, tomate batzuk erre zaizkigu, baina, gainerakoan, produkzioa oso ona izan da. Piperrak, tomateak... pila bat izan dira, eta berdin udako produktu guztiekin; berenjena, kalabazina... dena oso ondo".

Euri zaparradaren bat gehiago egin balu eskertuko zuela aitortu du, ordea, Aristik. "Erregadioa ez baita euri zaparrada on bat bezala. Hor ez dago dudarik: euriak beste freskotasun bat ematen dio produktuari, beste bizitasun bat. Nabarmena izaten da barazkiak euri ura edo erregadiokoa jaso duen".

Neguko barazkiak landatzeari dagokionez ere, lurra lehorra egotea bustia egotea baino hobea dela dio. "Lehorra egoteak ez du kalterik egiten. Alderantziz, lurra lehorra dagoenean sar gaitezke baratzera landaketak egitera; lurra bustita badago eta euria ari badu, aldiz, ez. Hori bai, hemendik aurrera euri pixka bat egiten badu, hobeto, horrek landatutakoa aurrera ateratzen lagunduko baitigu". Aurtengo udan, arazorik izan bada, "arrekin eta halakoekin" izan dela nabarmendu du Aristik. "Negua oso-oso arina izan denez, zomorro gehiago izan ditugu udan".

Haren kezka iturria behiak dira. "Euririk egiten ez badu, larrerik ez dator, eta bazterrak jada gorrituta daude. Eta larrerik ez badago, laster behiak barrura sartu beharko ditugu jatera, eta barrura sartzeak esan nahi du erositakoa eman behar diezula jaten. Eta horrek poltsikoan eragina du, eta ez txikia". Aristik haragitarako behiak ditu, dozena bat inguru, eta etxe ondoan libre ibiltzen dira, uda zein negu. Udan etxe ondoko larreetan jaten dute, eta, oro har, udazken osoan horrekin nahikoa izaten dute. "Neguari puska polita kentzen diozu. Baina aurten laster sartu beharko ditugu, eta irailean sartzea oso goiz da".

Etxeko belardietan jaten dutenez, belarrik ez dute biltzen Isastegi Goikoan. "Sagardotegiko patsa sartzen dugu siloan negurako, eta, horrekin, lastoarekin eta pentsuarekin eusten diogu". Haragitarako behien mozkina txikia izaten dela —"gaizki ordaindutako produktu bat da"— eta belarretarako dirua jarri behar baldin bada galerak izatea ere posible dela uste du Aristik. "Beraz, batekin ondo zabiltzanean, besteak herren egiten du. Niri horregatik gustatzen zait baserrian gauza bat baino gehiago edukitzea; batek kale egin badizu, besteak laguntzen du".

Irailarekin barealdia heldu da

Irailarekin barealdia heldu da

Eider Goenaga Lizaso

Uda luze joan zaie Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen Biriatuko ordainlekutik egunero pasatu behar izaten duten auto zein kamioi gidariei. Etxetik irtetean ezin jakin helmugara noiz iritsiko. Egun batean bai, hurrengoan ere bai, auto ilarak izan dira bertan. Motzagoak batzuetan eta oso luzeak zenbaitzuetan. Abuztuaren 18an hautsi zen udako marka, hemezortzi kilometroko ilarekin.

Irailarekin batera, oporren amaierarekin batera, A-8 autobideko zirkulazioa asko arindu da, eta ilarak ia desagertu dira. Gipuzkoako Foru Aldundia, ordea, beldur da edozein unetan berriro ere ilarak izan daitezkeelako, batez ere zirkulazio handiko egunetan. "Frantziako Gobernuak larrialdi egoera mantentzen duen bitartean, zenbait egunetan auto ilarak gerta daitezke. Ikusiko dugu udazkenean Frantziak neurri bereziekin jarraitzen duen, hori baita ilaren arrazoia", esan dio Hitza-ri Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Esteban Murumendiaraz Hiru sindikatuko idazkari teknikoak ere beldur bera du. "Guk ez dugu aldaketa handirik espero udazkenerako. Turismoen joan-etorria jaitsi den neurrian, zertxobait arinduko da, baina kontrolak jartzen badituzte, arazoak jarraitu egingo du". Garraiolarien sindikatuko ordezkariak nabarmendu du, gainera, auto ilarak udan "ikusgarriagoak" izan diren arren eta jende gehiagori eragin dioten arren, arazoa lehenagotik datorrela, eta garraiolariek hilabeteak daramatzatela Biriatuko ordainlekuan ilaran "orduak galtzen".

Ordainlekuan muga

Azaroaren 14an, Parisko Bataclan aretoan zein hiriburuko hainbat kaletan izandako atentatuen biharamunean ezarri zuen François Hollande presidenteak larrialdi egoera. Mugak itxiko zituela iragarri zuen, eta ordutik polizien presentzia ia etengabea izan da Biriatuko ordainlekuan, Baionarako bidean. Ekain amaiera bitartean, ordainlekuak dituen hamar kabinetatik bi bakarrik irekitzen zituzten: bat turismoentzat eta bestea kamioientzat.

Garraiolariek hilabeteak zeramatzaten ilarak pairatzen, ekainaren 20an afera lehertu zenean. Frantzian Eurokopa jokatzen ari zirela eta, Jendarmeriak ia erabat itxi zuen kamioientzako ordainlekua, eta egun horretan hogei kilometroko kamioi ilarak sortu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera "eutsiezina" zela adierazi zuen, eta bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta bai Bide Azpiegituretako diputatuak Frantziako agintariekin eta autobideko arduradunekin bilerak eskatu zituztela jakinarazi zuten. Kontaktuek izan zuten emaitzarik; ekain amaieran hasi baitziren Biriatuko ordainlekuan kabina gehiago irekitzen (bi turismoentzat eta hiru kamioientzat). Baina aldi berean hasi zen udako oporraldia, eta ibilgailuen joan-etorria handitzearekin, ezin ilarak murriztu.

"Frantziako agintariak jakitun dira hartu dituzten neurriek zer eragin duten alde honetan. Elkarlanerako borondatea badago. Horren adierazgarri da itzulera operaziorako bederatzi kabina zabalik izan zituztela, baina beti muga efektuarekin; hau da, ibilgailu guztiak, segundo batzuetan bada ere, geldiaraziz eta, ondorioz, auto ilarak sortuz", azaldu du Oiarbidek.

Murumendiarazek argitu du kamioi gehienek, T Bidea sistema dutenez, ordainlekuetan ez dutela gelditu behar izaten. "Baina Biriatun sistema hori desaktibatu egin dute, eta kamioia erabat gelditu behar izaten da. Gainera, hainbatetan, itxi ere egin dute kamioien bidea, inori pasatzen utzi gabe, edo oso tantaka pasatzen utziz". Garraiolariei ordainlekuan sortutako ilarek sekulako galera eragiten dietela nabarmendu du Hiruko ordezkariak. "Egunero joan-etorrian ibiltzen den garraiolariak batez beste 2-3 ordu gal ditzake ilaretan. Gainera, turismo bateko gidariak, bi ordu ilaran egon ondoren, nahi adina jarrai dezake aurrera, gogoa baldin badu. Guri, berriz, takografoak mugatu egiten digu denbora, eta ilaran gauden denbora hori galdutako denbora da. Nazioartekoa egiten duten garraiolariei mugako gorabeherek asteburua etxean igarotzea baldintza diezaiekete".

Hiruk ordainlekuko kabina guztiak irekitzeko eskaera egina du aspalditik, baina zail ikusten du Murumendiarazek hori baino gehiago egitea. "Oso nekeza da horren kontra ezer esatea. 'La sécurité, la sécurité' esaten dute, eta zer esango duzu zuk horren aurrean? Benetako arriskua dagoela esaten badute... Ez zait iruditzen Biriatun egiten dutenak Frantziak duen arazoa konpontzeko balioko duenik, baina guk ezin dugu horren kontra egin".

Kontrola egiteko moduarekin ere ez dago konforme Hiru sindikatua. "Ez dute egiten kontrol batean egin ohi dena; alegia, ez dute kamioi bat edo ibilgailu bat baztertu, eta hura miatzen duten bitartean gainerakoei pasatzen utzi. Ez, kamioiak ordainlekuan geldiarazi, ordainlekua ia erabat itxi, eta kito, miaketak apenas egiten dituzten. Oso noizean behin irekitzen dute kamioiren baten ate bat, eta gainetik begiratzen dute; baina, bitartean, sekulako ilara sortzen dute".

Hiru sindikatuko kidearen ustez, Biriatun egiten dutenak beste azalpen bat ere badu. "Segurtasuna aipatzen dute, baina badakigu Jonqueran ez dituztela horrelako mozketak egiten; eta ezta Frantziara Italiatik zein beste herrialdeetatik sartzeko bideetan ere. Gure susmoa da, autobidean hirugarren bidea irekitzeko obrak egiten ari direnez, ordainlekua erabiltzen dutela zirkulazioa arintzeko. Ez dute nahi kolapsatzerik, eta ordainlekuak itxiz lortzen dute zirkulazio lasaiago eta orekatuagoa, kamioiak tantaka pasatzen utzita". Muruamendiarazen ustez, A-63 autobideko lanek iraun bitartean jarraituko du arazoak.

Oiarbidek Gipuzkoako Foru Aldundia gaiaren gainean dagoela eta Frantziako agintariekin kontaktuan daudela azaldu du. "Beti gaude harremanetan, eta guztiok gara bestearen errealitatearen jakitun. Gure helburua atentatuen aurreko egoera berreskuratzea litzateke, mugarik gabeko egoera, baina hori Frantziako Gobernuaren esku dago".

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Aitziber Arzallus

Familiak behar dira Gipuzkoan, foru aldundiaren ardurapean dauden haur eta gazteak harreran hartzeko prest dauden familiak, hain justu. Izan daitezke guraso bakarrekoak, izatezko bikoteak edota bikote ezkonduak; seme-alaba biologikodunak edota gabeak; gazteak edota helduak; ekonomikoki egoera egonkorra dutenak. "Ez dago familia eredu perfektu bat. Haur eta gazte guztiak ez dira berdinak, bakoitzak behar jakin batzuk ditu; beraz, familiak ere era askotakoak behar ditugu", Leticia Martin Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko teknikariaren hitzetan.

Haur jaioberriak, kozkorragoak, nerabeak eta anai-arrebak; Euskal Herrikoak eta atzerritarrak. Diputazioak kudeatzen dituen harrera etxeetan soslai guztietako haur eta gazteak daude familien zain. Uztailaren 20an Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Gaietako diputatuak emandako datuen arabera, 353 haur zeuden harrera familietan, eta beste 313 harrera zentroetan, haietatik 49 familia batera sartzeko prest. Uztail bukaeran 44 zirela zehaztu du Martinek.

Egoera "larria" dela dio Beroako teknikariak, behar handia dagoela. "Geroz eta kasu gehiago iristen zaizkigu esku artera, eta, horrenbestez, geroz eta familia gehiago behar ditugu". Hala ere, nabarmendu du babesgabe dauden haurren kopurua hazten joatea ez dela erabat berri txarra. "Alde ona ere badu horrek, esan nahi baitu lehen baino azkarrago detektatzen ditugula kasuak eta lehenago has gaitezkeela beharra duten familia horiei laguntzen". Horrek, baina, egoera zuzendu artean, babesik gabe geratzen diren haur horiek hartzeko familia gehiagoren beharra dakar ezinbestean.

Adingabe bat babesik gabeko egoera larrian dagoela antzematen lehenak udaletako gizarte zerbitzuak izaten direla azaldu du Martinek. Haiek ei dira egoeraren berri aldundiari ematen diotenak. Egoera hori baieztatzen bada, gurasoei agintea kendu eta diputazioaren esku geratzen da adingabearen zaintza. Zenbaitetan, egoerak bultzatuta, gurasoek eurek erabakitzen dute umearen zaintza diputazioaren esku uztea.

Hobe familia batera

Kasu bakoitza aztertu ostean, haurrarekin zer egin erabakitzen du diputazioak. Harrera zentro batera eramatea da aukeretako bat, harrera familia bati ematea da bestea. "Ahal den guztietan familiaren aukera lehenesten da", Martinen arabera. "Haur jaioberrien kasuan, esaterako, ahalegin berezia egiten dute familien esku gera daitezen, frogatuta dagoelako lehen hilabeteetako bizipenek geroko garapenean eragin handia dutela". Baina beti ez da posible izaten."Askotan haurrak nahastuta egoten dira, ez dutelako ulertzen zergatik bereizi dituzten euren gurasoengandik. Beste batzuetan, egoeraz jabetzen dira, baina ez dute onartzen, eta beren buruarekin borrokan sartzen dira". Haur horiekin lanketa handia egin behar izaten dela azaldu du Martinek.

Zentro batera zein familia batera iristean, adingabe bakoitzari erreferentziazko pertsona bat jartzen diote, haren bilakaera gertutik jarrai dezan. Umeari gertatutakoa azaldu eta ulertarazten saiatzen da hura, harrera gurasoen eta profesionalen laguntzarekin. "Goizago edo beranduago, gehienek harrera familietan bukatzen dute, baina badira adinez nagusi egin arte zentroetan jarraitzen dutenak ere, batzuk euren erabakiz, besteak ez delako familia egokirik agertu". Nerabeak etxean hartzeko prest dauden familiak topatzea zaila dela dio.

Adinez nagusi egiten direnean, gazteek harrera zentroetatik alde egin behar izaten dute. Normalean, baina, aurrez emantzipazio plan bat prestatua izaten dute erreferentziazko hezitzailearen laguntzarekin, handik irten eta nora ezean gera ez daitezen.

Azterketa zorrotza

Martinen esanetan, ume bat harreran hartzen duen familiak "oso garbi" izan behar du harrera ez dela adopzio bat, ezta hura lortzeko bidea ere. "Harrera aldi baterako neurri bat da, eta azken helburua beti da adingabea jatorrizko familiara itzultzea, gurasoek dituen arazoak konpontzean". Bitartean, harrera familiak betebeharra izango du etxean hartzen duen umea maitatzeko, zaintzeko, elikatzeko eta hezteko. Gainera, posible den heinean behintzat, umeak harremanetan jarraituko du bere jatorrizko familiarekin, Gipuzkoako Diputazioak araututako eta epaitegiak adostutako bisiten bitartez.

Adingabe bat harreran hartzeko prest dauden familiek azterketa zorrotza gainditu behar izaten dute. Hitzaldi informatibo batean parte hartu behar izaten dute aurrena, eta, aurrera egitea erabakitzen badute, eskatutako dokumentazio guztia bildu gero. Ondoren, test batzuk egin behar izaten dituzte; eta, azkenik, teknikariak familiaren etxebizitza ikustera joaten dira, ume bat hartzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Familiako kide guztiekin hitz egiten dute haiek, harrera programa batean parte hartzeko ezinbesteko baldintza baita denak erabaki horrekin ados egotea.

Zer motatako harrera programan parte hartu nahi duen erabaki beharko du familia bakoitzak, mota bat baino gehiago baitaude. Harrera soila da horietako bat: gehienez bi urte iraun dezake, eta umea guraso biologikoekin itzultzeko aukera dagoen kasuetan erabiltzen da. Harrera iraunkorra da bestea: umea guraso biologikoekin itzultzeko zailtasun handiagoak egon daitezkeela aurreikusten duten kasuetan erabiltzen da, eta umeak 18 urte bete arte iraun dezake. Harrera soilean zein iraunkorrean, harrera familia boluntarioek parte hartzen dute; izan daitezke haurrarekin aurrez inolako zerikusirik ez dutenak, baina baita harremana dutenak ere, aitona-amonak eta izeba-osabak kasurako.

Larrialdiko harrera da hirugarrena: haurra familia biologikotik bereizi ostean eta egoeraren balorazioa egin bitartean jartzen da martxan, eta gehienez sei hilabete inguru iraun dezake. Azken harrera mota familia profesionalizatuena da: hartuko duten haurrak izan dituen bizipenengatik aparteko laguntza behar duenean erabiltzen da, eta ezaguera teknikoak izan behar ditu hartzaileak —kasu hauetan, pertsona bakarrak hartzen du ardura —.

Borondatezko harrera familiei haurraren gastuak ordaintzeko adinako diru laguntza ekonomikoa ematen die Gipuzkoako Diputazioak. Hartzaile profesionalek, aldiz, soldata bat jasotzen dute ume horiekin egiten duten lanaren truke.