Asteko Gaiak

Erretiroan, borroka bikoitza

Erretiroan, borroka bikoitza

Eider Goenaga Lizaso

Felix Casadok zailtasun handiekin igo ditu eskailerak. Arnasestuka, hamar eskailerako tartean bi edo hiru geldialdi egin behar izan ditu. Lazkaon ibiltzeko, motor elektriko bat jarri diote, edozein aldapa txiki gainditu ezinezko oztopoa baita harentzat. Baina, oztopoak oztopo, gaurkoa egun seinalatua da Casadorentzat. Izan ere, duela bost urteko martxoaren 18an, kirofanora sartu zuten, bertatik bizirik ateratzeko %20ko probabilitate eskasarekin. Biriketako minbizi "oso txar" bat topatu zioten eskuineko birikaren erdi-erdian, eta ebakuntzan birika osoa eta perikardio zati bat kendu behar izan zioten.

"Bizirik jarraitzeko apustua" egin zuen orduan Casadok, eta horretan segitzen du. "Bost urte asko dira. Gurea bezalako kasuetan, bizi itxaropena sei hilabete eta bost urte artekoa izaten da", gehitu du Felipe Cuñadok. Cuñadori iaz egin zioten ebakuntza, hari ere biriketako minbiziagatik. Mendian ibiltzeko ohitura handia zuen Cuñadok, minbizia topatu zioten arte; orain, maldarik gabeko tokietan baino ezin da ibili. Minbiziaren jatorriari buruz, zalantza izpirik ez. "Orain dela 40 urte Olaberriko Aristrain fabrikan lan egindako zortzi urteak. Nik ez dut ordutik harreman gehiago izan amiantoarekin, eta nire gaitza amiantoaren ondorio zuzena da", azaldu du Casadok.

Casado eta Cuñadorekin batera, Julian Garcia eta Jose Robles agertu dira Hitza-rekin eginiko hitzordura. Garciak eta Roblesek ez zuten lanean amiantoarekin harremanik izan, baina galdaragintzan egin zuten lana biek, eta soldadurako gasen eraginez gaixotu dira. Garciari biriketako minbizia antzeman zioten iaz. "Zorterik handiena nik izan dut", gaineratu du Roblesek. Izan ere, Robles da lauren artean minbizia izan ez duen bakarra. "Oraingoz", zehaztu du. "Neumologoak esan zidan lana aldatzen ez banuen oxigeno botila bizkarrean nuela ibili beharko nuela. Enpresari postu aldaketa eskatu, eta erantzuna ezezkoa izan zen". Erretiroa hartu zuen orduan.

GEPEren kanpaina

GEPE Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko kideak dira laurak, eta gaixotasunak eragindako zailtasunak gorabehera, modu aktiboan ari dira parte hartzen elkarteak gaixotasun profesionalen inguruan abiatu duen kanpainan, eta baita Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartean (Asviamie) ere.

Antton Karrera GEPEko koordinatzailea lagun dutela ari dira batera eta bestera mugitzen, hitzaldiak ematen, euren errealitatea azaltzen eta amiantoarekin eta beste gai toxikoekin lan egin duten langileen artean kontzientzia pizten. "GEPEn konturatu ginen erretiratu ostean jende askori ari zitzaizkiola jatorri profesionaleko minbiziak eta bestelako gaitzak diagnostikatzen, eta gaitz horiek triskantza ari zirela egiten gure artean. Zerbait egin behar genuen, eta kanpaina jarri dugu martxan", azaldu du Karrerak.

Kanpaina ez da soilik amiantoarekin lan egin dutenentzat. "Egia da amiantoak eragiten duela gaixo gehien, baina Euskal Herriko lantegietan minbizia sortzen duten gai asko erabili da —silizea, soldadurako gasak, disolbatzaileak...—, eta erabiltzen da". Eta horiei guztiei egiten die deia, mugi daitezen eta erretiroaren osteko osasun azterketak eska ditzaten.

Izan ere, jatorri profesionala duten gaitz asko gai toxikoekin kontaktua izan eta urte askotara agertu ohi dira —Casadoren kasuan, adibidez, 40 urtera—, eta langile asko eta asko erretiratuta daudenez, enpresako ohiko azterketarik ez dago haientzat. "Asviamie elkartekoak saiatzen gara amiantoarekin lan egin izan dutenak Osalanen protokoloan sartzen; Euskadin, hiru lurraldeetan, 7.000 lagun daude sartuta. Baina, askoz gehiago izan beharko lukete, eta GEPEren kanpaina horiei begira ari gara egiten", azaldu du Casadok.

"Ni naiz prebentzioak eta Osalanen bidez egiten diren osasun azterketek duten garrantziaren adibidea", gehitu du Cuñadok. 2007an sartu ziren Cuñado eta beste hainbat langile Osalanen protokoloan, eta ordutik urtean behin egin dizkiote azterketa espezifikoak. "Eta 2014ko irailean egindako azterketari esker nago bizirik orain. Oso minbizi azkarra zen nirea, asko zabaldu zen epe motzean, eta azterketa bi hilabete geroago egin izan balidate, hilerrian nengoke orain".

Hala, GEPEk Osalanera bideratzeko, aldiriko osasun azterketak bermatzeko, eta Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionala onartua izateko laguntza eta aholkularitza eskaini nahi duela dio Karrerak. "Arazo nagusia langileak amiantoarekin edo bestelako gai toxikoekin lan egin duela frogatzea da; behin hori frogatzen denean, ikuspegi juridiko-legaletik ez dago arazorik Gizarte Segurantzan ezintasun absolutua onartzeko". Karreraren arabera, asko borrokatu da hori hala izan dadin; lehen, zailtasun askorekin lortzen zen ezintasunaren onarpena, baina orain, errazagoa da.

Ezintasunaren onarpena ia berehalakoa da enpresa desagertuta dagoen kasuetan. "Enpresa existitzen ez denez, astebetean onartu zidaten gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun absolutua", azaldu du Garciak. Enpresak jarraitzen badu, bidea konplexuagoa da. Casadoren kasuan, mutualitateak bi helegite jarri zituen, eta kasua EAEko Auzitegi Nagusiraino heldu zen. "Noski, enpresa ez badago martxan, Gizarte Segurantzak ordaintzen du pentsio osoa; baina, enpresak jarraitzen badu, ezintasun absolutuari dagokion diferentzia mutualitateak ordaindu behar du", azaldu du Casadok. Karrerak, horren harira, nabarmendu du herritar guztien dirutik ordaintzen direla enpresa askok egindako kaltearen ondorioak, eta hori "iruzurra" dela.

Kalte-ordainik ez

Ezintasunaren onarpena eta horri dagokion pentsioa kobratzea gauza bat da, ordea, eta bestea, langileak dagokion kalte-ordaina lortzea. Enpresarik ez badago, kalte-ordainik ez dago. Enpresa baldin badago, hark ordaindu behar du, bere garaian hartu ez ziren segurtasun neurriengatik atzerapen moduan. "Baina hori oso zaila da. Niri abokatuak esan zidan 30 milioi pezeta [180.000 euro inguru] kobratu beharko nituela, baina ez dut dirurik ikusi", azaldu du Roblesek. Casadoren kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenean dago Arcelor Mittalek ordaindu beharko liokeen kalte-ordainaren kasua. "Joan den hilean onartu zidaten prestazioen errekargu bat, baina ez dizut esango zenbatekoa den, helegitea jarriko dutelako, ziur".

Hain zuzen ere, kalte-ordainik izango ez duten horientzat konpentsazio funts bat sortzea da GEPEren, Asviamieren eta kaltetutako langile ohien aldarrikapen nagusietako bat. "Gure osasuna itzuli ezin digutenez, gutxienez laguntza bat litzateke hiltzeko garaian", dio Cuñadok, eta baita gure alargun eta seme-alabentzat ere", gehitu du Roblesek. "Kontua da Eusko Jaurlaritzak esaten duela ez dela bere eskumena, eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio funtsa sortzeko. Nik ez dakit nork sortu behar duen, Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, mutualitateek edo enpresek, baina ezinbestekoa da lehenbailehen sortzea. Eta askorentzat, gainera, beranduegi izango da".

Funtsak berebiziko garrantzia izango luke, Cuñadoren arabera, senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu diren emakumeentzat. "Hemen, Bergaran hildako emakume bati aitortu diote gaixotasun profesionala. Kontua da pentsiorik ez dagokiola, ez duelako inoiz kotizatu. Kalte-ordaina gizonaren enpresak ordaindu beharko lioke. Baina, zer gertatzen da enpresa itxita badago? Nork ordaintzen dio?".

Amiantoarekin gertatutakoa ondo olioztatutako sistema baten ondorio dela dio Cuñadok, langilearen bizitzari baliorik ematen ez dion sistema baten ondorio. "Terrorismoaren biktimak omendu dituzte gaur [martxoaren 11n egin zen elkarrizketa], eta nik aldarrikatu nahi dut gu ere terrorismoaren biktimak garela. Etorriko zenaren jakitun izan arren, enpresek gauzatu zutena, mutualitateek babestu zutena, eta laneko inspektoreek ahalbidetutakoa; izan ere, denek zekiten amiantoak minbizia sortzen zuela". "Eta horri gehitu behar diozu bere garaiko agintariek eta gobernuek, batez ere frankismo garaian, onartu zutela, beste alde batera begiratu zutela, babestu zutela. Legeak egin arren, ez baitziren inoiz bete", gehitu du Karrerak. Eta gobernu askori egozten die ardura GEPEko kideak. Izan ere, amiantoari buruzko lehen arauak 1940koak ziren, baina hura erabiltzeko debekua ez zen 2001eko abenduaren 30 arte indarrean sartu.

Gobernuen eta, batez ere, enpresen arduragabekeria hori orain garesti ordaintzen ari dela nabarmendu dute bostek. Orain, milaka langile ohi ari dira gaixotzen, milioika eurotan zenbatzen dira pentsioak eta kalte-ordainak. "Prebentzio neurriak ez hartzeagatik, begira orain zein garesti ari garen ordaintzen. Eta enpresak ere bai, enpresa baten iraupenarentzat ere ez baita gozoa orain kalte-ordainak ordaindu behar izatea. CAFen, adibidez, 30 bat dira orain arte amiantoaren ondorioz hildakoak, eta dirutza bat da kalte-ordainetan", azpimarratu du Casadok.

Cuñadoren iritziz, enpresek amiantoaren eta bestelako gai toxikoen eraginak epe luzera agertzearekin jokatu nahi izan zuten. "Haiek oso ondo zekiten zeintzuk ziren ondorioak, baina bazekiten denbora asko pasatuko zela ondorio horiek agertu arte. Zenbat jende hil den asbestosia [amiantoaren gaitza] zuela jakin gabe, eta biriketako minbizia zerk eragin zion jakin gabe! Zorionez, zientziaren aurrerapenak ahalbidetu du orain kasu hauek guztiak azaleratzea, eta gaixotasunak amiantoaren eraginez sortu direla frogatzea".

Etorkizunarekin kezkatuta agertu dira laurak. Ez euren etorkizunarekin, ordea, amiantoaren ondorioek ekarriko duen etorkizunarekin baizik. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtean 107.000 lagun hiltzen dira munduan, amiantoaren eraginez, eta kopuru hori handituz joango da. "Puntu gorena 2025-2030en iritsiko da, eta hori izugarria da", amaitu du Cuñadok.

32 urte, eta atzo balitz bezala

32 urte, eta atzo balitz bezala

Julene Frantzesena

Martxoaren 22an, 32 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek.

Hainbeste urte pasatu arren, kasua argitzeke dago oraindik; are gehiago, auzia artxibatu du Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, "delitu zantzuak badaude ere, nork egin zuen ez delako frogatu". 1984ko martxoaren 22an Pasaian hildako Kurroren eta Pelitxoren anaia eta arreba dira, hurrenez hurren, Peio Aizpuru (Azpeitia, 1963) eta Arantxa Isart (Azpeitia, 1958). Haiek diotenez, "garai hartan bezalaxe, pena, inpotentzia eta amorrua" sentitzen dituzte, "berdin" jarraitzen dutelako. "Urteak pasatuta eta froga nahiko garbiak egonda, ulertezina da kasua ezin dela argitu entzutea", dio Isartek. Ildo beretik hitz egin du Aizpuruk ere: "32 urte pasatu dira, baina atzo balitz bezala da guretzat. Senideak hil zituztenetik izan dugun ezina eta sufrimendua latzak izan dira, eta horiek gainetik kendu ezinik gaude".

"Ikertzeko interes falta"

Joan den otsailaren 27an, agerraldia egin zuten segadan hildakoen senideek, Pasai Donibanen. Han Miguel Castells abokatuak esandakoa ekarri du gogora Aizpuruk: "Franco hil zenetik egon den estatu krimenik handiena da hau, eta kontua da estatuak eta Poliziak inoiz ez duela beren burua ikertzen. Ikerketa haien esku denez, dena esana dago". Hala uste du Isartek ere: "Poliziak deklaratzera deitu dituztenean, bat ez zegoela han, bestea ez dakit non zela... Espainiako Gobernua dago tartean nahastuta, Polizia inplikatuta, eta nola ikertuko dituzte, ba, beren buruak! Hilketa batzuk daude tartean".

"Dena zintzo eta legearen barruan egin bazuten, zer arazo dute deklaratzeko? Batzuek deklaratu zuten, eta esan zuten beraiek ez zirela izan. Baina horiek ez al dakite zein lankide zituzten eta nortzuk joan ziren Pasaiara? Ez dute nahi gogoratu; ez zaie komeni", azaldu du Aizpuruk. Gogoratzen du esan zutela orduko gobernadore zibilak, Julen Elgorriagak, Pasaian gertatutakoaz garai hartan emandako bertsioa zela "benetakoa eta bakarra". Haren ustez, ez da kasualitatea 1983ko azaroan, Pasaiako hilketak gertatu baino hilabete batzuk lehenago, Lasa eta Zabala bahitu eta hil izana. "Gobernadore zibilak ahalbidetu zuen Lasa eta Zabala hiltzea; han izan zen, eta ez zuen ezer egin bidegabekeria hura gelditzeko. Garaiak halakoxeak ziren, baina, sasoi hartan, bertsio ofizialak Pasaiakoa enfrentamendua izan zela zioen. Jendeak hori du gogoan, baina gobernadorearen kontuak-eta ez".

"Nazkatuta gaude"

Aizpuruk dioenez, "nazkatuta" daude: "Noiz egin behar dute zerbait? Ikaragarria da kasu honetan epaileek hartu duten jarrera. Paco Etxeberria auzi medikuak egin zituen hildakoen autopsiak, eta esan zuen posta kartutxoekin egindako hainbat tiro zituztela. Gure abokatuak epaileari eskatu zion probak egiteko; izan ere, zenbat metrora egin zieten tiro frogatzeko, peritu eta balistika azterketak egin behar dira. Baina epaileak ez ditu probak egin. Horiek ez baditu egin, nola izango du epaileak ikertzeko eta egia jakiteko asmorik?".

Azaldu duenez, 2001ean, Etxeberriak berriz deklaratu zuenean, esan zion epaileari beste autopsia bat egiteko, "lagungarri" izan zitekeelako kasua argitzeko: "Hori ere ez dute egin. Autopsiak zehatz dio Delasen kasuan tiro bat behetik gora egina zela. Hori horrela izanda, eta poliziak hamabi metrora goitik behera ari baziren tiroka, nola liteke bala garun azpitik sartu eta kopetatik ateratzea? Ezin liteke. 'Beharbada erorita egongo zen ordurako', esan zigun behin batek, eta Etxeberriak erantzun zion: 'Hori erremateko tiroa da'".

Pasaiako segadaren kasuan, Joseba Merino, handik bizirik atera zen kidea, lekuko zuzena dela azpimarratu du Aizpuruk. "Hark dena ikusi zuen. Poliziaren bertsioa eta Merinorena daude, eta autopsia gehiago gerturatzen da Merinoren testigantzara. Dena den, poliziek esan dezakete Merino terrorista bat dela eta pelikula bat kontatu duela, baina... Tiroak entzun zituztenen lekukotzak ere badira, eta baita zerbait ikusi zutenenak ere. Horiek guztiak eta Merinok kontatutakoa norabide bereko lekukotzak dira".

32 urtez gorabeherak

Pasaiako hilketen ostean abiatu zuen ikerketa Donostiako Lurralde Auzitegiak. Handik bi urtera itxi zuten auzia behin-behinean lehenengoz, 1986an; baina ikertzen jarraitzea galdegin zuen epaitegiak, kasua ez zegoelako preskribatuta. Ordutik, hainbat gorabehera izan du auziak. Hildakoen senideen arabera, "2006tik hona ez da ezer egin, ez dago-eta ezer egiteko borondaterik".

Joan den otsailean, berriz, kasua artxibatzea erabaki zuen epaitegiak, eta helegite bana jarri dute hildakoen senideek eta Azpeitiko Udalak. Gainera, udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, auzia ez artxibatzea eskatzeko eta hildakoen senideei babesa emateko mozioa onartu zuten, aho batez, joan den martxoaren 1eko udalbatzarrean.

Oraindik ez dakite helegiteek zer erantzun izango duten, eta ezta kasua itxiko duten ere: "Azken urteetan bezala jarraitzeko, igual, hobe itxita. Horrela, beste bide batzuk jorratuko ditugu". Izan ere, kasua behin betiko itxiko balitz, ez dute baztertzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera edo Europako Giza Eskubideen Epaitegira jotzea. "Jarraitzeko asmoa dugu, baina oso gogorra da. Castells berak esan zuen joan den asteko agerraldian ez garela geldituko, eta prentsaurrekoa bukatzean malkoak atera zitzaizkion, hunkituta zegoen. Segitu behar dugu, bai, baina hark ezagutzen ditu epaitegietako kontuak, eta inpotentzia daukagu. Izan ere, kasua zabaldu, itxi, probak aurkeztu, urtebete pasatu, kasua artxibatu, helegitea jarri, eta ezerk ez du aurrera egiten".

Dena den, Aizpuruk dio "tristea" dela etsipenez hitz egitea: "Inork ez du ezer esaten gaiaz. Inork ez du iritzirik ematen. Tristea, benetan, hori da. Segada gertatu zen garaiko politikariek garbi esaten zituzten 'fusilatze bat izan da', 'GALekoa bezalakoa izan da...' edo 'heriotza zigorraren aplikazioa izan da, in situ' gisakoak. Hilketa hitza erabiltzen zuten. Garai hartan, horrela hitz egiten zen, eta, gaur egun, isilik egon eta beste aldera begiratzen dute".

Horri ñabardura eginez, halakoak esan zituztenak "segituan isildu" zirela dio Isartek. "Berehala isiltasuna sortu zen, eta gehiago inork ez zuen ez ezer esan eta ez ezer egin. Beraz, hitz haiek ez gaituzte ez inora, ez ezertara eraman. Esan horiek ez dute inor behartu deklaratzera edo ikertzera; presiorik ez da egon".

Hitz egiteko eskaera

Hitz egin beharra azpimarratu dute Isartek eta Aizpuruk, baita Pasaiako segadan hildakoen familien abokatu Santiago Gonzalezek ere. "Garai hartako politikariei eskatzen diegu mesedez hitz egiteko", diote.

PSOEko Jose Bonok liburu batean Pasaiako segadari egiten dio erreferentzia, eta hura gogoratu du Aizpuruk: "'Bazkaria Joaquin Leguinarekin [...]: eta kontatu dit Enrique Casas senatari sozialista hil zutenean bilera bat egin zutela EAJrekin, eta PSOEko gureek, Danborenea buru zela, [EAJkoei] esan zietela ulertzeko erreakzionatu egin behar zutela, eta, gau batean, hiltzaileek Bidasoa zodiak batekin gurutzatzen zutenean, beren merezia izan zutela'. EAJkoekin bildu zirela dio, eta agian mendeku bila zebiltzala esan zieten. Garai hartan Euskadi Buru Batzarrak kaleratu zuen oharrean gogor zioen 'galdetzen dugu hau guztia aurrez prestatuta ez ote zegoen'. Hori eta Bonok dioena bat datoz. Beraz,badira kasua beste alde batetik bizi izan zuten pertsonen testigantzak. Gainera, ziurrenik politikari horiek bizirik egongo dira, eta hitz egin behar lukete".

Egia eta aitortza

"Orain, politikariek bakeaz eta bizikidetzaz hainbeste hitz egiten dutenean, gu ahaztuta eta baztertuta gauzkate. Hori da 113 balek eragindako zaurietan gatza botatzea. Oraindik eta gogorrago egiten dute egoera. Ez da erraza sentitzen duguna adieraztea".

Auziaren tirabirak tarteko, eta bide judiziala agortzear zela ikusita, euren artean Arartekora edo instituzioetara jotzeaz hitz egin izan zutela azaldu dute. Pausoa, baina, joan den urtarrilean eman zuten. "Orain arte ez dugu jo, ez zuela merezi uste genuelako, baina gugana ez da inor etorri; inor inoiz ez".

"Garai berriak direla eta", Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutura jo zuten duela pare bat hilabete: "Hango pertsona batekin hitz egin, eta biktimen sailera bideratu gintuzten. Han esan ziguten poliziaren biktimen kontua lantzen ari direla Eusko Legebiltzarrean, eta hiruzpalau hilabetera kaleratuko duten zerrendan ez bagaude erreklamatzeko aukera izango dugula. Esan genien gurekin inork ez zuela hitz egin, eta zerrendan sartu edo ez aztertzeko baliagarri izan dakizkiekeen nahikoa froga bagenituela eta oso garrantzitsua iruditzen zaigula harremana edukitzea. Baina urtarrilean izan zen hori, eta, gaur arte, ez dugu deirik jaso".

Eusko Jaurlaritzak herriz herri egindako Bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak txostenean, gehiago ikertu beharreko kasuetan agertzen direla diote: "Baina gehiago nork ikertu behar du?". Aranzadiren eta Azpeitiko Udalaren Sufrimendu Mapan ere gehiago ikertu beharreko kasuetan agertzen dira.

"Bere garaian, danbateko handia izan zen, eta ez genuen hitz egiteko ganorarik ere. Ez zitzaigun hitzik ateratzen", dio Isartek. Orain, berriz, "nahiz eta judizialki justiziarik ez den egingo, jendeari gertatutakoa jakinarazi" beharra dagoela diote. Horregatik, uste dute "oraingoek eta ondorengoek" gertatutakoa jakiteko garrantzitsua izango dela Pasaiako segadaz bi azpeitiar gaztek egingo duten dokumentala.

Urteotan "krudelkeriaren beste alde bat ere" ezagutu dutela dio Aizpuruk: "Isarten ama duela bi urte hil zen, eta aita hilda dago. Gure aita duela hiru urte zendu zen, Delastarren aita Gabonen bueltan hil da... Gure amak 32 urtean ez du semearekin zerikusia zuen ekitaldi batean ere parte hartu. Sufrimendu ikaragarria dauka barrenean, eta ez du nahi izaten. Lehengoan agertu zen aurrenekoz prentsaurrekoan, eta hilaren 19ko ekitaldira joateko esanaz ari naiz. Esan diot negar pila egingo duela, baina nola ez du ba egingo, neuk egiten dut eta. Gurasoak hiltzen ari dira, eta kasua argitu gabe dago. Pena horrekin ari zaizkigu joaten".

Isartek dio "ahal den guztia" egingo dutela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko: "Kasuarekin lotura duen edo izan dezakeen inor epaitu, behintzat, ez dutela egingo oso argi daukat. Asko hitz egiten da orain egiaz-eta, eta guk horixe eskatzen dugu. Hitz politak dira, baina egiaren bila lan egitea garrantzitsua da".

“Nik ez dut lanik egin eta…”

“Nik ez dut lanik egin eta…”

Eider Goenaga Lizaso

Maite: "Fabrikan baldintzak ez ziren berak gizon eta emakumeentzat. [...] Gizonen lanak beste kategoria bat zuen; beste prestigio bat". Ixabel: "Aita hil zenean, nik hasi behar izan nuen [fabrikan], 17 urte nituela. 33 urte arte ibili nintzen fabrikan, ezkondu arte. Ez zituzten emakume ezkonduak ametitzen fabrikan". Arantxa: "Baserrian nire amak eta jende askok behiak bildu eta dena. Baina ahizpek esaten zuten amak ez ziela behin ere utzi segan... Ez ikasteko segan, eta ezta behiak biltzen ere! Bestela, gizonak ferira joan eta ez zirela etortzen". Hernaniko hiru emakumeren testigantzak dira. Izenak gezurrezkoak dira; bizipenak, ordea, ez. Ilunpetik argitara. Emakume langileak iruditan (Hernani, 1939-1975) liburuan daude jasota, beste 16 emakumeren lekukotzekin batera.

Enplegua izan edo ez, emakumeak eta lana bereizi ezinezko kontzeptu bi dira, eta, Hernaniko emakumeen frankismo garaiko errealitatera hurbilduta, hori frogatu nahi izan dute liburuaren egile Maialen Apezetxea Lujanbiok eta Mikel Ozaita Azpirozek. Kopenhagen izendatu zuten martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Egun, 1910ean. Clara Zetkin politikari komunista alemaniarrak egin zuen proposamena Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Konferentzian. Ordutik, emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren aldarrikapenak bide luzea egin du, eta egunaren izenak berak ere izan du aldaketa, azken urteotan. Emakume Langileen Eguna izan ostean, Emakumeen Eguna da gaur egun martxoaren 8a.

"Nik ez dut inoiz lanik egin eta..." izan da Apezetxeak eta Ozaitak elkarrizketatutako emakumeen ahotan behin eta berriro entzundako erantzuna. Eta esaldi hori nabarmendu dute liburuaren hasieran. "Inoiz ez dutela lan egin esaten zuten, ez genuela pertsona egokiarengana jo; baina gero hasten ziren hitz egiten, eta zenbat lan egin zuten... Izugarria", azaldu du Apezetxeak.

Lana eta enplegua

Hain zuzen ere, liburuaren sarreran lana kontzeptuaren inguruko gogoeta egiten da. "Lana ikuspegi zabal eta feminista batetik ulertzen da; hau da, esfortzu fisiko eta psikologikoa eskatzen duen jarduera jarraitu gisa. Izan ere, lana lan ordaindu gisa hartzen bada, hots, enpleguari soilik erreferentzia eginez, emakumeei atxiki izan zaizkien —eta oraindik atxikitzen zaizkien— lan gutxietsi eta ikusezinak ez dira kontuan hartzen; zaintza, kasurako".

Hala, emakumeen lanak bost arlotan banatzen ditu liburuak: industria, ostalaritza, merkataritza, baserria eta etxea. "Lana aberastasuna produzitzera bideratutako giza esfortzua bada, aberastasun kontzeptu hau bere esanahi zabalenean ulertu beharko litzateke: giza aberastasuna, aberastasun materiala, kulturala, artistikoa, emozioen aberastasuna...".

Baina ordaindu gabeko lanari balioa ematen ez diotenak, askotan, garai hartako emakumeak beraiek direla nabarmendu du Apezetxeak. "Liburuan beti presente dago, nahiz eta ez dugun gehiegi sakontzen, frankismoak ildo horretan egindako lana. Izan ere, erregimenak lan handia egin zuen emakumeek rol hori barnera zezaten, Seccion Femenina eta halakoekin, eta barruraino sartua zuten". Emakumeak etxean gelditu behar zuen; gizona eta seme-alabak zaintzea eta haiek gustura edukitzea zen zegokiona, kexarik egin gabe, eta etxetik kanpoko lana, egitekotan, ezkondu artekoa izaten zen, "salbuespen batzuk kenduta".

Apezetxeak dioenez, lanak eta betebeharrak neskentzat izaten ziren garai hartan, bai etxekoak eta, askotan, bai etxetik kanpokoak. Eta pribilegioak, berriz, mutilentzat. "Bitaminak mutilentzat ziren; ikasketak egiteko aukera baldin bazen, hori ere mutilentzat. Emakumeei esaten zitzaien 'zu, etxerako', eta ez zuten zalantzan jartzen".

Lekukotza bat aipatu du Apezetxeak, emakumeei aitortzen zitzaien "balio eskasa" nabarmentzeko. Juani: "Emakumeei ez zitzaien baliorik ematen; gizonei ematen zitzaien balioa. Kontatuko dizut kontu bat. Behin, aitarekin kalera atera eta batekin hitz egiten jarri zen. Ni koskortua nintzen ordurako. 'Zenbat ume dituzu?' galdetu zion hark. 'Bost seme', erantzun zion aitak. 'Baina alaba ere baduzu zuk?'. 'Bai, hemen dago, beltxa txar bat, jejeje'. Hori grabatuta gelditu zitzaidan".

Hernanin etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeak asko zirela jasotzen du Ilunpetik argitara liburuak. "Ematen du orain hasi garela emakumeak etxetik kanpora lan egiten, baina emakumeek orduan ere egiten zuten lana fabrikan, ostalaritzan, merkataritzan, baserrian... Hernanin, gainera, ehungintza fabrikak zeuden; gaileta fabrika ere bazen, eta horietan emakume asko aritzen ziren". Horietako asko umetan hasten ziren lanean, eta, ezkontzen zirenean, utzi egin behar izaten zuten kanpoko lan hori. Loli:"Eskola, 13 urte arte, eta kitto. Lanera! Banku txiki bat jarri zidaten, ez nintzelako plantxara iristen". Maite: "Emakume ezkonduak lan egiten ez zuenez, edo ezin zuenez, edo egin beharko ez lukeenez, modu kamuflatuan egiten zen lana. Ezagutu ditut emakume alargunak, edo alargundu gabeak ere bai, etxean jendea hartzen zutenak lau txakur txiki ateratzeko".

Lan ordaindua egiten zutenetako askok, ordea, merkatu beltzean egiten zuten lan; ez zen errolda ofizialetan agertzen. Eta, horren adibide, zelofanezko poltsak egiten zituztenak aipatzen ditu Apezetxeak. "Zelofanezko poltsak egiten zituzten fabrika baterako, baina etxean eta ezkutuan egiten zuten lan hori, inork ikusi gabe. Poltsa bakoitzeko diru bat jasotzen zuten".

Baserria

Baserrian, berriz, "lan esparruaren eta etxeko lanaren arteko muga lausoa" aipatzen du liburuak; "ez zegoen argi noiz bukatzen zen bat, eta noiz hasten zen bestea". Horren eraginez, emakumeak "denbora osoko prestasuna" zuten lanerako, eta eremu pribatuan jarduteak "besteekiko harreman sozialak mugatzea zekarren".

Merkataritza eta ostalaritzari dagokionez, bezeroen generoak eta bertara joateko arrazoiak dira ezberdintasun nagusia: "Merkataritzan, merkataria eta bezeroak batik bat emakumeak baziren, ostalaritzan bezeroa gizonezkoa zen erabat. Era berean, merkataritza eguneroko beharrizanak asetzeko jarduera bat zen, non bezeroa lanean zegoen; ostalaritza, berriz, gizonezkoen aisialdi eremuaren baitan kokatzen zen". Emakumeak tabernan ikustea ia ezinezkoa zen garai hartan, eta argazkietan ageri diren emakumeak edo sukaldean edo barratik barrura agertzen dira. Rosi: "Poteoan? Gizonak bai. Emakumezkoa, gizonarekin joaten bazen igandeetan ere, kanpoan; atearen ondoan geratuko zen emakumea, gizonak sartu eta baxoerdi bat hartuko zuen". Joxepa: "Denak gizonak. Zer uste duzu, emakumeak orain bezala joaten zirela tabernara? Bazkaltzera eta afaltzera bai, baina, bestela, txikiteora... uiii".

Jendea adinean aurrera doan neurrian, lekukotzak bilatzea gero eta zailagoa dela aitortzen du Apezetxeak, baina, liburua argazki bilduma gisa planteatu zutenez, lan zailena irudiak bilatzea izan dela dio. "Orain argazki pila bat ateratzen ditugu, baina garai hartan oso egun berezietan ateratzen ziren argazkiak, ospakizun berezietan edo norbait etortzen zenean. Lanean oso gutxi. Taberna eta komertzioetakoak errazago lortu ditugu, baina fabriketakoak oso gutxi daude, eta asko kostatu zaigu". Askotan, hitz eginaraztea baino gehiago kostatu zaie elkarrizketatuek argazkiak erakustea. "Gauza intimoa dira; altxor txiki bat". Hala, Apezetxea eta Ozaita eskaner txiki batekin joan ziren etxez etxe. "Eskaner bat erosi genuen, argazkiak etxeetatik atera behar ez izateko".

Ilunpetik ateratzen

Ilunpetik argitara liburua Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak ematen duen ikerketa beka baten emaitza da. Hirugarrena da 2002an lehen beka deialdia egin zutenetik, eta laugarren ikerketa bekarako deialdia egin dute, hirugarren liburua argitaratzearekin batera. "Beka hauen helburua emakumeak ikusaraztea da", azaldu du Irantzu Jauregi Artolak, udaleko berdintasun teknikari eta Berdintasun Kontseiluko koordinatzaileak. "Emakumeak beti izan gara Hernaniko herritarren %50, gutxienez. Baina joaten zara liburuetan begiratzera, artxiboetara, sinboloetara, eta emakumerik ez da agertzen ia". Horrek bultzatu zuen Berdintasun Kontseilua ikerketa bekak martxan jartzera. "Liburu honek Ilunpetik argitara izena du, eta horixe bera da beken filosofia ere", gehitu du Jauregik.

Emakumeen historia ikuspegi zabalagotik aztertu zuten aurreko bi ikerketa lanek. Hirugarren bekarako, berriz, argazki liburu bat izatea jarri zuten baldintza gisa. "Udal artxiboko langileak esan zigun hor hutsune handia zegoela, ez zegoela ia argazkirik", dio Jauregik. Eta ideia hori Apezetxeak berretsi du. "Lan honekin hasi ginenean, gu ere joan ginen artxibora argazki bila, baina ez zegoen ezta bat ere. Azaltzen ziren alkatearen emaztea eta horrelakoak, laguntzaile gisa, baina emakumeak protagonista edo ekintzaile gisa, ez zegoen. Horren ondorioa da emakumeak lanean agertzen dituen argazki bakar bat ere ez dela artxibokoa".

Historia liburuetan inon islatzen ez den eta ia inon ageri ez den emakumea eta emakumeen ekarpena azaleratzen doaz apurka-apurka Hernanin. "Eta guk Hernani aztertu dugu, hori delako gure lan eremua, baina egoera horiek Gipuzkoa osora eta Hego Euskal Herrira zabal daitezke", nabarmendu du Jauregik.

Harreratik harago

Harreratik harago

Eider Goenaga
Kalera irtengo den eguna du amets presoak; herrira itzuliko den eguna, erbestean denak. Kartzela eta erbestea atzean utzi eta etxera itzultzea, ordea, ez da bide laua. Egunerokoak dira oztopoak eta bizimodu berrira egokitzeko zailtasunak....

Eginez ikasten delako

Eginez ikasten delako

Aitziber Arzallus
Atzo bost hilabete zabaldu zituen ateak Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hamar urtetik gorako prozesu luze eta gorabeheratsuaren ostean, etapa berria "ilusioz eta arduraz" hasi zuten Ane Rodriguez zentrok...

Baserri txikien iraultza

Baserri txikien iraultza

Eider Goenaga

Baserritarraren ikuspegi tradizionala apurtu egiten dute: bai baserriari begiratzeko moldeagatik, bai egindako bizi apustuagatik eta baita baserria bizitzeko eragatik ere; eta, azalekoari erreparatuta, itxuragatik ere bai. Nekazaritza ekologikoa egiten dute, eta agroekologia da haien jarraibidea. Modu iraunkorrean ekoiztea, garaian garaikoa errespetatzea eta, bitartekaririk gabe, hasi eta buka, prozesu guztia eurek egitea. Horrek egiten ditu berezi.

Ion Ruiz de Egino Azkarate-Askasua (Bergara, 1987), Nere Aspiazu Baskaran (Bergara, 1988) eta Julen Azkoaga Baritxinaga (Mañaria, 1988) dira Eskubaratz proiektuaren atzean dauden izenak. Baratzea da haien proiektuaren ardatza, eta otarrak prestatuz eta azoketan zein denda berezituetan salduz ateratzen dute bizimodua. Izurtzan (Bizkaia) dute ortua, eta han dute hitzordua Hitza-rekin. "Ortura joango gara", esan diote kazetariari. Ezin espero, ordea, haren tamaina. 3.000 metro koadro dituzte negutegietan, eta beste 10-12 mila metro koadro kanpoan. Harrotasunez erakusten dituzte ortuak. "Ikusiko bazenu nola hasi ginen".

Duela hiru urte egin zuen lehen urratsa Eskubaratzek. Ilara anitzeko negutegi batean hasi ziren. "Ilara batekin hasi ginen, eta urtea amaitzerako osoa hartua genuen". Alokairuan dituzte lurrak, eta hurrengo urterako beste lursail bat alokatzekotan dira. Otarrak etxez etxe banatzen zituzten hasieran. "Orain, Durango eta Bergarako azoketan egiten dugu banaketa", azaldu du Azkoagak. 60 bat "elikadura talde" dituzte: "Kontsumo talde izena ez zait izen egokia iruditzen".

Agroekologiaren bidetik

Ingurumen Zientziak ikasi zituzten hirurek, baina karrerak ez zituen asebete. Bakoitzak bere bideari ekin zion ondoren, orain hiru urte berriro elkartu ziren arte. Agroekologian masterra egin zuen Azkoagak Jaenen (Espainia), eta han ikasitako teoria praktikan jarri nahi zuen. Eskozian etxalde batean aritu zen Ruiz de Egino, eta han egin ahal bazen hemen ere egin zitekeela pentsatzen zuen: "Agroekologikoki lantzen zuten, baina elite batentzat ekoizten zuten". Aspiazuk ere bazuen ortu txiki bat, eta interesa sortu zion beste bi kideek buruan zuten proiektuak. Halaxe osatu zuten hiruko taldea. Elkarrekin lan egiten dute, eta elkarrekin bizi dira. Horrek aberastu egiten ei du lana; baina ortuaren kudeaketari harremanen kudeaketa gehitzen dio. "Garrantzitsua da harremanak eta zaintza ondo kudeatzea, bestela proiektua pikutara joan daiteke berehala".

"Baserriak taldean bizitzeko gunea izan behar du. Lehen, esku asko izaten ziren baserrian, eta logikoa da", gehitu du Naroa Ariznabarretak (Eibar, 1983). Amarekin eta ahizparekin bizi da baserrian, eta baserrirako apustua egin zuenean, oso beltz jarri zioten etorkizuna. "Aitak eta amak baserritik ezin zela bizi esaten zidaten, hartzeko egun erdiko lan bat". Baina baserria da egun bere ogibidea. "Diru gutxi ateratzen da, baina nik gutxi behar dut bizitzeko". Amak kanpoan egiten du lan, eta berak baserria mantendu eta kudeatzen du. "Oreka lortu dugu horrela", dio.

Etorkizunera begira, buruan beste proiektu bat du Ariznabarretak. Baserrian obra egin nahi dute, jende gehiago bizi dadin egokitzeko. "Jende gehiago etortzea nahi dugu. Azkenean, osatuko dugu familia bat, baina guk aukeratutako familia, baserrian eta baserritik bizi nahi duen familia bat. Gurera etorri nahi duenak aukera izango du, nahi badu, kanpoan lan bat izan eta gero baserrian bizitzeko, edo lanaldi erdiz kanpoan eta beste erdiz baserrian aritzeko, edo lanaldi osoz baserrian aritzeko". Lehen hala izaten zela dio, batzuk baserrian soilik aritzen zirela eta beste batzuk baserrian zein kanpoan. "Garai batean hala izaten zen, eta erabateko zentzua du".

Baserriaren jabetza bertan bizi diren guztien artean banatzea litzateke proiektuaren funtsa. "Horrela lortzen dugu baserri hori eta lursail hori sekula ez erabili ahal izatea beste kontu batzuetarako, esplotazio handietarako edo espekulaziorako; alegia, agroekologia ez den ezertarako".

Baserria edo fabrika

Ruiz de Egino, Azkoaga eta Ariznabarreta baserrian jaioak dira, era batera edo bestera baserriarekin harremana izandakoak. Aspiazu da baserrian jaio ez den bakarra: "Ortuan hasi ginenean, jendeak esaten zidan zoratuta geundela: 'Oso gogorra da, ikusiko duzu...'. Baina ni fabrika batean aritua naiz, hilabete osoa pieza bera muntatzen, eta hori da nik inondik inora nahi ez dudana. Eta halako lan bat izango banu, jendeak zoriondu egingo ninduke".

"Bai, baina esan behar da hau oso bizimodu prekarioa dela; nik ez diot inori gomendatzen hutsetik hastea", gehitu du Azkoagak. "Hau ez da bukolikoa. Zuretzat zentzua baldin badu, bai, aurrera, bizi daiteke honetatik, eta merezi du saiatzea; eta behar dira nekazari gazteak, eta pila bat gainera; eta, gainera, hau da esperientzia bat bizimodua goitik behera aldatzen dizuna. Baina ez da bide erraza".

Lau gazteentzat baserria ez da bizibidea ateratzeko bitarteko soila; gehiago da, eta horrek ematen die motibazioa. Ez dute baserria ulertzen irizpide agroekologikoetatik kanpo, eta agroekologiak, kontsumo eredua aldatzeaz gain, gizarte eredua aldatzea dakar. "Iraultza txiki bat da gurea, eta iraultza handiagoa nahi dugu. Gizarte eredua aldatzera goaz. Hau ez da erabaki pertsonal soila, konpromiso kolektibo bat da, konpromiso bikoitza: ingurumena eta elikadura barne hartzen ditu", azaldu du Ariznabarretak.

Azkoagarentzat "sistema kapitalistari eta patriarkalari alternatiba bat" ematen diote agroekologiaren bidez. "Izan ere, aldaketa ez da elikagaiak beste era batera sortzea soilik, eragina dauka elikaduraz askoz ere haratago. Elikadura kontrolatzen baduzu, zure elikaduraren jabe bazara, aurretik gauza asko aldatu dituzu horra heltzeko". Elikadura burujabetzarako bidean gizarte osoa aldatu behar dela uste du Azkoagak, ez dela kontua ehun nekazari gehiago egotea, baizik eta gizartea aldatzea. "Beste elikadura eredu batek beste kontsumo eredu bat eskatzen du, beste kontsumo eredu batek beste gizarte eredu bat eskatzen du, eta hori da gure iraultza".

Gazteak, eragile

Gazteak eta baserritarrak izatea bera ere bada iraultza txiki bat. Hala uste du Aspiazuk. "Nik uste dut gure presentzia hutsak jada eragin bat duela. Nire lagun artean nekazaria den Nere bat egoteak ireki ditu leihotxo pila bat; agian ez da kontzientzia absolutu bat, baina ireki du tartetxo bat". "Eta ez lagun artean bakarrik, azoketan ere bai. Azkenean, hor eragileak gara; gure presentzia hutsarekin eta bakarrik hor egonez, eragin egiten dugu", gehitu du Ruiz de Eginok.

Azokei dagokienez, postuak dituzten baserritarren gehiengoa adin nagusikoa dela diote lau gazteek, eta baserrietan ere hori dela joera. Haize berria dira beraiek. Hala, gazteak baserrian hasten direla ikusteak, egiteko modu berriekin datozela ikusteak, hasieran beste baserritarren errezeloa pizten duela diote, baina gero gainditzen dela hori. "Batzuek esaten dute 'jausiko dira', baina nik uste dut beste askori ilusioa ere egiten diela", dio Ariznabarretak. "Bai, eta beste baserritarrek ere pentsatzen dute agian balioko duela azokara jende gazte gehiago erakartzeko; ez da gertatu, baina...", gehitu du Aspiazuk.

Eurek egindako apustuak, tamalez, gizartean islarik apenas duela berretsi du Azkoagak. "Batzuetan ortuan zaude, eta burbuila bat bezalakoa da. Gauzak goitik behera aldatzen ari garela pentsatzen ari zara, eta, gero, jaisten zara kalera, eta konturatzen zara, 'ai, errealitatea lehengoa da oraindik'".

Hala ere, ziur daude baserrian belaunaldi apurketa bat izaten ari dela eta horrekin egiteko moduetan ere aldaketa egongo dela. "Egon behar du", dio Azkoagak; bestela Euskal Herrian baserriak etorkizun kaskarra izango duelakoan dago. "Arazoa da baserritik bizi nahi duenak koltxoi bat behar duela, bestela oso zaila dela", dio Ariznabarretak. Horretarako formula egokia Aspiazuk jarri du mahai gainean. "Hainbeste baserri daude galtzera doazenak, hainbeste baserritar baserrirako ondorengorik ez dutenak... Harreman bat sortu beharko litzateke: arduratuta dauden baserritarrak, lurdunak, eta interesa duten gazteak, lurrik ez daukatenak. Harreman ederra litzateke, eta denontzako onuragarria". "Horrela etorkizuna ematen diozu baserriari, bestela dena basoak jaten du. Baina jende bat badago nahiago duena sasiak bere lurra jatea, beste norbaiti uztea baino", gehitu du Ruiz de Eginok.

Baserria XXI

Lau gazteak Baserria XXI elkartearen sorrera prozesuan parte hartzen ari dira. Garrantzitsutzat dute agroekologian dabiltzanentzako elkargune bat sortzea, ildo horretan Gipuzkoan hutsunea sentitzen baitute. "Bizkaian EHNEk badu lanketa bat egina, erreferentzia bat da nekazarientzat, baina Gipuzkoan erreferentzialtasun hori falta da", dio Ruiz de Eginok. "Orain urte batzuk jende batek EHNEtik martxa egin behar izan zuen, ibili ziren bilerak-eta egiten, ulertzen zutelako nekazaritza eredu konkretu bat zeramatenak gelditzen zirela kulerotan, ez zutela ordezkaririk, eta ez zirela kontuan hartuak. Hortik hasi zen prozesua", azaldu du Ariznabarretak.

Azken jardunaldiak joan den astean egin zituzten, Andoainen. "Berrogeitik gora lagun azaldu ginen; kopuru polita da. Gure helburu, arazo, hutsune eta erronkak zein diren zehaztu dugu, eta orain, gure lan ildoak erabakita, antolaketa ereduaz ari gara hizketan". Baserria XXIek ez dauka sindikatu bokaziorik, "sindikatua modu tradizionalean ulertuta", eta ez dator martxan den beste erakunde, elkarte edo eragilerik ordezkatzera, "asmoa ez da beste txiringito bat muntatzea". Modu ekologikoan jarduten duten baserritarren elkargune izan nahi du. "Kolektibo baten sorrerak berak halako babes bat ematen dizu, erreferentzialtasun bat, eta inportantea da", dio Aspiazuk.

Aldameneko baserritarra lehiakide gisa ez baizik bidelagun gisa ikusi behar dela uste dute, eta horretan urrats bat dela Baserria XXI. "Agroekologiak iraun behar badu, horrela izan behar du, ezin du izan lehiarik; bidelagun eta lagun izan behar dugu, lehia alde batera utzita", amaitu du Azkoagak.

Goierrin pausoa emateko unea

Goierrin pausoa emateko unea

1. Ekainaren 19an erabakitzeko eskubidearen herri galdeketa egingo da Goierrin. Zer iruditzen zaizu?2. Zergatik da garrantzitsua?3. Zein mezu emango zenieke goierritarrei, bai antolaketa lanean aritzeko, bai egunari begira?Ilusioa. Horixe izan zen jo...

Erditze lapurtuaren sentipena

Erditze lapurtuaren sentipena

Bikotekideak gaizki hitz egiten badizu edo umiliatzen bazaitu, edo zure iritzia kontuan hartu gabe zuri buruzko erabakiak hartzen baditu, berehala identifikatzen dugu zer den; hori genero indarkeria da. Baina tratu hori erditze unera eramaten badugu, eta bikotekidearen ordez emagin, ginekologo edo erizainak jartzen baditugu... Hori zer da? Indarkeria obstetrikoa da, argi eta garbi". Nahia Alkortaren hitzak dira. El Parto Es Nuestro eta Arrosen Iraultza taldeetako kide da, eta Sabeletik mundura webgunearen sortzaile eta koordinatzailea.

Baina, horrez gain, indarkeria obstetrikoaren biktima ere bada; eta auzitegietara eraman du kasua —uztailean izan zuen epaiketa, Donostian—. Orain, bigarren umeaz erditzeko atarian, argi du zer nahi duen. "Arazorik ez bada, etxean erdituko naiz". Etxean erditzea erabaki ausarta denik ez du uste. "Ausarta ospitalean erditzea izan zen", esan dio Hitza-ri.

Besteak beste, "arrazoi medikorik gabeko zesarea bat" egin zioten Alkortari Donostia ospitalean. "Hamabost orduko erditze lanaren ostean, goizeko zortzietan etorri ziren zesarea egingo zidatela esanez. Nik uste dut zesareari buruzko klase bat zutela-edo, eta zesarea bat behar zutela". Kirofanoan bikotekidea egotea eskatu zuen. "Zoratuta zaude? Hau kirofano bat da", erantzun zioten. "Baina badakigu beste toki batzuetan, Poliklinikan adibidez, sartzen direla".

Kirofanoan "izugarrizko tratu txarra" sufritu zuen. "Txerri bat hiltegian bezala sentitu nintzen. Dardarka nengoen, negarrez, eta inork ez zidan hitz egiten; oporrei buruz hizketan ari ziren, eta aurpegira ere ez zidaten begiratzen". Ebakuntzari buruzko azalpenak ematen entzuten zuen medikua. "Klase bat zen. Zesarearen orbainean ere ikusten dira josteko modu ezberdinak. Jende asko zegoen, eta Aner jaio zen unean ere ez ziren isildu. Ez zuten une hori errespetatu". Hiru ordutan ez zioten semea hartzen utzi.

Zalantzarik gabe, indarkeria obstetrikoaren definizioan sartzen da Alkortak sufritutakoa. "Osasuneko profesionalen aldetik emakumeak haurdunaldi edo erditze garaian pairatu duen edozein tratu txar hartzen du bere baitan indarkeria obstetrikoak", azaldu du Ibone Olzak. Erditzearen inguruko psikiatrian espezializatuta dago, eta Europako Batasuneko hainbat proiektutan ikertzaile eta Espainiako Osasun Ministerioko kontsultore ere bada.

Identifikatzen zaila

Olzaren arabera, kasu askotan indarkeria obstetrikoa ez da erraz identifikatzen. "Emakume askok ez dakite erditzean behar ez ziren edo ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez diren gauzak egin dizkietenik; adibidez, episiotomia bat edo erditze programatu bat egitea, arrazoi faltsuak argudiatuta". Badago, ordea, ezinbestekoa den identifikatzaile bat. "Emakumea nola sentitu den entzutea, ea berak hartu dituen bere osasunari eta bere gorputzari buruzko erabakiak, ea gutxietsia edo mehatxatua sentitu den, zaindua sentitu den...".

"Indarkeria obstetrikoak ez du esan nahi zure erditzea zesarea batean, episotomia batean bukatu denik, ez du zertan. 'Egin zenuenean ez zizun mina egin eta gustatu zitzaizun, ezta? Bada, orain ez kexatu'. Halakoak entzun egiten dira gure ospitale publikoetan. Hori da tratu txarra", azaldu du Alkortak. Beste tratu txar mota bat "infantilizazioa" dela dio. "Emakumeari ume bat balitz bezala hitz egiten zaio, eta askotan azalpenak ere ez zaizkio berari ematen, bikotekideari baizik. 'Aizu, ni hemen nago'".

Alkortaren arabera, askok indarkeria obstetrikoa ez dute hartzen "genero indarkeria gisa", "maiz emakumeak emakumeari egiten dion indarkeria" delako. "Baina genero indarkeria da, emakumeari ez baitzaizkio errespetatzen bere bizitza sexualaren ardura eta eskubideak". Eta emakumeak eskubidea du bere gorputzari buruz erabakitzeko.

Sistemarekin da kritikoa Alkorta. "Egokitzen zaizun pertsonaren araberakoa ere bada", dio; baina ordutegiek, jende faltak eta saturazioak eragin handia dutela uste du, eta hori dela konpondu beharrekoa. "Protokoloak badaude, baina ez dituzte errespetatzen. Bestalde, emakumeak legearen babesa du, legez dagokio bere gorputz eta osasunari buruzko erabakiak hartzea, baina erditzeetan ez da errespetatzen. Legea gainetik pasatzen dute".

Indarkeria obstetrikoak ondorio asko ditu, ondorio psikologiko larriak. Eta ez du laguntzen sufritutakoa ukatzeak. "Lotsa sentitzen dute emakume askok, ez direlako gai izan bere burua eta umea defendatzeko, gutxietsiak izaten utzi dutelako". Stockholmgo sindromea ere ohikoa da. "Umea eta ama ondo atera direnez, ama esker oneko sentitzen da artatu dutenekin. Emakume askorekin gertatu zait beraiek hasieran erditze ona izan zutela esatea, baina gero, jazotakoa kontatzean, gauzak beste modu batera izan direla ohartzea".

Olzak izena jarri die indarkeria obstetrikoa pairatu duen emakumeak dituen ondoriei. "Zaurgarritasun goreneko unea da erditzea, eta momentu hori grabatuta gelditzen da. Emakume askok trauma osteko estresa garatzen dute, eta etengabe ari dira erditzean jazotakoa berpizten; kirofanoan biluzik zeuden unea oroitzen dute, edo nola episiotomia egin zioten anestesiarik gabe, edo umea jaio eta ikusi gabe eraman zutenean izandako larritasuna oroitzen dute. Emakume askok hutsune handia sentitzen dute, hain garrantzitsua zen une hori galdu dutelako. Bortxatuak izan direla ere sentitzen dute".

Alkortak ez du ia oroitzapenik semearen lehen hiru hilabeteez. "Zaintzen duzu zaindu behar duzula dakizulako, titia ematen diozu, baina amaren eta umearen arteko atxikimenduari nabarmen kalte egiten dio". Alkortak laguntza psikologikoa behar izan zuen, erditu zenean sufritutakoa gainditu eta horri buruz lasaitasunez hitz egiteko.

Erreparaziorako bidea egiten

Erreparaziorako bidea egiten

Mikel Zabalzaren heriotzaren 30. urteurrenaren atarian, gaurkotasuna hartu du berriro Guardia Zibilak atxilotuta zeukala hildako gazte orbaizetarraren kasuak. Memoriaren Eguna igaro berritan, eta indarkeriaren biktima guztien aitortza ahotik ahora dabilen garaiotan, horixe da Altzan (Donostia) sortu berria den Mikel Zabalza Herri Ekimenaren helburua: Zabalza biktima gisa aitortzea eta haren familiak sufritutakoaren erreparazioa lortzea.

Sortzez nafarra izan arren, Altzan bizi zen Zabalza Guardia Zibilak atxilotu zuenean. Donostian egiten zuen lan, garai hartako Tranbia Konpainian. Altzan ez dute inoiz ahaztu bizilagun izandakoaren patua, eta urtero-urtero antolatu dituzte hura oroitzeko ekitaldiak: manifestazioak, lore eskaintzak, hitzaldiak... "Altzan bizirik dago haren memoria, denok dakigu nor zen Mikel, lanketa handia egin da. Ni neroni naiz horren lekuko", azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri Garazi Castañok, Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak. 20 urte ditu, Zabalza hil eta hamar urtera jaio zen.

Haatik, Altzan orain arte ez da egitura finkorik izan gaiari jarraipena egiteko. "Orbaizetan bada talde bat, baina Altzan ez zegoen". Aurten sortu dute, eta 30 urte igaro diren arren, egia, justizia eta erreparazioa lortu arte geratzen den bidea luzea izango dela uste dute. "Bide luzeko lasterketa da, pausoz pauso joango gara".

Biktima izaera onartu

Taldearen helburu behinena da Zabalzari ofizialki inoiz aitortu ez zaion biktima izaera aitortzea, eta horrek dakarren erreparazioa lortzea. "Bertsio ofiziala hasieratik kolokan dagoen arren, auzitegietan kasua itxita dago, eta horren ondorioa da Mikeli ez zaiola biktima izaera onartzen, eta haren familiari ere ukatu egiten zaiola merezi duen erreparazioa; izan ere, biktima gisa onartzeak hainbat eskubide aitortzen dizkie senideei, laguntza batzuk zehazten dira, eta Mikelek eta haren familiak ez dute halakorik", dio Castañok.

Lehen pausoak ematen ari dira. "Aztertzen ari gara horra iristeko nolako bidea egin behar dugun". Hala, euskal instituzioetako ateak jotzen ari dira, haien lankidetza bilatzen, bideak nora eramaten dituen ikusteko. "Uste dugu erreparazioaren bidea ezin dela izan herri ekimenak eta senideek bakarka egin beharrekoa, uste dugu instituzioekin batera egin behar dugula bide hori; eta Donostiako Udalean egin dugun moduan, beste erakundeetan ere egingo dugu, ea posible den bidea batera egitea". Bestetik, hainbat kriminologia eta zuzenbide irakaslerekin harremanetan jarri dira, gai horretan aholkua jaso eta sakontzeko.

Epe motzera, Donostiako Udalean dute hurrengo hitzordua Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideek. Izan ere, hurrengo ostegunean, hilaren 26an, aztertuko du beraiek aurkeztutako mozioa udalbatzak. Castañok azaldutakoaren arabera, aurretiaz udaleko alderdi politiko guztiekin landu dute gaia, eta baita Dbuseko sindikatu guztiekin —ELA, LAB eta Kurpil sindikatuen babesa eskuratu dute— eta udaleko langile batzordearekin ere —ELA eta LABeko ordezkariek babestu dute mozioa—.

Mozioa EAJ, EH Bildu eta Irabazi udal taldeen babesarekin aurkeztu dutenez, aurrera egingo duela uste du Castañok, "nahiz eta gerta litekeen beste talderen batek zuzenketaren bat edo aldaketaren bat proposatzea". Mikel Zabalza Herri Ekimenaren mozioa onartzen duenean, Donostiako Udalak konpromisoa hartuko du Zabalza "biktima gisa onartua izan dadin eragiteko".

Donostiako Udalaren esku hartzea lortuta, erakunde gehiagoaren inplikazio bila jarraituko dutela iragarri du Castañok. Euskal erakundeek hainbat adierazpen onartu izan dituzte Zabalzaren heriotzari buruz, eta indarkeria politikoaren biktimen zerrendan ere sartu zuen Eusko Jaurlaritzak. "Baina bidea hor mozten da, ez dakigu zeintzuk diren mugak, zeintzuk diren oztopoak, baina hortik aurrera ezin dela egin ematen du, eta hori egiten saiatuko gara gu. Keinuetatik haratago joan behar da, paperetik jauzi bat eman behar da, eta horretara goaz".

LPP, egitasmo handiak batean

LPP, egitasmo handiak batean

Eusko Jaurlaritzak hirugarrengoz atera du informazio publikora Donostia aldea-Bidasoa Beheko LPP Lurralde Plan Partziala. 2003an atera zuten lehendabizikoz, 2010ean bigarrengoz, eta, hirugarrenean, pentsatzekoa da Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak planari behin betiko onarpena eman nahi diola. 2010eko LPPari hainbat orrazketa eginda aurkeztu dute plan berria, eta igandera bitarteko epea dago hari alegazioak aurkezteko.

LPPak egitean, Eusko Jaurlaritzak hamabost eremu funtzionaletan banatzen du autonomia erkidegoa, eta horietako bat da Donostiako Eremu Funtzionala, hamahiru herrik osatua: Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Donostia, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia.

LPPk 2030 arteko plana egiten du, eta Jaurlaritzak aurrera atera asmo dituen azpiegitura handiek markatzen dute haren edukia: AHTa, Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistiko intermodala, Donostiako metroa, errauste planta eta espetxe berria.

Azpiegitura handiez gain, bestelako egitasmoak ere jasotzen ditu LPPk —besteak beste, bidegorriak egitea, uholde arriskua eragiten duten ibaietako egokitzapenak, hirietako esparru berdeen sorrera...—; baina, ohi bezala, LPPn jasotako azpiegitura handiek sortu dute gatazka eta kontrakotasuna, eta horiek izan ziren, halaber, 2010ean alegazio gehien jaso zuten puntuak ere.

Izan ere, duela bost urte LPPn jasotako hainbat egitasmoren kontra aurkeztutako alegazioek babes zabala izan zuten: adibidez, Irun eta Oiartzun arteko autobidearen bigarren ingurabideak lau alegazio izan zituen, 4.464 herritarren babesarekin aurkeztutakoak; Lezo-Gaintxurizketa korridoreko plataforma logistikoaren aurka 18 alegazio aurkeztu ziren, 8.436 herritarren babesarekin; eta Pasaiako kanpoko portuaren kontrako alegazioak 65 izan ziren, 8.475 herritarren babesarekin aurkeztuak.

2015eko LPPk bazter utzi ditu proiektu horietako bi. "Ez da kontuan hartuko Pasaiako portuaren kanpoaldeko dartsena eraikitzeko aukera hipotetikoa", dio LPPk Pasaiako portuan egitekoa zen proiektu erraldoiari buruz. Errepideen gaian, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpenak kontuan harturik, bigarren ingurabidearen etorkizuneko luzapenaren hipotesia ezabatzea" erabaki du LPPk. "Eta ezabatu egingo dira, halaber, A-1 autobiaren Andoain eta Lasarte arteko bikoiztea, N-121 errepidearen Irun eta Endarlatsa artekoa, eta N-634 errepidearen Usurbilgo eta Aginagako saihesbideak". Hondarribiko aireportua handitzeko aukera ere "ezabatua" geldituko da 2030ra bitartean egin beharrekoetatik. Lezoko plataforma intermodalari, ordea, eutsi egin dio, eta baita horri begira egin beharreko errepide eta trenbide obrei ere. "Mantendu egingo da Lezo-Gaintxurizketako intermodala eraikitzeko proiektua".

LPPk orotara 3.200 milioi euroko gastua aurreikusten du —ez dira sartzen sustapen pribatuko etxebizitzak—, eta horietatik 2.000 milioi AHTa eta Donostiako metroa eraikitzeko izango lirateke.

Lurralde Plan Partzialak bete beharrekoak dira, eta udaletako edo foru aldundiko egitasmoek harekin talka egiten badute, LPPn jasotako egitasmoek dute lehentasuna, gainerako planak baliogabetuz. Hurrengo hamabost urteetarako lurralde antolaketa eta azpiegiturak zehaztuta geldituko dira, beraz, LPPren behin betiko onarpenarekin. Horietako batzuk dira ondoren azaldutakoak.

LEZO-GAINTXURIZKETA

Lurralde planak aurreikusten duen azpiegitura garrantzitsuena da plataforma intermodala. Lezo-Gaintxurizketa korridorean eremu logistiko handia egingo da, Lezo eta Oiartzungo lurretan. "Egun libre dagoen 180 hektareako lur azalera batean Gipuzkoako plataforma logistiko eta intermodalen gune nagusia eraikitzea planteatzen da", dio planak.

LPPren arabera, AHTa, Renfe trenbide sarea eta Euskotren sarea elkartuko dira plataforma horretan, eta estuki lotuta dago AHTaren Astigarraga-Lezo zatiaren eraikuntzarekin. Bestalde, bertara errepidez iristeko egungo azpiegiturak zabaldu eta moldatzea aurreikusten du, hala nola Lezo-Errenteriako saihesbidea eta Altamirako tunela bikoiztea aurreikusten du LPPk, baita A-8 autobidetik Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikora zuzenean sartzeko lotune bat eraikitzea ere.

Errepide eta tren bidezko garraioari ez ezik, itsasoko garraioari begira ere egina dago plataforma intermodalaren proiektua; hain zuzen ere, Pasaiako kanpo portuaren aldeko Jaizkibia elkartearen proposamena izan zen lehendabizikoz horrelako gune bat eraikitzea. LPPk Lezoko plataformatik Pasaiako portura zuzenean joango den trenbidea eraikitzea aurreikusten du: "Eredu horrek aukera ematen du UIC zabalerako trenbide berri bat antolatzeko Lezoko plataformatik porturaino, egungo ADIF sarearen trazadurari jarraiki".

Azkenik, gaur egun Irungo geltokian egiten diren hainbat jarduera Lezon egitea aurreikusten du LPPk, "Irun erdialdea transformatzen laguntzeko elementu gisa".

IRUN

Irungo erdialdean Trenbide Espazio Berria izeneko eremua eraikitzeko asmoa jasotzen du LPPk, eta bertara iristeko autobidetik errepide bidezko gaitasun handiko lotune bat eraikitzea. Halaber, Irungo Hegoaldeko Saihesbidea eraikitzea eta Irungo Bentak auzotik Behobiarainoko errepide zatian noranzko bakoitzean hiru erreietara zabaltzea aurreikusten du, "Irun erdialdeko etorkizuneko lotuneak edo erdilotuneak sortuko duen trafiko berriaren inpaktua murrizteko".

Trenbide Espazio Berriarekin, Irun erdialdeko hiri ingurunearen birmoldaketa planteatzen du LPPk. Hala, egun Irunen dauden trenbide instalazioen eremuan honako hauen kokapena aurreikusten du: ADIF edo Renfe geltoki berria —aldirikoak, ibilbide luzekoak eta AHTa elkartuko dituena—, ETS edo Euskotreneko geltoki berriak —Donostiako metroaren egitasmoarekin lotuta—, autobus geltoki berria, Irungo geltokiaren eta aireportuaren arteko zuzeneko loturak eta gune komertzialak.

ZUBIETA

Zubietan aurreikusten diren hainbat egitasmoren baieztatzea dakar lurralde planak. Izan ere, bertan kokatzen ditu bai Gipuzkoako Foru Aldundiak egin asmo duen errauste planta —"Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko zentroa" izena erabiltzen du—, bai kartzela berria eta baita Añarbeko sistema amaierako ur biltegi berria ere.

"Zubietako goialdeak, espazio erabilgarritasun handikoa izaki eta hirigintza okupaziorik eta landa jarduerarik gabe egonik, jarduera ekonomikoentzako lurzoru berriez gain, ezarpen berriko ekipamendu periferiko handiak hartzeko aukera eskaintzen du, hala nola Gipuzkoako hondakin solidoak tratatzeko instalazioa eta Gipuzkoako espetxe berria bertan ezartzeko", dio lurralde planak.

Hala, LPPk Arzabaletako eremua planteatzen du "etorkizuneko Gipuzkoako Hondakin Kudeaketa Zentroa" eraikitzeko toki "ideal eta eskuragarri" gisa. Espetxe berriari buruz, "interes orokorreko eta kokapen estrategikoko ekipamendu" gisa definitzen du, eta toki berean kokatzen du.

"Proiektu horiek sortzen dituzten faktore sinergikoak baliatuta", halaber, Zubietan "jarduera ekonomiko eta logistikoetarako poligono handi bat" eraikitzea aurreikusten du planak: "Eskualdeko izaerako eta sustapen publikoko poligono hori, 70 hektareakoa, zuzenean konektatuko da bide sare nagusiarekin". Ildo horretan, Oria (N-1) eta Txikierdi (N-634) artean errepide berria eraikitzea aurreikusten du LPPk.

URUMEA

Donostia, Astigarraga eta Hernani artean hedatzen den Urumea bailararen eremua "Donostia Erdialde eta Urumeako Hiri Talde" gisa definitzen du LPPk; eta bertan "etengabeko hirigune" bat eraiki eta "bere baitan guztizko hiri zati bat" bilakatzeko apustua egiten du. "Donostiako hiriaren hedapena izango da datozen urteetan emango den funtsezko eraldaketa urbanistiko bat, Amaratik Hernaniraino, Urumea bailaran barrena". Eremu horretan udalez gaindiko planifikazioa ezarri du LPPk, non lurralde planak udalek izan dezaketen edozein proiektu eta egitasmo baldintzatuko duen.

24.000 ETXEBIZITZA

Azpiegitura handiez gain, LPPk Donostia aldean eta Bidasoa Behean eraikiko diren etxebizitzen aurreikuspena egiten du. Guztira, 2030. urtea bitartean 24.000 etxebizitza berri eraikitzeko plangintza jasotzen du. Tartean daude Auditz-Akular (3.000 etxebizitza) eta Antondegiko (3.000 etxebizitza) operazioak, Donostian; 10.600 etxebizitza berri Irunen eta 3.100 etxe Hondarribian; eta 1.000 etxebizitza gehiago Zubietan. Bestalde, "bigarren etxebizitzaren eskaera espezifikoari dagokionez gerta daitekeen gorakadari erantzuteko, Donostiako erdialdean eta Hondarribian hazkunde erresidentzialaren aurreikuspenak areagotzea" eskatzen du.

Azpiegitura handien atalean, "azken urteetan ekonomiak izandako geldialdiari" egozten dio planak Pasaiako kanpoko portuaren eta Oiartzundik Irunerako autobide berriaren eraikuntza LPPtik kanpo utzi izana. Atzeraldiak, ordea, ez die beste hainbat azpiegitura lani eragingo. Aurretik aipatutakoez gain, Donostiako metroa, Andoainen Sorabilla eta Bazkardo arteko N-1aren ibilbide berria, Oiartzun bailaran errepide sarbide berri bat egitea edota A-8 autobidearen ohiko ibilbidean korapilo edo lotune berriak egitea Aritzetan, Loiolako Erriberan, Intxaurrondon, Auditz-Akularren eta Pontika-Loidin.